176. ALDIZKARIA - 2024ko abuztuaren 29a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA

52E/2024 FORU AGINDUA, abuztuaren 1ekoa, Lurralde Kohesiorako kontseilariak emana, behin betiko onesten duena Allingo Udal Plan Orokorraren aldaketa egituratzailea, hirigintza araudiaren 52. artikulua aldatzeari buruzkoa, Allingo Udalak sustaturik.

Allingo Udalak idazpuruan azaltzen den espedientea aurkeztu du Lurralde Kohesiorako Departamentuan, behin betiko onets dadin.

Espedientearen xedea da Allingo Udal Plan Orokorraren hirigintza araudiaren 52. artikulua aldatzea, Zalama aztarnategiaren katalogazio-kategoria 2. mailatik 3. mailara pasatzeko. Izan ere, maila horren araubideak aukera ematen du edozein erabilera baimentzeko, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalak aldeko txostena eman ondoren.

2024ko ekainaren 5ean, Ingurumen Eraginaren Atalak egindako txostenean adierazi zuen aldaketa hori ez dagoela sartuta Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen aplikazio eremuan.

Ikusirik aurkeztutako dokumentazioa, bai eta Lurralde eta Paisaia Zerbitzuaren txostena ere, bidezkoa da espedientea behin betiko onestea.

Azaldutakoarekin bat, eta Lurralde Kohesiorako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 249/2023 Foru Dekretuan xedatutakoari jarraikiz,

AGINTZEN DUT:

1. Behin betiko onestea Allingo Udal Plan Orokorraren aldaketa egituratzailea, hirigintza araudiaren 52. artikulua aldatzeari buruzkoa, Allingo Udalak sustaturik.

2. Foru agindu hau espedientearen sustatzaileari eta Ingurumen Ebaluaziorako Atalari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

3. Foru agindu hau Allingo Udalera igortzea, jakinaren gainean egon dadin eta behar diren ondorioak izan ditzan, eta, zehazki, dagokion hirigintzako araua argitara dezan Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta, hala, onetsitako hirigintza tresna indarrean jar dadin.

4. Adieraztea foru agindu honek ez duela administrazio bidea amaitzen. Administrazio publikoak ez diren interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, legezkotasunaren kontrolerako onespen egintza honen aurka, hilabeteko epean, foru agindu hau jakinarazi edo, hala badagokio, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Halaber, onetsitako hirigintza araudiaren aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, dagokion udalak eskaturik edukia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik aurrera.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

5. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2024ko abuztuaren 1ean.–Lurralde Kohesiorako kontseilaria, Óscar Chivite Cornago.

Iragarkiaren kodea: F2412106