2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
ALLIN
Udalbatzako kideen ordainsariak eta dedikazio araubidea 2025erako
Udalak, 2024ko irailaren 9an egindako ohiko bilkuran, honako erabaki hau hartu du, kontuan harturik apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 75. artikulua (lege horren bidez arautu ziren Toki Araubidearen Oinarriak) eta uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 56. artikulua (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea):
ERABAKIA:
1.–Honako ordainsari edo bilkura-sari hauek ezartzea udalkideentzat, karguan jarduteagatik eta Udalaren bilkuretara egiazki joateagatik:
–Alkatetza: Udalak, alkatearen karguan dedikazio partzialean aritzeagatik, 9.600 euroko zenbateko gordina ordainduko du urtean, gehi Gizarte Segurantzako enpresa-kuota. Horiek hilero ordainduko dira, behar diren kenkariekin. Hori eskuratzen bada, ezin izanen da saririk hartu kide anitzeko organoetara joateagatik.
–Gainerako udalkideak: Udalaren osoko bilkuretara egiazki joateagatik 60 euro gordin jasoko dituzte bilkura bakoitzeko, eta 50 euro, berriz, informazio-batzordeetara joateagatik.
2.–Udalkideek kalte-ordainak eskuratzeko eskubidea dute, karguan aritzeak eragindako egiazko gastuen ordainetan, baldin gastu horiek behar bezala baimentzen eta justifikatzen badira, eta jarraikiz Nafarroako administrazio publikoetako langileentzako urtero ordainsarien arloan ezartzen diren zenbatekoei.
3.–Erabaki hau argitaratzea Nafarroako Aldizkari Ofizialean, iragarki-taulan eta Allingo Udalaren gardentasun atarian.
Erabaki hau irmoa da bide administratiboan, eta, honen kontra, errekurtso hauetako bat paratzen ahal da, hautara:
a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintzaren organo egileari zuzendua, hilabeteko epean, erabaki hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera.
b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zeina zuzenduko baitzaio Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari edo Salari, bi hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita, edo
c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, erabaki hau jakinarazten denetik hasita.
Amillaon, 2024ko irailaren 10ean.–Alkate udalburua, M.ª Lourdes Lana Goñi.
Iragarkiaren kodea: L2413163