179. ALDIZKARIA - 2024ko irailaren 3a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

231E/2024 FORU AGINDUA, uztailaren 29koa, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak emana, 2023-2025 aldirako Jasangarritasunerako Ingurumen Hezkuntzarako Ekintza Plana onesten duena.

Nafarroako Gobernuko 2023ko maiatzaren 24ko erabaki baten bidez, Iraunkortasunerako Ingurumen Hezkuntzaren Nafarroako 2030erako Estrategia (ENEAS 2030) onetsi zen. Dokumentu estrategiko horrek Nafarroako Gobernuak 2023-2030 aldian jasangarritasunerako ingurumen hezkuntzaren (EAS) arloan egiten duen lana bideratu nahi du, eta, horretarako, erakundeen eta gizartearen arteko adostasun zabala lortu.

ENEAS 2030 delakoak 5 ardatz operatibo ditu, 15 helburu espezifikori erantzuten dietenak, eta 73 neurri, Nafarroako EAS delakoaren lan-ildoak, gidalerroak, gomendioak, proposamenak eta ideiak jasotzen dituztenak. Estrategiaren 4. kapitulua gobernantzari buruzkoa da, eta bertan zehazten da lan-ildoak jarduera zehatzagoetan zehaztuko direla ondoz ondoko 2023-2025, 2026-2028 eta 2029-2030 Ekintza Planetan, eta ezartzen du Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentua izanen dela estrategian jasotako ekintzak gidatzeaz eta bultzatzeaz arduratuko den erakundea, eta behar diren baliabideen koordinazioa eta eskuragarritasuna zainduko duela.

Eskuduntza horien arabera, oinarrizko dokumentu bat egin zen, eta, ondoren, parte hartzeko prozesu bat egin zen. Prozesu horretan, partaidetza organo batzuen iritzia bildu zen, administrazio publikoetako ordezkariekin eta EAS delakoari lotutako beste eragile eta sektore sozial batzuekin. ENEAS 2030en gobernantza eredua abian jarriz, oinarrizko dokumentua aberastu egin da koordinaziorako mahai tekniko baten bidez jasotako informaziotik (Nafarroako Gobernuko departamentuen arteko koordinazio teknikorako organoa da EASen arloan) eta sektore arteko jarraipen batzorde batetik emandako iradokizunetatik (batzorde hori sektore arteko topagunea da, EASekin zerikusia duten eragile sozialentzat, enpresen eta profesionalentzat, Nafarroako Gobernuaren ordezkarientzat eta Nafarroako beste administrazio publiko batzuentzat).

Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak beteko ditu Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak gai hauetan esleituak dituen eskumenak: nekazaritza; abeltzaintza; akuikultura; elikadura; nekazaritzako azpiegiturak eta landa garapen jasangarri eta partaidetzazkoa; landa ingurunearen jasangarritasuna sustatzeko proiektuak inplementatzea; ingurumenaren babesa, kontserbazioa, kudeaketa eta informazioa; azpiegitura berdea, eta konektagarritasun eta leheneratze ekologikoak; paisaiaren integrazioa plan, programa eta proiektuen ingurumen ebaluazioan; baliabide hidrikoak; klima aldaketaren aurkako estrategia zehaztea, baita aldaketa horretara egokitzeko ekimenak eta trantsizio ekologikoa ere; ekonomia zirkularra sustatzea, eta indarra duten xedapenetan ematen zaizkion gainerako eskudantziak.

Horregatik, oinarrizko dokumentua aberasteko prozesua egin ondoren, eta bi partaidetza organoek egindako ekarpenak dokumentuan sartu ondoren, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari dagokio hura onestea.

Adierazitakoarekin bat, eta erabiliz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legeak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren oinarrizko egitura onesten duen abuztuaren 30eko 74/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak,

AGINTZEN DUT:

1. 2023-2025 aldirako Jasangarritasunerako Ingurumen Hezkuntzarako Ekintza Plana onestea, zeina foru agindu honen eranskinean baitago.

2. Foru agindu hau, 2023-2025 aldirako Jasangarritasunerako Ingurumen Hezkuntzarako Ekintza Planarekin batera, igortzea Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Ingurumen Hezkuntzaren, Kalitatearen eta Zaintzaren Zerbitzura, eta ENEAS 2030 koordinazio mahai teknikoa osatzen duten Nafarroako Gobernuko departamentu guztiei, jakinaren gainean egon daitezen, behar diren ondorioak izan ditzaten.

3. Foru agindu hau eta bere eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, Gobernu Irekiaren Atariarekiko loturarekin. Atari horretan argitaratuko da 2023-2025 aldirako Jasangarritasunerako Ingurumen Hezkuntzarako Ekintza Plana (https://participa.navarra.es/processes/estrategia-navarra-educacion-ambiental-sostenibilidad).

4. Foru agindu honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean. Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea foru agindu honen aurka, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, jakinarazi eta bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2024ko uztailaren 29an.–Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria, José María Aierdi Fernández de Barrena.

Iragarkiaren kodea: F2411441