178. ALDIZKARIA - 2024ko irailaren 2a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

732E/2024 EBAZPENA, abuztuaren 12koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, aldaketa funtsezkoa baimentzen duena olio-hondakinetatik abiatuta oleinak ateratzen dituen, hidrogel desinfektatzailea ekoizten duen eta eskualanoa fabrikatzen duen instalazio batean. Instalazioaren titularra Oleofat Trader SL da.

Egun jardunean dagoen instalazio horrek badu ingurumen baimen integratua, Ingurumeneko zuzendari nagusiaren 96E/2021 Ebazpenaren bidez emana, gero Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariaren 86E/2022 Ebazpenaren bidez aldatu zena.

Instalazioa abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsitako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko Legearen testu bategineko I. eranskineko 4.1.a) epigrafean dago sartuta, "Gai kimiko organikoak fabrikatzeko instalazioak, bereziki hidrokarburo sinpleak (linealak edo ziklikoak, aseak edo asegabeak, alifatikoak edo aromatikoak)" izenekoan. Halaber, instalazioa sartuta dago Europako Parlamentuak eta Kontseiluak industriako emisioei buruz (kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuak) (testu bategina) emandako azaroaren 24ko 2010/75/EB Zuzentarauaren I. eranskineko 4.1.a) epigrafean ere, "Gai kimiko organikoak fabrikatzeko instalazio kimikoak, bereziki hidrokarburo sinpleak (linealak edo ziklikoak, aseak edo asegabeak, alifatikoak edo aromatikoak)" izenekoan.

2022ko maiatzaren 19an, instalazioaren titularrak instalazioa aldatzeko proiektua aurkeztu zuen, eta aldaketaren helburua da, hain zuzen, hondakin-uren araztegia handitu eta eguneratzea, hozteko potentzia izendatu osoa eta galdaren potentzia termiko izendatua handitzea –araztegiaren behar berriekin bat etorriz–, eta mantentze-lanetarako azalera handitzea. Azken finean, honako hauek instalatzean datza, oro har: DAF ekipo berria, destilatzeko bigarren ekipo bat, galdara berri bat, hozteko dorre berriak eta tailer izateko nabe bat.

2022ko abuztuaren 29an, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak aldaketa funtsezkotzat jo zuen, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko Legearen testu bategina garatzen duen Erregelamenduaren 14. artikuluan ezarritako irizpideei jarraikiz (erregelamendu hori urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen).

Horrenbestez, eta Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 10.3 artikuluan xedatutakoarekin bat (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onetsi zuen testu bategin hori), aldaketa funtsezkoa ezin da egin ingurumen baimen integratua aldatu arte.

Aldaketa proiektuak ez du ingurumen inpaktuaren ebaluazio arrunta edo sinplifikatua behar, ez baita proiektu independente bat, dagoeneko eginda dagoen jatorrizko proiektu baten aldaketa baizik, eta ulertzen delako proiektuak ez duela eragin kaltegarri nabarmenik izanen ingurumenean, ez baitakar aipatu 7. artikulu horren 2. puntuko c) letran zehaztutako handitzerik edo ukipenik.

Instalazioa ez dago sartuta irailaren 21eko 840/2015 Errege Dekretuaren aplikazio eremuan (errege dekretu horren bidez neurri batzuk onetsi ziren istripu larriek sortzen dituzten arriskuak kontrolatzeko, substantzia arriskutsuak tarteko diren kasuetarako).

Abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsitako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginak 12.1.f) artikuluan xedatutakoarekin bat, berrikusi egin dira substantzia arriskutsu garrantzitsuen erabilera, ekoizpena eta isurtzea, eta, lurzorua eta lurpeko urak kutsatzeko balizko arriskua baloraturik, erabaki da ingurune horiek kutsatzeko aukera handirik ez dagoela, eta beraz ez dela beharrezkoa oinarrizko txosten bat egitea egungo kokapenaren egoerari buruz, lurzoruaren eta lurpeko uren kutsadurari dagokionez.

Espedientea tramitatu da bat etorriz abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsitako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginean eta Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legean ezarritakoarekin.

Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko eta Ekonomia Zirkularra Bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 33.9 artikuluan xedatutakoarekin bat, baimen honek barne hartzen du instalazioak hondakinak kudeatzeko behar duen baimena, aipatutako legearen 33.1 artikulua aplikatuz eskatzen dena.

Egiaztatu da aurkeztutako dokumentazioak justifikatzen duela Batzordearen maiatzaren 30eko 2016/902 Betearazpen Erabakian xedatutakoa betetzen dela. Erabaki horretan ezartzen dira sektore kimikoan hondakin ur eta gasen tratamendu eta kudeaketa sistema komunetarako teknika erabilgarri onenei buruzko ondorioak, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2010/75/EB Zuzentarauari jarraikiz.

Ebazpen proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko izapidean egon da hamabost egunez. Ebazpen honen eranskinean jaso dira titularrak aurkeztu dituen alegazioen zerrenda eta haiei emandako erantzunak.

Adierazitakoarekin bat, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehena.–Aldaketa funtsezkoa baimentzea olio-hondakinetatik abiatuta oleinak ateratzen dituen, hidrogel desinfektatzailea ekoizten duen eta eskualanoa fabrikatzen duen instalazio batean. Hala aldaketaren helburua da hondakin-uren araztegia handitu eta eguneratzea, hozteko potentzia izendatu osoa eta galdaren potentzia termiko izendatua handitzea –araztegiaren behar berriekin bat etorriz–, eta mantentze-lanetarako azalera handitzea. Instalazioa Tuterako udal-mugartean dago, eta haren titularra Oleofat Trader SL da. Hain zuzen, honako hauek instalatzea eta abian jartzea baimentzen da: DAF ekipo berria, destilatzeko bigarren ekipo bat, galdara berri bat, hozteko dorre berriak eta tailer izateko nabe bat. Instalazioak eta hango jarduerak bete beharko dituzte ebazpen honen eranskinetan jasotako baldintzak.

Bigarrena.–Zentroa inskribatuta mantentzea Nafarroako Foru Komunitateko Hondakinen Sortzaileen eta Kudeatzaileen Erregistroan, hondakin arriskutsuen sortzaile gisa (15P02232093432020 zenbakia) eta hondakin ez-arriskutsuen sortzaile gisa (15P03232093432020 zenbakia). Sortzen ahalko dituen hondakinak ingurumen baimen integratuaren III. eranskinean ageri dira. Sortzen diren hondakinei dagokien edozein aldaketa Nafarroako Gobernuko Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuari jakinarazi beharko zaio, aipatutako erregistroan sartzeko.

Hirugarrena.–Hondakin ez-arriskutsuen kudeatzaile izateko gaur egun daukan baimena mantentzea, Nafarroako Foru Komunitateko Hondakinen Ekoizpenaren eta Kudeaketaren Erregistroko 15G04232093432017 zenbakiduna. Kudeatzen ahal dituen hondakinak, bai eta hondakin horiek tratatzeko egiten ahal dituen eragiketak ere, ingurumen baimen integratuaren III. eranskinean ageri dira. Halaber, titularrak hondakinen kudeaketan izandako edozein aldaketa jakinarazi beharko dio Nafarroako Gobernuko Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuari.

Baimenaren indarraldia bat etorriko da ingurumen baimen integratuarenarekin, eta automatikoki berrituko da beste horrenbeste urteko aldietarako, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko eta Ekonomia Zirkularra Bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 33.10 artikulua (hondakinak bildu eta tratatzeko eragiketen baimenei buruzkoa) aplikatuta.

Instalazioa ustiatzen duen erakundeak (ustiatzaileak) baimena eduki beharko du III. eranskinean adierazitako hondakinak tratatzeko eragiketak egiteko, eta, instalazioaren egoitza soziala non dagoen, autonomia erkidego horretan ingurumen arloko eskumena duen organoak eman beharko dio baimen hori, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko eta Ekonomia Zirkularra Bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 33.2 artikuluan ezarritakoarekin bat.

Laugarrena.–Hondakin urak jabari publiko hidraulikora isurtzeko baimena mantentzea, Jabari Publiko Hidraulikoaren gaineko Erregelamenduaren 245. artikulua aplikatuz eskatzen dena, bat etorriz Uren Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 20ko 1/2001 Legegintzako Errege Dekretuaren hamargarren xedapen gehigarriarekin. Ebazpen honen II. eranskinean jasotzen da zer isurketa egiten ahalko diren eta instalazioak zer baldintza bete beharko dituen. Baimenak bost urteko indarraldia du eta bost urtetik bost urtera automatikoki berrituko da, une bakoitzean eskatzen ahal diren kalitate arauak eta ingurumen helburuak betetzen badira.

Bosgarrena.–Atmosferara isuriak egiteko baimena mantentzea, zeina jasota baitago Airearen Kalitateari eta Atmosfera Babesteari buruzko azaroaren 15eko 34/2007 Legearen 13.2 artikuluan, bat etorriz Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen 12. artikuluan xedatutakoarekin. Ingurumen baimen integratuaren II. eranskinean jasotzen da instalazioak zer isurketa egiten ahalko dituen atmosferara eta zer baldintza bete beharko dituen. Baimenak zortzi urteko indarraldia izanen du, eta epe hori igarotakoan, berritzeko aukera izanen da iraupen bereko epeetarako. Atmosferara egiten diren isurketetan gertatzen den edozein aldaketa jakinarazi beharko zaio Nafarroako Gobernuko Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuari.

Seigarrena.–Ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak ofizioz aldatzen edo berrikusten ahalko ditu zuzendaritza nagusi honek, gertatzen baldin bada Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren 26. artikuluan ezarritako inguruabarren bat (testu bategin hori abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi zen).

Zazpigarrena.–Halaber, zuzendaritza nagusi honek ingurumen-baimen integratuaren baldintzak berrikusten ahalko ditu eta, behar denean, egokitu, baldin eta eskura dauden aurrerapen teknikoek ahalbidetzen badute emisioak nabarmen murriztea, betiere, jarduera nagusiaren inguruko teknika erabilgarri onenei buruzko ondorioak argitaratu eta gehienez ere lau urtera, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko Legearen testu bateginaren 26. artikuluarekin bat etorriz (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onetsi zuen testu bategin hori).

Zortzigarrena.–Instalazioan edozein aldaketa egiteko, titularrak aldez aurretik jakinarazi beharko du, aldaketa funtsezkotzat jotzen duen arrazoiz adieraziz, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko Legearen testu bategina garatzen duen Erregelamenduaren 14. artikuluan ezarritako irizpideei jarraikiz (erregelamendu hori urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen). Halaber, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7. artikuluan xedatutakoa aplikatu beharko da; hau da, instalazioaren aldaketari ingurumen-inpaktuaren ebaluaziorako prozedura arrunta edo sinplifikatua ezartzen ahalko zaio, kasuaren arabera.

Bederatzigarrena.–Instalazioan handitutako zatia funtzionamenduan hasi baino lehen, titularrak martxan jartzearen gaineko erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko du, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko Legearen testu bategina garatzen duen Erregelamenduaren 12. artikuluan ezartzen denarekin bat (erregelamendu hori urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen).

Hamargarrena.–Martxan jartzeko erantzukizunpeko adierazpenarekin batera, titularrak honako dokumentazio hau aurkeztu beharko du:

–Jarduketa plan bat, non deskribatuko baita zer neurri hartuko diren ingurumenean eragina izan dezaketen ohiz kanpoko ustiatze baldintzak gertatzen direnean.

–Jarduketa programa bat, non azalduko baititu lurzorura eta lurpeko uretara iristen ahal diren emisio kutsagarriak –bereziki instalazioan dauden substantzia arriskutsu nabarmenenak– saihesteko neurri erabilgarriak mantentzeko eta aldian behin gainbegiratzeko jarduketak.

–UNE EN ISO1400 (TEO 1) arauaren araberako Ingurumena Kudeatzeko Sistemaren egiaztagiria, hondakinak kudeatzeko plan bat izanen duena, TEO 13ak eskatzen duenarekin bat.

Hamaikagarrena.–Ebazpen honetan ezarritako baldintzak aplikatzen hasiko dira titularrak proiektua gauzatu dela adierazten duen erantzukizunpeko adierazpena aurkezten duen egunetik aurrera, eta, zeinahi kasutan, aldaketa abian jartzen den unetik aurrera. Bien bitartean, indarrean dagoen ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak aplikatuko dira.

Hamabigarrena.–Ebazpen honetan jasotzen diren baldintzak ez betetzeak berekin dakar ingurumeneko diziplina neurriak hartzea, hain zuzen ere, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko Legearen testu bateginaren IV. tituluan jasotakoak (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onetsi zuen testu bategin hori), ezertan galarazi gabe sektoreko legerian ezarritakoa, aplikagarri izaten segituko baitu.

Hamahirugarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Hamalaugarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira epeak.

Hamabosgarrena.–Ebazpen hau igortzea Oleofat Trader SLra, Tuterako Udalera, Babes Zibileko eta Larrialdietako Zerbitzura, NILSAra, Basozainak-Ingurumena Zaintzeko Taldera eta Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzura, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2024ko abuztuaren 12an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: https://extra.navarra.es/InformacionPublicaPRTR/CentroPublicaciones.html#/CentroPublicaciones.

Iragarkiaren kodea: F2412090