191. ALDIZKARIA - 2024ko irailaren 19a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

76E/2024 FORU AGINDUA, abuztuaren 21ekoa, Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilariak emana, Nafarroako toki erakundeei dirulaguntzak emateko deialdi bat onesten duena, 60 urtetik gorakoentzako jarduera fisikoko programak susta ditzaten 2024-2025 aldian. DDBN identifikazioa: 781630.

Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuak, Kirola eta Jarduera Fisikoa Sustatzeko Zuzendariordetzaren bitartez, esleiturik dituen eginkizunen artean dago mota guztietako gorputz eta kirol jarduerak sustatzea Nafarroako gizarte osoan, horretarako laguntzak eta dirulaguntzak emanez. Kirola Sustatzeko Atalari dagokio kirola sustatzeko programak bultzatu eta sustatzea arreta berezia behar duten eta gizarte interesekoak diren giza taldeentzat, eta kirolaren eta jarduera fisikoaren programen antolaketa sustatzea, toki erakundeen bidez eta helburu nagusi kirola sustatzea eta bizi kalitatea hobetzea dituzten beste entitate batzuen bidez.

Bestalde, Nafarroako Kirolari buruzko uztailaren 5eko 15/2001 Foru Legeak, 3.a, 3.f eta 3.t artikuluetan, helburu batzuk finkatzen ditu Nafarroako Foru Komunitateko Administrazio Publikoen kirol arloko politikak bideratzeari begira, eta, hala, Nafarroako Foru Komunitateko kirol administrazioak lortu beharreko helburu bihurtu dira. Honako hauek dira:

a) Erraztasunak ematea pertsona guztiek kirol jarduerak egiteko aukera izan dezaten. Lehentasuna emanen zaio guztientzako kirola sustatzeari, arreta berezia jarriz aisia betetzeko jarduera fisikoetan eta kirol jardueretan, kirolean modu jarraituan aritzeko, josteta eta jolaserako eta osasuna hobetzeko.

f) Ahaleginak egitea kirol jardueren praktika heda dadin Nafarroako Foru Komunitatearen lurralde osora.

t) Kirola sustatzea, osasun ohitura gisa, eta hura bultzatzen duten kirol modu guztiei bulkada ematea.

Halaber, Kirolari buruzko Foru Legearen 33. a) artikuluak ezartzen du Foru Komunitateko Administrazioak kirol jarduera sustatuko duela, laguntzen eta dirulaguntzen araubide baten bidez besteak beste. Ondoren, berariaz esaten da kirol arloko dirulaguntzen oinarri arautzaileek tratamendu bereizia ematen ahal dietela toki erakundeei, honako hauek kontuan izanik: baliabideen aprobetxamenduaren plangintza orekatua, kokapen geografikoa, populazioa eta toki erakundeen antzeko ezaugarri bereziak.

Horrenbestez, foru agindu honen bidez, Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuak toki erakundeen eskura jartzen dituen baliabideak formula desberdinetan gauzatzen dira, zuzenean herritarren osasun fisiko eta psikikoa hobetzen laguntzeko asmoz, bai eta haien bizi kalitatea ere.

Horrenbestez, Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 256/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Nafarroako toki erakundeei dirulaguntzak emateko deialdi bat onestea, 60 urtetik gorakoentzako jarduera fisikoko programak susta ditzaten 2024-2025 aldian.

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea. Foru agindu honen I. eranskinean jaso dira.

3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, jarraian adierazten diren aurrekontu-kredituak baimentzen dira; hala ere, aldaketak egiten ahalko dira, jasotzen diren eskaerak kontuan hartuta:

AURREKONTU-PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

520001-51200-4609-313904: Udal erakundeek ariketa fisikoa sustatzeko dirulaguntzak

2024

30.000,00

A50002-A5100-4609-336100: Toki erakundeen kirol jardueretarako laguntzak

2024

23.886,00

A50002-A5100-4609-336100: Toki erakundeen kirol jardueretarako laguntzak

2025

50.000,00

4. Foru agindu hau eta I. eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Foru agindu honen kontra gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratzen denetik hasita, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126. artikuluan xedatutakoarekin.

Iruñean, 2024ko abuztuaren 21ean.–Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilaria, Rebeca Esnaola Bermejo.

I. ERANSKINA.–OINARRIAK

1. Xedea.

1.1. Deialdi honen xedea da araubide bat ezartzea Nafarroako toki erakundeei dirulaguntzak emateko, 60 urte baino gehiagoko pertsonentzako jarduera fisikoaren programak susta ditzaten 2024-2025 aldian.

Deialdi honen bidez bete nahi da Nafarroako Gobernuaren 2023-2027 urteetako Akordio Programatikoan, kirolaren arloan, jasota dagoen helburuetako bat: osasuna zaintzera eta ohitura osasungarriak lortzera bideratutako politikak garatzea eta koordinatzea, ariketaren bidez, ariketa fisikoa baita bizi-garapenaren motorra.

Halaber, erantzuna ematen zaie 2022-2025 aldiko Osasun Publikoaren Planaren I. eta II. ardatzei, osasunaren aldeko jokabideak sustatu eta gaixotasunei aurreikustean oinarritzen dena, horretarako tokiko osasun komunitarioko jarduketak garatuz. Jarduera fisikoa gomendatzearekin lotutako jarduketak Bizimoduak programan biltzen dira, zeina plan barruan baitago.

1.2. Toki erakundeek 60 urtetik gorakoentzat antolatzen dituzten jarduera fisikoko programek jasoko dute dirulaguntza.

1.3. Honako hauek ez dute dirulaguntzarik jasoko:

–Kirol teknikarientzako prestakuntza jarduerak, hezkuntzaren esparruan edo beste esparru batzuetan garatzen direnak, kirol teknikarientzako ikastaroak, esate baterako, salbu eta lehen sorospenetan trebatzekoak.

–Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuaren beste deialdi berariazkoago batzuen xede diren edo horietan jasotzen diren kirol jarduera fisikoak.

–1.2 oinarrian aipatzen ez diren jarduerak.

2. Helburua.

Dirulaguntza 1.2 oinarrian jasotzen diren jarduerak egitean sortutako defizitaren parte bat ordaintzeko erabiliko da, betiere jardueren titularra toki erakundea bada eta 2024ko irailaren 1etik 2025eko ekainaren 30era bitarte egiten badira.

3. Aurrekontu-kreditua.

3.1. Deialdi honi aurre egiteko, 103.886 euro bideratuko dira helburu horietarako. Dirua partida hauei egotziko zaie:

–2024rako: 53.886 euro, honako partida hauetan banatuta:

  • 23.886 euro, Nafarroako 2024ko Aurrekontu Orokorretako "Toki erakundeen kirol jardueretarako laguntzak" izeneko A50002-A5110-4609-336100 partida.
  • 30.000 euro, Nafarroako 2024ko Aurrekontu Orokorretako "Udal erakundeek ariketa fisikoa sustatzeko dirulaguntzak" izeneko 520001-51200-4609-313904 partidaren kargura.

Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilariaren maiatzaren 14ko 41/2024 Foru Aginduaren bidez xedatzen da argitara eman dadila Osasuneko kontseilariak eta Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilariak 2024ko maiatzaren 7an harturiko Erabakia. Erabaki horren bidez, batera baimentzen da Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuari kudeaketa-esleipen bat egitea, toki erakundeei zuzendutako dirulaguntzen bi deialdi onetsi eta izapidetu ditzan: batetik, 60 urtetik gorakoentzako jarduera fisikoko programak eta, bestetik, osasunerako jarduera eta ariketa fisikoaren preskripzio proiektuak egiteko 2024-2025 ekitaldian.

–2025erako: 50.000 euro, Nafarroako 2025eko Aurrekontu Orokorretako "Toki erakundeen kirol jardueretarako laguntzak" izeneko A50002-A5110-4609-336100 partida, edo horretarako gaitzen den partida baliokidearen kargura.

3.2. Dirulaguntzen deialdi honetarako esleitutako guztirako kreditua, 103.886 eurokoa, honako aldi hauetan banatuko da:

  • 53.886 euro, lehen aldian, hau da, hasieratik 2024ko azaroaren 30era arte, garatzen diren 60 urtetik gorakoentzako programetarako.
  • 50.000 euro, bigarren aldian, hau da, 2024ko abenduaren 1etik 2025eko ekainaren 30era arte, garatzen diren 60 urtetik gorakoentzako programetarako.

3.3. Dirulaguntzak ematea, betiere, ekitaldi ekonomiko bakoitzean xede horretarako kreditu egokia eta aski izatearen baldintzapean egonen da.

4. Erakunde onuradunen betebeharrak.

4.1. Nafarroako toki erakundeek eskuratzen ahal dituzte deialdi honen xedeko dirulaguntzak.

4.2. Deialdi honen barruan sartzen dira kirol jarduerak merkataritza-sozietate baten bidez antolatzen dituzten toki erakundeak, sozietate horren kapital osoa udalarena bada edo toki erakundearen beraren erakunde autonomoa bada. Bi kasuetan udalak ziurtagiri bat aurkeztuko du, non azalduko baita merkataritzako-sozietate horren kapital osoa udalarena dela.

4.3. Onuradunek baldintza hauek bete beharko dituzte:

–Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.

–Diruz lagundutako programa garatu bitartean lan egiten duten langile horiek ez dute inolako lan-kontratu harremanik izanen Nafarroako Gobernuarekin.

–Eskatzailea ezin izanen da egon zehapen administratibo irmorik edo kondena-epai irmorik betetzen, edo zehapen eta kondena-epai bat bete zain, sexuan edo generoan oinarritutako diskriminazioa dakarten lan arloko jardunbideak gauzatzeagatik edo toleratzeagatik. (II. eranskina).

–Apustu enpresek (barne direla apustu makinen operadore diren enpresak) guztiz edo zati batean finantzatzen eta/edo babesten dituzten jarduerek ere ezin izanen dute dirulaguntzarik jaso. Halaber, bazter uzten dira halako enpresen edozein publizitate mota duten jarduerak, dela instalazioetan, dela jardueren garapenean erabiltzen diren jantzietan eta materialean. (II. eranskina).

–Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen babesean eratuak izatea.

–Dirulaguntzen onuradun izateko, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako debekuetatik kanpo egotea. (II. eranskina).

5. Gastu diruz lagungarriak.

Gastu diruz lagungarriak izanen dira, soilik, 60 urtetik gorakoentzako programaren izaerari zalantzarik gabe eta zuzenean erantzuten dioten eta programa garatzen den aldiari dagozkion gastu arrunt hauek.

–Kirol teknikariaren eta monitoreen soldatak eta Gizarte Segurantzako gastuak. Beren lanaldiaren barrenean programan ematen duten denborari dagokion gastua egotziko da.

–Programa garatzeko, kirol kudeaketarako enpresekin sinatzen diren laguntza teknikoko kontratuen gastuak, edo langile autonomoekin sinatzen diren kontratuenak.

–Kirol jarduerak eta jarduera fisikoak zuzentzen dituzten langileei lehen sorospenetako prestakuntza emateko gastuak.

–Aseguru polizak.

–Programa garatzeko kirol-material suntsikorra.

–Programa sare sozialetan, mugikorretako aplikazioetan, webean eta abarretan zabaldu eta haren berri ematea.

6. Eskaerak aurkezteko epea eta modua.

6.1. Dirulaguntza eskaerak aurkezteko epea deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da, eta 2024ko urriaren 18an bukatuko.

6.2. Dirulaguntzen eskaerak eta justifikazio agiriak telematika bidez aurkeztu beharko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen atariko (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoko fitxa erabiliz (hemendik aurrera, laguntzen fitxa). Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko erregistro orokor elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da.

6.3. Eskaerak Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuari zuzenduko zaizkio, horretarako ezarritako eredu ofizialari jarraikiz. Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.8 eta 66.6 artikuluetan xedatutakoari jarraikiz, ez dira aurkeztutzat hartuko laguntzen fitxan dagoen eredura egokitzen ez diren eskaerak, ez eta telematikoki eta aipatutako fitxaren bitartez aurkezten ez direnak ere. Horrenbestez, ez-aurkeztutzat jotzen direnez, eskaera horiek ezin izanen dira zuzendu.

Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar deialdi hau arautzen duten oinarriak onartzea.

7. Toki erakundeek aurkeztu beharreko eskaera eta agiriak.

7.1. Laguntzak eskatzeko aurkeztu beharreko agiriak hauek dira:

1. Eskaera-orria (II. eranskina).

2. 60 urtetik gorakoentzako programa: (III. eranskina).

–1. fitxa: Taldearen ezaugarriak: (Fitxa talde bakoitzeko).

Fitxari erantsi behar zaizkio monitoreek ematen duten jarduerari dagokionez duten esperientziaren eta titulazioaren ziurtagiriak.

–2. fitxa: Aurrekontua: (Fitxa aldi bakoitzeko).

Diru-sarreren artean sartuko dira programari dagokionez espero diren dirulaguntzak, aldien arabera xehakatuta.

Lehenbiziko aldian sartuko dira programa irailean edo urrian hasten denetik 2024ko azaroaren 30era bitarte egotzitako gastuak, eta bigarren aldian 2024ko abenduaren 1etik 2025eko ekainaren 30era egotzitakoak.

7.2. Honako hauek erantsiko dira:

a) Toki erakundeak dirulaguntzen onuradun izateko debekurik ez duela. Debeku horiek Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan jasota daude. (II. eranskina).

b) Gizarte Segurantzako Diruzaintzaren ziurtagiria, Gizarte Segurantzarekiko ordainketak eguneratuak dituela dioena, eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren ziurtagiria, bere zerga betebeharrak eguneratuak dituela dioena.

Ez da Gizarte Segurantzaren eta Ogasunaren ziurtagiririk aurkeztu beharko baldin eta baimena ematen bada Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuak egiaztapen hori zuzenean egiteko. Datu horiek kontsultatzeko baimenik ematen ez bada, datuok eman beharko dira.

8. 60 urtetik gorakoentzako programen ezaugarriak.

Dirulaguntza emateko, ezinbestekoa izanen da baldintza hauek betetzea:

A) Parte-hartzaile guztiak 60 urtetik gorakoak izanen dira.

Toki erakunderen batek baldintza hori betetzen ez duen talderen bat aurkezten badu, NKJFIra txosten bat bidali behar du ikastaroa hasi baino lehen, arrazoiak azalduz.

B) Gutxieneko iraupena 8 hilabetekoa izanen da, eta irailean edo urrian hasi beharko da. Gutxieneko maiztasuna astean 2 saiokoa izanen da, salbu eta eguberrietako eta Aste Santuko oporretako asteetan edo aste barruan jaiegunak direnean.

Iraupena laburragoa bada, toki erakundeak justifikazio-txosten bat bidaliko dio NKJFIra, balorazioa egin dezan, eta, kasu horretan, dirulaguntza programaren iraupenarekiko proportzionala izanen da.

C) NKJFIak diruz lagundutako osasunerako jarduera eta ariketa fisikoaren preskripzio proiektuetan sartuta dauden taldeek ezin izanen dute eskuratu 60 urtetik gorakoentzako programetarako dirulaguntza.

8.1. 60 urtetik gorakoentzako programako jarduerak zuzentzen dituzten langileen ezaugarriak. Titulazioak.

60 urtetik gorakoentzako programako jarduerak zuzentzen edo garatzen dituzten pertsonek Nafarroan kirol lanbidean hasteko eta jarduteko apirilaren 4ko 18/2019 Foru Legean eskatzen diren kualifikazio profesionalak izan beharko dituzte.

Egin beharreko lanaren arabera beharrezkoa den kualifikazioa izan beharko dute, eta dagokion titulazioa aurkeztu beharko dute, eskaeran eskatutako gainerako dokumentazioarekin batera.

Era berean, foru lege horretan eskatzen den lehen sorospenetako gutxieneko prestakuntza izan beharko dute, eta prestakuntza horren edukia ekainaren 15eko 63/2022 Foru Dekretuan ezarritakoa izanen da, foru dekretu horren bidez arautu baitzen Nafarroan kirol-lanbideetan jarduteko lehen sorospenetako hasierako prestakuntzaren egiaztapena. Kualifikazio hori hasierako dokumentazioan ere egiaztatuko da.

Programa garatu bitartean harekin loturiko edozein zereginetan lan egiten duten langileek ez dute inolako lan-kontratu harremanik izanen Nafarroako Gobernuarekin.

9. Dirulaguntzaren zenbatekoa eta balorazio prozedura.

60 urtetik gorakoentzako programa garatzen ez bada, Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuak ez du diruz lagunduko 5. oinarrian aipatzen diren gastuetako bat ere.

Programa hasi ondoan eteten bada, diruz lagundutako kopurua gauzatutako iraupenarekiko proportzionala izanen da.

9.1.1. Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuak programak finantzatuko ditu aurrekontuetan dagoen diru erabilgarriaren arabera. Ematen den dirulaguntza ezin izanen da izan aurkezten den defizita baino handiagoa.

9.1.2. Eskaera bakoitzari puntuazio bat emanen zaio, aurkeztutako talde kopuruaren arabera. Talde bakoitzari puntu bat egokituko zaio.

Puntu baten balioa ateratzeko, eragiketa hau eginen da: dagoen kreditu erabilgarria zati eskaera guztien guztirako puntuazioen batura. Erakunde bakoitzari dagokion dirulaguntza kalkulatzeko, erakunde bakoitzak lortutako puntu kopurua bider puntuaren balioa eginen da.

9.1.3. Puntuaren balioa kalkulaturik eta erakunde bakoitzari dirulaguntza gisa emanen zaizkien kopuruak esleitu ondoren oraindik ere kreditu erabilgarririk badago, gerakin hori puntuazio altuena lortu duten erakunde onuradunen artean banatuko da, lehentasun-ordenan, erabilgarri dagoen kredituari honako ehuneko hauek aplikatuta: lehenbizikoari, %40; bigarrenari, %30; hirugarrenari, %20, eta laugarrenari, %10.

Hala ere, ezin izanen da inola ere gainditu aurkeztutako defizita, ez eta gastu diruz lagungarrien zenbatekoaren %100 ere.

9.1.4. Erakundeak justifikazioan aditzera ematen duen taldeen kopurua eskaeran adierazitakoa baino txikiagoa denean, berriro ere aplikatuko da aurkeztutako talde kopuruaren eta puntuaren baremoa, eta ordaindu behar zaion kopurua murriztuko zaio.

9.1.5. Dirulaguntzaren zenbatekoak muga hauek izanen ditu:

a) Ezin da izan gastu diruz lagungarrien zenbatekoa baino handiagoa (5. oinarria).

b) Ezin da izan dirulaguntzaren xedeko programaren guztirako kostua baino handiagoa, ez dirulaguntza hau bakarrik hartuta, ez beste administrazio publiko edo entitate publiko edo pribatu batzuetatik jasotzen diren laguntzei edo dirulaguntzei gehituta.

Diru-sarreren eta gastuen justifikazioa aztertuta, ikusten bada gehiegizko finantzaketa izan dela, diru-sarreren soberakina adina murriztuko da dirulaguntza.

c) Aurkeztutako defizita gainditzea.

Diru-sarreren eta gastuen justifikazioa aztertuta, ikusten bada gehiegizko finantzaketa izan dela, diru-sarreren soberakina adina murriztuko da dirulaguntza.

10. Antolamendua eta instrukzioa.

Dirulaguntzak emateko prozedura antolatu eta instruitzeko organo eskuduna Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuko Kirolaren Zuzendariordetza izanen da.

11. Ebazpenak.

11.1. Dirulaguntzak emateari buruzko ebazpena Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak emanen du, eta gehienez hiru hilabeteko epean jakinaraziko zaie toki erakunde onuradunei, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunetik hasita. Epe hori ebazpen berariazkorik eman eta jakinarazi gabe iraganik, eskaera ezetsi egin dela ulertuko da. Hala ere, Administrazioa beharturik egonen da ebazpena ematera.

11.2. Dirulaguntza emateari buruzko ebazpenean dirulaguntzaren xedeak, zenbatekoa eta ordaintzeko modua agertuko dira. Halaber, hala behar bada, eskaeraren baten ezespenaren gainean ebatziko da.

11.3. Informaziorako soilik, laguntzak emateari buruzko ebazpena eta deialdi honetako gainerako ebazpenak Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuaren iragarki-taulan argitaratuko dira.

11.4. Epe hori ebazpen berariazkorik eman eta jakinarazi gabe iraganik, interesdunek beren eskaera ezetsi egin dela ulertuko dute. Hala ere, Administrazioa beharturik dago ebazpena ematera.

11.5. Emandako dirulaguntza bateragarria izanen da bestelako dirulaguntza batzuekin, izan administrazio berak emanak nahiz Estatuko zein nazioarteko beste administrazio publiko batzuek, beste entitate publiko edo pribatu batzuek edo partikularrek emanak. Nolanahi ere, beste horien zenbatekoa, bakarrik edo denak baturik, ezin izanen da inola ere izan eginen den jardueraren kostua baino handiagoa.

11.6. Ekitaldi ekonomiko jakin baten kargura dirulaguntzak emateak ez du eskubiderik sortzen hurrengo urteetan ere dirulaguntzak emateko.

12. Frogagiriak.

Frogagiriak bi alditan aurkeztuko dira, deialdiaren estekaren bidez edo Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren erregistro orokor elektronikoaren bidez:

1. aldia: 2024ko abenduaren 9ra arte, 60 urtetik gorakoentzako programa, hasieratik (iraila-urria edo azaroa) 2024ko azaroaren 30era arte egina:

Aurkeztu beharreko dokumentazioa:

1.–Talde bakoitzaren datu orokorrak (IV. eranskina. 1. fitxa/taldeko).

2.–Dirulaguntzaren xede izanik, ordaindu diren gastu guztien faktura eta frogagiri guztien zerrenda xehakatu eta zenbakitua, 5. oinarrian ezarritakoari jarraikiz (IV. eranskina. 2. fitxa).

–Fakturen data programaren hasieratik 2024ko azaroaren 30era bitartekoa izanen da (egun hori barne).

–Faktura guztien ordainketa data programaren hasieratik 2024ko abenduaren 9ra bitartekoa izanen da (egun hori barne).

Fakturak ere aurkeztu beharko dira, edo merkataritzako trafiko juridikoan froga balioa edo eraginkortasun administratiboa duten balio bereko agiriak, eta haiekin batera, ordainagiriak: bankuko frogagiriak, "ordainduta" zigilua daramaten fakturak, hornitzaileak sinatuak eta zigilatuak, edo faktura ordaindu dela edo gastua egin dela frogatzen duen beste edozein dokumentu, zerrenda horretako ordena berean aurkeztuak, dirulaguntzaren xedea bete dela egiaztatzeko.

Dokumentazio horren ordez, toki erakundeko idazkariak sinatutako eta alkateak ontzat emandako ziurtagiri bat aurkezten ahalko da, egiaztatzen duena gastu/faktura horiek egin eta ordaindu direla.

3.–Emaitzen egoera-orria: idazkariaren ziurtagiria, alkate edo erakundeko buruak ontzat emana, egiaztatzen duena gastu horiek egin eta ordaindu direla; kasuan kasuko diru-sarrera eta gastuen zerrenda ere erantsiko da (IV. eranskina. 3. fitxa), honako hauek kontuan harturik:

–Diru-sarrerei dagokienez, sartu beharko dira programarekin lotuta jaso diren edo jasoko diren dirulaguntzak, hura hasi eta 2024ko azaroaren 30era bitarteko aldiarekiko proportzioan.

–Erakundeko pertsonal gastuen justifikazioari dagokionez (erakundeko berekiak), toki erakundeak frogatu beharko du lehenbiziko aldiko PFEZari dagokionez atxikitako zenbatekoak ordaindu dituela Ogasunean. Justifikazio hori telematikoki igorri beharko da 2025eko otsailaren 15a baino lehen.

4.–Beste dirulaguntza edo baliabide batzuk justifikatzeko inprimakia. (V. eranskina). Beste dirulaguntza edo baliabide batzuetatik etorritako diru-sarrerarik jaso bada edo jasotzea aurreikusten bada, diru-sarrera horiek aldi honekiko proportzioan adieraziko dira.

5.–Hornitzailea aukeratzeko erabakia justifikatzeko inprimakia. (VI. eranskina).

2. aldia: 2025eko uztailaren 18ra arte, 60 urtetik gorakoentzako programaren bidez, 2024ko abenduaren 1etik 2025eko ekainaren 30era arte.

Aurkeztu beharreko dokumentazioa:

1.–Talde bakoitzaren datu orokorrak (IV. eranskina. 1. fitxa/taldeko).

2.–Dirulaguntzaren xede izanik, ordaindu diren gastu guztien faktura eta frogagiri guztien zerrenda xehakatu eta zenbakitua, 5. oinarrian ezarritakoari jarraikiz (IV. eranskina. 2. fitxa).

–Fakturen data 2024ko abenduaren 1etik 2025eko ekainaren 30era bitartekoa izanen da (egun hori barne).

–1. aldiko fakturak sartzen ahalko dira, baldin eta 2024ko abenduaren 10etik 2025eko ekainaren 30era bitarte ordaindu badira.

Fakturak ere aurkeztu beharko dira, edo merkataritzako trafiko juridikoan froga balioa edo eraginkortasun administratiboa duten balio bereko agiriak, eta haiekin batera, ordainagiriak: bankuko frogagiriak, "ordainduta" zigilua daramaten fakturak, hornitzaileak sinatuak eta zigilatuak, edo faktura ordaindu dela edo gastua egin dela frogatzen duen beste edozein dokumentu, zerrenda horretako ordena berean aurkeztuak, dirulaguntzaren xedea bete dela egiaztatzeko. Dokumentazio horren ordez, idazkariak sinatutako eta mankomunitateko buruak ontzat emandako ziurtagiri bat aurkezten ahalko da, egiaztatzen duena gastu/faktura horiek egin eta ordaindu direla.

3.–Emaitzen egoera-orria: idazkariaren ziurtagiria, alkate edo erakundeko buruak ontzat emana, egiaztatzen duena gastu horiek egin eta ordaindu direla; kasuan kasuko diru-sarrera eta gastuen zerrenda ere erantsiko da (IV. eranskina. 3. fitxa), honako hauek kontuan harturik:

–Diru-sarrerei dagokienez, sartu beharko dira ikastaro-programarekin lotuta jaso diren edo jasoko diren dirulaguntzak, 2024ko abenduaren 1etik 2025eko ekainaren 30era bitarteko aldiarekiko proportzioan.

–2.3. Pertsonal gastuen justifikazioari dagokionez (erakundeko berekiak soilik), toki erakundeak frogatu beharko du PFEZari dagokionez atxikitako zenbatekoak ordaindu dituela Ogasunean.

4.–Beste dirulaguntza edo baliabide batzuk justifikatzeko inprimakia. (V. eranskina). Beste dirulaguntza edo baliabide batzuetatik etorritako diru-sarrerarik jaso bada edo jasotzea aurreikusten bada, diru-sarrera horiek aldi honekiko proportzioan adieraziko dira.

5.–Hornitzailea aukeratzeko erabakia justifikatzeko inprimakia. (VI. eranskina).

Aurkezten den dokumentazioa aski ez bada edo deialdian eskatzen diren betebeharrak betetzen ez baditu, erakunde eskatzaileari errekerimendua eginen zaio gaitutako helbide elektroniko bakarraren bidez, 10 egun balioduneko epean dokumentazioa osa dezan edo akatsak zuzen ditzan, eta ohartaraziko zaio ezen, hala egin ezean, bere eskaera ezetsi eginen dela, bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluan ezarritakoarekin.

Aurkezten den dokumentazioa aski ez bada edo deialdian eskatzen diren betebeharrak betetzen ez baditu, erakunde eskatzaileari errekerimendua eginen zaio gaitutako helbide elektroniko bakarraren bidez, 10 egun balioduneko epean dokumentazioa osa dezan edo akatsak zuzen ditzan, eta ohartaraziko zaio ezen, hala egin ezean, bere eskaera ezetsi eginen dela, bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluan ezarritakoarekin.

13. Dirulaguntza ordaintzeko modua eta epea.

13.1. Frogagiriak 12. oinarrian ezarritakoari jarraikiz aurkeztu ondoan emanen da ordaintzeko ebazpena.

13.2. Ematen den dirulaguntza transferentzia bidez ordainduko da, dagokion ebazpena onetsi eta hiru hilabeteko epean gehienez, justifikatu ondoren.

13.3. Dirulaguntza bi zatitan ordainduko zaie erakunde onuradunei banku transferentzien bidez; 12. oinarrian adierazitako frogagiriak aurkeztuko ondoren ordainduko da, eta, betiere, ematen den dirulaguntza ez da jardueraren defizita baina handiagoa izanen.

14. Jarraipena eta kontrola.

Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuak izanen du, Kirola Sustatzeko Ataleko teknikarien bitartez, programen jarraipena egiteko eta gauzatutako alderdi guztiak eta finkatutako helburuak noraino bete diren ikuskatzeko eta ebaluatzeko ardura.

15. Betebeharrak.

15.1. Dirulaguntzen onuradun diren toki erakundeek adierazten zaizkien xedeetarako erabili beharko dituzte laguntzak. Horrez gainera, haien aplikazioa agiri bidez frogatu beharko dute, eta Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuak egiten dituen egiaztapenak onartu eta erraztu.

15.2. Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabiderik lortuz gero, onuradunek horren berri eman beharko dute.

15.3. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28.3 artikuluan xedatutakoaren arabera, gastu diruz lagungarriaren zenbatekoa 12.000 eurotik gorakoa bada, ekipo-ondasunen hornidura kasuetan edo aholkularitza edo laguntza enpresen zerbitzu-emateetan, onuradunak frogatu beharko du hornitzailea efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu dela, salbu eta dirulaguntzaren xede diren gastuen ezaugarrien berezitasuna dela-eta merkatuan hornidura hori egiteko edo zerbitzu hori emateko behar adina entitaterik ez badago, edo gastua egin bada dirulaguntza eskatu baino lehen.

Inguruabar horiek justifikatzeko IV. eranskina erabiliko da.

15.4. Onuradunak behartuta daude egin beharreko jarduera guztietan betetzera osasun- eta kirol-agintaritza eskudunek ezarritako neurriak eta baldintzak, bai eta dirulaguntzen xedeko jarduerak garatu bitartean indarrean daudenak ere.

15.5. Onuradunek adierazi beharko dute ez direla zehapen administratibo irmorik edo kondena-epai irmorik betetzen ari, edo, edonola ere, ez daudela zehapen- eta kondena-epai bat bete zain, sexuan edo generoan oinarritutako diskriminazioa dakarten lan arloko jardunbideak gauzatu edo toleratzeagatik.

15.6. Dirulaguntzak esleitzeko ebazpena ematen den unean, onuradunek egunean izan beharko dituzte Nafarroako Ogasun Publikoarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak.

15.7. Egiaztapen eta kontrol lanak egoki egiten direla bermatzeko, kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako agiriak behar bezala ikuskaturik eduki beharko dituzte, indarra duten legeetan xedatutakoarekin bat.

15.8. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarritako kasuetan, hartutako dirulaguntzak itzultzea.

15.9. Onuradunek Nafarroako Gobernuaren ikur ofiziala edo xedatzen den beste bat erabili beharko dute dirulaguntzaren xede diren jardueren publizitatean eta zabalkundean, betiere jarraikiz urtarrilaren 12ko 8/2020 Foru Dekretuari, zeinaren bidez aldatzen baita Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera arautzen dituen urtarrilaren 27ko 4/2016 Foru Dekretua. Horren gaineko justifikazioa azken memorian aurkeztuko da.

16. Azpikontratazioa.

16.1. Toki erakunde onuradunek azpikontratatzen ahalko dute diruz lagundutako jardueraren kostuaren %100 bitarte.

16.2. Ezin izanen dira inola ere azpikontratatu diruz lagundutako jardueraren kostua garestitzen duten jarduerak, haren edukiari baliorik eransten ez badiote.

16.3. Kontratistek toki erakunde onuradunaren aurrean baino ez dute erantzun beharko. Administrazioaren aurrean, aldiz, onuradunak du diruz lagundutako jarduera gauzatzearen gaineko erantzukizun osoa.

Toki erakunde onuradunek hirugarrenekin ituntzen dituzten jardueretan errespetatu egin beharko dira dirulaguntzaren gaineko arauetan ezarritako mugak, gastu diruz lagungarrien izaerari eta zenbatekoari dagokienez, eta toki erakunde onuradunen ardura izanen da baldintza hori betetzea. Kontratistek, berriz, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 39. artikuluan ezarritako betebeharra izanen dute, hau da, lagundu egin beharko dute behar bezala egiaztatu ahal izan dadin aipatutako muga horiek ez direla gainditzen.

16.4. Erakunde onuradunak ezin du inolaz ere hitzartu diruz lagundutako jarduera osoa edo zati bat gauzatzea Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 26.7 artikuluan adierazitako pertsonekin.

17. Ez-betetzeak.

17.1. Deialdi honen arauetan ezarri dena ez betetzeak, gezurrezko datuak emateak edo Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuaren baimenik gabe dirulaguntzaren helburuak aldatzeak dirulaguntza galtzea ekarriko du berekin, jasotako dirua itzuli beharra Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, eta aurrerantzean helburu bereko edo bertsuko dirulaguntza eskaerak ez onartzea ere izan dezake ondorio, antolamendu juridikoan ezarritako gainerako erantzukizunak galarazi gabe.

17.2. Nolanahi ere, onuradunak betebeharrak ia osorik bete dituenean eta zalantzarik gabe bere konpromisoak betetzeko jarrera frogatzen duenean, itzuli beharreko dirua proportzionaltasun irizpideari jarraituz zehaztuko da.

18. Bitarteko elektronikoen bidezko harremanak.

18.1. Laguntzen eskaera eta erantsi beharreko dokumentazio guztia telematika bidez aurkeztuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan, laguntzen fitxaren bidez, Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atariko (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoaren barnean.

18.2. Deialdi honen prozeduran egiten diren komunikazioak, errekerimenduak eta jakinarazpenak telematikoki eginen dira, erakunde eskatzaileen gaitutako helbide elektroniko bakarraren bidez.

Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioaren http://notificaciones.060.es helbidean eskuratu daiteke gaitutako helbide elektroniko bakarra. Horretarako, ziurtagiri digitala eduki behar da. Halaber, Nafarroako Gobernuak gaitutako jakinarazpen prozeduretarako harpidetza egin beharko da, gaitutako helbide elektroniko bakarra lortzen den helbide berean.

19. Datu pertsonalen babesa.

Honako hauekin bat tratatuko dira deialdi hau tramitatzearen eta kudeatzearen ondorioz biltzen diren datu pertsonalak: Datuak Babesteko 2016/679 (EB) Erregelamendu Orokorra, Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa eta arlo horretan indarrean dagoen gainerako araudia.

Deialdi honen VII. eranskinean eskaintzen da datu pertsonalen tratamenduari aplikatzen zaion datuak babesteko politikari buruzko informazioa.

20. Errekurtsoak.

Deialdi honen oinarrien eta aplikazio egintzen kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete toki erakundeek, argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, galarazi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epeetan.

21. Aplikatzekoa den legedia.

Oinarriotan ezarrita ez dagoen orotan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoa aplikatuko da.

Iragarkiaren kodea: F2412496