Iragarkia
198. ALDIZKARIA - 2024ko irailaren 30a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK
1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza
2358E/2024 EBAZPENA, abuztuaren 16koa, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, zeinaren bidez onesten baita deialdi honen testua: deialdia, batetik, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko osasun dokumentazioko teknikari espezialisten (ODTEen) lanpostu bat oposizio-lehiaketa bidez betetzeko, eta, bestetik, hautaproben bitartez, izangaien zerrendak osatzeko, horrelako lanpostuetan jardun dezaten, bai aldi baterako kontratazio bidez, bai aldi baterako barne igoeraren bidez.
Abenduaren 22ko 115/2021 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako osasun langileen 2021. urteko lan publikoaren eskaintza partzial bat onetsi zen Osasun Departamentuko Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzurako eta Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Instituturako. Eskaintza hori 2021erako Estatuko Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 30eko 11/2020 Legean aurreikusitako ordezte-tasari dagokio.
Deialdi honen xedeko lanpostua lehendik deitutako lekualdatze-lehiaketan hutsik gelditzen dena izanen da.
Azaldutakoaren arabera, bidezkoa da onestea Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko osasun dokumentazioko teknikari espezialisten (ODTEen) lanpostu bat sarrera prozedurari jarraikiz eta oposizio-lehiaketa bidez betetzeko deialdia, bai eta deialdiaren oinarriak ere.
Irailaren 3ko 171/2015 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren Estatutuek ematen dizkidaten ahalmenak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
1. Deialdi bat onestea, batetik, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko osasun dokumentazioko teknikari espezialisten (ODTEen) lanpostu bat oposizio-lehiaketa bidez betetzeko, eta bestetik, hautaproben bidez, izangaien zerrendak osatzeko, horrelako lanpostuetan jardun dezaten, bai aldi baterako kontratazio bidez, bai aldi baterako barne igoeraren bidez.
2. Deialdiaren testua onestea, ebazpen honen eranskin gisa ageri dena.
3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea.
4. Ebazpen honen aurka, ez baitu administrazio bidea amaitzen, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Osasuneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xede den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita, bat etorriz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126.1.c) artikuluan xedatutakoarekin eta erabiliz Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako kontseilariaren abuztuaren 18ko 4/2023 Foru Aginduaren bidez eskuordetzan emandako eskumenak.
Iruñean, 2024ko abuztuaren 16an.–Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Jesús Alfredo Martínez Larrea.
ERANSKINA.–DEIALDIA, OSASUN DOKUMENTAZIOKO TEKNIKARI ESPEZIALISTEN (ODTE-EN) GEHIENEZ LANPOSTU BAT OPOSIZIO-LEHIAKETA BIDEZ BETETZEKO
DEIALDIAREN OINARRIAK
1.–Deialdiaren xedea eta arau orokorrak.
1.1. Deialdiko lanpostuak.
Deialdi honen xedea da osasun dokumentazioko teknikari espezialisten (ODTEen) gehienez lanpostu bat oposizio-lehiaketa bidez betetzea, zehazki, lekualdatze-lehiaketan hutsik gelditzen dena.
Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean zehaztuko da haren destinoa eta plantilla-zenbakia; hain zuzen, aipatutako lekualdatzea ebatzi ondoren hutsik gelditzen dena izanen da.
1.2. Lanpostuen banaketa txandaka.
Azaroaren 22ko 347/1993 Foru Dekretuaren 10. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, deitutako lanpostuak honako ordena korrelatibo honen arabera banatuko dira:
–Lehenengoa, hirugarrena, bosgarrena eta abar, igoera txandan.
–Bigarrena, laugarrena, seigarrena eta abar, txanda irekian.
Txanda irekitik hasiko da kontatzen lanpostu hutsak betetzeko hurrenkera, igoera txandakoa izan baitzen aurreko deialdian sartutako azken lanpostua.
Hortaz, honela beteko dira deialdi honetako lanpostuak:
a) Lanpostu bat, txanda irekian.
1.3. Deialdi honen xedea da, halaber, 6. oinarrian aipatzen diren hautaproben bidez izangaien zerrendak osatzea, izangai horiek osasun dokumentazioko teknikari espezialisten (ODTEen) lanpostuetan aritzeko, dela aldi baterako kontratazioaren bidez, dela aldi baterako barne igoeraren bidez.
1.4. Deialdi honek arau hauetan xedatutakoari jarraituko dio:
11/1992 Foru Legea, urriaren 20koa, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari atxikitako langileen berariazko erregimena arautzen duena.
347/1993 Foru Dekretua, azaroaren 22koa, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan sartu eta bertako lanpostuak betetzeko arauak ematen dituena.
110/2011 Foru Agindua, irailaren 19koa, Osasuneko kontseilariak emana, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan sartu eta bertako lanpostuak betetzeko prozeduretan, osasun arloko A mailako langileei izan ezik (A.1 eta A.2 estamentuak), aplikatu beharreko merezimendu baremoak arautzen dituena.
103/2017 Foru Dekretua, azaroaren 15ekoa, euskararen erabilera arautzen duena Nafarroako administrazio publikoetan, beren erakunde publikoetan eta menpeko dituzten zuzenbide publikoko entitateetan.
Gainerako arau osagarriak.
1.5. Publikotasuna.
Deialdi hau eta haren ondoriozko egintzak honako hauetako batean edo gehiagotan argitaratuko dira:
–Nafarroako Aldizkari Ofiziala.
–O-NOZeko enplegu publikoaren web-orrian (www.empleosalud.navarra.es/eu/), erlaitz honetan: "Oposizioak", "Osasun arloko kategoriak", "Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzua", "Osasun dokumentazioko teknikari espezialistak (ODTEak)".
1.6. Lanpostuaren sailkapena.
Deialdiko lanpostua C maila edo taldekoa da, eta sailkaturik dago "Osasun arloko teknikariak" estamentuan, "Osasun dokumentazioa" espezialitatean (Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko estamentu eta espezialitateetako izendapenen indarreko sailkapena: urriaren 20ko 11/1992 Foru Legea, zeinaren bidez erregulatzen baita Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari atxikitako langileen araubidea, Eranskina).
1.7. Ordainsariak.
Lanpostuaren ordainsariak izanen dira urriaren 20ko 11/1992 Foru Legean eta aplika daitezkeen gainerako xedapenetan ezarritakoak.
1.8. Lanaldia.
Lanaldia zerbitzuaren beharretara egokituko da, eta administrazio organo eskudunek noiznahi aldatzen ahalko dute.
1.9. Irakaskuntza.
Hala agintzen baitu Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legeak, osasun arloko profesionalek parte hartuko dute osasun arloko profesionalen graduatu aurreko, graduatu ondoko eta etengabeko irakaskuntzan, eta hein berean lagunduko dute herritarren osasunaren aldeko heziketa ekintzetan.
1.10. Lotura organikoa.
Osasun dokumentazioko teknikari espezialisten (ODTEen) lanpostu bat lortzen duena dagokion atxikipen eremura organikoki lotuta geldituko da, azaroaren 22ko 347/1993 Foru Dekretuaren 1. artikuluan ezarritakoaren arabera (foru dekretu horren bidez, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan sartu eta bertako lanpostuak betetzeko modua arautu zen).
1.11. Hizkuntzak.
Nafarroako edozein administrazio publikotan euskara edo hizkuntza komunitarioren bat jakin beharra duten lanpostuetan sartzen direnek, geroago, beren administrazio publikoko beste lanpostu huts batzuk betetzeko prozesuetan parte hartzen ahalko dute, baina, bakar-bakarrik, baldin eta horietan aritzeko hizkuntza hori nahitaez jakin behar bada.
Aurreikuspen hori ez da aplikatuko baldin eta, jakin behar den hizkuntza kontuan hartu gabe, hautapen prozesuko emaitzak aukera ematen bazion interesdunari baldintza hori ezarrita ez zeukan lanpostu bat eskuratzeko.
2.–Betebeharrak.
2.1. Oposizio-lehiaketa honetan onartuak izateko, izangaiek honako betebehar hauek bete beharko dituzte:
2.1.1. Txanda irekia.
a) Espainiako nazionalitatea izatea, edo Europar Batasuneko beste estatu batekoa. Orobat, espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatuetako herritarren ezkontideek hartzen ahal dute parte, zuzenbidez bereizita ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, baldin eta zuzenbidez bereizita ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira, edo, adin horretatik gorakoak izanik, haien kontura biziz gero. Era berean, Europar Batasunak sinatu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen duen eremuaren barreneko pertsonei zabalduko zaie parte hartzeko eskubidea.
b) Hamasei urte beteak izatea eta erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina gainditua ez izatea.
c) Osasun Dokumentazio eta Administrazioko goi mailako teknikari titulua edo baliokidea izatea, edo eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean titulu hori eskuratzeko moduan egotea.
Izangairen batek alegatzen badu eskatutako kategorian aritzea ahalbidetzen dioten ikasketa baliokideak dituela, baliokidetasun hori onartzen duen legezko edo erregelamenduzko xedapena aipatu beharko du, edo, bestela, Hezkuntzako, Lanbide Heziketako eta Kiroleko Ministerioak hori egiaztatzeko emandako ziurtagiria aurkeztu.
Tituluak atzerrian lortu badira, homologatuta daudela frogatzen duten frogagiriak eduki beharko dira.
d) Bete behar dituen eginkizunetan aritzeko behar den gaitasun fisikoa eta psikikoa izatea.
e) Desgaitua edo gabetua ez egotea eginkizun publikoetan jarduteko, eta ez egotea administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia.
f) Bat etorriz Haurrak eta nerabeak indarkeriaren aurrean babesteari buruzko ekainaren 4ko 8/2021 Lege Organikoarekin, adingabeekin ohiko harremana duten lanpostuetan aritzeko baldintza da epai irmo baten bidez kondenatua ez izatea sexu askatasunaren eta sexu ukigabetasunaren aurkako delitu batengatik, ezta gizakien salerosketarengatik ere.
2.2. Euskaraz jakitea derrigorrezkoa den lanpostuetan sartzeko, beharrezkoa den ezagutza maila izan behar da.
Ezagutza maila hori frogatzeko, lehiaketaldiaren balorazioa egiteko merezimenduak aurkezten direnean, Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren arabera dagokion titulua edo ziurtagiria aurkeztu beharko da, zehazki, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen irailaren 13ko 210/2010 Ebazpenean aipatutako zerrendan agertzen diren ziurtagirietako bat (ebazpen hori 2010eko 117. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, irailaren 27koan).
2.3. Kasu guztietan, izangaiek eskaerak aurkezteko epearen azken egunerako bete behar dituzte betebehar horiek, eta hautapen prozesu osoan haiek betetzen segitu, harik eta izendatzen dituzten arte.
3.–Eskaera, tasak eta dokumentazioa.
3.1. Inskripzioa egiteko epea.
Inskripzio-eskaera aurkezteko epea hogeita hamar egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Epe hori luzaezina izanen da.
3.2. Inskripzio-eskaera eta tasak.
Inskripzio-eskaera eta tasen ordainketa telematika bidez eginen dira, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren enplegu publikoaren web-orriaren bidez, hots, https://empleosalud.navarra.es/eu/oposiciones helbidearen bidez, "Oposizioak" erlaitzean, "Kategoriak", "Osasun dokumentazioko teknikari espezialistak (ODTEak)", eta gero "Inskripzioa" sakatuz.
Azterketa eskubideengatik eta espedientea formalizatzeko, 26 euroko tasa ordaindu behar da telematikoki. Azterketa eskubideen tasa ordaintzen ez bada, izangaia baztertu eginen da.
Honako hauek tasa ordaintzetik salbuetsita daude:
a) %33ko edo hortik gorako desgaitasuna duten izangaiak. Salbuespen hori agiri hauetako baten bidez frogatu beharko dute:
–Imsersok edo autonomia erkidegoan eskumena duen organoak emandako ziurtagiria.
b) Hautaprobaren deialdia argitaratu baino hilabete bat lehenagotik gutxienez lan eskatzaile gisa inskribaturik dauden pertsonak.
Salbuespen hori frogatzeko, izangaiek baimena ematen ahal diote Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari kontsulta egin diezaion dagokion erakundeari. Kontsulta hori egiteko baimenik ematen ez badute, kasuan kasuko enplegu bulegoak emandako ziurtagiri bat aurkeztu beharko dute, non agertuko baita zer egunetan inskribatu ziren lan eskatzaile gisa.
c) Aldi baterako barne igoerako zerrendetan bakar-bakarrik parte hartzea eskatzen dutenak.
3.3. Inskripzio-eskaerarekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa:
Inskripzioa telematikoki egitean, tasak ordaintzetik salbuesteari buruzko dokumentazioa erantsi beharko da, eskaneatuta.
3.4. Aski izanen da dokumentazioaren kopia arruntak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak eskatuko dira.
3.5. Gainerako betebeharrei dagokienez, azterketak gainditu eta lanpostua eskuratzen duten izangaiek frogatu beharko dituzte, agiri bidez, deialdi honen 9. oinarrian ezarri den epean eta moduan.
3.6. Osasun dokumentazioko teknikari espezialisten (ODTEen) aldi baterako kontratazioetarako osatuko diren zerrendetan egoteko behar den dokumentazioa deialdi honen 11. oinarrian ezarritako moduan eta epean aurkeztu beharko da.
3.7. Desgaitasuna izateagatik ariketak egiteko egokitzapenen bat eskatzen duten izangaiek eskaera-orrian adierazi beharko dute inguruabar hori, eta horretarako tokian zehaztu zer egokitzapen behar duten edo denbora eta baliabideak nola doitu behar diren.
4.–Izangai onartuen eta baztertuen zerrendak.
4.1. Eskaerak aurkezteko epea bukatutakoan, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Profesionalen zuzendariak ebazpen bat emanen du onartutako eta baztertutako izangaien behin-behineko zerrenda onesteko, eta zerrenda hori Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren enplegu publikoaren web-orrian argitara dadila aginduko du.
4.2. Behin-behineko zerrenda argitaratu ondoko hamar egun balioduneko epean, izangaiek erreklamazioak aurkezten ahalko dituzte, eta, akatsik egin badute, zuzendu. Erreklamazio horiek telematika bidez aurkeztuko dira, deialdiaren web-orriaren bitartez.
4.3. Erreklamazioak aurkezteko epea bukatu eta haiek ebatzita, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Profesionalen zuzendariak ebazpen bat emanen du onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta aginduko du Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren web-orrian argitara dadila. Ebazpen hori onetsi eta argitaratzearekin, ebatzitzat joko dira aurkeztutako erreklamazioak.
4.4. Izangairen bat kanporatzen bada berari egotz dakiokeen arrazoi bategatik, ez zaio azterketa-eskubideengatik ordaindutako tasa itzuliko.
4.5. Onartuen zerrendan agertzeak ez du berez ekartzen onartzea interesdunek betetzen dituztela foru agindu honen bidez iragartzen den prozeduran eskatutako baldintzak. Hautapen prozedura gainditu ondoren izangaiek aurkeztu beharreko dokumentazioa aztertzen denean egiaztatzen baldin bada ez dutela baldintzaren bat betetzen, interesdunek prozedura honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak galduko dituzte, deusetan galarazi gabe faltsukeria dela-eta legozkiekeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.
4.6. Ezarritako epean inskripzio-eskaera bat ere aurkezten ez bada, organo eskudunak ebazpen bat emanen du adierazteko oposizio-lehiaketa hutsik gelditu dela. Ebazpen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.
5.–Kalifikazio-epaimahaia.
5.1. Kalifikazio epaimahaia ebazpen bidez izendatuko da, izangai onartuen eta baztertuen zerrenda onestearekin batera. Kide kopuru bakoiti batek osatuko du, gutxienez bost kidek, eta ordezko kide kopuru bera ere izendatuko da.
5.2. Epaimahaia hautaprobak egiten hasi aurretik eratu beharko da.
Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa ez badago bertan.
Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren gorabehera guztiak.
5.3. Epaimahaiak Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Zerbitzu Zentraletan izanen du egoitza: Tutera kalea 20, 31003 Iruña.
6.–Oposizio-lehiaketaren nondik norakoak.
6.1. Deialdi honetako faseak hurrenkera honetan eginen dira: lehendabizi, oposizioaldia, eta hura bukatuta, lehiaketaldia.
6.2. Oposizioa 2025eko martxotik aurrera hasiko da. Izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean zehaztuko da oposizioaldia zer toki, egun eta ordutan izanen den.
6.3. Oposizioaldia eta balorazioa.
6.3.1. Oposizioaldiaren barruan ariketa hau egin beharko da: test motako hainbat galderaz osatutako galdetegi bat erantzutea idatziz, I. eranskinean agertzen den gai-zerrendari buruz. Galdera bakoitzari erantzuteko, zenbait aukera eskainiko dira, baina bakarra izanen da zuzena. Oker erantzunez gero, penalizazioa aplikatuko da. Galdera kopurua, penalizazioa eta ariketaren gehieneko iraupena epaimahaiak finkatuko ditu proba hasi baino lehen.
6.3.2. Oposizioaldia honela baloratuko da:
Oposizioaldian 60 puntu lortzen ahalko dira gehienez.
Gutxienez 30 puntu lortzen ez dituzten izangaiak bazterturik geldituko dira.
6.3.3. Ariketarako dei bakarra eginen da. Izangaiek bertara agertu beharko dute aldean dutela nortasun agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena. Agertzen ez dena oposizioalditik eta, beraz, lehiaketatik baztertua geldituko da.
6.3.4. Hautapen prozesuan, probak egiteko egokitzapenak ezarriko dira desgaitasunen bat izanik hala eskatu duten izangaientzat, prozesuan parte hartzeko eskaeran azaltzen dutenaren arabera, eta Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziak zehazten duenari jarraikiz.
6.3.5. Probaren kalifikazioa bukatu ondoren, epaimahaiak deialdiaren web-orrian argitaratuko ditu lortutako puntuazioak, eta hamar egun balioduneko epea irekiko du alegazioak telematika bidez aurkezteko.
Alegazioak ebatzi ondoren, epaimahaiak deialdiaren web-orrian argitaratuko ditu oposizioaldiko behin betiko puntuazioak.
6.4. Lehiaketaldia eta balorazioa.
6.4.1. Epaimahaiak lehiaketaldiari ekinen dio oposizioaldia gainditzen duten izangaiekin.
Merezimenduak telematika bidez aurkeztu beharko dira, baremoan adierazitako atalei jarraikiz, oposizioaldiaren behin betiko emaitza argitaratzen denetik hamar egun balioduneko epean. Horretarako, https://empleosalud.navarra.es/eu/inicio web-orria erabili behar da, "Oposizioak" estekan, eta gero "Osasun arloko kategoriak", "Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzua" ataletan sartuz, behar den kategoria aukeratuta.
Aski izanen da dokumentazioaren kopia arruntak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak eskatuko dira.
Ez dira merezimendu hauek aurkeztu beharko, epaimahaiaren esku jarriko baitira zuzenean, balorazioa egin dezan:
–Nafarroako Gobernuan egindako zerbitzuak.
–Web-orriaren bidez erakusten direnak, aurreko deialdiren batean baloratu dituztelako eta O-NOZeko deialdien datu basean daudelako.
6.4.2. Lehiaketaldian, izangaiek alegatu eta frogatutako merezimenduak kalifikatuko dira, deialdi honi erantsitako baremoaren arabera (II. eranskina).
Lehiaketaldian ez da izangairik baztertuko. Fase honetan gehienez 40 puntu eskuratzen ahalko dira.
6.4.3. Merezimenduak baloratzean, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunera arte egindakoak baizik ez dira kontuan hartuko. Geroagoko merezimenduak ez dira aintzat hartuko.
6.4.4. Merezimenduen baremoaren 1. ataleko balorazioan kontuan hartuko da deialdiko lanpostua "Osasun teknikariak" estamentuan eta "Osasun dokumentazioa" espezialitatean sailkaturik dagoela Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko estamentu eta espezialitateen izendapenen indarreko sailkapenean (urriaren 20ko 11/1992 Foru Legearen eranskina).
Egindako zerbitzuak frogatzeko, zentroko zuzendariak edo langileriaren buruak egindako ziurtagiriak aurkeztu beharko dira, eta bertan nahitaez datu hauek jarri:
–Lantokia.
–Estamentua eta/edo espezialitatea.
–Egindako zerbitzuen iraupena, noiztik noiz arte, zehaztuta zenbat egun diren guztira.
Enpresa pribatuetan egindako zerbitzuen kasuan, ziurtagiri horretaz gain, aurkeztu beharko da Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak emandako lan bizitzaren txostena.
6.4.5. Epaimahaiak baremoaren atal bakoitzean izangaiei aintzat hartutako merezimenduak baloratuko ditu. Ez du inoiz aintzat hartuko izangaiek aurretik alegatu gabeko eta agiri bidez frogatu gabeko merezimendurik, eta ezin izanen du atal bakoitzerako ezarritako puntuazioa baino handiagorik eman.
Baldin eta merezimenduak alegatzeko aurkezten diren frogagiriak aztertuta ondorioztatzen bada izangairen batek ez dituela merezimendu horiek, emandako puntuazioa kenduko zaio, deusetan galarazi gabe faltsukeria dela-eta legozkiokeen erantzukizun penalak, zibilak edo administratiboak.
6.4.6. Lehiaketaldia bukaturik, epaimahaiak deialdiaren web-orrian argitaratuko du balorazioaren emaitza, izangai bakoitzak lortutako puntuazioa adierazita, eta hamar egun balioduneko epea irekiko da alegazioak bide telematikoz aurkezteko.
Alegazioak ebatzi ondoren, epaimahaiak deialdiaren web-orrian argitaratuko ditu lehiaketaldiko behin betiko puntuazioak.
7.–Azken puntuazioa.
Azken puntuazioa izanen da lehiaketaldiko eta oposizioaldiko puntuazioen batura.
Azkeneko puntuazioetan berdinketarik badago, oposizioaldian puntuaziorik altuena duenak izanen du lehentasuna. Berdinketak badirau, deialdi honen eranskineko baremoaren atalen hurrenkerari jarraikiz guztira puntuazio handiena lortzen duenari emanen zaio lehentasuna. Berdinketak badirau, azpiatalen hurrenkerari jarraikiko zaio.
Lehiaketaldia eta oposizioaldia bukatu ondoren, epaimahaiak jendaurrean jarriko du, deialdiaren web-orrian, prozesua gainditu duten izangaien zerrenda, guztira lortutako puntuazioen araberako hurrenkeran. Gero, prozesua gainditu eta, puntuazio handiena izateagatik, deialdiko lanpostu kopuruan sartzen diren izangaiak izendatzeko proposamena eginen dio administrazio organo eskudunari.
8.–Zentroa hautatzea eta esleitzea.
8.1. Destinoko zentroaren hautaketa eta esleipena eginen da izangaiak izendatzeko proposamena edo langile lan-kontratudun finko gisa kontratatzeko baimena argitaratu baino lehen, izangaiek egindako eskaeren arabera, parte hartzeko txanda kontuan hartuta, eta, betiere, lanpostu horietan sartzeko oinarri hauetan eskatzen diren baldintzak betetzen badituzte.
8.2. Lehenik eta behin, %33ko edo hortik gorako desgaitasuna dutenek hautatuko dute; ondoren, igoera txandan parte hartzen dutenek eta, azkenik, txanda irekian parte hartzen dutenek, horren barnean direla genero-indarkeriaren biktima diren emakumeak.
8.3. Desgaitasuna duen izangairen bat baldin badago, eta horrek eragina badu lanpostu batean edo bestean jarduteko, lanpostuak hautatzen hasi aurretik, egokiena esleituko zaio, horren gainean egiten den txostena aztertu eta gero.
8.4. Honako hau izanen da hautaketa egiteko prozedura:
–Hautaketa egin baino lehen, hautatu dezaketen izangaien zerrenda eta aukeratzen ahal dituzten zentroen eta lanpostu zenbakien zerrenda argitaratuko dira. Informazio hori deialdiaren web-orrian argitaratuko da.
–Parte-hartzaileek telematika bidez eginen dituzte eskaerak, deialdiaren web-orriaren bidez, hamar egun balioduneko epean, oposizio-lehiaketaren azken emaitza argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskaera horietan, zer lanpostu hautatu nahi dituzten adierazi beharko dute, lehentasun ordenari jarraikiz.
8.5. Organo eskudunak puntuazio ordenari eta ezarri diren gainerako irizpideei jarraikiz eginen du lanpostuak hautatzeko eta esleitzeko egintza, eta horren emaitzaren berri emanen du deialdiaren web-orriaren bidez.
9.–Izendapen proposamena eta agirien aurkezpena.
9.1. Administrazio organo eskudunak behar den izendapen proposamena eginen du lanpostuen hautaketa egin ondoren lanpostua lortzen duten izangaien alde. Proposamen hori Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren enplegu publikoaren web-orrian argitaratuko da.
9.2. Proposatutako izangaiek 30 egun naturaleko epea izanen dute, izendapen proposamena argitaratzen denetik hasita, kasu bakoitzerako adierazten diren agiri hauek helarazteko O-NOZeko Sarrerarako eta Lanpostuak Betetzeko Atalari, Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez.
9.2.1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko edo haren erakunde autonomoetako langile finkoak ez diren izangaien kasuan:
a) Nortasun agiri nazionalaren fotokopia, edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna frogatzen dituen beste agiri baliokideren batena.
b) Tituluaren gaineko dokumentazioa, edo titulua lortzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekinarena.
c) Zinpeko deklarazioa, adierazten duena ez dagoela eginkizun publikoetan aritzeko desgaitua edo gabetua eta ez dela baztertua izan inongo administrazio publikoren zerbitzutik.
d) Zinpeko aitorpena edo promesa, adierazten duena Nafarroako Foru Araubidea errespetatuko duela, Konstituzioari eta legeei men eginen diela eta lanpostuari dagozkion eginkizunak zuzen beteko dituela.
e) Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak emandako txostena, frogatzen duena interesdunak ez duela karguan aritzea eragotziko liokeen gaixotasun edo akats fisiko edo psikikorik.
f) Europar Batasunetik kanpokoa bada, bertan bizi eta lan egiteko baimena, legeek ezarritako kasuetan.
g) Abenduaren 11ko 1110/2015 Errege Dekretuan arautzen den Sexu Delitugileen Erregistro Zentralak emandako ziurtagiri negatiboa, edo Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari baimena ematea ziurtagiri hori eska diezaion Sexu Delitugileen Erregistro Zentralari.
9.2.2. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko edo haren erakunde autonomoetako langile finkoak diren izangaiek 9.2.1.b), e) eta g) ataletan adierazitako agiriak aurkeztu beharko dituzte.
9.2.3. Nafarroako Foru Komunitatekoa edo haren erakunde autonomoetakoa ez den Nafarroako beste administrazio publiko bateko langile finkoak diren izangaiek, 9.2.1 atalean adierazitako dokumentazioaz gainera, ziurtagiri bat aurkeztu beharko dute, non agertu beharko baita funtzionario, estatutupeko langile edo lan-kontratudun finkoak direla, noiztik, administrazio publikoetan aitortuta duten antzinatasuna, langilearen maila edo taldea, eta haien administrazio egoera.
10.–Izendapena eta jabetza hartzea.
10.1. Administrazio organo eskudunak, ebazpen bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko edo haren erakunde autonomoetako funtzionario izendatuko ditu aurreko oinarrietan ezarritakoa betetzen duten izangaiak, edo langile lan-kontratudun finko gisa kontratatzeko baimena emanen du, eta lanpostu hutsak esleituko dizkie.
10.2. Izendapenaren eta lanpostuaren jabetza hartzearen bidez, izendatuak nominako eta plantillako funtzionario bihurtuko dira, indarreko xedapenek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko funtzionarioen arloan ezartzen dituzten eskubide eta betebehar guztiekin. Horrekin batera, Gizarte Segurantzako araubide orokorrean afiliatu eta alta emanen zaie, araubide horretan ezarritakoaren babesean.
Bestalde, langile lan-kontratudun finkoek dagokien araubide juridikoaren ondoriozko eskubide eta eginbehar guztiak izanen dituzte.
Nafarroako administrazio publikoetako edozein montepioren eskubide pasiboen araubidean afiliatuta daudenek aukeran izanen dute Administrazioari dagokion montepioan jarraitzea edo Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean afiliatzea.
10.3. Izendapena edo, hala badagokio, kontratazioa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, kontuan izanik argitalpen horrek jakinarazpenaren ondorio berberak izanen dituela, hala ezartzen baitu 45. artikuluan urriaren 1eko 39/2015 Legeak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoak. Lanpostuaz jabetzeko epea hilabetekoa izanen da, argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.
10.4. Aipatutako epean, eta ezinbesteko kasuetan izan ezik, izangairen batek lanpostuaren jabetza hartzen ez badu, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko funtzionario bihurtzeko edo langile lan-kontratudun finko gisa kontratatua izateko eskubide guztiak galduko ditu.
10.5. Deialdiko lanpostuak beteko direla ziurtatzeko, izangairen batek uko egiten badu, bete beharreko baldintzak betetzen ez baditu, lanpostua garaiz eta behar bezala hautatzen ez badu, izendapen proposamenaren ondoren eskatzen den dokumentazioa aurkezten ez badu edo, berak eskatuta, lanpostuaz jabetzen den egunetik aurrerako ondorioekin borondatezko eszedentzia-egoeran deklaratzen bada, administrazio organo eskudunak oposizio-lehiaketa gainditu dutenen zerrendan jarraian ageri direnekin beteko ditu lanpostu hutsak.
Aurreko atalean aipatutako kasuetan, ez da aldatuko izendapenaren aurretik egindako lanpostu hautaketa. Beraz, funtzionario edo kontratatu berriei egoera horien ondoriozko lanpostuak esleituko zaizkie.
10.6. Izangaietatik inork ez badu gainditzen oposizio-lehiaketa, organo eskudunak ebazpen bat emanen du adierazteko oposizio-lehiaketa hutsik gelditu dela. Ebazpen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.
10.7. Errekurtsoren bat jartzen bada deialdi honen aurka edo oposizio-lehiaketaren garapenaren edo ebazpenaren aurka, oposizio-lehiaketa ez da irmoa izanen harik eta errekurtsoak ebazten diren arte.
11.–Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan aldi baterako kontratazioak egiteko zerrendak prestatzea.
11.1. Aldi baterako kontratazioetarako zerrendak prestatu eta kudeatzeko orduan, Osasuneko kontseilariaren ekainaren 14ko 180E/2024 Foru Aginduan xedatutakoari jarraikiko zaio; izan ere, foru agindu horren bidez arauak onetsi ziren Osasun Departamentuari atxikitako erakunde autonomoetako zentro eta establezimenduetan aldi baterako kontratatzeko izangaien zerrendak kudeatzeko. (2024ko 154. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, uztailaren 30ekoa). Bestela, hala badagokio, zerrenda horiek indarra hartzen dutenean indarra duen araudiari jarraikiko zaio.
11.2. Kontrataziorako zerrenda motak.
Esparru bakoitzean bi zerrenda eginen dira aldi baterako kontratazioetarako: bata, iraupen laburreko kontratuetarako, eta bestea, iraupen luzeko kontratuetarako.
11.3. Aldi baterako kontrataziorako zerrendetan sartu nahi dutenek deialdian eskatutako baldintzak bete beharko dituzte eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, eta baldintza horiek bete prozedura osoan zehar.
Ezin dute aldi baterako kontrataziorako zerrendetan izena eman kategoria horretan berean lanpostu finkoren bat jabetzan dutenek.
11.4. Titulazioa eta egindako zerbitzuak aurkeztea eta aukerak hautatzea.
Dokumentazioa aurkezteko eta eskaintzak hautatzeko, 10 egun balioduneko epea izanen da, oposizio-lehiaketaren azken emaitza argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Telematikaz eginen da, dagokion kategoriara sartuz esteka honen bidez: https://empleosalud.navarra.es/eu/contratacion.
11.4.1. Titulazioa.
Aldi baterako kontrataziorako zerrendan onartua izateko, deialdian eskatzen den titulazioa izatea egiaztatu beharko da.
Izangaiaren titulazioa gure datu-baseetan badago, adierazitako web-orrian erakutsiko zaio, eta kasu horretan ez da beharrezkoa izanen berriz eranstea. Bestela, erantsi egin beharko da.
Nahi duenak baimena ematen ahal dio kontratazioa kudeatzen duen zentroari bere titulazioa kontsultatzeko Hezkuntza Ministerioko Datuak Egiaztatzeko Zerbitzuan, baina aukera horrek ez du beti bermatzen egiaztapena, batzuetan ez baita ministerio horretan agertzen.
11.4.2. Egindako zerbitzuak.
Oposizioaldia gainditzen ez dutenek bakarrik aurkezten ahalko dituzte egindako zerbitzuak. Ikusiz gero egindako zerbitzuak web-orrian agertzen direla, ez dira berriz erantsi beharko.
–Zerbitzuak Nafarroako Gobernuan edo haren erakunde autonomoetan egin badira, ez da inolako dokumentaziorik aurkeztu behar horiek egiaztatzeko, O-NOZeko Profesionalen Zuzendaritzak ofizioz erantsiko baitu.
–Aldiz, zerbitzuak Nafarroako Gobernutik eta/edo haren erakunde autonomoetatik kanpo egin badira, zentro bakoitzeko langileen arloko burutza duen organoak egindako ziurtagirien bidez frogatu beharko dira. Ziurtagiri horietan honako datu hauek azaldu beharko dira nahitaez: lantokia, estamentua eta/edo espezialitatea eta zerbitzualdiaren iraupena, egunetik egunera adierazita, baita guztirako egun kopurua ere.
11.4.3. Kontratazio zerrenden esparruak eta motak aldatzea.
Interesdunek aukera izanen dute deialdian inskribatzeko eskaeran hautatutako zerrenda mota (kontratu luzeak edo laburrak) eta esparruak aldatzeko, murrizteko edo zabaltzeko.
11.4.4. Lanaldi murriztuak egiteko deiak hautatzea edo baztertzea.
Interesdunek zilegi izanen dute eskatzea ez diezaietela lanerako deitu baldin eta eskaini behar zaien kontratazioa lanaldiaren heren batekoa edo hortik beherakoa bada, eta hori telematika bidez eginen da.
Izangaiek, hala nahi badute, eskatzen ahalko dute deitu diezaietela bakarrik lanaldiaren %50eko edo gutxiagoko kontratazioak eskaintzeko.
Gainera, beste aukera batzuk ere hautatzen ahalko dira, indarrean dagoen araudiaren arabera gaituta badaude.
11.5. Euskara.
Aldi baterako kontratazio zerrendetako izangaiek noiznahi egiaztatzen ahalko dute euskararen ezagutzaren betebeharra, zerrenda horiek indarrean dauden bitartean.
11.6. Desgaitasuna duten pertsonak.
Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendak kudeatzeko orduan, errespetatuko da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako langileei aplikatu beharreko araudian desgaitasunaren arloan ezarritakoa.
Desgaitasun egoera noiznahi egiaztatzen ahalko da, zerrendak indarrean dauden bitartean, eta, halakoetan, araudian ezarritako lehentasuna sortuko da desgaitasuna egiaztatzen den unean.
Aldi baterako kontrataziorako deituz gero, egiaztatu beharko da izangaiaren desgaitasuna bateragarria dela kontratazioaren xede den lanpostuarekin. Egiaztagiri hori ofizioz eginen dute balorazio eta orientazio talde eskudunek.
11.7. Indarra hartzea.
Hautapen prozesu honen ondorioz sortuko diren aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendek indarra hartuko dute lanpostua eskuratzen dutenen izendapen proposamena argitaratu eta biharamunean.
12.–Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan aldi baterako barne-igoeran aritzeko zerrendak prestatzea.
12.1. Aldi baterako barne igoerarako zerrendak prestatzeko eta ondoren kudeatzeko orduan, azaroaren 22ko 347/1993 Foru Dekretuari jarraikiz jokatuko da, horren bidez arautzen baita Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan sartu eta bertako lanpostuak betetzeko modua, baita zerrenda horiek indarra hartzean foru dekretu hori garatzen duen indarreko araudiari jarraikiz ere.
12.2. Zerrenda horietan parte hartu nahi duten izangaiek baldintza hauek bete behar dituzte eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, eta kontratazioa egin arte mantendu: Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko langile finkoa izatea, osasun dokumentazioko teknikari espezialisten lanpostuari dagokion maila-taldetik edo kategoriatik beheragoko batean sailkatua egotea, eta lanpostu horretan aritzeko 2.1.1 oinarrian eskatzen den titulua edukitzea eta hango gainerako baldintzak betetzea.
Zerrenda horretan sartzeko, beharrezkoa izanen da deialdiaren oinarrietan oposizioaldirako ezarritako gehieneko puntuazioaren %30 gaindituta izatea.
Oposizio-lehiaketaren azken emaitzak argitaratu ondoren, aldi baterako barne igoerako izangaien zerrendak prestatuko dira mailaz igotzeko moduan dauden izangaiekin, hautaprobetan lortutako puntuazioaren arabera ordenatuta. Berdinketarik izanez gero, hura hausteko kontuan hartuko da deialdian parte hartzeko eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean aitortutako antzinatasuna.
Hautapen prozesu honen ondorioz sortuko diren aldi baterako barne igoerarako izangaien zerrendek indarra hartuko dute lanpostua eskuratzen dutenen izendapen proposamena argitaratu eta biharamunean.
13.–Errekurtsoak.
Deialdi honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren kontra eta bere oinarri eta egintzen kontra gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Osasuneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita, hori guztia bat etorriz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126.1.c) artikuluan xedatutakoarekin, eta Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako kontseilariaren abuztuaren 18ko 4/2023 Foru Aginduaren bidez egindako eskumenen eskuordetzea erabiliz.
Kalifikazio epaimahaiaren behin betiko egintzen kontra, zeinek ez baitute administrazio bidea amaitzen, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, O-NOZeko zuzendari kudeatzaileari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita, bat etorriz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126.2 artikuluarekin.
I. ERANSKINA.–GAI-ZERRENDA
Gai-zerrenda orokorra
1. gaia.–1978ko Espainiako Konstituzioa: atariko titulua. 13/1982 Lege Organikoa, abuztuaren 10ekoa, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzkoa: atariko titulua.
2. gaia.–Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamendua, datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoen babesari eta datu horien zirkulazio askeari buruzko arauak ezartzen dituena: I. kapitulutik III. kapitulura.
3. gaia.–251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duena: I. titulua eta II. tituluko VIII. kapitulua. 11/1992 Foru Legea, urriaren 20koa, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari atxikitako langileen berariazko erregimena arautzen duena.
4. gaia.–10/1990 Foru Legea, azaroaren 23koa, Osasunari buruzkoa: atariko titulua, II. titulua eta VI. titulua.
5. gaia.–3/2007 Lege Organikoa, martxoaren 22koa, Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarriari buruzkoa: atariko titulua eta I. titulua. 17/2019 Foru Legea, apirilaren 4koa, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzkoa.
Gai-zerrenda espezifikoa
1. gaia.–Dokumentazio klinikoa: dokumentazio mota bakoitzaren ezaugarriak. Historia klinikoa: definizioa, egitura, motak, eginkizunak eta erabiltzaileak. Ospitaleko alta-agiriaren txostena.
2. gaia.–Artxibo klinikoa: ezaugarriak. Historia klinikoen artxibo baten helburuak. Historia klinikoen artxiboak antolatzeko ereduak; artxibo zentralizatua, artxibo deszentralizatuak eta artxibo mistoa.
3. gaia.–Historia klinikoak jasotzea: historia klinikoak irekitzea eta identifikatzea. Prozedurak.
4. gaia.–Historia klinikoak instalatzea: antolatzea eta sailkatzea. Antolatu eta sailkatzeko sistemak.
5. gaia.–Historia klinikoen mailegua: prozedura. Mailegatzeko prozesua. Mailegua egiteko zirkuituak. Mailegatutako dokumentazioaren kontrola.
6. gaia.–Dokumentazioaren zaintza. Artxibo klinikoen kontserbazioa. Lan arloak. Altzariak. Artxibo klinikoen segurtasunerako egiturazko baldintzak. Informazio klinikoaren segurtasuna eta konfidentzialtasuna.
7. gaia.–Kalitatea artxibo klinikoetan. Kalitatearen kontzeptua. Kalitatea dokumentazio klinikoaren unitatean. Kalitate kontrola artxibo klinikoetan: auditoretzak, artxibo klinikoetako erabilera komuneko estandarrak, artxibatze prozesuaren eta historia klinikoak mailegatzeko prozesuaren kontrola.
8. gaia.–Informazioa berreskuratzeko sistemak. Dokumentu profila. Dokumentu prozesuaren faseak. Kodetzearen kontzeptua. Kodetzen laguntzeko programak.
9. gaia.–Produktu sanitarioaren neurria. Pazienteak sailkatzeko sistemak. Case Mix (GRD, APR-GRD, ACG). Kontzeptua eta erabilerak. Diagnostiko talde erlazionatuak. Kontzeptua. Motak. Diagnostiko talde erlazionatuak esleitzea. Diagnostiko talde erlazionatuen pisuak. Egonaldien erabilera-indizea.
10 gaia.–Gutxieneko datu-multzo oinarrizkoa (CMBD). Osatzen duten aldagaiak. Aldagaiak aukeratzeko irizpideak. Aldagai ez-klinikoen kodetzea.
11. gaia.–Giza anatomia eta fisiologia: aparatu eta sistema nagusien oroitzapen anatomofisiologikoa.
12. gaia.–Patologia orokorraren nozioak. Kontzeptu nagusiak: etiologia, klinika (zantzuak, sintomak, sindromea), diagnostikoa, eboluzioa (akutua, kronikoa), aurrekariak, konplikazioak, prozedura diagnostikoak eta terapeutikoak. Terminologia medikoa, aparatuen eta sistemen arabera. Patologia nagusiak, sintomak eta zantzuak, aparatu eta sistemen arabera.
13. gaia.–Gaixotasunen nazioarteko CIE-10-ES sailkapenaren indarreko edizioa. Diagnostikoak: gaixotasunen aurkibide alfabetikoaren erabilera (termino nagusia, funtsezko eta ez-funtsezko aldatzaileak, taulak...). Gaixotasunen taula-formako zerrendaren erabilera (kapitulua, atala, kategoria, azpikategoria eta azpisailkapena).
14. gaia.–Gaixotasunen nazioarteko CIE-10-ES sailkapenaren indarreko edizioa. Prozedurak: prozeduren sailkapena, kodetze anizkoitza eta konbinazio kodeak. Prozedura nagusia eta bigarren mailakoak definitzen dituzten irizpideak. Prozedura motak. Prozedura esanguratsua.
15. gaia.–Kodetzeari buruzko arauen aplikazioa gaixotasunen nazioarteko CIE-10 sailkapenaren indarreko edizioarekin (diagnostikoak eta prozedurak kodetzeko eskuliburuak, kodetze buletinak edo kodetze koadernoak erabiltzea). Gaixotasunen Nazioarteko Sailkapenerako Unitate Teknikoa (Osasun Sistema Nazionala, Osasunaren, Gizarte Politiken eta Berdintasunaren Ministerioa): egitura, osaera eta eskumenak.
16. gaia.–Beste kodeketa sistema batzuen oinarrizko kontzeptuak: CIE-9-MC, SNOMED-CT, CIAP.
17. gaia.–Diagnostikoen eta prozeduren kodetzearen kalitate kontrola. Adierazleak prestatzea.
18. gaia.–Estatistika deskriptiboa: parametro estatistikoak, ausazko laginketa, irudikapen grafikoa.
19. gaia.–Ospitaleetako adierazle sanitarioak: batez besteko egonaldia, errotazio indizea, okupazio indizea, hilkortasun portzentajea, berrospitaleratzeak...
20. gaia.–Informazioa berreskuratzea: bilaketa profila.
21. gaia.–Oinarrizko informatikako ezagutzak. Windows XP sistema eragilea. Testu prozesadoreen (Word XP) eta kalkulu orrien (Excel XP) gaineko funtsezko ezagutza. Datu baseak: Oinarrizko kontzeptuak. Access XP: oinarriak, taulak, kontsultak, formularioak, txostenak. Datu-baseen kalitatearen ebaluazioa. Power Point: aurkezpenak.
Zer egunetan argitaratzen den deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean, egun horretan indarra duen araudiaren arabera eskatuko dira gai guztiak.
II. ERANSKINA.–MEREZIMENDUEN BAREMOA
1. atala.–Egindako zerbitzuak.
Honako hauek baloratuko dira:
1.1. Lehiaketaren xedeko estamentu eta espezialitatean edozein administrazio publikotako zentroetan egindako zerbitzuak. Urte bakoitza: 1,5 puntu.
1.2. Beste estamentu eta/edo espezialitate batean edozein administrazio publikotako zentroetan egindako zerbitzuak. Urte bakoitza: 0,25 puntu.
1.3. Lehiaketaren xedeko kategoria berean osasun zentro pribatuetan egindako zerbitzuak, Gizarte Segurantzan afiliatuta eta besteren kontura kotizatuta. Urte bakoitza: 0,75 puntu.
Egindako zerbitzutzat hartuko dira funtzionario, estatutupeko edo lan-kontratudun finko gisa egindako zerbitzuak, baita aldi baterako egindakoak ere.
Ondorio horietarako, egindako zerbitzuak kalkulatzean, jarraituko zaie Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan egindako zerbitzuen aitorpenari buruz ezarrita dauden irizpideei.
Egindako zerbitzuek urte natural oso bat hartzen ez badute, kontratuaren hasiera-egunaren eta bukaera-egunaren arabera dagokion puntuazio proportzionala esleituko da, egindako lanaldi mota edozein dela ere.
Aurreko azpiataletan emandako puntuazioak bateraezinak izanen dira epe berari dagozkionean. Kasu bakoitzean, haietarik handiena emanen da.
Zerbitzu eginkizunetan edo goragoko kategoria batean egindako lanak benetan egin diren lanpostuan eginak bezala kontatuko dira.
Zerbitzu berezietako egoeran egindako zerbitzuak jatorrizko lanpostuan eginak balira bezala kontatuko dira.
Atal honetan, guztira, 17 puntu emanen dira gehienez.
2. atala.–Prestakuntza, irakaskuntza, ikerketa eta hizkuntzak.
Atal honetako merezimenduak baloratuko dira baldin aukeratu nahi den lanpostuarekin zerikusia badute, eta kontuan harturik azaroaren 22ko 347/1993 Foru Dekretuan xedatutakoa.
Bigarren, laugarren eta bosgarren atalak bateragarriak dira, eta ikerketa lan beraren gaineko komunikazioa, txostena eta argitalpena baloratuko dira.
Akta-liburuetan edo abstraktetan jasotzen diren txostenak, posterrak eta komunikazioak ez dira argitalpentzat hartuko.
2.1. Erakunde edo zentro publikoek eta unibertsitateek antolatutako edo egiaztatutako prestakuntza jardueretan ikasle gisa parte hartzea, kreditu akademiko bakoitzeko: 0,2 puntu.
Ikastaroaren egiaztapena ordutan egiten bada, kreditu bat kontatuko da hamar orduko. Egiaztagirian orduak eta kredituak agertzen badira, ikastaroa baloratzeko, kredituak hartuko dira aintzat.
Ziurtagirian jardueraren iraupena ageri ez bada, ez da baloratuko; ikaslea ikasturte osoan aritu dela agertzen bada, 12 kreditu kontatuko dira.
Zatikiak hainbanatuko dira.
Laneko arriskuen prebentzioaren arloko eta informatikako prestakuntza baloratuko da.
Atal honetan, erakunde antolatzaileari buruzko betebeharrak betetzen ez dituzten prestakuntza ekintzak ere baloratuko dira, baldin eta Administrazioak aginduta egin badira edo hark homologatu baditu. Horien artean espresuki sartzen dira sindikatuek Administrazio Publikoetako Etengabeko Prestakuntzarako Akordioen barrenean antolatuak.
Titulu ofizialak ez dira merezimendu gisa baloratuko.
Gehienez ere 10 puntu emanen dira.
2.2. Biltzarretan, jardunaldietan edo bilkura zientifikoetan idatzizko txostenak, posterrak edo komunikazioak aurkeztea:
–Nazioartean: Lehen hiru sinatzaileak: 0,4 puntu. Hurrengo hirurak: 0,2 puntu.
–Nazionalak: Lehen hiru sinatzaileak: 0,2 puntu. Hurrengo hirurak: 0,1 puntu.
–Autonomia erkidegoetakoak: Lehen hiru sinatzaileak: 0,1 puntu. Hurrengo hirurak: 0,05 puntu.
Baloratu ahal izateko, sinatzailearen ordena agertu beharko da.
Ahozko komunikazioak ez dira baloratuko haien idatzizko onarpena ere aurkezten ez bada, ez eta mahai-inguruetan parte hartu izana ere.
Gehienez ere 2 puntu emanen dira.
2.3. Administrazioen edo erakunde publikoen beka edo saria jaso duten zientzia edo ikerketa lanak egitea:
–Nazioartekoak: 0,75 puntu.
–Nazionalak: 0,5 puntu.
–Autonomia erkidegoetakoak: 0,2 puntu.
Lan zientifikoagatik edo ikerketa lanagatik emandako bekaren edo sariaren jasotzailea baizik ez da baloratuko.
Gehienez ere 2 puntu emanen dira.
2.4. Lanak ISSNa duten aldizkari espezializatuetan argitaratzea. Lehen hiru sinatzaileak: 0,4 puntu. Hurrengo hirurak: 0,2 puntu.
Gehienez ere 2 puntu emanen dira.
2.5. ISBNa duten liburu zientifikoetan laguntzaile gisa agertzea: 0,3 puntu argitaratutako liburu bakoitzeko.
Gehienez ere 3 puntu emanen dira.
2.6. Irakasle lana:
a) Erakunde edo zentro publikoek eta unibertsitateek antolatu edo egiaztatutako prestakuntza jardueretan: 10 orduko: 0,2 puntu.
Iraupena agertzen ez duten ziurtagiriak ez dira baloratuko.
Baremoko b) atalean adierazitako irakasle lana ez da atal honetan baloratuko.
Gehienez ere 2 puntu emanen dira.
b) Irakasle lana honelako eremu hauetan: osasun laguntzako praktiken tutore edo koordinatzaile gisa, osasun laguntzako praktiken irakasle koordinatzaile gisa, irakasle kliniko elkartu gisa, irakasle elkartu gisa, unibertsitateko ikastaroetako, masterretako edo aditu tituluetako tutore gisa, osasun laguntzako praktiketako kolaboratzaile gisa eta langile egoiliarren tutore eta irakasle kolaboratzaile gisa. Ikasturte oso bakoitzeko: 0,25 puntu.
Ziurtagirietan egiaztatutako aldia ikasturte oso batera iristen ez bada, proportzionalki dagokien puntuazioa emanen zaie.
Gehienez ere 1 puntu emanen da.
2.7. Frantsesez, ingelesez edo alemanez jakitea, ofizialki egiaztaturik, Europar Batasuneko erabilera ofizialeko hizkuntzak diren aldetik: Hizkuntza bakoitzeko, 2 puntu gehienez.
Gaitasun agiririk edo balio bereko titulurik izan ezean, dagokion puntuazio proportzionala emanen da.
Tituluak eta ziurtagiriak Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuan ezarritako mailen arabera baloratuko dira. Maila horiek jasotzen dira Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen irailaren 13ko 210/2010 Ebazpenean, horren bidez ezarri baitziren euskararen eta Europar Batasuneko hizkuntzen jakite maila egiaztatzen duten titulu eta ziurtagirien arteko baliozkotzeak, Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren arabera (2010eko 117. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, irailaren 27koa).
Atal honetan, guztira, 22 puntu emanen dira gehienez.
3. atala.–Euskaraz jakitearen balorazioa.
Euskaraz jakitearen balorazioa azaroaren 15eko 103/2017 Foru Dekretuan xedatutakoari jarraikiz eginen da, horren bidez arautu baitzen euskararen erabilera Nafarroako administrazio publikoetan, beren erakunde publikoetan eta menpeko dituzten zuzenbide publikoko entitateetan.
Iragarkiaren kodea: F2412163
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
