191. ALDIZKARIA - 2024ko irailaren 19a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

GALAR

Ordenantza, herritarren parte-hartzea arautzen duena. Behin betiko onespena

Galarko Udalak, 2024ko ekainaren 14an egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Galarko Udalaren Herritarren parte-hartzea arautzen duen ordenantza (2024ko 145. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, uztailaren 30ean).

Jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, hasierako erabakia behin betikoa bilakatu, eta osorik argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan. Hori guztia, uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1 artikuluari jarraikiz (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).

Getze Galarren, 2024ko irailaren 3an.–Alkatea, Óscar Amóztegui Recalde.

ORDENANTZA, GALARKO UDALARENA, HERRITARREN PARTE-HARTZEA ARAUTZEN DUENA

SARRERA

Herritarren parte-hartzea funtsezko ardatz bilakatu da egungo sistema parlamentarioen kontzepzioan. Azken urteetako aurrerapenei esker, gizarteak behar adinako ezagutza eta gaitasuna garatu ditu, eraginkortasunez eta arduraz inplikatzeko politika publikoak proposatu, eztabaidatu, erabaki edo ebaluatzeko prozesuetan. Ordezkaritzako erakundeak zuzeneko parte-hartzeari irekitzeak izan behar du administrazio publikoen funtzionamendurako paradigma berria, ordezkarien jardun politikoa eta pertsona ordezkatuen ekarpenak bateraturik. Areago izan behar du hala, gainera, udal esparruan, herritarren eta erakundearen arteko hurbiltasuna baitu bereizgarri.

Hori garbi izanik, eta Espainiako Konstituzioak helburu duen "demokrazia aurreratuaren" ideal horretara hurbildu nahirik, beharrezkoa da Nafarroako herritarrek eskura dituzten parte-hartze baliabideak sustatu eta sendotzea. Baliabide horiek lege-arau hauetan jasota daude: martxoaren 25eko 3/1985 Foru Legea, Legegintzako Herri-ekimena arautzen duena; uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa, araugintza-ekimenak aurrera eramateari dagokionez; urriaren 28ko 27/2002 Foru Legea, Toki-esparruko Herri-kontsultak arautzen dituena (hura ez du honako foru lege honek aldatzen); eta Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legearen IV. titulua, foru lege honek indargabetzen duena, beronen artikuluetan zehar nabarmen zabaltzen baitira titulu hartan jasotako parte-hartze eskubideak.

Bizilagunak udalerri hobea lankidetzan eraikitzen inplikatzeak berme demokratikoa dakar Galar zendearen etorkizunarentzat, eta horrek, era berean, sustatzen du herritarrak eta erakundeak elkarrengana hurbil daitezen. Bestalde, informazioaren eta komunikazioaren teknologietan izan den iraultzak bide ematen du pertsona gehiagoren interakzioa gerta dadin aldi berean, eta horrek erraztu egiten du parte-hartze kolektiboko prozesuak izan daitezen demokratikoagoak eta anbizio handiagokoak. Errealitate horrek, baina, ezin ditu arazoak ezkutatu tresna digitalak eskura izateari edo erabiltzeari dagokionez, eta ezin ditu, era berean, albo batera utzi zer zailtasun dagoen familia eta bizitza pertsonala bateratu ahal izateko bizitza politikoan inplikatzeko behar den ahalegin eta denborarekin. Hala ere, oztopo horiek ezin dute mugatu herritarren parte-hartzearen garapena; aitzitik, pizgarri izan behar dute, parte hartzeko trabak errotik kentzeko.

II

Herritarren parte-hartzea bada, dagoeneko, oinarrizko elementuetako bat toki-erakundeen gobernuan eta administrazioan, eta udalak oharturik daude parte-hartzeak izan behar duela udal jardun osoaren printzipioetako bat, eta ordezkaritza-demokraziaren osagarria; izan ere, gizarte honetan, herritarrek eskatzen dute, komunitate politiko bateko partaide gisa, presentzia aktiboa izatea erabakiak hartzeko prozesuan. Labur esanda, parte-hartzea, hain zuzen ere, zerbaitetan parte hartzea da, eta hiri bateko parte sentitzea, halaber, haren gobernuan eta kudeaketan parte hartzea da.

Ideia hori gure ordenamendu juridikotik ere ondorioztatzen da, Konstituzioaren 9.2 eta 23.1 artikuluak elkarrekin aintzat harturik. Artikulu horietako lehenak botere publikoei agintzen dien betekizunen artean –gizabanakoaren eskubideak eta askatasunak osotasunez erabil daitezen, hain zuzen–, honako hau dago: herritar guztien parte-hartzea erraztea, bai bizitza politikoan, bai eta ekonomia-, kultura- eta gizarte-bizitzan ere.

Era berean, parte-hartzeari buruzko ordenantza honen helburua da foru komunitatean indarrean den legediari erantzutea, parte hartzeari, gardentasunari eta herritar guztiek informazioa eskuratzeari dagokionez, honako arau hauetan jasota dagoen eran:

a) Uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 92.etik eta 96 ter-era bitarteko artikuluak eta 318.1 artikulua (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).

b) Azaroaren 28ko 2568/1986 Errege Dekretuaren 227.etik 236.era bitarteko artikuluak (Toki Entitateen Antolaketaren, Funtzionamenduaren eta Araubide Juridikoaren gaineko Erregelamendua onesten duen errege-dekretua).

c) Azaroaren 21eko 27/2002 Foru Legea, Toki-esparruko Herri-kontsultak arautzen dituena.

d) Urriaren 1eko 39/2015 Legea, Administrazio Publikoen Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa.

I. KAPITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honen xedea da bitartekoak, moduak eta prozedurak arautzea, herritarrek udalerriko gai publikoen zuzendaritzan berdintasunez parte har dezaten, modu erreal eta eraginkorrean, dela zuzenean, dela herritarrak barne hartzen dituzten herritarren parte-hartzerako erakundeen bidez, eta, orobat, xedetzat du parte-hartze hori bera sustatzea; hori guztia, Konstituzioan eta foru komunitatean ezarritakoaren esparruan.

2. artikulua. Helburuak.

Ordenantzak helburu hauek ditu:

a) Segurtatzea herritarren parte-hartzea eskubide errespetatua eta babestua izan dadin, herritarren eskubideak erabat gauzatzen laguntzeko.

b) Herritarren parte-hartzea erraztea demokraziaren funtsezko osagai gisa, erabaki inklusiboak eta ordezkatzaileak hartzea indartu dadin.

c) Gardentasuna hobetzea kudeaketa publikoan, herritarrei bide emanik gobernuaren erabakiak eta ekintzak gainbegiratu eta ebalua ditzaten.

d) Erraztea eta hobetzea informazioa eskuratu dadin Udalaren jarduera, zerbitzu, proiektu eta programei buruz.

e) Ordezkaritza eta parte-hartze ekitatiboa bermatzea hainbat biztanle talde, komunitate eta sektorerentzat, horretarako bultzaturik eta lehenetsirik onura publikoko ekimenak gauzatu daitezen, behar eta interes kolektiboen aldekoak.

f) Parte hartzeko bideak eta moduak erraztea eta sustatzea, erabakiak hartzeko prozesua aberastu dadin komunitatean diren ikuspegi, ezagutza eta esperientzien aniztasunarekin.

g) Mekanismoak ezartzea udal administrazioaren eta herritarren arteko lankidetza sustatzeko eta, horrela, desafioei aurre egiteko eta elkarrekin konponbideak aurkitzeko.

h) Gobernu-erabakien aldeko onarpen eta sostengu handiagoak sortzea, herritarrak sartzen baitira eztabaidatzeko eta kontsultatzeko prozesuetan.

3. artikulua. Printzipio gidariak.

Herritarren parte-hartzeak honako printzipio gidari hauek izanen ditu:

a) Bermatzea garrantzizko informazioa eskuratu dadin, eta irekitasuna sustatzea erabakiak hartzeko prozesuetan.

b) Segurtatzea herritarren aniztasunaren ordezkaritza, aintzat harturik generoa, adina, etnia nahiz garrantzizko beste ezaugarri batzuk.

c) Sustatzea udal administrazioaren eta herritarren arteko lankidetza, tokiko desafioei aurre egiteko.

d) Herritarren parte-hartzea sustatzea erabakiak hartzeko prozesuan, erabaki horiek komunitatea zuzenean ukitzen dutenean.

4. artikulua. Aplikazio-eremua.

Parte-hartzea arautzeko ordenantza hau Galarko udal erroldan inskribaturik dauden bizilagun guztiei aplikatuko zaie, bai eta herritarren elkarte eta entitateei ere, egoitza soziala udalerrian badute eta Herritarren Elkarte eta Entitateen Galarko Udal Erregistroan inskribaturik badaude.

5. artikulua. Parte hartzeko eskubidea.

Herritar guztiek dute Udalaren eskumeneko gai publikoak zuzentzeko prozesuan parte hartzeko eskubidea, legeetan eta ordenantza honetan jasotzen den moduan, baldin eta jarduteko gaitasuna badute –administrazio-prozedura erkidearen oinarrizko araudiaren arabera– eta udalerri honetako bizilagun badira:

a) Interes publikoko gaiei buruzko garrantzizko informazioa eskuratzeko aukera, era egokian eta gardentasunez.

b) Erabakiak hartzeko prozesuen eta lotutako agirien zabalkunde argia.

c) Askatasunez eta borondatez parte hartzea ordenantza honetan zehazturiko parte-hartze mekanismoetan, erabakiak hartu aurretik iritziak, iradokizunak edo interesak adierazteko aukerarekin.

d) Gizarte sektore guztiei irekitako parte-hartzea, diskriminaziorik egin gabe generoa, arraza, etnia, erlijioa, sexu-orientazioa edo beste ezaugarri batzuk direla eta.

e) Mekanismoak ezartzea, bermatzeko askotariko talde eta komunitateek ordezkaritza ekitatiboa dutela parte hartzeko prozesuetan.

f) Lankidetza eraginkorra udal administrazioaren eta herritarren artean, tokiko arazoak atzeman eta konpontzeko.

g) Mekanismoak ezartzea abian jarritako parte hartzeko prozesuen eraginkortasuna ebaluatzeko.

h) Segurtasuna eta babesa bermatzea parte hartzeko prozesuetako parte-hartzaileentzat.

II. KAPITULUA.–HERRITARREN PARTE-HARTZEAREN ANTOLAKETA

6. artikulua. Herritarrentzako informazio eta komunikazio egiturak.

Galarko Udalak informazio, komunikazio eta orientazio kanal batzuk jarriko ditu herritarren eskura, horien bidez aukera izan dezaten Udalaren jarduerak eta zerbitzuak ezagutzeko eta, pertsonen eskariei erantzute aldera, erarik egokienean orientatzeko.

Gutxienez, honako hauek jarriko dira herritarren eskura informazio eta komunikazio kanal gisa:

a) Aurrez aurreko arreta Udaleko Herritarren Arretarako Zerbitzuan.

b) Telefono bidezko arreta.

c) Udalaren webgunea.

d) Udalaren iragarki-taula.

e) Argitalpenak, buletinak, bandoak, informazio-panelak, udal aldizkaria.

f) Sare sozialak, SMSak, aplikazio informatikoak eta beste.

Bermatzeko pertsona guztiek berdintasunez izanen dutela aukera informazioa eskuratzeko eta komunikazio sistemak erabiltzeko, begiratuko da informazioa era berean iristen zaiela emakumeei zein gizonei, bai eta talde, kolektibo eta erakunde guztiei, eta horretarako hizkera inklusiboa erabiliko da beti, bai eta Udalean indarrean diren hizkuntza irizpideak ere.

7. artikulua. Zeharkakotasun printzipioa.

Herritarren parte hartzeko eskubidea integratuko da Udalaren administrazio egituraren maila guztietan, eta jarduteko zeharkako ardatza izanen da.

Tokiko gobernuak sortzen ahalko ditu beharrezko iruditzen zaizkion parte-hartze unitateak, zeharkakotasun printzipio hori egon dadin Udalaren eta haren erakunde instrumentalen egitura osoan.

8. artikulua. Udalaren parte-hartze organoak sortzea.

Udaleko Osoko Bilkurari dagokio egoki iritzitako parte-hartze organoak sortzea, bai eta horiek aldatzea edo kentzea ere. Udalaren parte-hartze organo horiek erabaki beharko dituzte xedeak eta helburuak, osaera, eginkizunak eta funtzionatzeko behar dituzten baliabideak.

III. KAPITULUA.–PARTE HARTZEKO PROZESUAK

9. artikulua. Definizioa.

Parte hartzeko prozesuak denbora jakin batera mugaturiko prozesuak dira, bideraturik daudenak herritarren arteko edo herritarren eta udal arduradunen arteko eztabaida eta argudio kontrajarpena sustatzera; haien helburua, azken batean, iritziak eta proposamenak biltzea da, udal jarduera jakin bati dagokionez. Parte hartzeko prozesu horietan sartzen ahalko dira intereseko beste eragile nagusi batzuk, hala nola enpresak, kasuan kasuko eztabaidagaiaz ezagutza zabalagoa izate aldera.

Prozesua abian jarri baino lehen, zehaztu egin beharko dira ekintza hori eragin duten arrazoiak, bai eta prozesuaren bidez lortu nahi diren helburuak eta haien zenbaterainokoa ere.

10. artikulua. Deialdia.

Kasuan kasuko toki-erakundeko burutzari edo osoko bilkurari dagokio deialdia egitea herritarrek parte hartzeko toki-eremuko prozesuetarako, gaia dela-eta esleiturik daukan eskumena aintzat harturik. Deialdia erakundearen iragarki-taulan argitaratuko da.

11. artikulua. Parte hartzeko prozesuen helburuak.

Parte hartzeko prozesuak helburu bat edo batzuk izaten ahalko ditu, hala nola:

a) Egoera jakin baten diagnostikoa osatzea, dagokion jarduketa publikoa antolatzeko oinarritzat.

b) Sormenezko edo berrikuntzazko ideiak bilatzea Udalaren jarduera jakin bati buruz.

c) Egoera jakin batean esku hartzeko proposamenak osatzea edo baloratzea.

12. artikulua. Parte hartzeko prozesuen funtzionamendua.

Era askotakoak izan daitezke parte hartzeko prozesuen tamaina, izaera eta formatua, gaiaren, esparruaren eta kontuan hartu beharreko beste aldagai batzuen arabera.

Parte hartzeko prozesuak sustatzen ahalko dira hala Udalaren bidez nola herritarren ekimenaren bidez, ezarrita dauden parte-hartze organoetatik bideraturik. Betiere, indarrean den prozedurari jarraikiko zaio, eta deialdia Udalaren ardura izanen da.

Parte hartzeko prozesuaren emaitzak ez dira lotesleak izanen. Hala ere, azken erabakian, emaitzen aplikazioa zehaztu eta arrazoitu beharko da, idatziz. Udalak erabakitzen duenean prozesuaren emaitzekin bat ez jokatzea, justifikatu egin beharko du jarrera hori.

Udalak bermatu egin beharko du prozesuetako parte-hartzea, dauden baliabideak horretarako erabilgarri jarriz, prozesuok behar bezala gauza daitezen. Aztertuko da parte-hartze digitalerako (online) eta presentzialerako espazioak ezartzea, bai eta biak bateratzea ere.

Kontuan hartuko dira parte hartzeko prozesuko saioetara joateko izaten diren mugak eta/edo arazoak, egunari, orduari, tokiari, arrakala digitalari, komunikazioei eta abarrei dagokienez. Helburua izanik nahi den parte-hartzea izan dadin espazio horietan.

Parte hartzeko prozesu guztiek fase edo aldi batzuk bete beharko dituzte:

a) Definizio fasea.

b) Informazio fasea, parte-hartzearen xedeko gaiak edo proiektuak ezagutarazteko –behar diren baliabideak baliatuz– interesa duten herritar guztiei.

c) Sortze eta eztabaida fasea, metodologia egokiak baliatuz, elkarrizketa eta argudioen kontrajarpena sustatzeko, eta parte-hartzaileen ekarpenak biltzeko.

d) Itzulera fasea, prozesuaren emaitzaren berri emateko parte-hartzaileei eta herritar guztiei.

e) Ebaluazio fasea.

f) Jarraipen fasea, errazteko prozesuaren emaitzak nola garatzen diren jarraikitzea.

Fase horietan guztietan, errespetatu eginen dira herritarren parte-hartzearen arloko ezagutzak ezartzen dituen uneak eta edukiak. Halaber, fase bakoitzean genero-ikuspegia sartuko da, eta bermatuko da sortu daitezen sexuaren arabera eta intereseko beste ardatz batzuen arabera xehakaturiko datuak.

Eztabaiden edukiek ere errespetatuko dituzte aniztasuna eta genero-berdintasuna.

13. artikulua. Prozesuaren onespena.

Onesteko ebazpena Alkatetzari edo Osoko Bilkurari dagokio, eta, organo horietako bakoitzak dituen eskumenen arabera, honako hauek eman beharko dira aditzera ebazpen horretan:

a) Prozesuaren helburua, zehazturik zein jarduera publiko jartzen den herritarren iritziaren mende, eta, kasua bada, zer esparru teknikok, ekonomikok, juridikok eta politikok mugatzen edo baldintzatzen dituzten horren inguruko ekarpenak.

b) Proposatzen diren aukerak, kasua bada, dela herritarren ekimena sustatzen duen batzordeak, dela Udalak proposaturik.

c) Parte hartzeko prozesuaren udal alorra.

d) Parte hartzeko prozesuaren funtzionamenduaz arduratzen den administrazio organoa.

e) Ez da inolako prozesurik onartuko, ez badu emakumeen eta gizonen berdintasuna bermatzen, edo diskriminatzailea bada edozein pertsonaren edo talderen aurka, haren izaera dela eta.

14. artikulua. Jarraipen taldea.

Jarraipen talde bat eratuko da, honako eginkizun hauek beteko dituena, besteak beste:

a) Iritzia ematea eztabaidarako proposatu diren tresnei eta metodologiari buruz, eta egoki iruditzen zaizkion aldaketak iradokitzea.

b) Eztabaidarako tresnen funtzionamenduaren eta eraginkortasunaren jarraipena egitea, eta hobekuntzak gomendatzea eta kalitate-bermeak segurtatzea.

c) Prozesuaren emaitzen berri izatea. Aurkeztu beharreko txostenak sexuaren arabera xehakaturik jaso beharko ditu datuak, eta hizkera inklusiboa erabili beharko du.

d) Osoko Bilkurak zehaztuko ditu jarraipen batzordea osatuko duten kideen kopurua eta hasierako profila, eta, hortaz, saiatuko da, ahal den neurrian, ahalik eta aniztasunik handiena egon dadin, generoaren, adinaren nahiz jatorriaren aldetik.

IV. KAPITULUA.–PARTE HARTZEKO PROZESUEN TIPOLOGIA

15. artikulua. Parte-hartzezko aurrekontuak.

Parte-hartzezko aurrekontuak baliabide publikoak kudeatzeko ikuspegi demokratiko bat dira; horren arabera, herritarrei bide ematen zaie zuzenean parte har dezaten udal funtsak esleitzeko erabakietan. Prozesu hori tokiko agintaritzarena bakar-bakarrik izan beharrean, komunitateko biztanleek badute aukera proposatzeko, eztabaidatzeko eta bozkatzeko udal aurrekontuaren zati bat erabiltzeko moduari buruz.

Udalak horrelako prozesuak egitea sustatuko du. Halakoek bermatu beharko dute gogoetak, eztabaidak eta proposamenak egin daitezen udal aurrekontuaren egituraketaz eta lehentasunez, parte hartzeko prozesu egituratu baten bidez. Segurtatuko da Udalak urteroko maiztasunarekin egitea parte-hartzezko aurrekontuen deialdia.

Prozesu horien helburua da gastua eta, orobat, diru-sarrerekin lotutako alderdi batzuk eslei daitezen kontuan hartuz parte hartzeko prozesu batean adierazitako lehentasunak. Prozesu horretan, hain zuzen, herritarren iritziak, irizpideak eta sentsibilitateak entzunen dira aurretiaz.

Prozesuaren onespenean ezarriko da gastuaren zein alderdi eztabaidatuko diren eta zer epe egonen den proposamenak aurkezteko. Betiere, izan beharko du proposamenak aurkezteko fitxa bakar bat, non jasoko baitira zer gastu-esleipen egiten ahalko diren eztabaidagai den arloan.

Parte-hartzezko eztabaidarako epe bat irekiko da, eta herritarrek aukera izanen dute bozkatzeko interes handieneko proposamenei buruz. Horretarako kanal egokiak ezarriko dira, eta bermatuko da herritar guztien parte hartzeko eskubidea.

Parte-hartzezko eztabaida buruturik, prozesuaren bukaerako txosten bat eginen du arloa dela-eta eskumena duen organoak. Txosten horretan jasoko dira herritarrek eginiko ekarpenak eta emaniko argudio eta arrazoiak, planteatu den proposamen bakoitzerako.

Txosten horretan ateratako ondorioak ere jasoko ditu, bai eta eginiko eztabaidaren balorazio bat ere. Argitara emanen da Udalaren egoitza elektronikoan, web-atarian edo webgunean.

Aurrekontu-ekitaldia ixten denean, Galar Zendeako Udalak behar diren jarraipen txostenak eginen ditu erabakitako aurrekontuko partiden inguruan.

Udal aurrekontuak era iraunkorragoan prestatzeko udalerriko talde eta kolektiboekin batera, eta gardentasunaren printzipioa beteta, honako prozedura honi jarraikiko zaio:

a) Lehen gogoeta eginen da udal gobernu taldearekin, hurrengo ekitaldirako asmoak eta ideiak zehazteko.

b) Ideia fokal horiek gainerako udal taldeekin eztabaidatuko dira.

c) Ideia fokal horiek udal alorretako teknikariekin eta ordezkari politikoekin eztabaidatuko dira, lege esparrua eta eskumen eremua zehazteko.

d) Berri emanen zaie herritarrei, eta aukerak emanen dira ekarpenak jasotzeko telematika bidez.

e) Prozesuan zehar jaso diren proiektu proposamenei buruz, baterako txosten bat prestatuko da, non parte hartuko duten alorretako teknikariek, udal gobernuko ordezkariek nahiz udalean hautetsiak dituzten gainerako alderdietako ordezkariek. Hala, bost proiektu aukeratuko dira, eta herritarrek hauta ditzaten aurkeztuko. Txostenean azaldu eginen dira zein irizpide tekniko, ekonomiko eta juridiko, interes sozial eta gauzatzeko epe baliatu diren zein proiektu diren bideragarri eta zein ez erabakitzerakoan eta proposamenak aukeratzerakoan.

f) Aukeratutako proposamenak zabalduko dira Udalaren bitarteko elektronikoen bidez eta egokitzat jotzen diren beste bitarteko batzuen bidez, bai eta boto-emaileen eskura jarriko diren boto-paperetan ere.

g) Erroldatuta dauden 16 urtetik gorakoak izanen dute botoa emateko eskubidea. Horretarako, NANa, pasaportea edo gidabaimena aurkeztu beharko dute. Botoak biltzeko hautetsontziak jarriko dira horretarako ezarritako egun eta orduetan eta esleitutako lekuetan. Udaleko langileak, zinegotziak edo Udalak izendatutako beste pertsona batzuk arduratuko dira haietaz. Boto-emaile bakoitzak proposamen bat markatu beharko du boto-paperean.

h) Botoen zenbaketa publikoa eginen da, osoko bilkuren aretoan.

16. artikulua. Herritar-galdeketak.

Martxoaren 22ko 12/2019 Foru Legearen arabera (Nafarroako Parte-hartze Demokratikoari buruzkoa), herritar-galdeketa da herritarren parte-hartzerako tresna bat, non erreferendum-edukirik gabeko bozketa-sistema bat erabiltzen baita, sektore edo kolektibo jakin baten edo deitutako herritar guztien iritzia ezagutze aldera haiengan eragina duten interes publikoko gaietan.

Galar Zendeako Udala, eskura dituen bitartekoak baliatuz, galdeketaren deialdiaz arduratuko da, hura zabalduz eta hari buruzko informazioa emanez. Hala, interesdun guztiek parte har dezaten ahalbidetuko da, eta modua bilatuko da aukera presentziala zein telematikoa eskaintzeko.

Herritar-galdeketa batean parte hartzeko eskubidea duten pertsona guztiek zilegi izanen dute beren iritzia berdintasunez, libreki, zuzenean eta sekretupean adieraztea, bozketa bidez.

Parte hartzeko eskubidea izanen dute administrazio prozedura erkideari buruzko oinarrizko araudiaren arabera jarduteko gaitasuna duten pertsonek, galdeketaren xedeko gaiarekin zerikusia badute, 16 urtetik gorakoak badira eta urtebetetik gora badaramate erroldaturik herritar-galdeketaren deialdia egiten duen toki-erakundean.

Martxoaren 22ko 12/2019 Foru Legearen arabera (Nafarroako Parte-hartze Demokratikoari buruzkoa): "urtean, toki mailako bost herritar-galdeketa egiten ahalko dira gehienez". Orobat: "lehendik kontsultapean jarritako gai berari buruz beste herritar-galdeketa bat egin baino lehen, bi urte igaro beharko dira hasierako galdeketatik, zeinahi delarik galdeketaren eremua".

17. artikulua. Inkestak.

Inkestak dira pertsona multzo adierazgarri bati buruz datuak eta informazioa biltzeko metodo bat, galdera egituratuak edo erdiegituratuak baliatzen dituena. Haien helburu nagusia da datu kuantitatiboak edo kualitatiboak lortzea, aztertzen den gaiari buruzko iritzi, jarrera, jokabide edo ezaugarrien inguruan. Inkestak aurrez aurre edo telematika bidez egin daitezke, eta, formatua edozein izanik ere, bermatu behar da datuen objektibotasuna eta adierazgarritasuna, bai eta haien erabilera egokia ere, bat etorririk indarrean den legediarekin.

Udaleko organo eskudunak erabakitzen ahalko du galdeketak edo inkestak egitea, herritarren iritzia biltzeko bere eskumenen esparruan garatu nahi dituen politika publiko orokorren inguruan.

Inkestaren zabalkunde eta komunikaziorako, Udalak eskura dituen bitartekoak baliatuko ditu, ahalik eta interesdun gehienek erantzun ahal izateko moduan, gutxienez 10 eguneko epean erantzun ere.

Inkestek kontsulta-izaera izanen dute, eta balioko dute herritarren ikuspuntuak aintzat hartzeko, erabakiak hartu baino lehen.

Parte-hartze inklusiboa bermatuko da biztanle guztientzat horretarako ezarritako kanal guztien bidez.

18. artikulua. Parte-hartze foroa.

Parte-hartze foroa Udalaren ekimenez sorturiko eztabaida espazio bat da, eta haren helburua da eztabaidatzea eta gogoeta egitea politika publiko baten ondorioei buruz, eta balorazio analisiak egitea politika horiek herritarrengan izanen dituzten eragin errealei buruz.

Hona hemen helburuak:

a) Eztabaida egitea komunitatea ukitzen duten garrantzizko gaiei buruz.

b) Ekarpenak, ideiak eta proposamenak biltzea langai diren gaien inguruan, ikuspegien aniztasuna bermaturik.

c) Proposamen eta konponbide berritzaileak bilatzea, komunitateak dituen desafioei aurre egiteko.

Fororako deialdia Alkatetzak eginen du, edo gaia dela-eta eskumena duen udal alorreko titularrak. Deialdia eginen da eskura dauden bitarteko fisiko eta elektronikoak baliatuz, eta haren zabalkundea bermatuko da. Deialdian zehaztuko dira bai eztabaidatu beharreko gaia, bai prozesuaren ezaugarriak.

Parte-hartze foroa aurrera eramateko ekitaldian, alkatea izanen da buru, edo berak eskuordetza eman dion pertsona, eta idazkari lanetan Udalbatzako idazkaria arituko da, edo berak eskuordetza eman dion pertsona, zeinak bileraren akta eginen baitu.

Foroa egindakoan, akta argitara emanen da egoitza elektronikoan, web-atarian eta/edo webgunean, aditzera emanik han esandakoak eta ateratako ondorioak.

19. artikulua. Lan-mahaiak.

Lan-mahaiak eratzen ahalko dira, herritarren parte-hartze moduan. Lan-mahaiak planteatzen dira ausaz hautatutako parte-hartzaileekin lantalde bat sortzeko eta haietan herritarrentzat garrantzitsuak diren gaiak ikuspegi multifokal batetik aztertzeko.

Sortzen diren mahaietako kideak ausazkoak izatearekin, helburua da ahalik eta eragin txikiena jasotzen duten parte-hartze espazioak ezartzea, eta pertsonak ez egotea aurrez antolaturiko interes jakin batzuen mende; horrela, prozesua ahalik eta inpartzialena egiten da.

Herritarrak hautatzeko, udal errolda hartuko da oinarritzat, eta lagina aukeratzerakoan zenbait faktore hartuko dira kontuan (sexua, adina, bizilekua edo beste batzuk), gaia dela-eta interesekotzat hartzen direnak, gizartearen ahalik eta ordezkaritzarik zabalena lortze aldera.

Lan-mahai horiek ez dute inoiz erabakimenik izanen, eta haien xedea izanen da gai jakin bat aztertzea eta hari buruz eztabaidatzea, mahaiaren iritzia Udaleko Osoko Bilkurari aditzera emateko.

Azken erabakia Udaleko Osoko Bilkuran hartuko da.

Lan-mahaietara gonbidatzen ahalko dira adituak, inplikatuak dauden pertsonak edo eragile nabarmenak, aztertzen den gaiaren arabera, mahaiko kideei eskaintzeko behar diren informazioa, ikuspuntuak eta ezagutzak. Halaber, eztabaidaren bideratzaileak egonen dira, hitza hartzeko txandetan banaketa orekatua dagoela bermatze aldera, eta, horrela, iritzi guztiak sar daitezen.

Behar diren bitartekoak gaituko dira pertsona guztiek parte hartzeko eskubidea erabili ahal izateko, dibertsitate funtzionala duten herritarren parte-hartzeko eskubidea ahalbidetzeko.

Hona hemen helburuak:

a) Gai konplexuak edo udalerrian eztabaida sortzen duten gaiak aztertzea, ikuspegi integral batetik.

b) Sormenezko ideiak eta berrikuntzazko konponbideak sortzea, hainbat ikuspegi konbinatzean.

c) Zirriborro batean dauden ideiak baliozkotzea, halakoetan jaso beharreko informazioa proposatuta edo hura zabalduta, kideen askotariko ikuspegietatik.

d) Udalak sustaturiko proposamenen azterketa kritikoa egitea eta haiek hobetzea.

Lan-mahairako deialdia Alkatetzak eginen du, edo gaia dela-eta eskumena duen udal alorreko titularrak. Deialdia eginen da eskura dauden bitarteko fisiko eta elektronikoak baliatuz, eta haren zabalkundea bermatuko da. Deialdian zehaztuko dira bai mahaiaren xedea, bai intereseko elementuak.

V. KAPITULUA.–HERRITARREN PARTE-HARTZERAKO ERAKUNDEAK

20. artikulua. Herritarren elkarte eta entitateen erregistroa.

Udalak herritarren elkarte eta entitateen erregistro bat izanen du, honako helburu hauetarako:

a) Inskribaturiko entitateak aitortzeko eta, ondorioz, halakoei bermatzeko ordenantza honetan nahiz indarreko legedian aitorturiko eskubideak erabili ahal izatea.

b) Udalari ahalbidetzeko une oro jakin ditzan erregistroko elkarte eta entitateen datu garrantzitsuenak, bai eta haien kopurua, ordezkagarritasuna, eta haien jardueren interes-maila edo herritarrentzako onura ere, beste datu batzuez gain, haien beharra izanez gero; betiere, helburua izanik udal politika egokia egitea bizilagunen asoziazionismoa sustatzeko.

21. artikulua. Inskribatzeko eskaera eta ebazpena.

Inskripzioak eginen dira elkarte eta entitateek eskaturik. Eskabidea aurkeztuko da horretarako jarritako bitarteko fisiko eta/edo elektronikoen bidez, gutxienez honako informazio hau emanda:

a) Elkartearen edo entitatearen estatutuak.

b) Elkarteen Erregistro Orokorreko eta bestelako erregistro publikoetako inskripzio zenbakiak.

c) Entitateko idazkariaren ziurtagiri bat, non jasoko baita Zuzendaritza Batzordeko kideen izenen zerrenda.

d) Egoitza soziala.

e) Uneko urteko aurrekontua.

f) Uneko urteko jarduera-programa.

g) Bazkide kopuruaren ziurtagiria.

Inskribatzeko eskaerari buruz ebazteko gehieneko epea hamabost egun izanen da, zenbatzen hasita eskabidea eta izapidetu eta ebazteko eskatzen diren agiriak aurkezten direnetik. Ebazpen hori eskatzaileari jakinaraziko zaio eta, inskripzioa baiesten badu, esleituriko inskripzio zenbakia ere emanen da aditzera.

22. artikulua. Erregistroko datuak.

Udalaren egoitza elektronikoan edo webgunean jasoko da inskribaturiko elkarteen zerrenda xehatua.

Erregistroan jasoriko datuak kontsultatzen ahalko dira ezarrita dauden prozedurazko arauei jarraikiz, eta horretarako une bakoitzean dauden murriztapenekin, bat etorriz datu pertsonalak babesteari buruz eta estatistika publikoaren eginkizuna betetzeari buruz indarrean den araudiarekin.

Erregistroko datuei buruz ematen diren ziurtagiriak izanen dira agiri baliodun bakarrak egiaztatzeko elkarteak eta entitateak udal erregistroan inskribaturik daudela, bai eta, kasua bada, haien izaera egiaztatzeko ere.

23. artikulua. Herritarren elkarte eta entitateen eskubideak.

Herritarren elkarte eta entitateek, udal erregistroan inskribatutakoan, eskubide hauek izanen dituzte:

a) Dirulaguntzak eskuratzea beren jarduerak gauzatzeko eta beren funtzionamendurako, udal aurrekontuek horiek bere gain har ditzaketen heinean. Horretarako, legez ezarritako betebeharrak bete beharko dituzte.

b) Udalaren baliabideak erabiltzeko aukera izatea. Erabilera horrek mugak izan ditzake, baliabideok zenbait elkartek edo Udalak berak erabili asmo badute aldi berean. Instalazioei ematen dieten tratuaren erantzule izanen dira. Udalari idatziz eskatu beharko zaio udal baliabide publikoen erabilera, gutxienez hamabost egun lehenago. Azaldu beharko da zer lokal edo espazio erabili nahi den, zer jarduera mota egin nahi den, eta zer egun eta ordutan.

c) Udal organoen saioetarako deialdiaren berri jasotzea, abisua bidalirik haiek jakinarazi duten gailu elektronikora eta/edo posta elektronikoko helbidera.

d) Parte hartzea Udaleko osoko bilkuretan, batzordeen saioetan edo Udaleko kide anitzeko beste organoen saioetan, baldin eta gai-zerrendan aztertzekoa bada elkartearen interes zuzeneko gairen bat.

e) Bizilagunen parte-hartzea bideratzea, erregelamendu honetan ezartzen diren bideak baliatuz.

24. artikulua. Herritarren elkarte eta entitateen betebeharrak.

Herritarren elkarte eta entitateek, udal erregistroan inskribatutakoan, betebehar hauek izanen dituzte:

a) Udalari jakinaraztea inskribatzeko datuetan, horretarako erabili diren agirietan jasotakoetan, alegia, gertatzen den aldaketa oro, aldaketa gertatu eta hilabeteko epean.

b) Udalari urtero jakinaraztea, urtarrilean, aurrekontua eta eginen diren jardueren urteko programa.

c) Udalari urtero jakinaraztea, lehen hiruhilekoan, bazkide kopuruaren ziurtagiri eguneratua, bai eta gobernu-organoak hautatzeko egin dituzten azken hauteskundeen data eta emaitza ere.

25. artikulua. Herritarren elkarte eta entitateentzako laguntza.

Udalak bultzatuko eta erraztuko du elkarteak eta entitateak garatu daitezen, horiek interes orokorreko eta boluntariotzako helburuak dituztenean. Betiere, haien askatasuna eta autonomia errespetatuko ditu, indarrean den legediarekin bat.

Sustatuko da ezar daitezen laguntza eta prestakuntzarako mekanismoak, informazio zerbitzuak eta elkarte eta entitateen jardueren zabalkunde eta aitortzarako kanpainak, elkarte horiek interes orokorreko helburuak dituztenean, baldin eta bat badatoz foru legean xedatutakoarekin.

Udalak, eskura duen aurrekontuaren heinean, baliabideak jarriko ditu elkarteen berezko jarduerak sustatzeko, honako helburu hauek lortze aldera:

a) Indartze soziala, jarduteko gaitasuna hobetu dezaten eta pertsona gehiagok bat egin dezaten abian jartzen dituzten proiektuetan.

b) Indartze ekonomikoa, hobetu dezaten herritarren intereseko jarduerak sortzeko autonomia eta gaitasuna.

c) Indartze demokratikoa, hobetu dadin elkarteen barne-funtzionamendu demokratikoa.

d) Lankidetzaren indartzea, herritarren elkarte eta entitateen beren artean.

e) Parte-hartzearen indartzea, tokiko organoetan.

Era berean, elkarte horiek laguntzak eta dirulaguntzak eskuratzen ahalko dituzte, tokiko interesa duten jarduera eta proiektu espezifikoak gauzatzeko.

VI. KAPITULUA.–INFORMAZIOA ETA PARTE-HARTZE DIGITALA

26. artikulua. Herritarrentzako informazio, komunikazio eta orientazio kanalak.

Galarko Udalak informazio, komunikazio eta orientazio kanal batzuk jarriko ditu herritarren eskura, horien bidez aukera izan dezaten Udalaren jarduerak eta zerbitzuak ezagutzeko eta, pertsonen eskariei erantzute aldera, erarik egokienean orientatzeko.

Informazio-eskubidea bermatzeko, udalak behar diren mekanismoak ezarriko ditu informazioaren zabalkunderako sistemak berdin irits daitezen emakumeen zein gizonengana, bai eta erregistroan inskribaturiko herritarren talde, kolektibo eta entitateetara ere. Horretarako, betiere hizkera inklusiboa erabiliko du.

Era berean, Udalak behar diren baliabideak jarriko ditu zuzendu eta gainditu daitezen arrakala digitalaren ondoriozko desberdinkeriak eta baldintzatzaileak, direla sozialak, ekonomikoak edo lurralde-mailakoak.

27. artikulua. Informazio eta komunikaziorako bitarteko fisikoak.

Herritarren eskura jarriko dira jarraian aipatzen diren komunikazio, informazio eta zabalkunde kanal fisikoak, Galar zendearen barnean, egoki irizten zaion tokietan. Horien helburua izanen da pertsona guztiek informazioa izateko aukera bermatzea, bitarteko guztien bidez.

Udalaren iragarki-taula erabiliko da herritarren intereseko informazioa argitara emateko eta, horrela, pertsona guztiek informazio hori eskuratzeko aukera dutela bermatzeko. Sustatuko da prestatzen den dokumentazio eta informazio guztia egon dadin bai euskaraz, bai gaztelaniaz. Iragarki-taulan argitaratzen den edukia, gutxienez, honako gai hauei buruzkoa izanen da:

a) Iragarki ofizialak.

b) Lege-oharrak.

c) Udalaren askotariko programa eta zerbitzuei buruzko informazioa.

d) Enpleguaren arloko deialdiak eta iragarkiak.

e) Ekitaldien egutegia.

f) Tokiko erregulazioak eta araudiak.

Buzoiak jarriko dira herritarrek iradokizunak eta ekarpenak egin ditzaten, horretarako erabakitzen diren udal espazioetan. Bermatuko da, gainera, kontzejuek komunikazio kanal hori izan dezaten Udalarekin. Kanal honen helburua da herritarren iradokizun eta ekarpenak jasotzea, hala gai orokorrei buruzkoak nola egiten diren kontsulta zehatzei buruzkoak, udal jardunari dagokionez, betiere.

Udal aldizkaria hiru hilean behin argitaratuko da, herritarrei intereseko informazioa helarazte aldera: gai orokorrak, udalerrian izan diren aurrerapenak eta lorpenak, bizilagunei buruzko informazioa eta beste. Bide emanen da, orobat, herritarrek proposamenak egin ditzaten hedabide horretan sartu beharreko edukiei buruz.

Herritarrentzat garrantzizkoa den informazioaren zabalkunde fisikoa kartelen bidez egiten ahalko da. Zendeako puntu estrategikoak aukeratuko dira, pertsona gehien iragaten diren tokietan, partekatzen den informazioa ahalik eta gehien heda dadin.

Udalak postontzietan banatuko du herritar guztientzat interes handia duen informazioa, bermatzeko jakinarazten den edukia zendeako etxe guztietara irits dadin.

28. artikulua. Interneteko ataria.

Galarko Udalak bere gain hartzen du informazioaren eta komunikazioaren teknologien erabilera bultzatzeko konpromisoa, espediente elektronikoaren eta udal webgunearen bidez, honako hauek helburu:

a) Izapideak ahalik eta gehien erraztea udal administrazioarekin.

b) Herritarren intereseko informazio eguneratua ematea toki-erakundearen jardunari buruz.

c) Komunikabide interaktibo bat bideratzea Administrazioaren eta herritarren artean.

d) Herritarren parte-hartzea bultzatzea, ekarpenak biltzeko eta erabakiak hartzeko garrantzizko proiektuei buruz, erantzunkidetasun soziala sustatze aldera.

Interneteko ataria eta/edo webgunea zuzenduko zaio herritar guztiei, oro har, eta Galar zendeako gaietan interesa dutenei. Horregatik, bertako sarbidea eta komunikazioa euskaraz zein gaztelaniaz bermatu beharko dira. Halaber, aintzat hartuko da webgunearen erabilerraztasuna pertsona guztientzat.

29. artikulua. Egoitza elektronikoa.

Udal administrazioaren egoitza elektroniko orokor gisa honako helbide elektroniko hau ezartzen da: https://sedeelectronica.cendeadegalar.es/. Haren bidez, zuzenean sartzen ahalko da herritarrei zerbitzu elektronikoak emateko Udalak sortzen dituen berariazko alor guztietara.

Egoitza elektronikoa euskaraz zein gaztelaniaz egonen da erabilgarri.

30. artikulua. Udal hedabideak.

Udalak Galar zendeako udal informazioaren buletina argitaratuko du hiru hilean behin, herritarrei interes publikoko udal informazioa emate aldera.

Sare sozialetan ezartzen ahalko dira Udalaren zabalkunde taldeak, halakoak beharrezkotzat joz gero, herritarrei zuzeneko informazioa helarazteko interes orokor eta berehalakoa duten gaiei buruz, bai eta abisuak emateko ere, bizilagunek berehala ekitea behar duten urgentziak/larrialdiak direla-eta.

Udalak bere sare sozial ofizialak erabiliko ditu herritarrei interes orokorreko informazioa helarazteko: jardunaldiak, ekitaldiak, informazioa eta beste.

Galarko Udalak sustatuko du garrantzizko informazioa argitara dadin Udalaren komunikazio kanalen bidez, bai eta sare sozialetako profil ofizialen bidez ere, ahalik eta gehien bultzatzeko haien erabilera eta garapena.

Komunikabide horien edukietan ez da hizkera sexistarik erabiliko, ez eta diskriminazioa edo emakumeei buruzko estereotipo sexistak agertzen dituen irudirik ere. Orobat, bermatuko da pertsona guztien datuen babesa, indarreko araudiari jarraikiz.

Iragarkiaren kodea: L2412818