1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2024ko irailaren 11n hartua, "Autokontsumorako eguzki instalazio fotovoltaikoa, Mendazan" izeneko proiektua gauzatzeak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa dela deklaratzen duena, nahitaez desjabetzeko.
2024ko ekainaren 5ean, Jurramendiko Mankomunitateko batzorde iraunkorrak erabaki zuen onestea "Autokontsumorako eguzki instalazio fotovoltaikoa, Mendazan" izeneko proiektua, proiektuaren onura publikoa aitortzea eta deklaratzea eta proiektu horrek ukitutako ondasun eta eskubideak okupatzeko beharra ere, proiektua onesteak berekin baitakar. Orobat, erabaki zuen proiektuak ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda hasiera batean onestea eta jendaurrean jartzea hamabost egun balioduneko epean.
Jendaurreko aldia alegaziorik aurkeztu gabe bukatu zenez, Jurramendiko Mankomunitatearen batzorde iraunkorrak, 2024ko abuztuaren 14an egindako bilkuran, behin betiko onetsi zuen aipatutako proiektua, baita ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda ere. Onespen horrek berekin zekarren proiektuaren onura publikoaren deklarazioa eta okupatu beharra. Halaber, erabaki zuen Nafarroako Gobernuari eskatzea okupazioa presakoa zela deklara zezala, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan eta hurrengoetan ezarritako ondorioetarako.
Proiektua gauzatzeak ukitutako ondasun eta eskubideen presako okupazioaren arrazoia da, batetik, TED/934/2022 Aginduaren helburuak lehenbailehen betetzea, "Nafarroako Ur Digitala: Suspertze, Eraldatze Ekonomikorako Proiektu Estrategikoa, Nafarroan uraren ziklo integrala digitalizatzeko" izeneko proiektu orokorra gauzatuz, eta, bestetik, proiektu honi lotutako dirulaguntzak jaso ahal izatea. Aipatutako proiektu orokor horren parte da txosten honen xede den "Autokontsumorako eguzki instalazio fotovoltaikoa, Mendazan" izeneko obra.
Agindu horren esparrua Suspertze eta Eraldatze Ekonomikorako Proiektu Estrategikoaren barruko jarduketen eta Suspertze, Trantsizio eta Erresilientzia Planaren 5. osagaiaren garapena da, uraren hiri-zikloan zentratuta, eta, horretarako oinarria da udal azpiegitura hidraulikoen digitalizazioa hobetzea eta hobekuntza-jarduketa osagarriak garatzea, bai 91/271/EEE Zuzentaraua hobeto betetzeko –hondakin-urak tratatzeko azpiegituren funtzionamendua hobetuz–, bai efizientzia energetikoaren irizpideak hobeto betetzeko edo efizientzia hobetzeko eta ur-galerak murrizteko ura banatzeko sistemetan.
Nafarroako Gobernuak, Jurramendiko Mankomunitateak alegatutako arrazoiak ikusita, eta balio justua ordaintzeko behar den kreditua badela egiaztatuta, bidezkotzat jo du desjabetzeak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa dela deklaratzea.
Horrenbestez, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 57.b) artikuluak eta Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluak emandako ahalmenak erabiliz, Nafarroako Gobernuak, Lurralde Kohesiorako kontseilariak proposaturik,
ERABAKITZEN DU:
1. "Autokontsumorako eguzki-instalazio fotovoltaikoa, Mendazan" izeneko obra proiektua gauzatzeak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa dela deklaratzea.
2. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta aditzera ematea erabaki honek administrazio bidea amaitzen duela eta haren kontra, nahi izanez gero, berraztertzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita; edo, bestela, zuzenean aurkaratzen ahal dela Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.
Administrazio publikoek, berraztertzeko errekurtsoaren ordez, aurretiazko errekerimendua egiten ahal dute, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.
3. Jurramendiko Mankomunitateari jakinaraztea erabaki hau.
4. Erabaki hau igortzea Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiko Toki Entitateentzako Aholkularitza Juridikorako eta Lankidetzarako Zerbitzuko Kudeaketa Juridikoaren eta Toki Antolamenduaren Atalera eta Laguntza Tekniko-administratiboaren Atalera, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2024ko irailaren 11n.–Bigarren lehendakariordea, Ana Ollo Hualde, Nafarroako Gobernuko kontseilari-idazkariaren ordez.
Iragarkiaren kodea: F2413193