188. ALDIZKARIA - 2024ko irailaren 16a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

118/2024 EBAZPENA, abuztuaren 27koa, Energia, Enpresen I+G+b eta Ekintzailetzako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez aurretiazko administrazio-baimena eta eraikitzeko administrazio-baimena ematen baitira energia elektrikoa ekoizteko instalazio bat jartzeko Biurrun-Olkozko uda-mugartean, "El Prado" eguzki-instalazio fotovoltaikoa izenekoa, 4 MW-ekoa, eta hari atxikitako transformazio- eta ebakuazio-azpiegiturak.

1.–Aurretiazko administrazio-baimena eta eraikitzeko administrazio-baimena eskatzea.

Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legean ezarritakoarekin bat etorriz, 2022ko apirilaren 11n, Sociedad de Explotación Fotovoltaica Lamda SLk aurretiazko administrazio-baimena eta eraikitzeko administrazio-baimena eskatu zituen 4 MW-eko "El Prado" eguzki-instalazio fotovoltaikoa, lurrean instalatua, eta hari atxikitako transformazio- eta ebakuazio-azpiegiturak egiteko Biurrun-Olkotz eta Tebas-Muru Artederretako udal-mugarteetan.

Sustatzaileak hasierako eskaerarekin alderatuta zenbait aldaketa egin ondoren, 2024ko otsailaren 9an proiekturako dokumentazio berria aurkeztu zuen, eta orain instalazioa Biurrun-Olkozko udal-mugartean baino ez da kokatuko. Aurkeztutako dokumentazio teknikoaren arabera, eguzki-instalazioak 5,59 hartzen ditu, eta udalerri horretako 2. poligonoko 275. eta 277. lurzatien gainean dago. Proiektua, oro har, elementu nagusi hauek osatzen dute:

–Alde biko 8.164 modulu fotovoltaiko (Longi LR5-72HGD edo antzekoa), 590 Wp-koak, 314 egitura finkoren gainean (2Vx13) instalatuak eta 26 moduluko 314 katetan banatuak, 4.816,76 kWp-ko potentzia puntarekin.

–Sungrow SG350HX edo antzeko 12 inbertitzaile, bakoitza 333,33 kWn-era mugatua, guztira, 4 MW-en potentzia izendatuarekin.

–Behe-tentsioko lurpeko konexioa, inbertsoreetatik transformazio-zentro baterainokoa; hormigoizko etxola prefabrikatu bat dauka erdi-tentsioko gelaxketarako, bai eta aire zabaleko 4.000 kVA-ko transformadore bat ere, babes-hesi metaliko batekin. Sortutako energiaren tentsioa 13,2 kV-ra igoko du.

–Erdi-tentsioko lurpeko konexioa (270 metro), transformazio-zentrotik ebakitze zentro berrirainokoa; etxola prefabrikatu bat dauka, erdi-tentsioko gelaxka metaliko modularrekin.

–Lurpeko ebakuazio-linea, 13,2 kV-koa (1.320 metro), ebakitze eta neurtze zentrotik banaketa-sarerako konexio-punturainokoa (egun dagoen Biurrun TBA).

2.–Proiektua jendaurrean jartzea eta kontsultak egitea.

Abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 125. artikulua aplikatuz (haren bidez, energia elektrikoa garraiatu, banatu, merkaturatu eta hornidura egiteko jarduerak eta instalazioak baimentzeko prozedurak arautzen dira), eskaera jendaurrean jarri zen hogeita hamar egun balioduneko epean, iragarkia paratuta Nafarroako Aldizkari Ofizialean (2024ko 34. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, otsailaren 15ekoa), eta dokumentazioa Nafarroako Gobernu Irekiaren web-fitxan argitaratu zen. Era berean, informazioa Biurrun-Olkozko eta Tebas-Muru Artederretako udaletara bidali zen, jendaurrean jar zezaten dagozkien ediktu-tauletan epe berean, eta egintza hori espedientean jasota dago egiaztatzeko eginbideetan.

Ez da alegaziorik jaso.

Horrekin batera, abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 127. eta 131. artikuluetan ezarritakoa aplikatuz, proiektuaren separatak bidali zitzaien erakunde hauei, eta taulan adierazten diren txostenak jaso ziren:

ERAKUNDEA

TXOSTENA

DATA

Biurrun-Olkozko Udala

4

2024-02-23

Tebas-Muru Artederretako Udala.

6

2024-03-11

Ondare Arkitektonikoaren Atala

1

2024-02-15

Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atala

2

2024-02-15

Nafarroako Ubidea SA (CANASA)

3

2024-02-15

Exolum Corporation SA

Nedgia Navarra SA

5

2024-03-04

Enagás Transporte SAU

7

2024-07-22

Araudi beraren arabera, aipatutako txostenak sustatzaileari bidali zitzaizkion.

Txosten horien edukia eta azterketa ebazpen honen eranskinean laburbiltzen dira.

3.–Ingurumen inpaktuaren aldeko txostena.

Ingurumeneko zuzendari nagusiaren apirilaren 23ko 320E/2024 Ebazpenaren bidez, ingurumen inpaktuaren aldeko txostena egin zen, eta, bertan, adierazi zen ez dagoela eragin nabarmenik ingurumenean, eta, beraz, ez duela ingurumen inpaktuaren ebaluazio arruntik behar, hargatik eragotzi gabe ebazpenean bertan jasotako zehaztapenak bete behar izatea.

4.–Lurzoru urbanizaezinean jarduerak eta erabilerak egiteko baimena.

Lurralde Antolamenduko zuzendari nagusiaren abuztuaren 26ko 296E/2024 Ebazpenaren bidez, proiekturako lurzoru urbanizaezinean jarduerak eta erabilerak baimendu ziren, ebazpenean bertan jasotako zehaztapenak kontuan hartuta.

5.–Aurretiazko administrazio baimena eta eraikitzeko administrazio baimena emateko proposamena.

Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legean xedatutakoa betez, Sociedad de Explotación Fotovoltaica Lamda SLren gaitasun legal, tekniko eta ekonomikoaren egiaztagiria dago jasota.

Bestalde, Sociedad de Explotación Fotovoltaica Lamda SL enpresak baimena du sartzeko eta konektatzeko, banaketa-sarearen kudeatzaileak emana proiektatutako konexio-puntuan.

Horregatik guztiagatik, aurkeztutako dokumentazioa aztertuta, eta Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legean xedatutakoa kontuan hartuta, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuko Azpiegitura Energetikoen Atalak ondorioztatzen du prozedura behar bezala gauzatu dela, eta proposatzen du aurretiazko administrazio-baimena eta eraikitzeko administrazio-baimena ematea Sociedad de Explotación Fotovoltaica Lamda SLri, energia elektrikoa ekoizteko "El Prado" eguzki-instalazio fotovoltaikoa jartzeko.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Aurretiazko administrazio-baimena eta eraikitzeko administrazio-baimena ematea Sociedad de Explotación Fotovoltaica Lamda SLri, energia elektrikoa ekoizteko "El Prado" eguzki-instalazio fotovoltaikoa jartzeko (4 MW-eko potentzia instalatukoa) eta haren transformazio eta ebakuazio azpiegiturak Biurrun-Olkozko udal-mugartean egiteko. Horretarako, 2024ko otsailaren 9an aurkeztutako exekuzio-proiektuak onesten dira, eta hogeita hamasei hilabeteko epea ematen da obrak gauzatzeko.

2. Baimen hau emanda ere, instalazioa gauzatzeko beharrezkoak diren kontzesio, lizentzia eta baimen guztiak, publikoak nahiz pribatuak, lortu beharko ditu instalazioaren eskatzaileak, bat etorrita aplikatzekoak diren beste xedapen batzuekin.

3. Instalazioak aurkeztutako proiektuari jarraikiz gauzatu beharko dira, eta bat etorri beharko dute honako hauetan xedatutakoarekin: Goi tentsioko instalazio elektrikoen baldintza teknikoei eta segurtasun bermeei buruzko erregelamendua onesten duen maiatzaren 9ko 337/2014 Errege Dekretua eta haren Jarraibide Tekniko Osagarriak JTO-GTE 01etik 23ra; Goi tentsioko linea elektrikoen baldintza teknikoei eta segurtasun bermeei buruzko erregelamendua onesten duen otsailaren 15eko 223/2008 Errege Dekretua eta haren Jarraibide Tekniko Osagarriak JTO-GTL 01etik 09ra; eta Behe tentsioko Erregelamendu elektroteknikoa onesten duen abuztuaren 2ko 842/2002 Errege Dekretua.

4. Behin proiektua gauzaturik, eskatzaileak zerbitzuan jartzearen akta eskatu beharko du. Eskaera horri obra-bukaerako ziurtagiria erantsi beharko zaio, teknikari fakultatibo eskudunak izenpetua, bai eta aplikatzekoa den araudian ezarritako gainerako dokumentazioa ere.

5. Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzura, Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuko Ingurumen Ebaluaziorako Atalera, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko Paisaiaren eta Landa-lurzoruaren Atalera eta Ondare Historikoaren Zerbitzuko Ondare Arkitektonikoaren Atalera eta Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalera.

6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

7. Ebazpen hau jakinaraztea Sociedad de Explotación Fotovoltaica Lamda SLri, Nafarroako Ubideari, Exolum Corporation SAri, Nedgia Navarra Sari, Enagas Transporte SAUri, I-DE Redes Eléctricas Inteligentes, SAUri eta Red Eléctrica de España SAUko Operazioetako eta Sistemaren Garapeneko zuzendaritzei, eta ohartaraztea ezen ebazpen honek ez duela administrazio bidea amaitzen eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita. Errekurtsoan espediente kodea adierazi beharko da.

8. Ebazpen hau Biurrun-Olkozko eta Tebas-Muru Artederretako udalei jakinaraztea, eta ohartaraztea haren kontra administrazioarekiko auzi errekurtsoa jartzen ahal dela, eskumena duen jurisdikzioari zuzendua, bi hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita, horrek galarazi gabe Nafarroako Gobernuari aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2024ko abuztuaren 26an.–Energia, Enpresa I+G+b eta Ekintzailetzako zuzendari nagusia, Uxue Itoiz Mariñelarena.

ERANSKINA.–JASOTAKO TXOSTENAK

Jasotako txostenen laburpena eta analisia azalduko dira jarraian:

1. txostena.–Ondare Historikoaren Zerbitzuko Ondare Arkitektonikoaren Atala.

2024ko otsailaren 15eko txosten baten bidez, Ondare Historikoaren Zerbitzuko Ondare Arkitektonikoaren Atalak jakinarazi zuen "ez dagoela ukipenik" atal horren eskumeneko gaietan.

2. txostena.–Ondare Historikoaren Zerbitzuko Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atala.

2024ko otsailaren 15eko txosten batean, Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalak adierazi zuen badirela "proiektuaren obrek beren babes-inguruneetan (50 m) eragina izan dezaketen katalogatutako bi aztarnategi arkeologiko". Hala, sustatzaileak bete beharko dituen jarraipen arkeologikorako neurriak ezarri zituen. Gainera, gogorarazten du ezen, obrak iraun bitartean hondakin arkeologikoren bat agertuko balitz, berehala jakinarazi behar dela.

3. txostena.–Nafarroako Ubidea SA (CANASA).

2024ko otsailaren 15eko txosten batean, Nafarroako Ubidea SAk (CANASA) honako hau adierazi zuen: "ez dago eragozpenik Nafarroako Ubidearekiko bidegurutzean, tunela sakonago zeharkatzen baitu" eta "eguzki-instalazioak 25 metro betetzen ditu, eta errespetatu egin behar dira hartatik kanalaren kanpoko ertzeraino".

4. txostena.–Biurrun-Olkozko Udala.

Alkateak, 2024ko otsailaren 23an sinatutako eskaeraren bidez, Biurrun-Olkozko Udalak Iruñerriko Eskualdeko Etxebizitza eta Eraikinak Birgaitzeko Bulegoko Hirigintza Aholkularitzako Zerbitzuaren txostena bidali zuen, 2024ko otsailaren 16koa, honako hau ezartzen duena:

"Txosten hau egin nahi den ezarpenaren aurkakoa da; izan ere, industria jarduera energetikoa ez da basogintzako erabilera-erregimenetan baimendutako edo baimendu daitekeen jarduera eraikia, ezta nekazaritza-produktibitate ertaina ere.

Proposatutako erabilera ez dator bat nekazaritzako eta basoko produktibitatearen helburuarekin.

Nolanahi ere, eskatzen du baimenak etenda gera daitezela, harik eta lurralde antolamendutik datozen tresnek horiek instalatzea arautzen ez den arte, eta 1/2017 Legegintzako Foru Dekretura, 3. LAPera eta 4/2022 Foru Legean xedatutakora egokitzen direla bermatzen den arte".

Erantzuna:

Organo eskudunak hirigintzaren eta lurraldearen gaineko ukipenak ebaluatu ditu eta azterketa 296E/2024 Ebazpenarekin amaitu du, zeina abuztuaren 26koa baita eta Lurralde Antolamenduko zuzendari nagusiak eman baitzuen, proiekturako lurzoru urbanizaezinean jarduerak eta erabilerak baimentzeko.

5. txostena.–Nedgia Navarra SA.

2024ko martxoaren 4an sinatutako idazki baten bidez, Nedgia Navarra SAk jakinarazi zuen bidalitako separatan aipatutako gasbidea ez dela bere titulartasunekoa, eta "proiektuaren eremuan ez dagoela Nedgiaren jabetzako gas-instalaziorik", ez duelako baldintza teknikorik ezartzen eta adostasuna ematen duelako.

Erantzuna:

Nedgia Navarra SAren txostenari erantzuteko, Enagás Transporte SAUri kontsulta egin zitzaion (7. txostena).

6. txostena.–Tebas-Muru Artederretako Udala.

Alkateak 2024ko martxoaren 11n sinatutako eskaera baten bidez, Tebas-Muru Artederretako Udalak Iruñerriko Etxebizitza eta Eraikinak Birgaitzeko Bulegoko Hirigintza Aholkularitzako Zerbitzuaren txostena bidali zuen, 2024ko martxoaren 4koa. Txosten horretan adierazten denez, proiektuak ez dio eragiten Tebas-Muru Artederretako udal-mugarteari.

7. txostena.–Enagás Transporte SAU.

2024ko uztailaren 22ko txosten baten bidez, Enagás Transporte SAUk jakinarazi zuen ados zegoela eskatutako administrazio-baimena ematearekin, betiere eranskin gisa erantsi diren baldintza tekniko orokorrak eta partikularrak betetzen badira". Era berean, gogorarazten du aipatutako gasbidearen administrazio-eskumena Nafarroako Gobernuaren Ordezkaritzaren Industria eta Energia Arloari dagokiola, eta hark baimendu beharko dituela zortasun eta ukipen eremuetako obrak, abenduaren 27ko 1434/2002 Errege Dekretuaren 69. artikuluan ezarritakoaren arabera.

Iragarkiaren kodea: F2412786