178. ALDIZKARIA - 2024ko irailaren 2a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

258E/2024 EBAZPENA, abuztuaren 12koa, Energia, Enpresa I+G+b eta Ekintzailetzako zuzendari nagusiak emana, laguntzen 2024ko deialdia onesten duena oinarri teknologikoko enpresa berritzaileak sortzeko eta sendotzeko. DDBN identifikazioa: 780023.

Zientzia eta Teknologiari buruzko ekainaren 27ko 15/2018 Foru Legeak, 3.9 artikuluan, ezartzen du haren helburuetako bat dela enpresaren eta ekintzailetzaren munduan ekimen berritzaile gehiago sortzen laguntzea, oinarri teknologikoarekin, ikerketaren emaitzetan oinarriturik. Era berean, Enpresa emergenteen ekosistema sustatzeko abenduaren 21eko 28/2022 Legeak adierazten du berrikuntzan oinarritutako ekintzailetza espazioa irabazten ari dela, proiektu berritzaile txikietatik sortu ziren enpresa digitalen arrakastak bultzatuta.

Halaber, Espezializazio Adimentsuaren S4 Estrategiak (aurrerantzean, S4) gomendatzen du negozio-aukera berriak sortzeko lan egitea ekintzailetzaren, barne-ekintzailetzaren eta etorkizuneko erronketarako dibertsifikazioaren bidez. Orobat, lehiakortasun-faktoreen barnean, Nafarroako III. Ekintzailetza Plana (2021-2024) jasotzen du.

Kontuan izanik Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Departamentuak enpresa berriak, eta, bereziki, izaera berritzaileagoa dutenak, sustatzeko duen konpromisoa, deialdi berri hau egiten da Nafarroan azken urteotan S4an zehaztutako lehentasunezko arloetan sortu diren oinarri teknologikoko enpresa berritzaileei laguntzeko.

Gainera, laguntzen deialdi hau Nafarroako Gobernuaren 2024-2026 Dirulaguntzen Plan Estrategikoaren barnean dago, 230 erregistro-zenbakiarekin.

Adierazitakoarekin bat, eta martxoaren 11ko Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Teknologietan oinarritutako enpresa berritzaileak sortzeko eta sendotzeko laguntzen 2024ko deialdia onestea.

2. Laguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean jaso dira.

3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, jarraian adierazten diren aurrekontuko kredituak baimentzea, guztira, 600.000 euro egiten dutenak, betiere kreditu egokia eta nahikoa badago aurrekontuan:

AURREKONTU-PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

820005 82600 4701 467302 Oinarri teknologikoko enpresa berritzaileak ezartzeko dirulaguntza

2024

300000

820005 82600 4701 467302 edo 2025eko baliokidea Oinarri teknologikoko enpresa berritzaileak ezartzeko dirulaguntza

2025

300000

4. Orobat, 80.000 euroko zenbateko gehigarria finkatzen da gehienez. Zenbateko hori dirulaguntzei aplikatzeko, ez da beste deialdi bat egin beharko. Zenbateko horrek 820005 82600 4701 467300 partida lotua (Ezagutza arloko zerbitzu intentsiboetarako bonu teknologikoak) izanen du jatorri, baldin eta gerakinik badago loturik dakarren laguntza-deialdia amaitu ondoren.

Zenbateko hori eraginkorra izan dadin, kreditu gehigarria baimendu beharko da Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 31.3 a) artikuluan aurreikusitako inguruabarren bat gertatzeagatik. Gastu gehigarria baimentzeak eta argitaratzeak ez du berekin ekarriko eskaerak aurkezteko beste epe bat irekitzea, ezta dirulaguntzak ematearen gainean ebazteko eta hori jakinarazteko gehieneko epearen kontaketa berriz hastea ere.

5. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2024ko abuztuaren 12an.–Energia, Enpresa I+G+b eta Ekintzailetzako zuzendari nagusia, Uxue Itoiz Mariñelarena.

ERANSKINA.–OINARRI ARAUTZAILEAK

1. oinarria.–Xedea.

Laguntza hauen helburua da Nafarroan enpresa berritzaile berriak sustatzea, lagundu nahi baita enpresa-sarea dibertsifikatzen, ekonomia eta gizartea garatzen eta Nafarroan enplegua sortzen.

Laguntzak erabiliko dira oinarri teknologikoko enpresa berritzaileak sortu, jardunean hasi eta sendotu daitezen, baldin eta enpresen negozio-estrategia oinarritzen bada teknologien garapenean eta erabilera intentsiboan eta horiek erabiltzea beharrezkoa bada enpresaren jardueretarako.

2. oinarria.–Onuradunak.

1. Laguntza hauen onuradun izan daitezke oinarri teknologikoko enpresa berritzaileak, berriak zein gazteak izan, baldin eta 3. oinarrian eskatzen diren betekizunak betetzen badituzte.

2. Deialdi honen ondorioetarako:

2.1. Jarduera ekonomikoren bat egiten dutenak "enpresatzat" joko dira; honelakoak izan daitezke:

a) Pertsona fisikoak (banakako enpresaburuak).

b) Enpresa sozietarioak (merkataritza-sozietateak eta kooperatibak).

c) Nortasun juridikorik gabeko sozietateak (sozietate irregularrak).

2.2. "Oinarri teknologikoko enpresa berritzailetzat" (aurrerantzean, OTEB) hartuko dira "Negozio-ereduaren ekintzailetza berritzaile eta eskalagarriaren ziurtagiria" jaso dutenak, oinarri hartuta Enpresa emergenteen ekosistema sustatzeko abenduaren 21eko 28/2022 Legearen 4.1 artikulua, edo, ziurtagiri hori izan gabe, baldintza hauek betetzen dituztenak:

a) Teknologia sortzeko gauza izan behar dira.

b) Enpresaren jarduera ezagutza zientifikoan eta teknologikoan oinarritu behar da.

c) Enpresaren jarduera kualifikazio handiko zientzialarien eta ikertzaileen lanean oinarritu behar da.

d) Enpresaren jardueraren bidez produktu, zerbitzu edo prozesu berriak sortu behar dira, gero merkaturatzeko, eta beren ikerkuntza-lanetan edo ikerkuntza-entitateen jardunean sortzen den ezagutza enpresan txertatu behar da.

e) Negozio estrategiaren eta garapen lerroen oinarriak teknologien garapena eta teknologien erabilera intentsiboa izan behar dira.

f) Jardueraren funtsa izan behar da enpresak berak sortutako teknologiak ustiatzea, edo horretarako honako hauek garatutakoak: unibertsitateek, ikerketa zentroek, ikerketa institutuek, zentro teknologikoek eta ezagutza zabaltzekoek, publikoak zein pribatuak izan, edota enpresek.

2.3. OTEB "berritzat" hartuko dira 2023ko urtarrilaren 1etik aurrera sortutakoak (egun hori barne). Eta OTEB "gaztetzat" hartuko dira 2019ko abuztuaren 31tik 2022ko abenduaren 31ra bitartean sortutakoak, baina bioteknologiako, osasuneko edo energiako enpresen kasuan, epe hori 2017ko abuztuaren 31n hasiko da.

3. oinarria.–Betebeharrak.

1. Eskatzaileek honako baldintza hauek (orokorrak eta berariazkoak) bete beharko dituzte laguntzak eskatzen dituzten unean:

1.1. Baldintza orokorrak:

a) Nafarroan lantoki bat izatea, diruz lagundu beharreko jarduerak egiteko.

b) Nafarroako Industria Erregistroan inskribaturik egotea edo inskripzioa eskatu izana, hala badagokio, bat etorriz Nafarroako Industria Erregistroa sortu zuen Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariaren apirilaren 30eko 152/2013 Foru Aginduaren 3. artikuluan xedatutakoarekin.

c) Alta emanik egotea ekonomia-jardueren gaineko zergan (EJZ) eta ordainketak egunean izatea dagokion udalarekin.

d) Gizarte Segurantzak edo dagokion lanbide elkargoaren mutualitateak eskatutako betebeharrak betetzea (altak, jarduera berriak jakinaraztea, etab.).

e) Inolako administrazio zehapen irmorik edo kondena epai irmorik betetzen ez egotea sexu edo genero diskriminaziotzat hartutako lan praktikak egiteagatik edo onartzeagatik, eta, kasua bada, ez egotea arrazoi horiek direla-eta ezarritako epai edo zehapen bat betetzeko zain.

f) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluak onuradun izateko ezarritako debeku-egoeretako batean ere ez egotea. Eskaeraren inprimakian ageri den erantzukizunpeko adierazpenaren bidez frogatzen ahal da hori.

Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar baimena ematea organo emaileari zuzenean eskura ditzan eskatzaileak (eta sozietate-enpresetako bazkideek) zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela egiaztatzen duten ziurtagiri telematikoak, bai eta Gizarte Segurantzaren lan-bizitzaren txostenak ere. Eskaeran interesdunak horri berariaz uko egiten badio, berak aurkeztu beharko ditu kasuan kasuko agiriak.

1.2. Berariazko betebeharrak:

a) Banakako enpresaburuek honakoak bete behar dituzte:

–Langile Autonomoen Araubide Berezian edo dagokion lanbide elkargoaren mutualitatean alta emanda egotea (sortutako OTEBari dagokion jardueran) 2019ko abuztuaren 31tik laguntzak eskatu ziren egunera arte. Bioteknologiako, osasuneko edo energiako enpresen kasuan, epe hori 2017ko abuztuaren 31n hasiko da.

–Jarduera bat egin ez izana norberaren kontura (zuzenean edo beste sozietate batzuetan duten partaidetzaren bidez) araubide horretan alta eman aurreko bi urteetan, sortutako OTEBaren jarduerak 2009ko EJSNan duen "talde" berean (hiru digitu).

b) Sozietate-enpresek honako hauek bete beharko dituzte:

–Eratze-eskritura 2019ko abuztuaren 31tik laguntzak eskatu ziren egunera bitartean inskribatu izana sortutako enpresa-motari dagokion erregistroan. Bioteknologiako, osasuneko edo energiako enpresen kasuan, epe hori 2017ko abuztuaren 31n hasiko da.

–Kapital sozialean partaidetza duten pertsonak eta enpresako administratzaileak, kapital horretako kide ez direnean, Langile Autonomoen Araubide Berezian alta emanda egotea autonomo sozietario moduan, horretara behartuta badaude.

–Enpresa eratu aurreko bi urteetan, EJSN 2009ren "talde" bereko jarduera bat (hiru digitu) norberaren kontura (zuzenean edo beste sozietate batzuetan duten partaidetzaren bidez) egin ez duten pertsona fisikoek kapitalaren %50 izatea, gutxienez.

c) Sozietate irregularrek honakoak bete behar dituzte:

–Sozietateak 2019ko abuztuaren 31tik laguntzak eskatu ziren egunera arte egin izana Nafarroako Zerga Ogasuneko Entitateen Erroldako inskripzioa. Bioteknologiako, osasuneko edo energiako enpresen kasuan, epe hori 2017ko abuztuaren 31n hasiko da.

–Sozietate irregularra osatzen duten pertsonak alta emanda egotea Langile Autonomoen Araubide Berezian edo dagokion lanbide elkargoko mutualitatean, sortutako OTEBari dagokion jardueran, 2019ko abuztuaren 31tik laguntzak eskatu diren egunera bitartean. Bioteknologiako, osasuneko edo energiako enpresen kasuan, epe hori 2017ko abuztuaren 31n hasiko da.

–Enpresa eratu aurreko bi urteetan, EJSN 2009ren "talde" bereko jarduera bat (hiru digitu) norberaren kontura (zuzenean edo beste sozietate batzuetan duten partaidetzaren bidez) egin ez duten pertsona fisikoek kapitalaren %50 izatea, gutxienez.

2. 1. apartatuan eskatzen diren betebehar horiek 8. oinarrian aipatzen diren agiriak aurkeztuz frogatu beharko dira, eta laguntza ordaintzen den arte bete beharko dira, gutxienez.

3. 30.000 eurotik gorako dirulaguntzen kasuan, ezin izanen dira onuradun izan zuzenbide publikoko erakundeez bestelako pertsona fisiko eta juridikoak, baldin eta irabazi-asmorik badute eta betetzen ez badituzte Merkataritzako eragiketetako berankortasunaren aurka borrokatzeko neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legean aurreikusitako ordainketa-epeak.

Honako agiri hauen bidez frogatuko da bete egin direla ordainketa-epeak:

a) Kontabilitate-araudiaren arabera galera-irabazien kontu laburtua aurkezten ahal duten pertsona fisiko eta juridikoen kasuan, ordezkaritza-ahal nahikoa duen pertsona fisikoak sinatutako ziurtagiria, edo, pertsona juridikoen kasuan, administrazio organoak edo behar adinako ordezkaritza-ahala duen organo baliokideak sinatutako ziurtagiria, non adieraziko baita bete direla abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epeak. Egoera hori egiaztatzeko, b) letran adierazitako frogabideren bat ere erabil dezakete.

b) Kontabilitate-araudiaren arabera galera-irabazien kontu laburtua aurkeztu ezin duten pertsona juridikoen kasuan, honako hauen bidez:

1.–Kontu-auditoreen Erregistro Ofizialean (KAEO) inskribatutako auditore batek emandako ziurtagiria, jasoko duena auditatutako azken urteko kontuen memorian deskribatutako ordainketen arloko informazioaren transkripzio banakatua, kontu horietatik ondorioztatzen denean lortu dela abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epeak betetzeko maila, apartatu honetan zehaztutakoa (%90), oinarri hartuta uztailaren 5eko 15/2010 Legearen hirugarren xedapen gehigarrian eskatutako informazioa.

Ziurtagiri hori baliozkoa izanen da hurrengo ekitaldiko urteko kontuak ikuskatu arte.

2.–Aurreko ziurtagiria ezin bada egin, KAEOn inskribatutako auditore batek egindako «Adostutako prozeduren gaineko txostena», non adierazten baita ezen, berrikuspena eginda sozietatearen hornitzaileei erreferentziazko data batean ordaintzeke dauden fakturen lagin adierazgarri bati (betetzea ziurtatzeko kontuan hartutako data deialdiaren argitalpen-data baino geroagokoa izan beharko da), ez dela salbuespenik detektatu abenduaren 29ko 3/2004 Legearen ordainketa-epeak betetzeko orduan, edo, halakorik detektatu bada, ez dutela eragozten hurrengo paragrafoan eskatzen den betetze-maila lortzea.

Ondorio horietarako, baldintza hori betetzat joko da 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epeak betetzeko maila %90ekoa edo handiagoa denean (18/2022 Legearen azken xedapenetako seigarrenaren d) letraren bigarren apartatuan ezarritako ehunekoa).

4. Nahi izanez gero, 3. apartatuko dokumentazioa laguntza-eskaerarekin batera aurkezten ahalko da, eta, une horretan aurkeztu ezean, hilabeteko epea emanen da horretarako, dirulaguntza emateko ebazpenean. Hala ere, 3. apartatuko b) letrako dokumentazioa ezin bada lortu epe hori baino lehen, eskatu izanaren egiaztagiria aurkeztuko da, eta, lortutakoan, bost egun naturaleko epe luzaezinean aurkeztuko da.

Epe hori eskatutako dokumentazioa aurkeztu gabe iraganik, laguntza kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratuko da.

4. oinarria.–Proiektu diruz lagungarriak eta gauzatzeko epea.

1. Diruz laguntzen ahalko dira OTEBek beren negozio planaren esparruan egiten dituzten jarduerak, baldin eta zuzenean lotuta badaude jarduera nagusia garatzearekin eta bide ematen badute hazi eta sendotzeko.

2. Jarduketak gauzatzeko epea bitan zatituko da:

–1. aldia: 2023ko azaroaren 1etik 2024ko apirilaren 30era.

–2. aldia: 2024ko maiatzaren 1etik 2024ko urriaren 31ra.

Ondorio horietarako, ulertuko da jarduketak gauzatuta daudela gastu diruz lagungarriak dagokion epearen barruan fakturatuta daudenean. 1. aldiko gastuak 2024ko uztailaren 31ra arte ordaintzen ahalko dira, eta 2. aldikoak 2025eko urtarrilaren 31ra arte, 11. oinarrian adierazten den moduan.

5. oinarria.–Gastu diruz lagungarriak.

1. Gastu hauek dira diruz lagungarriak (BEZik gabe), baldin eta fakturatzen badira aurreko oinarrian zehaztutako aldien arabera.

a) Kontratatutako langileen gastuak.

b) Enpresaren jarduera nagusiarekin soilik lotutako trebakuntza.

c) Azoketara erakusle gisa joatea eta horrekin lotutako bidaiak.

d) Maketak edo prototipoak egitea.

e) Start-upak biltzen diren mintegiek, enpresa-haztegiek, parke zientifikoek eta bestelako antzeko entitateek egiten dituzten zerbitzuen kuotak.

f) Lokalen alokairuko kuotak.

g) Enpresaren jarduera nagusia garatzearekin lotutako kanpoko aholkularitza eta laguntza teknikoa.

h) Patenteak, erabilera-modeloak eta merkataritza-markak eskatzeak, lortzeak eta erregistratzeak eragiten dituzten gastuak.

2. Aurreko apartatuan aipatzen diren gastuak ez dira onartuko dirulaguntzarako honako kasu hauetan: alderdien artean akzio-erlaziorik badago edo hirugarren gradura arteko ahaidetasuna (odolezkoa zein ezkontzazkoa) badago. Gainera, zergak ere ez dira onartuko (denetarikoak), Gizarte Segurantza eta langileria-gastuen PFEZa izan ezik.

3. Gastu diruz lagungarrietako bat 12.000 eurotik gorakoa bada (BEZik gabe), onuradunek frogatu beharko dute enpresa hornitzailea efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu dutela; horretarako, gutxienez hiru eskaintza aurkeztu beharko dira eta aukeraturiko eskaintza hautatzeko arrazoiak eman "Hornitzailearen hautaketaren justifikazioa" izeneko inprimakian, laguntzen fitxan dagoen horretan.

Onuradunak ez dira beharturik egonen hiru eskaintzak aurkeztera, baldin eta, dirulaguntzaren xedeko gastuen ezaugarri bereziengatik, merkatuan behar adina erakunde hornitzaile edo zerbitzu-emaile ez badaude edo gastua dirulaguntza eskatu baino lehen fakturatu bada. Edonola ere, alderdi horiek aipatu inprimakian frogatu beharko dira.

4. Norberak bere merkataritza-jardueraren ondoriozko gastu diruz lagungarriak egin baditu, gastu horiek ordainduta egon beharko dute aplikatzen zaion araudi sektorialean ezartzen diren ordainketa-aldietan, edo, bestela, merkataritza eragiketetako berankortasunaren aurkako neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako epealdietan.

6. oinarria.–Laguntzen intentsitatea eta gehieneko zenbatekoak.

1. Laguntzen intentsitatea honako hau izanen da:

a) OTEB gazteentzat: dirulaguntzarako onartzen diren gastuen %55, 2. apartatuan ezartzen diren mugekin.

b) OTEB berrientzat: dirulaguntzarako onartzen diren gastuen %75, 2. apartatuan ezartzen diren mugekin.

Enpresaren plantillako langileen %40 baino gehiago emakumeak izanez gero, aurreko ehunekoak %5 gehituko dira.

2. Laguntza ezin izanen da izan muga hauez gaindikoa:

GASTU DIRUZ LAGUNGARRIA

OHARRAK

GEHIENEKO DIRULAGUNTZA (eurotan)

a) Kontratatutako langileen gastuak

1.500 euro pertsonako eta hilabeteko

25000

b) Prestakuntza beharrak

3000

c) Azoketara erakusle gisa joateak eragindako gastuak

Gehienez 140 euro gaueko, eta turista-klaseko bidaia (mantenu-gastuak ez dira diruz laguntzen)

3000

d) Maketak eta prototipoak egiteak eragindako gastuak

Langileria-gastuak bazter utzita

10000

e) Start-upak biltzen diren entitateek egiten dituzten zerbitzuen kuotak

Gehieneko zenbatekoa e) eta f) letretako kontzeptuen batura izanen da

12000

f) Lokalen alokairuaren gastuak

g) Kanpoko aholkularitza eta laguntza teknikoa

3000

h) Patenteen eta marken gastuak

OEPM eta EUIPO tasak soilik

3000

Dirulaguntzarako onartzen diren gastu guztiei dagokien laguntza ez da izanen 50.000 eurotik gorakoa eskatzaileko.

7. oinarria.–Eskaerak aurkezteko epea eta modua.

1. Eskaerak aurkezteko epea deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da, eta 2024ko irailaren 11n bukatuko, egun hori barne.

2. Eskaerak telematikoki aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoko fitxa erabiliz (hemendik aurrera, laguntzen fitxa):

3. Enpresa edo IFZa bakoitzeko laguntza eskaera bakarra onartuko da.

4. Eskaerak ez baditu betetzen Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 66. artikuluko betebeharrak, S4 Proiektu Estrategikoen eta Ekintzailetzaren Zerbitzuak eskatzaileari eskatuko dio 10 egun balioduneko epean zuzentzeko, eta ohartaraziko dio, hala egin ezean, ondorioztatuko dela eskaera bertan behera uzten duela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

Ezin izanen da inola ere zuzendu 8. oinarriko 2.a), 2.b), 2.h) eta 2.j) letretan eskatutako dokumentazioa aurkeztu ez izana.

8. oinarria.–Laguntzak eskatzeko aurkeztu beharreko agiriak.

1. Eskaera telematikoarekin batera aurkeztu behar den dokumentazioa, laguntzen fitxan eskuragarri dauden ereduei egokitua, eskaneatuta aurkeztu beharko da, dokumentu bereizietan eta izen eta guzti identifikatuta (adib.: "Eskaera-orria", "Negozio plana, etab.).

2. Oro har aurkeztu beharreko dokumentazioa:

a) Eskaera-orri telematikoa, erantzukizunpeko adierazpen bat barne hartuko duena 3.1.1 a), b), e) eta f) oinarrietako betekizunak eta 16. oinarriaren araberako minimis laguntzak egiaztatzeko.

b) Eskaera-orria, behar bezala betea.

c) OTEB gazteek azken ekitaldiko balantzea, galdera-irabazien kontua eta memoria aurkeztu beharko dituzte.

d) Ekonomia-jardueren gaineko zergan alta eman izanaren agiriaren kopia.

e) Enpresak jarduera zein udalerritan gauzatzen duen, hango udalak luzatutako ziurtagiria, egiaztatzen duena eskatzaileak egunean duela ekonomia-jardueren gaineko zerga. Ziurtagiri horrek izan beharko du laguntza eskaera aurkeztu aurreko 10 egun naturalen barnean luzatua.

f) Enpresako kotizazio kontuko kode bakoitzaren lan bizitzari buruzko txostena, laguntzaren eskaera aurkeztu aurreko 10 egun naturalean egina.

g) Halakorik izanez gero, "Negozio-ereduaren ekintzailetza berritzaile eta eskalagarriaren ziurtagiria" lortu izana egiaztatzen duen dokumentazioa, bat etorriz Enpresa emergenteen ekosistema sustatzeko abenduaren 21eko 28/2022 Legearen 4.1 artikuluarekin.

h) Jarduketa diruz lagungarriak azaltzen dituen memoria (eredua laguntzen fitxan dago), balorazio-irizpideak aplikatu ahal izateko. Memoria horretan, justifikatu beharko da eskatzaileak 2.2 oinarrian OTEBtzat hartua izateko ezarritako baldintzak betetzen dituela, salbu eta aurreko puntuko dokumentazioa edukiz gero.

i) Negozio plana.

j) Aurrekontua eta dirulaguntzarako aurkezten diren gastuen azalpen xehatua. Bi aurrekontu egin beharko dira eta gastuak egin ahala banakatu beharko dira.

i. 2023ko azaroaren 1etik 2024ko apirilaren 30era bitartean fakturatutako eta 2024ko uztailaren 31 baino lehen ordaindutako gastuak.

ii. 2024ko maiatzaren 1etik 2024ko urriaren 31ra arte fakturatutako eta 2025eko urtarrilaren 31 baino lehen ordaindutako gastuak.

k) Eskaera 9. oinarrian xedatutakoaren arabera ebaluatzeko, eskatzaileak beharrezkotzat jotzen duen dokumentazio guztia aurkezten ahalko du (enpresaren talde sustatzailearen lanbide-historia, zentro teknologiko edo unibertsitateekiko lankidetza-kontratuak, bideragarritasun-plana, lortutako patenteak, egiten dituen produktu edo zerbitzuen azalpen xehatua, I+Gan egindako inbertsioa, sortutako enplegua, eta abar).

l) Aukeran, laguntza-eskaerarekin batera, hornitzaileei egin beharreko ordainketak egunean dituela egiaztatzen duten agiriak aurkezten ahalko dira, 3.3 oinarrian adierazitakoak.

m) Halakorik lortuz gero, Bikaintasun Zigiluaren ziurtagiria, Europako Berrikuntza Kontseiluaren (EIC) finantzaketa-programen EIC Accelerator programaren esparruan.

3. Aurkeztu beharreko berariazko dokumentazioa:

3.1. Dagokion lanbide elkargoko mutualitatean alta emanda dauden banakako enpresaburuen kasuan, bertan alta emandako aldiak zehazki azaltzen dituen ziurtagiria, laguntza-eskaera aurkeztu aurreko 10 egun naturaletan luzatua.

3.2. Enpresa sozietarioak izanez gero: Enpresa eratzeko edo aldatzeko eskrituraren kopia, dagokion erregistroan behar bezala inskribatuta.

3.3. Sozietate irregularren kasuan:

a) Nafarroako Zerga Ogasuneko Entitateen Zentsuan inskribatuta egotea frogatzen duen agiriaren kopia.

b) Sozietate irregularraren eraketa agiriaren kopia, non ordezkari gisa jarduteko ahalmena dutenak izendatuko baitira.

c) Dagokion lanbide elkargoko mutualitatean alta emanda dauden banakako enpresaburuen kasuan, bertan alta emandako aldiak zehazki azaltzen dituen ziurtagiria, laguntza-eskaera aurkeztu aurreko 10 egun naturaletan luzatua.

9. oinarria.–Dirulaguntza emateko irizpideak.

1. Laguntza hauek norgehiagokako prozeduraren bidez emanen dira. Hartara, aurkeztutako eskaerak konparatuko dira, haien artean lehentasun-hurrenkera bat ezartzeko, oinarri honetan ezarritako balorazio irizpideekin bat.

Laguntzen zenbatekoa kalkulatzeko, balorazio handiena eskuratzen duten eskaerei 6. oinarrian ezarritako laguntza intentsitatea aplikatuko zaie, deialdi honetarako aurrekontuan erabilgarri dagoen kreditua agortu arte.

  • 300.000 euro 2024ko gastuen aurrekontuan, 4. oinarriko 1. aldiko jardueretarako laguntzak emateko.
  • 300.000 euro 2025eko gastuen aurrekontuan, 4. oinarriko 2. aldiko jardueretarako laguntzak emateko.

Kreditua ez bada behar adinakoa zerrendako azken eskatzaileari laguntza osoa emateko, eskaera birformulatzeko eskatuko zaio, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 20 bis artikuluan aurreikusitakoaren arabera.

Aurrekontuan behar adina diru ez egoteagatik kontuan hartzen ez diren eskaerak ezetsitzat joko dira.

2. Balorazioaz arduratuko den organoa S4 Proiektu Estrategikoen eta Ekintzailetzaren Zerbitzua izanen da, eta, hala badagokio, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko beste organo batzuen laguntza edo aditu independenteen aholkularitza eskatzen ahalko du.

Gainera, beharrezkotzat jotzen duen dokumentazio edo informazio guztia eskatzen ahalko die erakunde eskatzaileei.

3. Eskaerak baloratzeko honako irizpide hauek aplikatuko dira (guztira, 100 puntu lortzen ahal dira gehienez):

a) Negozio planaren bideragarritasuna (40 puntu gehienez):

–Merkatuaren azterketa: xede-audientzia identifikatzea, lehiakideen azterketa, eskariaren ebaluazioa eta produktuaren edo zerbitzuaren kalitatearena (gehienez 15 puntu).

–Talde sustatzailearen kudeaketa eta antolaketa: Zuzendaritza-taldearen esperientzia eta gaitasun teknikoa, antolaketa-egitura eta dedikazioa (gehienez 10 puntu).

–Bideragarritasun ekonomiko-finantzarioa: finantza-proiekzioen argitasuna eta errealismoa, finantzaketa-estrategia eta kostuen kudeaketa, inbertsio-plana eta aurreikusitako itzulkina (gehienez 10 puntu).

–Marketin-plana: prezio-estrategia, banaketa- eta sustapen-kanalak, bezeroak atxikitzeko eta fidelizatzeko estrategiak (gehienez 5 puntu).

b) Eragin sozioekonomikoa Nafarroan (gehienez 25 puntu):

–Nafarroako ekoizpen-sarea modernizatzeko, dibertsifikatzeko eta lehiakortasuna hobetzeko ekarpena (gehienez 5 puntu).

–Sortutako eta aurreikusitako enplegua (gehienez 5 puntu).

–Egindako inbertsioak (gehienez 5 puntu).

–Genero-berdintasunera, gizarteratzera eta ingurumen-jasangarritasunera bideratutako neurriak (gehienez 10 puntu).

c) Berrikuntza (gehienez 25 puntu):

–I+G+bko inbertsio-maila (gehienez 6 puntu).

–Produktuaren edo zerbitzuaren berrikuntza-maila (gehienez 7 puntu).

–Patenteen edo baliagarritasun-ereduen bidez lortutako babes-maila (gehienez 6 puntu).

–Zentro teknologikoekin, ikerketa-institutuekin, ikerketa-zentroekin, unibertsitateekin edo enpresa-berrikuntzako unitateekin izandako lankidetza (gehienez 6 puntu).

d) Jarduketak S4ko lehentasun tematikoekin eta trantsizioekin lerrokatzea (fokuak, lan-ildoak, joerak, nazioarteko lerrokatzea eta gaitasun teknologikoak), 10 puntu gehienez:

–Mugikortasun elektrikoa eta konektatua.

–Elikadura osasungarria eta jasangarria.

–Energia berdearen industria.

–Medikuntza pertsonalizatua.

–Turismo jasangarria.

–Ikus-entzunezkoen industria.

–Trantsizio ekologikoa.

–Trantsizio digitala.

e) Europako Berrikuntza Kontseiluaren (EIC) finantzaketa-programen EIC Accelerator programaren esparruan Bikaintasun Zigilua jaso duten enpresek gehieneko puntuazioa izanen dute a) eta c) letretan.

4. Gutxienez 60 puntu lortzen ez dituzten eskaerak ezetsi eginen dira.

5. Puntuazioan berdinketarik gertatuz gero, ordena honetan ebatziko da: lehentasuna emanen zaie enpresa berriei enpresa gazteen aldean; hala ere, berdinketak bere hartan jarraitzen badu, aurreko apartatuko b), a) c) eta d) letretako irizpideen araberako puntuazioaren arabera ebatziko da, hurrenez hurren.

10. oinarria.–Dirulaguntza ematea.

1. Laguntzak kudeatzen dituen organoak, hots, S4 Proiektu Estrategikoen eta Ekintzailetzaren Zerbitzuak, aurreko oinarrian ezarritako irizpideei jarraituz ebaluatuko ditu eskaerak, eta organo eskudunari ebazpen proposamena igorriko dio, non adieraziko baita onuradunek dirulaguntza lortzeko betebehar guztiak betetzen dituztela.

2. Energia, Enpresa I+G+b eta Ekintzailetzako zuzendari nagusia izanen da dirulaguntza emateari buruz ebazteko organo eskuduna.

Ebazpena arrazoitua izanen da, eta bertan jasoko dira, gutxienez ere, dirulaguntza jasoko duten eskatzaileen zerrenda eta, hala badagokio, ezetsi diren eskaerak, eta, horien artean, aurrekontuko mugagatik ezetsitakoak.

3. Ebazpena gehienez 6 hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da eskatzaileen gaitutako helbide elektroniko bakarrean, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita.

Ezarritako gehieneko epea bukatzen bada berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi gabe, eskaerak administrazio isiltasunez ezetsitzat jotzen ahalko dira. Hala ere, organo eskuduna behartua dago dirulaguntzak onartu edo ukatzeko berariazko ebazpena ematera eta jakinaraztera, oinarri hauetan xedatutakoari jarraikiz.

4. Baldin eta dirulaguntza onartu ondoren deklaratzen bada dirulaguntza kobratzeko eskubidea galdu dela edo onuradunen batek dirulaguntzari uko egiten badio eta, horren ondorioz, nahikoa kreditu askatzen bada, diru hori erabiltzen ahalko da behar adina aurrekontu ez egoteagatik hasiera batean, osorik edo partez, erantzun ezin izan ziren eskaerak aintzat hartzeko. Dirulaguntza horiek noiz ematen diren kontuan hartuta, epe berriak finkatzen ahalko dira diruz lagundutako jarduketa egiteko eta hura justifikatzeko.

11. oinarria.–Diruz lagundutako jarduketa justifikatzea.

1. Onuradunek diruz lagundutako jarduera justifikatu beharko dute, eta, horretarako, laguntzen fitxaren bitartez, honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute adierazitako epeetan:

1.1. 2024ko azaroaren 15era arte (egun hori barne):

Egindako jarduketei buruzko txosten teknikoa, fitxan eskuragarri dagoen ereduaren arabera egina, eta 1. aldian (2023ko azaroaren 1etik 2024ko apirilaren 30era) fakturatutako eta 2024ko uztailaren 31 baino lehen ordaindutako gastuen zerrenda. Ez da beharrezkoa gastuei dagozkien kontabilitate-dokumentuak aurkeztea (fakturak edo nominak).

1.2. 2025eko martxoaren 31ra arte (hori barne):

4. oinarriko bi aldietan egindako jarduketei eta fakturatutako gastuei buruzko dokumentazio teknikoa eta ekonomikoa, honako hauek barne hartuta:

a) Egindako jardueren justifikazio-memoria, laguntza-fitxan eskuragarri dagoen ereduaren arabera egina.

b) Gastu diruz lagungarri guztien zerrenda, Excel formatuan. Erabili beharreko kalkulu orria laguntzen fitxan dago, eta bertan azaltzen da nola justifikatu gastu mota bakoitza.

c) Fakturen eta ordainagirien kopiak, behar bezala ordenatuak aurreko apartatuan eskatzen den Excel taulako gastuen ordenari jarraikiz. Fakturek eta ordainagiriek onuradunen izenean egon beharko dute, eta 11.1 oinarrian zehaztutako aldiaren barruan egon beharko dute.

d) 5.1.a) oinarriko langileria-gastuak justifikatzeko, aurkeztuko dira nominak eta Gizarte Segurantzaren nahiz PFEZaren likidazioak, zehaztapenak eta ordainagiriak.

e) Lokala alokatuz gero, errentamendu-kontratua aurkeztu beharko da, behar bezala formalizatuta.

f) Patenterik, erabilera-eredurik edo merkataritzako markarik aurkeztuz gero, Espainiako Patenteen eta Marken Bulegoaren edo Europar Batasuneko Jabetza Intelektualaren Bulegoaren erregistroko eskaeraren kopia aurkeztu beharko da. Eta ordainketa frogatzeko, bankuak egiaztatutako ordainketa-gutunaren kopia aurkeztuko da, edo, aurkezpen elektronikoaren kasuan, ordainketaren bankuko frogagiriaren kopia.

g) "Enpresa hornitzailearen hautaketaren justifikazioa" inprimakia, laguntzen fitxan eskuragarri dagoena, 5.4 oinarrian adierazitako edukia izanen du.

2. Justifikazioa aurkezten bada 1. apartatuan ezarritako epea bukatu ondoren, baina, betiere, hurrengo 5 egun balioduneko epearen barnean, laguntza osoa %5 murriztuko da. Igarotako denbora luzeagoa bada, adieraziko da laguntza osoa kobratzeko eskubidea galdu dela, eta jada ordaindutako zenbatekoak itzuli beharko dira.

12. oinarria.–Dirulaguntza ordaintzea.

1. Laguntza honela banatuko da:

a) Lehen ordainketa: konturako ordainketa bat eginen da 11. oinarriko 1.1 apartatuko dokumentazioa aurkeztu ondoren, 1. aldiari dagokiona (2023ko azaroaren 1etik 2024ko apirilaren 30era arte fakturatutako gastua, 2025eko urriaren 31ra arte ordaindua, hura barne). Justifikatutako gastua aldi horretarako emandako zenbatekoa baino txikiagoa bada, bien arteko aldeari dagokion laguntza kobratzeko eskubidea galduko da.

b) Bigarren ordainketa eta azken likidazioa: 11. oinarriko 1.2 apartatuko dokumentazioa ikusita, 2. aldiari dagokion laguntza ordainduko da (2024ko maiatzaren 1etik 2024ko urriaren 31ra arte fakturatutako gastua, 2025eko urtarrilaren 31ra arte ordaindua, hura barne).

Gainera, laguntzaren likidazioa eginen da, eta kontura ordaindutakoa handiagoa bada azkenean justifikatutako laguntza baino, soberakina bigarren ordainketa horretatik deskontatuko da.

Nolanahi ere, onuradunak justifikatutakoa emandako dirulaguntza baino txikiagoa bada, adieraziko da dagokion laguntza kobratzeko eskubidea galdu dela, edo, hala badagokio, ordaindutakoa itzultzeko eskatuko da.

2. Laguntza ordaintzeko ebazpenak gehienez ere 6 hilabeteko epean emanen ditu organo eskudunak, frogagiriak aurkezten direnetik hasita kontatuta.

13. oinarria.–Onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.

1. Dirulaguntza jasotzen duten onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Dirulaguntza eman dela jakinarazten denetik hasita hilabeteko epean, telematikoki aurkeztea dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena, laguntzen fitxan eskura dagoen ereduaren araberakoa. Adierazpen hori beti aurkeztu behar da, gardentasun betebeharra izan (Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3.c) artikuluko baldintzak betetzeagatik) edo ez izan (kasu horretan, inguruabar hori adieraziko da adierazpenean).

3.c) artikuluko baldintzak betetzen dituztenek ez badute betetzen foru lege horren 12.4 artikuluak eskatzen duen informazioa aurkezteko betebeharra, laguntza kobratzeko eskubidea galduko dute.

b) Diruz lagundutako jarduera egin eta justifikatzea 11. oinarrian ezarritako moduan.

c) Enpresa-deslokalizaziorik ez egiteko konpromisoa hartzea, Enpresen sustraitzearen aldeko eta enpresa-deslokalizazioaren aurkako neurriei buruzko abenduaren 16ko 18/2020 Foru Legearen 4. artikuluan ezartzen dena kontuan hartuta.

d) Laguntzak kudeatzen dituen organoari komunikatzea beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuk lortu direla diruz lagundutako jarduketak finantzatzeko, 15. oinarrian aurreikusitako ondorioetarako. Jakin bezain laster egin behar da komunikazio hori.

e) Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak.

2. Oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharren bat bete ezean, onartutako dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko da, edo, hala badagokio, diru hori itzuli beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat. Hala ere, enpresa-deslokalizazioa gertatuz gero, 18/2020 Foru Legearen 7. artikuluan ezarritako baldintzen arabera itzuliko da dirulaguntza.

Orobat, aurreko betebehar horietakoren bat hein batean betetzen ez bada, ordaindu beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa berriro ere doitzen ahalko da, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da.

14. oinarria.–Publizitatea eta zabalkundea.

Onuradunek publizitate- eta hedapen-betebehar hauek izanen dituzte:

a) Diruz lagundutako jarduerei buruz edozein hedabidetan egiten den aipamen orotan, adierazi beharko da Nafarroako Gobernuko Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Departamentuak finantzatu dituela.

b) Horrez gain, enpresaren webgunean, ageriko lekuan, honako esaldi hau paratuko da laguntza ematen duen ebazpenaren egunetik aurrera: "Enpresa honek Nafarroako Gobernuaren dirulaguntza bat jaso du teknologietan oinarritutako enpresa berritzaileak sortzeko eta sendotzeko laguntzen 2024ko deialdian".

15. oinarria.–Dirulaguntzaren bateragarritasuna.

Deialdi honetako dirulaguntzak bateragarriak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatu batzuek edo partikularrek, Espainiakoek nahiz atzerrikoek, gastu beretarako emandako beste dirulaguntza batzuekin.

Edozein kasutan, jarduketa bererako emandako dirulaguntzen zenbatekoak, bakarrik edo denak baturik, ezin izanen du gainditu onuradunak egin beharreko jarduketaren kostua.

16. oinarria.–De minimis laguntza.

Deialdi honetako dirulaguntzak "de minimis" laguntzak dira, Europako Batzordeak 2023ko abenduaren 13an emandako 2023/2831 Erregelamenduan xedatutakoaren arabera. Erregelamendu horren xedea da Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak "de minimis" laguntzei aplikatzeko modua xedatzea (2023ko abenduaren 15eko L EBAO).

Erregelamendu horrekin bat, enpresa bakar bati hiru urteko zerga-ekitaldiko edozein alditan emandako "de minimis" laguntza guztien batura ezin da 300.000 eurotik gorakoa izan. Enpresa bakarraren definizioa aipatu erregelamenduaren 2.2 artikuluan ezarrita dago.

Horretarako, interesdunek eskaera aurkeztu aurreko hiru urteetan jasotako bestelako "de minimis" laguntzak aitortu beharko dituzte eskaeran.

17. oinarria.–Baliabide elektronikoen bidezko harremanak.

1. Laguntzen eskaera eta erantsi beharreko dokumentazio guztia telematika bidez aurkeztuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan, laguntzen fitxaren bidez, Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atariko (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoaren barnean.

2. Administrazio egintzen jakinarazpena eta laguntza hauek emateko prozeduraren barruan egiten diren jarduketa guztien komunikazioak enpresa eskatzaileen gaitutako helbide elektroniko bakarraren (GHEb) bidez eginen dira. Jakinarazpen edo komunikazio horren bidalketaren berri emanen da eskatzaileak jarritako helbide elektronikoaren bitartez.

18. oinarria.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.

S4 Proiektu Estrategikoen eta Ekintzailetzaren Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak Ogasuneko Ministerioaren Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren bitartez (http://www.pap.minhafp.gob.es/bdnstrans/GE/eu/index), honako hauek adierazita: deialdia, laguntza zein aurrekontu kredituri egotzi zaion, onuradunak eta emandako diru kopurua.

Deialdi honen emaitzak argitaratuko dira, orobat, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoko laguntzen fitxan.

19. oinarria.–Datu pertsonalen babesa.

Datuak babesteko indarrean dagoen araudiaren arabera, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Departamentuak tratatuko ditu datu pertsonalak, deialdi honetako laguntzak kudeatzeko. Era berean, jakinarazten da datuak babesteko eskubideak departamentu horretan balia daitezkeela, laguntzen fitxan adierazitako moduan.

20. oinarria.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute oinarri arautzaile hauen aurka, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik.

Iragarkiaren kodea: F2412049