Iragarkia
191. ALDIZKARIA - 2024ko irailaren 19a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
366/2024 EBAZPENA, abuztuaren 28koa, Hezkuntzako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez jarraibideak onesten baitira Nafarroako Foru Komunitateko lurraldean dauden Arte Irakaskuntzen ikastetxe publikoetako eskola kontseiluak hautatzeko, eratzeko, haien zati bat berritzeko eta haietan hutsik dauden tokiak betetzeko.
Antolamendu, Prestakuntza eta Kalitate Zerbitzuko zuzendariak aldeko txostena eman du Arte Irakaskuntzen ikastetxe publikoetako eskola kontseiluak hautatzeko, eratzeko, haien zati bat berritzeko eta eta haietan hutsik dauden tokiak betetzeko, hezkuntza-komunitateko sektore guztien parte-hartzea bermatzeko asmoz.
Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoa eta Arte Irakaskuntzen ikastetxe publikoetako gobernu organoak arautzen dituen martxoaren 15eko 94/1993 Foru Dekretua kontuan harturik, ebazpen honen xedea da ikastetxe horietako eskola kontseiluak hautatzeko, eratzeko, haien zati bat berritzeko eta haietan hutsik dauden tokiak betetzeko jarraibideak onestea.
Horrenbestez, dagozkidan ahalmenak erabiliz, hala ematen baitizkit azaroaren 15eko 245/2023 Foru Dekretuak, Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duenak,
EBAZTEN DUT:
Lehenbizikoa.–Nafarroako Foru Komunitateko lurraldean dauden Arte Irakaskuntzen ikastetxe publikoetako eskola kontseiluak hautatzeko, eratzeko, haien zati bat berritzeko eta haietan hutsik dauden tokiak betetzeko jarraibideak onestea, baita dagokien eranskina ere. Hona hemen:
I.–Aplikazio eremua.
1. Ebazpen hau Arte Irakaskuntzen ikastetxe publikoetan aplikatuko da, baldin eta:
–Beren eskola kontseiluak lehenbiziko aldiz hautatu behar badituzte.
–Beren eskola kontseiluen zati bat berritu behar badute, hau da, erdietako bat berritu behar badute bukatu delako hartan egoteko hautatutako kideei dagokien kargualdia.
–Eskola kontseiluko sektoreren batean hutsik dauden tokiak bete behar badituzte, bat etorriz atal honetako 2. eta 3. puntuetan ezarritakoarekin.
2. Erdietako bat berritu behar bada, zuzendariak sektoreak osatzeko aplikatzen ahalko du ebazpen hau, eskola kontseiluak toki hutsak dituenean berritu behar ez den erdian.
3. Erdietako bakar bat ere berritu behar ez bada, zuzendariak sektoreak osatzeko aplikatzen ahalko du ebazpen hau, eskola kontseiluaren bi erdietako sektore batean edo gehiagotan toki hutsak daudenean.
II.–Hauteskunde prozesua prestatzea.
1. Ebazpen honek aipatzen dituen ikastetxeetako eskola kontseiluak hautatzeko, haien zati bat berritzeko eta haietan hutsik dauden tokiak betetzeko deialdia Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan eta Arte Irakaskuntzen ikastetxe publikoetako gobernu organoak arautzen dituen martxoaren 15eko 94/1993 Foru Dekretuan horri buruz ezarritakoari lotuko zaio.
2. Ikastetxeetako zuzendariek hezkuntza-komunitateko sektore bakoitzaren hautesle errolda eginen dute, botoa emateko eskubidea duten pertsonez osatua. Errolda hori jendaurrean jarriko da, baina bakarrik agertuko dira boto-emaile bakoitzaren izen-abizenak, edo haien NAN zenbakia (edo agiri baliokidearena). Errolda hori ikastetxe barruan besterik ez da argitara emanen.
3. Errolda hori behin-behinekoa izanen da. Haren kontra erreklamazioak aurkezten ahalko dira argitaratu eta hiru egun balioduneko epean. Erreklamazioak egiteko epea bukatuta, behin betiko errolda hurrengo egun baliodunean argitaratuko da.
4. Ikastetxeetako zuzendaritzek hauteskunde batzordeko kide titular eta ordezkoak hautatzeko jendaurreko zozketak antolatuko dituzte, publikotasun eta berdintasun printzipioak bermatuz. Era berean, hautapen prozesuko jarduketak errazteko behar diren prestaketa neurriak hartu beharko dituzte.
III.–Hauteskunde batzordea.
1. Hauteskunde batzordea 2024ko urriaren 18a baino lehen eratuko da, jendaurreko ekitaldi batean, hautapen prozedura antolatzeari ekiteko.
Hauteskunde batzordeak kide hauek izanen ditu:
–Ikastetxeko zuzendaria, burua izanen dena.
–Ikastetxeko irakasle bat.
–Ikastetxeko ikasle bat, 12 urtetik gorakoa.
–Ikastetxeko ikasle baten guraso bat edo legezko tutorea.
–Administrazioko eta zerbitzuetako langileen (AZL) ordezkari bat.
2. Batzordeko kide guztiak, zuzendaria izan ezik, zozketa bidez hautatuko dira hautesle errolda bakoitzean inskribaturik daudenen artetik. Ordezkoak modu berean hautatuko dira. Horretarako, errolda bakoitzeko pertsona bakoitzari zenbaki arrunt bat esleitzen ahal zaio, 1etik aurrera, eta zenbaki bat ausaz atera, 1etik errolda osatzen dutenen kopurura artekoa. Hauteskunde batzordeko kide titular izanen da zozketan ateratako zenbakia daukana, baita horren ondokoak ere, kasuan kasuko sektorea osatzeko behar diren titularrak izan arte. Ordezkoak izanen dira erabilitako azken zenbakiaren hurrengoak dituztenak.
3. Hala ere, ebazpen honen I.3 atalean azaltzen den kasuan, zuzendariak parte hartzetik salbuesten ahalko ditu bete behar ez diren sektoreetakoak diren hauteskunde batzordeko kideak.
4. Hauteskunde batzordeak hauteskunde mahaien eraketa sustatu behar du, eta bai titularrak bai ordezkoak izendatu.
5. Hauteskunde batzordearen eskumenak martxoaren 15eko 94/1993 Foru Dekretuaren 26. eta 27. artikuluetan eta ebazpen honetan adierazitakoak dira.
6. Artikulu horietan xedatutakoaz gain, hauteskunde batzordeak eskumena izanen du hauteskunde prozesuan sor daitezkeen gatazkak ebazteko.
IV.–Hauteskunde mahaiak.
1. Irakasleentzako, ikasleentzako, guraso eta legezko tutoreentzako eta administrazioko eta zerbitzuetako langileentzako (AZL) hauteskunde mahaiak eratuko dira martxoaren 15eko 94/1993 Foru Dekretuaren 30., 35., 36., 40., 41., 44. eta 45. artikuluetan ezarritakoaren arabera.
Eratutako hauteskunde mahaietako bakoitzak, bozketa saioan buru gisa aritzeaz gainera, bozketaren zuzentasuna begiratu, botoak zenbatu eta behar den akta eginen du.
2. Irakasleen sektorearen hauteskunde mahaiko kideak honako hauek izanen dira: ikastetxeko zuzendaria –mahaiburu lanetan ariko dena–, ikastetxean antzinatasun handiena duen irakaslea eta antzinatasun txikiena duena. Azken horrek hauteskunde mahaiko idazkari lanak eginen ditu. Antzinatasun bereko irakasle bat baino gehiago baldin badaude, antzinatasun handienekoen artean irakasle zaharrena izanen da mahaikide, eta antzinatasun txikienekoen artean gazteena. Hauek izanen dira ordezkoak:
–Zuzendariaren ordezkoa: ikastetxeko zuzendariordea edo, ikastetxean halakorik egon ezean, ikasketaburua.
–Ikastetxean antzinatasun handiena duen irakaslearen ordezkoa: antzinatasun handiena duten irakasleen artean bigarrena.
–Ikastetxean antzinatasun txikiena duen irakaslearen ordezkoa: antzinatasun txikiena duten irakasleen artean bigarrena.
3. Gurasoen eta legezko tutoreen sektorearen hauteskunde mahaiko kideak honako hauek izanen dira: ikastetxeko zuzendaria –mahaiburu lanetan ariko dena– eta lau guraso edo legezko tutore, zozketaz aukeratuak (III.2 atalean proposatutako sistema bera erabil daiteke). Haietatik gazteenak idazkari lanak eginen ditu. Nolanahi ere, hauteskunde mahaia eratzeko behar den guraso edo legezko tutoreen kopurua murrizten ahalko du hauteskunde batzordeak baldin eta, ikastetxeko zuzendariak ongi justifikatutako inguruabarrengatik, hala komeni bada. Hauek izanen dira ordezkoak:
–Zuzendariaren ordezkoa: ikastetxeko zuzendariordea edo, ikastetxean halakorik egon ezean, ikasketaburua.
–Lau gurasoen edo legezko tutoreen ordezkoak: beste lau guraso edo legezko ordezkari, zozketaz aukeratuak (III.2 atalean proposatutako sistema bera erabiltzen ahalko da).
4. Ikasleen sektorearen hauteskunde mahaiko kideak honako hauek izanen dira: ikastetxeko zuzendaria –mahaiburu lanetan ariko dena– eta bi ikasle, zozketaz aukeratuak (III.2 atalean proposatutako sistema bera erabiltzen ahalko da). Ikaslerik zaharrena idazkari gisa arituko da. Hauek izanen dira ordezkoak:
–Zuzendariaren ordezkoa: ikastetxeko zuzendariordea edo, ikastetxean halakorik egon ezean, ikasketaburua.
–Bi ikasleen ordezkoak: ikastetxeko beste bi ikasle, zozketaz aukeratuak (III.2 atalean proposatutako sistema bera erabil daiteke).
5. Administrazioko eta zerbitzuetako langileen (AZL) sektorearen hauteskunde mahaiko kideak honako hauek izanen dira: ikastetxeko zuzendaria –mahaiburu lanetan arituko dena–, ikastetxeko idazkaria eta, langile horien artean, institutuan antzinatasun handiena duena. Hauek izanen dira ordezkoak:
–Zuzendariaren ordezkoa: ikastetxeko zuzendariordea edo, ikastetxean halakorik egon ezean, ikasketaburua.
–Ikastetxeko idazkariaren ordezkoa: ikastetxeko irakasle bat edo zuzendaritza taldeko kide bat, zuzendariak izendatua, eskola kontseiluari jakinarazi ondoren.
–Ikastetxeko AZLen artean antzinatasun handiena duen langilearen ordezkoa: ikastetxean langile horien artean antzinatasun handiena duen bigarrena.
Administrazioko eta zerbitzuetako langileen sektorean hautesleak bost baino gutxiago baldin badira ez da mahai hori eratuko, eta bozketa irakasleen hauteskunde mahaian eginen da, beste hautetsontzi batean.
V.–Hautatu beharreko ordezkariak eta hautagai zerrendak.
1. Sektore bakoitzeko kide guztiek eskubidea dute hautesle eta hautagai izateko beren sektorean.
Horri dagokionez, kontuan hartuko da ikastetxean eskolatutako ikasleen guraso edo legezko ordezkarietako bakoitzak baliatzen ahalko duela haien ordezkariak hautatzeko eta ordezkari izateko eskubidea.
2. Eskola kontseiluaren osaera martxoaren 15eko 94/1993 Foru Dekretuaren 20., 21., 22. eta 23. artikuluetan ezarrita dago.
3. Lehenbizikoz hautatu ondoren, eskola kontseiluaren erdia bi urtetik behin berrituko da, lehenbizi erdi bat eta gero bestea, nahiz eta horrek ez duen galarazten tarte horretan hutsik gelditzen diren tokiak betetzeko aukera.
4. Ebazpen honen eranskinean ageri da sektore bakoitzaren ordezkarien kopurua, erdi bakoitzerako.
5. Hautagai zerrenda hauteskunde batzordeari igorritako idazki baten bidez aurkeztuko da; hautagaiak idazki hori sinatu beharko du, eta, horrekin batera, NANaren edo agiri baliokidearen fotokopia aurkeztuko du.
6. Hautagai zerrendak aurkezteko epea 2024ko urriaren 21ean hasiko da, eta 2024ko urriaren 31ko 14:00etan bukatuko.Hautagai zerrendak aurkezteko epea bukatu eta hurrengo egun baliodunean argitaratuko du hauteskunde batzordeak hautagaien behin-behineko zerrenda.
Hautagai onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrendaren kontra, erreklamazioa jartzen ahal da hura argitaratu eta hurrengo egun baliodunean. Hauteskunde batzordeak hurrengo bi egun baliodunetan ebatziko du, eta hautagaien behin betiko zerrenda argitaratuko du hurrengo egun baliodunean. Hartzen den erabakiaren kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Hezkuntzako zuzendari nagusiari zuzendua, hilabeteko epean; errekurtsoa jarrita ere, prozesua ez da etenen.
7. Gerta daiteke sektore batean aurkeztutako hautagaien kopurua txikiagoa izatea berritu edo bete beharreko ordezkariena baino, edo horren berdina izatea. Horrelakoetan, aurkeztu diren hautagaiak automatikoki aldarrikatuko ditu hauteskunde batzordeak, sektore horretako hauteskunde mahaia deitu beharrik gabe. Aldarrikapena eginda, eskola kontseilua eratu beharko da ebazpen honetako X. atalean ezarritakoari jarraikiz.
VI.–Bozketa prozesua.
1. Hauteskunde batzordeak ezartzen dituen egunetan eginen dira eskola kontseiluetako sektoreen ordezkarien hauteskundeak, betiere 2024ko azaroaren 11tik 22ra bitarte, biak barne.
Bozkatzeko orduak hautesleen parte-hartzea errazteko moduan ezarriko dira. Bozketa zuzenekoa izanen da, sekretua eta eskuordetu ezinekoa. Hauteskunde mahaiaren aurrean egiten diren bozketa presentzialetan, hautesleek beren nortasuna frogatu beharko dute NANa edo agiri baliokide bat aurkeztuz, eta ez da botoa ematerik izanen hauteskunde mahaian behar den frogagiria aurkeztu gabe.
2. Hauteskunde batzordeak berariazko boto-paper ereduak finkatzen ahal ditu. Boto-paper horietan hautagaien izenak agertuko dira, lehenbiziko deituraren arabera alfabetikoki ordenatuak. Gurasoen eta legezko tutoreen edo ikasleen sektoreetako hautagairen bat hautagaitza bereizi bateko partaidea bada, hautagai horien izenaren azpian beren elkartearen edo erakundearen izena agertuko da. Hautagai bakoitzaren izenaren aurrean laukitxo bat jarriko da. Boto-emaileak gurutze bat jarriko du laukitxoan edo laukitxoetan, kasuan-kasuan, botoa zein hautagairentzat den adierazteko.
3. Irakasleen sektorearen ordezkariak martxoaren 15eko 94/1993 Foru Dekretuaren 28., 29., 30., 31. eta 32. artikuluek xedatzen dutenari jarraikiz hautatuko dira.
Zuzendariak klaustro berezi baterako deia eginen du, irakasleen hauteskunde mahaia eratzeko eta irakasleen ordezkariak hautatzeko prozesua egiteko.
Irakasle bakoitzak hautatu behar den ordezkari kopuruaren bi hereni dagozkien izenak idatziko ditu, gehienez, boto-paperean. Eragiketa horretatik ateratzen den zenbakia osoa ez bada, beste izen bat gehituko da. Lehenbiziko bozketan behar diren irakasle guztiak aukeratzen ez badira, ekitaldi berean bigarren bozketa eginen da, azkena, kopuru horretara ailegatzeko asmoz.
Boto presentzialaren alternatiba gisa, Hezkuntza Departamentuak, EDUCAren bidez, irakasleek botoa telematikoki emateko aukera martxan jartzen ahalko du bozketarako berariaz antolatutako klaustro berezi horretan. Kasu horretan, Hezkuntza Departamentuak bozketa prozesua gauzatzeko jarraibide egokiak helaraziko dizkie ikastetxeei.
4. Gurasoen eta legezko tutoreen sektorearen ordezkariak martxoaren 15eko 94/1993 Foru Dekretuaren 33., 34., 35., 36., 37., 38. eta 39. artikuluek xedatzen dutenari jarraikiz hautatuko dira.
Bozketa prozesua zuzenduko duen hauteskunde mahaia eratuko da. Hautesle bakoitzak hautatu behar den guraso eta legezko tutoreen kopuruaren bi hereni dagozkien izenak idatziko ditu, gehienez, boto-paperean. Eragiketa horretatik ateratzen den zenbakia osoa ez bada, beste izen bat gehituko da.
Ikastetxeek erabakitzen ahal dute bozketa presentzialaz gain bozkatzeko beste modu bat ezartzea.
Hezkuntza Departamentuak gaituko du aukera hori EDUCAren bitartez eta, horrela, ikasleen gurasoek eta legezko tutoreek telematikoki bozkatzen ahalko dute. Kasu horretan, Hezkuntza Departamentuak bozketa prozesua gauzatzeko jarraibide egokiak helaraziko dizkie ikastetxeei.
Bozketa telematikoa aukeratzen duten ikastetxe guztiek laguntza eman beharko diete hala eskatzen duten guraso edo legezko ordezkari guztiei, eta beti bermatuko dute botoaren zuzeneko, isilpeko eta eskuordetu ezineko izaera.
Bozketa telematikoak egin badira, boto telematikoa eman dutenek debekatuta izanen dute botoa modu presentzialean ematea. Era berean, kontuan hartu beharko da bozketa telematikoen emaitza isilpekoa izanen dela botoen zenbaketa egin arte.
Nolanahi ere, bozketa telematikoaren aukera bozketa presentzialaren osagarri gisa ulertu behar da, eta hura erabiltzeak ez du inolaz ere esan nahi prozesu presentzialari uko egiten ahal zaionik. Izan ere, botoa modu presentzialean eman nahi duten hautesleek beti izan behar dute bermatuta aukera hori.
5. Ikasleen sektorearen ordezkariak martxoaren 15eko 94/1993 Foru Dekretuaren 40., 41., 42. eta 43. artikuluek xedatzen dutenari jarraikiz hautatuko dira.
Bozketa prozesua zuzenduko duen hauteskunde mahaia eratuko da. Ikasle bakoitzak hautatu behar den ordezkari kopuruaren bi hereni dagozkien izenak idatziko ditu, gehienez, boto-paperean. Eragiketa horretatik ateratzen den zenbakia osoa ez bada, beste izen bat gehituko da. Bozketa egiteko, hauteskunde batzordearen jarraibideen arabera jokatuko da.
Ikastetxeek erabakitzen ahal dute bozketa presentzialaz gain bozkatzeko beste modu bat ezartzea.
Hezkuntza Departamentuak gaituko du aukera hori EDUCAren bitartez eta, horrela, ikasleek telematikoki bozkatzen ahalko dute. Kasu horretan, Hezkuntza Departamentuak bozketa prozesua gauzatzeko jarraibide egokiak helaraziko dizkie ikastetxeei.
Bozketa telematikoa aukeratzen duten ikastetxe guztiek laguntza eman beharko diete hala eskatzen duten ikasle guztiei, eta beti bermatuko dute botoaren zuzeneko, isilpeko eta eskuordetu ezineko izaera.
Bozketa telematikoak egin badira, boto telematikoa eman dutenek debekatuta izanen dute botoa modu presentzialean ematea. Era berean, kontuan hartu beharko da bozketa telematikoen emaitza isilpekoa izanen dela botoen zenbaketa egin arte.
Nolanahi ere, bozketa telematikoaren aukera bozketa presentzialaren osagarri gisa ulertu behar da, eta hura erabiltzeak ez du inolaz ere esan nahi prozesu presentzialari uko egiten ahal zaionik. Izan ere, botoa modu presentzialean eman nahi duten hautesleek beti izan behar dute bermatuta aukera hori.
6. Administrazioko eta zerbitzuetako langileen sektoreko (AZL) ordezkaria martxoaren 15eko 94/1993 Foru Dekretuaren 44., 45. eta 46. artikuluek xedatzen dutenari jarraikiz hautatuko da. Hautesle bakoitzak hautagai bakarrari emanen dio botoa.
VII.–Toki hutsak betetzea.
1. Ebazpen honen I.3 atalean ezarritakoari jarraikiz, eta nahiz eta ez egon eskola kontseiluko erdietako bat berritzeko premia, zuzendariak, egoki iritziz gero, hauteskundeetarako deia egiten ahalko du sektoreetan diren toki hutsak betetzeko, erdi batean edo bietan, betiere toki hutsak ordezkoen zerrendaren bitartez betetzerik izan ez denean.
Toki hutsak esleitzeko orduan, agintaldi luzeena duen kidearen toki hutsa esleituko zaio boto gehien biltzen duen hautagaiari. Hortaz, ordeztutako kidearen agintaldia bukatu behar zuen egun berean bukatuko zaio kide berriari.
2. Bi erdietako bat berritu behar duten ikastetxeek berritze prozesu hau bera erabiliko dute beste erdiko toki hutsak betetzeko, hala egokitzen denean.
Hala gertatuz gero, sektore bakoitzean boto gehien eskuratzen duten hautagaiei berritzen ari den erdiko tokiak esleituko zaizkie, eta hurrengoek beste erdiko toki hutsak beteko dituzte. Azken ordezkari horien agintaldia sektore bakoitzean ordeztutakoen agintaldiak bukatu behar zuen egun berean bukatuko da.
3. Sektore bateko hautagaien kopurua bi erdietan bete beharreko toki hutsen kopurua adinakoa bada, hauteskunde batzordeak zehaztuko du erdi bati edo besteari esleitzeko prozedura. Akta ofizial batean jaso beharko du esleitzeko zer prozedura erabili duen.
VIII.–Botoak zenbatzea, aktak egitea eta hautetsiak aldarrikatzea.
1. Hauteskunde ekitaldi bakoitzean, bozketa bukatu ondoren, hauteskunde mahaiak botoak zenbatuko ditu, hautetsontzian bertan emandako botoak eta telematikoki emandakoak kontuan hartuta, baldin badaude.
Botoak baliogabetzeko irizpide orokorrez gainera (edukikoak eta formakoak), bozketa presentzialaren kasuan, batzordeak ereduren bat onartzen badu boto-paperetarako, beste eredu batean ematen diren botoek ez dute baliorik izanen.
Botoak jendaurreko ekitaldian zenbatu ondotik, mahaikide guztiek sinatu beharreko akta eginen da, datu hauek bildu beharko dituena: aurkeztutako hautagaien zerrenda eta bakoitzak lortutako boto kopurua, eskola kontseiluko kide izateko aukeratuen zerrenda eta gerta daitezkeen toki hutsak betetzeko ordezkoen zerrenda, horietako bakoitzak lortu duen boto kopurua adierazita eta horren arabera ordenatuta, boto kopuru handienetik txikienera. Hauteskunde mahai bakoitzak akta igorriko dio ikastetxeko hauteskunde batzordeari, hautetsien aldarrikapena egin dezan.
Kontuan hartu behar da sektore bakoitzerako ordezkoen zerrenda indarrean egonen dela eskola kontseiluaren erdietako bat berritzen denera arte. Izan ere, berritzearekin batera ordezkoen zerrenda berria osatuko da, zeinak aurreko zerrenda indargabetuko baitu. Eskola kontseiluaren erdiren bat berritu behar ez den ikasturteetan sektore jakin bateko toki hutsak betetzen diren kasu guztietan, prozedura zabaltzeagatik sektore horretan eratzen den ordezkoen zerrenda indarrean egonen da eskola kontseiluaren erdietako bat partzialki berritu arte.
2. Bozketetan berdinketarik izanez gero, hauteskunde mahaiak zozketa bidez eginen du hautaketa. Hauteskunde batzordeari igortzen zaion aktan horren berri emanen da.
3. Hauteskunde mahaiek botoen zenbaketa eta aktak egin ondotik, hauteskunde batzordeak hautetsien aldarrikapena eginen du. Hauteskunde batzordearen erabakien aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Hezkuntzako zuzendari nagusiari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.
4. Ikastetxeko zuzendariak, hauteskunde batzordeko burua den aldetik, ebazpen honen eranskina igorri beharko du, behar bezala betea, Hezkuntza Departamentuko Ikasketak Antolatzeko Atalera (ordenacion.academica@navarra.es), sektore guztietako bozketak bukatu eta bost egun balioduneko epean, gehienez ere.
IX.–Kide izendatuak.
1. Martxoaren 15eko 94/1993 Foru Dekretuaren 20. artikuluak dioenaren arabera, ikastetxea kokatuta dagoen herriko udal zinegotzi edo ordezkari bat ere izanen da eskola kontseiluan. Eskola kontseiluko kide izanen da, orobat, legez eratuta izanik, ordezkaritza handiena duen guraso elkartearen ordezkari aritzen den guraso edo legezko tutore bat.
2. Ikastetxeko zuzendariak, hauteskunde batzordeko burua edo, hala badagokio, eskola kontseiluko burua den aldetik, ikastetxea kokatua dagoen herriko udalari eskatuko dio izenda dezala eskola kontseiluko kide izanen den zinegotzia edo ordezkaria.
3. Orobat, ikastetxeko zuzendariak, hauteskunde batzordeko burua edo, hala badagokio, eskola kontseiluko burua den aldetik, ikastetxean ordezkaritza handiena duen guraso elkarteari eskatuko dio izenda dezala eskola kontseiluan bere ordezkari gisa arituko den kidea. Horretarako, ordezkaritza handiena duen guraso elkartea izanen da hautesle erroldak onartzen diren egunean elkarteko kide diren familia kopuru handiena duena, guraso elkartearen idazkariak aurkeztu beharreko ziurtagirian adierazten denaren arabera. Zuzendariak edozein unetan eska dezake egokitzat jotzen duen dokumentazioa, aurkeztutako datuak egiazkoak direla frogatzeko.
Elkarte horren izendapen proposamenik ez bada edo ikastetxean horrelako elkarterik ez bada, toki huts hori beteko du gurasoen eta legezko tutoreen sektoreko ordezkoen zerrendan lehenbizi dagoen hautagai ez-hautetsiak, eskola kontseiluaren zati bat berriz berritu arte.
4. Arte Eskolen kasuan, gutxienez ere bi lanbide arloko heziketa zikloak irakasten baldin badira, ikastetxeko zuzendariak, hauteskunde batzordeko edo, bestela, eskola kontseiluko burua den aldetik, eskolaren jardunaren esparruan ordezkaritza zabalena duen enpresaburuen elkarteari eskatuko dio ordezkari bat izendatzeko, zeinak hitza izanen baitu eskola kontseiluan, baina botorik ez.
5. Ikasleen gurasoen eta legezko tutoreen ordezkaria (guraso elkarteak izendatu beharrekoa), udaleko zinegotzia edo ordezkaria eta, horrelakorik bada, enpresaburuen elkarteak proposatzen duen ordezkaria bi urtetik behin berrituko dira, hau da, eskola kontseiluaren bi erdietako bat berritu behar den bakoitzean, edo, lehenago, haiek izendatu zituen organoak erabakitzen duenean.
6. Guraso elkarteak izendatutako ordezkariak kargua uzten badu bi urteko aldi hori bukatu baino lehen, guraso elkarteak beste ordezkari bat proposatuko du gelditzen den aldirako. Proposamen hori bi hilabeteko epean egin ezean, toki hutsa gurasoen eta legezko tutoreen sektoreko zerrendan lehenbizi dagoen ordezkoak beteko du, eskola kontseiluaren zati bat berriz berritu arte.
X.–Eskola kontseilua eratzea.
1. Hautetsiak aldarrikatu eta hamar eguneko epean, gehienez ere, zuzendariak eskola kontseilua eratzeko bilkurarako deia eginen du.
2. Ikastetxeko hezkuntza-komunitateko sektoreren batek ordezkariak hautatu ez baditu ere sektoreari berari egotz dakiokeen arrazoiren batengatik, eskola kontseiluaren eraketa baliozkoa izanen da.
XI.–Eskola kontseiluaren eskumenak.
Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 127. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz (lege hori abenduaren 29ko 3/2020 Lege Organikoak aldatu zuen), honako hauek dira ikastetxeko eskola kontseiluaren eskumenak:
a) Maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren V. tituluko II. kapituluan adierazitako proiektuak eta arauak onestea eta ebaluatzea.
b) Ikastetxeko urteko programazio orokorra onestea eta ebaluatzea, irakaskuntzaren planifikazioari eta antolamenduari dagokienez irakasleen klaustroak dituen eskumenak ukatu gabe.
c) Hautagaiek zuzendaritzarako aurkezten dituzten hautagaitzen eta zuzendaritza proiektuen berri izatea.
d) Ikastetxeko zuzendariaren hautaketan parte hartzea, maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan ezarritako moduan. Zuzendaritza taldeko gainerako kideen izendapenen eta kargu-uzteen berri izatea. Hala badagokio, eta kideek hala erabaki eta gero, zuzendariaren izendapena atzera bota dadin proposatzea bi hereneko gehiengoz onetsita.
e) Ikasleen onarpenarekin zerikusia duten erabakiak hartzea, maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan eta hura garatzeko xedapenetan ezarritakoari jarraikiz.
f) Haurren eskubideen aitortza eta babesa sustatzen duten hezkuntzako neurriak har daitezen bultzatzea eta neurrion jarraipena egitea.
g) Honako alderdi hauek bultzatzeko neurriak eta ekimenak proposatzea: bizitzeko era osasungarriak; bizikidetza ikastetxean; emakumeen eta gizonen arteko benetako berdintasuna; diskriminaziorik eza; eskola-jazarpenaren eta genero-indarkeriaren prebentzioa eta gatazkak modu baketsuan konpontzea norberaren bizitzan, familian eta gizartean.
h) Bizikidetzaren aurkako portaeren berri izatea eta hezkuntzako eta bitartekaritzako neurriak eta neurri zuzentzaileak aplikatzea, neurriok indarrean dagoen araudiaren araberakoak direla zainduta. Zuzendariak neurri zuzentzaileak hartzen dituenean ikasleek ikastetxeko bizikidetza nabarmen kaltetzen duten portaerak izan dituztelako, eskola kontseiluak, gurasoek edo legezko tutoreek edo, bestela, ikasleek hala eskatuta, hartutako erabakia berrikusten ahalko du, eta hala badagokio, neurri egokiak proposatu.
i) Eskolako instalazioak eta ekipamenduak behar bezala zaintzen eta berritzen joan daitezen sustatzea, horrek kalitatea hobetu eta jasangarritasunari lagunduko baitio, eta baliabide osagarriak eskuratzeko erabakiak onestea, bat etorriz maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 122.3 artikuluan ezarritakoarekin.
j) Toki administrazioekin eta beste ikastetxe, erakunde eta entitate batzuekin lankidetzan aritzeko irizpideak finkatzea, hezkuntza eta kultura arloko helburuak lortzearren.
k) Honako hauek aztertzea eta baloratzea: ikastetxearen jardun orokorra, eskola errendimenduaren bilakaera eta ebaluazioen emaitzak (ikastetxeak parte hartzen duen barneko zein kanpoko ebaluazioen emaitzak).
l) Bere ekimenez edo dagokion administrazioak aginduta proposamenak eta txostenak egitea ikastetxearen funtzionamenduari eta kudeaketaren kalitatea hobetzeari buruz, baita kudeaketaren kalitatearekin lotutako beste alderdi batzuei buruz ere.
m) Ikastetxearen aurrekontuaren proiektua prestatzea.
n) Hezkuntza Departamentuak esleitzen dion beste edozein.
XII.–Eskola kontseiluaren funtzionamendua.
Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 126.9 artikuluan ezarritakoari jarraikiz (lege hori abenduaren 29ko 3/2020 Lege Organikoak aldatu zuen), eta galarazi gabe irakasleen klaustroak irakaskuntza planifikatu eta antolatzeko dauzkan eskumenak, eskola kontseiluak, ahal dela, aho batez hartuko ditu erabakiak.
XIII.–Ikasle kopurua aldatzeak ekartzen dituen ondorioak.
Hauteskunde hauetan eskola kontseiluaren zati bat berritu behar duten ikastetxeek ikasle kopuruan aldaketa izan baldin badute eta, horren ondorioz, eskola kontseiluaren osaeran ere aldaketa egin behar baldin badute, kasu bakoitzean berritu behar den erdia moldatuko dute dagokion osaera berriari egokitzeko, ikastetxeak orduan duen ikasle kopuruaren arabera. Beste erdiari dagokion kide kopurua ez da aldatuko berritze partzial honetan.
XIV.–Prozesuaren bermea.
1. Antolamendu, Prestakuntza eta Kalitate Zerbitzuak, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak, ikastetxeetako zuzendariek eta hauteskunde batzordeek behar diren neurriak hartuko dituzte ikastetxeetako eskola kontseiluak behar bezala eratu daitezen; orobat, bermatuko dute kasuan kasuko prozesuetan hezkuntza-komunitateko sektore guztiek parte hartzen dutela, horretarako erraztasunak emanez.
2. Eskola kontseiluak eratu ondoren, ikasturtean zehar gertatzen diren aldaketa guztiak Hezkuntza Departamentuari jakinarazi beharko zaizkio. Eskola kontseiluko kide hautetsiak aldatuz gero, jakinarazpena egiteko, Ikasketak Antolatzeko Atalera igorri beharko dira (ordenacion.academica@navarra.es) osaera berria eta ordezkoen zerrenda, halakorik bada (ebazpen honen eranskineko 1., 5b eta 6. atalak). Eskola kontseiluko kide ez-hautetsiak aldatzen direnean, aski izanen da jakinaraztea zer kide ateratzen den eta zein sartzen.
Bigarrena.–Ebazpen honek eta haren eranskinak ez dute administrazio bidea amaitzen eta haien aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
Hirugarrena.–Ebazpen hau eta haren eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
Hirugarrena.–Ebazpen hau eta haren eranskina igortzea, behar diren ondorioak izan ditzaten, Antolamendu, Prestakuntza eta Kalitate Zerbitzura, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura, Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzura eta Hezkuntzako Teknologien eta IKT Azpiegituren Zerbitzura.
Iruñean, 2024ko abuztuaren 28an.–Hezkuntzako zuzendari nagusia, Gil Sevillano González.
ERANSKINA.–ESKOLA KONTSEILUAK HAUTATZEA, HAIEN ZATI BAT BERRITZEA EDO SEKTOREAK OSATZEA, ARTE IRAKASKUNTZEN IKASTETXE PUBLIKOETAN
(2024-2025)
1.–IKASTETXEAREN IDENTIFIKAZIO DATUAK | |
Izena: ........................................................................................................................ Herria: ....................................................................................................................... Helbide elektronikoa: ................................................................................................ | Tel.: ........................................... Faxa: ........................................ |
Arte Eskola < 16 unitate Musikako Goi Mailako Kontserbatorioa Arte Eskola >= 16 unitate Musika Kontserbatorio Profesionala Oinarrizko Mailako Musika Kontserbatorioa | |
2.–ESKOLA KONTSEILUA HAUTATZEKO MODUA | |
2.a) 16 unitate baino gutxiagoko Arte Eskola | |
Kontseilua lehenbizikoz hautatzea Kontseiluaren zati bat berritzea: 1. erdia (2 irakasle, guraso bat eta ikasle bat) 2. erdia (2 irakasle, guraso bat, ikasle bat eta AZL bat) | Sektoreak osatzea (berritu behar ez den erdirako toki hutsak bete behar direnean soilik bete, edo bi erdietarako direnean) Irakasleen sektorea Gurasoen edo tutoreen sektorea Ikasleen sektorea Administrazioko eta zerbitzuetako langileen sektorea |
2.b) 16 unitateko edo unitate gehiagoko Arte Eskola | |
Kontseilua lehenbizikoz hautatzea Kontseiluaren zati bat berritzea: 1. erdia (4 irakasle, 2 guraso eta 2 ikasle) 2. erdia (4 irakasle, guraso bat, 2 ikasle eta AZL bat) | Sektoreak osatzea (berritu behar ez den erdirako toki hutsak bete behar direnean soilik bete, edo bi erdietarako direnean) Irakasleen sektorea Gurasoen edo tutoreen sektorea Ikasleen sektorea Administrazioko eta zerbitzuetako langileen sektorea |
2.c) Musikako Goi Mailako Kontserbatorioa | |
Kontseilua lehenbizikoz hautatzea Kontseiluaren zati bat berritzea: 1. erdia (4 irakasle, guraso bat eta 3 ikasle) 2. erdia (4 irakasle, guraso bat, 2 ikasle eta AZL bat) | Sektoreak osatzea (berritu behar ez den erdirako toki hutsak bete behar direnean soilik bete, edo bi erdietarako direnean) Irakasleen sektorea Gurasoen edo tutoreen sektorea Ikasleen sektorea Administrazioko eta zerbitzuetako langileen sektorea |
2.d) Musika Kontserbatorio Profesionala | |
Kontseilua lehenbizikoz hautatzea Kontseiluaren zati bat berritzea: 1. erdia (3 irakasle, guraso bat eta 2 ikasle) 3. erdia (2 irakasle, guraso bat, ikasle bat eta AZL bat) | Sektoreak osatzea (berritu behar ez den erdirako toki hutsak bete behar direnean soilik bete, edo bi erdietarako direnean) Irakasleen sektorea Gurasoen edo tutoreen sektorea Ikasleen sektorea Administrazioko eta zerbitzuetako langileen sektorea |
2.e) Oinarrizko Mailako Musika Kontserbatorioa | |
Kontseilua lehenbizikoz hautatzea Kontseiluaren zati bat berritzea: 1. erdia (2 irakasle eta 2 guraso) 2. erdia (2 irakasle eta guraso bat) | Sektoreak osatzea (berritu behar ez den erdirako toki hutsak bete behar direnean soilik bete, edo bi erdietarako direnean) Irakasleen sektorea Gurasoen edo tutoreen sektorea |
3.–AURKEZTUTAKO HAUTAGAIEN ZERRENDA ETA LORTUTAKO BOTOEN KOPURUA (boto kopuruaren arabera ordenatua) | ||||||
Irakasleak | Gurasoak/tutoreak | |||||
MOTA1 | IZENA | BOTOAK | MOTA1 | IZENA | BOTOAK | |
Ikasleak | Administrazioko eta zerbitzuetako langileak | |||||
MOTA1 | IZENA | BOTOAK | MOTA1 | IZENA | BOTOAK | |
(1) ORD.: berritu behar den erdirako hautatutako ordezkaria. SHH: sektoreak osatzeko toki hutsa betetzen duen hautagaia. OH: ordezkoen zerrendarako hautagaia. | ||||||
4.–HAUTESKUNDEETAKO PARTE-HARTZEA ETA ORDEZKARI HAUTATUAK | ||||||||
IRAKASLEAK | GURASOAK | IKASLEAK | AZLak | |||||
Errolda, guztira | ||||||||
Boto emaileak (kopurua eta %) | ||||||||
Erdi bakoitzerako aurten hautatutako hautagaien kopurua | 1. erdia | 2. erdia | 1. erdia | 2. erdia | 1. erdia | 2. erdia | 2. erdia | |
5.–ESKOLA KONTSEILUAREN OSAERA BERRIA |
5.-a) Eskola kontseiluko kide ez-hautetsiak |
Kontseiluko burua: ............................................................................................................................................................ Ikasketaburua: .......................................................................................................................................................... Idazkaria: .......................................................................................................................................................................... Ordezkaritza handiena duen guraso elkartearen ordezkaria4 5: ................................................................................ Udaleko zinegotzia edo ordezkaria5: ................................................................................................................................ Enpresaburuen elkarteko ordezkaria5 6: ..................................................................................................................... (4) Izendapenik izan ezean, gurasoen ordezkoen zerrendako lehenbiziko hautagaiak beteko du tokia. (5) Bi urtetik behin berritzen da. (6) Gutxienez bi lanbide arlo irakasten dituzten Arte Eskoletarako. |
5.-b) Eskola kontseiluko kide hautetsiak | |||
1. erdiko kideak | |||
IRAKASLEAK | GURASOAK | IKASLEAK | |
2. erdiko kideak | |||
IRAKASLEAK | GURASOAK | IKASLEAK | ADM. ETA ZER.LANGILEAK |
6.–ORDEZKOEN ZERRENDA (boto kopuruaren arabera ordenatua) | |||||||
IRAKASLEAK | GURASOAK EDO TUTOREAK | IKASLEAK | ADM. ETA ZER.LANGILEAK | ||||
Hautagaiak | Botoak | Hautagaiak | Botoak | Hautagaiak | Botoak | Hautagaiak | Botoak |
7.–HAUTESKUNDE MAHAIAK7 | |||
IRAKASLEAK | GURASOAK EDO TUTOREAK | IKASLEAK | ADM. ETA ZER.LANGILEAK |
Kideen sinadura Data: | Kideen sinadura Data: | Kideen sinadura Data: | Kideen sinadura Data: |
(7) Sektoreren batean hauteskunde mahaia deitzea beharrezkoa izan ez bada, aldarrikapen automatikoa egin delako, mahaikideen sinaduraren ordez AA sigla (aldarrikapen automatikoa) soilik idatzi beharko da, hauteskunde batzordeko lehendakariaren sinadurarekin eta aldarrikapen automatiko hori egin den datarekin batera. | |||
.............................................(e)n, 20......(e)ko .....................................aren ........(e)(a)n.
Ikastetxeko zuzendaria
Iragarkiaren kodea: F2412771
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
