192. ALDIZKARIA - 2024ko irailaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.1. Kargu-uzteak, izendapenak eta bestelako egoerak

46/2024 EBAZPENA, abuztuaren 30ekoa, Enpresen Sustapenerako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez izendatzen baitira Enpresen Sustapenerako Zuzendaritza Nagusiko zerbitzuetako zuzendarien aldi baterako ordezkoak.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 16.3 artikuluak ezartzen duenez, Foru Administrazio Publikoko gainerako buruak hierarkikoki zer organoren menpe dauden, hari egokituko zaio haien ordezkoak izendatzea, salbu eta horren gaineko berariazko arauren bat dagoenean.

Artikulu horren 6. apartatuaren arabera, ordezkoen izendapena baliozkoa izateko, ez da nahitaezkoa izanen Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, salbu eta baldintza hori ezarrita duten kasu zehatzetan.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Zerbitzu bakoitzean, zerbitzuko zuzendariaren kargua hutsik gelditzen denean, titularra kanpoan edo gaixorik dagoenean edo ezintasun pertsonalen bat duenean, haren ordez zerbitzu horretako atalburuak arituko dira, nor bere atalaren eskumeneko gaietan.

2. Zerbitzuen eskumeneko gaiek atal baten eremua gainditzen dutenean, hurrenkera honen arabera arituko dira ordezkoak:

a) Honako hauek izanen dira Enpresa Lehiakortasunaren eta S4ren Zerbitzuko zuzendariaren aldi baterako ordezkoak, hurrenkera honetan:

–Lehiakortasunaren Ataleko burua.

–Industria Lurzoruaren eta Azpiegituren Ataleko burua.

b) Honako hauek izanen dira Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuko zuzendariaren aldi baterako ordezkoak, hurrenkera honetan:

–Nazioartekotzeko Laguntzen Ataleko burua.

–Kanpo Sustapenaren Ataleko burua.

–Europako Programen Ataleko burua.

–Europako Funtsen Kontrolerako Ataleko burua.

c) Honako hauek izanen dira Industria Sustatzeko Zerbitzuko zuzendariaren aldi baterako ordezkoak, hurrenkera honetan:

–Enpresen Digitalizazioaren Ataleko burua.

–Nekazaritzako Elikagai Industriak Sustatzeko Ataleko burua.

–Industria Inbertsioa Sustatzeko Ataleko burua.

3. Indarrik gabe uztea 330/2020 Ebazpena, abuztuaren 4koa, Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez izendatzen baitira Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren Zuzendaritza Nagusiko zerbitzuetako zuzendarien aldi baterako ordezkoak.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

Iruñean, 2024ko abuztuaren 30ean.–Enpresen Sustapenerako zuzendari nagusia, Iñigo Arruti Torre.

Iragarkiaren kodea: F2412732