1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
378E/2024 EBAZPENA, irailaren 11koa, Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez onartzen baita landare-kontserbak prestatzen dituen instalazio baten ingurumen baimen bateratuan ezarritako funtzionamendu baldintzen aldaketa. Instalazioa Milagroko udal mugartean dago eta haren titularra Alimenco SA da.
Egun abian den instalazio horrek badu lehendik ingurumen baimen bateratua, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen hirugarren xedapen iragankorra aplikatuz emana; izan ere, jarduera hori sarturik dago aipatutako foru lege horren 1. eranskineko 9.3 eta 13.2 taldeetan.
2024ko uztailaren 30ean, titularrak eskatu zuen ingurumen baimen bateratuan ezarritako baldintzak aldatzea, zehazki, ingurumen baimen bateratuaren III. eranskinean, sortutako hondakinen zerrendan, beste hondakin mota bat sartzeko, 080318 EHZ kodea duena, inprimatzeko tonerrari dagokiona.
Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuak, aurkeztutako eskaera aztertuta, onargarria dela ondorioztatu du; izan ere, eskatzen dena bat dator instalazioak ingurumen aldetik eduki beharreko funtzionamendu egokiarekin eta teknika erabilgarri onenen aplikazioarekin.
Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen 28. artikuluan xedatutakoa aplikatuz, bidezkoa da ingurumen baimen bateratua aldatzea.
Ebazpen proposamena hamabost egunez egon da instalazioaren titularrari entzunaldia emateko izapidean, eta hark ez du aurkeztu proposamenaren aurkako alegaziorik.
Adierazitakoarekin bat, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
Lehendabizikoa.–Onartzea Milagroko udal mugartean landare-kontserbak prestatzen dituen instalazio baten ingurumen baimen bateratuan ezarritako funtzionamendu baldintzen aldaketa. Horren ondorioz, instalazioak eta hango jarduerak ebazpen honen eranskinean adierazitako baldintzak bete beharko dituzte. Instalazioaren titularra Alimenco SA da.
Bigarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
Hirugarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira epeak.
Laugarrena.–Ebazpen hau Alimenco SAra eta Milagroko Udalera igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2024ko irailaren 11n.–Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendaria, Raúl Salanueva Murguialday.
Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: https://extra.navarra.es/InformacionPublicaPRTR/ConsultasAAU.html#/ConsultaAutorizacionesAmbientalesUnificadas.
Iragarkiaren kodea: F2413360