197. ALDIZKARIA - 2024ko irailaren 27a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA

335E/2024 EBAZPENA, irailaren 12koa, Lurralde Antolamenduko zuzendari nagusiak emana, behin betiko onesten duena Iruñeko 4. poligonoko 759. katastro-lurzatiaren xehetasun azterketa, aparkalekuetarako bide-sare osagarriaren aldaketari buruzkoa, Inmobiliaria Universidad de Navarra SAk sustatua. Lurzati hori "Nafarroako Unibertsitatearen Campusa" udalez gaindiko plan sektorialeko Z-6 jarduketa-unitatearen barruan dago.

Lurralde Antolamenduko zuzendari nagusiaren maiatzaren 15eko 145E/2024 Ebazpenaren bidez, hasiera batean onetsi zen Iruñeko 4. poligonoko 759. katastro-lurzatiaren xehetasun azterketa, Inmobiliaria Universidad de Navarra SAk sustatua. Lurzati hori "Nafarroako Unibertsitatearen Campusa" udalez gaindiko plan sektorialeko Z-6 jarduketa-unitatearen barruan dago. Ebazpen horrek ez zuen determinaziorik ezarri, eta 2024ko 116. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, ekainaren 6koan.

Xehetasun azterketak Iruñeko udal mugartean dagoen 4. poligonoko 759. katastro-lurzatiari eragiten dio. Lurzati hori arkitektura, ikerkuntza eta zerbitzuen eremuan dago, Nafarroako Unibertsitateak Iruñean duen campusaren udalez gaindiko plan sektorialeko Z-6 unitatean. Xehetasun azterketak UGPS horretan jasotako determinazioak betetzea du helburu. Izan ere, plan horrek ezartzen duenez, campusaren barneko bide-sarea –oinarrizkoa eta osagarria– egokitzeko, beharrezkoa da xehetasun azterketa bat aurkeztea lizentzia lortu aurretik.

Testuinguru horretan, espedienteak Arkitektura Eskolako eraikineko aparkalekuaren egungo egoera jasotzen du. Aparkaleku hori presaka eraldatu zen 2009an, atentatu terrorista bat gertatu ondoren eta Foruzaingoaren gomendioen ondorioz. Aparkaleku horren aldaketak haren formari eta kokapenari eragiten die: plazak murriztu ziren, eta eraikinetik gutxienez 15 metrora aldendu, eta zolatutako azalera 2.046,54 m²-tik 2.334,76 m²-ra handitu zen (handitze hori justifikatuta dago aparkaleku eremua ekialderantz mugitu zelako).

Ez da alegazio-idazkirik aurkeztu informazioa jendaurrean jartzeko eta ukitutako udalari entzunaldia emateko izapideetan, zeinak aldi berean egin baitira lehen aipatutako ebazpenaren bidez ezarri ondoren.

Espedientean Abiazio Zibilaren Zuzendaritza Nagusiak emandako aldeko txostena dago, 2024ko abuztuaren 22koa.

Bestalde, Nafarroako Planeamenduaren Erregistroa eta Nafarroako hirigintza- eta lurralde-plangintzako tresnak aurkezteko formatua arautzen dituen urriaren 16ko 253/2019 Foru Dekretuaren xedapen iragankor bakarraren arabera, xehetasun azterketa hau aipatutako foru dekretura egokitu behar da.

Horrela, 9. artikuluaren arabera, dokumentazio grafikoa informazio-planoetan eta antolamendu-planoetan bereizi behar da. Gainera, 9. artikulu horren 2b) eta 3 atalen arabera, dokumentazio tekniko grafikoa osatzen duten orrietan, izkinen koordenatu geografikoak agertu behar dira, ETRS89 Erreferentziako Sistema Geodesikoan, UTM proiekzioko iparraldeko 30 eremuan (ETRS89 UTM 30N, EPSG kodea: 25830).

Horrez gain, Lurralde Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 29.3 artikuluak ezartzen duenez, "lurralde antolamenduko tresnen determinazioak betetzen hasi beharko dira Nafarroako Aldizkari Ofizialean behin betiko onespena argitaratzen denetik. Bertan argitaratuko dira, baita ere, tresna horietan biltzen diren arauak, haien eduki osoaren publikotasuna deusetan ukatu gabe".

Xehetasun azterketa honen determinazioak araudi grafikoan jasota daude. Halere, agiri horretan "hasierako egoera" eta "egungo egoera" islatzen dituzten planoak daude. Testuinguru horretan, ofizioz eta behin betiko onespenarekin argitaratzearren, agiriko planoen informazioa oinarritzat hartuta, antolamenduko plan bat egin eta agiriari gehitu zaio, koordenatu geografiko eta guzti.

Ikusirik Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak egindako txostena, 2024ko abuztuaren 27koa, eta erabiliz Lurralde Kohesiorako Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen azaroaren 15eko 249/2023 Foru Dekretuaren bidez eskuratu ditudan ahalmenak,

EBAZTEN DUT:

1. Behin betiko onestea Iruñeko 4. poligonoko 759. katastro-lurzatiaren xehetasun azterketa, aparkalekuetarako bide-sare osagarriaren aldaketari buruzkoa, Inmobiliaria Universidad de Navarra SAk sustatua. Lurzati hori "Nafarroako Unibertsitatearen Campusa" udalez gaindiko plan sektorialeko Z-6 jarduketa-unitatearen barruan dago.

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, tresnan jasota dauden arauekin batera (eranskinean daude).

Onetsitako dokumentua eskuragarri egonen da Nafarroako Hirigintzari buruzko Informazio Sistemaren webgunean.

3. Ebazpen hau igortzea Iruñeko Udalera, Iruñerriko Mankomunitatera, Abiazio Zibilaren Zuzendaritza Nagusira eta espedientearen sustatzaileari, behar diren ondorioak izan ditzan.

4. Adieraztea ebazpen honek amaiera ematen diola administrazio bideari eta haren aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dela, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzien Salari zuzenduta, bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita, bat etorriz Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10. eta 46. artikuluetan xedatutakoarekin, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 112.3 artikuluarekin lotuta.

Dena dela, administrazio publikoek aurretiazko errekerimendua egiten ahalko dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasiko dira kontatzen, edo, hala bada, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik.

Iruñean, 2024ko irailaren 12an.–Lurralde Antolamenduko zuzendari nagusia, José Antonio Marcen Zunzarren.

Onetsitako araudia (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F2413393