1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
799E/2024 EBAZPENA, abuztuaren 27koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ingurumen txosten estrategikoa ematen baita, aldekoa, Lakuntzako udal plan orokorraren aldaketa bati buruz. Aldaketak 2. poligonoko 378., 380., 381. eta 382. lurzatiei eragiten die eta haren sustatzailea Sakana SCI da.
Lakuntzako Udalak 2022ko irailaren 26an onetsi zuen hasiera batez aldaketa hori, eta jendaurrean egoteko tramitea bete da, iragarki bat argitaratuz 2022ko 213. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, urriaren 7koan. Espedientearen parte dira hirigintza-memoria, araudia, planoak eta ingurumen dokumentu estrategikoa.
1.–Udal plan orokorraren aldaketa.
Aldaketaren xedea da behar diren hirigintza-determinazioak ezartzea, egiturazkoak eta xehatuak, aipatutako lurzatiak hiri lurzoru finkatuan sartzeko. Horrela, Sarrarte industrialdean kokatzen den "Sakana S. Coop" sozietatearen instalazioen hazkunde eta ekoizpen beharrei erantzun nahi zaie.
Udal planaren aldaketaren esparrua oraingo instalazioen mendebaldean dago, eta 2. poligonoko 378., 380., 381. eta 382. lurzatiak hartzen ditu (2. poligonoko 570A eta B azpilursailei dagozkienak, 2022ko katastroaren arabera). 2,76 ha-ko azalerari eragiten dio, Lizarragabengoko bidearen zati bat barne duela.
Proposamenak lurzoruaren sailkapen aldaketa ezartzen du, lurzoru urbanizaezina izatetik (zehazki, "garapen eredua zaintzeko gorde beharreko lurzorua" eta "natura aldetik ustiatzeko balioa duen lurzorua") hiri-lurzoru finkatua izatera pasatuz. Industria-arearen handitze hori Lakuntza udalerriko mugarantz eginen da, eta Arbizuko bizitegi-hirigunera hurbiltzea ekarriko du.
Kokapenari dagokionez, baloratu diren alternatibek adierazten dute zaila dela industria-jarduera zabaltzea lehendik dagoen industrialdeari erantsitako beste puntu batean. Horregatik, sustatzaileak, azkenean, "2. alternatiba" hautatu du: industrialdeko bidea luzatzea eta eremu urbanizatuak sortzea (bide-sistema, aparkaleku publikoa eta kanpotik sarbide berria egiteko), bai eta espazio libre publikoa ere (parke zuhaiztua egiteko).
Eremuaren antolamenduak gehienez 15.000 m²-ko okupazioa aurreikusten du industria-erabilerarako, eta aparkalekuetarako eremu publiko bat ("Lizarragabengoko bidean" oinarritzen den bidearen ondoan). Esparruaren mendebaldeko muga 3.746,34 m²-ko azalera izanen duen espazio publiko gisa planifikatuta dago, eta parke zuhaiztu gisa diseinatu da, oinezkoentzako eta bizikletentzako bide bat izanen duena, zeinak NA-2410 errepidea eta industrialdeko kalea lotuko baititu. Bidea 350 metro luze izanen da gutxi gorabehera, eta bide tarte horren erdia baino gehiago industrialdearen itxiturarekin mugakidea izanen da. Zuhaitz eta zuhaixken landaketa mistoa egitea aurreikusten da, ikusizko hesi gisa.
2.–Ingurumen ebaluazioa.
Aldaketaren eraginpeko lurzatiak belardietarako erabiltzen dira gaur egun, eta lursail lauak dira (iparraldean, ibairanzko malda txiki bat dute); hegoaldean, zuhaixka-heskai bat dago, NA-2410 errepidearekin kontaktuan dagoen ezpondan. Hauek dira kontuan hartu beharreko ingurumen alderdiak:
a) Konektagarritasun ekologikoa:
Proposamena Natura 2000 Sareko bi espazioren artean kokatzen da, eta, beraz, garrantzitsua da konektagarritasun ekologikoa kontserbatzea eta hobetzea. "Aralar" eta "Urbasa eta Andia" KBEen arteko konektagarritasun ekologikoari buruzko azterlan bat dago (Telletxea, G., Urra, F., Meyer, A., Oroz, J., 2021) Nafarroako Ingurumen Kudeaketak egina Nafarroako Gobernuarentzat, eta bertan hautematen da nolabaiteko gaitasuna dagoela Lakuntza eta Arbizu arteko eremuan.
Ildo horretan, Lakuntzan industria-lurzorua handitzeko proposamenak, zeinaren ondorioz Arbizuko hirigunearen mugaraino hurbilduko baita –2,3 km-ko luzera izanen duen hiri-continuum bat osatuko da–, leku horretan iparraldearen eta hegoaldearen arteko konektagarritasun ekologikoaren potentzialtasuna txartzea ekarriko du. Eremuaren mendebaldeko mugan aurreikusitako antolamendua, hau da, oinezkoentzako bidea duen berdegune bat, a priori egokia da, nahiz eta ingurumen txosten estrategiko honetan indartzen den.
b) Kalitate akustikoa:
Sustatzaileak aurkeztutako dokumentazioan ez dago ukitutako eremuen modelizazio akustikorik.
Espedientean, zaratari buruzko bi txosten daude –bata sustatzaileari 2023ko ekainaren 2an bidalitako errekerimendu gisa, eta bestea 2024ko apirilaren 2koa–, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuarenak (Kutsaduraren aurkako Prebentzio Atala). Kontuan harturik sustatzaileak argudiatu duena planaren aldaketa honen xedeko lurzatietan ezarri nahi diren instalazioen azken konfigurazioaren proiektu sakonik ez egoteari buruz, plantea liteke –zerbitzu honen iritziz– modelizazio akustikoa atzeratzea xehetasun proiektuaren fasera arte. Txostenean adierazten duenez, bereziki, aurreikusitako handitzetik 100 m ingurura dauden etxebizitzak babestu beharko lirateke, eta zenbait determinazio ezartzen ditu, zeinak ingurumen txosten estrategiko honen baldintzetan sartu baitira.
c) Antolamendua mendebaldeko mugan (berdegunea):
Hiri-parkeari eta perimetro-bideari buruzko neurriak zehatzago definitu behar dira; izan ere, hurbil dagoen bizitegi-arearekiko pantailatze bat ezartzeko helburuarekin proposatu dira. Kontuan hartuz aldaketa dagokion urbanizazio proiektuaren bidez garatuko dela, Ingurumen Ebaluaziorako Atalak proposatu du dentsitate handiko zuhaitz eta zuhaixken landaketa bat definitzea. Landaketa horren osaerari eta egiturari dagokienez, berdegunearen luze osoarekin (350 metro inguru) bat egiten duen Arakilgo korridoreko finken mugak eta bideak bereizteko dauden zuhaitz-heskaien antzekoa izan beharko litzateke.
Bestalde, aparkalekua izateko eremuan bateko eta besteko estrategiak ezar daitezke, bai "bero-uhartea" efektua moteltzeko (adibidez, zuhaitz lerrokatuak, zuhaitz-zulo jarraituetan sartuak), baita euri-uretako jariatzeak minimizatzeko eta haien kalitatea hobetzeko ere (adibidez, bide-zoru iragazkorrak eta/edo drainatze jasangarriko sistemak).
Nolanahi ere, ingurumen dokumentu estrategikoaren 6.1 kapituluan adierazitako ingurumen integrazioko neurriak aplikatu beharko dira (besteak beste, espazio libre horretan zuhaitz handiak landatzea aurreikusten da, bai eta ingurumena eta paisaia integratzeko eta lehengoratzeko neurriak aplikatzea ere).
Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuak egindako txostenean adierazi du ingurumen ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura behar bezala gauzatu dela, eta proposatu du aldeko ingurumen txosten estrategikoa ematea, ingurumen ukipen esanguratsurik sortzen ez duela iritzita, betiere txosten honetan sartutako baldintzekin.
Adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren abuztuaren 17ko 10/2023 Foru Dekretua eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretua,
EBAZTEN DUT:
1. Ingurumen txosten estrategikoa ematen da, aldekoa, Lakuntzako udal plan orokorraren aldaketa bati buruz. Aldaketak 2. poligonoko 378., 380., 381. eta 382. lurzatiei eragiten die eta haren sustatzailea Sakana SCI da. Dena dela, baldintza hauek bete beharko dira:
2. Planaren aldaketa garatzean, ingurumen baldintza hauek bete beharko dira:
a) Mendebaldeko muga antolatzeko, zuhaitzen eta zuhaixken landaketa bat sartuko da berdegunearen luze osoan. Dagokion urbanizazio proiektuan edo aldaketa garatzeko tresnetan determinazio hauek jasoko dira:
–Bide bat izanen duen zerrenda estu gisa diseinatutako aldean: gutxienez 3 m-ko zabalera duen landaketa bat gaituko da (behar izanez gero, proiektatu beharreko bidearen zabalera murriztuko da).
–Landaketak espezie autoktonoak eta dentsitate handiak izanen ditu, eta horien osaera eta egitura inguruko zuhaitz-heskaien antzekoak izanen dira.
b) Kalitate akustikoari dagokionez:
–Lurzatien kontsiderazioa eta erabilera berriak dira, eta, beraz, ezin dira lehendik dagoen lurzoru urbanizatutzat hartu; beraz, lurzati horietarako kalitate akustikoko helburuak 1367/2007 Errege Dekretuaren II. eranskineko A taulan ezarritakoak baino 5 dB txikiagoak dira.
–Babesaren xede nagusia aurreikusitako handitzetik 100 metro ingurura Arbizuko udal mugartean dauden etxebizitzak izan beharko lirateke. Etxebizitza horietan bermatu beharko dira 1367/2007 Errege Dekretuaren II. eranskinean bildutako kalitate akustikoko helburuak, eta, nolanahi ere, ezarri nahi den jarduerak ez die eraginen errege dekretu horren III. eranskineko B1 taulan ezarritako gehieneko balioetatik gorako emisio akustikorik.
Zilegi da modelizazio akustikoa xehetasun proiektuaren fasera arte atzera dadila planteatzea, deusetan galarazi gabe modelizazio horren emaitzek ekar ditzaketen zuzenketa- eta konpentsazio-neurriak eta eraikitzeko mugak, are gehiago kontuan hartuta inguru hurbil samarrean etxebizitzak daudela.
3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
4. Ebazpen hau Hirigintza Atalari eta Lakuntzako Udalari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2024ko abuztuaren 27an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.
Iragarkiaren kodea: F2412721