Iragarkia
191. ALDIZKARIA - 2024ko irailaren 19a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK
1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza
3162/2024 EBAZPENA, abuztuaren 30ekoa, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak emana, onesten dituena prestakuntzako eta enpleguko erdi mailako tituludunen lanpostuak betetzeko izangaien bi zerrenda hautaproben bidez osatzeko deialdiak; zerrenda bat izanen da prestakuntzarako zerbitzu berezietan aritzeko, eta bestea, aldi baterako kontratazioak egiteko.
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak dituen langile beharrak ikusirik, bidezkoa da deialdi bat onestea hautaproben bidez honako zerrenda hauek osatzeko: batetik, izangaien zerrenda bat prestakuntzako eta enpleguko erdi mailako tituludunen lanpostuetan prestakuntzarako zerbitzu berezietan aritzeko, eta, bestetik, beste zerrenda bat, aipatutako lanpostuetan aldi baterako kontratudun gisa aritzeko. Zerrenda horiek erabiliko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan sortzen diren beharrei erantzuteko, Osasun Departamentuaren mendeko erakundeetan izan ezik.
Apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretuan ezarritakoaren arabera, aldi baterako kontrataziora jo aurretik, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eta haren erakunde autonomoek bertako langile finkoei eskainiko dizkiete bete nahi dituzten lanpostuak, eta, horretarako, behar diren hautaprobetarako deia eginen dute, lanpostu horietan prestakuntza jaso nahi duten izangaien zerrendak egiteko.
Deialdi hauek honako hauetan ezarritakoari jarraikiz onesten dira: Administrazioaren zerbitzuko langileen prestakuntza eta lanbide hobekuntza arautzen dituen apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretua; Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak prestakuntzarako zerbitzu berezietan aritzeko izangaien zerrendak osatu eta kudeatzeko prozedura ezartzeko abenduaren 30ean emandako 199/2004 Foru Agindua; ekainaren 5eko 113/1985 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42.2.c) artikulua; eta Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak aldi baterako kontratazioa kudeatzeko arauak onesteko abenduaren 31n emandako 814/2010 Foru Agindua.
Horrenbestez, eta otsailaren 21eko 30/2005 Foru Dekretuaren bidez esleiturik ditudan eskudantziak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
1. Onestea prestakuntzako eta enpleguko erdi mailako tituludunen lanpostuak betetzeko izangaien bi zerrenda hautaproben bitartez osatzeko deialdiak: bata, prestakuntzarako zerbitzu berezietan aritzeko, eta bestea, aldi baterako kontratazioak egiteko, gero Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan (Osasun Departamentuaren mendekoak kenduta) sortzen diren beharrei erantzuteko.
2. Ebazpena eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela agintzea.
3. Ebazpen hau eta eranskinak jakinaraztea epaimahaiko kideei, eta igortzea Egiturako, Plantillako eta Langileen Aldi Baterako Kontratazioetarako Zerbitzura, Jendearentzako Argibideen eta Erregistro Orokorraren Bulegora, behar diren ondorioak izan ditzaten.
Iruñean, 2024ko abuztuaren 30ean.–Funtzio Publikoko zuzendari nagusia, Rashid Mohamed Vázquez.
I.–DEIALDIA, PRESTAKUNTZAKO ETA ENPLEGUKO ERDI MAILAKO TITULUDUN GISA PRESTAKUNTZARAKO ZERBITZU BEREZIETAN ARITZEKO IZANGAIEN ZERRENDA BAT OSATZEKO
Honako hauek dira deialdiaren:
OINARRIAK
Lehenbizikoa.
Deialdia egiten da prestakuntzako eta enpleguko erdi mailako tituludunen lanpostuetan prestakuntzarako zerbitzu berezietako egoeran ariko diren izangaien zerrenda bat osatzeko hautaproben bidez. Zerrenda hori erabiliko da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan sortzen diren beharrak aldi baterako betetzeko, Osasun Departamentuaren mendeko erakundeetan izan ezik.
Bigarrena.–Parte-hartzaileen betebeharrak.
2.1. Deialdi honetan parte hartu nahi duten izangaiek betebehar hauek bete beharko dituzte eskaera-orriak aurkezteko epea bukatzen denean:
a) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langile finkoa izatea, C edo D mailakoa edo taldekoa, eta eskubidez dagokion gehieneko prestakuntzaldia agorturik ez izatea.
b) Lanpostuan gutxienez hiru urteko zerbitzualdia benetan egin izana.
c) Ez egotea borondatezko edo nahitaezko eszedentzian.
d) Graduko, diplomako, ingeniaritza teknikoko edo arkitektura teknikoko titulu unibertsitarioa izatea, edo horietako baten baliokidea den beste titulu bat, edo lizentzia edo ingeniaritza bateko edo arkitekturako lehenengo hiru ikasmailak osorik gaindituak izatea. Edo, bestela, eskaerak aurkezteko epea amaitzen den egunean titulua eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren frogagiria izatea. Titulu hori ezin da izan langile finkoari jarduneko zerbitzuan aritzeko balio diona.
Atzerrian lortutako tituluak badira, homologazioaren egiaztagiria eduki beharko da.
e) Ez egotea jadanik sartua prestakuntzako eta enpleguko erdi mailako tituludun gisa zerbitzu berezietan prestakuntza jasotzeko zerrenda batean.
2.2. Aurreko atalean jasotako baldintza guztiak eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean bete beharko dira, baita hautapen prozedura osoan, dei egiten zaien unean eta prestakuntzaldiak iraun bitartean ere.
2.3. Deialdi honetan ezin dute parte hartu Hezkuntza Departamentuko irakasleek, Osasun Departamentuko erakunde autonomoei atxikitako langileek, Nafarroan Justizia Administrazioan ari diren langileek, ez eta Nafarroako Administrazio Publikoetako Langileen Estatutuaren aplikazio eremutik kanpo dauden langileek ere.
Hirugarrena.–Hautapen prozesuaren nondik norakoak.
Deialdietarako arau komunetan xedatutakoarekin bat eginen da hautapen prozesua.
III.–DEIALDIA, PRESTAKUNTZAKO ETA ENPLEGUKO ERDI MAILAKO TITULUDUN GISA ALDI BATERAKO KONTRATATUAK IZATEKO IZANGAIEN ZERRENDA BAT OSATZEKO
Honako hauek dira deialdiaren:
OINARRIAK
Lehenbizikoa.
Deialdia egiten da prestakuntzako eta enpleguko erdi mailako tituludunen lanpostuetan ariko diren izangaien zerrenda bat osatzeko hautaproben bidez. Zerrenda hori Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan sortzen diren beharrak aldi baterako betetzeko erabiliko da, Osasun Departamentuaren mendeko erakundeetan izan ezik.
Aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrenda hori erabili baino lehen, langile finkoen zerrendak erabiliko dira, daudenak edo etorkizunean osatzen direnak, apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretuan xedatutakoaren arabera.
Bigarrena.–Parte-hartzaileen betebeharrak.
2.1. Deialdi honetan parte hartu nahi duten izangaiek betebehar hauek bete beharko dituzte eskaera-orriak aurkezteko epea bukatzen denean:
a) Espainiako nazionalitatea izatea, Europar Batasuneko estaturen batekoa edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen den estatu batekoa.
Parte har dezakete, orobat, Espainiako nazionalitatea dutenen eta Europar Batasuneko estaturen bateko nazionalitatea dutenen ezkontideek, edo aipatutako nazioarteko tratatuen aplikazio-eremuan sartutako estatuetako nazionalitatea dutenen ezkontideek, zuzenbidez bereizita ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bereizita ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira edo, hortik gorakoak izanez gero, haien kontura bizi badira.
b) Hamasei urte beteak izatea eta erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina gainditua ez izatea.
c) Graduko, diplomako, ingeniaritza teknikoko edo arkitektura teknikoko titulu unibertsitarioa izatea, edo horietako baten baliokidea den beste titulu bat, edo lizentzia edo ingeniaritza bateko edo arkitekturako lehenengo hiru ikasmailak osorik gaindituak izatea. Edo, bestela, eskaerak aurkezteko epea amaitzen den egunean titulua eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren frogagiria izatea. Titulu hori ezin da izan langile finkoari jarduneko zerbitzuan aritzeko balio diona.
Atzerrian lortutako tituluak badira, homologazioaren egiaztagiria eduki beharko da.
d) Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea bete behar diren eginkizunetan aritzeko.
e) Dagozkion eginkizun publikoak betetzeko desgaiturik edo bazterturik ez egotea eta administrazio publikoren bateko zerbitzutik bereizia ez izatea.
2.2. Aurreko apartatuan jasotako baldintza guztiak eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean bete beharko dira, baita hautapen prozedura osoan, dei egiten zaien unean eta prestakuntzak iraun bitartean ere.
Hirugarrena.–Hautapen prozesuaren nondik norakoak.
Deialdietarako arau komunetan xedatutakoarekin bat eginen da hautapen prozesua.
III.–BI DEIALDIETARAKO ARAU KOMUNAK
Lehendabizikoa.–Eskaerak eta dokumentazioa.
1.1. Eskaerak aurkezteko epea.
Deialdiotan parte hartzeko eskaerak hamar egun balioduneko epean aurkeztu beharko dira, deialdiok Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskabideak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.
1.2. Eskabidea aurkeztea eta formalizatzea.
Hautapen prozesu hauetan parte hartu nahi dutenek telematika bidez aurkeztu beharko dute eskaera, Internet bitartez, https://www.navarra.es/eu/enplegu-publikoa helbidean, "Enplegu publikoko deialdiak", deialdi honen fitxan sartuta.
Eskaeran, interesdunek adierazi behar dute baldintza guztiak betetzen dituztela eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean.
%33ko desgaitasuna edo handiagoa izanik parte hartzen dutenek horren berri eman beharko dute eskaeran; gainera, organo eskudunak emandako dokumentazioa erantsi beharko dute, eskaneaturik, hori frogatzeko.
%33ko desgaitasuna edo handiagoa duten izangaiek, hura frogatzeko, agiri hauetako bat aurkeztu behar dute:
–IMSERSOk edo autonomia erkidegoan eskumena duen organoak emandako ziurtagiria.
–Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren ebazpena, prestazio bat jasotzeko eskubidea onartzen diona hauetakoren bat edukitzeagatik: ezintasun iraunkor osoa, ezintasun iraunkor absolutua edo baliaezintasun handia.
Desgaitasuna izanik, izangaiek egokitzapenen bat eskatzen badute probak egiteko denboretan eta bitartekoetan, hala adierazi beharko dute eskabidean, eta, horretarako prestatutako tokian, adierazi beharko dute zer egokitzapen behar duten, edo nola doitu behar diren denbora eta/edo bitartekoak. Horretarako, izangaiak egokitzat jotzen duen dokumentazioa aurkez dezake, eskaera aurkeztean. Pertsona horiek Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziara bideratuko dira, proba egiteko denbora eta baliabide aldetik behar dituzten egokitzapenak zehazteko.
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, hautapen prozesua kudeatzen duen organoaren bidez, espedientea izapidetzeko eta ebazteko behar diren datuak kontsultatuko ditu (nortasuna, adina eta titulazioa). Datuetara sartuko da, hain zuzen, Datuak Egiaztatu eta Kontsultatzeko (SVCD) Estatuko Administrazio Orokorraren Zerbitzuen bidez edo sistema baliokideen bidez, salbu eta izangaiak uko egiten badio modu arrazoituan. Uko egiten badio, nortasun agiri nazionalaren kopia aurkeztu beharko du, eskaneaturik.
Aski izanen da dokumentazioaren kopia arruntak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak eskatuko dira. Hala ere, Administrazioak noiznahi eskatzen ahalko dizkie izangaiei aurkeztutako dokumentazioaren jatorrizkoak edo fotokopia konpultsatuak.
Desadostasunik sortzen bada ofizioz egiaztatutako datuen eta interesdunak deklaratzen dituenen artean, edo haien gaineko alderdiren bat argitu behar bada, behar den errekerimendua eginen da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68.1 artikuluan ezarritakoaren arabera.
Bigarrena.–Izangaiak onartzea.
2.1. Behin-behineko zerrendak.
Eskaerak aurkezteko epea bukaturik, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak ebazpen bat emanen du izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta aginduko du argitara dadila www.nafarroa.eus helbidean.
Behin-behineko zerrenda argitaratu eta biharamunetik hasita, izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko. Erreklamazioak telematika bidez aurkeztu beharko dira, Interneteko www.nafarroa.eus helbidearen bidez, deialdiaren fitxan.
2.2. Behin betiko zerrendak.
Erreklamazioak edo zuzenketak egiteko epea amaituta, eta horiek ebatzi ondoren, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak emandako ebazpen bidez onetsiko dira izangaien behin betiko zerrendak. Zerrendok www.nafarroa.eus helbidean argitaratuko dira, deialdian adierazitako hautaproba zer egun, ordu eta tokitan eginen den zehaztuta.
Onartuen zerrendetan agertzea ez da aski deialdi hauetan eskatutako baldintzak betetzen direla aitortzeko. Izangaiek aurkeztu behar duten dokumentazioa edo Administrazioak bere eskuetan daukana aztertuta, baldintzaren bat betetzen ez dela ohartuz gero, interesdunek deialdi hauetan parte hartzeagatik dituzten eskubide guztiak galduko dituzte.
Izangai onartu eta baztertuen zerrendak argitaratzearekin ulertuko da interesdunei egin beharreko jakinarazpena egin dela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45. artikuluan ezarritakoarekin bat.
Hirugarrena.–Kalifikazio epaimahaia.
3.1. Kalifikazio epaimahaia honako hauek osatuko dute:
Epaimahaiburua: José Ángel Alonso García, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Lan Aktibaziorako eta Lurralde Koordinaziorako Zerbitzuko zuzendaria.
Ordezko epaimahaiburua: Amaya Bengochea Carpena, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Lanbide Gaitasunak Garatzeko Zerbitzuko zuzendaria.
Epaimahaikidea: Beatriz Eslava Lizaso, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Enpresentzako Zerbitzuen Ataleko burua.
Ordezko epaimahaikidea: Lola Urrutia Heredia, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Programen Garapen eta Berrikuntzarako eta Sustapen Sektorialerako Ataleko burua.
Epaimahaikidea: Luis Iriarte Bellostas, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Administrazio Berrikuspenerako Bulegoko burua.
Ordezko epaimahaikidea: Mertxe Vilches Plaza, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Berrikuntzaren eta Proiektu Esperimentalen Ataleko burua.
Ordezkoa: Isabel Aranda Elcuaz, Langileen Batzordeak izendatutako ordezkaria.
Ordezko epaimahaikidea: Nerea Macuso Moreno andrea, Langileen Batzordeak izendatutako ordezkaria.
Idazkaria: María Jesús Pérez Lafuente, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Araubide Juridikoaren eta Langileriaren Ataleko burua.
Ordezko idazkaria: Ana Arteaga Martínez, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Laguntza eta Kudeaketa Administratiboaren Zerbitzuko zuzendaria.
3.2. Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legean abstentziorako aipatzen diren arrazoietako bat gertatzen denean, kalifikazio epaimahaiko kideek ezin izanen dute epaimahaian parte hartu, eta Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiari jakinarazi beharko diote.
Halaber, zilegi da epaimahaikideak errekusatzea, inguruabar horietako bat gertatzen denean.
3.3. Hautaproba egiten hasi aurretik eratuko da epaimahaia.
Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa ez badago bertan. Halaber, epaimahaiaren eraketak eta jardunak balio izateko, epaimahaiburuak idazkariak egiten dituzten pertsonek edo haien ordezkoek bertan egon beharko dute.
Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdien oinarriak interpretatu eta aplikatzeko garaian sortzen diren arazoak.
Epaimahaiak aholkulari espezialistak hartzen ahalko ditu probarako, eta horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diete laguntza epaimahaiko kideei.
Laugarrena.–Proba.
4.1. Hautapen prozesua proba baten bidez eginen da. Proba horretan, test motako 60 galdera erantzun beharko dira, idatziz, ebazpen honen I. eranskinean ageri diren gaiei buruz. Galdera bakoitza erantzuteko lau aukera eskainiko dira, baina bakarra izanen da zuzena.
Epaimahaiak finkatuko du probaren gehieneko iraupena, hura hasi baino lehen. Erantzun oker bakoitzak penalizazioa ekarriko du; hain zuzen ere, erantzun zuzenaren balioaren herena. Ariketa honetan gehienez ere 60 puntu lortzen ahalko dira.
Deialdiaren oinarrietan ezarritako gehieneko puntuazioaren %30 gutxienez lortzen ez duten izangaiak kanporatuta geratuko dira.
Proba egiteko ez da inolako testurik edo dokumentaziorik erabiltzen ahalko, ezta kalkulagailurik, gailu elektronikorik, hiztegirik edo bestelako materialik ere, mutur lodiko boligrafo urdina edo beltza izan ezik.
4.2. Probarako dei bakarra eginen da. Parte-hartzaileek nortasun agiri nazionala, pasaportea, gidabaimena edo epaimahaiak askiesten duen beste nortasun agiri bat eraman beharko dute probara. Nor diren frogatzen ez dutenak edo agertzen ez direnak baztertuta geldituko dira.
4.3. Proba egiteko, bidezkoak diren denbora eta baliabide egokitzapenak eginen dira desgaitasun aitorturen bat dutenentzat, eskaera-orrian eskatu badute.
Bosgarrena.–Emaitzak.
5.1. Probaren kalifikazioa bukatu ondoren, epaimahaiak www.nafarroa.eus webgunean (deialdiaren fitxan) argitaratuko ditu izangaiek lortutako puntuazioak, eta bost egun balioduneko epea ezarriko du interesdunek eskubidezkotzat jotzen duten guztia alega dezaten telematika bidez.
5.2. Behin alegazioetarako epea iraganik, eta horiek ebatzirik, parte-hartzaileen artean berdinketarik izanez gero, kalifikazio epaimahaiak irizpide hauen arabera jokatuko du:
a) Izangai berriak prestakuntzan aritzeko deialdia: deialdi honetako eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean izangaiek aitortuta daukaten antzinatasunaren arabera hautsiko dira berdinketak, antzinatasun handiena duena lehenetsiz. Berdinketak jarraitzen badu, aldi baterako kontratazioetarako deialdian ezarritako irizpideari jarraikiz hautsiko dira berdinketak.
b) Aldi baterako kontratazioetarako deialdia: berdinketak ebazteko zozketa bakarra eta berariazkoa eginen du kalifikazio epaimahaiak. Berdindutako izangai guztien artean, bat ausaz hautatuko da. Berdinketa guztiak hurrenkera alfabetikoari jarraikiz deseginen dira, abiapuntu harturik zozketa horretan hautatzen den izangaiaren abizenak eta izena. Zozketaren emaitzak deialdiaren web fitxan argitaratuko dira.
5.3. Aurkeztutako alegazioak eta berdinketak ebatzi ondoren, epaimahaiak www.nafarroa.eus helbidean argitaratutako ditu honako zerrenda hauek, bereizita:
–Prestakuntzarako zerbitzu berezietan aritzeko izangaientzako deialdiko hautapen prozesua gainditu dutenen zerrenda, guztira lortutako puntuen hurrenkeraren arabera.
–Aldi baterako kontratatuak izateko deialdiko hautapen prozesua gainditu duten izangaien zerrenda, guztira lortutako puntuen hurrenkeraren arabera.
5.4. Oinarri honetan ezarritako jarduketak bukaturik, epaimahaiak Funtzio Publikoko zuzendari nagusiari igorriko dizkio proba gainditu duten izangaien zerrendak, onets ditzan. Zerrendekin batera, hautapen prozesuaren espediente osoa ere bidaliko dio.
Seigarrena.–Prestakuntza eta enpleguko erdi mailako tituludunen lanean aritzeko izangaien zerrenda.
6.1. Hautapen prozesuaren espediente osoa jasota, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren ebazpen bidez onetsiko dira izangaien zerrendak. Ebazpen hori www.nafarroa.eus helbidean argitaratuko da.
6.2. Izangaiak prestakuntzan aritzeko deia eta, hala badagokio, prestakuntzarako zerbitzu berezietako egoeraren deklarazioa honako hauetan ezarritakoaren arabera eginen dira: apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretua; Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariaren abenduaren 30eko 199/2004 Foru Agindua, prestakuntzarako lanpostuetan aritzeko izangaien zerrendak osatu eta kudeatzeko prozedura ezarri zuena; eta aplikatzekoak diren gainerako arauak.
6.3. Izangaiei aldi baterako kontratu bidez aritzeko dei egiten zaienean eta, hala bada, kontratatzean, arau hauetan ezarritakoari jarraituko zaio: Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 88. artikulua eta hurrengoak; deialdi honetako oinarriak; aldi baterako kontratazioa kudeatzeko arauak onesteko Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak abenduaren 31n eman zuen 814/2010 Foru Agindua; eta aplikatzekoak diren gainerako arauak.
6.4. Deia jasotzen dutenek eskatutako betebeharra betetzen dutela frogatzeko agiriak aurkeztu beharko dituzte; horretarako, unibertsitateko gradudun titulua, unibertsitateko diplomadun titulua, ingeniari teknikoarena, arkitekto teknikoarena edo horietako baten baliokidea den beste titulu baten kopia aurkeztu beharko dute, edo lizentzia edo ingeniaritza bateko edo arkitekturako lehen hiru ikasmailak osorik gaindituak izatearena, edo titulua eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekinarena, edo, bestela, eskabideak aurkezteko epea bukatu baino lehen titulua lortzeko moduan egon izanaren gaineko ziurtagiria.
Eskatutako baldintzak betetzen ez dituzten izangaiak hautapen prozesutik baztertu eginen dira, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez, eta deialdi honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak galduko dituzte.
Era berean, egiaztatu beharko dute betetzen dituztela, hala badagokio, deialdiarekin bete nahi den lanpostuaren betebehar espezifikoak.
Izangaiek aurkezten duten dokumentazioak ez du zertan izan jatorrizkoa edo fotokopia konpultsatua; hortaz, dokumentu horien fotokopia arruntak aurkezten ahalko dira. Hala ere, Administrazioak noiznahi eskatzen ahalko dizkie izangaiei aurkeztutako dokumentazioaren jatorrizkoak edo fotokopia konpultsatuak.
Zazpigarrena.–Errekurtsoak.
Kalifikazio epaimahaiak ematen dituen egintzen eta ebazpenen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.
Deialdien, oinarrien eta haiek aplikatzeko egintzen kontra, kalifikazio epaimahaiak hartutakoen kontra izan ezik, zilegi izanen da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.
Hori guztia bat etorriz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126. artikuluan xedatutakoarekin, eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.
ERANSKINA.–GAI ZERRENDA
1. gaia.–11/2019 Foru Legea, martxoaren 11koa, hizpide dituena Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa eta foru-sektore publiko instituzionala.
2. gaia.–11/2005 Foru Legea, azaroaren 9koa, Dirulaguntzei buruzkoa.
3. gaia.–2/2018 Foru Legea, apirilaren 13koa, Kontratu Publikoei buruzkoa: atariko titulua. Kontratistak. Kontratuen tipologia eta araubide juridikoa. Publizitate arauak eta adjudikazio prozedurak.
4. gaia.–17/2019 Foru Legea, apirilaren 4koa, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzkoa.
5. gaia.–5/2018 Foru Legea, maiatzaren 17koa, hizpide dituena gardentasuna, informazio publikoa eskuratzea eta gobernu ona.
6. gaia.–3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa.
7. gaia.–Langileen Estatutuaren Legearen testu bategina onesten duen urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren I. titulua: "Lanari buruzko banakako harremana".
8. gaia.–1069/2021 Errege Dekretua, abenduaren 4koa, 2021-2024 aldirako Enplegua Aktibatzeko Espainiaren Estrategia onartzen duena.
9. gaia.–3/2023 Legea, otsailaren 28koa, Enpleguari buruzkoa.
10. gaia.–438/2024 Errege Dekretua, apirilaren 30ekoa, Enplegu Sistema Nazionalaren Zerbitzu Erkideen Zorroa eta enpleguari buruzko otsailaren 28ko 3/2023 Legean ezarritako zerbitzu bermatuak garatzen dituena.
11. gaia.–818/021 Errege Dekretua, irailaren 28koa, Enplegu Sistema Nazionalaren enplegua aktibatzeko programa komunak arautzen dituena.
12. gaia.–Nafarroako Osasun Plana (2021-2024).
13. gaia.–94/2016 Foru Dekretua, urriaren 26koa, Nafarroako Gizarteratze eta Laneratze Enpresen kalifikazioaren, erregistroaren eta laguntzen araubidea ezartzen duena.
14. gaia.–30/2015 Legea, irailaren 9koa, Lan-arloko Enplegurako Lanbide-heziketaren Sistema arautzen duena.
15. gaia.–694/2017 Errege Dekretua, uztailaren 3koa, zeinaren bidez garatzen baita irailaren 9ko 30/2015 Foru Legea, Enplegurako Lanbide Prestakuntzaren Sistema lan arloan arautzen duena.
Oharra: gai guztiak deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean indarra duen legediaren arabera eskatuko dira.
Iragarkiaren kodea: F2413059
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
