2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA
LAKUNTZA
Deialdia, garbitzaile lanpostu bat, D mailakoa, barne igoera murriztuan betetzeko, oposizio bidez
Lakuntzako Udalak, Alkatetzaren 2024ko irailaren 12ko 2024-0056 Ebazpenaren bidez, deialdi murriztu bat eta haren oinarriak onetsi ditu, garbitzaile lanpostu bat, D mailakoa, barne igoera murriztuan betetzeko, oposizio bidez.
Deialdi hau eginen da aplikatu beharreko araudian xedatutakoari eta honako oinarri hauetan ezartzen denari jarraikiz:
OINARRIAK
1. oinarria.–Arau orokorrak.
1.1. Deialdi honen xedea da garbitzaile lanpostu bat oposizio murriztuaren bidez betetzea, Lakuntzako Udalaren zerbitzuko plantillako langileekin, deialdi honetan eskatutako baldintzak frogatuz gero, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren 15.6 artikuluan ezarri bezala. Lanpostu hori udal honen 2024ko ekitaldiko plantilla organikoan sortu da, 2024ko martxoaren 21eko osoko bilkuran onetsitako aldaketaren bidez, dagoen plantillako lanpostu kopurua gehitu gabe. Prozesu honen bukaeran lanpostua betetzen baldin bada, automatikoki amortizatuko da E mailako administrari laguntzailearen lanpostua.
1.2. Hautaketa-probak gainditu eta deialdi honen bidez izendatzen den izangaia garbitzailea izango da, eta Lakuntzako Udaleko plantilla organikoko plaza beteko du. D mailan kokatuko da lanpostuaz jabetzen den egunetik aurrera, plantillan dauden osagarriekin, eta automatikoki amortizatuko da lehen betetzen zuen plaza, eta, ondorioz, ez da plantilla organikoko plaza-kopurua handituko.
1.3. Mailaz igotzeko proba hauetan parte hartzeak ez du ezertan aldatuko langileak mailaz igo aurretik zuen araubide juridikoa, funtzionarioa izan edo lan-kontratuduna izan. Eskubide pasiboen araubide berari ere eutsiko dio.
1.4. Urteko lanaldia gainerako garbitzaileena bezalakoa izango da, eta zerbitzuaren beharretara egokituko da; beraz, Udalak noiznahi aldatzen ahalko du.
1.5. Oposizio aldia gainditzen duen izangaiak lortuko du barne igoera.
1.6. Ordu arte egiten zituen lan eta eginkizunetan jardunen du izendatuak, bai eta haren gain uzten diren beste edozeinetan ere, lanpostuaren maila edo taldearekin bat etorririk.
2. oinarria.–Izangaien betekizunak.
2.1. Deialdi honetan onartuak izateko, izangaiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Lakuntzako Udaleko langile lan-kontratudun finkoa izatea, jardunean, zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian dagoena, garbitzailearen lanpostuan.
b) E maila edo taldekoa izatea.
c) Ez egotea borondatezko edo nahitaezko eszedentzian.
d) Euskara maila: B1.
Aurreko baldintzez gain, izangaiek honako baldintza hauetariko bat bete beharko dute, eskaerak aurkezteko epea amaitzen den egunean:
a) Eskola-ziurtagiria edo baliokidea izatea, eta frogatzea 5 urteko antzinatasun aitortua dutela administrazio publikoetan.
b) Administrazio publikoetan 8 urteko antzinatasun aitortua dutela frogatzea.
2.2. Aipatu baldintza horiek eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunerako bete beharko dira, eta haiei eutsiko zaie hautapen prozesuak iraun bitartean, izendapenaren unera arte.
3. oinarria.–Eskabideak.
3.1. Deialdian parte hartzeko, eskabidea aurkeztu beharko da Lakuntzako Udalaren erregistroan, edo urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan aurreikusiriko edozein baliabideren bidez (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea), hamabost egun naturaleko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Deialdi honetan argitaratzen den ereduari lotuko zaizkio eskabideak.
3.2. Desgaitasun aitortua duten izangaiek aurkeztu beharko dute hura frogatzeko agiria, organo eskudunak emana, parte hartzeko eskabidearekin batera. Halaber, egokitzapenak eskatzen ahalko dituzte, azterketak egiteko denboraren edo baliabideen aldetik. Kasu horretan eskabidean bertan adierazi beharko dute, eta, horrez gainera, aparteko orri batean azaldu beharko dute zer desgaitasun duten eta zer egokitzapen eskatzen dituzten.
3.3. Eskabidearekin batera honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:
a) Nortasun agiri nazionalaren bi aldeen fotokopia.
b) Honako alderdi hauek frogatzen dituen ziurtagiria: garbitzailearen izendapena, lanpostu horretan duen antzinatasuna eta administrazio-egoera. Udalak ofizioz gehituko du.
c) Eskatutako euskara-maila egiaztatzen duen ziurtagiria (edo maila-proba egiteko eskaera).
3.4. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.
4. oinarria.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.
4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, alkateak ebazpen bat emanen du, onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta aginduko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko.
Ezarritako epean ez bada batere eskabiderik aurkezten, alkateak ebazpen bat emanen du deialdiko lanpostua bete gabe uzteko.
4.2. Izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik, erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik bada, haiek zuzentzeko.
4.3. Erreklamazioetarako epea burututakoan eta haiei erantzun ondotik, alkateak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta aginduko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko.
5. oinarria.–Oposizioren nondik norakoa.
5.1. Oinarri hauetan adierazitakoaren arabera eginen da deialdia.
Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpen berean zehaztuko da oposizio aldiko probak non, noiz eta zer ordutan hasiko diren.
5.2. Oposizio aldian honako proba hau izanen da:
5.2.1. Proba teoriko-praktikoa.
Proba teoriko-praktikoa izanen da, eta idatziz erantzun beharko zaie galdera teoriko-praktiko batzuei; II. eranskineko gaiei buruzko galderak izanen dira.
Galdera guztietan hiru erantzun emanen dira aukeran, baina bat bakarra izanen da balioduna. Balio bera emanen zaie galdera guztiei (puntu 1), eta erantzun okerrak ez dira zigortuko. Epaimahaiak adieraziko du, hasi baino lehen, izangaiek ariketa egiteko zenbat denbora izanen duten gehienez.
Ariketan 16 puntu lor daitezke, gehienez ere, eta bazterturik geldituko dira eskatzen den gehieneko puntuazioaren erdia, gutxienez, eskuratzen ez duten izangaiak.
Proba hau egiteko ez da inolako testurik kontsultatzen ahalko, ez eta bestelako materialik erabiltzen ahalko ere, bolaluma urdina edo beltza ez bada.
5.3. Probarako deialdi bakarra eginen da, eta izangaiek azaldu beharko dute nortasun agiri nazionala, AIZa edo pasaportea aldean dutela. Nor diren frogatzen ez dutenak edo agertzen ez direnak baztertuta geldituko dira.
5.4. Hautaprobak egiteko, behar diren eta posible diren egokitzapenak eginen dira desgaitasun aitorturen bat dutenendako, denbora eta baliabideen aldetik, eskabidean hala eskatu badute.
5.5. Proba egin ondoren, Udalaren webgunean eta iragarki-taulan argitaratuko dira izangaiek lortutako emaitzak.
6. oinarria.–Kalifikazio-epaimahaiaren osaera, eraketa eta jarduketa.
6.1. Epaimahaia honako kide hauek osatuko dute.
Epaimahaiburua: Oihane Uribeetxebarria Garmendia, Lakuntzako Udaleko alkatea.
Epaimahaikidea: Miriam Mendikute Gárate, Lakuntzako Udaleko zinegotzia.
Epaimahaikidea: Sergio Goikoetxea Bergera, Lakuntzako Udaleko zinegotzia.
Epaimahaikidea: Beñat Arce Ancin, Lakuntzako Udalaren langileen ordezkari sindikala.
Epaimahaikide idazkaria: María Barkos Berruezo, Lakuntzako Udaleko idazkaria, edo hura legez ordezkatzen duena.
6.2. Epaimahaia eratuko da epaimahaiburuak deituta, probak hasi baino lehenago.
6.3. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa ez badago bertan.
6.4. Kalifikazio epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari horren berri eman, baldin badaude urriaren 1eko 40/2015 Legean abstentziorako jasotzen diren egoeretako batean (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko Legea).
Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.
6.5. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdi honen oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruzko auzi guztiak.
Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.
7. oinarria.–Prozesua gainditu dutenen zerrenda eta agirien aurkezpena.
Prozesua amaituta, epaimahaiak Alkatetzari aurkeztuko dio gainditu duten izangaien aldeko izendapen proposamena.
8. oinarria.–Izendapena eta jabetza hartzea.
8.1. Alkateak garbiketako pertsonala (D maila) izendatuko du aurreko apartatuan aipatu proposamenean adierazitako izangaia, eta aginduko du izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko.
8.2. Izangai izendatuak hamar egun naturaleko epea izanen du karguaren jabetza hartzeko, izendapena jakinarazten denetik zenbatzen hasita. Izangaia ez bada karguaz jabetzen aipatu epearen barnean, garbiketako pertsonala D mailakoa izateko eskubide guztiak galduko ditu, behar adina frogaturiko ezinbesteko kasuetan izan ezik.
9. oinarria.–Errekurtsoak.
Deialdi honen aurka nahiz haren oinarrien eta aplikatzeko egintzen aurka, honako errekurtso hauetako bat aurkezten ahalko da, hautara:
a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza egin duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.
b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Iruñeko Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.
c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.
Kalifikazio-epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.
Lakuntzan, 2024ko irailaren 13an.–Alkate udalburua, Oihane Uribeetxebarria Garmendia.
I. ERANSKINA.–HAUTAPEN PROZESUAN ONARTUA IZATEKO ESKABIDEA
Izena: ............................................................................., adinez nagusia, NAN zenbakia: ......................, jaioteguna: ................................................................., jaioterria: .................................................................
(.......................................), helbidea: ................................................................. (....................................), karrika: .................................................................................................., zenbakia: ........, solairua: ........., posta kodea: .............................., telefonoa ............................................., zure aurrean agertu eta.
ADIERAZTEN DUT:
–Deialdian eskatzen diren baldintza guzti-guztiak betetzen ditudala, ezarritako denboran eta moduan.
–Nortasun agiri nazionalaren fotokopia konpultsatua aurkezten dudala, edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna frogatzen dituen beste agiri baliokideren batena.
–Eskola-ziurtagiriaren fotokopia konpultsatua aurkezten dudala, edo titulu baliokideren batena.
–Euskarari dagokionez:
Euskara maila frogatzen dut.
(1. HE-B1 tituluaren fotokopia konpultsatua aurkezten dut edo horren baliokidearena).
Proba egin nahi dut.
Hortaz, ESKATZEN DUT:
–Eskabide hau tenorez eta moduz aurkeztutzat harturik, onartua izatea honako deialdi honetan: deialdia, Lakuntzako Udaleko garbiketarako lanpostu bat (D mailakoa) betetzeko oposizio bidez.
(Data eta eskatzailearen sinadura)
LAKUNTZAKO UDALEKO ALKATEARI ZUZENDUA.
II. ERANSKINA.–GAI ZERRENDA
1.–Oinarrizko kontzeptuak garbiketari buruz, eta zoruen fitxa teknikoak. Zikinkeria: jatorria eta ezabaketa. Zoruak, sailkapena.
2.–Garbiketa zerbitzuaren antolamendua eta kontrola. Lan taldeak. Garbiketako langileen eginkizunak. Garbiketari buruzko kontzeptu orokorrak. Garbiketako materialaren zainketa.
3.–Makinak eta garbiketa sistemak.
4.–Garbiketa sistemak. Zoruan erratza pasatzea; moparekin fregatzea. Altzairuak garbitzea. Komunak garbitzea. Kristalak garbitzea.
5.–Zentro publikoak garbitzea. Administrazio eremuak garbitzea. Bainugela eta komun publikoak garbitzea.
6.–Produktu kimikoak garbiketan. Produktu bakoitzaren ezaugarriak. Produktu horien gaineko arau orokorrak. Garbiketak eragindako desinfekzioa. Arriskuak identifikatzea produktu horiek erabiltzerakoan. Produktuen etiketak.
7.–Oinarrizko tresnak eta lanabesak garbiketarako. Produktu kimikoak garbiketan.
8.–Hondakin eta zaborren sailkako bilketa: sailkapena eta tratamendua.
9.–Laneko segurtasun eta osasunari buruzko ezagutzak: arrisku motak eta horiei aurrea hartzea; norbera babesteko ekipoak.
10.–Lakuntza: geografia, historia, ohiturak eta tradizioak. Udala: udalaren antolaketa eta eskumenak. Eskola publikoa. Elkarteak eta erakundeak. Eraikin publikoak eta haien erabilerak.
Iragarkiaren kodea: L2413328