Iragarkia
184. ALDIZKARIA - 2024ko irailaren 10a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
GIRGILLAO
Aldaketa, Herri-lurretako aprobetxamenduak arautzen dituen ordenantzan. Behin betiko onespena
Girgillaoko Udalak, 2024ko ekainaren 14an egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen aldaketa egitea Girgillaoko Udalaren herri-lurretako aprobetxamenduak arautzen dituen ordenantzan.
Inork alegaziorik aurkeztu gabe iragan da jendaurreko aldia, hura gaitu baitzen iragarkia argitaratuta 2024ko 135. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, uztailaren 2an; hala bada, behin betiko onetsita gelditzen da aldaketa hori, bat etorriz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoarekin (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea). Horrenbestez, aldaketa argitaratzen da, behar diren ondorioak izan ditzan.
Etxarren Girgillaon, 2024ko abuztuaren 26an.–Alkatea, Gonzalo Parreño Oroz.
ORDENANTZA, GIRGILLAOKO BARRUTIKO UDALAREN HERRI-LURREN APROBETXAMENDUAK ARAUTZEN DITUENA
I. TITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK
1. artikulua. Ordenantza honen xedea da arauak ezartzea, erregula daitezen Girgillaoko Barrutiko Udalaren herri-ondasunen administrazioa, xedapen-egintzak, defentsa, berreskurapena eta aprobetxamendua.
2. artikulua. Herri-ondasunak dira bizilagun guztiek aprobetxatu eta erabil ditzaketenak.
3. artikulua. Herri-ondasunak besterenezinak, preskribaezinak eta enbargaezinak dira, eta ez dute tributurik izanen beren gain.
Ez da aldaketarik izanen haien izaeran eta tratamendu juridikoan, edozein dela ere haiek aprobetxatzeko edo erabiltzeko era.
4. artikulua. Herri-lurretako ondasunen gaineko arauak hauek dira: Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea; Nafarroako Toki Entitateen Ondasunei buruzko Erregelamendua, urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretuaren bidez onetsia; Nafarroako Foru Zuzenbide Administratiboaren gainerako arauak; ordenantza hau eta, bestela, Nafarroako Foru Zuzenbide Pribatuaren arauak, deusetan galarazi gabe Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 40. artikuluko hirugarren apartatuan xedatutakoa.
II. TITULUA.–ADMINISTRAZIOA ETA XEDAPEN EGINTZAK
5. artikulua. Herri-ondasunak xedatu, administratu, aprobetxatu eta antolatzeko ahalmenak Girgillaoko Barrutiko Udalari dagozkio, ordenantza honetan azaltzen den eran. Girgillaoko Barrutiko Udalak herri-ondasunen inguruan hartzen dituen erabakiek Nafarroako Gobernuaren baimena beharko dute 6/1990 Foru Legean ezarritako kasuetan (6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa).
6. artikulua. Lurzati txikiak saldu edo trukatzeko desafektazioa egin aurretik, Nafarroako Gobernuak haien onura publiko edo soziala deklaratu beharko du eta, hori baino lehen, Girgillaoko Barrutiko Udalak justifikatu beharko du dagoen asmoa ez dela lortzen ahal beste bide batzuk baliatuz, hala nola lagapena edo kargen ezarpena, horiexek baitira lehentasunezko aukerak. Herri-ondasunak desafektatu ondoren beste batzuei lagatzeko edo kargak ezartzeko hartzen diren erabakietan, itzultze klausula bat sartuko da beti, hura aplika dadin, baldin eta desagertzen badira edo ez badira betetzen karga horiek ezartzea eragin zuten helburuak edo lagapenari edo kargei zegozkien baldintzak. Itzuli beharra gertatzen bada, kargatutako ondasuna Girgillaoko Barrutikok Udalaren ondarera itzuliko da herri-ondasun gisa. Lurrak handitzeko erabiliko den prozedura izanen da honako arau hauetan ezarritakoa: uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa, eta urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretua, zeinaren bidez onetsi baitzen Nafarroako Toki Entitateen Ondasunei buruzko Erregelamendua.
III. TITULUA.–HERRI-ONDASUNAK DEFENDATZEA ETA BERRESKURATZEA
7. artikulua. Girgillaoko Barrutiko Udala ahaleginduko da herri-ondasunak zaintzen, defendatzen, berreskuratzen eta hobetzen, eta kontra eginen dio pribatizazio saio orori nahiz kalte eragiten dien bestelako ekintza orori.
8. artikulua. Girgillaoko Barrutiko Udalak berez eta noiznahi berreskuratzen ahal du herri-lurretako ondasunen jabetza, aitzinetik legelariaren txostena ikusi eta interesdunari entzunaldia emanda. Beharrezkoa denean, ekintza zibilak sustatuko ditu, herri-lurretako ondasunak berreskuratu eta defendatzeko.
9. artikulua. Girgillaoko Barrutiko Udalak Jabetza Erregistroak igortzen dizkion ediktuen berri emanen dio Nafarroako Gobernuari, herri-lurrekin mugakide diren lursailen immatrikulazioa edo haien gehiegizko hedadura dela eta.
10. artikulua. Girgillaoko Barrutiko Udalak Nafarroako Gobernuaren aldez aurreko berariazko onespena beharko du, transakziorik egin nahi izanez gero ondasunak herri-ondarerako berreskuratzearren.
11. artikulua. Girgillaoko Barrutiko Udalak administrazio-bidea erabiliko du beti baimen, kontzesio edo beste zernahiren kariaz herri-ondasunen gainean sortutako eskubideak eta haiek ekarritako okupazioak suntsitzeko, eta ahalmen hertsatzaileez baliatuko da. Aldez aurretik kalte-ordaina eman ala ez, zuzenbidearen arabera izanen da.
12. artikulua. Girgillaoko Barrutiko Udalak herri-ondasunei buruzko kontratuetan parte hartzen duenean, berak interpretatuko ditu kontratu horiek, eta berak ebatziko ditu, halaber, haiek betetzean sortzen diren zalantzak. Interpretazioen gaineko erabaki horiek berehala betearaziko dira, horrek galarazi gabe hirugarrenek duten eskubidea bide jurisdikzionalean behar den deklarazioa lortzeko.
13. artikulua. Girgillaoko Barrutiko Udalak herri-ondasunak defendatzeko bidezko diren akzioak sustatzen ez dituenean, posible izanen da auzotarren akzioa, horretarako ezartzen den eran. Horrek aurrera eginez gero, sortutako gastuak itzuli beharko dizkie auzotarrei Girgillaoko Barrutiko Udalak.
IV. TITULUA.–HERRI-ONDASUNEN APROBETXAMENDUA
I. KAPITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK
14. artikulua. Honako aprobetxamendu hauek arautzen ditu ordenantzak:
–Herri-larreen aprobetxamendua.
–Beste aprobetxamendu batzuk.
15. artikulua. Orokorrean, Girgillaoko Barrutiko Udalaren herri-lurretako aprobetxamenduen onuradun izateko, familia unitateen titularrek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:
1.1. Adinez nagusi izatea, edo adingabe emantzipatua edo judizialki gaitua.
1.2. Girgillaoko Barrutiko Udaleko Biztanleen Erroldan bizilagun gisa inskribatua izatea, sei urte lehenagotik gutxienez ere.
1.3. Urtean 9 hilabetez bederen egiazki eta jarraian bizitzea Argiñaritz herrian.
1.4. Zerga arloko betebeharrak eguneratuta izatea Girgillaoko Barrutiko Udalarekin.
2. Etxebizitza berean bizi diren guztiak hartuko dira familia-unitateko kidetzat.
Nolanahi ere, familia-unitate independentetzat hartuko da guraso jubilatuek edo pentsiodunek osatua, familiakoekin bizi arren, betiere haien diru-sarrerak lanbide arteko gutxieneko soldata baino baxuagoak baldin badira.
3. Artikulu hau interpretatzerakoan sortzen diren zalantzak Girgaillaoko Barrutiko Udalak argituko ditu, banan-banan, osoko bilkuran.
16. artikulua. Herri-lurrak ixteko, ezinbestekoa izanen da aldez aurretik Girgillaoko Barrutiko Alkatetzak idatzizko baimena ematea. Herri-lurrak eta jabetza pribatukoak ezin izanen dira inola ere batera hesitu.
17. artikulua. Onuradunen arteko aprobetxamendu-trukeak egiteko, aldez aurretik baterako eskaera egin eta adostasuna agertu beharko dute trukean interesa dutenek eta hark ukitutakoek, eta Udalak baimena eman beharko du.
18. artikulua. Udalak baliorik gabe utz dezake herri-lurraren adjudikazioa –osotara nahiz zati batekoa–, onuradunari 3 hilabete lehenago jakinarazpena eginda, sustatzen duenean zuhaitzak landatzea eta Nafarroako Gobernuak baimendutako bestelako hobekuntzak, baldin eta onuradunaren herri-lurretako aprobetxamenduei eragiten badiete, behin-behinekoz nahiz behin betikoz.
Horren haritik, aprobetxamenduaren errentamendua bertan behera gelditze hutsak ez dio eskubiderik emanen onuradunari inolako kalte-ordainik jasotzeko.
19. artikulua. Aprobetxamenduaren errentamenduarengatik ordaindu beharreko kanona urtero eguneratuko da aprobetxamenduaren lehen urtetik aurrera, kontsumoko prezioek aurreko urtean izan duten igoera (KPI) gehituz eta metatuz, hain zuzen ere prezio horri aplikatuz erakunde ofizial eskudunak Nafarroarako onetsitako portzentaje-indizea.
II. KAPITULUA.–HERRI-LARREEN APROBETXAMENDUA
1. ATALA.–APROBETXAMENDUAREN DESKRIBAPENA ETA BALDINTZAK
20. artikulua. Honako bazkaleku honetan aprobetxatuko dira herri-larreak, bai eta finka partikularrak eta "Nafarroako oihan ondarearen" parte diren lurzatiak ere (lurzati horiek, gaur egun, parte batean laga zaizkio Udalari eta aprobetxatu eginen dira, lagapenak iraun bitartean):
"Argiñarizko bazkalekua"; espedientean dagoen planoan jasota daude, grafikoki, haren mugak. Plano hori behar bezala eginbidetuta dago eta ordenantza honen eranskin gisa ageri da. Bazkalekuaren azalera, gutxi gorabehera, laurehun (400) hektareakoa da, eta haren azalera-karga, gehienez, azienda larriko 106 unitatekoa. Bazkalekua bi lotetan kudeatuko da; hori guztia, lurzatiei buruzko espedientean jasotakoaren arabera.
21. artikulua. Nekazaritza Politika Erkiderako lur-azaleren egiaztagiriak emanen zaizkie ordenantza honetan ezarritako baldintza betetzen dutenei; alegia, herri-larreetan artzaintzan jarduten dutenei lau hilabetez jarraian, gutxienez.
Herri-larreen zuzeneko aprobetxamendua egiteko betebeharra ez betetzeak berekin ekarriko du adjudikazioa bertan behera gelditzea eta galtzea; arau-hausleak ez du inolako kalte-ordainik jasotzeko eskubiderik izanen, eta erabilitako denbora ordaindu beharko du.
22. artikulua. Zenbat azienda hartzen ahal duten, larreen kalitatea eta eskortak diren ala ez kontuan harturik, Girgillaoko Barrutiko Udalak urteko kanon hauek finkatu ditu aprobetxamendurako:
–1. lotea: 5.383 euro.
–2. lotea: 3.097 euro.
Zenbateko horiek lehen urterako proposatutako kanonari dagozkio, eta ordenantza honetako 19. artikuluan zehaztutakoari jarraituz eguneratuko dira.
Herritarren arteko zuzeneko adjudikazio sisteman, bazkalekuen onuradunek ordaindu beharreko kanona bazkalekuen egiazko balioaren %85 izanen da; hori guztia 6/1990 Foru Legearen 159. artikuluan eta 280/1990 Foru Dekretuaren 188. artikuluan xedatuari jarraikiz.
Urteko likidazioaren zenbatekoa Udalaren Diruzaintzan sartu beharko da, hura jakinarazi eta hogeita hamar eguneko epean.
Ordaintzen ez bada, premiamendu bidez ordainaraziko da, aplikatzekoa den zerga-araudiarekin bat.
23. artikulua. Argiñarizko bazkalekua erabiltzeko epea hamar urtekoa izanen da.
Adjudikaziodunak bere borondatez erabakitzen badu adjudikaziori uko egitea indarraldia amaitu baino lehen, horren berri eman beharko dio idatziz Udalari sei (6) hilabete lehenago gutxienez.
24. artikulua. Aprobetxamendua zuzenean eginen da, eta debeku dira azpierrentamendua, lagapena eta besteren aziendak sartzea. Hala ere, Udalak besteren aziendak sartzeko baimena eman dezake, Nafarroako Toki Entitateen Ondasunen Erregelamenduaren 194. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.
25. artikulua. Adjudikaziodunak ordainduko ditu higiezinak dituen edo izaten ahal dituen zerbitzuen mantentze-lanek, hornidurek eta kostuek eragindako gastuak, bai eta higiezina zaintzeko eta konpontzeko gastu arruntak ere.
Garbiketa lanak urtean behin eginen dira, bederen, eta adjudikaziodunak ordaindu beharko ditu.
26. artikulua. Jabetza partikularretan nahiz herri-lurretakoetan sartzeko, diren sarbideak erabiliko ditu beti aziendak.
27. artikulua. Herri-larreetan bazkatzen den aziendak osasun ziurtagiria beharko du, frogatzeko betetzen direla maiatzaren 4ko 5/1984 Foru Legearen 1. artikuluan ezarritako baldintzak (foru lege horren bidez arautu zen herri-larreetan bazkatzen den aziendaren babesa), eta bete beharko dira foru lege horretako eta haren erregelamenduetako baldintza guztiak.
28. artikulua. Adjudikaziodunek erantzukizun zibileko aseguru bat izan beharko dute, haien aziendak eragindako kalteei erantzuteko, halakorik eraginez gero. Adjudikaziodunak beti izanen du kalte horiek ordaintzeko beharra.
29. artikulua. Herriko ohiturekin bat, eta nekazari nahiz abeltzainentzako kalteak eragozteko, Udalak baldintza hauek ezartzen ditu:
1. Erremategileen aziendak ezin izanen ditu inola ere larreak aprobetxatu ureztalurretako finketan, mahastietan edo olibadietan, lurzatien jabeen eta errentarien baimen idatzia izan ezean. Erremategile horiek izanen dira erantzule, baldintza hori betetzen ez bada.
2. Errentariak laborantza eta ereintza mota guztiak errespetatu beharko ditu, eta euri egunetan ezin izanen ditu belarrak aprobetxatu herri-lurzatietan eta finka partikularretan, ez eta ondoko egunetan ere, kalte nabarmenak egin daitezkeen bitartean.
Erremategileak, orobat, uztondoak errespetatu beharko ditu, lastoa aprobetxatzeko asmoa badago, hondar hori ere uztatzat hartzen baita.
Halakoetan, nekazariek egoki mugarriztatu beharko dituzte uztondoak, eta erremategileak errespetatu egin beharko ditu finka horiek, aprobetxatzeko moduko lastoa daukaten bitartean, urte bakoitzeko abuztuaren 31ra arte.
3. Ez azienda, ez adjudikazioduna, ezin izanen dira uztondoetan sartu uzta guztia biltzen ez den bitartean, jabearen baimen idatzia izan ezean. Salbuespenez, hamar hektarea edo gehiagoko finketan larratzen ahalko da –behar den zatian betiere– finka horien erdi-partean uzta bildutakoan.
Nolanahi ere, errespetatu beharko dituzte finka partikularrak eta herri-lurzatiak, baldin eta, kazkabarrarengatik edo ezusteko beste gertakari batengatik, haziaren erdia baino gehiago badaukate eta jabeek hurrengo urterako aprobetxatu nahi badute.
Egoera hori gertatzen denean, lurzatiak mugarriztatu beharko dira argiro eta ongi ikusteko eran, uzta bildu eta berehala, eta Alkatetzari eta erremategileari horren berri eman. Orduan, Alkatetzak eta erremategileak peritu bana izendatuko dute, eta horiek txostena emanen dute, mugarriztatzea egokia den ala ez erabakitzeko. Peritu horien txostenak ez badira bat etortzen, horretarako izendaturiko hirugarren peritu batek erabakiko du.
Mugarriztaturiko finken jabeek edo errentariek erabakitzen badute, hala eta guztiz ere, finka horiek laboratzea uzta bildu baino lehen, erremategilea jakinaren gainean jarri beharko dute hori egin baino zortzi egun lehenago.
Larreen errentamenduari dagozkion lehorreko alorren goldatzea ezin izanen da hasi urte bakoitzeko irailaren 1a baino lehen, salbu eta xedapenen batek kontrakoa arautzen badu. Dena den, beti egiterik izanen da abeltzainak eta jabe nekazariak horrelaxe erabakitzen badute.
Zuzeneko ereintzaren kasuan, urriaren 1etik aurrera ezin da abeltzaintzako aprobetxamendurik izan. Irailaren 18tik urriaren 1era, lurra beratza badago (aziendak apatxa markatzeko moduan alegia), ezin izanen da azienda sartu. Nekazariak markatuko du edo abisatuko dio abeltzainari zer labore erein behar duen.
Edozein alor goldatu edo belar-hilkaririk bota behar izanez gero otsail, martxo, apiril edo maiatzean, nekazariak nahitaez abisatuko dio abeltzainari horrelakorik egin baino 15 egun lehenago.
4. Erabat debeku da sua piztea, inongo helburutarako, onura publikokoak deklaraturiko mendietan eta zuhaiztiak dauzkaten herri-lurretan.
Uztondoak erretzeari dagokionez, erreko dira bat etorriz Nafarroako Gobernuak horretarako ezarritako araudiarekin.
2. ATALA.–ADJUDIKATZEKO PROZEDURA
Bazkalekuaren adjudikazioa honela eginen da:
a) Herritarrentzako zuzeneko adjudikazioaren bidez.
b) Usadioari jarraikiz.
Eta, bestela,
c) Enkante publikoan adjudikatuz.
A) Herritarrendako zuzeneko adjudikazioa.
30. artikulua. Girgillaoko Barrutiko Udalaren osoko bilkurak aldez aurretik erabakita, hamabost (15) egun naturaleko epea irekiko da, eskubidea dutela uste dutenek (15. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen baitituzte) herri-larreen aprobetxamenduaren adjudikazioa eska dezaten. Horretarako, deialdiaren iragarkia eginen du aldez aurretik ediktua paratuta Udalaren ediktuen taulan.
Herritarrentzako zuzeneko adjudikazioaren modalitatean ordaindu beharreko kanona izanen da balio estimatuaren ehuneko laurogeita bost (%85), bat etorriz ordenantza honen 21. artikuluan ezarritakoarekin.
31. artikulua. Eskabideekin batera zinpeko aitorpena aurkeztu beharko da, edo frogagiriak, honako hauen gainean:
a) Girgillaoko Barrutiko bizilaguna izatea, gutxienez ere sei urte lehenagotik, eta Argiñaritzen bizitzea urtean bederatzi hilabetez bederen.
b) Zerga arloko betebeharrak eguneratuta izatea Girgillaoko Barrutiko Udalarekin.
c) Familia-unitatea osatzen duten kideak. Haietariko inork ezintasun fisikorik edo psikikorik duen aipatuko dute eskatzaileek.
d) Jabetzan eta/edo errentan dituen lurren azalera, haietan larreen aprobetxamendua egiten ahal bada.
e) Azken ekitaldiko errenta aitorpena eta, hala behar badu, ondare aitorpena ere bai.
f) Aziendaren osasun-ziurtagiria eta eskatutako bazkalekuen zerrenda.
Herritarrek eskabide bateratuak aurkezten ahalko dituzte, aprobetxamendu bakar bat modu partekatuan adjudikatu dakien; dena den, arestian aipatutako baldintzak bete beharko dituzte. Hala eginez gero, aprobetxamendua nola banatu erabaki duten adierazi beharko dute, eta kontuan izan behar dute, eskaera horren bidez, beren gain hartzen dutela aprobetxamenduari ordenantza honetan ezarritakoa aplikatuz sortzen diren obligazioak modu mankomunatuan betetzeko konpromisoa.
32. artikulua. Herri-lurren Alorra esleiturik daukan udal batzordeak edo Alkatetzak proposaturik, Udalak, osoko bilkuran, onetsiko du herritarrendako zuzeneko adjudikaziorako onartuen zerrenda. Zerrenda hori behin-behinekoa izanen da. Udalaren ediktuen taulan argitaratuko da, eta hamabost (15) egun naturaleko epea zabalduko da erreklamazioak eta/edo bidezko oharrak aurkezteko; alegaziorik aurkezten ez bada, behin-behineko zerrenda behin betikoa bilakatuko da, besterik gabe.
33. artikulua. Alegaziorik edo akatsik izan bada, alegazioak ebatzi eta akatsak zuzenduko dira, eta behin betiko zerrenda onetsiko da –eskabidea aurkeztu ondoren, herritarrentzako zuzeneko adjudikazioaren modalitatean adjudikaziodun izateko eskubidea dutenena, alegia–. Zerrenda hori zazpi (7) egun naturalean egonen da jendaurrean Udalaren ediktuen taulan.
34. artikulua. Eskatutako aprobetxamendua zer neurritan egokitzen zaien aziendaren titularraren baldintzei, horren arabera emanen zaie adjudikazioa eskatzaileei. Aprobetxamendu baterako eskaera bat baino gehiago badago, zozketa bidez eginen da adjudikazioa.
35. artikulua. Adjudikazioa gauzatu ondoren aurreko artikuluan ezarritakoari jarraikiz, Udalaren ediktuen taulan argitaratuko da adjudikaziodunen zerrenda, bakoitzari zer herri-lurraren aprobetxamendu dagokion zehaztuta.
B) Enkante publikoaren bidezko adjudikazioa.
36. artikulua. Ordenantza honen 15. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituen eskatzailerik ez badago, Udalaren osoko bilkurak enkante publiko bidez adjudikatuko ditu herri-lurren aprobetxamenduak. Enkante hori izapidetuko da Foru Komunitatean ezarritako araudi orokorrari jarraikiz.
Herritarrentzako banaketan ematen ez diren larreak enkante publikoan adjudikatuko dira, 10 urterako, betez egungo araudia eta ordenantza hau, aplikatzekoak diren alderdiei dagokienez.
Enkantea iragarri beharko da Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta toki-erakundearen iragarki-taulan, enkantearen eguna baino hamabost egun natural lehenago gutxienez, bat etorriz urriaren 29ko 11/2004 Foru Legearen bosgarren xedapen gehigarrian ezarritakoarekin (Nafarroako toki araubidea gaurkotzeko Foru Legea). Alabaina, bigarren eta hirugarren enkanteetarako, aski izanen da Udalaren iragarki-taulan iragartzea, haietako bakoitza egin baino bost egun lehenago, gutxienez.
Udalak ezarriko du hasierako prezioa, aintzat hartuz enkantean jartzen diren larreen balio erreala.
Udalak klausula-agiri bat onetsiko du enkante bakoitzerako.
Enkantean parte hartzen ahalko dute kontratatzeko gaitasuna duten pertsonek eta entitateek, hau da: jarduteko gaitasuna izan beharko dute, eta ekonomia-kaudimena frogatu, baldintza-agirian zehazturiko baldintzen arabera, eta ez dute izan beharko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legearen 22. artikuluak kontrataziorako ezartzen duen debekurik (Kontratu Publikoei buruzko Foru Legea).
Onuradunek izanen dituzte abeltzaintzan jarduteko nahitaezkoak diren baimen eta baldintzak, eta behar bezala frogatuko dituzte.
Egiten diren enkanteetan sesta ematen ahalko da, bat etorriz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 231. artikuluan xedaturikoarekin (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).
37. artikulua. Behin betiko adjudikaziodunek, aprobetxamenduaren modalitatea bietako edozein delarik ere, adjudikazioa jakinarazten zaienetik hogeita hamar egunean, gehienez, fidantza bat eman beharko diote Girgillaoko Barrutiko Udalari. Fidantzaren zenbatekoa izanen da hasierako urteko balioren ehuneko hogeita bostekoa, eta adjudikaziodunak balio hori eguneratu beharko du, aldian aldiko eguneraketen arabera, eta adjudikazioa indarrean den bitartean.
III. KAPITULUA.–BESTE APROBETXAMENDU BATZUK
38. artikulua. Lur horietan osaturiko ehiza barrutien aprobetxamendua arautuko da Nafarroako Foru Komunitatean indarrean den araudiari jarraikiz.
39. artikulua. Girgillaoko Barrutiko Udalak kasu bakoitzerako prestatzen dituen baldintza-agirien arabera eginen da ondareko uren kontzesioa, herri-lurren okupazioa, herri-lurretako harrobien ustiapena eta herri-lurretan egin nahi den beste aprobetxamendu edo hobekuntza oro. Horrez gainera, beharrezkoa izanen da jendaurrean jartzea 15 egunez gutxienez eta Nafarroako Gobernuak onestea.
40. artikulua. Udal-mugarteko herri-basoen ustiapena eginen da beti Nekazaritza, Abeltzaintza eta Mendi Departamentuak ematen dituen jarraibideen arabera, eta aldez aurretik baimena emanda.
41. artikulua. Udalerriko bizilagunentzako baso-aprobetxamendu bakarra izanen da, ohitura den bezala, etxerako egurra, indarrean den araudiaren arabera izapideturik.
IV. KAPITULUA.–HOBEKUNTZAK HERRI-ONDASUNETAN
42. artikulua. 1. Girgillaoko Barrutiko Udalak indarrik gabe uzten ahal ditu aprobetxamenduen adjudikazioak, baldin eta lur horietan gauzatzekoak badira xede hauetakoren bat duten proiektuak:
a) Haien gaineko kargak kentzea.
b) Herri-lurrak hobetzea.
c) Gizarterako proiektuak egitea, inguruabar pertsonalak, familiarrak edo sozialak direla medio beharrean daudela justifikatzen duten herritarrei laguntzeko.
2. Proiektu horiek Udalak nahiz bizilagun interesdunek susta ditzakete, eta lehentasuna izanen dute.
3. Kasu horietan, prozedura honi jarraikiko zaio:
a) Udalaren erabakia, proiektua eta ukitutako herri-lurren aprobetxamendua arautuko duen araudia onesteko.
b) Hilabeteko epean jendaurrean edukitzea, eta Udalak erabakia hartzea aurkeztutako alegazioei buruz.
c) Nafarroako Gobernuak onestea.
4. Nafarroako Gobernuaren onespenak indarrik gabe utziko ditu ukitutako herri-lurretan diren adjudikazioak, eta titularrei ordaindu eginen zaizkie sorrarazten zaizkien kalte-galerak, bai eta lurretan eginak dituzten hobekuntzak ere, zuzenbidez hala egokitzen bazaie.
5. Udalak adjudikazioa bertan behera uzteko asmoa badu 1. zenbakian adierazitako arrazoiak direla eta, adjudikaziodunari jakinarazi beharko dio, ebazpena zer egunetan indarrean jartzea aurreikusten den, egun hori baino sei (6) hilabete lehenago gutxienez.
43. artikulua. Udalak berak onetsi beharko ditu aprobetxamenduaren onuradunak herri-lurra hobetzeko egiten dituen proiektuak. Aldez aurretik jendaurrean jarri beharko dira 15 egun naturalean, eta aurkeztutako alegazioak ebatzi beharko ditu Udalak ondotik.
44. artikulua. Nafarroako Gobernuaren aldez aurreko baimena beharko da herri-lurrak laborantzarako luberritzeko.
V. TITULUA.–ARAU-HAUSTEAK ETA ZEHAPENAK
45. artikulua. Arau-hauste administratibotzat jotzen dira laboreekin zerikusia duten egitate hauek:
1.–Aprobetxamendua zuzenean eta pertsonalki ez egitea.
2.–Aprobetxamenduaren %80, gutxienez ere, ez erabiltzea.
3.–Herri-larreak aprobetxatzen dituzten aziendek ez betetzea azienden osasun babesaren gainean indarrean dagoen araudia.
4.–Udalak egiaztatzen badu onuradunen batek ez duela betetzen azienda baimendu guztia Udalaren herri-mendira larratzera eramateko betebeharra, jarduketa hori arau-haustetzat joko da ordenantza honen ondorioetarako.
5.–Udalari ez jakinaraztea, sei hilabete lehenagotik, aprobetxamendua bertan behera utziko dela.
6.–Lurrak zer aprobetxamendutarako adjudikatu ziren, horretarako ez erabiltzea; edo idatziz espresuki baimendutakoez bestelako aprobetxamenduetarako erabiltzea.
7.–Aprobetxamenduaren mugak iragatea eta/edo haren ezaugarriei dagokienez gehiegikeriaz jokatzea.
8.–Kanonak edo ordenantza honetan araututako bestelako zenbatekoak ez ordaintzea ezarritako epeen barnean.
9.–Aprobetxamendua baimendutako epez kanpo egitea edo baimenduta ez dagoen modu batean.
10.–Adjudikazioetan zehaztutako epeak ez errespetatzea.
11.–Erregelamendu honetan xedatutakoari kontra egiten dion beste edozein egitate.
12.–Aprobetxamendua apartzerian ematen duten edo lagatzen duten onuradunei herri-lurzatiak kenduko zaizkie adjudikazioaldia bukatu arte, eta, horrez gain, abala galduko dute.
Herri-lurrak kentzen zaizkien onuradunek apartzeria edo lagapena gertatu zenetik lortutako mozkinak Udalaren Diruzaintzan sartu beharko dituzte.
46. artikulua. Arau-hauste horiek ondoko zehapenak izanen dituzte:
–1., 2., 3., 4., 5. eta 6. arau-hausteengatik, kontzesioa azkenduko da.
–7. arau-haustea bada, herri-lurren edo herri-larreen adjudikaziodun izateko eskubidea galduko da.
–Gainerako arau-hausteengatik (3., 4., 8. eta 9. arau-hausteak), zehapena izanen da egindako kaltearen balioa halako 5etik 10era bitarte ordainaraztea. Balio hori zehazterik ez badago, 60tik 12.000 euro bitarteko zehapena ezarriko da (10.000 eta 2 milioi pezeta). Eta bat etorriz xedaturik dagoenarekin Nafarroako Toki Entitateen Ondasunen gaineko Erregelamenduaren 225., 226., 227. eta 228. artikuluetan (urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretua) eta uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 178. artikuluan, egungo legeen araberako zehapena ezarriko da.
Zehapenak ezartzeaz gain, arau-hausleari egotzi ahal zaizkion kalte-galerak ere ordaindu beharko ditu, egoki den eran eskaturik.
XEDAPEN INDARGABETZAILEA
Bakarra.–Ordenantza hau indarrean jartzen denetik, indargabetu eginen dira, baliorik eta ondoriorik batere gabe utzirik, kontra egiten dioten maila bereko edo apalagoko xedapen edo ordenantzak oro.
Iragarkiaren kodea: L2412571
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
