186. ALDIZKARIA - 2024ko irailaren 12a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA

169E/2024 FORU AGINDUA, irailaren 4koa, Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako kontseilariak emana, zeinaren bidez lehentasunez birgaitu beharreko area deklaratzen baita Iruñeko Milagrosako hiri-jarduketarako plan bereziaren esparrua.

Iruñeko Udalak eskatu du lehentasunez birgaitu beharreko area deklara dadila Milagrosako hiri-jarduketarako plan bereziaren esparrua.

Horretarako, Iruñeko Udalak onetsia du plangintza berezi bat, ukitutako eraikinek nahikoa antzinatasuna dutela egiaztatu du eta onetsia du ordenantza bat birgaitzeko laguntzak arautzeko.

Nafarroako Gobernuak ere, Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako Departamentuaren bidez, hiriko auzo horretako bizitegien birgaitzea sustatzeko asmoa du, eta tresna egokitzat jotzen du lehentasunez birgaitu beharreko area deklaratzea.

Hori horrela, eta Iruñeko Birgaitze Bulegoaren txostena ikusirik, aldekoa baita, betetzat jotzen dira irailaren 18ko 61/2013 Foru Dekretuaren 54. artikuluan eskatzen diren baldintzak, eta, hortaz, bidezko da Milagrosako hiri-jarduketarako plan bereziaren esparrua lehentasunez gaitu beharreko area deklaratzea. Foru dekretu horrek Nafarroan etxebizitzaren arloan babestekoak diren jarduketak arautzen ditu.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Milagrosako hiri-jarduketarako plan bereziaren esparrua lehentasunez birgaitu beharreko area deklaratzea, irailaren 18ko 61/2013 Foru Dekretuan ezarritako ondorioetarako.

2. Iruñeko Udalak bere aurrekontuetan zenbateko bat ezarri beharko du birgaitzeko laguntzetarako; zenbateko hori ez da izanen lehentasunez birgaitu beharreko arean –biztanleko eta urteko– aplikatzekoa den modulu haztatuaren %1 baino txikiagoa.

3. Foru agindu hau Iruñeko Udalari eta Etxebizitza Zerbitzuari jakinaraztea, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea; bestetik, aditzera ematen da haren kontra, ez baitu administrazio bidea amaitzen, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dela, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, foru agindu hau jakinarazi edo Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2024ko irailaren 4an.–Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako kontseilaria, Begoña Alfaro García.

Iragarkiaren kodea: F2412872