196. ALDIZKARIA - 2024ko irailaren 26a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

3330/2024 EBAZPENA, irailaren 11koa, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak emana, onesten dituena berdintasuneko erdi mailako tituludunen lanpostuak betetzeko izangaien bi zerrenda hautaproben bidez osatzeko deialdiak; zerrenda bat izanen da prestakuntzarako zerbitzu berezietan aritzeko, eta bestea, aldi baterako kontratazioak egiteko.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak dituen langile beharrak ikusirik, bidezkoa da deialdi bat onestea hautaproben bidez honako zerrenda hauek osatzeko: batetik, izangaien zerrenda bat berdintasuneko erdi mailako tituludunen lanpostuetan prestakuntzarako zerbitzu berezietan aritzeko, eta, bestetik, beste zerrenda bat, aipatutako lanpostuetan aldi baterako kontratudun gisa aritzeko. Zerrenda horiek erabiliko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan sortzen diren beharrei erantzuteko, Osasun Departamentuaren menpeko erakundeetan izan ezik.

Apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretuan ezarritakoaren arabera, aldi baterako kontrataziora jo aurretik, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eta haren erakunde autonomoek bertako langile finkoei eskainiko dizkiete bete nahi dituzten lanpostuak, eta, horretarako, behar diren hautaprobetarako deia eginen dute, lanpostu horietan prestakuntza jaso nahi duten izangaien zerrendak egiteko.

Deialdi hauek honako hauetan ezarritakoari jarraikiz onesten dira: Administrazioaren zerbitzuko langileen prestakuntza eta lanbide hobekuntza arautzen dituen apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretua; Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak prestakuntzarako zerbitzu berezietan aritzeko izangaien zerrendak osatu eta kudeatzeko prozedura ezartzeko abenduaren 30ean emandako 199/2004 Foru Agindua; ekainaren 5eko 113/1985 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42.2.c) artikulua; eta Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak aldi baterako kontratazioa kudeatzeko arauak onesteko abenduaren 31n emandako 814/2010 Foru Agindua.

Horrenbestez, eta otsailaren 21eko 30/2005 Foru Dekretuaren bidez esleiturik ditudan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Onestea berdintasuneko erdi mailako tituludunen lanpostuak betetzeko izangaien bi zerrenda hautaproben bitartez osatzeko deialdiak: bata, prestakuntzarako zerbitzu berezietan aritzeko, eta bestea, aldi baterako kontratazioak egiteko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan (Osasun Departamentuaren menpekoak kenduta) sortzen diren beharrei erantzuteko.

2. Ebazpena eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela agintzea.

3. Ebazpen hau eta haren eranskinak jakinaraztea Egiturako, Plantillako eta Langileen Aldi Baterako Kontratazioetako Zerbitzuari, Jendearentzako Argibideen eta Erregistro Orokorraren Bulegoari, Nafarroako Berdintasunerako Institutuko Gai Juridikoen eta Kudeaketaren Zuzendariordetzari eta epaimahaiko kideei, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2024ko irailaren 11n.–Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren ordezko gisa, hura kanpoan baita, Langileriaren Gastuaren Kontrolaren eta Nominen Zerbitzuko zuzendaria, Raquel San Martín Ederra (32/2023 Foru Agindua, abenduaren 11koa).

I.–DEIALDIA, BERDINTASUNEKO ERDI MAILAKO TITULUDUNEN LANPOSTUA BETETZEKO IZANGAI ZERRENDA BAT OSATZEKO, PRESTAKUNTZARAKO ZERBITZU BEREZIETAN ARITZEKO

Honako hauek dira deialdiaren

OINARRIAK

Lehenbizikoa.

Deialdia egiten da berdintasuneko erdi mailako tituludunen lanpostuak betetzeko izangaien zerrenda bat hautaproben bidez osatzeko, prestakuntzarako zerbitzu berezietako egoeran aritzeko. Zerrenda hori erabiliko da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan sortzen diren beharrak aldi baterako betetzeko, Osasun Departamentuaren menpeko erakundeetan izan ezik.

Bigarrena.–Parte-hartzaileen betebeharrak.

2.1. Deialdi honetan parte hartu nahi duten izangaiek betebehar hauek bete beharko dituzte eskaera-orriak aurkezteko epea bukatzen denean:

a) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langile finkoa izatea, C edo D mailakoa edo taldekoa, eta eskubidez dagokion gehieneko prestakuntzaldia agorturik ez izatea.

b) Lanpostuan gutxienez hiru urteko zerbitzualdia benetan egin izana.

c) Ez egotea borondatezko edo nahitaezko eszedentzian.

d) Graduko, diplomako, ingeniaritza teknikoko edo arkitektura teknikoko titulu unibertsitarioa izatea, edo lizentzia edo ingeniaritza bateko edo arkitekturako lehenengo hiru ikasmailak osorik gaindituak izatea, edo horien baliokidetzat hartutako beste titulu bat. Edo, bestela, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunerako horietako bat erdiesteko moduan izatea.

Titulu hori ezin da izan langile finkoari jarduneko zerbitzuan aritzeko balio diona.

Atzerrian lortutako tituluak badira, homologazioaren egiaztagiria eduki beharko da.

e) Berdintasuneko erdi mailako tituludun gisa zerbitzu berezietan prestakuntza jasotzeko zerrenda batean ez egotea.

2.2. Aurreko atalean jasotako baldintza guztiak eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean bete beharko dira, baita hautapen prozedura osoan, dei egiten zaien unean eta prestakuntzaldiak iraun bitartean ere.

2.3. Deialdi honetan ezin dute parte hartu Hezkuntza Departamentuko irakasleek, Osasun Departamentuko erakunde autonomoei atxikitako langileek, Nafarroan Justizia Administrazioan ari diren langileek, ez eta Nafarroako Administrazio Publikoetako Langileen Estatutuaren aplikazio eremutik kanpo dauden langileek ere.

Hirugarrena.–Hautapen prozesuaren nondik norakoak.

Deialdietarako arau komunetan xedatutakoarekin bat eginen da hautapen prozesua.

II.–DEIALDIA, BERDINTASUNEKO ERDI MAILAKO TITULUDUNEN LANPOSTUAK BETETZEKO IZANGAIEN ZERRENDA BAT OSATZEKO, ALDI BATERAKO KONTRATATUAK IZATEKO

Honako hauek dira deialdiaren

OINARRIAK

Lehenbizikoa.

Deialdia egiten da berdintasuneko erdi mailako tituludunen lanpostuak betetzeko izangaien zerrenda bat hautaproben bidez osatzeko. Zerrenda hori Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan sortzen diren beharrak aldi baterako betetzeko erabiliko da, Osasun Departamentuaren menpeko erakundeetan izan ezik.

Aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrenda hori erabili baino lehen, langile finkoen zerrendak erabiliko dira, daudenak edo etorkizunean osatzen direnak, apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretuan xedatutakoaren arabera.

Bigarrena.–Parte-hartzaileen betebeharrak.

2.1. Deialdi honetan parte hartu nahi duten izangaiek betebehar hauek bete beharko dituzte eskaera-orriak aurkezteko epea bukatzen denean:

a) Espainiako nazionalitatea izatea, Europar Batasuneko estaturen batekoa edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen den estatu batekoa.

Parte har dezakete, orobat, Espainiako nazionalitatea dutenen eta Europar Batasuneko estaturen bateko nazionalitatea dutenen ezkontideek, edo aipatutako nazioarteko tratatuen aplikazio-eremuan sartutako estatuetako nazionalitatea dutenen ezkontideek, zuzenbidez bereizita ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bereizita ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira edo, hortik gorakoak izanez gero, haien kontura bizi badira.

b) Hamasei urte beteak izatea eta erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina gainditua ez izatea.

c) Graduko, diplomako, ingeniaritza teknikoko edo arkitektura teknikoko titulu unibertsitarioa izatea, edo lizentzia edo ingeniaritza bateko edo arkitekturako lehenengo hiru ikasmailak osorik gaindituak izatea, edo horien baliokidetzat hartutako beste titulu bat. Edo, bestela, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunerako horietako bat erdiesteko moduan izatea.

Atzerrian lortutako tituluak badira, homologazioaren egiaztagiria eduki beharko da.

d) Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea bete behar diren eginkizunetan aritzeko.

e) Ez egotea dagozkion eginkizun publikoak betetzeko desgaiturik edo bazterturik, eta administrazio publikoren bateko zerbitzutik bereizia ez izatea.

2.2. Aurreko atalean jasotako baldintza guztiak eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean bete beharko dira, baita hautapen prozedura osoan, dei egiten zaien unean eta kontratuak iraun bitartean ere.

Hirugarrena.–Hautapen prozesuaren nondik norakoak.

Deialdietarako arau komunetan xedatutakoarekin bat eginen da hautapen prozesua.

III.–BI DEIALDIETARAKO ARAU KOMUNAK

Lehendabizikoa.–Eskaerak eta dokumentazioa.

1.1. Eskaerak aurkezteko epea.

Deialdiotan parte hartzeko eskaerak hamar egun balioduneko epean aurkeztu beharko dira, deialdiok Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskaerak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

1.2. Eskaera aurkeztea eta formalizatzea.

Hautapen prozesu hauetan parte hartu nahi dutenek telematika bidez aurkeztu beharko dute eskaera, Internet bitartez, https://www.navarra.es/eu/enplegu-publikoa helbidean, "Enplegu publikorako deialdiak" atalean, deialdi honen fitxan sartuta.

Eskaeran, interesdunek adierazi behar dute baldintza guztiak betetzen dituztela eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

%33ko desgaitasuna edo handiagoa izanik parte hartzen dutenek horren berri eman beharko dute eskaeran; gainera, organo eskudunak emandako dokumentazioa erantsi beharko dute, eskaneaturik, hori frogatzeko.

%33ko desgaitasuna edo handiagoa duten izangaiek, hura frogatzeko, agiri hauetako bat aurkeztu behar dute:

–IMSERSOk edo autonomia erkidegoan eskumena duen organoak emandako ziurtagiria.

–Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren ebazpena, prestazio bat jasotzeko eskubidea onartzen diona hauetakoren bat izateagatik: ezintasun iraunkor osoa, ezintasun iraunkor absolutua edo baliaezintasun handia.

Desgaitasuna izanik, izangaiek egokitzapenen bat eskatzen badute probak egiteko denboretan eta bitartekoetan, hala adierazi beharko dute eskaeran, eta, horretarako prestatutako tokian, adierazi beharko dute zer egokitzapen behar duten, edo nola doitu behar diren denbora eta/edo bitartekoak. Horretarako, izangaiak egokitzat jotzen duen dokumentazioa aurkez dezake, eskaera aurkeztean. Pertsona horiek Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziara bideratuko dira, proba egiteko denbora eta baliabide aldetik behar dituzten egokitzapenak zehazteko.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, hautapen prozesua kudeatzen duen organoaren bidez, espedientea izapidetzeko eta ebazteko behar diren datuak kontsultatuko ditu (nortasuna, adina eta titulazioa). Datuetara sartuko da, hain zuzen, Datuak Egiaztatu eta Kontsultatzeko Estatuko Administrazio Orokorraren Zerbitzuen (SVCD) bidez edo sistema baliokideen bidez, salbu eta izangaiak uko egiten badio modu arrazoituan. Uko egiten badio, nortasun agiri nazionalaren kopia aurkeztu beharko du, eskaneaturik.

Aski izanen da dokumentazioaren kopia arruntak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak eskatuko dira. Hala ere, Administrazioak noiznahi eskatzen ahalko dizkie izangaiei aurkeztutako dokumentazioaren jatorrizkoak edo fotokopia konpultsatuak.

Desadostasunik sortzen bada ofizioz egiaztatutako datuen eta interesdunak deklaratzen dituenen artean, edo haien gaineko alderdiren bat argitu behar bada, behar den errekerimendua eginen da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68.1 artikuluan ezarritakoaren arabera.

Bigarrena.–Izangaiak onartzea.

2.1. Behin-behineko zerrendak.

Eskaerak aurkezteko epea bukaturik, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak ebazpen bat emanen du izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta aginduko du argitara dadila www.nafarroa.eus helbidean.

Behin-behineko zerrenda argitaratu eta biharamunetik hasita, izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko. Erreklamazioak telematika bidez aurkeztu beharko dira, Interneteko www.nafarroa.eus helbidearen bidez, deialdiaren fitxan.

2.2. Behin betiko zerrendak.

Erreklamazioak edo zuzenketak egiteko epea amaituta, eta horiek ebatzi ondoren, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak emandako ebazpen bidez onetsiko dira izangaien behin betiko zerrendak. Zerrendok www.nafarroa.eus helbidean argitaratuko dira, deialdian adierazitako hautaproba zer egun, ordu eta tokitan eginen den zehaztuta.

Onartuen zerrendetan agertzea ez da aski deialdi hauetan eskatutako baldintzak betetzen direla aitortzeko. Izangaiek aurkeztu behar duten dokumentazioa edo Administrazioak bere eskuetan daukana aztertuta, baldintzaren bat betetzen ez dela ohartuz gero, interesdunek deialdi hauetan parte hartzeagatik dituzten eskubide guztiak galduko dituzte.

Izangai onartu eta baztertuen zerrendak argitaratzearekin ulertuko da interesdunei egin beharreko jakinarazpena egin dela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45. artikuluan ezarritakoarekin bat.

Hirugarrena.–Kalifikazio epaimahaia.

3.1. Kalifikazio epaimahaia honako hauek osatuko dute:

Epaimahaiburua: Miren Edurne Maceira Martínez, Nafarroako Berdintasunerako Institutuko Ikerketarako, Berrikuntzarako eta Ezagutza Kudeatzeko Ataleko burua.

Ordezko epaimahaiburua: Genoveva Ochando Ortiz, Osasun Departamentuko Humanizazio, Aseguramendu eta Departamentuarteko Koordinazio Zerbitzuko zuzendaria.

Epaimahaikidea: Maider Marquínez Marañon, Nafarroako Berdintasunerako Institutuko Emakumeen aurkako Indarkeriaren Ataleko burua.

Ordezko epaimahaikidea: Xavier Soto Bermejo, Nafarroako Berdintasunerako Institutuko Sentsibilizaziorako eta Balio Aldaketarako Ataleko burua.

Epaimahaikidea: Jose Antonio Gómez Manrique, Nafarroako Berdintasunerako Institutuko Programen Ataleko burua.

Ordezko epaimahaikidea: Montserrat Elizondo Leiva, Nafarroako Berdintasunerako Institutuko enpresa-zientzietako diplomaduna.

Epaimahaikidea: Ainara Elarre Belzunegui, Langileria Batzordeak izendatutako ordezkaria.

Ordezko epaimahaikidea: Iker Iriarte Ariztimuño, Langileen Batzordeak izendatutako ordezkaria.

Idazkaria: Marina Malvido Goñi, Nafarroako Berdintasunerako Institutuko Gai Juridikoen eta Kudeaketaren zuzendariordea.

Ordezko idazkaria: María Begoña Alfaro Oricáin, Lehendakaritza eta Berdintasun Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiko Araubide Juridikoaren Ataleko burua.

3.2. Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legean abstentziorako aipatzen diren arrazoietako bat gertatzen denean, kalifikazio epaimahaiko kideek ezin izanen dute epaimahaian parte hartu, eta Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiari jakinarazi beharko diote.

Halaber, zilegi da epaimahaikideak errekusatzea, inguruabar horietako bat gertatzen denean.

3.3. Hautaproba egiten hasi aurretik eratuko da epaimahaia.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa ez badago bertan. Halaber, epaimahaiaren eraketak eta jardunak balio izateko, epaimahaiburuak eta idazkariak edo haien ordezkoek bertan egon beharko dute.

Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdien oinarriak interpretatu eta aplikatzeko garaian sortzen diren arazoak.

Epaimahaiak aholkulari espezialistak hartzen ahalko ditu probarako, eta horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diete laguntza epaimahaiko kideei.

Laugarrena.–Proba.

4.1. Hautapen prozesua proba teoriko baten bidez eginen da. Proba horretan, test motako galdera batzuk erantzun beharko dira idatziz, 80 galdera gehienez, ebazpen honen eranskinean ageri diren gaiei buruzkoak. Galdera bakoitza erantzuteko lau aukera eskainiko dira, baina bakarra izanen da zuzena. Erantzun oker bakoitzak penalizazioa ekarriko du; hain zuzen ere, erantzun zuzenaren balioaren herena.

Epaimahaiak erabakiko du probak zenbat iraunen duen gehienez.

Proba egiteko ez da inolako testurik edo dokumentaziorik erabiltzen ahalko, ezta kalkulagailurik, gailu elektronikorik, hiztegirik edo bestelako materialik ere, mutur lodiko boligrafo urdina edo beltza izan ezik.

4.2. Probak 100 puntuko kalifikazioa izanen du gehienez, eta bazterturik geldituko dira gehieneko puntuazio horren %30 gutxienez lortzen ez duten izangaiak.

4.3. Probarako dei bakarra eginen da. Parte-hartzaileek nortasun agiri nazionala, pasaportea, gidabaimena edo epaimahaiak askiesten duen beste nortasun agiri bat eraman beharko dute probara. Nor diren frogatzen ez dutenak edo agertzen ez direnak baztertuta geldituko dira.

4.4. Proba egiteko, bidezkoak diren denbora eta baliabide egokitzapenak eginen dira desgaitasun aitorturen bat dutenentzat, eskaera-orrian eskatu badute.

Bosgarrena.–Emaitzak.

5.1. Probaren kalifikazioa bukatu ondoren, epaimahaiak www.nafarroa.eus webgunean (deialdiaren fitxan) argitaratuko ditu izangaiek lortutako puntuazioak, eta bost egun balioduneko epea ezarriko du interesdunek eskubidezkotzat jotzen duten guztia alega dezaten telematika bidez.

5.2. Behin alegazioetarako epea iraganik, eta horiek ebatzirik, parte-hartzaileen artean berdinketarik izanez gero, kalifikazio epaimahaiak irizpide hauen arabera jokatuko du:

a) Izangai berriak prestakuntzan aritzeko deialdia: deialdi honetako eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean izangaiek aitortuta daukaten antzinatasunaren arabera hautsiko dira berdinketak, antzinatasun handiena duena lehenetsiz. Berdinketak jarraitzen badu, aldi baterako kontratazioetarako deialdian ezarritako irizpideari jarraikiz hautsiko dira berdinketak.

b) Aldi baterako kontratazioetarako deialdia: berdinketak ebazteko zozketa bakarra eta berariazkoa eginen du kalifikazio epaimahaiak. Berdindutako izangai guztien artean, bat ausaz hautatuko da. Berdinketa guztiak hurrenkera alfabetikoari jarraikiz deseginen dira, abiapuntu harturik zozketa horretan hautatzen den izangaiaren abizenak eta izena. Zozketaren emaitzak deialdiaren web fitxan argitaratuko dira.

5.3. Aurkeztutako alegazioak eta berdinketak ebatzi ondoren, epaimahaiak www.nafarroa.eus helbidean argitaratutako ditu honako zerrenda hauek, bereizita:

–Prestakuntzarako zerbitzu berezietan aritzeko izangaientzako deialdiko hautapen prozesua gainditu dutenen zerrenda, guztira lortutako puntuen hurrenkeraren arabera.

–Aldi baterako kontratatuak izateko deialdiko hautapen prozesua gainditu duten izangaien zerrenda, guztira lortutako puntuen hurrenkeraren arabera.

5.4. Oinarri honetan ezarritako jarduketak bukaturik, epaimahaiak Funtzio Publikoko zuzendari nagusiari igorriko dizkio proba gainditu duten izangaien zerrendak, onets ditzan. Zerrendekin batera, hautapen prozesuaren espediente osoa ere bidaliko dio.

Seigarrena.–Berdintasuneko erdi mailako tituludunen lanpostuan aritzeko izangaien zerrendak eta dei egitea.

6.1. Hautapen prozesuaren espediente osoa jasota, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren ebazpen bidez onetsiko dira izangaien zerrendak. Ebazpen hori www.nafarroa.eus helbidean argitaratuko da.

6.2. Izangaiak prestakuntzan aritzeko deia eta, hala badagokio, prestakuntzarako zerbitzu berezietako egoeraren deklarazioa honako hauetan ezarritakoaren arabera eginen dira: apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretua; Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariaren abenduaren 30eko 199/2004 Foru Agindua, prestakuntzarako lanpostuetan aritzeko izangaien zerrendak osatu eta kudeatzeko prozedura ezarri zuena; eta aplikatzekoak diren gainerako arauak.

6.3. Izangaiei aldi baterako kontratu bidez aritzeko dei egiten zaienean eta, hala bada, kontratatzean, arau hauetan ezarritakoari jarraituko zaio: Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 88. artikulua eta hurrengoak; deialdi honetako oinarriak; aldi baterako kontratazioa kudeatzeko arauak onesteko Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak abenduaren 31n eman zuen 814/2010 Foru Agindua; eta aplikatzekoak diren gainerako arauak.

6.4. Deia jasotzen dutenek aurkeztu beharko dituzte eskatutako baldintzak betetzen dituztela egiaztatzen duten agiriak, eta, horretarako, honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte: graduko, diplomako, ingeniaritza teknikoko edo arkitektura teknikoko unibertsitate-tituluaren kopia, edo lizentziatura, ingeniaritza edo arkitekturako lehen hiru ikasturte osoak gaindituta izatearena, edo aurrekoetako baten baliokidetzat jotzen den titulu batena, edo eskaerak aurkezteko epea amaitzen den egunean hori lortzeko moduan egotea egiaztatzen duen agiria.

Eskatutako baldintzak betetzen ez dituzten izangaiak hautapen prozesutik kanpo geldituko dira, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez, eta deialdi honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak galduko dituzte.

Era berean, hala badagokio, izangaiek egiaztatu beharko dute betetzen dituztela deialdiarekin bete nahi den lanpostuaren betebehar espezifikoak.

Izangaiek aurkezten duten dokumentazioak ez du zertan izan jatorrizkoa edo fotokopia konpultsatua; hortaz, dokumentu horien fotokopia arruntak aurkezten ahalko dira. Hala ere, Administrazioak noiznahi eskatzen ahalko dizkie izangaiei aurkeztutako dokumentazioaren jatorrizkoak edo fotokopia konpultsatuak.

Zazpigarrena.–Errekurtsoak.

Kalifikazio epaimahaiak ematen dituen egintzen eta ebazpenen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Deialdien, oinarrien eta haiek aplikatzeko egintzen kontra, kalifikazio epaimahaiak hartutakoen kontra izan ezik, zilegi izanen da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Hori guztia bat etorriz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126. artikuluan xedatutakoarekin, eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.

ERANSKINA.–GAI ZERRENDA

1. gaia.–11/2019 Foru Legea, martxoaren 11koa, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzkoa. I. titulua: Xedapen orokorrak. II. titulua: I. kapitulua. Foru Administrazio Publikoa. II. kapitulua. Foru Administrazio Publikoaren antolaketa. III. kapitulua. Eskumenen erabileraren araubide juridikoa. IV. kapitulua. Kide anitzeko organoak. III. titulua: I. kapitulua. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren antolaketa. VI. titulua: I. kapitulua. Pertsonen eskubideak.

2. gaia.–Administrazio egintzak: Administrazio egintzen betekizunak. Egintzen efikazia. Deuseztasuna eta deuseztagarritasuna. Egintzak administrazio bidean berrikustea: ofiziozko berrikuspena eta administrazio-errekurtsoak. Administrazio-prozedurari buruzko xedapen orokorrak: Prozeduran interesdun direnak. Administrazio publikoen jarduera: jarduteko arau orokorrak; epe-mugak eta epeak. Prozeduraren bermeak. Prozeduraren hasiera, antolamendua, instrukzioa eta amaiera. Betearaztea.

3. gaia.–2/2018 Foru Legea, apirilaren 13koa, Kontratu Publikoei buruzkoa. Atariko titulua. Kontratistak. Kontratuen tipologia eta araubide juridikoa. Publizitate arauak eta adjudikazio prozedurak.

4. gaia.–11/2005 Foru Legea, azaroaren 9koa, Dirulaguntzei buruzkoa: Xedapen orokorrak eta laguntzak emateko eta kontrolatzeko prozedura. Dirulaguntzak itzultzea.

5. gaia.–3/2007 Lege Organikoa, martxoaren 22koa, Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eraginkorrerakoa.

6. gaia.–17/2019 Foru Legea, apirilaren 4koa, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzkoa.

7. gaia.–1/2004 Lege Organikoa, Genero indarkeriaren kontrako babes osorako neurriei buruzkoa: Atariko titulua eta I. eta II. tituluak. 14/2015 Foru Legea, apirilaren 10ekoa, Emakumeen Kontrako Indarkeriari Aurre Egitekoa.

8. gaia.–10/2022 Lege Organikoa, irailaren 6koa, Sexu Askatasunaren Berme Osoarena.

9. gaia.–4/2023 Legea, otsailaren 28koa, trans pertsonen benetako berdintasun efektiborako eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzekoa.

10. gaia.–8/2017 Foru Legea, ekainaren 19koa, LGTBI+ Pertsonen Berdintasun Sozialari buruzkoa.

11. gaia.–260/2019 Foru Dekretua, urriaren 30ekoa, Nafarroako Berdintasunerako Institutua erakunde autonomoaren estatutuak onesten dituena.

12. gaia.–27/2024 Foru Dekretua, martxoaren 20koa, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko berdintasun unitateen eginkizunak eta horien koordinazio egiturak arautzen dituena.

13. gaia.–44/2024 Foru Dekretua, apirilaren 30ekoa, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa eta Nafarroako toki erakundeak emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan koordinatzeko batzordea sortzen duena eta haren funtzioak, osaera eta funtzionamendu araubidea arautzen dituena.

14. gaia.–Emakumeen eta gizonen berdintasunerako plan estrategikoa (2022-2027).

15. gaia.–Gizarte zerbitzu orokorren zorroa Nafarroan: H atala. Emakumeen aurkako indarkeriaren biktimei laguntzeko arloa.

Oharra: gai guztiak deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean indarra duen legediaren arabera eskatuko dira.

Iragarkiaren kodea: F2413227