1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
657E/2024 EBAZPENA, abuztuaren 7koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ingurumen-inpaktuaren txostena egiten baita Red Eléctrica de España SAUk Castejóngo eta Valtierrako udalerrietan sustatzen duen "energia elektrikoa garraiatzeko zirkuitu sinpleko 220 kV-eko Erriberri-Serna aireko linea 199. eta 203. euskarrien artean aldatzea" proiektuari buruz.
2024 maiatzaren 7an, organo eskudunak (Azpiegitura Energetikoen Atala) goian aipatutako proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua hasteko eskaera igorri dio Ingurumen Ebaluazioaren Atalari. Proiektua Natura 2000 Sareko eremu babestuan dago. Espediente hori, bere ezaugarriengatik, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen II. eranskineko 4. multzoko b) letran sartuta dago.
21/2013 Legearen 46. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, ingurumen-inpaktuaren txostena eman aurretik, Ingurumen Ebaluazioaren Atalak kontsulta egin die ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei, oharrak edo iradokizunak egin ditzaten. Zazpi kontsulta egin dira, eta ez da erantzunik jaso legez ezarritako epean.
Proiektuaren deskribapena.
Proiektuaren helburua da Red Eléctrica de España SAUren zirkuitu sinpleko 220 kV-eko Erriberri-Serna aireko elektrikoa linea aldatzea, 199. eta 203. euskarrien artean, 1,265 kilometroko luzeran. Aldaketa horren abiapuntua ADIFen eskaera da, Zaragoza-Altsasu linea konbentzionala Castejón-Iruñerria abiadura handiko trenaren linearekin lotzeko konexioa eraikitzearen ondorioz, trenbide-azpiegituraren eraikuntzaren eragin-eremuan baitaude euskarri horiek. Aldaketa beharrezkoa da arauzko distantziak betetzeko.
Honetan datza aldaketa: linea pixka bat mugituko da, egungo linearen ekialdera. Berekin ekarriko du egungo linearen 976 metro desmuntatzea eta 200., 201. eta 202. euskarriak kokapen berrian kokatzea; 199. eta 203. euskarriak, berriz, egungo kokalekuan geldituko dira.
Egungo lineak bezala, aldaketaren trazadurak ukipena izanen du "Ebro ibaia" KBEan eta "Soto Alto" lekune naturalean.
–Ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua izapidetzea.
21/2013 Legearen 46. artikuluari jarraikiz, kontsultak egin zaizkie ukituriko administrazio publikoei eta interesdunei. Castejóngo eta Valtierrako udalei egin zaie kontsulta, bai eta zenbait erakunderi eta Nafarroako Gobernuko Naturaguneen eta Espezie Babestuen Atalari ere. Legean aurreikusitako epean, ez zaie eman erantzunik kontsulta horiei.
Proiektuaren analisia, 21/2013 Legearen III. eranskineko irizpideak kontuan hartuta.
Proiektuaren esparruak aurreikusten du lanak egitea Natura 2000 Sareko "Ebro ibaia" eremuan eta "Soto Alto" lekune naturalaren muturrean. Egin beharreko jarduketetatik, 200 zenbakiko euskarria baino ez dago KBEaren barruan, eta 43 metro inguru mugituko da, haren barrura. Desmuntatzekoak diren egungo 200. eta 201. euskarriak ere KBEaren barruan daude; horrenbestez, euskarrien balantzea KBEaren aldekoa da, bat gutxiago geldituko baita haren barruan. 200. eta 201. euskarriei dagokien baoa lekune naturalaren barruan dagoen bakarra da, eta 200 euskarria aldatzean, desplazamendu proportzionala izanen du lekune naturalaren barruan.
"Sahastiak eta makaldi mediterraneoak" intereseko habitat gisa kartografiatuta dago eremua. Ukitutako zuhaitz-landarediari dagokionez, ibaiertzeko lehenbiziko landaredian, Populus alba eta Salix alba espezieen oinak dira nagusi. Ondotik, Populus nigra espezieko makaldi zahar baten kimuberritzetik sortutako zuhaitz-oinak ukituko ditu, 199. eta 200. euskarrien arteko baoari dagokion zerrendan gehienbat. Sustatzaileak, ingurumen-dokumentuan, 0,69 hektareako ukipena kuantifikatzen du, eta, guztira, goian aipatutako espezieen 600 zuhaitz-oin inguru.
Sustatzaileak bateragarritzat jotzen du proiektuaren ukipenen multzoa, uste baitu ukipen gehienak ez-garrantzitsutzat edo bateragarritzat jotzen direla.
Proiektuak, besteak beste, honako prebentzio-neurri hauek aurreikusten ditu eraikuntza-prozesuan: bideak eta landatutako lursailak baino ezin dira erabili sarbide gisa; errei bakarra erabiliko da; debekatuta egonen da isurketak, hondakinak eta olioak botatzea, eta behar den eremu txikienari eraginen zaio ukipena. Faunari dagokionez, eremua ikuskatuko da lanak hasi aurretik.
Neurri zuzentzaile gisa, hauek nabarmentzen dira: eraikuntzaren ondorioz degradatutako eremuak eta desmuntatu beharreko euskarrien eremuak leheneratuko dira, eta gurutze katadioptrikoa duten txoriak babesteko balizak jarriko dira aldatutako tarte osoan, kadentzia normalizatuarekin.
Aurkeztutako dokumentazioa ikusita eta proiektua gauzatzearen eta ustiatzearen ondorioz sortzen ahal den ingurumen-inpaktua aztertuta, Ingurumen Ebaluazioaren Atalak ebatzi du ezen, kontsulten emaitza kontuan izanda eta 21/2013 Legearen III. eranskinean horri dagokionez jasotzen diren irizpideetan oinarrituta, proiektuak ez duela eragin kaltegarri nabarmenik izanen ingurumenean, ingurumen-inpaktuaren txosten honetan jasotako zehaztapenak betetzen badira.
Hala, ingurumen-inpaktuaren aldeko txostena formulatu da, txosten honetan jasotako baldintzak betetzearen mende, "energia elektrikoa garraiatzeko zirkuitu sinpleko 220 kV-eko Erriberri-Serna aireko linea 199. eta 203. euskarrien artean aldatzea" proiekturako. Halaber, adierazten da ez dela egokia ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egitea. Dena den, horrek ez du galarazten indarreko legediaren arabera behar diren gainerako baimenak lortzeko betebeharra.
Ingurumen-ebaluazio sinplifikatuaren prozedura egoki bete dela iritzita, eta adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentu-egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren abuztuaren 17ko 10/2023 Foru Dekretua eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura oinarrizkoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretua.
EBAZTEN DUT:
1.a Red Eléctrica de España SAUk Castejóngo eta Valtierrako udalerrietan sustatzen duen "energia elektrikoa garraiatzeko zirkuitu sinpleko 220 kV-eko Erriberri-Serna aireko linea 199. eta 203. euskarrien artean aldatzea" proiektuak ez du ondorio garrantzitsurik ingurumenean, eta, horrenbestez, ez du 21/2013 Legearen II. tituluko II. kapituluko 1. atalean aurreikusitako ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arruntik behar.
2.a Aurrekoa gorabehera, baimentzeak berekin ekarriko du honako baldintza hauek betetzea:
–Proiektuan jasotzen den bezala, aldatu beharreko bao guztietako lur-konexioko kableak seinalatuko dira, aspa katadioptriko motako txoriak salbatzeko balizak jarriz. Dorreek lur-konexioko bi lur-kable dituztenez, txoriak salbatzeko balizak 14 metrotik behin instalatuko dira, eta, hala, 7 metrokoa izanen da haien ikus-efektua.
–Jarduketa-eremua bisoi europarraren ohiko habitata denez, espeziearen ugalketa-aldian eragozpenik ez sortzeko, lanak irailaren 1etik martxoaren 31ra bitartean eginen dira.
Bisoiaren ugaltze-garaian obrak egin behar izanez gero, bisoiaren gaietako espezialista baten laguntza beharko da, jarduketa-eremua aldez aurretik azter dezan (Basozainak-Ingurumena Zaintzeko Taldearekin harremanetan jarriko da bisitan laguntzeko). Lanak hasi aurretik, espeziea eremuan ugaltzen ari dela baztertu beharko du, eta zehaztu beharko du zer baldintza diren egokienak espezieari ukipenik ez eragiteko. Jarraipen horiek txosten batean jasoko dira; txostena Ingurumen Jarraipenaren Bulegoari igorriko zaio, eta haren onespena beharko da lanak hasi ahal izateko.
–Landaredia babesteko neurriak zorroztuko dira, eta, ahalik eta kalte gutxien egiteko, jarduketarako ezinbestekoa baino ez da eginen. Horri dagokionez:
a) Ahal den heinean, moztea aurreikusten den landaredia errespetatuko da, batez ere altuera txikikoa izanik lineari eragiten ez diona, eta egitekoa den lerroaren azpian utziko da.
b) Ibaia gurutzatzen duen zatian, ahalik eta ukipen txikiena eraginen zaie ibaiertzeko zuhaitzei, eta lehentasuna emanen zaie inausketei zuhaitzak moztearen aldean. Inausketak egitean edo zuhaitzak moztean, ebaketa garbiak eginen dira, motozerraz, eta inola ere ez atzerako hondeamakina baten edo antzekoren baten ontziaz.
–Lanek ibaiertzeko landaredian ukipenik eraginez gero, inguruan landaketak eginez konpentsatu beharko dira, betiere trenbide-korridoreko obrek horretarako aukera ematen badute, eta, bestela, KBEaren barruan deklaratutako lursailen barruan egin beharko dira. Halaber, desmuntatu beharreko trazaduraren eremuan 2013an kendu zen partea, nahiz eta egindako ingurumen-inpaktuaren adierazpenean aurreikusita ez egon. Landaketa horiek bat etorriko dira Ebro ibaia KBEaren "Ibai-habitaten azalera kontserbatzea eta handitzea" helburu operatiboarekin (Ebro ibaia KBEaren kudeaketa-planean onetsitako "Ibai-habitatak" funtsezko elementuaren barruan).
–Horri dagokionez:
i.–Ukitutako zuhaitz- edo zuhaixka-espezie bateko ale bakoitzeko, espezie hauetako 3 ale landatuko dira: zume zuria (Salix alba), lizarra (Fraxinus angustifolia), zurzuria (Populus alba) eta, kasu puntualetan, beste zuhaitz batzuk, hala nola zumarra (Ulmus minor), haltza (Alnus glutinosa), elorri zuria (Crataegus monogyna)… Hori guztia azkenean aukeratutako kokalekuaren eta haren ezaugarrien mende egonen da.
ii.–Egungo baoak desegin ondotik leheneratuko den azalerarako, espezie berak erabiliko dira.
iii.–Landareok baimendutako mintegietatik ekarriko dira, eta haien jatorri genetikoa Nafarroako hegoaldekoa edo inguru hurbilekoa izanen da.
iv.–Landaketa geldialdi begetatiboan eginen da, udazken-amaieran edo negu-amaieran, izozte-alditik kanpo. Landatzeko zuloak aurrez prestatuko dira, hilabete lehenago behintzat bai, eta gutxienez 40 x 40 x 40 cm-koak izanen dira.
v.–Landareak ureztatu eginen dira landatzean, eta mantentze-lanak eginen zaizkie ondotik.
vi.–Aztertuko da hodi babesleak edo babesak jartzeko aukera, behar izanez gero landaketen bideragarritasuna ziurtatzeko.
–Sarbide berriak, ahal den guztietan, lehendik dauden azpiegituretan edo soroetan zehar eginen dira, landaredi naturalari ahalik eta kalte txikiena eragiteko, bereziki Europar Batasunaren intereseko habitatak badira. Obra-zuinketak egiterakoan, ukipenak ahalik eta txikienak izateko moduan markatu beharko dira euskarriak eta planteatu beharko dira sarbideak.
–Makina astunak erabili behar badira, ertzetatik lan egin beharko dute, ibilgura sartu gabe.
–Espresuki debekatuta dago ibai-ibilguan edonolako isurketak egitea, eta arreta berezia jarriko da substantzia kutsagarriak erabiltzean, hala nola gasolioa, olioak eta hormigoia. Ibilguan hormigoi freskoa botatzeak berehala akabatzen du arrain-fauna.
–Euskarri berriak zimendatzeko hondeaketa-lanetan, gutxienez 30 cm-ko sakonerako landare-lurraren geruza kenduko da hasieran; lur hori hondeatutako gainerako lurretatik bereizita pilatu beharko da, eta lurrazalean paratuko da zanga betetzen denean.
–Zerbitzutik kanpo gelditzen diren azpiegitura guztiak kendu egin beharko dira.
–Baimen honek ez du sustatzailea salbuesten indarreko legediaren arabera beharrezkoak diren beste baimen batzuk eskuratzetik (bereziki, Ebroko Konfederazio Hidrografikoarenak).
–Behar bezala leheneratu beharko dira lanek aldatutako eremu guztiak, barnean harturik euskarrietarako bide berrien ertzak eta lanak bukatu ondotik utziko ez diren trazatuak, lanen aurretik zuten erabilera eta egoera berreskura ditzaten. Leheneratze-lanen barnean sartzen da makinak igarotzean zanpatutako lurrak harrotzea.
–Ingurumen Jarraipenaren Bulegoa abisatu behar da, gutxienez 7 egun lehenago (seguimiento.ambiental@navarra.es), espediente-kodea aipatuz. Obrak amaitutakoan, beste komunikazio bat igorriko zaio, eta, horretan, fitxategi geoerreferentziatu bat erantsiko da, linea eta euskarriak non dauden zehaztuta, baita euskarrien argazkiak ere.
–Lanak hasi baino aste bat lehenago, Tuterako barrutiko Basozainak-Ingurumena Zaintzeko Atalari gaztigatuko zaio (gmatudela@navarra.es / 609904957), obrak ikuska ditzan eta, behar bada, zuhaitzak markatu.
3.a Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47.5 artikuluak adierazten duenari jarraikiz, ingurumen-txostenaren aurka ez da errekurtsorik jartzen ahalko, deusetan galarazi gabe proiektua onesteko xedapen orokorraren aurka auzibidean jartzen ahal direnak, edota plan edo programa onesteko egintzaren aurka administrazio-bidean jartzen ahal direnak.
4.a Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
5.a Ebazpen hau igortzea Azpiegitura Energetikoen Atalera, Arrantza Kudeaketaren Atalera, Castejóngo eta Valtierrako udaletara, Ingurumena Zaintzeko Atalera (Tuterako barrutia) eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2024ko abuztuaren 7an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.
Iragarkiaren kodea: F2411910