176. ALDIZKARIA - 2024ko abuztuaren 29a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

BERRIOZAR

Deialdia, oposizio-lehiaketa bidez betetzeko zerbitzu anitzetako enplegatuaren lanpostu bat, D mailakoa, garbiketan jarduteko

Gobernu Batzarraren 2024ko abuztuaren 7ko erabaki baten bidez, deialdi bat onetsi zen, honako oinarri hauei jarraikiz:

OINARRIAK

1.–Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da Berriozarko Udalean zerbitzu anitzetako enplegatu izateko lanpostu bat betetzea, garbiketan jarduteko, lehia askearen, berdintasunaren, merezimenduaren, gaitasunaren eta publikotasunaren printzipioak betez eta oposizio-lehiaketa prozeduraren bidez. Lanpostu hori 65 zenbakiarekin identifikatuta dago plantilla organikoan.

1.2. Lanaldi osoko lanpostua izanen da. Lanaldiaren araubidea eta ordutegia zerbitzuaren beharretara egokituko dira; organo eskudunek noiznahi aldatzen ahalko dute, zerbitzuaren beharren arabera.

1.3. Lanpostuak D mailako lansariak izanen ditu, bai eta plantilla organikoan plaza horretarako jasotzen diren osagarri guztiak ere, bat etorriz xedaturik dagoenarekin Lansarien Behin-behineko Erregelamenduan (uztailaren 4ko 158/1984 Foru Dekretuaren bidez onetsia) eta Berriozarko Udalari aplikatzen ahal zaizkion gainerako xedapenetan.

1.4. Lanpostuko eginkizunak bat etorriko dira deialdian adierazitako kategoriari dagozkion eginkizunekin eta, besteak beste, izanen dira bide publikoak eta Udalaren eraikinak eta ondasunak garbitzea eta mantentzea. Dena den, gerta liteke obretako eta lorezaintzako arloetako lanak ere agintzea, arlo horiek Zerbitzu Anitzetako Departamentuaren mende daude eta.

Edozein eratako udal zerbitzuak ematea, eta hala Alkatetzak nola organo delegatuek bere esku uzten dituen beste edozein zeregin; betiere, bere eskumen, maila eta kategoriaren barrenean.

2.–Baldintzak.

2.1. Parte hartu nahi dutenek, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Espainiako nazionalitatea izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen den estaturen batekoa.

Parte har dezakete, era berean, espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatuetako herritarren ezkontideek, edo aipatutako nazioarteko tratatuen aplikazio-eremuan sartutako estatuetako herritarren ezkontideek, zuzenbidez bananduta ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bananduta ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira edo, hortik gorakoak izanez gero, haien kontura bizi badira.

b) Hamasei urte beteak izatea eta erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina gainditua ez izatea.

c) Gutxienez ere izatea DBHko graduatuko, eskola graduatuko, Lanbide Heziketako lehen graduko titulua edo baliokidea, edo eskaerak aurkezteko azken egunerako hori lortzeko baldintzak izatea.

Baldin atzerrian lortutako tituluak badira, eduki beharko da homologazioa frogatzen duen agiria.

d) Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea, bete behar diren eginkizunetan aritzeko.

e) Desgaitua edo gabetua ez egotea eginkizun publikoetan jarduteko, eta administrazio publikoaren zerbitzutik kendua ez izatea.

f) B motako ibilgailuak gidatzeko baimena izatea.

2.2. Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira oinarri honetan ezarritako baldintza guztiak, bai eta hautapen prozesuak iraun bitartean eta lanpostuaren jabetza hartu arte ere.

3.–Eskabideak eta aurkezteko epea.

3.1. Eskabideak aurkezteko epea.

Deialdian parte hartzeko eskabideak aurkezteko epea 30 egun naturalekoa izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.

3.2. Eskabidea aurkeztea eta formalizatzea.

Eskabideak nahitaez telematikoki aurkeztuko dira, Berriozarko Udalaren erregistro orokor elektronikoaren bidez (https://sedeelectronica.berriozar.es/eu/carpeta-ciudadana/). Aukeran, NAN elektronikoa / ziurtagiri elektronikoa edo Cl@ve erabil daitezke.

Urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.3 artikuluan ezarritakoaren arabera (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea), "administrazioek haiekin harremana nahitaez bitarteko elektronikoz izan beharra ezarri ahal izanen dute zenbait prozeduratarako eta pertsona fisikoen multzo batzuentzat, haien gaitasun ekonomikoagatik, gaitasun teknikoagatik, dedikazio profesionalagatik edo bestelako arrazoiengatik egiaztaturik badago behar diren bitarteko elektronikoetarako irispidea eta eskuragarritasuna badutela".

Halaber, 2024rako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko martxoaren 13ko 2/2024 Foru Legearen bigarren xedapen gehigarrian (Nafarroako Administrazio Publikoek deitutako hautapen prozesuei buruzko xedapenak) hau ematen da aditzera: "Nafarroako administrazio publikoei ahalmena ematen zaie Administrazioan sartzeko edo bertako lanpostuak betetzeko hautapen-prozesuen deialdietako eskabideak eta gainerako dokumentazioa bitarteko elektronikoen bidez aurkez daitezela eskatzeko."

Eskabidean, izangaiek adierazi beharko dute betetzen dituztela eskatzen diren baldintza guzti-guztiak hautapen-prozesuan parte hartzeko, eta horrekin batera 2.1. oinarrian zehaztutako agiriak ere aurkeztu beharko dituzte.

3.3. Eskaerari erantsi beharreko dokumentazioa.

Eskabideari honako agiri hauek erantsiko zaizkio, behar bezala bete ondotik:

a) Indarreko nortasun agiri nazionalaren edo pasaportearen fotokopia.

Europar Batasuneko beste estatuetako izangaien kasuan, jatorrizko herrialdeko nortasun agiri balioduna, indarra duena, non agertuko baita titularraren nazionalitatea, edo pasaportea.

Espainiako herritarren eta Europar Batasuneko beste estatu bateko herritarren ezkontide direnek, herritar horien ondorengoek eta –zuzenbidez bananduta ez badaude– ezkontidearen ondorengoek, 21 urtetik beherakoak badira, edo hortik gorakoak, baldin haien kontura bizi badira, pasaportea eta Europar Batasunean bizi den baten ahaide izatearen txartela; betiere, ez badira Europar Batasuneko estatu bateko herritarrak (izanez gero, aurreko apartatuan azaldutako dokumentazioa aurkeztu beharko dute).

b) 2.1. oinarriko c) apartatuan eskatzen den titulazio akademikoaren jatorrizkoa edo fotokopia.

c) Espedientea formalizatzeko eta azterketa eskubideetarako 15,53 euro ordaindu izanaren ordainagiria (diru-sarrera egiteko kontua: La Caixako ES84 2100 5184 5422 0009 8217). Dirua sartzean, hau adieraziko da: "Zerbitzu anitzak, garbiketa" eta, ondoren, izangaiaren NANa. Tasa ordaintzen ez bada, izangaia bazterturik geldituko da.

d) Euskaraz jakitea egiaztatzen duen dokumentazioa, merezimendu gisa baloratu dadin.

e) B motako gidabaimenaren kopia.

f) Denborak eta baliabideak egokitu daitezela eskatzeko, %33ko edo hortik gorako desgaitasuna duten izangaiek hori frogatu beharko dute, agiri hauetako baten kopiaren bidez:

–IMSERSOk edo autonomia erkidegoan eskumena duen organoak emandako ziurtagiria.

–Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren ebazpena, prestazio bat jasotzeko eskubidea onartzen diona hauetakoren bat izateagatik: ezintasun iraunkor osoa, ezintasun iraunkor absolutua edo baliaezintasun handia.

Desgaitasuna duten izangaiek epeak eta moduak egokitzeko eskatzen ahalko dute ariketak egiteko, hala behar izanez gero. Kasu horietan, eskabidean, beste orrialde batean, adierazi beharko dute zer nolako desgaitasuna duten eta zer egokitzapen eskatzen duten.

4.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, Berriozarko Udaleko alkateak ebazpen bat emanen du, izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du.

4.2. Behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko.

4.3. Erreklamazioetarako epea amaitutakoan eta haiek ebatzi ondoan, Berriozarko Udaleko alkateak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du. Ebazpen horretan bertan zehaztuko da probak non, noiz eta zer ordutan hasiko diren.

Ondoren, epaimahaiak gainerako ariketak egiteko iragarkiak argitaratuko ditu bere garaian, Berriozarko Udalaren egoitza elektronikoan.

Izangai bazterturik ez bada, onartuen behin betiko zerrenda zuzenean onetsiko da, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

4.4. Azterketa eskubideak ez dira itzuliko, baldin izangaiak bazterturik gelditzen badira izangaiei berei egozten ahal zaien arrazoi batengatik.

5.–Kalifikazio-epaimahaia.

5.1. Kalifikazio epaimahaia honako hauek osatuko dute:

1.–Epaimahaiburua: Iker Marriezcurrena Celaya, Berriozarko Udaleko alkatea.

–Ordezkoa: hark eskuordetza ematen dion zinegotzia.

2.–Epaimahaikidea: Raúl Maiza González, Berriozarko Udaleko bide-garbiketako arduraduna.

–Ordezkoa: Alberto Onieva Onieva, Berriozarko Udaleko lorategietako arduraduna.

3.–Epaimahaikidea: Rubén Gutiérrez Lacunza, Berriozarko Udaleko obra eta zerbitzuetako burua.

–Ordezkoa: hark eskuordetzen duena.

4.–Epaimahaikidea: Berriozarko Udaleko sindikatu-ordezkariek izendatzen dutena.

–Ordezkoa: Berriozarko Udaleko sindikatu-ordezkariek izendatzen dutena.

5.–Epaimahaikide-idazkaria: Bidane Zabalza Alonso, Berriozarko Udaleko giza baliabideetako arduraduna.

–Ordezkoa: Natalia Rodríguez Aguado, Berriozarko Udaleko idazkaria.

Kalifikazio epaimahaia hautaprobak hasi baino lehen eratuko da.

5.2. Kalifikazio epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa ez badago bertan.

5.3. Kalifikazio epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari horren berri eman, baldin badaude urriaren 1eko 39/2015 Legean abstentziorako jasotzen diren egoeretako batean (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea).

Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

5.4. Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdiaren oinarriak ulertu eta aplikatzeko moduari buruz sortzen diren auzi guztiak.

5.5. Kalifikazio epaimahaiak aholkulari espezialisten laguntza eskatzen ahal du proba baterako edo guztietarako. Aholkulari horien laguntza norberaren espezialitate teknikora mugatuko da.

6.–Oposizio-lehiaketaren nondik norakoak.

Oposizio-lehiaketa bi alditan eginen da, oposizioaldia lehenbizi eta lehiaketaldia gero, oinarri hauetan zehazten den gisara.

Izangaiek aurkezturiko merezimenduak baloratuko ditu epaimahaiak, ondotik heldu den baremoaren arabera baloratu ere. Merezimendu guztiak agiri bidez frogatu behar dituzte izangaiek, hautaprobetan parte hartzeko eskabidea aurkeztean, jatorrizko agirien bidez edo behar bezala konpultsatuen bidez. Hala izan ezean, ez dira kontuan hartuko.

6.1. Lehiaketaldia. Gehienez ere 5 puntu.

Izangaiek alegatu eta frogatzen dituzten merezimenduak honako baremo honen arabera kalifikatuko eta puntuatuko dira:

a) Europako Erreferentzia Esparruak finkatu euskarazko A1 mailari dagokion ziurtagiria edo titulua izateagatik, ofizialki egiaztatutako erakundeek emandakoa: 2,00 puntu.

b) Europako Erreferentzia Esparruak finkatu euskarazko A2 mailari dagokion ziurtagiria edo titulua izateagatik, ofizialki egiaztatutako erakundeek emandakoa: 3,00 puntu.

c) Europako Erreferentzia Esparruak finkatu euskarazko B1 mailari dagokion ziurtagiria edo titulua izateagatik, ofizialki egiaztatutako erakundeek emandakoa: 4,00 puntu.

d) Europako Erreferentzia Esparruak finkatu euskarazko B2 (hitz egiteko) eta B1 (idazteko) mailei edo horiek baino goragokoei dagokien ziurtagiria edo titulua izateagatik, ofizialki egiaztatutako erakundeek emandakoa: 5,00 puntu.

Titulu edo ziurtagiri bat baino gehiago aurkeztuz gero, epaimahaiak goragoko maila duena baizik ez du baloratuko.

Euskararen jakite maila egiaztatzen duten titulu eta ziurtagirien arteko baliozkotzeak ezartzeko, aintzat hartuko da Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen 210/2010 Ebazpena.

Epaimahaiak noiznahi eska ditzake izangaiek alegatutako merezimenduen gaineko azalpen eta datu osagarriak.

Euskararen jakite maila agiri bidez frogatu ez dutenei, eta eskabidean hala eskatu dutenei, dei eginen zaie proba egin dezaten, hizkuntza maila frogatzeko. Proba hori eginen da oposizioaldiko proba guztiak gainditu ondoren, eta gainditzen dituztenek soilik eginen dute, merezimendu horri dagokion puntuazioa emateko aurreko paragrafoko baremoaren arabera.

6.2. Oposizioaldia. Gehienez ere 95 puntu.

Oposizioaldia 2024ko urritik aurrera hasiko dela aurreikusten da. Izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean berean ezarriko da lehen ariketa non, noiz eta zer ordutan eginen den.

Hautapenaldiko proba bakoitzaren kalifikazioa emandakoan, epaimahaiak behin-behineko kalifikazioak argitaratuko ditu Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian, eta bost eguneko epea emanen du izangaiek alegazioak aurkezteko. Epaimahaiak alegazioak ebatzi ondoren, behin betiko kalifikazioak onetsiko dira eta horiek ere iragarki-taulan eta Udalaren web-orrian argitaratuko; behar denean, proba gainditu duten izangaiak eta baztertuak azalduko dira –behar dena–, baita hurrengo proba egiteko tokia, eguna eta ordua ere, gutxienez ere berrogeita zortzi ordu lehenago.

Hautapen prozesua bi proben bidez eginen da. Bata teorikoa izanen da, eta bestea praktikoa.

6.2.1. Proba teorikoa: 70 galderari erantzun beharko zaie 90 minutuan gehienez. Galderak deialdi honen II. eranskineko gai-zerrendari buruzkoak izanen dira, eta bakoitzak hiru edo lau erantzun izanen ditu aukeran, baina bat bakarra izanen da zuzena. 35 puntu eskuratzen ahal dira, gehienez, eta erantzun oker bakoitzeko 0,17 puntu kenduko da. Bazterturik geldituko dira proban 17,50 puntu, gutxienez, lortzen ez duten izangaiak; hau da, gehieneko puntuazioaren erdia lortzen ez dutenak.

Proba hau egiteko ezin da inolako testurik kontsultatu, ez eta kalkulagailurik edo bestelako materialik erabili ere, ez bada bolaluma urdina edo beltza.

6.2.2. Proba praktikoa: proba praktiko bat edo batzuk eginen dira, lanpostuaren eginkizunekin lotura dutenak; epaimahaiak zehaztuko ditu. Probari gehienez 60 puntuko balioa emanen zaio. Bazterturik geldituko dira proban 30 puntu, gutxienez, lortzen ez duten izangaiak; hau da, gehieneko puntuazioaren erdia lortzen ez dutenak.

7.–Probak gainditzen dituztenen zerrenda.

7.1. Proben kalifikazioa bukatu ondoren, epaimahaiak gainditu duten izangaien zerrenda argitaratuko du Berriozarko Udalaren web-orriko egoitza elektronikoan, lortutako guztizko puntuazioaren arabera antolatua, izangai bakoitzak oposizioaldian eta lehiaketaldian lortutako kalifikazioak batuta.

7.2. Prozeduran parte hartzen dutenen puntuazioan berdinketarik gertatuz gero, oposizioko bigarren ariketan (proba praktikoa) puntuaziorik handiena duenaren alde ebatziko da.

Berdinketa badago oraindik, oposizioko lehen ariketan (proba teorikoa) puntuazio handiena lortu duenaren alde ebatziko da. Arestian ezarritako irizpideak aplikatuta ere berdinketak segitzen badu, ebatziko da kalifikazio-epaimahaiak eginen duen berariazko zozketa bakar baten bidez.

8.–Izendapen proposamena eta agirien aurkezpena.

8.1. Izendatzeko proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoko 30 egun naturalen barrenean, proposatutako izangaiak honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu:

a) Lan arloko Balorazio Klinikoaren eta Ikuskatzailetza Medikoaren Atalak egindako txostena (Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko Lan Osasunaren Zerbitzuko atala), edo, hala badagokio, Berriozarko Udalak izendatutako eta behar bezala akreditatutako kanpoko erakunde batek egindako txostena, frogatzen duena ez duela eritasunik edo akats fisiko edo psikikorik, eragotziko liokeenik lanpostuaren eginkizunak betetzea.

Izangaiek desgaitasunen bat alegatu badute, gainera, aurkeztu beharko dute desgaitasuna deialdiko lanpostuarekin bateragarria dela dioen frogagiria, balorazio eta orientazio talde eskudunek emana.

b) Zinpeko deklarazio edo deklarazio solemne bat, aditzera emateko pertsona ez dagoela desgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan aritzeko eta ez dela kendua izan administrazio publikoren baten zerbitzutik.

Izangaiak Espainiako nazionalitatea ez badu, zinpeko deklarazio bat aurkeztu beharko du, adierazteko ez duela diziplina-zehapenik edo zigor penalik, eragozten dionik sartzea bere estatuko funtzio publikoan.

c) Europar Batasunetik kanpoko herrialderen batekoa bada, bertan bizi eta lan egiteko baimena, legeek ezarritako kasuetan.

8.2. Inork agiri horiek adierazitako epean aurkezten ez baditu, behar bezala arrazoitutako ezinbesteko kasuetan izan ezik, ezin izanen da izendatu eta haren jarduketa guztiak deuseztatu eginen dira. Hori, dena dela, ez da eragozpen izanen eskabidea faltsutzeagatik duen erantzukizuna eskatzeko, kasua bada.

8.3. Aurreko apartatuan ezarritako kasuan, prozesua gainditu duten izangaien zerrendan hurrengoa den izangaiarekin beteko da hutsunea, eta aurreko apartatuetan adierazitako prozedura bera erabiliko da harekin.

9.–Izendapena eta lanpostuaz jabetzea.

9.1. Izendapena.

Eskatutako agiriak aurkeztu ondoan, Tokiko Gobernu Batzarrak hartutako erabaki baten bidez, administrari-ofizial izendatuko da oposizioa gainditu duen izangaia, lortutako azken puntuazioaren ordenaren arabera.

Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

9.2. Jabetza hartzea.

Izangaiak izendapenean zehazten den egunean jabetu beharko du lanpostuaz.

Ezarritako egunean lanpostua hartzen ez dutenek Berriozarko Udalean sartzeko eskubide guztiak galduko dituzte, ezinbesteko kasuetan izan ezik. Hala bada, deialdiaren 8.3 apartatuan ezarritakoari jarraikiko zaio.

Hautaprobak gainditu eta deialdiaren xede den lanposturako izendatua izan ondoren, Udalean sartu eta funtzionario bihurtzen den izangaia Gizarte Segurantzako Araubide Orokorrean afiliatu, eta hartan alta emanen zaio araubide horren babesean, salbu jadanik afiliaturik badago edo Nafarroako Administrazio Publikoetako Eskubide Pasiboen eta Osasun eta Gizarte Laguntzako beste araubide batean izena emana bada; orduan, eta izendatu aurretik, babes araubide horretan segitzea ala Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean afiliatzea aukeratzen ahalko du.

Izangai bat funtzionario bihurtu eta lanpostuan batere aritu gabe, zuzenean eta berak eskatuta, borondatezko eszedentzia ematen bazaio jabetza hartzearen egunetik beretik, data horretan beste administrazio publiko batean ari delako, kasuko lanpostu hutsa ere deialdiaren 8.3 apartatuak agintzen duen moduan beteko da.

10.–Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendak.

10.1. Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42. artikuluari jarraikiz, honako zerrenda hauek sortuko dira, aldi baterako kontrataziorako, hautapen-prozesuan parte hartu ondotik lanpostua lortu ez duten izangaiekin:

a) Probak gaindituta ere lanposturik lortu ez duten izangaien zerrenda.

b) Lehen ariketan probaren gehieneko puntuazioaren %30 gutxienez lortu duten izangaien zerrenda.

10.2. Probak gaindituta ere lanposturik lortu ez dutenen zerrenda eta Berriozarko Udalean kontratatua izateko izangaien zerrenda.

Sartzeko hautapenaren epaimahaiak espedientea igorri ondoren, Berriozarko Udaleko alkate udalburuak ebazpen bat emanen du honako zerrenda hauek onesteko: probak gaindituta ere lanposturik lortu ez dutenen zerrenda, batetik, eta lehen ariketan probaren gehieneko puntuazioaren %30 gutxienez lortu duten izangaien zerrenda, bestetik.

Hauxe izanen da aldi baterako kontratazioen zerrendaren hurrenkera: probak gainditu bai, baina lanposturik lortu ez dutenen kasuan, hautapen-prozesuan lortutako puntuazioaren arabera; gainerako izangaien kasuan, lehenbiziko ariketan lortutako puntuazioaren arabera. Berdinketarik gertatzen bada, hura ebazteko, aplikatuko dira deialdi honetan kasu horietarako ezarritako irizpideak.

Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendan agertzeak ez du esan nahi interesdunei onartzen zaienik betetzen dituztela 2. oinarrian ezarritako baldintzak; izan ere, horiek frogatu beharko dituzte oinarri honetan adierazten den bezala.

Izangaiei aldi baterako kontrataziorako deitu eta, kasua bada, haiek kontratatzerakoan, honako hauetan xedatutakoari jarraikiz jokatuko da: abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 88.b artikulua eta hurrengoak (legegintzako foru dekretu horren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina), eta Berriozarko Udalak onetsitako kudeaketarako arau indardunak.

Aski justifikatutako ezinbesteko kasuetan izan ezik, kontratatuak izateko eskatzen zaizkien agiriak aipatu epean aurkezten ez dituztenek eta eskatutako baldintzak betetzen ez dituztenek galdu eginen dituzte deialdian parte hartzearen ondoriozko eskubide guztiak, horrek deusetan eragotzi gabe parte hartzeko eskabidea faltsutzeagatik dagokien erantzukizuna, kasua bada.

11.–Datuen babesa.

Bat etorriz 2016/679 (EB) Erregelamenduaren (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra, DBEO) 13. artikuluan ezarritakoarekin, izangaiei honako honen berri ematen zaie:

–Deialdiko parte-hartzaileek emandako datu pertsonalen tratamenduaren arduraduna Berriozarko Udala da.

–Datuen tratamenduaren helburua da langileak hautatzea eta deialdiko lanpostuak betetzea.

–Hona oinarri juridikoa: DBEOren 6.1.c) artikulua (tratamendua beharrezkoa da, tratamenduaren arduradunari aplikagarria zaion lege-betebeharra betetzeko), eta DBEOren 6.1.b) artikulua (tratamendua beharrezkoa da, interesduna parte den kontratu bat gauzatzeko edo interesdunaren eskariz kontratuaren aurreko neurriak aplikatzeko).

–Datuak zer helburutarako bildu diren, helburu hori lortzeko beharrezkoa den denbora guztian gordeko dira, bai eta deialdiaren edo datuen tratamenduaren ondoriozko erantzukizun guztiak zehazteko beharrezkoa den denbora guztian ere. Artxiboen eta dokumentazioaren gaineko araudian ezarritakoa aplikatuko da (Nafarroako Toki Erakundeen agiriak ebaluatu eta ezabatzeko jarraibideak).

–Datuak komunikatuko dira legeak aurreikusitako kasuetan (5/2015 Legegintzako Errege-Dekretua, urriaren 30ekoa), barnean dela gardentasunaren atarian argitaratzea, bat etorriz 5/2018 Foru Legearen 19.2. f artikuluarekin.

–Titularrek eskubidea izanen dute datuetan sartzeko, datuak zuzentzeko, deuseztatzeko, tratamendua mugatzeko, kontra egiteko eta datuak eramateko, udal bulegoetara joz, datuak babesteko ordezkariaren bidez dpd@berriozar.es helbidean edo webgunearen bidez (www.berriozar.es).

–Halaber, eskubidea dute erreklamazioa aurkezteko Datuak Babesteko Espainiako Bulegoan (aepd.es), uste badute datuen tratamendua ez datorrela bat indarrean den araudiarekin.

12.–Errekurtsoak.

12.1. 39/2015 Legearen 112. artikuluan aipatzen diren kalifikazio epaimahaiaren egintzen aurka (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea), gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da, alkateari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

12.2. Deialdi honen oinarrien kontra edo aplikatzeko egintzen kontra, egintza horiek ez badira epaimahaiak eginak, errekurtso hauetakoren bat paratzen ahal da, hautara:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintzaren organo egileari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioko organo eskudunari zuzendua, uztailaren 13ko 29/1998 Legean xedatutakoaren arabera (Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen Legea), bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

Hori guztia, bat etorriz ezarrita dagoenarekin urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea) eta uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 333. artikuluan (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).

I. ERANSKINA.–GAI-ZERRENDA

1. Nafarroako toki-erakundeen lege araubidea: udalerriak. Tokiko eskumenak. Antolaketa eta administrazioa.

2. Berriozarko Udala. Osaera. Kideak hautatzea. Osoko bilkura, Alkatetza eta Gobernu Batzarra. Informazio batzordeak. Udal sozietateak.

3. Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutua. Langile motak. Funtzionario izaera eskuratzea eta galtzea. Egoera administratiboak. Lanpostuak betetzea. Ordainsariak. Eskubideak eta betebeharrak. Diziplina araubidea.

4. Garbiketa zerbitzuaren antolamendua eta kontrola. Lan taldeak. Garbiketako langileen eginkizunak. Garbiketari buruzko kontzeptu orokorrak. Garbiketako materialaren zainketa.

5. Garbitzeko sistemak, tresnak eta makinak.

6. Ekorketa-sistemak: antolamendua, bitartekoak eta motak.

7. Kaleen garbiketa mekanizatua eta ez-mekanizatua.

8. Hondakin eta zaborren sailkako bilketa: hondakin bakoitza behar den bezala bereiztea eta botatzea.

9. Iturgintzako, zurgintzako, pinturako, soldadurako, igeltserotzako, elektrizitateko eta lorezaintzako materialak eta tresnak ezagutzea, erabiltzea eta mantentzea.

10. Oinarrizko eragiketak eta konponketa ohikoenak iturgintzan, zurgintzan, pinturan, soldaduran, igeltserotzan, elektrizitatean eta lorezaintzan.

11. Laneko arriskuen prebentzioa, arau-esparrua: 31/1995 Legea, Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzkoa. Laneko segurtasun eta osasunari buruzko ezagutzak: arrisku motak eta horiek prebenitzea; norbera babesteko ekipamenduak.

12. Berriozar. Udala: udalaren antolaketa eta eskumenak. Biztanleria eta geografia. Udalerriko kale, auzo eta bideak. Zerbitzu publikoak. Instalazio eta ekipamendu publikoak.

13. Berriozarko Udalaren eremu publikoaren ordenantza.

Berriozarren, 2024ko abuztuaren 7an.–Alkatea, Iker Mariezcurrena Celaya.

Iragarkiaren kodea: L2412002