197. ALDIZKARIA - 2024ko irailaren 27a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

384E/2024 EBAZPENA, irailaren 19koa, Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez partzialki onartzen baita elikagaien bilgarri artifizialak fabrikatzen dituen instalazio baten ingurumen baimen integratuan ezarritako funtzionamendu baldintzen aldaketa. Horren ondorioz, instalazioak eta hango jarduerak ebazpen honen eranskinean ezarritako baldintzak bete beharko dituzte. Instalazioa Kasedako udal-mugartean dago, eta haren titularra Viscofan España SLU da.

Instalazio horrek badu ingurumen baimen integratua, Ingurumeneko eta Lurralde Antolamenduko zuzendari nagusiaren uztailaren 5eko 402E/2019 Ebazpenaren bidez emana, gero Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariaren otsailaren 16ko 51E/2023 Ebazpenaren bidez aldatu zena.

2024ko ekainaren 24an, titularrak ingurumen baimen integratuaren baldintzak aldatzeko eskaera egin zuen, hain zuzen ere, 4. nabeko F40 eta F41 moduluetako eremu azidoetako hondakin-gasak 1. fokuaren bidez isurtzeko baimena luzatzeko. Luzapena eskatzen da gaur egun izapidetzen ari den scrubber motako gas-garbigailu bertikala abian jarri arte.

Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuak eskaera aztertu du, eta ondorioztatu du eskaera partzialki onartu daitekeela, luzapenak ezin baitu iraun 2026ko abenduaren 12a baino luzaroago. Izan ere, aplikazio data hori ezarri zuen Europako Batzordearen 2022ko abenduaren 6ko 2022/2427 Betearazpen Erabakiak, zeinaren bidez ezartzen baitira sektore kimikoan hondakin-gasak tratatzeko eta kudeatzeko sistema komunetarako teknika erabilgarri onenei buruzko ondorioak. Hala ere, egokitzat jotzen da baimena luzatzea aipatu datara arte, bat baitator instalazioaren ingurumen funtzionamendu egokiarekin eta teknika erabilgarri onenak aplikatzearekin.

Kasu honetan, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 35. artikuluan ezarritako inguruabarrak gertatzen direla uste da, eta, ondorioz, bidezkoa da ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak ofizioz aldatzea, artikulu horretan ezarritako administrazio prozedurarekin bat etorriz, eta ez da egokitzat jotzen aldaketa-espediente hau jendaurrean jartzea.

Ebazpen proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da hamabost egunez, eta hark ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.

Adierazitakoarekin bat, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehena.–Partzialki onartzea elikagaien bilgarri artifizialak fabrikatzen dituen instalazio baten ingurumen baimen integratuan ezarritako funtzionamendu baldintzei dagokienez eskatutako aldaketa. Horren ondorioz, instalazioak eta hango jarduerak ebazpen honen eranskinean ezarritako baldintzak bete beharko dituzte. Instalazioa Kasedako udal-mugartean dago, eta haren titularra Viscofan España SLU da.

Bigarrena.–Ebazpen honetan jasotako baldintzak betetzen ez badira, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren IV. tituluan jasotako ingurumen-diziplinako neurriak hartuko dira (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi zen testu bategina), eta, subsidiarioki, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen III. tituluan ezarritako zehapen-araubidean jasotakoak, ezertan galarazi gabe legeria sektorialean ezarritakoa, aurrerantzean ere aplikatu beharko baita.

Hirugarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Laugarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute haren kontra, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira epeak.

Bosgarrena.–Ebazpen hau igortzea Viscofan España SLUra eta Kasedako Udalera, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2024ko irailaren 19an.–Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendaria, Raúl Salanueva Murguialday.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: https://extra.navarra.es/InformacionPublicaPRTR/CentroPublicaciones.html#/CentroPublicaciones.

Iragarkiaren kodea: F2413801