193. ALDIZKARIA - 2024ko irailaren 23a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

URROZ

Ordenantza, hirigintzako tramitazioen tasak arautzen dituena. Behin betiko onespena

Urrozko Udalak, 2024ko ekainaren 25ean egin osoko bilkura berezian, hasiera batez onetsi zuen Hirigintzako tramitazioen tasak arautzen dituen ordenantza.

Jendaurrean jartzeko iragarkia argitara eman zen 2024ko 154. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, uztailaren 30ean, eta inork ez du alegaziorik aurkeztu jendaurreko aldian.

Beraz, behin betiko onetsirik gelditu da, eta jarraian ematen da haren testua.

Urrozen, 2024ko uztailaren 17an.–Kudeaketa Batzordeko burua, Josu Zozaya Ubiria.

ORDENANTZA, HIRIGINTZAKO TRAMITAZIOEN TASAK ARAUTZEN DITUENA

Oinarria

1. artikulua.

Ordainarazpen hau ezartzen da bat etorriz martxoaren 10eko 2/1995 Legearen lehenbiziko tituluko IV. kapituluko 7. atalean xedatuarekin (Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Legea), eta lege beraren 12. artikuluan jasotzen den baimenaren arabera.

Zerga-egitatea

2. artikulua.

Ordainarazpen honen xede da hirigintzako edozein jarduketa izapidetzeari dagozkion zerbitzu tekniko edo administratiboak ematea, hirigintzako jarduketa udal mugarteko edozein tokitan egiten denean, hala lur pribatuan nola publikoan.

3. artikulua.

Udalaren honako hirigintza-jarduketa hauek daude tasei loturik:

a) Udal Planaren aldaketa puntualak tramitatzea.

b) Plan partzial edo bereziak eta haien aldaketak tramitatzea.

c) Lerrokaduren azterketa osagarriak edo xehetasun-azterketak tramitatzea.

d) Unitateen mugapenak eta erabilera aldaketak tramitatzea.

e) Birpartzelazioak edo kudeaketarako beste figura batzuk tramitatzea.

f) Urbanizazio proiektuak tramitatzea.

g) Hirigintza arloko argibide eskaerak.

h) Udalak ofizioz eskaturiko ikuskapenak, arau-hausteren bat badagoela egiaztatzen baldin bada.

i) Eta, oro har, aurrekoetan sartzen ez den hirigintzako edozein tramitazio, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legeak babestua baldin bada.

Ordaindu beharra

4. artikulua.

Tasa sortuko da lizentzia eskatzen denean edo, hala badagokio, erantzukizunpeko adierazpena edo aurretiazko komunikazioa aurkezten denean, bai eta kasu hauetan ere: hirigintzako kontsulta egiten denean, hirigintzako dokumentu bat onesteko eskaera egiten denean, eta egokitasun ziurtagiria eskatzen denean.

Subjektu pasiboa

5. artikulua.

Ordenantza honetan ezarritako tasen subjektu pasiboak dira pertsona fisikoak eta juridikoak eta, nortasun juridikorik izan ez, baina unitate ekonomiko edo ondare bereizia diren entitateak, baldin egindako hirigintzako jarduketak edo zerbitzuak eskatu badituzte edo haien eragina edo onura hartzen badute.

Eraikitzaileak eta obra kontratistak zergadunaren ordezkoak izanen dira, lurzoruari eta hiri antolamenduari buruzko araudian jasotako hirigintzako lizentziak emateko ezarri diren tasetan.

Tarifak eta karga-tasak

6. artikulua.

Hirigintzako Aholkularitzaren txostenek eta prentsan argitaratzen diren iragarkiek zer kostu duten, horrenbestekoak izanen dira aplikatu beharreko tarifak, tasak eta karga-tasak, ordenantzaren 3. artikuluan aipatzen diren hirigintzako jarduketei dagokienez.

Alkatetzak eginen du tasen behin betiko likidazioa, eta dagokion osoko bilkuran emanen dio horren berri Udalbatzari.

Kudeaketa arauak

7. artikulua.

Planeamenduari eta obrei lotutako espedienteak izapidetzeaz arduratzen diren udal zerbitzuek, udal teknikarien txostenak ikusi ondoren, bulego likidatzailera bidaliko dituzte espediente horiek, likida ditzan.

8. artikulua.

Tasaren likidazioa onetsi eta gero, interesdunari jakinaraziko zaio, eta hark erregelamenduzko epean ordaindu beharko du.

9. artikulua.

Erantzukizunpeko adierazpena edo komunikazioa behar duten jarduketei dagokienez, tasak likidatuko dira jarduketaren kostuaren arabera, eraikuntzen, instalazioen eta obren gaineko zerga (EIOZ) likidatzearekin batera.

Zerga-oinarria kalkulatuko da interesdunek aurkezturiko aurrekontuaren arabera. Udal teknikariek uste badute aurkeztutako aurrekontua ez datorrela bat errealitatearekin, aipatutako langileek zehazten ahalko dute zerga-oinarri hori, obraren kostu zenbatetsiaren arabera.

Obrak egindakoan, haien kostua ez bada hasieran aurreikusitakoa, jokatuko da aurreko artikuluko azken bi paragrafoetan ezarritakoari jarraikiz.

10. artikulua.

Likidazioetan, jasoko dira subjektu pasiboa den pertsonaren izena, tasa likidatzeari dagokion kontzeptua, tarifa, eta horren zenbatekoa.

Salbuespenak eta hobariak

11. artikulua.

Tasak %25 murriztuko dira baldin eta eskatzaileek tramitazioari uko egiten badiote txosten teknikoak eman baino lehen; ukoak berariazkoa izan beharko du, Alkatetzari idatziz zuzendua.

Arau-hausteak eta zehapenak

12. artikulua.

Arau-hauste eta zehapenei dagokienez, jarraikiko zaio xedaturik dagoenari Ordenantza Fiskal Orokorrean, martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean (Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legea), eta bat datozen arauetan.

AZKEN XEDAPENAK

Lehena.–Ordenantza honetan jasotzen ez den orotan, jarraikiko zaio xedaturik dagoenari toki-erakunde honek onetsitako Ordenantza Fiskal Orokorrean, martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean (Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legea), eta bat datozen arauetan.

Bigarrena.–Ordenantza hau indarrean jarriko da eta ondorio juridiko osoak sortuko ditu testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denean.

Iragarkiaren kodea: L2413436