197. ALDIZKARIA - 2024ko irailaren 27a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

861E/2024 EBAZPENA, irailaren 18koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, ingurumen inpaktuaren txostena egiten duena balio-bizitzaren bukaeran dauden ibilgailuak tratatzeko zentro baimendu baten proiektuari dagokionez. Proiektua Aratzurin (Oltza Zendea) kokatzen da, eta haren sustatzailea Desciegues San Fermin SL da.

2024ko maiatzaren 25ean, Kutsaduraren aurkako Prebentzio Atalak, organo eskuduna den aldetik, eskaera bat igorri zion Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuari, hasiera emateko goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuari. Espediente hori sartuta dago Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen II. eranskineko 9.b) multzoan.

Desciegues San Fermin SL enpresak bi nabe eta kanpoko parke bat ditu Oltza Zendeako 2. poligonoko 254. lurzatian. Bertan, bi jarduera egiten ditu: salgaien errepide-garraioa (hondakin arriskutsuak eta ez-arriskutsuak garraiatzea barne) eta bertako konponketak egiteko tailer bat. Proposamen berriarekin, balio-bizitzaren bukaeran dauden ibilgailuak tratatzeko zentro baimendu bat ezarri nahi du egungo bi nabeetako batean, hain zuzen, mendebaldeko nabean. Sustatzaileak adierazi du ez dituela aldatu behar egun dauden eraikinak, eta beste nabean (ekialdekoan) egiten den jarduera bere horretan mantenduko duela. Proiektuaren deskribapena eta aurkeztutako ingurumen dokumentuaren alderdi nabarmenenak jasota daude txosten honen I. eranskinean.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47. artikuluak ezartzen duenez, ingurumen organoak ebazpen arrazoitu batez erabakiko du proiektuak ingurumen inpaktuaren ebaluazio arrunta pasa behar duen edo ingurumenaren gaineko eragin kaltegarri adierazgarririk ez duen, ingurumen inpaktuaren txostenean ezarritako moduan.

–Ingurumen inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren tramitazioa.

Aurkeztutako ingurumen agiria bat dator Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 45. artikuluan zehazten den edukiarekin.

21/2013 Legearen 46. artikuluaren arabera, kontsultak egin zaizkie ukitutako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei. Izapide honetan, kontsulta egin zaie Oltza Zendeako Udalari, Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiari eta Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko Hondakinen Atalari eta Kutsaduraren aurkako Prebentzio Atalari. Izapidearen laburpena txosten honen II. eranskinean ageri da.

–Proiektuaren analisia, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen III. eranskineko irizpideak kontuan hartuta.

Jarduera berria eginen da egun dauden bi nabeetako batean, zeinak PA-30 errepidetik A-15 errepidera sartzeko biribilgunearen aldamenean baitaude, Orkoienen eta Oltza Zendearen mugan (Aratzuriko kontzejua). Beraz, ez da aurreikusten jarduera berriaren ezarpenak eta garapenak ingurune naturalean inpaktu zuzenik izanen duenik, ez baita proposatzen nekazaritzarako edo basogintzarako urbanizatu gabeko landa-lurren gaineko okupaziorik.

Ingurumen baimen bateratuaren espedientean kontrolatu eginen dira jarduerak airearen kalitatean, zaratan, lurzoruan eta urean izan litzakeen ingurumen-inpaktuak, bai eta hondakinen sorrerak eta baliabide naturalen, energiaren eta uraren kontsumoak ekarritakoak ere.

Proiektuko lurzatia horma batek eta nabeen itxiturak mugatzen dute, eta espazio librez eta urbanizatu gabeko lursailez inguratuta dago.

Mendebaldean, A-15 errepidearen lubetaren oineko areka dago, naturalizatua eta zuhaitz- eta zuhaixka-erako landarediarekin. Areka horrek jasotzen ditu lubetaren beraren eta A-15 errepidearen ekialdean dauden lursailen urak (areka hori hidraulikoki lotuta dago Txulapain ibaiarekin, A-15 errepidearen zeharkako drainatze-obren bidez).

Proiektuko lursailetik kanpoko nabeen iparraldean landa-sarbide bat dago, eta nabeak bereizten ditu Oltza Zendeako 2. poligonoko 255. lurzatian dauden beste instalazio batzuetatik. Sarbide hori instalazioen barneko bide gisa sartu da.

Proiektuaren lurzatiaren hegoaldeko muga bat dator drainatze batekin, baina duela gutxi lurperatuta geratu da PA-30 eta A-15 arteko lotunea hobetzeko obren ondorioz, beraz, naturaltasunaren zati bat galdu du. Bestetik, hegoalderago, Oltza Zendeako 2. poligonoko 288. lurzatia dago, landu gabe, PA-30 errepidearen (Orkoien-Aratzuri) eta aipatu drainatzearen artean.

Azkenik, nabeen ekialdean, 1.800 m² inguruko aparkaleku bat dago, urbanizatu gabe dagoena ia, errodadura-geruza bat izan ezik. Aparkalekua egin da aldameneko lurzatien zati bat lur-erauzketa bidez berdinduta. Lur-berdinketa horretan, larre naturalen 1.000 m² inguru kendu dira, eta lur-berdinketaren ertzak degradatuta daude.

Jarduera berria kokatuko den instalazioen inguruko lursailen egoera kontuan hartuta, instalazio horien ingurumen eta natura integraziorako neurriak aurreikusi behar dira, eta horiek kontuan hartu beharko dute ekialdera dagoen aipatu aparkalekua, bertan garatzen diren jarduerei zerbitzua ematen baitie.

Kontsulten emaitzak ikusita eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen III. eranskinean horretarako jasotzen diren irizpideak oinarri hartuta, Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuak aditzera eman du, Ingurumen Eraginaren Atalaren bitartez, proiektuak ez duela ondorio kaltegarri nabarmenik izanen ingurumenean, baldin eta betetzen badira ingurumen inpaktuaren txosten honetan jaso diren baldintzak; nolanahi ere, horrek ez du kentzen indarreko legeen arabera behar diren bestelako baimenak lortzeko betebeharra, eta, bereziki, ingurumen baimen bateratua lortzekoa.

Ingurumen inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura modu egokian bete dela iritzita, adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren abuztuaren 17ko 10/2023 Foru Dekretua eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 15eko 255/2023 Foru Dekretua,

EBAZTEN DUT:

1. Balio-bizitzaren bukaeran dauden ibilgailuak tratatzeko zentro baimendu baten proiektuak ez du eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen inpaktuaren txosten honetan ezarritakoaren arabera. Proiektua Aratzurin (Oltza Zendea) kokatzen da, eta haren sustatzailea Desciegues San Fermin SL da.

2. Aurrekoari jarraikiz, proiektua baimentzeak berekin dakar baldintza hauek bete beharra:

–Ingurumen kalitatea babesteari dagokionez, jarduera garatuko da haren ingurumen baimen bateratuan ezartzen diren baldintzen arabera.

–Ahal den neurrian, eta lurren erabilgarritasunaren arabera, instalazioen perimetroan lorategiak jartzeko eta landareztatzeko neurriak hartuko dira, instalazioak hobetu integra daitezen ingurunean.

–Oltza Zendeako 2. poligonoko 779., 237. eta 238. lurzatietan egindako aparkalekuari dagokionez, kontsulten izapidean Udalak emandako erantzunaren arabera, ez dago jasota baimena duenik, eta udal planaren 37. artikulua bete behar du. Beraz, aparkalekuaren proiektua aurkeztu beharko da, baimendu dadin, eta proiektuan jaso beharko dira ingurumen alderdiak, hala nola euri-urak biltzeko sarea (beharrezkoa bada, ibilgailuak aparkatzearekin lotutako hondakinak eta isurketak biltzeko eta kudeatzeko elementuak barne), perimetroko ezpondak lehengoratzeko neurriak eta, ahal bada, lorategiak jartzea.

–Azkenik, aparkalekuari dagokionez, kontuan hartu behar da ingurumen balioa zuten larreen 1000 m² inguru kendu zirela hura egiteko, eta ekialdean lur-erauzketa bat egin dela, egikaritutako zelaigunearen ingurua degradatu duena. Beraz, aparkaleku hori baimentzen ez bada, eraitsi egin beharko da, eta hark okupatutako lursailak lehengoratu eta birlandatu egin beharko dira, zelaigunea gauzatu aurreko egoera berreskura dezaten, aparkalekua egin aurretik zegoen larre-estalkiaren antzeko baten bidez.

3. Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47.6 artikuluak adierazten duenari jarraikiz, ingurumen txostenaren aurka ez da errekurtsorik jartzen ahalko, deusetan galarazi gabe proiektua onesteko xedapen orokorraren aurka auzibidean jartzen ahal direnak, edota plan edo programa onesteko egintzaren aurka administrazio bidean jartzen ahal direnak.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen hau igortzea Kutsaduraren aurkako Prebentzio Atalari, Oltza Zendeako Udalari, Basozaintzari (7. barrutia, "Iruñea") eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2024ko irailaren 18an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.

I. ERANSKINA.–PROIEKTUAREN ETA AURKEZTUTAKO INGURUMEN TXOSTENEAN JASOTAKO NEURRI NAGUSIEN DESKRIBAPENA

Sustatzailearen instalazioek 646,00 m²-ko azalera eraikia dute, 5,20 m-ko altuera erabilgarriarekin, 19,98 m²-ko solairuartearekin eta 445,48 m²-ko zelaiarekin. Eraikinak ondo-ondoan dauden bi nabe ditu, eta mendebaldekoa erabiliko da jarduera berrirako. Nabe horretako zolata hormigoi leunduzkoa da, eta egoera onean dago. Nabeak energia elektrikoa, ur-hornidura, saneamendua eta suteen aurka babesteko instalazioak ditu, indarrean dagoen araudiaren araberakoak.

Bertara iritsiko diren ibilgailu gehienak autoak izanen dira, eta baja emanen zaie eta nabearen barruan zatikatuko dira. Lortutako elementuak bigarren eskuko salmentarako erabiliko dira. Jardueran sortzen diren hondakin arriskutsuak eta ez-arriskutsuak aldi baterako biltegiratuko dira, kudeatzaile baimenduak eraman arte.

Ibilgailuak zatikatzean, hondakin mota hauek sortuko dira: hondakin metaliko ez-arriskutsuak, ferrikoak eta ez-ferrikoak; aparatu elektriko eta elektronikoen hondakinak, ez-arriskutsuak, eta bateria erabiliak, arriskutsuak. Aurreikusten da urtean 20 auto jasoko direla, gehienez, eta horrek, gehienez, 40 tona sortuko ditu urtero.

Instalazioak biltegiratzeko duen gehienezko ahalmena, hondakin ez-arriskutsuentzat, 8 tonakoa da, eta 0,2 tonakoa arriskutsuentzat (200 kg).

Sortutako hondakin arriskutsuak zolata iragazgaitz baten gainean kudeatuko dira, horretarako prestatutako guneetan, isurketak atxikitzeko elementuekin eta ontzi homologatuekin. Hondakin horiek jariakorrak badira, elementu horiek horma bikoitzekoak izanen dira, edo bestela kubeta bat izanen dute. Biltegia estalpean dagoenez, instalazioetan bitartekoak jarriko dira hidrokarburoen kudeaketa kontrolatzeko (xurgatzaileak, atxikipen neurriak, hustubide itsuak, irtenguneak perimetroan edo kutsaduraren aurkako kubetak), eta hondakin jariakorrak gordeko dira, euri-uren udal sarera isuri ez daitezen.

Jarduerak ez du airea kutsatuko, eta ez du sortuko inpaktu akustikorik ingurunean. Kudeaketa neurri eta teknika egokiak eransten dira, instalazioetan sortutako hondakinak kudeatzeko lanen (bilketa, manipulazioa eta biltegiratzea) ondoriozko inpaktuak kontrolatzeko eta prebenitzeko. Tratatu beharreko hondakinak onartzeko eta sortutako hondakin-mota bakoitza dagokion kudeatzaile baimenduari entregatzeko, beteko da hondakinen kudeaketaren arloan indarrean dagoen araudia.

II. ERANSKINA.–UKITUTAKO ADMINISTRAZIOEI EGINDAKO KONTSULTEN IZAPIDEAN JASOTAKO ERANTZUNEN LABURPENA

Oltza Zendeako Udalak adierazi du beharrezkoa dela Nafarroan industrialdeak eta industria jarduerak ezartzeko arauak onesten dituen apirilaren 5eko 84/1990 Foru Dekretuaren 8. artikulua betetzea, eta aldeko txostena eman du jarduera berria ezartzeari dagokionez. Adierazi du Oltza Zendeako Udal Plan Orokorrak nekazaritzako produktibitate ertaineko lurzoru urbanizaezineko industria jardueratzat jotzen dituela nabeak, eta jarduera horiek antolamendu-planoan jasota daudela, eta plan horren 157. eta 159. artikuluak bete behar direla.

Hala ere, jardueraren aparkalekuari dagokionez, jakinarazi du herri-bideei eta Oltza Zendeako 2. poligonoko 238. lurzatiari dagozkien eremuetan kokatuta dagoela, eta baimenik ez duenez, jardueraren lurzatian bertan kokatu beharko litzatekeela (Oltza Zendeako 2. poligonoko 254. lurzatia), Udal Planaren 73. artikulua betetzeko.

Hondakinen Atalak jakinarazi du Nafarroako Hondakinen 2017-2027 Planak ez duela baldintza gehigarririk ezartzen aurreikusitako jarduerarako, hau da, balio-bizitzaren bukaeran dauden ibilgailuak tratatzeko. Titularrak, hondakinen ekoizpenari eta kudeaketari buruzko legeria orokorraz gain, honako legeria espezifiko hau ere hartu beharko du kontuan: 265/2021 Errege Dekretua, apirilaren 13koa, balio-bizitzaren bukaeran dauden ibilgailuei buruzkoa.

Kutsaduraren aurkako Prebentzio Atalak adierazi du espedienteari ingurumen baimenaren izapidea egiten ari zaiola, eta bertan instalazioaren ingurumen alderdi esanguratsuenak ebaluatzen ari direla. Kontsultaren egunean, ezinezkoa da eskatutako txostena egitea, proiektua azterketa fasean egoteagatik, eta, zehazkiago, dokumentazio teknikoaren errekerimendu bati erantzuteko zain egoteagatik. Ingurumen baimenaren eta ingurumen ebaluazioaren izapideak aldi berean eginen dira.

Iragarkiaren kodea: F2413574