176. ALDIZKARIA - 2024ko abuztuaren 29a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

TUTERA

"La Cometa" udal ludotekaren erregelamenduaren onespena

Tuterako Udalak, 2023ko azaroaren 27ko osoko bilkuran, erabaki zuen "La Cometa" udal ludotekaren erregelamendu berria onestea.

Argitara ematen da, onetsitako araudiarekin batera, orok jakin dezan.

Tuteran, 2024ko uztailaren 17an.–Alkate udalburua, Alejandro Toquero Gil.

"LA COMETA" UDAL LUDOTEKAREN ANTOLAKETAREN ETA FUNTZIONAMENDUAREN ERREGELAMENDUA

SARRERA

Toki-araubidearen oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legeak 25.1 artikuluan ezartzen duenez, udalerriak, bere interesak kudeatzeko eta bere eskumenen barrenean, era guztietako jarduerak sustatzen ahal ditu eta behar adina zerbitzu publiko eman, herritarren beharrak eta nahiak betetzearren. Berariaz adierazten da 25.1 artikuluan bertan, 2.k apartatuan, udalek gizarte zerbitzuak emateko eskumenak izanen dituztela.

Ildo horretan, eta kontuan izanik jolasa dela haurren garapen globalari laguntzen dion faktoreetako bat, Tuterako Udalak ludoteka zerbitzua sortu du eta horren funtzionamendua arautu du erregelamendu honen bitartez.

1. artikulua. Xedea.

"La Cometa" udal ludotekaren antolaketari eta funtzionamenduari buruzko arauak ezartzea du xede erregelamendu honek.

2. artikulua. Zerbitzuaren ezaugarriak.

"La Cometa" udal ludoteka Udalak egiten duen zerbitzua da. Badu bere hezkuntza proiektua eta horren helburu nagusia da astialdian haurrak jolasaren eta jostailuen bitartez heztea. Jolaserako materialak eta irizpide pedagogikoen arabera hautatutako jostailuak ditu erabiltzaileen zerbitzurako.

Jarduera programatuak, lantegiak, txokoetan antolatutako jolas libreak eta haurrentzako animazioa eskaintzen ditu, beste zerbitzu batzuekin batera (orientazioa, aholkularitza eta komunitateko beste eragile batzuekiko koordinazioa).

Toki ludikoa da, irudimena eta sormena lantzeko balio duena, eta laguntzen duena haurren garapen integralean eta haien artean berdintasunean oinarritutako gizarte harremanak edukitzen. Orobat, familia eta lana bateragarri egiteko balio du.

3. artikulua. Zerbitzuaren titulartasuna.

"La Cometa" udal ludotekaren titularra Tuterako Udala da eta berak zuzenean kudeatzen du, zerbitzuaren antolaketaz, funtzionamenduaz eta arretaz arduratzen diren ludotekako bi monitoreren bitartez.

4. artikulua. Ludotekako zerbitzua erabiltzeko baldintzak.

Tuteran bizi, 3 eta 12 urte artekoak izan eta Haur Hezkuntzan edo Lehen Hezkuntzan eskolaturik dauden haurrek erabili ahal izanen dute Udalaren ludoteka zerbitzua.

Ludoteka zerbitzua erabiltzeko, aurreko apartatuan ezarritako baldintzak betetzen dituzten haurrek Udalaren Herritarren Arretarako Zerbitzuan erosi beharko dute hiruhileko abonua edo 20 ordukoa, eta han aurkeztu beharko dituzte ezarritako deskontuak edukitzeko bide ematen dieten egiaztagiriak. Eguneko sarrera, berriz, ludotekan bertan erosi behar da.

Ludotekan erakutsi beharko dira ordaindu izanaren egiaztagiriak eta "Baimena eta datu pertsonalak" deritzon eranskina.

5. artikulua. Zerbitzuaren ordutegia.

Ordutegi hau izanen du:

–Astelehenetik ostiralera, 16:00etatik 19:00etara.

–Larunbatetan eta Gabonetako eta Aste Santuko oporraldietan, 11:00etatik 13:00etara.

–Udako ordutegia, 10:00etatik 13:00etara.

6. artikulua. Erabiltzaile kopurua.

Gehienez 50 haur sartuko dira, eta kopuru hori gaindituz gero, sarrera murriztu eginen da. "Beterik" dioen kartela jarriko da.

Ludotekako monitoreren bat falta denean, sartzen ahal diren bazkideen kopurua 35era murriztuko da.

7. artikulua. Guraso eta tutoreak.

Guraso edo tutoreak ezin izanen dira ludotekan gelditu haurrak jolasean ari diren bitartean.

Gurasoak arduratuko dira haurren sartu-irtenez, eta ordutegia beteko dute. Zerbitzua ixteko orduari jaramonik egin ezean zehapena ezarri ahalko zaie.

8. artikulua. Haurrek parte hartzeko modua.

–Hainbat jolas-txoko aukeran. Mugigarritasuna.

–Jostailuen mailegua ludoteka barnean erabiltzeko.

–Jostailuak haurren eskura, gaiaren eta adinaren arabera sailkaturik ESAR sistema erabiliz.

–Jostailua zuzenean itzultzea bere txokora.

–Liburuen mailegua kanporako.

9. artikulua. Higiene ohituren eta hizkera egokiaren sustapena.

Haurrek hall-ean hartu ahalko dute askaria edo hamaiketakoa, jolas eremura janaririk gabe eta eskuak garbi sar daitezen. Horrela higiene ohiturak sustatuko dira.

Garrantzi handia ematen zaio hizkuntzaren erabilera egokiari eta jolasten ari diren haurren artean hitz itsusi eta irainik ez izateari.

10. artikulua. Kasu bereziak.

Hezkuntza premia bereziak dituzten haurren kasuak aztertuko dira, ludotekako dinamikan ongi molda daitezen. Bestela, kasu bakoitzean hartu beharreko neurriak zehaztuko dira.

11. artikulua. Erabiltzaileen eskubideak.

Ludotekako erabiltzaileek eskubide hauek dituzte:

1) Ludotekako jardueretan parte hartzea, beterik ez baldin badago, eta instalazioak eta materiala berdintasunez erabiltzea, ezarritako adin eta espazioen barnean.

2) Haurrei zuzenean edo haien guraso eta tutoreei informazioa ematea ludotekako jarduera eta programen gainean.

3) Gurasoen edo tutoreen bitartez iradokizunak eta erreklamazioak egitea.

4) Zerbitzua kudeatzeko ematen diren arau edo jarraibideak beti eskura edukitzea.

12. artikulua. Erabiltzaileen betebeharrak.

Ludotekako erabiltzaileek betebehar hauek dituzte:

1) Erregelamendu hau betetzea.

2) Ludotekako instalazioak eta materiala behar bezala erabiltzea.

3) Jolas lagunak errespetatzea.

4) Ludotekako monitoreek instalazioen eta materialen erabilerari eta jarduerei buruz ematen dituzten ohar eta aginduak betetzea.

5) Guraso eta tutoreek, halaber, ludotekako monitoreen aginduak bete behar dituzte, eta bereziki, arin ibili behar dira haurrak zerbitzuaren hasieran ludotekara eramateko eta amaieran jasotzeko orduan.

2., 3. eta 4. puntuetako betebeharrak haurren adinari behar bezala egokituta eskatuko dira.

13. artikulua. Galerak eta lapurretak.

Udalak ez du erantzukizunik izanen ludotekan erabiltzaileek izan ditzaketen galera edo lapurretengatik.

14. artikulua. Arau-hausteak.

Erregelamendu honetan ezarritako betebeharrak erabat edo hein batean ez betetzea arau-haustea da.

Hona hemen arau-hauste arinak:

1) Instalazioak eta materiala behar adinako arretaz ez erabiltzea.

2) Ludotekako monitoreek emandako ohar eta aginduei kasu ez egitea.

3) Guraso edo tutoreak hamabost minutu bitarte atzeratzea haurrak hartzeko orduetan.

Hona hemen arau-hauste astunak:

1) Ludotekako instalazioetan edo materialean, nahita, kalte egitea.

2) Gainerako erabiltzaileekin iskanbilak sortzea.

3) Guraso edo tutoreak ordubete bitarte atzeratzea haurrak hartzeko orduetan.

4) Sei hilabetean hiru arau-hauste arin edo gehiago egitea.

Hona hemen arau-hauste oso astunak:

1) Ludotekako instalazio edo materialetan kalte handi eta nabarmenak egitea.

2) Instalazioez balia daitezen galaraztea gainerako erabiltzaileei.

3) Guraso edo tutoreak ordubete baino gehiago atzeratzea haurrak hartzeko orduetan, horrela traba handia egiten baitiote zerbitzuaren ohiko funtzionamenduari.

4) Sei hilabetean bi arau-hauste astun edo gehiago egitea.

15. artikulua. Erantzuleak.

Arau-hausteen erantzule zibil subsidiarioak beti izanen dira zerbitzua erabiltzen duten adingabeen guraso edo tutoreak.

16. artikulua. Zehapenak.

Ludotekako udal zerbitzu publikoa bere arloaren barnean duen zinegotziak ezarriko ditu zehapenak. Arau-hausteak astunak badira eta behin eta berriz egiten badira, erabiltzaileari baja ematea ekar dezakete.

Zehapenaren aurretik ludotekako monitoreek txostena eginen dute. Zehapenak idatziz jakinaraziko zaizkie haurren guraso edo tutoreei.

Erregelamendu honetan ezarritako arauren bat hautsiz gero, jarri den zehapena baldin bada ludoteka aldi batez erabiltzeko debekua, gerta liteke ludotekako monitoreek bertatik kanporatzea, modu prebentiboan, arau-haustea egin duen erabiltzailea, eta ludotekarako sarbidea ukatzea dagokion espedientea izapidetu eta, hala behar badu, zehapena jarri eta betetzen denera arte.

Egun horiek igarotakoan, erabiltzaileak berriro erabiltzen ahalko du ludoteka.

Arau-hauste arinengatik, zehapen gisa instalazioak erabiltzeko eskubidea kenduko da hamabost egunerako gehienez.

Arau-hauste astunengatik, zehapen gisa instalazioak erabiltzeko eskubidea kenduko da gutxienez hamabost egunerako eta gehienez hirurogei egunerako.

Arau-hauste oso astunengatik, zehapen gisa instalazioak erabiltzeko eskubidea kenduko da gutxienez hirurogei egunerako eta gehienez ikasturte osorako.

Arau-hauste astun eta oso astunengatiko zehapenetan beti eskatuko da egindako kalteen ordaina.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Erregelamendu hau indarrean jartzen denan indarrik gabe geldituko dira Tuterako Udalak ludotekako udal zerbitzuari buruz aurretik onetsitako araudi edo erregelamenduak.

Eranskina.–Baimena eta datu pertsonalak (DOC).

Iragarkiaren kodea: L2411175