1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
53/2024 FORU AGINDUA, irailaren 6koa, Lehendakaritza eta Berdintasuneko kontseilariak emana, zeinaren bidez aldatzen baitira Nafarroako hirugarren sektoreko entitateei dirulaguntzak emateko deialdi bat eta horien oinarri arautzaileak, gizarte berrikuntzako proiektuak egin ditzaten landa eremuan, gizarte zerbitzuen esparruan, 2022. eta 2023. urteetan. DDBN identifikazioa: 630447.
2021eko uztailaren 16an, lankidetza-hitzarmena sinatu zuten Eskubide Sozialetako eta Agenda 2030eko Ministerioak eta Nafarroako Foru Komunitateak, Suspertze eta Erresilientzia Mekanismotik eratorritako Europako funtsen kargurako proiektuak gauzatzeko. Hitzarmen horretan aditzera ematen zenez, guztira 39.582.262 euro eman zitzaizkion Nafarroako Foru Komunitateari, 2021., 2022. eta 2023. urteetarako, Suspertze eta Erresilientzia Mekanismotik eratorritako Europako funtsen kargura, 22. osagaiari lotutako proiektuetarako. Proiektu horiek bat etorri beharko dute gizarte zerbitzuen arloko inbertsio mota jakin batzuekin.
Eskubide Sozialetako kontseilariaren maiatzaren 30eko 131/2022 Foru Aginduaren bidez, Nafarroako hirugarren sektoreko entitateei dirulaguntzak emateko deialdia onetsi zen, gizarte berrikuntzako proiektuak egin ditzaten landa eremuan, gizarte zerbitzuen esparruan, 2022. eta 2023. urteetan. Dirulaguntzen zenbatekoa 1.400.000 eurokoa zen, 2022. eta 2023. urteen artean (541.170 euro eta 858 euro, hurrenez hurren), eta Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren bidez finantzatu ziren.
Eskubide Sozialetako kontseilariaren uztailaren 5eko 182/2022 Foru Aginduaren bidez, maiatzaren 30eko 131/2022 Foru Aginduko akats bat zuzendu zen, hain zuzen justifikazioaren epeei zegokionez. Zehazki, deialdiaren 7. oinarrian adierazten zen proiektuak gauzatzeko gehieneko epea 2023ko abenduaren 31n amaitzen zela, eta proiektuek 12 eta 24 hilabete arteko iraupena zutela, baina Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planak ezarritako esparruei lotuta.
Azkenik, Lehendakaritza eta Berdintasuneko kontseilariaren abenduaren 29ko 152/2023 Foru Aginduaren bidez, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren barruan ezarritako esparruei lotutako epeak luzatzea ezarri zen, eta erakunde onuradunei birformulazioak egiteko eskatu zitzaien, horietara egokitzeko.
Hala ere, egiaztatu da deialdia arautzeko oinarriak egitean oso epe murriztaileak ezarri zirela; izan ere, Eskubide Sozialetako eta Agenda 2030eko Ministerioaren eta Nafarroako Gobernuaren arteko hitzarmenak 2023ko abenduaren 31ra arteko gehieneko gauzatze-epea ezarri zuen 325 CIDerako.
Proiektuaren epea 2025eko irailaren 30era arte luzatu denez, uste da proiektuaren ebaluazioa balio handiagokoa izanen dela, baldin eta proiektuak amaitu ondoren egiten ahal bada, hainbesteko premiarik gabe. Normala da, beraz, ebaluazioak aurkezteko epea luzatzea, gastu hautagarriaren izaerari eutsiz.
Horregatik guztiagatik, Politika Publikoen Plangintza, Koordinazio, Berrikuntza eta Ebaluazioko Zerbitzuak proposatzen du dirulaguntzen deialdiaren oinarriak aldatzea.
Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,
AGINTZEN DUT:
1. Onestea bai Nafarroako hirugarren sektoreko entitateei dirulaguntzak emateko deialdiaren aldaketa, gizarte berrikuntzako proiektuak egin ditzaten landa eremuan, gizarte zerbitzuen esparruan, 2022. eta 2023. urteetan, bai deialdiaren oinarri arautzaileak, honela:
5. oinarria.–Kontzeptu diruz lagungarriak.
5.1. Kostuak.
Hasierako idazketak honela zioen:
"Deialdi honetan, proiektu pilotuari osorik egozten ahal zaizkion gastuak baino ez dira finantzatuko, proiektua garatzeko ezinbestekoak badira, benetan ordaindu badira justifikazioaren muga-egunean eta oinarri arautzaile honetan ezarritako epean egiten badira".
Orain, honako honekin ordezkatuko da:
"Deialdi honetan, proiektu pilotuari osorik egozten ahal zaizkion gastuak baino ez dira finantzatuko, proiektua garatzeko ezinbestekoak badira, benetan ordaindu badira justifikazioaren muga-egunean eta oinarri arautzaile honetan ezarritako epean egiten badira. Hala ere, salbuespena izanen da amaierako ebaluazioa egiteko egindako gastua, eta hura entregatzeko gehieneko epea proiektua amaitu eta bi hilabetekoa izanen da".
17. oinarria.–Dirulaguntza ordaintzeko beharrezkoak diren frogagiriak.
17.1. Jarraipen ekonomikoa eta memoria ekonomikoak.
Hasierako idazketak honela zioen:
"Amaierako memoria, proiektuaren gauzatze osoari buruzko informazioaz. Amaitu eta hilabeteko epean aurkeztuko da, 2025eko abendua amaitu baino lehen betiere. Edukiei dagokienez, Lehendakaritza eta Berdintasun Departamentuak ezartzen dituenak edo harekin adosten direnak izanen dira".
Orain, honako honekin ordezkatuko da:
"Amaierako memoria, proiektuaren gauzatze osoari buruzko informazioaz. Amaitu eta bi hilabeteko epean aurkeztuko da, 2025eko abendua amaitu baino lehen betiere. Edukiei dagokienez, Lehendakaritza eta Berdintasun Departamentuak ezartzen dituenak edo harekin adosten direnak izanen dira".
2. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
3. Foru agindu honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka bidezko da gora jotzeko errekurtsoa aurkeztea, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean, bat etorriz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoarekin.
4. Foru agindu hau honako hauei helaraztea, dagozkion ondorioetarako: Politika Publikoen Plangintza, Koordinazio, Berrikuntza eta Ebaluazioko Zerbitzuari; Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiko Ekonomia eta Aurrekontuak Kudeatzeko Ataleko Aurrekontuen Kudeaketa eta Kontabilitateko Bulegoari; eta Lehendakaritza eta Berdintasun Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiko Ekonomia Atalari eta Ekonomiaren eta Kontabilitatearen Kudeaketa Bulegoari, baita Dirulaguntzen Datu Base Nazionalari ere.
Iruñean, 2024ko irailaren 6an.–Lehendakaritza eta Berdintasuneko kontseilaria, Félix Taberna Monzón.
Iragarkiaren kodea: F2413096