1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
849E/2024 EBAZPENA, irailaren 10ekoa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zaratari buruzko ekintza-planak onesten dituena Iruñerriko hiri aglomerazioko Zarataren Mapa Estrategikoaren lurralde-eremuan, Ingurumen zarataren ebaluazioari eta kudeaketari buruzko 2002ko ekainaren 25eko 2002/49/EE Zuzentaraua aplikatzeko laugarren faseari dagokionez, eta babes akustiko bereziko eremuen deklarazioa egiten duena.
Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legearen 22. artikuluak hauxe ezartzen du: administrazio eskudunek kutsadura akustikoari buruzko ekintza-planak prestatu eta onetsi behar dituzte, gutxienez hilabeteko epean jendaurrean egoteko tramitea pasatu eta gero, zarata-mapa estrategikoen lurralde-eremua kontuan hartuta.
Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 30eko 1219E/2022 Ebazpenaren bidez, Iruñerriko hiri aglomerazioko Zarataren Mapa Estrategikoa onetsi zen, Inguruneko zarataren ebaluazioari eta kudeaketari buruzko 2002ko ekainaren 25eko 2002/49/EE Zuzentaraua aplikatzeko laugarren faseari dagokionez.
Halaber, Zaratari buruzko Legeak ezartzen du administrazio eskudunek ekintza-planak prestatuko dituztela, eremuen araberako berariazko planez osaturik, bateraezintasun akustikoaren eremuetan ingurumeneko hobekuntza akustikoa pixkanaka lortzeko, aplikatzekoak diren kalitate akustikoaren helburuak lortzera bideraturik eta bost urteko epean egin nahi diren jarduketak zehazturik.
Bateraezintasun akustikoaren eremuak dira urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuak ezarritako kalitate akustikoaren helburuak gainditzen dituzten eremu urbanizatuak. Dekretu horrek Zaratari buruzko Legea garatzen du zonifikazio akustikoari, kalitate helburuei eta emisio akustikoei dagokienez.
Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legearen 25.1 artikuluan ezarritakoarekin bat, eremu horiek ez daudenean sartuta azpiegitura baten zortasun akustikoaren eremuaren barruan, babes akustiko bereziko eremu deklaratu beharko ditu administrazio publiko eskudunak.
Bestalde, Zaratari buruzko Legea ingurumeneko zarataren ebaluazio eta kudeaketaren arloan garatzen duen abenduaren 16ko 1513/2005 Errege Dekretuaren 10. artikuluak ezartzen duenaren arabera, ekintza-planek bidezkotzat jotzen diren neurri zehatzak jasoko dituzte, eta, horiek, muga balioak gaindituz gero gauzatu beharreko lehentasunezko ekintzak zehaztuko dituzte, edo administrazio horiek hautatutako beste irizpide batzuk. Zaratari buruzko mapa estrategikoetan ezarritako eremu nabarmenetan aplikatu beharko dira neurriak.
Horregatik, Iruñerriko hiri aglomerazioan atzeman diren bateraezintasun eremuak sailkatu dira, eta lehentasun irizpide bat aplikatu zaie. Irizpide hori alderdi eremu bakoitzak jasaten duen ukipen akustikoaren mailan oinarritzen da.
Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legearen 4. artikuluak ezartzen du autonomia erkidegoaren administrazioak eskumena duela eremu akustiko bat babes akustiko bereziko eremu deklaratzeko, baita kutsadura akustikoaren arloko ekintza-plana prestatu, onetsi eta berrikusteko ere, zarataren mapa baten lurralde-eremuaren barnean, baldin eta eremu horrek udal-mugarte bat gainditzen badu.
Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak, Lurralde Kohesiorako Departamentuko Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusirekin batera eta bateraezintasun akustikoko eremuak atzeman direneko udal-mugarteekin batera, zaratari buruzko ekintza-planak prestatu ditu.
Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendariaren maiatzaren 30eko 211E/2024 Ebazpenaren bidez, jendaurrean jarri ziren hilabetez, onetsi aurreko betekizun gisa, babes akustiko bereziko eremuen deklarazioa eta zaratari buruzko ekintza-planen onespena (Iruñerriko hiri aglomerazioko Zarataren Mapa Estrategikoaren lurralde-eremuari dagozkionak), Ingurumen zarataren ebaluazioari eta kudeaketari buruzko 2002ko ekainaren 25eko 2002/49/EE Zuzentaraua aplikatzeko laugarren fasearen barruan. Ebazpen hori 2020ko 139. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen. Txosten honen eranskinean, aurkeztutako alegazioen eta horiei emandako erantzunen zerrenda dago, bai eta jendaurreko informazioaren tramite horrekin batera abian jarri zen parte hartzeko prozesuaren emaitzarena ere.
Adierazitakoarekin bat, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
1. Iruñerriko hiri aglomerazioko zaratari buruzko 2025-2029 aldirako ekintza-planak onestea, Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 30eko 1219E/2022 Ebazpenaren bidez onetsitako Iruñerriko hiri aglomerazioko Zarataren Mapa Estrategikoaren lurraldeeremuari dagozkionak, Ingurumen zarataren ebaluazioari eta kudeaketari buruzko 2002ko ekainaren 25eko 2002/49/EE Zuzentaraua aplikatzeko laugarren fasearen barruan. Plan horiek barne hartzen dituzte ingurumeneko hobekuntza akustikoa pixkanaka lortzeko neurriak bateraezintasun eremuetarako, zeinak sailkatu eta lehenetsi egin baitira, abenduaren 16ko 1513/2005 Errege Dekretuaren 10. artikuluak ezartzen duenaren arabera; dekretu horrek Zaratari buruzko Legea garatzen du ingurumeneko zarataren ebaluazio eta kudeaketaren arloan.
2 Babes akustiko bereziko eremu deklaratzea eremu urbanizatu batzuk. Eremu horiek Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 30eko 1219E/2022 Ebazpenaren bidez onetsi zen Iruñerriko hiri aglomerazioko Zarataren Mapa Estrategikoaren lurralde-eremuaren barruan daude, baina azpiegituren zortasun akustikoaren eremutik kanpo, eta urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuak ezarritako kalitate akustikoaren helburuak gainditzen dituzte (dekretu horrek Zaratari buruzko Legea garatzen du zonifikazio akustikoari, kalitate helburuei eta emisio akustikoei dagokienez).
3. Babes akustiko bereziko eremuen lurralde-eremuaren mugaketa zehaztea, "shape" formatuko fitxategi digitaletan sartutako informazio geoerreferentziatua erabiliz; fitxategi horiek interesdunen eskura egonen dira Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan, bai eta Nafarroako Gobernuaren webgunean ere.
4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.
5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen eta bere aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dute jurisdikzio-ordena eskudunari zuzendua, ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, galarazi gabe Nafarroako Gobernuaren aurrean aldez aurretiko errekerimendua egiten ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan finkaturiko modu eta epeetan.
Iruñean, 2024ko irailaren 10ean.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.
JENDAURREKO INFORMAZIOAREN TRAMITEAN ETA HERRITARREK PARTE HARTZEKO PROZESUAN AURKEZTUTAKO ALEGAZIOAK ETA HORIEI EMANDAKO ERANTZUNAK
Abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bategina onetsi zen, eta testu bateginaren 16. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, jendaurrean jarri zen, 30 eguneko epean, Iruñerriko hiri aglomerazioko zaratari buruzko ekintza-planen laugarren fasea.
María Isabel Zorrilla León andreak, Berriozarko Udala ordezkatuz, 2024ko ekainaren 27an aurkeztutako alegazioa:
1. Lehenengo alegazioa eta bakarra: Udalak ez du eragozpenik jarri Basoa parkearen kanpoko ertzean abiadura mugatzeko eta zoladura aldatzeko aurreikusten diren neurrietan. Hala ere, hesi foniko artifiziala ez egiteko eskatu du, eta proposatu du nahikoa dela gaur egun dagoen landare-hesiaren dentsitatea hobetzearekin eta handitzearekin. Gainera, hori egiteko laguntza eskaini du. Udalak uste du irtenbide negatiboa dela herriaren espazioari eta bizi-kalitateari dagokionez, eta, orobat, hormarako erabili nahi den lurrezko ildo-bizkarra ez dagoela oso trinkotuta, eta ez du egiturei eusteko ahalmenik.
–Erantzuna: alegazioa ezesten da. Zaratari buruzko ekintza-planak ez dira nahitaez bete beharreko planak, eta horiek gauzatzeko, inplikatutako administrazioek horiei ekin behar diete. Administrazio horien artean dago Udala, eta bi aukera ditu: neurri hori ez gauzatzea edo, beste administrazio batek sustatzen badu Udalarekin berarekin lankidetzan, haren aurka egitea.
Nolanahi ere, zehaztu behar da hesi fonikoak ez duela nahitaez soinua xurgatzeko pantaila izan behar; aitzitik, inguruko hiri-paisaiarekin integratuago dauden irtenbideak daude, landare-pantailak adibidez, lorezaintza bertikaleko elementuak dituzten hormez osatuak. Bestalde, adierazi behar da zuhaitzez osatutako hesiek ez dutela inolako eraginkortasunik zarataren immisioa murrizteari dagokionez, salbu eta hesi horiek 10 metro baino gehiagoko lodiera badute, eta frekuentzia ertainak arintzekosoilik.
Mercedes Arnedo Lana andreak, Galarko Udala ordezkatuz, 2024ko ekainaren 28an aurkeztutako alegazioak:
2 Lehenengo alegazioa: osasun, irakaskuntza eta kultur eremu gisa sailkatutako lurzati baten zonifikazio akustikoa aldatzeko eskatu da, bizitegirako gisa agertu behar baitu.
–Erantzuna: alegazioa ezesten da. Zaratari buruzko ekintza-planak egin aurretik eman zitzaion Galarko Udalari zonifikazio akustikoaren berri. Bestalde, zonifikazioaren balizko aldaketak ez du eraginik planen diseinuan, hurrengo alegazioari emandako erantzunean argudiatuko den bezala. Hala ere, iritzi hori kontuan hartuko da Iruñerriko hiri aglomerazioko Zarataren Mapa Estrategikoen eta zaratari buruzko ekintza-planen bosgarren fasea egitean.
3. Bigarren alegazioa: eskatu da zaratari buruzko ekintza-planak aurrez aipatutako lurzatiaren ondoko eremu batean eta Cordovillako urbanizazioaren hegoaldeko eremuan egiteko. Handik kexak egin dira behin baino gehiagotan, AP-15 errepidearen zaratagatik.
–Erantzuna: alegazioa ezesten da. Zaratari buruzko ekintza-planak idaztean lehentasuna ezartzeko, kontuan hartzen da zenbateko zarata egiten den eta zenbat biztanle ukitzen diren, eta parametro bat kalkulatzen da dezibelioen eta biztanleen arteko terminoetan. Horrela, lehentasuna txikia da parametroa 0-100 artekoa denean. Aipatutako bi eremu horietan ez da atalase hori gainditzen, ezta Zaragoza etorbideko eremua bizitegi gisa hartzen bada ere.
Clementina María Marcos Rodríguez andreak 2024ko abuztuaren 2an aurkeztutako alegazioa:
4. Lehenengo alegazioa eta bakarra: Iruñerriko hiri aglomerazioko zaratari buruzko ekintza-planen laugarren fasean Beriaingo udalerria sartzea eskatu da.
–Erantzuna: alegazioa ezesten da. Iruñerriko hiri aglomerazioaren eremu geografikoa zarataren aurkako mapa estrategikoen laugarren fasean mugatu zen, eta ez zen alegaziorik jaso jendaurrean jarri zenean Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariaren uztailaren 29ko 237E/2022 Ebazpenaren bidez.
Ez da egokia zaratari buruzko ekintza-planak onesteko tramite honetan eremu geografiko hori zalantzan jartzea, zeina ezarri baitzen, izan ere, Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen abenduaren 16ko 1513/2005 Errege Dekretuaren VII. eranskinean zehaztutako irizpideen arabera, ingurumen zarataren ebaluazioari eta kudeaketari dagokienez. Aglomerazio bat mugatzeko irizpideak honako hauek dira:
a. Aglomerazioaren barruan 100.000 biztanletik gora egon behar dira.
b. Posible da udalerriz gaindiko aglomerazio bat egotea, udalerri bat baino gehiago dituena.
c. Mugaketaren barruan sartuko dira kilometro koadroko 3.000 pertsonako edo gehiagoko biztanleria dentsitatea duten lurralde sektoreak.
d. Biztanleria dentsitatearen zenbatespenak, ahal dela, kasuan kasuko errolda-ataletako populazioari eta lurralde hedapenari buruzko datuak erabiliko ditu.
e. Kilometro koadroko 3.000 pertsonako edo gehiagoko biztanleria dentsitatea duten lurraldeko bi sektoreren artean 500 metroko edo gutxiagoko distantzia horizontala badago, bi sektoreak batu daitezke.
Arestian aipatutako irizpideez gain, kontuan hartu zen Iruñerriko bide ardatz handiak aglomerazioaren inguruan sartuta egon direla orain arte egin diren zaratari buruzko mapa estrategikoen aurreko hiru faseetan, eta inguruko biztanleriari nabarmen eragiten dion zarata-iturri oso garrantzitsua direla. Horrela, irizpide horietatik abiatuta lortutako aglomerazioaren ingerada aldatze aldera, kontuan hartu zen sortutako 50 dB isofona (gaua).
Herritarrek parte hartzeko prozesuan jasotako alegazioak eta proposamenak:
Jendaurreko informazioaren tramitearekin batera, herritarrek parte hartzeko prozesu bat garatu da, eta, bertan, partikularren eta hainbat kolektiboren 21 alegazio eta proposamen jaso dira. Horiek guztiek hizpide dute Iruñeko Alde Zaharrean sortutako gaueko aisialdiko zarata eta bizilagunei eragindako ukipena.
Horri dagokionez, adierazi behar da ekintza-planen edukiak bat etorri behar duela Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen abenduaren 16ko 1513/2005 Legearen V. eranskinean ezarritakoarekin, ingurumen zarataren ebaluazioari eta kudeaketari dagokionez, baita dagozkien zarata mapa estrategikoetan ebaluatutako zarata iturriekin ere (guztiak egiturazkoak dira).
Aisialdiko zarata ez dago erreferentziazko araudiaren arabera ebaluatu daitezkeen zarata iturrien artean. Hala ere, parte hartzeko prozesu honetan jasotako alegazio eta proposamenen berri emanen zaio Iruñeko Udalari, kontuan har ditzan bere eskumen eremuaren barruan arintze plan bat egiten badu.
Iragarkiaren kodea: F2413207