1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
284E/2024 EBAZPENA, irailaren 17koa, Landa Garapeneko zuzendari nagusiak emana, "Cercado de la Huerta Nueva" izena JDB gisa erregistratzeko izapidearekin jarraitzeko erabakia hartzen duena eta argitara ematen duena, Europako Batasuneko araudiaren baldintzak betetzen direla egiaztatu ondoren.
2013ko martxoaren 7an, Bodegas Pago de Larrainzar SLk (IFK: B31747157) "Larrainzar" lur-eremuko ardoaren babes-maila aitortzeko eskatu zion Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuari.
2014ko urtarrilaren 18an, Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuak iragarki bat argitaratu zuen Estatuko Aldizkari Ofizialean, zeinaren bidez jakinarazi baitzen eskaera egin zela "Larrainzar" lur-eremuko ardoaren baldintza-agiria erregistratu dadin dagokion Europako Batasunaren erregistroan; hori dena, bete zedin Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren abenduaren 17ko 1308/2013 (EB) Erregelamenduaren 96. artikuluan ezarritakoa, eta aplikatu zitezen 1335/2011 Errege Dekretuaren 9. artikulua eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2024/1143 (EB) Erregelamenduaren 90.1 artikulua. Hain zuzen, erregelamendu horrek hizpide ditu ardoen, edari destilatuen eta nekazaritzako produktuen adierazpen geografikoak eta espezialitate tradizional bermatuei nahiz nekazaritza produktuen kalitate araubideak, eta aldaketak egiten ditu 1308/2013 (EB), 2019/787 (EB) eta 2019/1753 (EB) erregelamenduetan eta indarrik gabe uzten du 1151/2012 (EB) Erregelamendua.
Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren apirilaren 29ko 129/2014 Foru Aginduaren bidez, aldeko erabakia hartu zen Bodegas Pago de Larrainzar SLren eskaerari dagokionez, hau da, "Larrainzar" lur-eremuko ardoaren babes-maila aitortzeari dagokionez.
Europako Batzordeak 2024ko martxoaren 12an egindako oharren ondorioz, Bodegas Pago de Larrainzar SLk (IFK: B31747157) erabaki zuen 2013ko martxoaren 7an aurkeztutako izena, hots, "Larrainzar", aldatzea, eta horren ordez "Cercado de la Huerta Nueva" erabiltzea. Aldaketa horren nabarmena izan denez, estatu-mailako jendaurreko informazioaren tramitea berriz egin behar da.
"Cercado de la Huerta Nueva" lur-eremuko ardoa ekoizteko eremua Nafarroako Foru Komunitatearena da, eta, beraz, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari dagokio ebazpen hau ematea.
Landa Garapeneko Zuzendaritza Nagusiaren maiatzaren 3ko 125E/2024 Ebazpenaren bidez (Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, 2024ko maiatzaren 29koan), argitara eman zen "Larrainzar" izena JDB gisa erregistratzeko eskaera, eta, besteak beste, izen berria jarri zitzaion: "Cercado de la Huerta Nueva".
Ebazpen horren bidez, aurka egiteko Espainiako prozedurari ekin zitzaion, eta jendaurreko aldia ireki zen –bi hilabete–, bat etorriz martxoaren 7ko 149/2014 Errege Dekretuaren artikulu bakarraren laugarren puntuan ezarritakoarekin. Errege dekretu horrek urriaren 3ko 1335/2011 Errege Dekretuaren 10. artikulua aldatzen du (1335/2011 Errege Dekretua, jatorri deitura babestuei eta adierazpen geografiko babestuei Europar Batasuneko erregistroan izena emateko eskabideak izapidetzeko eta horiei aurka egiteko prozedura arautzen duena).
Epe hori 2024ko uztailaren 29an amaitu zen, eta inork ez dio aurka egin. Hori dela eta, amaitutzat ematen da aurretiazko prozedura hau, eta, ondorioz, bidezkoa da aldeko erabakia hartzea "Cercado de la Huerta Nueva" izena JDB gisa erregistratzeko izapidearekin jarraitzeko.
Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
1. Aldeko erabakia hartzea "Cercado de la Huerta Nueva" izena JDB gisa erregistratzeko izapidearekin jarraitzeko, eta argitara ematea, Europako Batasunaren araudiaren baldintzak betetzen direla egiaztatu ondoren.
2 Hona hemen Nafarroako Gobernuaren web-orriaren helbidea, non argitaratuta baitaude baldintza-agiria eta dokumentu bakarra:
https://www.navarra.es/eu/nekazaritza-eta-abeltzaintza/nekazaritzako-elikagaien-kalitatea/jatorrizko-deitura-babestuak
3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.
4. Ebazpen hau jakinaraztea Bodegas Pago de Larrainzar SLri eta Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioari, behar diren ondorioak izan ditzan.
5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, ebazpena argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.
Iruñean, 2024ko irailaren 17an.–Landa Garapeneko zuzendari nagusia, Rubén Goñi Urroz.
Iragarkiaren kodea: F2413438