1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
123/2024 EBAZPENA, abuztuaren 14koa, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuko zuzendariak emana, aurretiazko administrazio-baimena ematen diona "Sasita" izeneko elektrizitatea baterietan biltegiratzeko instalazioari eta haren ebakuazio azpiegiturei. Instalazioa Lekunberriko udal-mugartean dago.
Sektore Elektrikoaren abenduaren 26ko 24/2013 Legean ezarritakoarekin bat etorriz, 2024ko urtarrilaren 31n The Best Global Practices SLk aurretiazko administrazio-baimena eskatu zuen "Sasita" instalazioarentzat eta haren ebakuazio azpiegiturentzat. Elektrizitatea baterietan biltegiratzeko instalazio bat da, 5 MW-ekoa, eta Lekunberriko udal-mugartean dago, 12. poligonoko 1082. lurzatian.
Sustatzaileak aurkeztutako dokumentazioaren arabera, biltegiratzeko instalazioak honako ezaugarri hauek izanen ditu:
–Potentzia izendatua: 5 MW.
–Transformadorea: 5,5 MVA-ko potentziako 1.
–Edukiontziak: 4, bakoitzak 48 bateria-modulu ditu, eta 2,752 MWh-ko biltegiratzeko ahalmena. Gainera, edukiontzi bakoitzak badu hozteko sistema bat, kontrolerako sistemak eta potentzia bihurtzeko sistemak.
Bestalde, ebakuazio azpiegiturek instalazio hauek dituzte:
–Maniobra-, sekzionamendu-, babes-, eta neurketa-zentroa, biltegiratzeko instalazioaren hesiaren barnean.
–13,2 kV-eko goi-tentsioko lurpeko linea, Lekunberri TAEko konexio-punturaino.
Abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 125. artikulua aplikatuz (haren bidez, energia elektrikoa garraiatu, banatu, merkaturatu eta hornidura egiteko jarduerak eta instalazioak baimentzeko prozedurak arautzen dira), aurreproiektua jendaurrean jarri zen hogeita hamar egun balioduneko epean, iragarkia paratuta Nafarroako Aldizkari Ofizialean (2024ko 47. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, martxoaren 5ekoa), eta dokumentazioa Nafarroako Gobernu Irekiaren web-fitxan argitaratu zen. Halaber, informazioa Lekunberriko Udalari igorri zitzaion, epe berean jendaurrean jar zezan. Egintza hori egiaztatzen duen eginbidea espedientean jaso da.
Ez da alegaziorik jaso.
Aldi berean, abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 127. artikulua aplikatuz, kontsulta egin zitzaien Lekunberriko Udalari, Ondare Historikoaren Zerbitzuko Ondare Arkitektonikoaren Atalari eta Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalari eta I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAUri.
Honako txosten hauek jaso ziren:
–2024ko martxoaren 6ko txosten batean, Ondare Historikoaren Zerbitzuko Ondare Arkitektonikoaren Atalak jakinarazi zuen "ez dagoela ukipenik" atal horren eskumeneko gaietan.
–2024ko apirilaren 19an sinatutako txosten batean, Lekunberriko Udalak ezarri zituen sustatzaileak bete beharreko hirigintza-determinazioak.
–2024ko uztailaren 28ko txosten batean, Ondare Historikoaren ZerbitzukoErregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalak honako hau adierazten du: "ez dago katalogatutako aztarnategirik, ez adierazitako lurretan, ez haien ingurune hurbilean; beraz, aldeko txostena ematen da".
Araudi beraren arabera, adierazitako txostenak sustatzaileari bidali zitzaizkion, eta hark adierazi zuen ados zegoela horiekin.
2024ko martxoaren 26an, sustatzaileak proiektuaren ebakuazio linea doitzeko dokumentazioa aurkeztu zuen; trazadura berria lehendik dauden azpiegituretatik pasatzen da. Era berean, instalazioaren titulartasuna aldatu zela jakinarazi zuen, eta aurrerantzean Daga Green Power SL izanen dela.
Bestetik, ekainaren 24an, Ingurumeneko zuzendari nagusiak 511E/2024 Ebazpena eman zuen ingurumen inpaktuaren aldeko txostena emateko, eta bertan adierazi zuen proiektuak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, eta, beraz, ez duela ingurumen inpaktuaren ebaluazio arruntik behar, hargatik eragotzi gabe ingurumen ebazpenean bertan ezarritako baldintzak bete behar izatea.
Bestalde, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak, 2024ko ekainaren 4ko txosten baten bidez, jakinarazi zuen biltegiratzeko instalazioa eta haren ebakuazio linea ez daudela lurzoru urbanizaezinean, eta, beraz, ez dutela lurzoru urbanizaezinerako baimenik behar.
Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legean eta abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuan xedatutakoa betez, Daga Green Power SLren gaitasun legala, teknikoa eta ekonomikoa egiaztatu da.
Era berean, Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 53. artikuluak ezartzen duenarekin bat, Daga Green Power SLk banaketa sarearen kudeatzailearen baimena du sarbidea eta konexioa egiteko proiektuan jasotzen den puntuan.
Horregatik, aurkeztutako dokumentazioa aztertuta, eta Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legean eta abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuan xedatutakoa aintzat hartuta, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuaren Azpiegitura Energetikoen Atalak ondorioztatu du prozedura era egokian burutu dela, eta Daga Green Power SLri aurretiazko administrazio-baimena ematea proposatu du.
Adierazitakoarekin eta espedientean jasotako agiriekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabilita,
EBAZTEN DUT:
1. Aurretiazko administrazio-baimena ematea Daga Green Power SLri, elektrizitatea baterietan biltegiratzeko 5 MW-eko "Sasita" instalaziorako eta haren ebakuazio azpiegituretarako. Instalazioa Lekunberriko udal-mugartean dago.
2. Baimen hau emanda ere, instalazioa gauzatzeko beharrezkoak diren kontzesio, lizentzia eta baimen guztiak, publikoak nahiz pribatuak, lortu beharko ditu instalazioaren eskatzaileak, bat etorrita aplikatzekoak diren beste xedapen batzuekin.
3. Ebazpen hau igortzea Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzura, Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzura, Lurralde eta Paisaia Zerbitzura eta Ondare Historikoaren Zerbitzuko Ondare Arkitektonikoaren Atalera eta Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalera, behar diren ondorioak izan ditzan.
4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.
5. Ebazpen hau jakinaraztea Dag Green Power SLri, The Best Global Practices SLri eta i-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAUri, eta ohartaraztea ebazpen honek ez duela administrazio bidea amaitzen eta beraren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilariaren aurrean, ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hilabete iragan baino lehen, errekurtsoan espedientearen kodea adierazita.
6. Ebazpen hau Lekunberriko Udalari jakinaraztea, eta ohartaraztea honen kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dela, eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua, honako hau jakinarazi eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, alde batera utzi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.
Iruñean, 2024ko abuztuaren 14an.–Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuko zuzendaria, Laura Larraya Irigoyen.
Iragarkiaren kodea: F2412196