Iragarkia
191. ALDIZKARIA - 2024ko irailaren 19a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
365/2024 EBAZPENA, abuztuaren 28koa, Hezkuntzako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez jarraibideak onesten baitira Nafarroako Foru Komunitateko lurraldean dauden ikastetxe itunduetako eskola kontseiluak hautatzeko, eratzeko, haien zati bat berritzeko eta haietan hutsik dauden tokiak betetzeko.
Antolamendu, Prestakuntza eta Kalitate Zerbitzuko zuzendariak ebazpen hau onestearen aldeko txostena eman du, zeinaren helburua baita jarraibide batzuk ezartzea ikastetxe itunduetako eskola kontseiluak hautatzeko, eratzeko, haien zati bat berritzeko eta haietan hutsik dauden tokiak betetzeko.
Alderdi horiek Hezkuntza Eskubidea arautzen duen uztailaren 3ko 8/1985 Lege Organikoan daude araututa, 54. artikulutik 58.era artekoetan, hain zuzen.
Bestalde, Hezkuntza Itunei buruzko Arauen Erregelamendua onetsi zuen abenduaren 14ko 416/1992 Foru Dekretuaren 5.2 artikuluak agintzen du titularrak ikastetxeko eskola kontseilua eratu beharko duela. Era berean, foru dekretu horren 26. artikuluak zehazten du eskola kontseilua eratuko dela hauteskunde prozesuaren publikotasuna eta objektibotasuna eta eskola komunitateko kideen boto pertsonal, zuzen, berdin eta sekretua bermatuko duen prozedura bati jarraikiz.
Irakaskuntza ez-unibertsitarioen arloko eginkizun eta zerbitzuak Estatuko Administraziotik Nafarroako Foru Komunitatera eskualdatzeari buruzko abuztuaren 31ko 1070/1990 Errege Dekretua aplikatuz, bidezkoa da ikastetxe itunduetako eskola kontseiluak hautatzeko, eratzeko, haien zati bat berritzeko eta haietan hutsik dauden tokiak betetzeko jarraibideak onestea.
Horrenbestez, dagozkidan ahalmenak erabiliz, hala ematen baitizkit azaroaren 15eko 245/2023 Foru Dekretuak, Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duenak,
EBAZTEN DUT:
Lehenbizikoa.–Nafarroako Foru Komunitateko lurraldean dauden ikastetxe itunduetako eskola kontseiluak hautatzeko, eratzeko, haien zati bat berritzeko eta haietan hutsik dauden tokiak betetzeko jarraibideak onestea, baita dagokien eranskina ere. Hona hemen:
I.–Aplikazio eremua:
1. Ebazpen hau Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe itunduetan aplikatuko da, baldin eta:
–Beren eskola kontseiluak lehenbiziko aldiz hautatu behar badituzte.
–Beren eskola kontseiluen zati bat berritu behar badute, hau da, erdietako bat berritu behar badute bukatu delako hartan egoteko hautatutako kideei dagokien kargualdia.
–Eskola kontseiluko sektoreren batean hutsik dauden tokiak bete behar badituzte, bat etorriz atal honetako 2. eta 3. puntuetan ezarritakoarekin.
2. Erdietako bat berritu behar bada, zuzendariak sektoreak osatzeko aplikatzen ahalko du ebazpen hau, eskola kontseiluak toki hutsak dituenean berritu behar ez den erdian.
3. Erdietako bakar bat ere berritu behar ez bada, zuzendariak sektoreak osatzeko aplikatzen ahalko du ebazpen hau, eskola kontseiluaren bi erdietako sektore batean edo gehiagotan toki hutsak daudenean.
II.–Hauteskunde prozesua prestatzea.
1. Ikastetxeetako zuzendariek hezkuntza-komunitateko sektore bakoitzaren hautesle errolda eginen dute, boto-eskubidea duten pertsonez osatua. Errolda hori jendaurrean jarriko da, baina bakarrik agertuko dira boto-emaile bakoitzaren izen-abizenak, edo haien NAN zenbakia (edo agiri baliokidearena). Errolda hori ikastetxe barruan besterik ez da argitara emanen.
2. Errolda hori behin-behinekoa izanen da. Haren kontra erreklamazioak aurkezten ahalko dira argitaratu eta hiru egun balioduneko epean. Erreklamazioak egiteko epea bukatuta, behin betiko errolda hurrengo egun baliodunean argitaratuko da.
3. Ikastetxeetako zuzendaritzek hauteskunde batzordeko kide titular eta ordezkoak hautatzeko jendaurreko zozketak antolatuko dituzte, publikotasun eta berdintasun printzipioak bermatuz. Era berean, hautapen prozesuko jarduketak errazteko behar diren prestaketa neurriak hartu beharko dituzte.
III.–Hauteskunde batzordea.
1. Hauteskunde batzordea 2024ko urriaren 18a baino lehen eratuko da, jendaurreko ekitaldi batean, hautapen prozedura antolatzeari ekiteko.
Hauteskunde batzordeak kide hauek izanen ditu:
–Ikastetxeko zuzendaria, burua izanen dena.
–Ikastetxeko irakasle bat.
–Ikastetxeko ikasle baten guraso bat edo legezko tutorea.
–Ikastetxeko ikasle bat, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 1. mailatik aurrerakoa.
–Administrazioko eta zerbitzuetako langileen (AZL) ordezkari bat.
–Ikastetxeko titularra edo hark eskuordetzen duen pertsona.
Batzordeko kide guztiak, ikastetxeko zuzendaria eta titularra izan ezik, zozketa bidez hautatuko dira hautesle errolda bakoitzean inskribaturik daudenen artetik. Ordezkoak modu berean hautatuko dira. Horretarako, errolda bakoitzeko pertsona bakoitzari zenbaki arrunt bat esleitzen ahal zaio, 1etik aurrera, eta zenbaki bat ausaz atera, 1etik errolda osatzen dutenen kopurura artekoa. Hauteskunde batzordeko kide titular izanen da zozketan ateratako zenbakia daukana, baita horren ondokoak ere, kasuan kasuko sektorea osatzeko behar diren titularrak izan arte. Ordezkoak izanen dira erabilitako azken zenbakiaren hurrengoak dituztenak.
2. Hala ere, ebazpen honen I.3 atalean azaltzen den kasuan, zuzendariak parte hartzetik salbuesten ahalko ditu bete behar ez diren sektoreetako batzordekideak.
3. Hauteskunde batzordeak eskumen hauek izanen ditu:
a) Hezkuntza-komunitateko sektore guztien hautesle erroldak onetsi eta argitara ematea; zuzendariak aurretik prestatu beharko ditu.
b) Ikastetxeko hauteskunde egutegia zehaztea.
c) Hauteskunde prozesua antolatzea.
d) Hautagai zerrendak aurkezteko epea ezartzea.
e) Hautagai zerrendak onetsi eta aldarrikatzea.
f) Boto-paperen ereduak onestea, egokia iritziz gero.
g) Hauteskunde mahaien eraketa sustatzea eta mahaikide titularrak eta ordezkoak izendatzea.
h) Hautesle taldeek boto-eskubidea zein ordutan erabil dezaketen zehaztea.
i) Hauteskunde mahaien erabakien aurka aurkezten diren erreklamazioak ebaztea.
j) Hautetsien aldarrikapena egitea eta ebazpen honetako eranskina bidaltzea Hezkuntza Departamentura.
4. Aurreko puntuan xedatutakoaz gain, hauteskunde batzordeak eskumena izanen du hauteskunde prozesuan sor daitezkeen gatazkak ebazteko.
IV.–Hauteskunde mahaiak.
1. Irakasleentzako, ikasleentzako, guraso eta legezko tutoreentzako eta administrazioko eta zerbitzuetako langileentzako (AZL) hauteskunde mahaiak eratuko dira.
Eratutako hauteskunde mahaietako bakoitzak, bozketa saioan buru gisa aritzeaz gainera, bozketaren zuzentasuna begiratu, botoak zenbatu eta behar den akta eginen du.
2. Irakasleen sektorearen hauteskunde mahaiko kideak honako hauek izanen dira: ikastetxeko zuzendaria –mahaiburu lanetan ariko dena–, ikastetxean antzinatasun handiena duen irakaslea eta antzinatasun txikiena duena. Azken horrek hauteskunde mahaiko idazkari lanak eginen ditu. Antzinatasun bereko irakasle bat baino gehiago baldin badaude, antzinatasun handienekoen artean irakasle zaharrena izanen da mahaikide, eta antzinatasun txikienekoen artean gazteena. Hauek izanen dira ordezkoak:
–Zuzendariaren ordezkoa: ikastetxeko zuzendariordea edo, ikastetxean halakorik egon ezean, ikasketaburua.
–Ikastetxean antzinatasun handiena duen irakaslearen ordezkoa: antzinatasun handiena duten irakasleen artean bigarrena.
–Ikastetxean antzinatasun txikiena duen irakaslearen ordezkoa: antzinatasun txikiena duten irakasleen artean bigarrena.
3. Gurasoen eta legezko tutoreen sektorearen hauteskunde mahaiko kideak honako hauek izanen dira: ikastetxeko zuzendaria –mahaiburu lanetan ariko dena– eta lau guraso edo legezko tutore, zozketaz aukeratuak (III.1 atalean proposatutako sistema bera erabil daiteke). Haietatik gazteenak idazkari lanak eginen ditu. Hauek izanen dira ordezkoak:
–Zuzendariaren ordezkoa: ikastetxeko zuzendariordea edo, ikastetxean halakorik egon ezean, ikasketaburua.
–Lau gurasoen edo legezko tutoreen ordezkoak: beste lau guraso edo legezko ordezkari, zozketaz aukeratuak (III.1 atalean proposatutako sistema bera erabiltzen ahalko da).
4. Ikasleen sektorearen hauteskunde mahaiko kideak honako hauek izanen dira: ikastetxeko zuzendaria –mahaiburu lanetan ariko dena– eta DBHko 1. mailatik aurrerako bi ikasle, zozketaz aukeratuak (III.1 atalean proposatutako sistema bera erabiltzen ahalko da). Ikaslerik zaharrena idazkari gisa arituko da. Hauek izanen dira ordezkoak:
–Zuzendariaren ordezkoa: ikastetxeko zuzendariordea edo, ikastetxean halakorik egon ezean, ikasketaburua.
–Bi ikasleen ordezkoak: DBHko 1. mailatik aurrerako beste bi ikasle, zozketaz aukeratuak (III.1 atalean proposatutako sistema bera erabil daiteke).
5. Administrazioko eta zerbitzuetako langileen (AZL) sektorearen hauteskunde mahaiko kideak honako hauek izanen dira: zuzendaria, mahaiburu lanetan arituko dena, eta, langile horien artean, ikastetxean antzinatasun handiena duena eta antzinatasun txikiena duena. Azken horrek idazkari lanak eginen ditu. Hauek izanen dira ordezkoak:
–Zuzendariaren ordezkoa: ikastetxeko zuzendariordea edo, ikastetxean halakorik egon ezean, ikasketaburua.
–Ikastetxeko AZLen artean antzinatasun handiena duen langilearen ordezkoa: ikastetxean langile horien artean antzinatasun handiena duen bigarrena.
–Ikastetxeko AZLen artean antzinatasun txikiena duen langilearen ordezkoa: ikastetxean langile horien artean antzinatasun txikiena duen bigarrena.
Administrazioko eta zerbitzuetako langileen sektorean hautesleak bost baino gutxiago baldin badira ez da hauteskunde mahai hori eratuko, eta bozketa irakasleen hauteskunde mahaian eginen da, beste hautetsontzi batean.
V.–Hautatu beharreko ordezkariak eta hautagai zerrendak.
1. Sektore bakoitzeko kide guztiek eskubidea dute hautesle eta hautagai izateko. Hezkuntza-komunitateko sektore bakoitzaren ordezkariak sektore horretako kideek hautatu beharko dituzte, ez beste inork. Kideren bat bi sektoretakoa bada, bietan aurkez daiteke hautagai gisa, baina sektore bateko ordezkari baino ezin izanen da izan, bi sektoreetan ordezkari izateko hautatuz gero.
2. Ebazpen honetan aipatzen diren ikastetxeen eskola kontseiluaren osaera uztailaren 3ko 8/1985 Lege Organikoaren 56. artikuluan ezarritakoa izanen da, eta honako kide hauek osatuko dute:
–Zuzendaria.
–Ikastetxeko titularraren hiru ordezkari.
–Irakasleen lau ordezkari.
–Ikasleen gurasoen edo legezko tutoreen hiru ordezkari, bai eta legez eratuta dagoen eta ordezkaritza handiena duen guraso elkarteko ordezkari bat ere.
–Ikasleen bi ordezkari, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen ikasmailatik aurrerakoak.
–Administrazioko eta zerbitzuetako langileen (AZL) ordezkari bat.
–Ikastetxea dagoen udalerriko udalaren ordezkari bat.
Ikastetxeko eskola kontseilua eratuta, horrek pertsona bat izendatuko du gizonezkoen eta emakumezkoen berdintasun benetakoa eta eraginkorra bultzatzeko hezkuntza neurriak susta ditzan.
3. Ikastetxean 300 ikasle baino gehiago izan eta gutxienez ere bi lanbide arlo ematen badira, edo ikastetxeko ikasleen %25 gutxienez Lanbide Heziketako ikasketetan ari badira, ikastetxearen jardun eremuan ordezkaritza handiena duen enpresaburuen elkarteak proposaturiko ordezkari bat sartzen ahalko da eskola kontseiluan, hitza duela baina botorik ez.
4. Hezkuntza Bereziko ikastetxe espezifikoetan eta Hezkuntza Bereziko unitateak dituztenetan, hezkuntza-arreta osagarriko langileek ere ordezkari bat izanen dute eskola kontseiluan, ebazpen honen XIII. atalean jasotako baldintzak kontuan hartuta.
5. Ikastetxe itundu sortu berriak direnetan eta eskola kontseilua lehenbiziko aldiz eratu behar dutenetan, sektore bakoitzeko kide guztiak batera hautatuko dira. Lehenbiziko hautapenetik aurrera, eskola kontseiluaren erdia berrituko da lehenbizi, eta beste erdia gero, bi urtetik behin berritze bakoitza, atal honen hurrengo puntuan xedatutakoaren arabera.
6. Eskola kontseiluaren erdia bi urtetik behin berrituko da, lehenbizi erdi bat eta gero bestea. Agintaldiari eta hautatu beharreko ordezkarien kopuruari dagokienez, deialdi honetan berritu behar den erdia zein den kontuan harturik, jarraituko zaio uztailaren 3ko 8/1985 Foru Dekretuaren 56. artikuluan xedatutakoari. Sektore bakoitzeko ordezkari kopurua, erdi bakoitzerako, honako hau izanen da:
a) Lehenbiziko erdia:
–Ikastetxeko titularraren bi ordezkari.
–Irakasleen bi ordezkari.
–Ikasleen gurasoen eta legezko tutoreen ordezkari bat.
–Ikasleen ordezkari bat, DBHko 1. mailatik aurrerakoa.
–Hezkuntza-arreta osagarriko langileen (HAOL) ordezkari bat, halakorik bada.
b) Bigarren erdia:
–Ikastetxeko titularraren ordezkari bat.
–Irakasleen bi ordezkari.
–Ikasleen gurasoen eta legezko tutoreen bi ordezkari.
–Ikasleen ordezkari bat, DBHko 1. mailatik aurrerakoa.
–Administrazioko eta zerbitzuetako langileen (AZL) ordezkari bat.
7. Hautagai zerrenda hauteskunde batzordeari igorritako idazki baten bidez aurkeztuko da; hautagaiak idazki hori sinatu beharko du, eta, horrekin batera, NANaren edo agiri baliokidearen fotokopia aurkeztuko du.
8. Hautagaitzak aurkezteko epea 2024ko urriaren 21ean hasiko da, eta 2024ko urriaren 31ko 14:00etan bukatuko.
Hautagai zerrendak aurkezteko epea bukatu eta hurrengo egun baliodunean argitaratuko du hauteskunde batzordeak hautagaien behin-behineko zerrenda.
Hautagai onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrendaren kontra, erreklamazioa jartzen ahal da hura argitaratu eta hurrengo egun baliodunean. Hauteskunde batzordeak hurrengo bi egun baliodunetan ebatziko du, eta hautagaien behin betiko zerrenda argitaratuko du hurrengo egun baliodunean. Hartzen den erabakiaren kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Hezkuntzako zuzendari nagusiari zuzendua, hilabeteko epean; errekurtsoa jarrita ere, prozesua ez da etenen.
9. Gerta daiteke sektore batean aurkeztutako hautagaien kopurua txikiagoa izatea berritu edo bete beharreko ordezkariena baino, edo horren berdina izatea. Horrelakoetan, aurkeztu diren hautagaiak automatikoki aldarrikatuko ditu hauteskunde batzordeak, sektore horretako hauteskunde mahaira deitu beharrik gabe. Aldarrikapena eginda, eskola kontseilua eratu beharko da ebazpen honetako X. atalean ezarritakoari jarraikiz.
VI.–Bozketa prozesua.
1. Hauteskunde batzordeak ezartzen dituen egunetan eginen dira eskola kontseiluetako sektoreen ordezkarien hauteskundeak, 2024ko azaroaren 11tik 22ra bitarte, biak barne.
Bozkatzeko orduak hautesleen parte-hartzea errazteko moduan ezarriko dira. Bozketa zuzenekoa izanen da, sekretua eta eskuordetu ezinekoa. Hauteskunde mahaiaren aurrean egiten diren bozketa presentzialetan, hautesleek beren nortasuna frogatu beharko dute NANa edo agiri baliokide bat aurkeztuz, eta ez da botoa ematerik izanen hauteskunde mahaian behar den frogagiria aurkeztu gabe.
2. Hauteskunde batzordeak berariazko boto-paper ereduak finkatzen ahal ditu. Boto-paper horietan hautagaien izenak agertuko dira, lehenbiziko deituraren arabera alfabetikoki ordenatuak. Gurasoen eta legezko tutoreen edo ikasleen sektoreetako hautagairen bat hautagai zerrenda bereizi bateko partaidea bada, hautagai horien izenaren azpian beren elkartearen edo erakundearen izena agertuko da. Hautagai bakoitzaren izenaren aurrean laukitxo bat jarriko da. Boto-emaileak gurutze bat jarriko du laukitxoan edo laukitxoetan, kasuan-kasuan, botoa zein hautagairentzat den adierazteko.
3. Irakasleen ordezkariak hautatzeko, zuzendariak klaustro berezi baterako deia eginen du, irakasleen hauteskunde mahaia eratu dadin eta irakasleen ordezkariak hautatzeko bozketa egin dadin.
Irakasle bakoitzak gehienez hiru izen jarriko ditu bere boto-paperean, bete beharreko tokiak lau badira, bi izen hiru badira, eta izen bakarra ordezkari bat edo bi aukeratu behar direnean. Lehenbiziko bozketan behar diren irakasle guztiak aukeratzen ez badira, ekitaldi berean bigarren bozketa eginen da, azkena, kopuru horretara ailegatzeko asmoz.
Boto presentzialaren alternatiba gisa, Hezkuntza Departamentuak, EDUCAren bidez, irakasleek botoa telematikoki emateko aukera martxan jartzen ahalko du bozketarako berariaz antolatutako klaustro berezi horretan. Kasu horretan, Hezkuntza Departamentuak bozketa prozesua gauzatzeko jarraibide egokiak helaraziko dizkie ikastetxeei. Aukera hori erabiltzen ahalko dute soilik EDUCAren bidez hautesle errolda gaurkotua duten ikastetxeek.
4. Gurasoen eta legezko tutoreen sektoreko ordezkariak hautatzeko, bozketa prozesua zuzenduko duen hauteskunde mahaia eratuko da.
Guraso edo legezko tutore bakoitzak gehienez bi izen jarriko ditu bere boto-paperean, bete beharreko tokiak hiru badira, eta izen bakarra, ordezkari bat edo bi aukeratu behar direnean.
Ikastetxeek erabakitzen ahal dute bozketa presentzialaz gain bozkatzeko beste modu bat ezartzea.
Aukera hori Hezkuntza Departamentuak gaituko du EDUCAren bidez, baina erabiltzen ahalko dute soilik hautesle errolda EDUCAren bidez eguneratuta duten ikastetxeek. Horrela, ikasleen gurasoek eta legezko tutoreek botoa telematikoki ematen ahalko dute. Kasu horretan, Hezkuntza Departamentuak bozketa prozesua gauzatzeko jarraibide egokiak helaraziko dizkie ikastetxeei.
Bozketa telematikoa aukeratzen duten ikastetxe guztiek laguntza eman beharko diete hala eskatzen duten guraso edo legezko ordezkari guztiei, eta beti bermatuko dute botoaren zuzeneko, isilpeko eta eskuordetu ezineko izaera.
Bozketa telematikoak egin badira, boto telematikoa eman dutenek debekatuta izanen dute botoa modu presentzialean ematea. Era berean, kontuan hartu beharko da bozketa telematikoen emaitza isilpekoa izanen dela botoen zenbaketa egin arte.
Nolanahi ere, bozketa telematikoaren aukera bozketa presentzialaren osagarri gisa ulertu behar da, eta hura erabiltzeak ez du inolaz ere esan nahi prozesu presentzialari uko egiten ahal zaionik. Izan ere, botoa modu presentzialean eman nahi duten hautesleek beti izan behar dute bermatuta aukera hori.
5. Ikasleen sektoreko ordezkariak hautatzeko (DBHko 1. mailatik aurrera), bozketa prozesua zuzenduko duen hauteskunde mahaia eratuko da.
Ikasle bakoitzak, DBHko 1. mailatik aurrera, izen bakar bat adieraziko du boto-paperean.
Ikastetxeek erabakitzen ahal dute bozketa presentzialaz gain bozkatzeko beste modu bat ezartzea.
Aukera hori Hezkuntza Departamentuak gaituko du EDUCAren bidez, baina erabiltzen ahalko dute soilik hautesle errolda EDUCAren bidez eguneratuta duten ikastetxeek. Horrela, ikasleek botoa telematikoki ematen ahalko dute. Kasu horretan, Hezkuntza Departamentuak bozketa prozesua gauzatzeko jarraibide egokiak helaraziko dizkie ikastetxeei.
Bozketa telematikoa aukeratzen duten ikastetxe guztiek laguntza eman beharko diete hala eskatzen duten ikasle guztiei, eta beti bermatuko dute botoaren zuzeneko, isilpeko eta eskuordetu ezineko izaera.
Bozketa telematikoak egin badira, boto telematikoa eman dutenek debekatuta izanen dute botoa modu presentzialean ematea. Era berean, kontuan hartu beharko da bozketa telematikoen emaitza isilpekoa izanen dela botoen zenbaketa egin arte.
Nolanahi ere, bozketa telematikoaren aukera bozketa presentzialaren osagarri gisa ulertu behar da, eta hura erabiltzeak ez du inolaz ere esan nahi prozesu presentzialari uko egiten ahal zaionik. Izan ere, botoa modu presentzialean eman nahi duten hautesleek beti izan behar dute bermatuta aukera hori.
6. Administrazioko eta zerbitzuetako langileen (AZL) ordezkaria hautatzeko, boto-emaile bakoitzak izen bakar bat adieraziko du boto-paperean.
7. Hezkuntza-arreta osagarriko langileen ordezkaria hautatzeko bozketa irakasleen sektorearen hauteskunde mahaian eginen da, beste hautetsontzi batean. Hautesle bakoitzak hautagai bakarrari emanen dio botoa. Hezkuntza-arreta osagarriko langileen ordezkaria eskola kontseiluaren lehen erdikoa izanen da, eta erdi horri dagokion kargualdia bukatzean utziko dio bere agintaldiari, ebazpen honen XIII. atalean jasotako baldintzak kontuan hartuta.
VII.–Toki hutsak betetzea.
1. Ebazpen honen I.3 atalean ezarritakoari jarraikiz, eta nahiz eta ez egon eskola kontseiluko erdietako bat berritzeko premia, zuzendariak, egoki iritziz gero, hauteskundeetarako deia egiten ahalko du sektoreetan diren toki hutsak betetzeko, erdi batean edo bietan, betiere toki hutsak ordezkoen zerrendaren bitartez betetzerik izan ez denean.
Toki hutsak esleitzeko orduan, boto gehien duen hautagaiak agintaldi luzeena hartuko du, eta haren agintaldia bukatuko da ordezten duenaren agintaldiak zer egunetan bukatu beharko lukeen, egun horretan.
2. Bi erdietako bat berritu behar duten ikastetxeek toki hutsak esleitzeko deskribatu den prozesua erabiliko dute berritu beharrekoa ez den erdiko toki hutsak betetzeko, hala egokitzen denean.
Hala gertatuz gero, sektore bakoitzean boto gehien eskuratzen duten hautagaiei berritzen ari den erdiko tokiak esleituko zaizkie, eta hurrengoek beste erdiko toki hutsak beteko dituzte. Azken ordezkari horien agintaldia sektore bakoitzean ordeztutakoen agintaldiak bukatu behar zuen egun berean bukatuko da.
3. Sektore bateko hautagaien kopurua bi erdietan bete beharreko toki hutsen kopurua adinakoa bada, hauteskunde batzordeak zehaztuko du erdi bati edo besteari esleitzeko prozedura. Akta ofizial batean jaso beharko du esleitzeko zer prozedura erabili duen.
VIII.–Botoak zenbatzea, aktak egitea eta hautetsiak aldarrikatzea.
1. Hauteskunde ekitaldi bakoitzean, bozketa bukatu ondoren, hauteskunde mahaiak botoak zenbatuko ditu, hautetsontzian bertan emandako botoak eta telematikoki emandakoak kontuan hartuta, baldin badaude.
Botoak baliogabetzeko irizpide orokorrez gainera (edukikoak eta formakoak), bozketa presentzialaren kasuan, batzordeak ereduren bat onartzen badu boto-paperetarako, beste eredu batean ematen diren botoek ez dute baliorik izanen.
Botoak jendaurreko ekitaldian zenbatu ondotik, hauteskunde mahaiko kide guztiek sinatu beharreko akta eginen da, datu hauek bildu beharko dituena: aurkeztutako hautagaien zerrenda eta bakoitzak lortutako boto kopurua, eskola kontseiluko kide izateko aukeratuen zerrenda eta gerta daitezkeen toki hutsak betetzeko ordezkoen zerrenda, horietako bakoitzak lortu duen boto kopurua adierazita eta horren arabera ordenatuta, boto kopuru handienetik txikienera. Hauteskunde mahai bakoitzak akta igorriko dio ikastetxeko hauteskunde batzordeari, hautetsien aldarrikapena egin dezan.
Kontuan hartu behar da sektore bakoitzerako ordezkoen zerrenda indarrean egonen dela eskola kontseiluaren erdietako bat berritzen denera arte. Izan ere, berritzearekin batera ordezkoen zerrenda berria osatuko da, zeinak aurreko zerrenda indargabetuko baitu. Eskola kontseiluaren erdiren bat berritu behar ez den ikasturteetan sektore jakin bateko toki hutsak betetzen diren kasu guztietan, prozedura zabaltzeagatik sektore horretan eratzen den ordezkoen zerrenda indarrean egonen da eskola kontseiluaren erdietako bat partzialki berritu arte.
2. Bozketetan berdinketarik izanez gero, hauteskunde mahaiak zozketa bidez eginen du hautaketa. Hauteskunde batzordeari igortzen zaion aktan horren berri emanen da.
3. Hauteskunde mahaiek botoen zenbaketa eta aktak egin ondotik, hauteskunde batzordeak hautetsien aldarrikapena eginen du. Batzordearen erabakien aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Hezkuntzako zuzendari nagusiari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.
4. Ikastetxeko zuzendariak, hauteskunde batzordeko burua den aldetik, ebazpen honen eranskina igorri beharko du, behar bezala beterik, Hezkuntza Departamentuko Ikasketak Antolatzeko Atalera (ordenacion.academica@navarra.es), sektore guztietako bozketak bukatu eta bost egun balioduneko epean, gehienez ere.
IX.–Kide izendatuak.
1. Hezkuntzarako eskubidea arautzen duen uztailaren 3ko 8/1985 Lege Organikoaren 56.1 artikuluak ezartzen duen moduan, eskola kontseiluko kide izanen dira ikastetxea kokatua dagoen udalerriko zinegotzi edo udal ordezkari bat eta, legez eratuta izanik, ordezkaritza handiena duen guraso elkartearen ordezkari aritzen den guraso bat edo legezko tutore bat.
2. Ikastetxeko zuzendariak, hauteskunde batzordeko burua edo, hala badagokio, eskola kontseiluko burua den aldetik, ikastetxea kokatua dagoen herriko udalari eskatuko dio izenda dezala eskola kontseiluko kide izanen den zinegotzia edo ordezkaria.
Udaleko zinegotziaren edo ordezkariaren kargualdiak bi urte iraunen du, edo gutxiago, hura izendatu zuen organoak hala erabakiz gero.
3. Era berean, ikastetxeko zuzendariak, hauteskunde batzordeko burua edo, hala badagokio, eskola kontseiluko burua den aldetik, eskola kontseiluko kide izateko ordezkaria izenda dezala eskatuko dio ikastetxean ordezkaritza handiena duen eta legez eratua den guraso elkarteari, bai eta ikastetxearen jardun eremuan ordezkaritza handiena duen enpresaburuen elkarteari ere, halakorik dagoenean.
Guraso elkarteak aukeratzen duen ordezkariak ikasleen gurasoen eta legezko tutoreen hautesle erroldan agertu beharko du. Haren kargualdia bi urtekoa izanen da, hau da, eskola kontseiluko erdietako bat berritzen den bakoitzean hura ere berrituko da, eta ikasleen guraso eta legezko tutore hautetsiek kargua uzteko ezarri diren kasu berberetan utzi beharko du berak ere kargua, eta, horretaz gainera, baita izendatzen duen guraso elkarteak erabakitzen duenean ere.
Ordezkaritza handiena duen guraso elkartea izanen da hautesle erroldak onartzen diren egunean elkarteko kide diren familia kopuru handiena duena, guraso elkartearen idazkariak aurkeztu beharreko ziurtagirian adierazten denaren arabera. Ikastetxeko zuzendariak, hauteskunde batzordeko burua edo, hala badagokio, eskola kontseiluko burua aldetik, edozein unetan eskatzen ahalko dio egokia iruditzen zaion dokumentazioa, emandako datuak egiazkoak direla ziurtatzeko.
Ikasleen guraso elkarteak izendaturiko ordezkariak kargualdia bukatu baino lehen uzten badu kargua, elkarteak beste ordezkari bat izendatu beharko du, aurrekoaren kargualdia amaitzeko falta den denbora horretan aritu dadin. Bi hilabeteko epean izendapenik egiten ez bada, gurasoen eta legezko tutoreen sektoreko ordezkoen zerrendan tokia lortu ez zutenen artean boto gehien eskuratu zuen hautagaiak hartuko du toki hori, eskola kontseiluaren zati baten berritzea egin arte.
4. Ikastetxearen jardun eremuan ordezkaritza handiena duen enpresaburuen elkarteak izendatzen duen ordezkariaren kargualdia bi urtekoa izanen da, hau da, eskola kontseiluaren erdietako bat berritzean hura ere berrituko da. Ordezkari hori kargutik kentzen ahalko da hura izendatu zuen enpresaburuen elkarteak edo ikastetxeko titularrak hala erabakiz gero.
X.–Eskola kontseilua eratzea.
1. Hautetsiak aldarrikatu eta hamar eguneko epean, gehienez ere, zuzendariak eskola kontseilua eratzeko bilkurarako deia eginen du.
2. Ikastetxeko hezkuntza-komunitateko sektoreren batek ordezkariak hautatu ez baditu ere sektoreari berari egotz dakiokeen arrazoiren batengatik, eskola kontseiluaren eraketa baliozkoa izanen da.
XI.–Eskola kontseiluaren eskumenak.
Uztailaren 3ko 8/1985 Lege Organikoaren 57. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, honako hauek dira ikastetxeko eskola kontseiluaren eskumenak:
a) Ikastetxeko zuzendariaren izendapenean esku hartzea, uztailaren 3ko 8/1985 Lege Organikoaren 59. artikuluan ezarritakoaren bat.
b) Ikastetxeko irakasleen hautapenean esku hartzea, uztailaren 3ko 8/1985 Lege Organikoaren 60. artikuluan ezarritakoaren bat.
c) Ikasleak onartzeko prozesuan parte hartzea, eta prozesua arauei jarraikiz eginen dela bermatzea.
d) Adingabeen eskubideen aitortza eta babesa sustatzen duten hezkuntzako neurriak har daitezen bultzatzea eta neurrion jarraipena egitea.
d bis) Ikastetxean bizikidetzari aurka egiten dieten portaeren berri izatea eta neurri zuzentzaileak aplikatzea, neurriok indarrean dagoen araudiaren araberakoak direla zainduta. Zuzendariak diziplina neurriak hartzen dituenean ikasleek ikastetxeko bizikidetza nabarmen kaltetzen duten portaerak izan dituztelako, eskola kontseiluak, gurasoek edo tutoreek hala eskatuta, egoera aztertzen ahalko du, eta hala badagokio, neurri egokiak proposatu.
e) Ikastetxeko aurrekontua onestea, administrazioak emandako funtsei eta baimendutako zenbatekoei erreparatuta, eta urteko kontuak ematea.
f) Ikastetxeko programazio orokorrari buruzko txostena ematea eta hura ebaluatzea. Programazioa zuzendaritza taldeak prestatuko du urtero.
g) Administrazioari proposatzea, hala badagokio, baimena ematea ikasleen familiei dirusariak ezartzeko eskola-jarduera osagarriak egiteagatik.
h) Ikastetxeko lerro pedagogiko orokorraren aplikazioan parte hartzea eta txostena ematea eskola jarduera osagarriak, eskolaz kanpoko jarduerak eta eskola zerbitzuak programatu eta garatzeko jarraibideei buruz.
i) Ikastetxeko titularrak proposatuta, ikasleen gurasoek eskolaz kanpoko jarduerengatik eta eskola zerbitzuengatik ordaindu beharreko ekarpenak onestea, baldin eta hori erabaki badute hezkuntza administrazioek.
j) Txostena ematea ikastetxeak kultura, kirol eta jolas jardueretan parte hartzeko irizpideei buruz, eta ikastetxeak zer laguntza ekintzatan parte hartzen ahal duen, horietan nola parte hartu zehazteko irizpideei buruz ere bai.
k) Beste ikastetxe batzuekin lankidetzan aritzeko bidea erraztea, kultura eta hezkuntza xede duten jardueretarako.
l) Titularrak proposatuta, ikastetxeko barne-erregimeneko araudiari buruzko txostena ematea.
m) Ikastetxeko jarduera orokorraren ebaluazioan parte hartzea, administrazioko eta irakaskuntzako alderdiei dagokienez.
n) Honako alderdi hauek bultzatzeko neurriak eta ekimenak proposatzea: bizikidetza ikastetxean; tratu-berdintasuna eta diskriminaziorik eza; emakumeen eta gizonen berdintasuna; genero-indarkeriaren prebentzioa eta gatazkak modu baketsuan konpontzea norberaren bizitzan, familian eta gizartean.
XII.–Prozesua bateratzea.
Uztailaren 3ko 8/1985 Lege Organikoaren 54.4 artikuluan xedatutakoa kontuan harturik, maila edo etapa bat baino gehiago duten ikastetxe itunduetan eskola kontseilu bakarra eratzen ahalko da; horrelako kasuetan, zuzendari eta irakasle klaustro bakarra izanen dute ikastetxe osorako.
XIII.–Hezkuntza Bereziko unitateak gehitu edo kentzeak eragindako ondorioak.
Hezkuntza-arreta osagarriko langileen ordezkariei dagokienez, eta kontuan hartu gabe hauteskunde hauetan erdietako edozein berritzea dagokien edo ez, ikastetxe batean Hezkuntza Bereziko unitateak sortzen badira, hezkuntza-arreta osagarriko langileen (PAEC) ordezkari bat sartuko da eskola kontseiluan, eta gobernu organo horretan botoa emateko eskubidea duten kideen gehieneko kopuruari beste bat gehituko zaio. Era berean, ikastetxe batek Hezkuntza Bereziko unitateak izateari uzten badio, langile horien ordezkaririk ez da egonen eskola kontseiluan, eta gobernu organo horretan botoa emateko eskubidea duten kideen gehieneko kopuruak bat gutxiago izanen du.
XIV.–Prozesuaren bermea.
1. Ikastetxe itunduetako titularrak, zuzendariak eta hauteskunde batzordeak hauteskunde prozedura antolatzeaz arduratuko dira, hezkuntza-komunitateko sektore guztien parte-hartzea ahalik eta hobekien bermatzeko moduan.
2. Antolamendu, Prestakuntza eta Kalitate Zerbitzuak, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak, ikastetxeetako zuzendariek eta hauteskunde batzordeek behar diren neurriak hartuko dituzte ikastetxeetako eskola kontseiluak behar bezala eratu daitezen; orobat, bermatuko dute kasuan kasuko prozesuetan hezkuntza-komunitateko sektore guztiek parte hartzen dutela, horretarako erraztasunak emanez.
3. Eskola kontseiluak eratu ondoren, ikasturtean zehar gertatzen diren aldaketa guztiak Hezkuntza Departamentuari jakinarazi beharko zaizkio. Eskola kontseiluko kide hautetsiak aldatuz gero, jakinarazpena egiteko, Ikasketak Antolatzeko Atalera igorri beharko dira (ordenacion.academica@navarra.es) osaera berria eta ordezkoen zerrenda, halakorik bada (ebazpen honen eranskineko 1., 5b eta 6. atalak). Eskola kontseiluko kide ez-hautetsiak aldatzen direnean, aski izanen da jakinaraztea zer kide ateratzen den eta zein sartzen.
Bigarrena.–Ebazpen honek eta haren eranskinak ez dute administrazio bidea amaitzen eta haien aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
Hirugarrena.–Ebazpen hau eta haren eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
Laugarrena.–Ebazpen hau eta haren eranskina igortzea, behar diren ondorioak izan ditzaten, Antolamendu, Prestakuntza eta Kalitate Zerbitzura, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura eta Hezkuntzako Teknologien eta IKT Azpiegituren Zerbitzura.
Iruñean, 2024ko abuztuaren 28an.–Hezkuntzako zuzendari nagusia, Gil Sevillano González.
ERANSKINA.–ESKOLA KONTSEILUAK HAUTATZEA, HAIEN ZATI BAT BERRITZEA EDO SEKTOREAK OSATZEA IKASTETXE ITUNDUETAN (2024-2025)
1.–IKASTETXEAREN IDENTIFIKAZIO DATUAK |
Izena: ............................................................................................................. Telefonoa: ................................................................ Herria: ............................................................................................................ Faxa: ....................................................................... . Helbide elektronikoa: ............................................................................................................................................................................. |
Ematen dituen irakaskuntzak: Haur Hezkuntza: Lehen Hezkuntza: Bigarren Hezkuntza: Lanbide Heziketa: Batxilergoa: Hezkuntza Berezia: |
2.–ESKOLA KONTSEILUA HAUTATZEKO MODUA | |
Kontseilua lehenbizikoz hautatzea Kontseiluaren zati bat berritzea: 1. erdia (2 irakasle, guraso bat, ikasle bat¹ eta HAOL² bat) 2. erdia (2 irakasle, 2 guraso, ikasle bat¹ eta AZL bat) (1) DBHko 1. mailatik aurrerakoa. (2) Hezkuntza Bereziko ikastetxe espezifikoetan eta Hezkuntza Bereziko unitateak dituztenetan. | Sektoreak osatzea (berritu behar ez den erdirako toki hutsak bete behar direnean soilik bete, edo bi erdietarako direnean) Irakasleen sektorea Gurasoen edo tutoreen sektorea Ikasleen sektorea Administrazioko eta zerbitzuetako langileen sektorea (AZL) Hezkuntza-arreta osagarriko langileen sektorea (HAOL) |
3.–AURKEZTUTAKO HAUTAGAIEN ZERRENDA ETA LORTUTAKO BOTOEN KOPURUA (boto kopuruaren arabera ordenatua) |
Irakasleak | Gurasoak/tutoreak | |||||
MOTA³ | IZENA | BOTOAK | MOTA³ | IZENA | BOTOAK | |
Ikasleak | AZLak / HAOLak | |||||
MOTA³ | IZENA | BOTOAK | MOTA³ AZLak / HAOLak | IZENA | BOTOAK | |
(3) ORD.: berritu behar den erdirako hautatutako ordezkaria; SHH: sektoreak osatzeko toki hutsa betetzen duen hautagaia; OH: ordezkoen zerrendarako hautagaia; AZL: administrazioko eta zerbitzuetako langileak; HAOL: hezkuntza-arreta osagarriko langileak. | ||||||
4.–HAUTESKUNDEETAKO PARTE-HARTZEA ETA ORDEZKARI HAUTATUAK | ||||||||||
Irakasleak | Gurasoak | Ikasleak | AZLak | HAOLak | ||||||
Errolda, guztira | ||||||||||
Boto-emaileak (kopurua eta %) | ||||||||||
Erdi bakoitzerako aurten hautatutako hautagaien kopurua | 1. erdia | 2. erdia | 1. erdia | 2. erdia | 1. erdia | 2. erdia | 2. erdia | 1. erdia | ||
5.–ESKOLA KONTSEILUAREN OSAERA BERRIA | |||
5.–a) Eskola kontseiluko kide ez-hautetsiak | |||
Kontseiluko burua: ......................................................................................................................................................................................... Ikastetxeko titularraren ordezkariak⁴: 1.– .................................................................................................................................................................................................................. 2.– ............................................................................................................................................................................................................. 3.– .................................................................................................................................................................................................................. Ordezkaritza handiena duen guraso elkartearen ordezkaria⁵ ⁶: ..................................................................................................................... Enpresaburuen elkartearen ordezkaria⁶ ⁷: ...................................................................................................................................................... Zinegotzia edo udalaren ordezkaria⁶ ⁸: ........................................................................................................................................................... (4) Lehenbiziko bi ordezkariak 1. erdikoak izanen dira, eta hirugarrena 2. erdikoa. (5) Izendapenik izan ezean, gurasoen ordezkoen zerrendako lehenbiziko hautagaiak beteko du toki hau. (6) Bi urtetik behin berritzen da. (7) 300 ikasle baino gehiago dituzten eta gutxienez ere bi lanbide arlo ematen dituzten ikastetxeetarako, edo ikasleen %25 gutxienez lanbide heziketako ikasketetan ari diren ikastetxeetarako. (8) Ikasturte honetan eskola kontseilua lehen aldiz aukeratu edo eskola kontseiluaren erdia berritu behar duten ikastetxeentzat. | |||
5.–b) Eskola kontseiluko kide hautetsiak | |||
1. erdiko kideak | |||
Irakasleak | Gurasoak edo tutoreak | Ikasleak | HAOLak |
2. erdiko kideak | |||
Irakasleak | Gurasoak edo tutoreak | Ikasleak | AZLak |
6.–ORDEZKOEN ZERRENDA(boto kopuruaren arabera ordenatua) | |||||||||
Irakasleak | Gurasoak edo tutoreak | Ikasleak | AZLak | HAOLak | |||||
Hautagaiak | Botoak | Hautagaiak | Botoak | Hautagaiak | Botoak | Hautagaiak | Botoak | Hautagaiak | Botoak |
7.–HAUTESKUNDE MAHAIAK⁹ | |||
Irakasleak | Gurasoak edo tutoreak | Ikasleak | Adm. eta zerbitz. langileak |
Kideen sinadura Data: | Kideen sinadura Data: | Kideen sinadura Data: | Kideen sinadura Data: |
(9) Sektoreren batean hauteskunde mahaia deitzea beharrezkoa izan ez bada, aldarrikapen automatikoa egin delako, mahaikideen sinaduraren ordez AA sigla (aldarrikapen automatikoa) soilik idatzi beharko da, hauteskunde batzordeko lehendakariaren sinadurarekin eta aldarrikapen automatiko hori egin den datarekin batera. | |||
.............................................(e)n, 20......(e)ko .....................................aren ........(e)(a)n.
Ikastetxeko zuzendaria
Iragarkiaren kodea: F2412770
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
