2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
TEBAS-MURU ARTEDERRETA
Kudeaketako hirigintza-hitzarmena, Alto Las Heras parkea sortzeko. Behin betiko onespena
Alkatetzak 2024ko maiatzaren 14an emandako ebazpen baten bidez, hasiera batez onetsi zen kudeaketako hirigintza-hitzarmen bat Tebasko Kontzejuarekin, 1. poligonoko 405., 406., 500. eta 501. lurzatietan Alto de las Eras izeneko parkea sortzeko.
Espedientea jendaurrean egon zen 20 egun baliodunean, iragarkia 2024ko 106. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, maiatzaren 23an, argitaratu zenetik hasita, azter zedin eta bidezko alegazioak aurkez zitezen; hori guztia, uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 25. artikuluan xedatutakoari jarraikiz (foru dekretu horren bidez onetsi zen Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina).
Alkatetzak 2024ko ekainaren 24an emandako 109 Ebazpenaren bidez, behin betiko onetsi zen kudeaketako hirigintza-hitzarmen bat Tebasko Kontzejuarekin, 1. poligonoko 405., 406., 500. eta 501. lurzatietan Alto de las Eras izeneko parkea sortzeko.
Argitara ematen da bat etorriz uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 25. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoarekin (legegintzako foru-dekretu horren bidez onetsi zen Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina).
Tebas-Muru Artederretan, 2024ko uztailaren 23an.–Alkatea, Yolanda Obanos Irure.
LANKIDETZA-HITZARMENA, ALTO DE LAS HERAS PARKEA SORTZEKO
Tebasen, 2024ko ekainaren 24an.
BILDURIK:
Alde batetik, Yolanda Obanos Irure, Tebas-Muru Artederretako alkatea, erakunde horren ordezkari gisa.
Bestetik, Francisco Javier Zamora Jimenez, Tebasko Kontzejuko burua, erakunde horren ordezkari gisa.
Alde biek, ordezkari diren aldetik, elkarri aitortzen diote nahikoa legezko ahalmen agiri hau sinatzeko, eta
ADIERAZTEN DUTE:
1. Tebas-Muru Artederretako Udal Planean jasota dago hiri-parke handi bat egitea, hartuko dituena udal katastroko 1. poligonoko 405., 406., eta 501. lurzatien parte bat eta 500. lurzati osoa. Lur horiek hiri-lurzoru finkatu gisa sailkatuta daude Udal Planean.
2. Tebasko Kontzejua lur horien guztien jabea da, 500. lurzatiarena izan ezik, eta hiri-parke hori sortu nahi du, harenak diren lurzatiak, gaur egun, ez direlako ezertarako erabiltzen.
Obra horren bidez, bada, hiri-ingurunea hobetu nahi du, eta herrian azpiegitura berri bat paratu, aukera emanen duena askotariko ekitaldiak eta ospakizunak egiteko aire zabalean eta berdegune berri batean.
Proposatu da erdian laku artifizial bat jartzea, ekitaldiak egiteko tokia izanen duena. Beste gune bat ere izanen du, harmailekin (terrazetan antolatua eta abaniko itxurarekin), oinezkoentzako kanpo-bide batek mugatua eta konektatua. Toki zabala eta irekia izanen da, lorategiz inguratua. Askotariko belarkiak, landare apaingarriak eta zuhaitzak landatuko dira, multzo estetikoki atsegina sortzeko.
Orobat, proposatu da oinezkoentzako bide bat egitea, bide berde baten itxurakoa, hegoaldean. Bide horrek Teobaldo III.aren kalea eta parkearen sarrera lotuko ditu, Alto de las Eras kalean. Bide horrek parkea mugatuko du eta mendiaren magalaren topografiari jarraituko dio. Lurrak ahalik eta gutxien mugituko dira, orografia naturalari ahalik eta gutxien eragiteko. Helburua da, azken batean, ibilbide irisgarria, erosoa eta segurua izatea oinezkoentzat.
3. Udala zein kontzejua dira tokiko lurralde-entitateak, eta, hortaz, biak izaten ahal dira jabari eta erabilera publikoko ondasunen titular.
Horregatik, Udal Planaren xedea beteko da baldin eta ondasunak aipatutakoa gauzatzeko erabiltzen badira, jabari publikoaren titularra zer administrazio den gorabehera –udala edo kontzejua.
4. Plan Orokorrean jasotako parkeak zer azalera duen ikusita, zera proposatzen da: lehendabiziko fase batean 406. lurzatiaren parte bat –hiri-lurzoru gisa sailkatuta dagoena, alegia– eta 501. lurzatia egokitzea, eta gainerako azaleraren egokitzapena bigarren fase baterako uztea. Hala, bada, lehendabiziko fasean, planeamenduan aurreikusitako guztizko azaleratik 5.837 m² exekutatuko dira.

5. Udal Planaren helburua da inguru horretan berdegune handi bat egokitzea, herritarrek erabili eta hartaz goza dezaten. Hortaz, administrazio biek nahi dute planeamenduan ezarrita dagoena exekutatu eta inguru hori utzi jabari eta erabilera publikorako, eta horregatik sinatu dute lankidetza-hitzarmen hau, planeamenduan jasota dagoen hiri-parkea exekutatzeko honako estipulazio hauei jarraikiz:
ESTIPULAZIOAK:
1. Tebas-Muru Artederretako Udalak baimena ematen dio Tebasko Kontzejuari "Alto de las Eras kalean parke bat sortzea" deritzon exekuzio-proiektuan jasotako obrak exekutatzeko. Proiektu hori Albarrada Proyectos y Obras SLk idatzi du, eta haren bidez Udal Plan Orokorrean jasotako espazio publikoa egokitzeko lanen lehenbiziko faseari helduko zaio.
2. Tebasko Kontzejuak konpromisoa hartzen du bere gain proiektua osorik exekutatzeko eta lanak ordaintzeko, bai eta proiektutik datorren espazioa erabilera publikorako lagatzeko ere. Halaber, honako betekizun hauek betetzeko konpromisoa hartzen du:
–Proiektuaren berri eman beharko zaio Iruñerriko Mankomunitateari, erakunde horrek dagokion txostena eman dezan (proiektuak aplikatzekoa den araudi teknikoa betetzen duen ala ez aztertuko du).
–Lakuko ura mantentzeko sistemarako etxola egiteko parkearekiko harmonikoak diren materialak erabiliko dira.
–Lanak egiten diren bitartean, Eraikuntzako eta eraispenetako hondakinen sorrera eta kudeaketa arautzen dituen 23/2011 Foru Dekretuaren 6. artikuluan xedatutakoari jarraituko zaio.
3. Tebasko Kontzejuak konpromisoa hartzen du bere gain lanek ukitutako azaleraren kalifikazio juridikoa aldatzeko eta "jabari publikoko ondasun" izendatzeko, eta kalifikazio horri eusteko, aldatu gabe, bere inbentarioan.
Horretarako, Tebasko Kontzejuak ondasun horien kalifikazio juridikoaren ziurtagiria emanen dio Tebas-Muru Artederretako Udalari, espedientean sar dezan.
4. Tebas-Muru Artederretako Udalak konpromisoa hartzen du bere gain Tebasko Kontzejuari laguntza teknikoa eta juridikoa emateko, baldin eta beharrezkoa bada hitzarmen honen helburua lortzeko.
Eta ados daudela adierazteko, bi aldeek agiri hau sinatu dute, bi aldiz eta ondorio bakar baterako, idazpuruan zehaztutako tokian eta egunean.
Iragarkiaren kodea: L2411345