191. ALDIZKARIA - 2024ko irailaren 19a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

836E/2024 EBAZPENA, irailaren 5ekoa, Ingurumeneko zuzendari nagusiarena, "‘Lorca 1’ (3822 52) eta ‘Lorca 2’ (3822-53) 66 kV-ko linea elektriko berriak, Oteitzako udal-mugartean proiektatutako Estellerriko azpiestazio berrikoa" proiektuaren ingurumen inpaktuaren inguruko txostena ematen duena. Proiektuaren sustatzailea I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAU da, eta Oteitzako, Deierri eta Villatuertako udalerrietan egin nahi da.

2023ko urriaren 3an, Azpiegitura Energetikoen Atalak goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuari ekiteko eskaera igorri zion Biodibertsitatearen Zerbitzuari. Espediente hori sartuta dago Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen II. eranskineko 4.b) multzoan.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47. artikuluak ezartzen du ingurumen organoak ebazpen arrazoitua emanen duela proiektuaren ingurumen inpaktuaren ebaluazio arrunta egin beharrari buruz edo ingurumen inpaktuaren txostena egin beharrari buruz, txosten honetan ezartzen denarekin bat etorriz.

–Proiektuaren deskribapena.

Proiektuaren helburua da eremuko hornidura elektrikoaren kalitatea eta segurtasuna hobetzea, 66 kV-ko zirkuitu bikoitzeko sare berri bat proiektatzearen bidez. Horrela, Oteitzako udalerrian proiektatutako transformazio-azpiestazio berria (Estellerriko azpiestazioa) lotuko da "Lorca" izeneko maniobra-azpiestazioarekin.

Proiektatutako zirkuitu bikoitzeko linea airekoa eta lurpekoa izanen da, eta 5.197 metro lineal izanen ditu: 2.213 metro airekoak eta 2.984 metro lurpekoak. Linea igaroko da eraikiko den Estellerria azpiestaziotik, Oteitza udalerriaren iparralderantz.

Oteitza zeharkatuko du tarte labur batez, eta ondoren Villatuertako udal-mugartetik lurpean igaroko da, hango herrigunerantz. A-12 autobiara iritsi aurretik, Muskildia mendiaren inguruan, linea airekoa izatera pasatzen da eta paraleloki igarotzen da Tejeria bidearekiko, Lorca estaziora bidean.

–Ingurumen inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren tramitazioa.

Aurkeztutako ingurumen agiria bat dator Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 45. artikuluan zehazten den edukiarekin.

21/2013 Legearen 46. artikuluaren arabera, kontsultak egin zaizkie ukitutako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei. Kontsulta egin zaie Oteitzako, Deierriko eta Villatuertako udalei, bai eta hainbat elkarte ekologistari eta linea berriak ukitutako eremuetan eskumena duten Nafarroako Gobernuko atalei ere. Legean aurreikusitako epean, Baso Plangintzarako Atalak eta Oteitzako eta Villatuertako udalek baino ez dute erantzun. Hala, Baso Plangintzarako Atalak aldeko txostena eman du eta baldintzak gehitu dizkio ebazpenaren baldintzei, Oteitzako Udalak proiektuaren bateragarritasuna ebaluatu du bere hirigintza-plangintzarekiko, eta Villatuertako Udalak trazadura aldatzeko eskatu du, lurpeko tartea handitzeko eta A-12 autobiarekiko paraleloan airera igotzeko. Era berean, bi partikularrek, horietako batek Villatuerta Herri Taldea ordezkatuz, idazki bana aurkeztu dute trazadura osoa lurperatzeko eskatzeko, ingurumenaren gaineko hainbat ukipen eta Nafarroako Gobernuko beste organo batzuen eskumeneko beste alderdi batzuk justifikatuta.

Txosten horiek ezagutu ondoren, sustatzaileak Villatuertako Udalaren eta bi partikularren txostenei erantzun die. Partikularrek planteatutako kasuari dagokionez, hau da, linea erabat lurperatzeari dagokionez, aukera hori erabat baztertzen da. Izan ere, ez da bideragarria, ingurumen agirian agertzen diren eta hartu behar diren neurrietan oinarrituta.

Villatuertako Udalari emandako erantzunari dagokionez, proposamena ez da bideragarria, lekurik ez baitago dauden zortasunetan. Hortaz gain, honako hau azaltzen da, laburbilduta: "Proposatutako lineak ez du ukipenik eragiten lehendik dauden bideen trazaduran, gutxiago ukitzen dio Donejakue Bideari. Linearen luzera antzekoa da aireko tartean, eta luzeagoa lurpeko tartean, paisaiaren eta ingurumenaren gaineko inpaktua antzekoa da eta inpaktu hori bateragarria da ingurumen dokumentuan adierazten den bezala".

–Proiektuaren analisia, 21/2013 Legearen III. eranskineko irizpideak kontuan hartuta.

Proiektuaren eremuak ez du aurreikusten Natura 2000 Sareko guneetan lanik egitea, ezta ingurumen babeseko figuraren bateko guneetan ere. Lehenik eta behin, lurpeko kanalizazio bat eginen da azpiestazioaren irteeratik, eta 2.984 metroko luzera izanen du guztira, espediente honetan txosten honen xede ez den beste linea batekin batera; gutxienez 0,6 metroko sakonera izanen du espaloian edo lurrean, eta 0,8 metrokoa galtzadan. Zangak 0,60 metroko zabalera izanen du. Zati horretan, lanak behar bezala eginez gero, inpaktua gutxienekoa izanen da.

Ondoren, X584226-Y4722586 puntuan gutxi gorabehera, trazadura airera igaroko da eta handik jarraituko du 2.213 metroz. Tarte hori baso-masa produktiboei ukipenik eragin gabe igarotzeko planteatu da, eta ezin da saihestu zenbait baso-eremuri unean-unean eragitea.

Aireko tarteak behin zeharkatzen du katalogatutako abelbideen sarea, zehazki, Deustiatik Urbasa-Andiara doan errege altxonbidea.

Lurpeko trazaduran, X584407-Y4722431 puntuaren inguruan, "6420 Ihidi Mediterraneoak" deritzon eremua nabarmendu behar da, Europar Batasunaren intereseko habitat gisa katalogatua.

Proiektuan ez daude sarbideak zehaztuta; hortaz, ezin da balioztatu sarbideak egokitzeak landaredi naturalari nola eraginen dion.

Aurkeztutako dokumentazioa ikusita eta proiektua gauzatzearen, ustiatzearen eta bertan behera uztearen ondorioz sortzen ahal den ingurumen eragina aztertuta, Ingurumen Ebaluazioaren Atalak ebatzi du ezen, kontsulten emaitza kontuan izanda eta 21/2013 Legearen III. eranskinean horri dagokionez jasotzen diren irizpideetan oinarrituta, proiektuak ez duela eragin kaltegarri nabarmenik izanen ingurumenean, ingurumen eraginaren txosten honetan jasotako zehaztapenak betetzen badira.

Horrela, "‘Lorca 1’ (3822 52) eta ‘Lorca 2’ (3822-53) 66 kV-ko linea elektriko berriak, Oteitzako udal-mugartean proiektatutako Estellerriko azpiestazio berrikoa" proiektuaren aldeko txostena egitea proposatzen da, txosten honetan jasotako baldintzak betetzen badira, eta ez da beharrezkoa ingurumen inpaktuaren ebaluazio arrunta egitea. Dena den, horrek ez du kentzen indarreko legeriaren arabera behar diren bestelako baimenak lortu beharra.

Ingurumen ebaluazio sinplifikatuaren prozedura modu egokian bete dela iritzita, adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren abuztuaren 17ko 10/2023 Foru Dekretua eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 15eko 255/2023 Foru Dekretua,

EBAZTEN DUT:

1. I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAUk sustatutako proiektuak, hots, ‘Lorca 1’ (3822 52) eta ‘Lorca 2’ (3822-53) 66 kV-ko linea elektriko berriak instalatzeko proiektuak, ez du eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen inpaktuaren txosten honetan ezarritakoaren arabera. Beraz, ez du 21/2013 Legearen II. tituluko II. kapituluko 1. atalean aurreikusitako ingurumen inpaktuaren ebaluazio arruntik behar.

2. Aurrekoa gorabehera, proiektua baimentzeak berekin dakar baldintza hauek bete beharra:

–Linea lurperatuko da, bi lineei buruzko proiektuan adierazitako moduan, 2,5 kilometroko eremuan, Estellerriko azpiestazioaren inguruan.

–Abifauna elektrokutatzeko arriskua minimizatzeko, hurrengo hau bete beharko da: Lotzeko euskarrietan gutxienez metro bateko distantzia gorde beharko da euskarriaren gurutzetaren eta eroaleen artean. Babeserako edo maniobrak egiteko elementuak alderantziz paratuko dira, euskarriko burualdetik behar adinako tartea utzita.

–Nolanahi ere, isolatu eginen dira tentsio-elementuen arteko lotura zubiak, baita ebakigailuak, autobalbulak eta konexio-botilak ere. Ganga-erako euskarrietan, erdiko eroalea metro bat isolatuko da alde bakoitzean, esekitze-grapa barne. Isolatzeko erabilitako materiala egokia izanen da goi-tentsioko lanetarako eta hegaztiak babesteko. Debeku da silikonazko zinta edo antzekoak erabiltzea, eta elementu bakoitzerako aurrez formatutako pieza espezifikoak erabiliko dira.

–Sarbiderik zehaztu ez denez, horiek ez dute kaltetuko Europar Batasunaren intereseko landaredia, eta dagoenaren gaineko eraginak minimizatuko dira. Obra zuinketan, euskarriak eta kanalizazioak markatuko dira, eta planteatuko dira sarbideak eraginak minimizatzeko moduan.

–Sarbide berriak, ahal den guztietan, lehendik dauden azpiegituretan edo soro landuetan zehar eginen dira, landaredi naturalari ahalik eta kalte txikiena eragiteko, bereziki Europar Batasunaren intereseko habitatak badira.

– X584407-Y472231 puntuaren inguruan dagoen intereseko habitatari dagokionez, behin betiko trazadurak minimizatuko du haren gaineko eragina, eta lehendik dagoen bidetik ahalik eta gertuen igaroko da.

–Vianako Printzea Erakundea-Kulturako Zuzendaritza Nagusiaren abuztuaren 22ko 198/2023 Ebazpenaren bidez, ezartzen da saihestu beharko dela azpiestaziorako sarbidea Lorca I Bidea aztarnategitik. Zirkuitu bikoitzeko linea instalatzeko lanetan ere kontuan hartuko da baldintza hori.

–Linea elektrikoaren ibilguen gurutzaketek Arroko Erakundeak (Ebroko Konfederazio Hidrografikoa) ezarritako gutxieneko altuerak eta babesak bete beharko dituzte.

–Lanek dirauten bitartean, solido asko mugituko dira; beraz, aldi baterako ibilguetatik gertu dagoenez, neurriak hartu beharko dira solidoak atxikitzeko.

–Lanak agorraldian eginen dira, hartara saihesteko, uholdeak gertatuz gero, urak ibilgutik ateratzea obrek ukitzen duten eremuan.

–Eragin puntualik egin behar izanez gero, lurra jatorrizko egoerara lehengoratu beharko da obrak amaitu ondoren.

–Espresuki debekatuta dago edonolako isurketak egitea, eta arreta berezia jarriko da substantzia kutsagarriak erabiltzean, hala nola gasolioa, olioak edo hormigoia.

–Baimenak ez du sustatzailea salbuesten indarreko legeriaren arabera beharrezkoak diren beste baimen batzuk eskuratzetik, eta, bereziki, Ebroko Konfederazio Hidrografikoarenak, jabari publiko hidraulikoko jarduketen kasuan.

–Erreka zulo edo erretenetako gurutzaketak, ahal dela, urik ez daramatenean eginen dira. Lehorrean lan egin beharko da beti, eta saihestuko da urak uhertzea eta/edo kutsatzea.

–Bidetik kanpoko zangak irekitzeko lanetan eta euskarri berriak zimendatzeko zuloak egitean, gutxienez 30 zentimetroko sakonerako landare lur geruza kenduko da hasieran; lur hori hondeatutako gainerako lurretatik bereizita pilatu beharko da, eta lurrazalean paratuko da zanga betetzen denean.

–Zerbitzutik kanpo geratzen diren azpiegitura guztiak kendu beharko dira.

–Lanek aldatutako eremu guztiak, euskarrietarako bide berrien ertzak eta lanak bukatu ondoren utziko ez diren aztarnak barne, behar bezala lehengoratuko dira lanen aurretik zuten erabilera eta egoera berreskura ditzaten. Leheneratze lanak egitean, makinak pasatzean ukitutako lurrak destrinkotu beharko dira.

–Deustiatik Urbasa-Andiara doan Errege Altxonbidea airez gurutzatzeari dagokionez. Inolaz ere ez dira jarriko dorreen euskarriak, zimendatze zapatak barne, ez abelbidearen barruan ez abelbidearen mugatik 3 metroko zortasun eremuan.

–Obrak bukatutakoan, inola ere ez da bidearen zoladura eta/edo zabalera aldatzen ahalko, ez eta lurzatietara sartzeko bideena ere, abelbide batean baitaude.

–Bidegurutzeen eta zangen zabalerari dagokionez, teknikoki posible den txikiena izanen da, eta kutxatilak lurzoru mailarekin zehatz-mehatz berdinduko dira.

–Obrak gauzatzeko fasean ez da altxonbidea erabat oztopatzen ahalko; bestela, abereentzako iraganbide alternatiboa prestatu beharko da. Zangak irekitzearen ondoriozko material eta/edo landare lurra ezin izanen dira inolaz ere gaur egun larreak diren horietan utzi, ezta behin-behinekoz egiten bada ere.

–Proiekturako beharrezkoak diren zangak eta obrak egiteko exekuzio fasearen ondoren, lan horiek bukatutakoan, ukitutako eremua leheneratuko da altxonbideetan edo zortasun eremuetan (lur mugimenduak, jatorrizko bide zoruak leheneratzea, landareztatzea eta abar), makinek jatorrizko landaredian eragindako kalteak konpontzeko eta pilaketarik eta obra hondakinik ez geratzeko, halako moduan non egindako lanen ondorioz inola ere ez diren kaltetuko abereen igarotzea ezta horrekin bateragarriak eta osagarriak diren erabilerak ere.

–Txosten honek ez du sustatzailea salbuesten indarreko legeriaren arabera beharrezkoak diren beste baimen batzuk lortzetik, bereziki Ondare Arkitektonikoaren Atalaren txostena, Donejakue Bideari dagokionez.

–Obra amaituta dagoenean, Ingurumen Jarraipenaren Bulegoari abisatu beharko zaio (seguimiento.ambiental@navarra.es), espedientearen kodea aipatuz eta bidaliz linearen zein euskarrien geoerreferentzia jasotzen duen artxibo bat eta euskarrien argazkiak.

–Lanak hasi baino aste bat lehenago, Lizarrako iparraldeko (gmaestellanorte@navarra.es) eta Lizarra hegoaldeko (gmaestellasur@navarra.es) barrutietako Basozainak-Ingurumena Zaintzeko Atalari gaztigatuko zaio , obrak ikuska ditzan eta, egokia bada, zuhaitzak markatu.

3. Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47.5 artikuluak adierazten duenari jarraikiz, ingurumen txostenaren aurka ez da errekurtsorik jartzen ahalko, deusetan galarazi gabe proiektua onesteko xedapen orokorraren aurka auzibidean jartzen ahal direnak, edota plan edo programa onesteko egintzaren aurka administrazio bidean jartzen ahal direnak.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen hau interesdunari jakinaraztea, eta igortzea Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzura, Oteitzako, Deierriko eta Villatuertako udaletara eta Basozainak-Ingurumena Zaintzeko Atalera (Lizarrako iparraldeko eta hegoaldeko barrutiak), behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2024ko irailaren 5ean.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.

KOKAPEN PLANOA

Iragarkiaren kodea: F2413156