1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
454E/2024 EBAZPENA, abuztuaren 6koa, Telekomunikazioetako eta Digitalizazioko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baita Telefónica Móviles España SAk aurkeztutako Azpiegituren Lurralde Planaren 16. aldaketa.
Nafarroako Foru Komunitatean uhin elektromagnetiko ez-gidatuen bidezko telekomunikazioko oinarrizko estazioak antolatzeko maiatzaren 6ko 10/2002 Foru Legearen arabera, operadoreek Nafarroako Gobernuko departamentu eskudunari komunikatu beharko diote planaren edukiaren edozein aldaketa, planean beharrezko eguneraketak eginez.
Telekomunikazioetako eta Digitalizazioko zuzendari nagusiaren ekainaren 5eko 288E/2024 Ebazpenaren bidez, hasiera eman zitzaion Telefónica Móviles España SAk aurkeztutako Azpiegituren Lurralde Planaren 16. aldaketaren tramitazioari, eta agindua eman zen eskatutako kokapenak Nafarroako Gobernuaren Gobernu Irekiaren Atarian argitaratzeko, interesdunek bidezkotzat jotzen zituzten alegazioak aurkez zitzaten.
Orobat, ebazpen horretan, txostenak egin zitzatela eskatu zitzaien Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuari, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuari, NOPLOIko Elikagaien Segurtasunaren eta Ingurumen Osasunaren Zerbitzuari eta Ondare Historikoaren Zerbitzuari, nork bere eskumenen esparruan, azpiegituren lurralde planaren aipatu aldaketari buruz. Aipatu unitateek eta Telekomunikazioen, Azpiegituren eta Zibersegurtasunaren Zerbitzuak aipatu txostenak egin dituzte dagozkien determinazioekin, eta ebazpen honen II. eranskinean bildu dira.
Aipatu atarian jendaurrean egon den bitartean, ez da alegaziorik aurkeztu.
2015eko ekainaren 24ko Erabakiaren bidez, 10/2002 Foru Legean arautzen diren Nafarroako Foru Komunitateko azpiegituren lurralde planei dagokienez, Nafarroako Gobernuak erabaki du telekomunikazioen arloan eskumenak dituen departamentuak tramitatu eta ebatziko dituela plan horiek.
Horrenbestez, indarra duen legerian ezarritakoarekin bat, eta Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 252/2023 Foru Dekretuaren lehenengo xedapen gehigarriaren bidez eman dizkidaten eskudantziak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
1. Telefónica Móviles España SAk aurkeztutako Nafarroako Foru Komunitatean duen Azpiegituren Lurralde Planaren 16. aldaketa onestea, barne direla ebazpen honen I. eranskinean ageri diren kokapenak eta II. eranskinean ageri diren determinazioak, ukitutako instalazioek bete beharko dituztenak.
2 Ebazpen hau igortzea Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzura, Lurralde eta Paisaia Zerbitzura, NOPLOIko Elikagaien Segurtasunaren eta Ingurumen Osasunaren Zerbitzura, Ondare Historikoaren Zerbitzura eta Telekomunikazioen, Azpiegituren eta Zibersegurtasunaren Zerbitzura.
3. Ebazpen hau eta dagozkion eranskinak Telefónica Móviles España SAri jakinaraztea, eta aditzera ematea haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean, bat etorriz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126. artikuluan eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan xedatutakoarekin.
4. Ebazpen hau eta dagozkion eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.
Iruñean, 2024ko abuztuaren 6an.–Telekomunikazioetako eta Digitalizazioko zuzendari nagusia, José Antonio Vizcay Urrutia.
I. ERANSKINA.–AZPIEGITUREN LURRALDE PLANAREN ALDAKETA HONETAN SARTUTAKO ESTAZIOAK
ESTAZIOA | KODEA | HERRIA | X KOOR. | Y KOOR. |
P/GAZTELUKO PLAZAKO PARKINGA | 3100453 | IRUÑA | 610925 | 4741315 |
P/SAN JOAN JAINKOARENA | 3100466 | IRUÑA | 612520 | 4741386 |
P/MAITEMINDUAK | 3100653 | IRUÑA | 610186 | 4742299 |
TUTERA/ELO | 3100678 | TUTERA | 615888 | 4657171 |
PUIU/ORG | 3101037 | PUIU | 610656 | 4711718 |
ZANGOZA/HEGOA | 3101226 | ZANGOZA | 641365 | 4714521 |
LARRAIOTZ MINI | 3101292 | TXULAPAIN | 604905 | 4750600 |
BUÑUEL/HERRIGUNEA | 3101357 | BUÑUEL | 628270 | 4648567 |
* Datum ETRS-89 (30. EREMUA) sisteman eman dira koordenatuak |
II. ERANSKINA.–DETERMINAZIO OROKORRAK
–Elikagaien Segurtasunaren eta Ingurumen Osasunaren Zerbitzuak emandako txostenean ezarritakoa betez:
Irekitzeko lizentziaren fasean, eta oinarrizko estazioak martxan jarri baino lehen, teknikari eskudun baten ziurtagiria aurkeztuko da dagokion udalean. Ziurtagiri horretan justifikatuko da estazioak proiektu teknikoarekin eta aurkeztutako eranskinekin bat egin direla, eta emisio irrati-elektrikoetako esposizio mailen neurketa errealen emaitzak emanen dira. Neurketak erradiazio handiena den iristeko moduko tokian eginen dira, barne direla bereziki aintzat hartu beharreko erabilera-eremuak, baldin badaude, urtarrilaren 11ko CTE23/2002 Aginduan eta geroko aldaketetan ezarritako prozedurari jarraikiz eta maiatzaren 6ko 10/2002 Foru Legean ezarritakoarekin bat. Hori dena I. eranskinean aipatzen diren tokientzat.
–Biodibertsitatearen Zerbitzuak emandako txostenean ezarritakoa betez:
Hiri-lurzoruan kokatutako 6 tokiak –bana Larraiotz, Zangoza eta Tutera udalerrietan, eta 3 Iruñean– ez dira ingurumen ebaluazioaren xede, ez baitago kasu hori jasota Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen eranskinetan.
Lurzoru urbanizaezinean dauden gainerako bi tokiei dagokienez, honako hau jakinarazten da:
- Buñuel/Herrigunea, Buñuel udalerriko herrigunean, UTM ETRS89 koordenatu-puntu honetan kokatua: X, 628270; Y, 4648567. Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuko zuzendariaren maiatzaren 24ko 154E/2024 Ebazpenaren bidez, ingurumenari dagokionez aldeko txostena eman zen oinarri-estazioa eta dorrea jartzeko, bai eta horiek elektrizitatez eta zuntz optikoz hornitzeko ere.
- Puiu/ORG, Puiuko udalerrian, UTM ETERS89 koordenatu-puntu honetan kokatua: X, 610.656; Y: 4.711.718. Oinarri-estazio hori 2003. urtean egin zen, ingurumenaren inguruko araudia indarrean sartu aurretik. Beraz, ez zen ingurumen ebaluaziorik egin. Ondoren, Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendariaren azaroaren 25eko 391E/2022 Ebazpenaren bidez, aldeko txostena eman zen estazio hori zuntz optikoz hornitzeko.
Bi kokalekuek administrazio honen ingurumen esku-hartzea dutenez, jakinarazten da ez dela beharrezkoa ingurumen ukipenen ebaluazioa egitea, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen arabera.
–Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak emandako txostenean ezarritakoa betez:
- Azpiegiturei buruzko lurralde planean aurreikusitako instalazioek, dagokion udaleko hirigintza-plangintzak hiri-lurzoru gisa sailkatutako lurzoruan kokatzen diren kokalekuetan, ez dute lurzoru urbanizaezinean baimendu daitezkeen jardueren baimenik beharko, hargatik eragotzi gabe beste organo edo administrazio batzuen lizentzia, baimena edo txostena behar izatea.
- Larraiotz MINI 3101292 (Txulapaingo udal-mugartean, indarrean dagoen udal-plangintzarik gabe) kokaguneko instalazioek, zeinak azpiegiturei buruzko lurralde planean baitaude, ez dute baimenik beharko, hargatik eragotzi gabe beste organo edo administrazio batzuen lizentzia, baimena edo txostena behar izatea, eta, betiere, ezartzen diren eraikinen legezkotasuna egiaztatzen bada. Ezin bada legezkotasuna egiaztatu, legeztatzeko eskatu beharko da, uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsitako Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 117. artikuluan ezarritako prozedura betez.
- Buñuel/Herrigunea 3101357 instalazioa (Buñuelgo udal-mugartean), zeina azpiegiturei buruzko lurralde planean baitago, baimenduta dago dagoeneko, eta ez du lurzoru urbanizaezinean baimendu daitezkeen jardueren baimen berririk beharko, hargatik eragotzi gabe beste organo edo administrazio batzuen lizentzia, baimena edo txostena behar izatea.
- Puiu/ORG 3101037 instalazioa, zeina azpiegiturei buruzko lurralde planean baitago, jarduera baimendua da, eta ez du lurzoru urbanizaezinean baimendu daitezkeen jardueren baimenik behar, hargatik eragotzi gabe beste organo edo administrazio batzuen lizentzia, baimena edo txostena behar izatea.
Iragarkiaren kodea: F2411966