191. ALDIZKARIA - 2024ko irailaren 19a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

837E/2024 EBAZPENA, irailaren 5ekoa, Ingurumeneko zuzendari nagusiarena, "‘Murieta’ eta ‘Estella’ 66 kV-ko linea elektriko berriak, Oteitzako udal-mugartean proiektatutako Estellerriko azpiestazio berrikoak" proiektuaren ingurumen inpaktuaren inguruko txostena ematen duena. Proiektuaren sustatzailea I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAU da, eta Lizarra, Oteitza eta Villatuertako udalerrietan egin nahi da.

2023ko urriaren 4an, Azpiegitura Energetikoen Atalak goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuari ekiteko eskaera igorri zion Biodibertsitatearen Zerbitzuari. Espediente hori sartuta dago Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen II. eranskineko 4.b) multzoan.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47. artikuluak ezartzen du ingurumen organoak ebazpen arrazoitua emanen duela proiektuaren ingurumen inpaktuaren ebaluazio arrunta egin beharrari buruz edo ingurumen inpaktuaren txostena egin beharrari buruz, txosten honetan ezartzen denarekin bat etorriz.

–Proiektuaren deskribapena:

Proiektuaren helburua da eremuko hornidura elektrikoaren kalitatea eta segurtasuna hobetzea, 66 kV-ko zirkuitu bikoitzeko sare berri bat proiektatzearen bidez. Horrela, Oteitzako udal-mugartean proiektatutako transformazio-azpiestazio berria (Estellerriko azpiestazioa) lotuko da sustatzailea titularra den "Cordovilla-Recajo" (3006-59), "Tafalla-Estella 1" (3097-6) eta "Sequero-Estella" (3126-12) 66 kV-ko linea elektrikoekin.

Proiektatutako zirkuitu bikoitzeko linea airekoa eta lurpekoa izanen da, eta 6.789 metro lineal izanen ditu; horietatik 3.007 metro airekoak izanen dira eta 3.789 metro lurpekoak (2.994 metro izanen ditu komunean "Lorca 1" eta "Lorca 2" linea elektrikoekin, zeinak beste espediente bereizi baten xede baitira).

Lurpeko linea igaroko da eraikiko den Estellerria azpiestaziotik, Oteitza udalerriaren iparralderantz. Oteitza zeharkatuko du tarte labur batez, eta ondoren Villatuertako udal-mugartetik lurpean igaroko da, hango herrigunerantz. A-12 autobiara iritsi aurretik, Muskildia mendiaren parean, linea airera igaroko da eta Muskildia mendiaren hegoaldetik pasatuko da, Lizarra udalerrirantz. Muskildia mendia igaro ondoren, linea lurperatuko da (788 metro), Villatuertako industria-lur urbanizagarria zeharkatu eta berriz ere airera bueltatzeko.

Aireko zatiak sareta-euskarri metalikoak izanen ditu, aluminio-altzairuzko kablez loturik. Lurpeko zatietan, kanalizazioa osatuko da plastikozko hodien bidez, zeinak hormigoizko prisma baten barruan egonen baitira. Hodietan kable bakarra egonen da (hodi bakoitzeko kable bat). Gainazaletik hurbilen dagoen potentzia-hodiaren goialderainoko sakonera ez da 0,6 metro baino txikiagoa izanen espaloian edo lurrean, ezta 0,8 metro baino txikiagoa ere galtzadan. Zangak 0,6 metroko zabalera izanen du gutxienez, 200 milimetroko diametroko plastikozko hiru hodi jartzeko, eta zabalduko da instalatu beharreko hodi kopuruaren arabera.

Proiektuak barne hartzen du, halaber, lineen 1.700 metro inguru desmuntatzea, bi bilbaduratan. Batetik, "Cordovilla-Recajo" linearen aireko tartea, 327. eta 322. euskarrien artean, eta bestetik, zirkuitu sinpleko 66 kV-ko linea elektrikoaren aireko tartea, gaur egun "Gráficas Estella" (5703) TBAri zerbitzu elektrikoa ematen diona, "Tafalla-Estella 1" goi-tentsioko aireko linearen 607. eta 610. euskarrien artean.

–Ingurumen ebaluazio sinplifikatuaren izapidetzea:

21/2013 Legearen 46. artikuluaren arabera, kontsultak egin zaizkie ukitutako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei. Kontsulta egin zaie, hain zuzen, Lizarrako, Oteitzako eta Villatuertako udalei, bai eta hainbat elkarte ekologistari eta linea berriak ukitutako eremuetan eskumena duten Nafarroako Gobernuko atalei ere. Legean aurreikusitako epean ez da kontsulta horien erantzunik jaso, honako hauenak izan ezik: Baso Plangintzaren Atala, aldeko txostena ematen duena, baldintzekin, eta Ibai Ingurunearen Atala, Ega eta Irantzu ibaiak gurutzatzeko baldintzak ezartzen dituena. Villatuertako Udalaren txostena ere jaso da. Bertan eskatzen da trazadura aldatzeko, lurpeko tartea handituz eta A-12 autobiarekiko paraleloan airetik igoz. Era berean, bi partikularrek, horietako batek Villatuerta Herri Taldea ordezkatuz, idazki bana aurkeztu dute trazadura osoa lurperatzeko eskatzeko, ingurumenaren gaineko hainbat ukipen –batez ere abifaunari dagokionez– eta Nafarroako Gobernuko beste organo batzuen eskumeneko beste alderdi batzuk justifikatuta. Azkenik, Ondare Arkitektonikoaren Atalak adierazi du ez dela eragozpenik egonen Donejakue Bidea gurutzatzeari dagokionez, baina baldintzak ezarri ditu beharrezko baimena lortzeko.

Txosten horiek ezagutu ondoren, sustatzaileak Villatuertako Udalaren txostenari erantzun dio. Partikularrek planteatutakoari dagokionez, hots, linea erabat lurperatzeari dagokionez, aukera hori baztertuta geratzen da, bideraezina baita. Horren harira, "Lorca 1" eta "Lorca 2" 66 kV-ko linea elektrikoen espedientean erantzun gisa esandakoa aipatzen da. Villatuertako Udalari emandako erantzunari dagokionez, kostu ekonomikoa handitzeaz gain, proposamena bideraezina da, espaziorik ez baitago A-12 autobiarekin, goi-tentsioko linearekin eta Muskildia mendiarekin bete beharreko segurtasun-distantziekin.

–Proiektuaren analisia, 21/2013 Legearen III. eranskineko irizpideak kontuan hartuta:

Proiektuaren eremuak ez du aurreikusten Natura 2000 Sareko guneetan lanik egitea, ezta ingurumen babeseko figuraren bateko guneetan ere. Lehenik eta behin, lurpeko kanalizazio bat eginen da azpiestazioaren irteeratik, eta 2.994 metroko luzera izanen du guztira, espediente honetan txosten honen xede ez den beste linea batekin batera; gutxienez 0,6 metroko sakonera izanen du espaloian edo lurrean, eta 0,8 metrokoa galtzadan. Zangak 0,60 metroko zabalera izanen du. Zati horretan, lanak behar bezala eginez gero, inpaktua gutxienekoa izanen da.

Ondoren, trazadura airera igaroko da X584226-Y4722586 puntuan gutxi gorabehera, eta airetik jarraituko du. Tarte hori planteatuta dago Muskildia mendiko baso-masei –produktiboei zein ez produktiboei– ukipenik ez eragiteko, baina ezin da saihestu zenbait baso-eremuri unean-unean eragitea. Ondoren, lurpeko 788 metroko zati bat egonen da, Villatuertako lurzoru urbanizagarrian, eta, azkenik, azken zatia airekoa izanen da.

Lineak Donejakue Bidea (interes kulturaleko ondasun gisa deklaratua) gurutzatzen du X581.345-Y4.721.921 UTM koordenatuetan, eta horretarako Ondare Arkitektonikoaren Atalak hainbat baldintza ezarri ditu onespena emateko, eta ebazpenaren baldintzetan jasota daude.

Abelbideei dagokienez, linea berriak, hasiera batean, Pasada de los Carboneros izenekoari eragiten dio lurpean dagoen bidegurutze batean (UTM koordenatuak: X582.437-Y4.722.670), eta, ondoren, aireko linea berriak 13. iraganbideari eragiten dio; izan ere, aireko lehenengo gurutzagune bat egitea dakar Villatuertako mendebaldeko 13. iraganbidearekin (UTM koordinatuak: X580.963-Y4.721.966) eta abelbidearen gaineko euskarri bat jartzea (UTM koordinatuak: X580.986-Y4.721.933). Jarduera horiek egiteko, Baso Plangintzarako Atalak txosten bat egin du, eta bertan baldintzak ezarri ditu, ebazpen honetan jasota daudenak.

Abelbideen ukipenei dagokienez, proiektuak aurreikusten du "Cordovilla-Recajo" linearen aireko zati bat desmuntatzea 327. eta 322. euskarrien artean. Horren bidez, kendu eginen da 13. iraganbideko linearen gaineko bidegurutzea.

Lurpeko trazaduran, X584407-Y4722431 puntuaren inguruan, "6420 Ihidi mediterraneoak" deritzon eremua nabarmendu behar da, Europar Batasunaren intereseko habitat gisa katalogatua.

Aireko linearen tarteetan, badira intereseko habitatak dituzten eremu batzuk, katalogatuak. Zehazki, proiektuaren eremuan badaude ibaiertzeko landaredia, landaredi mediterraneoa eta erkameztiak dituzten zenbait eremu, horiek ere katalogatuak.

Erriberako landarediaren gaineko ukipenaren barruan, nabarmendu behar da aireko lineak bi aldiz gurutzatzen dituela ur-ibilguak. Lehenik, Irantzu ibaia, eta, bigarrenik, Ega ibaia. Egun, Irantzu ibaia gurutzatzen da linea bat dagoen eremu beretik, baina kendu eginen da. Bestetik, Ega ibaiaren kasuan, beste gurutzaketa bat gertatzen da hegoalderago, baina proiektuak aurreikusten du hori ere kentzea. Era berean, Ibai Ingurunearen Atalak baldintzapean jarri ditu gurutzaketa horietan egin beharreko lanak, ebazpenaren eranskinean daudenak.

Proiektuan ez daude sarbideak zehaztuta; hortaz, ezin da balioztatu sarbideak egokitzeak landaredi naturalari nola eraginen dion.

Aurkeztutako dokumentazioa ikusita eta proiektua gauzatzearen, ustiatzearen eta bertan behera uztearen ondorioz sortzen ahal den ingurumen eragina aztertuta, Ingurumen Ebaluazioaren Atalak ebatzi du ezen, kontsulten emaitza kontuan izanda eta 21/2013 Legearen III. eranskinean horri dagokionez jasotzen diren irizpideetan oinarrituta, proiektuak ez duela eragin kaltegarri nabarmenik izanen ingurumenean, ingurumen eraginaren txosten honetan jasotako zehaztapenak betetzen badira.

Horrela, "‘Murieta’ eta ‘Estella’ 66 kV-ko linea elektriko berriak, Oteitzako udal-mugartean proiektatutako Estellerriko azpiestazio berrikoak" proiektuaren aldeko txostena egitea proposatzen da, txosten honetan jasotako baldintzak betetzen badira, eta ez da beharrezkoa ingurumen inpaktuaren ebaluazio arrunta egitea. Dena den, horrek ez du kentzen indarreko legeriaren arabera behar diren bestelako baimenak lortu beharra.

Ingurumen ebaluazio sinplifikatuaren prozedura modu egokian bete dela iritzita, adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren abuztuaren 17ko 10/2023 Foru Dekretua eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 15eko 255/2023 Foru Dekretua,

EBAZTEN DUT:

1. "‘Murieta’ eta ‘Estella’ 66 kV-ko linea elektriko berriak, Oteitzako udal-mugartean proiektatutako Estellerriko azpiestazio berrikoak" proiektuak, zeina I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAUk sustatu baitu, ez du eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumenaren eraginaren txosten honetan adierazten den bezala, eta, beraz, ez zaio ingurumen eraginaren ebaluazio arruntik egin behar (21/2013 Legearen II. tituluko II. kapituluko 1. atalean arautua).

2. Aurrekoa gorabehera, proiektua baimentzeak berekin dakar baldintza hauek bete beharra:

–Linea lurperatuko da, bi linea elektrikoei buruzko proiektuan adierazitako moduan, 2,5 kilometroko eremuan, Estellerriko azpiestazioaren inguruan.

–Abifauna elektrokutatzeko arriskua minimizatzeko, hurrengo hau bete beharko da: Lotzeko euskarrietan gutxienez metro bateko distantzia gorde beharko da euskarriaren gurutzetaren eta eroaleen artean. Babeserako edo maniobrak egiteko elementuak alderantziz paratuko dira, euskarriko burualdetik behar adinako tartea utzita. Nolanahi ere, isolatu eginen dira tentsio-elementuen arteko lotura zubiak, baita ebakigailuak, autobalbulak eta konexio-botilak ere. Ganga-erako euskarrietan, erdiko eroalea metro bat isolatuko da alde bakoitzean, esekitze-grapa barne. Isolatzeko erabilitako materiala egokia izanen da goi-tentsioko lanetarako eta hegaztiak babesteko. Debeku da silikonazko zinta edo antzekoak erabiltzea, eta elementu bakoitzerako aurrez formatutako pieza espezifikoak erabiliko dira.

–Era berean, bi tarte seinalatuko dira talken aurkako balizekin, abifauna babesteko. Balizen kadentzia gehienez 15 metrokoa izanen da fase bereko ondoz-ondoko bi balizen artean, eta seinaleen arteko distantzia 5 metrokoa edo txikiagoa izanen da albotik. Irantzu eta Ega ibaiak gurutzatzeko zatiaren abiapuntua X580937-Y4722001 puntua izanen da, eta amaiera-puntua X581957-Y4722266 puntua. Muskildia mendiaren hegoaldeko aireko zatia ere balizatuko da. Hasiera X582566-Y4722701 puntuan izanen du, eta amaiera X584209-Y4722560 puntuan.

–Sarbiderik zehaztu ez denez, horiek ez dute kaltetuko Europar Batasunaren intereseko landaredia, eta dagoenaren gaineko eraginak minimizatuko dira. Obra zuinketan, euskarriak eta kanalizazioak markatuko dira, eta planteatuko dira sarbideak eraginak minimizatzeko moduan.

–Sarbide berriak, ahal den guztietan, lehendik dauden azpiegituretan edo soro landuetan zehar eginen dira, landaredi naturalari ahalik eta kalte txikiena eragiteko, bereziki Europar Batasunaren intereseko habitatak badira.

Intereseko habitatari dagokionez (Ihidi mediterraneoak, X584407-Y472231 puntuaren eremuan kokatua), behin betiko trazadurak haren gaineko eragina minimizatuko du, eta bidearen errodadura-bandatik igaroko da, edo bertatik ahalik eta gertuen. Habitat horretatik hurbil, eta lerrokadura berean, zuhaitz-erako makal batzuk daude X584326-Y4722516 koordenatuetan, eta errespetatu egin beharko dira.

–Vianako Printzea Erakundea-Kulturako Zuzendaritza Nagusiaren abuztuaren 22ko 198/2023 Ebazpenaren bidez, ezartzen da saihestu beharko dela azpiestaziorako sarbidea "Lorca I" eremuko El Camino aztarnategitik. Zirkuitu bikoitzeko linea instalatzeko lanetan ere kontuan hartuko da baldintza hori.

Irantzu eta Ega ibaiak gurutzatzeari dagokionez, Ibai Ingurunearen Atalak 2024ko otsailaren 16an emandako txostenean ezarritakoa beteko da (espediente-erreferentzia: 0003-0102-2023-001844). Ebazpenari atxiki zaio.

–Lanek dirauten bitartean, solido asko mugituko dira; beraz, aldi baterako ibilguetatik gertu dagoenez, neurriak hartu beharko dira solidoak atxikitzeko.

–Lanak agorraldian eginen dira, hartara saihesteko, uholdeak gertatuz gero, urak ibilgutik ateratzea obrek ukitzen duten eremuan.

–Eragin puntualik egin behar izanez gero, lurra jatorrizko egoerara lehengoratu beharko da obrak amaitu ondoren.

–Bidetik kanpoko zangak irekitzeko lanetan eta euskarri berriak zimendatzeko zuloak egitean, gutxienez 30 zentimetroko sakonerako landare lur geruza kenduko da hasieran; lur hori hondeatutako gainerako lurretatik bereizita pilatu beharko da, eta lurrazalean paratuko da zanga betetzen denean.

–Zerbitzutik kanpo geratzen diren azpiegitura guztiak kendu beharko dira.

–Lanek aldatutako eremu guztiak, euskarrietarako bide berrien ertzak eta lanak bukatu ondoren utziko ez diren aztarnak barne, behar bezala lehengoratuko dira lanen aurretik zuten erabilera eta egoera berreskura ditzaten. Leheneratze lanak egitean, makinak pasatzean ukitutako lurrak destrinkotu beharko dira.

–Linea elektrikoa, lurpekoa nahiz airekoa, abelbideekin gurutzatzeari buruzkoa. Inolaz ere ez dira jarriko dorreen euskarriak, zimendatze zapatak barne, ez abelbidearen barruan ez abelbidearen mugatik 3 metroko zortasun eremuan. Beraz, X580.986-Y4.721.933 UTM koordenatuetan euskarri bat birkokatu beharko da abelbidearen gainean.

–Obrak bukatutakoan, inola ere ez da bidearen zoladura eta/edo zabalera aldatzen ahalko, ez eta lurzatietara sartzeko bideena ere, abelbide batean baitaude.

–Bidegurutzeen eta zangen zabalerari dagokionez, teknikoki posible den txikiena izanen da, eta kutxatilak lurzoru mailarekin zehatz-mehatz berdinduko dira.

–Obrak gauzatzeko fasean ez da altxonbidea erabat oztopatzen ahalko; bestela, abereentzako iraganbide alternatiboa prestatu beharko da. Zangak irekitzearen ondoriozko material eta/edo landare lurra ezin izanen dira inolaz ere gaur egun larreak diren horietan utzi, ezta behin-behinekoz egiten bada ere.

–Proiekturako beharrezkoak diren zangak eta obrak egiteko exekuzio fasearen ondoren, lan horiek bukatutakoan, ukitutako eremua leheneratuko da altxonbideetan edo zortasun eremuetan (lur mugimenduak, jatorrizko bide zoruak leheneratzea, landareztatzea eta abar), makinek jatorrizko landaredian eragindako kalteak konpontzeko eta pilaketarik eta obra hondakinik ez geratzeko, halako moduan non egindako lanen ondorioz inola ere ez diren kaltetuko abereen igarotzea ezta horrekin bateragarriak eta osagarriak diren erabilerak ere.

–Txosten honek ez du sustatzailea salbuesten indarreko legeriaren arabera beharrezkoak diren beste baimen batzuk lortzetik, bereziki Ondare Arkitektonikoaren Atalaren txostena, Donejakue Bideari dagokionez.

Ondare Arkitektonikoaren Atalak Donejakue Bidea gurutzatzeari buruz egindako txostena lortzeko, atal horrek honako hau adierazi du: "Ez legoke bidea gurutzatzeko eragozpenik, baldin eta dorre elektrikoak –haien kokapena ez dago zehaztuta– 30 metroko babes-zerrendatik kanpo geratzen badira bidearen alde bakoitzean, ertzetik hasita. Gainera, Ega ibaiaren hegoaldean, linea ia paraleloan doa tarte batetik, eta zati batean Donejakue Bidearen babes-zerrendaren barruan. Dokumentazioak ez du adierazten dorre elektrikoen kokapena, ezta lineak bidearekiko duen posizioa ere. Tarte horretan, dorreak eta lerroa 30 metroko babes-zerrendatik kanpo jarriko dira, bidearen alde bakoitzean, ertzetik hasita. Adierazitako guztia aintzat hartzen duen dokumentazioa eta xehetasun guztiak bidaliko dira, Donejakue Bidearen trazadura barne, txostena egiteko".

–Obra amaituta dagoenean, Ingurumen Jarraipenaren Bulegoari abisatu beharko zaio (seguimiento.ambiental@navarra.es), espedientearen kodea aipatuz eta bidaliz linearen zein euskarrien geoerreferentzia jasotzen duen artxibo bat eta euskarrien argazkiak.

–Lanak hasi baino aste bat lehenago, Lizarrako iparraldeko (gmaestellanorte@navarra.es) eta Lizarra hegoaldeko (gmaestellasur@navarra.es) barrutietako Basozainak-Ingurumena Zaintzeko Atalari gaztigatuko zaio , obrak ikuska ditzan eta, egokia bada, zuhaitzak markatu.

3. Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47.5 artikuluak adierazten duenari jarraikiz, ingurumen txostenaren aurka ez da errekurtsorik jartzen ahalko, deusetan galarazi gabe proiektua onesteko xedapen orokorraren aurka auzibidean jartzen ahal direnak, edota plan edo programa onesteko egintzaren aurka administrazio bidean jartzen ahal direnak.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen hau interesdunari jakinaraztea, eta igortzea Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzura, Lizarrako, Oteitzako eta Villatuertako udaletara eta Basozainak-Ingurumena Zaintzeko Atalera (Lizarrako iparraldeko eta hegoaldeko barrutiak), behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2024ko irailaren 5ean.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.

KOKAPEN PLANOA

Iragarkiaren kodea: F2413149