1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
255E/2024 FORU AGINDUA, abuztuaren 22koa, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak emana, akatsak zuzentzen dituena Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren uztailaren 29ko 231E/2024 Ebazpenean, zeinaren bidez onesten baita 2023-2025 aldirako Jasangarritasunerako Ingurumen Hezkuntzarako Ekintza Plana.
Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren uztailaren 29ko 231E/2024 Ebazpenaren bidez, 2023-2025 aldirako Jasangarritasunerako Ingurumen Hezkuntzarako Ekintza Plana onetsi zen.
Akats baten ondorioz, hezkuntza plan hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, baina Nafarroako Gobernuaren Gobernu Irekiaren Atarian argitaratu behar zen. Aurrekoarekin bat etorriz, beharrezkoa da aipatu foru aginduaren agindua zuzentzea.
Akatsak zuzentzeko aukera jasota dago bai Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 125. artikuluan, bai Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 109.2 artikuluan.
Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 109.2 artikuluaren arabera, administrazio publikoek, ofizioz edo interesdunek eskatuta, edozein unetan zuzentzen ahal dituzte beren egintzetako akats materialak, egitatezkoak edo aritmetikoak.
Halaber, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 125. artikuluak ezartzen duenaren arabera, administrazio egintzetan eta xedapenetan egiten diren akats material, aritmetiko edo egitatezkoak zuzentzea kasuan kasuko egintza edo xedapena eman duen organoari dagokio.
Akatsen zuzenketan, horrek dakartzan ondorio juridikoak zehaztu beharko dira, horrelakorik baldin badago. Jakinarazi edo argitaratu diren egintzak izanez gero, zuzenketak ere nahitaez jakinarazi edo argitaratu beharko dira.
Adierazitakoarekin bat, eta erabiliz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legeak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak,
AGINTZEN DUT:
1. Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren uztailaren 29ko 231E/2024 Foru Aginduaren aginduan antzemandako akatsa zuzentzea, honela idatzita geratu dadin:
"1. 2023-2025 aldirako Jasangarritasunerako Ingurumen Hezkuntzarako Ekintza Plana onestea, zeina foru aginduaren eranskinean baitoa.
2. Foru agindu hau eta 2023-2025 aldirako Jasangarritasunerako Ingurumen Hezkuntzarako Ekintza Plana argitaratzea Nafarroako Gobernuko Gobernu Irekiaren Atarian.
3. Foru agindu hau eta bere eranskina igortzea Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Ingurumen Hezkuntzaren, Kalitatearen eta Zaintzaren Zerbitzura eta Gobernuko gainerako departamentuetara, behar diren ondorioak izan ditzaten".
2. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
3. Foru agindu honek ez du bide administratiboa amaitzen, eta haren aurka zilegi da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, onetsi eta biharamunetik, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2024ko abuztuaren 22an.–Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria, José María Aierdi Fernández de Barrena.
Iragarkiaren kodea: F2412540