196. ALDIZKARIA - 2024ko irailaren 26a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

194E/2024 EBAZPENA, irailaren 9koa, Unibertsitateko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baita "Diru-sarrera txikiko inguruneetatik datozen gazteak goi mailako hezkuntzan sartzeko bekak" izeneko dirulaguntzen 2024ko deialdia, 2024-2025 ikasturtean hasitako graduko unibertsitate-ikasketak egiten ari diren pertsonentzat. DDBN identifikazioa: 784638.

Unibertsitateko Zerbitzuko zuzendariak aurkeztu duen txosten batean proposatzen da beka deialdi bat egitea diru-sarrera txikiko inguruneetatik datozen gazteak goi mailako hezkuntzan sar daitezen, 2024-2025 ikasturtetik aurrera graduko unibertsitate-ikasketak egiteko.

Beka hauen helburua da errenta maila baxuko eta errendimendu akademiko oneko pertsonei ikasteko aukera ematea eta horretarako dedikazio esklusiboa erraztea, unibertsitate-ikasketak probetxuz egiteko baldintzak betetzen dituen inor arrazoi ekonomikoak direla-eta aukera horretatik kanpo gera ez dadin bermatzeko.

Horrenbestez, indarra duen legerian ezarritakoarekin bat, eta Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 72/2023 Foru Dekretuaren bigarren xedapen gehigarriaren bidez eman dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Onestea "Diru-sarrera txikiko inguruneetatik datozen gazteak goi mailako hezkuntzan sartzeko bekak" izeneko 2024ko dirulaguntzen deialdia, 2024-2025 ikasturtean hasitako graduko unibertsitate-ikasketak egiten ari diren pertsonentzat.

2 Dirulaguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean bildu dira.

3. Deialdi honetako konpromisoei aurre egiteko urte anitzeko aurrekontu gastua onestea, guztira 570.000 euro, 2024tik 2029ra bitarteko ekitaldietarako. Gastu hori "Unibertsitate-ikasketetarako bekak eta laguntzak" izeneko G10001-G1100-4800-323100 partidaren kargura eginen da, bai eta 2024tik aurrerako ekitaldietan gaitzen diren partida baliokideen kargura ere, betiere kreditu egokia eta nahikoa izatearen baldintzapean. Aurrekontu-gastuaren xehetasunak hauek dira, aurrekontu-ekitaldi bakoitzaren arabera:

AURREKONTU-PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

G10001-G1100-4800-323100: Unibertsitate-ikasketetarako bekak eta laguntzak

2024

95.000,00

G10001-G1100-4800-323100: Unibertsitate-ikasketetarako bekak eta laguntzak

2025

95.000,00

G10001-G1100-4800-323100: Unibertsitate-ikasketetarako bekak eta laguntzak

2026

95.000,00

G10001-G1100-4800-323100: Unibertsitate-ikasketetarako bekak eta laguntzak

2027

95.000,00

G10001-G1100-4800-323100: Unibertsitate-ikasketetarako bekak eta laguntzak

2028

95.000,00

G10001-G1100-4800-323100: Unibertsitate-ikasketetarako bekak eta laguntzak

2029

95.000,00

4. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta zilegi da haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik aurrera. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dute jurisdikzio-ordena eskudunari zuzendua, ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, hori guztia Nafarroako Gobernuan aurretiazko errekerimendua egiten ahal dela ukatu gabe, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako modu eta epeetan.

Iruñean, 2024ko irailaren 9an.–Unibertsitateko zuzendari nagusia, Ana Burusco Juandeaburre.

DIRU-SARRERA TXIKIKO INGURUNEETATIK DATOZEN GAZTEAK GOI MAILAKO HEZKUNTZAN SARTZEKO EKITATE BEKAK EMATEKO DEIALDIAREN OINARRIAK, 2024-2025

1.–Deialdiaren xedea.

1.1. Deialdi honen xedea da 10 ekitate beka ematea diru-sarrera txikiko inguruneetatik datozen gazteak goi mailako hezkuntzan sar daitezen, 2024-2025 ikasturtean hasten diren unibertsitate-graduko ikasketa ofizialak egiteko. Errenta-maila txikia eta errendimendu akademiko ona duten pertsonei ikasteko aukera ematea eta dedikazio esklusiboa erraztea dute helburu.

Bekek kasuan kasuko titulazioa egituratua dagoen ikasturte guztiak hartuko dituzte, oinarri hauetan aipatzen diren berritze baldintzak betez gero eta hamahirugarren atalean ezarritako prozedurari jarraikiz.

1.2. Bekak emateko prozedura norgehiagoka araubideari jarraikiz izapidetuko da, eta, haiek eman eta ordaintzeko, aurrekontu-kreditua egon behar du; hala, beka guztiak ordaintzeko behar adinako krediturik ez badago, bosgarren atalean ezarritakoari jarraikiz ordainduko dira. Kreditu faltagatik ordaindu ezin diren eskaerak ukatutzat joko dira.

2.–Betebeharrak.

2.1. Onuradun izan daitezke Nafarroako unibertsitateren batean (Iruñeko campusean edo Tuterako campusean) ematen diren titulazioetan unibertsitate-graduko edo unibertsitate-gradu bikoitzeko ikasketa ofizialetako lehen ikasturtean matrikulatzen diren ikasleak.

Betebehar hauek bete behar dituzte:

a) Nafarroako edozein udalerritan erroldatuta egotea, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu aurretik.

b) Hezkuntzako, Lanbide Heziketako eta Kiroletako Ministerioak unibertsitate-ikasketetarako ematen dituen beka orokorretako bat eskatu izana 2024-2025 ikasturterako.

c) 2024. urtean Nafarroako Foru Komunitatean Unibertsitatera Sartzeko Batxilergoaren Ebaluazioaren derrigorrezko fasea edo beste autonomia erkidego bateko proba baliokidea gainditu ondoren, unibertsitatera lehen aldiz sartzeko nota 7,5 puntukoa edo hortik gorakoa izatea.

Unibertsitatera sartzeko nota izanen da BBNaren (Batxilergoko batez besteko nota) %60 + FOKaren (fase orokorraren kalifikazioa) %40 formularen arabera kalkulatutakoa, 0tik 10 puntura bitarteko eskalan.

Unibertsitaterako sarbidea Lanbide Heziketako goi mailako ziklo baten bidez egiten bada, heziketa zikloaren batez besteko nota hartuko da kontuan (gehienez 10 puntu).

d) 2024-2025 ikasturtean lehen aldiz matrikula osoa egitea graduko titulu ofizial bat lortzeko ikasketetan, gutxienez 60 kreditutan, aurrez aurreko modalitatean, eta ikasketa horiek Nafarroako unibertsitateren batean –Iruñeko campusean edo Tuterako campusean– irakasten diren titulazioetako batekoak izatea. Titulazio bikoitzen kasuan, titulazio bikoitzaren ikasturte osoa osatzen duten kreditu guztietan matrikulatu beharko dira gutxienez, unibertsitateak proposatutako ikasketa-planaren arabera.

e) 2023. urtean Nafarroako PFEZaren zergadun izatea, errenta aitortzera behartua badago.

f) Laguntza eskatzen duenak, bekaren gaineko ebazpena ematen denean, egunean izan behar ditu Foru Komunitateko Administrazioarekiko zerga betebeharrak.

Dirulaguntza hauen izaera kontuan hartuta, eskatzailea bekaren edo laguntzaren onuradun izan daiteke nahiz eta ez bete Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 e) artikuluan ezartzen diren gainerako betebeharrak.

g) Eskatzaileak independentzia familiarra eta ekonomikoa duela alegatzen badu:

–Bere independentzia familiarra egiaztatzeko, egiaztatu beharko du erroldatuta dagoela gurasoena ez den beste bizileku batean, dela bere jabetzako bizileku batean, dela alokairuan hartutako batean, bakarrik edo beste norbaitekin partekaturik, eta bizileku hori ez dela odol bidezko 4. mailara arteko edo ezkontza bidezko 2. mailara arteko ahaideren batena. Edo, hala badagokio, zurztasun egoeraren egiaztagiria. Gainera, Nafarroako etxebizitzen errentamendu kontratuen erregistroko inskripzioa aurkeztu beharko du.

–Ekonomikoki independentea dela egiaztatzeko, egiaztatu beharko du bere gastuei aurre egiteko baliabide ekonomiko nahikoak dituela (elikadura, jantziak, etxebizitza eta garraioa). Informazio hori Ogasun Departamentuak emandako datuen bidez egiaztatuko da.

Deialdi honen ondorioetarako, ulertuko da eskatzailea independentea dela familia-unitateko kide bakarra denean.

h) Ez gainditzea errentaren 1. atalasea eta familia-ondarearen atalasea, zeinak ezarrita baitaude Hezkuntzako, Lanbide Heziketako eta Kiroletako Ministerioaren 2024-2025 ikasturterako unibertsitate-ikasketetarako beka orokorren deialdiaren IV. kapituluko 19. eta 20. artikuluetan. Errentaren eta familia-ondarearen zenbatekoak zehazteko baloreak IV. kapitulu horretan ezarritakoaren arabera kalkulatuko dira.

2.2. Eskaera aurkeztu ondoren, Unibertsitateko Zuzendaritza Nagusiak eskatuta, eta aurreko puntuko c) eta d) letretan aurreikusitakoaren ondorioetarako, Nafarroako Unibertsitate Publikoak jakinaraziko du zein den 2024-2025 ikasturtean eskatzaileak unibertsitatera sartzeko daukan nota, baita nota hori zein urtetan lortu zuen eta sarrera-probaren modalitatea ere. Eskatzaileak Unibertsitatera Sartzeko Ebaluazioa beste autonomia erkidego batean gainditu badu, berak frogatu beharko du, agiri bidez, zer nota lortu duen.

Eskatzaileek agiri bidez egiaztatu beharko dute formalizatu dutela graduko edo gradu bikoitzeko ikasketa ofizialak aurrez aurreko modalitatean eta lehenbiziko aldiz egiteko matrikula osoa (matrikularen frogagiria).

3.–Bateragarritasun eta bateraezintasun araubidea.

3.1. Diru-sarrera txikiko inguruneetatik datozen gazteek ekitate beka jasotzea bateraezina da izaera edo helburu bereko beste edozein dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide jasotzearekin, edozein administrazio edo erakunde publiko edo pribatutatik datorrena, Espainiakoa, Europar Batasunekoa edo nazioartekoa izan, Nafarroako Gobernuak unibertsitate-ikasketetarako deitzen dituen laguntza osagarriak barne.

Ondorio horietarako, beka bateraezina izanen da besteren konturako lanaren errentekin edo norberaren konturako jarduera ekonomikoarekin, non ez diren unibertsitateko prestakuntza dualaren ordainsariak eta praktiketako ordainsariak.

3.2. Beka hauekin bateragarriak izanen dira:

a) Hezkuntzako, Lanbide Heziketako eta Kiroletako Ministerioak emandako unibertsitate-ikasketetarako beka orokorrak.

b) Ikasketetarako Erasmus+ programaren eta nazioarteko mugikortasunerako beste programa batzuen eta antzeko beste programa batzuetako laguntzen beka osagarriak.

c) Unibertsitate-departamentuetako ikasleen lankidetza-bekak, unibertsitateek eta Hezkuntzako, Lanbide Heziketako eta Kiroletako Ministerioak emandakoak.

3.3. Nolanahi ere, diru-sarrera txikiko inguruneetatik datozen gazteak goi mailako hezkuntzan sartzeko ekitate beka hauek bateragarriak izan daitezen Hezkuntzako, Lanbide Heziketako eta Kiroletako Ministerioak unibertsitate-ikasketetarako ematen dituen beka orokorrekin eta unibertsitate-departamentuetako ikasleen lankidetza-bekekin, beharrezkoa izanen da ministerio horrek deialdi honetarako bateragarritasunari buruzko ebazpena ematea.

4.–Zenbatekoa eta finantzabidea.

4.1. Laguntza hauen ondoriozko gastuak 2024ko eta hurrengo urteetako aurrekontuetako "Unibertsitate-ikasketetarako beka eta laguntzak" izeneko G10001-G1100-4800-323100 partidari egotziko zaizkio, aurrekontu-baliabideen arabera, betiere.

4.2. Bekaren banakako zenbatekoa, pertsona eta ikasturte bakoitzeko, bederatzi mila eta bostehun eurokoa (9.500 euro) izanen da, bai lehenengoz ematen denean, bai berritzeetan.

4.3. Bekaren iraupena ez da izaten ahalko onuraduna matrikulatzen den graduko edo gradu bikoitzeko titulazio ofiziala egituratzen duten ikasturteena baino luzeagoa. Horregatik, 240 kredituko graduetarako bekaren iraupena gehienez ere lau ikasturte akademikokoa izanen da, hau da, beka hasieran emanen da eta gehienez hiru ikasturtetan berrituko da. Gainerako graduen edo gradu bikoitzen kasuan, iraupena ezin da izan titulazioa egituratzen duten ikasturteena baino luzeagoa, eta inola ere ez sei ikasturtetik gorakoa.

5.–Laguntzak emateko prozedura eta irizpidea.

5.1. Norgehiagokakoa izanen da bekak emateko prozedura, eta publikotasun, objektibotasun, gardentasun eta berdintasun printzipioak betez izapidetuko da.

5.2. Eskaerak familiaren errenta erabilgarriaren arabera ordenatuko dira, atalase hauen barruan:

KIDE KOPURUA

1.A ATALASEA

1.B ATALASEA

1

4.421,50 euro

8.843,00 euro

2

6.632,00 euro

13.264,00 euro

3

8.842,50 euro

17.685,00 euro

4

11.053,50 euro

22.107,00 euro

5

12.822,00 euro

25.644,00 euro

6

14.590,50 euro

29.181,00 euro

7

16.359,00 euro

32.718,00 euro

8

18.127,50 euro

36.255,00 euro

Hortik gorako kide bakoitzeko

1.768,00 euro

3.536,00 euro

Ondoren, atalase bakoitzaren barruan, eskaerak unibertsitatera lehen aldiz sartzeko notaren arabera ordenatuko dira, handienetik txikienera, 7,5 puntutik 10 puntura, 2.1.c) atalean zehaztu bezala. Lehenik eta behin, baldintza guztiak betetzen dituzten eta 1.A atalasean sartzen diren eskaerei erantzunen zaie. Gero, irizpide berari jarraikiz, 1.B atalasean sartutakoei erantzunen zaie, deialdiko hamabost laguntzak esleitu arte.

5.3. Berdinketa izanez gero, hurrenkera ezartzeko, irizpide hauek izanen dira kontuan, hurrenez hurren:

a) Eskatzailea guraso bakarreko familia-unitate bateko kidea izatea; kategoria berezikoak lehentasuna izanen du kategoria orokorrekoaren aurretik.

b) Eskatzailea familia ugari bateko kidea izatea; kategoria berezikoak lehentasuna izanen du kategoria orokorrekoaren aurretik.

c) %33ko edo hortik gorako desgaitasun egiaztatua izatea; %65eko edo hortik desgaitasun egiaztatua duen eskatzaileak lehentasuna izanen du %33ko edo hortik gorakoa dutenen aurretik.

Berdinketak jarraitzen badu, balorazio batzordeak proposatu eta justifikatuko du hartutako irizpidea.

6.–Bitarteko elektronikoen bidezko harremanak.

6.1. Laguntza hauetan interesa duten guztiak behartuak daude deialdia egin duen administrazioarekiko tramite guztiak bitarteko elektronikoen bidez egitera, administrazio prozeduraren fase guztietan. Era berean, administrazio errekurtsoak jartzeko, baliabide elektronikoak erabili beharko dira, bai eta errekurtsoa jartzearekin hasten den prozeduraren fase guztietan ere. Baliabide elektronikoen bidez tramitatuko dira, orobat, errebokatzeko eta dirua itzultzeko prozedurak.

6.2. Aurkeztu beharreko dokumentu guztiak telematika bidez aurkeztuko dira, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoko fitxa erabiliz (hemendik aurrera, laguntzen fitxa). Beharrezkoa da aldez aurretik identifikatzea cl@ve sistemaren kredentzialekin edo erabiltzailearen ziurtagiriarekin (ziurtagiri digitala edo NAN elektronikoa).

6.3. Jakinarazpenak laguntzen fitxan argitaratuko dira. Banakako jakinarazpenak telematika bidez eginen dira eta eskatzailearen gaitutako helbide elektroniko bakarrera (GHEB) igorriko dira. Eskaera-orrian adierazitako posta elektronikoaren bidez jakinaraziko da jakinarazpen edo komunikazio hori bidali dela, administrazio honen egoitza elektronikoan jakinarazpen bat eskuragarri duela abisatzeko. Abisu hori egin gabe ere, jakinarazpena guztiz baliozkoa izanen da.

7.–Eskaera aurkeztea: epea eta eskatutako dokumentazioa.

7.1. Eskaerak aurkezteko epea 15 egun baliodunekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina.

7.2. Beka eskuratzeko eskaerak "nafarroa.eus" web atarian dagoen eskaera-orria betez egiten ahalko dira soilik. Beharrezkoa da aldez aurretik identifikatzea cl@ve sistemaren kredentzialekin edo erabiltzailearen ziurtagiriarekin (ziurtagiri digitala edo NAN elektronikoa).

Bekaren hartzaileak eginen du eskaera. Legezko ordezkariak egin behar badu eskaera, aldez aurretik bete beharko da ordezkaritzaren egiaztagiria, izapidetze-prozeduran aurreikusi bezala.

Bekaren eskaera bete eta ezarritako prozedura telematikoaren bidez igorri ondoren, aurkeztuta eta sinatuta geldituko da, ondorio guztietarako. Ez da beharrezkoa eskaera hori fisikoki inon aurkeztea.

Eskaera aurkeztutzat joko da, izapidetzearen ondorioetarako, erregistroaren frogagiria lortzen den unean. Frogagiri hori gorde egin beharko da, beharrezkoa izanez gero, eskaera ezarritako epean eta moduan aurkeztu dela egiaztatzeko.

Ez dira kontuan hartuko telematikoki ez beste modu batez betetako eskaerak.

7.3. Eskatzaileak edo haren legezko ordezkariak baimena ematen ahalko du Estatuko Administrazio Orokorrean eta beste administrazio publiko batzuetan eskuragarri dauden datuen kontsulta telematikoa egiteko, bai bere datuena, bai bere familia-unitateko gainerako kideenena. Horren xedea da bekaren eskaera ebazteko beharrezkoak diren identifikazio datu guztiak eta inguruabar pertsonalak, akademikoak eta familiakoak zehaztea, ezagutzea eta egiaztatzea, baita errenta eta ondarea ere. Horretarako baimena berariaz adierazi beharko dute eskaera-orrian.

7.4. Eskatzaileak edo familia-unitateko gainerako kideek legitimoki uko egiten badiote edo, ahal denean, baimenik ematen ez badute datuak edo agiriak beste administrazio batzuetatik jasotzeko, edo espedientea izapidetzen duen unitateak informazioa zuzenean lortzerik ez badu, agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

–Nortasuna egiaztatzen duen agiriaren kopia.

–Zerga betebeharrak egunean dituela egiaztatzen duen agiria.

–Erroldatze-ziurtagiria.

–Unibertsitatera Sartzeko Ebaluazioaren derrigorrezko fasean lortutako notaren egiaztagiria, edo, unibertsitatera Lanbide Heziketako goi mailako ziklo baten bidez sartu bada, heziketa zikloaren batez besteko notaren ziurtagiria.

–2024-2025 deialdian Hezkuntzako, Lanbide Heziketako eta Kiroletako Ministerioak unibertsitate-ikasketetarako ematen dituen beka orokorretako bat eskatu izanaren egiaztagiria.

–Matrikula egin izanaren frogagiria.

–Nafarroako PFEZaren aitorpena, 2023koa.

–Hala badagokio, eskatzailearen desgaitasun-ziurtagiria.

–Hala badagokio, familia ugariaren titulu ofiziala.

–Hala badagokio, guraso bakarreko familiaren titulu ofiziala.

–Bidezkotzat jotzen diren dokumentu eta ziurtagiri guztiak.

7.5. Salbuespen gisa, Unibertsitateko Zerbitzuak beharrezkoak diren datu edo agiriak bildu ezin baditu edo horiek eguneratuak ez badaude, pertsona interesdunei eskatuko zaie datu horiek aurkezteko.

Agiriak PDF formatuan aurkeztuko dira. Interesduna da aurkezten dituen datu eta dokumentuen egiazkotasunaren erantzule, eta, datu eta dokumentu horiek zuzenak ez direla edo faltsuak direla egiaztatzen bada, dagozkion erantzukizun administratibo edo penalen ondorioak jasoko ditu. Administrazioak datuen egiazkotasunari buruzko zalantzak dituenean, jatorrizkoak aurkezteko eskatzen ahal du.

Nolanahi ere, eskatzaileak bere eskaera baloratzeko beharrezkotzat jotzen dituen beste agiri batzuk aurkezten ahalko ditu.

8.–Datuak bildu eta lagatzea.

8.1. Eskatzaileak eskaera aurkezteak honako hau esan nahi du:

–Onartzen dituela deialdiaren oinarriak.

–Badituela eskaerarekin batera aurkeztutako datu guztiak egiaztatzen dituzten jatorrizko agiriak, eta horiek ere aurkeztuko dituela horretarako errekerimendua egiten bazaio.

–Eskaerari erantsitako datu guztiak egiazkoak direla.

–Jakitun dela ezen, deklaratutako inguruabarretan zerbait zuzena ez bada, egia ez bada edo ezkutatu bada, beka ukatuko zaiola edo itzuli beharko duela.

–Ados dagoela komunikazioak baliabide elektronikoen bidez jasotzearekin, eskaera-orrian horretarako adierazi duen helbide elektronikoaren bidez.

–Eskatzailea bera dela beka ordaintzeko adierazitako kontu korrontearen titularra edo titularkidea.

–Baimena ematen diola Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuari argitara emateko bekadunen zerrendak, haien identifikazio datuak eta emandako laguntzen zenbatekoak zehaztuta, bat etorriz dirulaguntzei buruzko arauetan eta datu pertsonalen babesari buruzko arauetan ezarritakoarekin.

8.2. Eskaeran jarritako datu pertsonalak eta bekak emateko eskatzen diren gainerako agiriak Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuko Unibertsitateko Zerbitzuaren ardurapeko fitxategi automatizatu batean jasoko dira.

Aipatu unitate organikoak edozein unetan erabiltzen ahalko ditu fitxategi horretako datuak, egiazkoak diren baieztatzeko.

9.–Instrukzioa.

9.1. Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuko Unibertsitateko Zerbitzuari dagokio espedientearen instrukzioa.

9.2. Unibertsitateko Zerbitzuak, eskaeren agiriak zuzenak direla egiaztatu ondoren, behar diren jarduketak eginen ditu, ofizioz, jarduketa diruz lagungarriari buruzko datuak aztertzeko eta egiaztatzeko eta eskatzaileak dirulaguntzaren onuradun izateko baldintzak betetzen dituen egiaztatzeko. Interesdunari eskatzen ahalko dio, hala badagokio, akatsak zuzentzeko edo nahitaezko dokumentuak aurkezteko, hamar eguneko epean, errekerimendua jasotzen duenetik zenbatzen hasita, eta adieraziko dio ezen, hala egiten ez badu, eskaeran atzera egin duela ulertuko dela eta, ondorioz, eskaera artxibatuko dela, horretarako ebazpena eman ondoren, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21.1 artikuluarekin bat etorriz.

9.3. Instrukzioko jarduketen barruan, honako hauek daude:

a) Ebazteko beharrezkotzat jotzen diren edo araudi aplikagarriak eskatzen dituen txosten guztiak eskatzea.

b) Ebaluazio aurreko fasea egitea, jarduketa diruz lagungarriari buruzko datuak eta onuradun izateko ezarritako baldintzak betetzen diren egiaztatzeko.

c) Eskaerak ebaluatzea.

10.–Laguntza ematea eta ukatzea.

10.1. Beka ikasleari emanen zaio, legezko ondorio guztietarako.

10.2. Onartu eta ukatzen diren beken behin-behineko zerrenda Unibertsitateko zuzendari nagusiaren ebazpenaren bidez onetsiko da, Unibertsitateko Zerbitzuak proposatuta, eta "nafarroa.eus" atarian argitaratuko da.

Behin-behineko zerrenda horrekin ados ez dauden eskatzaileek bidezko iruditzen zaizkien alegazioak aurkezten ahalko dituzte, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuko Unibertsitateko Zerbitzuari zuzenduak. Horretarako, hamar egun naturaleko epea izanen da, ebazpena "nafarroa.eus" atarian argitaratzen den egunetik hasita.

Era berean, behin-behineko zerrenda horretan agertzen diren onuradunek, bekari uko egin nahi badiote, berariaz adierazi beharko dute, eskabide orokor bat elektronikoki igorriz Unibertsitateko Zuzendaritza Nagusiari zuzenduta, ebazpen hori "nafarroa.eus" atarian argitaratzen den egunetik hamar egun naturaleko epean. Berariaz uko egiten ez bazaio bekari, onuradunak beka onartzen duela ulertuko da.

Bereiziko dira, alde batetik, baldintzak ez betetzeagatik ukatzen diren bekak, eta, bestetik, aurrekontu falta dela-eta ukatzen direnak. Bigarren horiek itxaron-zerrenda batean sartuko dira, lehentasunaren arabera behar bezala ordenatuta.

Behin-behineko zerrendan dauden onuradunek bekari uko eginez gero, lehen aipatutako itxaron-zerrendako pertsonek ordezkatuko dituzte, argitaratutako hurrenkeraren arabera.

10.3. Prozeduraren instrukzioa bukatu ondoren, Unibertsitateko Zerbitzuak behin betiko ebazpen proposamena eginen du, eta, egindako guztiarekin, ebazteko eskumena duen organoari igorriko dio.

10.4. Emandako eta ukatutako beken behin betiko zerrenda Unibertsitateko zuzendari nagusiaren ebazpenaren bidez onetsiko da, Unibertsitateko Zerbitzuak proposatuta. Emandako eta ukatutako beken behin betiko zerrenda beken fitxan argitaratuko da, "nafarroa.eus" atarian.

Bekak emateko behin betiko ebazpenean, dirulaguntzak ordaintzeko aginduko da.

10.5. Dirulaguntza behin betiko eman eta ordaindu ondoren laguntzari uko egiten bazaio edo errebokatzen bada, uko egin duenari edo errebokatu denari eskatuko zaio ordaindutako laguntza itzultzeko, eta hurrengo ekitaldietan haren alde konprometitutako gainerako zenbatekoak askatuko dira. Askatutako laguntza hori itxaron-zerrendan dagokionari emanen zaio.

11.–Beken edo laguntzen ordainketa.

Ikaslearen aldeko beka edo laguntzen ordainketa eginen da eskaeran adierazi den banketxearen bidez. Banketxeko kontua aktibo egon beharko da laguntza emateko prozesua bukatu arte.

12.–Onuradunen betebeharrak.

12.1. Ebazpen honen bidez deitutako beken onuradunaren betebeharra da beka eman den xederako erabiltzea, eta, bereziki:

a) Zientzien arloko, ingeniaritza eta arkitektura arloko edo osasun zientzien arloko graduetan, ikasturte bakoitzean matrikulatutako kredituen gutxienez %80 gainditzea, eta, gainerako graduetan, berriz, gutxienez %90. Gradu bikoitzeko ikasleentzat, egindako bi titulazioak arlo berekoak ez badira, eskatutako errendimendu akademikoa gizarte eta lege zientzien arlorako eta arte eta giza zientzien arlorako ezarritako bera izanen da.

b) Bekak irauten duen bitartean, besteren konturako lan jarduerarik edo norberaren konturako jarduera ekonomikorik ez egitea, salbu eta lan jarduera lotuta badago prestakuntza dualeko ibilbide bat duten edo praktika ordainduak egiten diren graduko titulazioekin. Bekaren lehenengo urteari dagokionez, dirulaguntza emateko behin betiko ebazpena argitaratzen den egunetik aurrera exijitzen ahalko da betebehar hori.

Baimenduta egonen da, ordea, ekainean (ikasturtea bukatu ondoren) uztailean eta abuztuan besteren konturako lan jarduera edo norberaren konturako jarduera ekonomikoren bat egitea, hilabete horietan ez delako unibertsitateko jarduera akademikorik egiten.

c) Legozkiokeen eta oinarri hauetako 3.2 artikuluan aipatutako bekekin bateragarriak diren laguntzak eskatzea (Hezkuntzako, Lanbide Heziketako eta Kiroletako Ministerioak unibertsitate-ikasketetarako ematen dituen beka orokorrak, Erasmus+ programako ikasketetarako laguntzen osagarri diren bekak, nazioarteko mugikortasunerako antzeko beste programa batzuk, eta unibertsitateek eta Hezkuntzako, Lanbide Heziketako eta Kiroletako Ministerioak unibertsitate-sailetan ikasleen lankidetzarako ematen dituzten bekak).

d) Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuaren egiaztatze lanak onartzea eta jarduketa horiek gauzatzean eskatzen diren informazio eta agiri guztiak aurkeztea.

e) Frogagiriak gordetzea, egiaztapen eta kontrolen xede izan daitezkeen bitartean.

f) Unibertsitateko Zuzendaritza Nagusiari jakinaraztea diruz lagundutako jarduera bera finantzatzeko beste edozein dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide lortu dela beste administrazio publiko edo erakunde publiko edo pribatu batzuetatik.

g) Eskatutako betebehar eta baldintzak frogatzeko betebeharra bete dela ulertzeko behar den informazio guztia ematea Foru Komunitateko Administrazioari.

h) Jasotako funtsak itzultzea, indarreko araudian eta hamaseigarren atalean ezarritako kasuetan.

i) Beka berritzeko kasuetan, Hezkuntzako, Lanbide Heziketako eta Kiroletako Ministerioak unibertsitate-ikasketetarako ematen dituen beka orokorren deialdian eskaera bat aurkeztu izana, beka berrituko den ikasturte berari dagokiona.

13.–Beka berritzea.

13.1. Graduko edo gradu bikoitzeko ikasketa ofizialetarako emandako beka ikasturte bakoitzean berritzeko, betebehar hauek bete beharko dira:

a) Diru-sarrera txikiko inguruneetatik datozen gazteak goi mailako unibertsitate-hezkuntzan sartzeko ekitate bekaren onuradun izatea aurreko ikasturtean ikasketa beretan.

b) Hezkuntzako, Lanbide Heziketako eta Kiroletako Ministerioak unibertsitate-ikasketetarako ematen dituen beka orokorretako bat eskatu izana beka berritu nahi den ikasturterako.

c) Beka berritu nahi den ikasturterako, Hezkuntzako, Lanbide Heziketako eta Kiroletako Ministerioaren unibertsitate-ikasketetarako beka orokorren deialdian ezartzen diren errenta- eta ondare-atalasetan egotea.

d) Aurreko ikasturtean matrikulatutako kredituen ehuneko jakin bat gutxienez gainditu izana, zehazki, 12.1.a) oinarrian jasotzen dena, salbu eta istripu edo gaixotasun larriaren ondoriozko arrazoi justifikatuek eragindako kasuetan.

e) Beka berritu nahi den ikasturtean gutxienez 60 kreditutan matrikulatu izana diru-sarrera txikiko inguruneetatik datozen gazteak goi mailako unibertsitate-hezkuntzan sartzeko ekitate beka jaso duen ikasketa beretan. Graduko ikasketen azken mailan, zilegi izanen da kreditu gutxiagotan matrikulatuta egotea, horrela gradua bukatzen bada.

f) Besteren konturako lan jarduerarik edo norberaren konturako jarduera ekonomikorik ez egiteko betebeharra bete izana, 12.1.b) atalean aurreikusitako baldintzen arabera.

g) Diru-sarrera txikiko inguruneetatik datozen gazteak goi mailako unibertsitate-hezkuntzan sartzeko bekaren onuradunek deialdi honetan eskatzen diren gainerako baldintza eta betebeharrak bete izana.

13.2. Onuradunak edo haren legezko ordezkariak baimena ematen ahalko du Estatuko Administrazio Orokorrean eta beste administrazio batzuetan onuradunari eta haren familia-unitateari buruz eskuragarri dauden datuen kontsulta telematikoa egiteko, horren bidez zehaztu, ezagutu eta egiaztatzearren beka berritzeko eskaera ebazteko beharrezkoak diren identifikazio datu guztiak eta inguruabar pertsonal, akademiko eta familiakoak, bai eta errenta eta ondarea ere. Horretarako, berariaz adierazi beharko du beka berritzeko eskaeran.

Kontsulta hori baimentzen ez badu, honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu:

a) Beka berritu nahi den ikasturterako, Hezkuntzako, Lanbide Heziketako eta Kiroletako Ministerioak unibertsitate-ikasketetarako ematen dituen beka orokorretako bat eskatu izanaren frogagiria.

b) Bekaren onuradunaren lan bizitzaren txostena.

c) Deialdiaren oinarrietako zazpigarren eta zortzigarren ataletan jasotzen diren ziurtagiriak, agiriak eta erantzukizunpeko adierazpenak.

13.3. Beka berritzea kasuan kasuko ekitaldiko aurrekontu baliabideen menpe egonen da.

14.–Beka berritzeko prozedura.

14.1. Prozedura ofizioz hasiko da, dagokion ikasturteko matrikulazio epe arrunta amaitu ondoren, Unibertsitateko Zuzendaritza Nagusiko titularraren ebazpen baten bidez. Ebazpena egoitza elektronikoan argitaratuko da.

14.2. Onuradunek hamar eguneko epea izanen dute beka berritzeko eskaera egiteko, nafarroa.eus atarian argitaratzen den kasuan kasuko laguntza-deialdiaren fitxaren bitartez. Hamahirugarren atalean adierazitako baldintzak betetzeko behar den dokumentazioa aurkeztu beharko dute, bakar-bakarrik, baldin eta datuak kontsultatzea baimentzen ez badute.

Gainera, familia-unitateko kideen datuak kontsultatzeko, instrukzio organoak errekerimenduan emanen duen agiria aurkeztu beharko dute, beteta eta sinatuta.

14.3. Unibertsitateko Zuzendaritza Nagusiko titularrak ebatziko du beka berritzeko prozedura, gehienez ere hiru hilabeteko epean; epe hori prozedura hasteko ebazpena egoitza elektronikoan argitaratzen den egunetik hasiko da kontatzen.

14.4. Berritzeko ebazpenak beka berritu zaien onuradunen zerrenda jasoko du, baita, hala badagokio, berritzea ukatu zaien pertsonena ere, arrazoia adierazita.

Aipatu den hiru hilabeteko gehieneko epean berariazko ebazpenik argitaratzen ez bada, eskatzaileak ulertzen ahalko du bere beka berritzeko eskaera ezetsi egin dela.

14.5. Ebazpena egoitza elektronikoan argitaratuko da, nafarroa.eus atarian argitaratuko den deialdiaren fitxan, zeina beka berritzeko prozedura hasteko ebazpenean adieraziko baita. Horrez gain, banan-banan eta modu elektronikoan jakinaraziko zaie interesdunei.

14.6. Beka berritu ondoren interesdunak bekari uko egin nahi badio, elektronikoki aurkeztu beharko da uko egite hori, Unibertsitateko Zuzendaritza nagusiari zuzendutako eskabide bat erabiliz.

15.–Jarduketa diruz lagungarriaren kontrola eta jarraipena.

Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuak egiaztatuko du onuradunek beka erabili duten eman zitzaien jarduketa diruz lagungarrirako. Horretarako, beka zer unibertsitate-titulu ofizialetarako eman zen, hark dituen ikasturteetako deialdietan matrikulatutako kredituetatik ehuneko jakin bat gainditu beharko da ikasturte bakoitzean, zehazki, 12.1.a) oinarrian adierazitakoa. Bestela, betebehar hori bete ez den ikasturteari dagokion bekaren zenbatekoa itzuli beharko da. Onuradunek agiri bidez egiaztatuko dute hori, Unibertsitateko Zuzendaritza Nagusiak eskatuta.

16.–Dirua itzultzea.

16.1. Egiaztatzen bada onuradunak ez dituela betetzen gaiari buruzko araudi aplikagarrian, deialdi honetan edo beka emateko edo berritzeko ebazpenean ezarritako baldintzak eta betebeharrak, jasotako zenbatekoak itzuli beharko ditu, eta azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean araututako interesak ere eskatuko zaizkio.

Dirua itzultzeko prozedura hasi aurretik, inguruabar horren berri emanen zaio interesdunari, behar ez bezala jasotako dirua itzultzeko, bankuan diru-sarrera bat eginez.

Komunikazio horretan ezarritako epean dirua borondatez itzultzen ez bada, dirua itzularazteko prozedurari ekinen zaio.

16.2. Onuradunak zientzien arloan, ingeniaritza eta arkitektura arloan edo osasun zientzien arloan matrikulatutako kredituetatik gutxienez 29 kreditu edo, gainerako arloetan, matrikulatutako kredituetatik gutxienez 39 gainditzen ez baditu, Unibertsitateko Zuzendaritza Nagusiko titularrak beka osoa itzuli beharra erabakiko du.

16.3. Onuradunak zientzien arloko, ingeniaritza eta arkitektura arloko edo osasun zientzien arloko titulazioetan 30 eta 38 kreditu bitarte gainditzen baditu, edo, gainerako arloetako titulazioetan, 40 eta 47 kreditu bitarte, bekaren zati bat itzultzeko eskatuko da, eta itzuli beharreko zenbatekoa gainditu gabeko kreditu kopuruaren arabera zehaztuko da. Horretarako, gainditu gabeko kreditu bakoitzaren zenbatekoa bekaren urte osoko zenbatekoaren eta matrikulatutako kreditu kopuruaren arteko zatiduraren araberakoa izanen da.

16.4. Zientzien arloko, ingeniaritza eta arkitektura arloko edo osasun zientzien arloko titulazioetan, onuradunak matrikulatutako kredituetatik gutxienez 39 gainditzen baditu, edo 48 kreditu gainerako arloetan, ez da beka itzultzeko eskatuko.

16.5. Bekaren onuraduna hiltzen bada, Unibertsitateko Zuzendaritza Nagusiak ez du bekaren zenbatekoa itzultzeko eskatuko. Halaber, ez da itzuli beharko 12.1.a) atalean ezarritako errendimendu akademikoaren betebeharra betetzen ez bada istripu edo gaixotasun larri batek eragindako kausa justifikatu baten ondorioz.

17.–Beka eskaerak eta beka berritzeak baloratzea.

17.1. Kide hauek osatutako balorazio batzorde batek baloratuko ditu beka eskaerak eta beka berritzeak:

a) Unibertsitateko Zerbitzuko zuzendaria.

b) Unibertsitateko Ataleko burua.

c) Gutxienez, Unibertsitateko Zerbitzuari atxikita dagoen eta profil teknikoa duen pertsona bat.

d) Administrazio publikoko teknikari (arlo juridikoa) profila duen pertsona bat, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentukoa.

17.2. Balorazio batzordeak bere funtzionamendu arauak ezartzeko aukera izanen du, eta, halakorik izan ezean, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legean kide anitzeko organoentzat xedatutakoaren arabera arautuko da.

17.3. Balorazio batzordeak beste pertsona batzuen laguntza eskatzen ahalko du laguntza eskaerei buruzko gaietan aholkularitza teknikoa eman dezaten; hitza izanen dute baina botorik ez.

17.4. Eskaerak bosgarren atalean ezarritako balorazio irizpideen arabera ebaluatuko dira.

17.5. Berritzeak hamahirugarren atalean ezarritako balorazio irizpideen arabera ebaluatuko dira.

17.6. Eskaerak aztertu eta ebaluatu ondoren, balorazio batzordeak txosten bat eginen du eta hor azalduko ditu balorazio irizpideen aplikazioa eta ondoriozko lehentasun-ordena. Txosten hori izanen da instrukzio organoaren ebazpen proposamenaren oinarria.

17.7. Behin aztertuta ea betetzen diren bekak berritzeko baldintzak, hamahirugarren atalean adierazitakoak, balorazio batzordeak txosten bat eginen du, eta, bertan, beka berritzen zaien onuradunen zerrenda jasoko da, bai eta, hala badagokio, beka berritzea ukatu zaienena ere, horretarako arrazoia adierazita. Txosten hori izanen da instrukzio organoaren ebazpen proposamenaren oinarria.

18.–Datu pertsonalen tratamendu automatizatua.

Datu pertsonalen babesari dagokionez, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuaren jarduketa bat etorriko da Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorrean (2016/679 EB Erregelamendua) eta Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan xedatutakoarekin. Unibertsitateko Zuzendaritza Nagusiak bekak emateko prozesuetan parte hartzearen ondorioz jasotako datu pertsonalak "Unibertsitateko ikasketetarako dirulaguntzak, bekak eta laguntzak" izeneko tratamenduko jardueran sartuko dira.

Bildutako datu pertsonalen tratamenduaren xedea izanen da ebazpen honetan aurreikusitako laguntzak kudeatzea eta helburu estatistikoetarako erabiltzea. Datu horiek beharrezkoak dira interes publikoaren mesederako misio bat betetzeko, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuari emandako ahal publikoak betez. Datuak lagatzen ahalko zaizkie Nafarroako Gobernuko beste organo batzuei, baita beste administrazio publiko batzuei edo kontroleko agintari, epaitegi eta erakunde publikoei ere, beren egitekoak bete ditzaten.

Datuen titularrek datuak eskuratzeko, zuzentzeko, mugatzeko, ezabatzeko eta transferitzeko eskubideak baliatzen ahal dituzte; horretarako, idatzizko komunikazio bat bidali beharko dute Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuari zuzendua (Cabárceno kalea 6, Sarriguren, edo sgt.uitd@navarra.es). Datuen babesari buruzko informazio osagarria eta zehatza laguntzen fitxan kontsultatzen ahalko da.

19.–Errekurtsoak.

19.1. Deialdi honen eta oinarrien aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

19.2. Bekak emateko edo ukatzeko behin betiko ebazpenaren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpena eta haren eranskinak "nafarroa.eus" atarian argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iragarkiaren kodea: F2413172