3. ESTATUKO ADMINISTRAZIOA
LURRALDE POLITIKAKO ETA MEMORIA DEMOKRATIKOKO MINISTERIOA
841/2024 Errege Dekretua, abuztuaren 27koa, apirilaren 4ko 252/2023 Errege Dekretuaren bidez trafikoaren eta ibilgailu motordunen zirkulazioaren arloan Estatuko Administrazioak Nafarroako Foru Komunitateari eskualdatutako eginkizunak aldatzekoa
Konstituzioaren 149.1 artikuluaren 21. zenbakiak xedatzen du Estatuak eskumen esklusiboa duela trafikoaren eta ibilgailu motordunen zirkulazioaren arloan.
Bestetik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 49.3 artikuluak ezartzen du Nafarroak egun dituen ahalmen eta eskumenak osoki atxikiko dituela, trafikoari eta zirkulazioari dagokien guztian. Halaber, 51.1 artikuluaren arabera, Foruzaingoaren araubidearen erregulazioa Nafarroari dagokio, eta, Foru Diputazioaren agintaritza gorenaren pean, gaur egun dituen eginkizunak betetzen segituko du.
Gainera, abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren laugarren xedapen iragankorrak eta abenduaren 19ko 2356/1984 Errege Dekretuak ezartzen dute zer bide eta prozedura jarraitu behar diren Estatuko Administrazioaren zerbitzuak Nafarroari eskualdatzeko.
Konstituzioaren aipatutako artikuluetan eta abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoan xedatutakoa aplikatuz, 2023ko martxoaren 22ko bilkuran Transferentzien Batzordeak adostu zuen trafikoaren eta ibilgailu motordunen zirkulazioaren arloko Estatuko Administrazioaren eginkizunak eta zerbitzuak Nafarroako Foru Komunitateari eskualdatzeko Erabakia. Eskualdatzeko Erabakia Gobernuari igorri zitzaion, Ministroen Kontseiluak onets zezan, eta hori apirilaren 4ko 252/2023 Errege Dekretuaren bidez egin zen.
Auzitegi Gorenak, otsailaren 15eko 258/2024 eta otsailaren 22ko 281/2024 epaietan, hurrenez hurren, 535/2023 eta 526/2023 zenbakidun administrazioarekiko auzi-errekurtsoak baietsi zituen, apirilaren 4ko 252/2023 Errege Dekretuaren kontrakoak (252/2023 Errege Dekretua, trafikoaren eta ibilgailu motordunen zirkulazioaren arloan Estatuko Administrazioaren eginkizunak eta zerbitzuak Nafarroako Foru Komunitateari eskualdatzekoa). Auzitegi Gorenak Errege Dekretua zuzenbidearen kontrakotzat jo eta baliogabetu egin zuen. Zehazki, baliogabetzeak Guardia Zibilaren Trafiko Taldeak Nafarroan egindako eginkizun edo zerbitzuak hartzen ditu; izan ere, bi epaiek adierazten dute ezin dela eskualdatzeko errege dekretu bat erabili trafikoaren polizia zaintzaren eskumena esleitzeko, halakorik abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoak Nafarroari aitortzen ez baitio eta haren zuzenbide historikoak babesten ez baitu.
Estatuko Administrazioaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Transferentzien Batzordeak, zeina xedatuta baitago abenduaren 19ko 2356/1984 Errege Dekretuan, 2024ko uztailaren 23an egindako bilkuran adostu zuen aldatzea trafikoaren eta ibilgailu motordunen zirkulazioaren arloan Estatuko Administrazioaren eginkizunak eta zerbitzuak Nafarroako Foru Komunitateari eskualdatzeko Erabakia, eta hura Gobernuari aurkeztu zaio, errege dekretu baten bidez onets dezan.
Horiek horrela, abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren laugarren xedapen iragankorra betez, Lurralde Politikako eta Memoria Demokratikoko Ministerioak proposatuta eta Ministroen Kontseiluak 2024ko abuztuaren 27ko bilkuran aztertu ondoren,
XEDATZEN DUT:
1. artikulua. Transferentzien Batzordearen Erabakia onestea.
Onesten da Transferentzien Batzordearen osoko bilkuraren 2023ko uztailaren 23ko Erabakia, apirilaren 4ko 252/2023 Errege Dekretuaren bidez eskualdatutako trafikoaren eta ibilgailu motordunen zirkulazioaren arloan Estatuko Administrazioaren eginkizunak Nafarroako Foru Komunitateari aldatzekoa, zeina errege dekretu honen eranskinean jaso baita. Transferentzien Batzorde hori Estatuaren zerbitzuak Nafarroako Foru Komunitateari eskualdatzeko arauak ezartzen dituen abenduaren 19ko 2356/1984 Errege Dekretuaren 2. artikuluak xedatzen du.
2. artikulua. Eskualdatutako eginkizunak aldatzea.
Horrenbestez, apirilaren 4ko 252/2023 Errege dekretuaren bidez trafikoaren eta ibilgailu motordunen zirkulazioaren arloan Estatuko Administrazioak Nafarroako Foru Komunitateari eskualdatutako eginkizunak aldatu egin dira, Transferentzien Batzordearen Erabakian jasotakoarekin bat eta hartan ezarritako modu eta baldintzetan.
3. artikulua. Eskualdatzearen eraginkortasuna.
Aldaketak ondorioak izanen ditu Transferentzien Batzordearen Erabakian adierazitako datatik aurrera.
Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.
Errege dekretu hau aldi berean emanen da argitara Estatuko Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean, eta argitaratzen denean hartuko du indarra.
Madrilen, 2024ko abuztuaren 27an.
FELIPE E.
Lurralde Politikako eta Memoria Demokratikoko ministroa, Ángel Víctor Torres Pérez.
ERANSKINA
Jorge García Carreño eta Luis Ibarrola Berasain jaunek, Estatuaren zerbitzuak Nafarroako Foru Komunitateari eskualdatzeko arauak ezartzen dituen abenduaren 19ko 2356/1984 Errege Dekretuaren 2. artikuluan xedatutako Transferentzien Batzordeko idazkariek,
ZIURTATZEN DUTE:
Transferentzien Batzordearen 2024ko uztailaren 23ko osoko bilkuran adostu zela trafikoaren eta ibilgailu motordunen zirkulazioaren arloan Estatuko Administrazioak Nafarroako Foru Komunitateari eskualdatutako eginkizunak aldatzeko Erabakia, jarraian azaltzen diren baldintzetan:
A) Erreferentziak konstituzio arauei eta Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoari, aldaketa haien babespean egiten baita.
Konstituzioaren 149.1 artikuluaren 21. zenbakiak xedatzen du Estatuak eskumen esklusiboa duela trafikoaren eta ibilgailu motordunen zirkulazioaren arloan.
Bestetik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 49.3 artikuluak ezartzen du Nafarroak egun dituen ahalmen eta eskumenak osoki atxikiko dituela, trafikoari eta zirkulazioari dagokien guztian. Halaber, 51.1 artikuluaren arabera, Foruzaingoaren araubidearen erregulazioa Nafarroari dagokio, eta, Foru Diputazioaren agintaritza gorenaren pean, gaur egun dituen eginkizunak betetzen segituko du.
Gainera, abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren laugarren xedapen iragankorrak eta abenduaren 19ko 2356/1984 Errege Dekretuak ezartzen dute zer bide eta prozedura jarraitu behar diren Estatuko Administrazioaren zerbitzuak Nafarroari eskualdatzeko.
Konstituzioaren aipatutako artikuluetan eta abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoan xedatutakoa aplikatuz, 2023ko martxoaren 22ko bilkuran Transferentzien Batzordeak adostu zuen trafikoaren eta ibilgailu motordunen zirkulazioaren arloan Estatuko Administrazioaren eginkizunak eta zerbitzuak Nafarroako Foru Komunitateari eskualdatzeko Erabakia. Eskualdatzeko Erabakia Gobernuari igorri zitzaion, Ministroen Kontseiluak onets zezan, eta hori apirilaren 4ko 252/2023 Errege dekretuaren bidez egin zen.
Auzitegi Gorenak, otsailaren 15eko 258/2024 eta otsailaren 22ko 281/2024 epaietan, hurrenez hurren, 535/2023 eta 526/2023 zenbakidun administrazioarekiko auzi-errekurtsoak baietsi zituen, apirilaren 4ko 252/2023 Errege Dekretuaren kontrakoak (252/2023 Errege Dekretua, trafikoaren eta ibilgailu motordunen zirkulazioaren arloan Estatuko Administrazioaren eginkizunak eta zerbitzuak Nafarroako Foru Komunitateari eskualdatzekoa). Auzitegi Gorenak Errege Dekretua zuzenbidearen kontrakotzat jo eta baliogabetu egin zuen. Zehazki, baliogabetzeak Guardia Zibilaren Trafiko Taldeak Nafarroan egindako eginkizun edo zerbitzuak hartzen ditu; izan ere, bi epaiek adierazten dute ezin dela eskualdatzeko errege dekretu bat erabili trafikoaren polizia zaintzaren eskumena esleitzeko, halakorik abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoak Nafarroari aitortzen ez baitio eta haren zuzenbide historikoak babesten ez baitu.
Arauzko xedapen horiek oinarri hartuta eta aipatutako epaiekin bat, bidezkoa da aldatzea apirilaren 4ko 252/2023 Errege Dekretuaren bidez trafikoaren eta ibilgailu motordunen zirkulazioaren arloan Estatuko Administrazioak Nafarroako Foru Komunitateari eskualdatutako eginkizunak.
B) Apirilaren 4ko 252/2023ko Errege Dekretuaren bidez onetsitako trafikoaren eta ibilgailu motordunen zirkulazioaren arloan Estatuko Administrazioaren eginkizunak eta zerbitzuak Nafarroako Foru Komunitateari eskualdatzeko Erabakiaren aldaketa.
1. Aldatu egiten da apirilaren 4ko 252/2023 Errege Dekretuaren bidez onetsitako trafikoaren eta ibilgailu motordunen zirkulazioaren arloan Estatuko Administrazioaren eginkizunak eta zerbitzuak Nafarroako Foru Komunitateari eskualdatzeko Erabakiaren B).1 apartatuaren bigarren paragrafoa, "arau-hausteak atzematea" esaldia kenduta.
2. Eskualdatzeko erabaki horren I) apartatua aldatzen da: B.1) apartatuan dagoen eginkizunak 2026ko uztailaren 1etik aurrera izanen ditu ondorioak, eta hori baino lehen horretarako baldintzak ezarri beharko ditu Transferentzien Batzordeak, eskualdatzeko Erabakiaren Erabaki osagarrian. Ordura arte, Estatuko Administrazioaren organo eskudunei dagokie hura gauzatzea.
C) Aldaketaren eraginkortasun data.
Akordio honen xede den eginkizunen aldaketa eraginkorra izanen da erabaki hau onesten duen errege dekretua Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik.
Eta hala jasota gera dadin, ziurtagiri hau egiten da Madrilen eta Iruñean, 2024ko uztailaren 23an. Transferentzien Batzordeko idazkariak, Jorge García Carreño eta Luis Ibarrola Berasain jaunak.
Iragarkiaren kodea: E2412662