176. ALDIZKARIA - 2024ko abuztuaren 29a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

656E/2024 EBAZPENA, abuztuaren 7koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ingurumen-inpaktuaren txostena egiten baita Ribaforadako udalerriko La Dehesa parajean haragitarako 2.495 moxal eta haragitarako 1.415 aratxe hazteko ustiategi bat jartzeko Ganados Barberena SLk sustatutako proiektuari buruz, eta indargabetu egiten baita Ingurumeneko zuzendari nagusiak emandako 2023ko abuztuaren 28ko 841E/2023 Ebazpenak egungo proiektuaren aitzindariari buruz ezarritakoa.

Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuak, organo eskuduna den aldetik, goian aipaturiko espedienteari dagokion ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua hasteko eskaera igorri dio Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuari. Espediente hori Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen II. eranskineko 1. multzoaren f) letrako 3. puntuan sartuta dago.

Proiektatu da elkarrengandik hurbil dauden baina independenteak diren bi ustiategi eratzea: bat, haragitarako moxalen 2.495 burukoa, Ribaforadako 1. poligonoko 355. lurzatian kokatua, egun dagoena handitzearen ondoriozkoa; eta bestea, horren hegoaldera kokatua, haragitarako aratxeen 1.415 burukoa.

Ingurumen-inpaktuaren txosten horren I. eranskinean laburtuta daude proiektuaren oinarrizko datuak.

Izapidetzearen aurrekariak.

2023ko martxoaren 15ean, Ganados Barberena SLk baimen substantiboa eta ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa eskatu zizkion Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuari, Ribaforadan moxalak eta aratxeak gizentzeko ustiategi mistoa handitzeko (guztira 2.495 moxal eta 1.415 aratxe) proiekturako.

Ustiategi hori Ingurumenean eragina duten jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen I. eranskineko 10.1 taldean sartuta zegoen; orain izapidetzen ari den ustiategiaren antzekoa zen edukierari eta ezaugarriei dagokienez, baina Ribaforadako 1. poligonoko 419., 420. eta 421. lurzatiek osatutako esparruan zegoen oso-osorik, eta ingurumen-baimen bateratua behar zuen. Xedapen horretan aurreikusitakoari jarraikiz, jendaurrean jarri zen, eta Sustrai Erakuntza Fundazioaren alegazio bat jaso zuen.

Ingurumen-izapidearekin jarraikiz, Biodibertsitatearen Zerbitzuak, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 46. artikuluan ezarritakoaren arabera, kontsulta egin zien ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei. Izapide horretan, Ebroko Konfederazio Hidrografikoaren eta Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Kirol Departamentuko Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalaren txostenak jaso ziren.

Azkenik, dokumentazioaren ebaluazio teknikoa egin ondotik, Ingurumen Zuzendaritza Nagusiak, Ingurumeneko zuzendari nagusiaren 2023ko abuztuaren 28ko 841E/2023 Ebazpenaren bidez, ingurumen-inpaktuaren txostena egin zuen haragitarako 2.495 moxal eta haragitarako 1.415 aratxe hazteko ustiategi bat jartzeko Ganados Barberena SLk sustatutako proiektuari buruz.

2023ko urriaren 11n, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak eskatuta, titularrak proiektuaren aldaketa bat aurkeztu zuen, moxalen ekoizpen-lerroa aratxeen ekoizpen-lerrotik bereizteko. Hala, 230 metro hegoaldera lekualdatu zen aratxeen nabea, 453.etik 458.era bitarteko lurzatiak eta 475.etik 480.era bitarteko lurzatiak bateratzearen ondoriozko esparrura, eta beste nabeak aurreikusita zeukan okupazioa bere horretan utzi zuen, bertan moxalak gizentzeko jarduera egiteko.

Aldaketak eta proposatutakoak ekarriko zituen ingurumen-ondorioak aztertu ondotik, Ingurumen Ebaluazioaren Atalak beharrezkotzat jo zuen aurretiko ebaluazioko neurriak berrikustea eta zabaltzea, eraikuntza-gune berria eta gune horretarako ur-hornidura barne. Ondorioz, ingurumen-inpaktuaren beste ebaluazio-izapide bat hasi zen ingurumen-baldintzak izapidetzen ari zen proiektura egokitzeko, eta, argiagoa izan dadin, indargabetu zuen baztertu den proiektuaren ingurumen-inpaktuaren txostena egiten zuen Ingurumeneko zuzendari nagusiak emandako 2023ko abuztuaren 28ko 841E/2023 Ebazpenean ezarritakoa.

Abian den proiektua izapidetzea.

2023ko urriaren 11n, Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuak beste proiektu bat aurkeztu zuen Biodibertsitatearen Zerbitzuan, Ribaforadan haragitarako 2.495 moxal eta haragitarako 1.415 aratxe hazteko ustiategi bat jartzeko, eta ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuari ekin zitzaion.

Proiektatutakoak konfigurazio banatua planteatzen du instalaziorako, bi eraikuntza-nukleorekin. Batak, 419., 420. eta 421. lurzatiek osatua, egungo nabea eta eraikitzekoa den beste nabe berdin bat izanen ditu, eta moxalak gizentzeko erabiliko da. Bestea, 453.etik 458.era bitarteko lurzatiek eta 475.etik 480.era bitarteko lurzatiek osatua, aratxeak gizentzeko erabiliko da. Bi ustiategiak lotzen dituen ur-hornidura izan ezik, bi guneek bereiz mantenduko dituzte zerbitzuak, eta instalazio bakoitzak bere elikadura-eremua, simaurtegia eta gorpu-edukiontzia izanen ditu.

2024ko urtarrilaren 5ean eta apirilaren 17an, errekerimendu bana egin zitzaion titularrari, aratxeak gizentzeko jarduerarako erabiltzekoa den instalazioaren parteari lotutako ingurumen-ondorioak eta horretarako neurri zuzentzaileen proposamena jasotzen dituen dokumentazio osagarria aurkeztu zezan.

Dokumentazioa osorik dagoela egiaztatu ondotik, proiektuaren ebaluazio teknikoa egin zen.

Proiektuaren ingurumen-ebaluazioa.

Jarduketa Ribaforadako herritik 4,5 km-ra eginen da, hegoaldera, ureztalurren ordoki baten gainean. Eremu horretan erreten sare korapilatsu bat, AP-68 Ebroko autobidea eta Casetón de la Dehesa urmaela daude; urmaeletik 100 metro baino gehixeagora dago moxalak gizentzeko gunea. Instalazioaren hegoaldean eta mendebalderantz hedatuz, Peñadil, Montecillo eta Monterrey Kontserbazio Bereziko Eremua dago (ES2200042), estepako abifaunaren kontserbaziorako "AC 20 Ablitas" area kritikoarekin bat datorrena. Eremu horretako kontserbaziorako gako-elementuetako bat estepako fauna da.

Simaurrak kudeatzeko lurralde-planaren eragin-eremuan (esparru kritikotik eta KBEtik kanpo ezartzen da haren hedadura), estepako abifauna katalogatuaren aipamenak daude: ganga azpibeltza (Pterocles orientalis), ganga azpizuria (Pterocles alchata) eta atalarra (Burhinus oedicnemus). Interes berezia dute bi lurzati handi samarrek, zeinak lurralde-planean sartuak baitaude. Lurzati horietarako, ustiategiaren ingurumen-bateragarritasuna hobetzeko neurri batzuk proposatzen dira ingurumen-inpaktuaren txosten honetan. Kokalekua inguruko parke eolikoetatik aski urrun egonen den arren (1.898 m inguruko distantzia), azterlanak kontuan hartu du ustiategiak hegazti-faunak talka egiteko arriskuan duen eragin sinergikoa, instalazioen inguruan haize-sorgailuak baitaude, eta horri buruzko neurri zuzentzaileak gehitu zaizkio txosten honi.

Bestalde, jakinarazten da nitratoez ura kutsatua izan dezakeen Ebro ibaiko eremutik kanpo dagoela ustiategia; Ebroren ibilgua 7 km-ra dago, iparraldera.

Bi abeltegietan sortuko den simaur guztitik urtero 20.000 tona kudeatzaile baimendu batek erretiratuko ditu; gainerakoari dagokionez (5.000 tona inguru), proposatzen diren lurzatietan banatuz haren balio materiala handitzeko asmoa dago. Lurzati horiek ingurumen-agiriaren 4. eranskineko 9. planoan eta Lurralde Planean adierazita daude, eta nitratoek kutsatzeko arriskua duen eremutik kanpo daude.

Proiektuak neurri zuzentzaileak hartzen ditu ezpondak eta obren ondoriozko gainazalak egokitzeko eta berriz landareztatzeko, soberako lurrak kudeatzeko eta bi eraikuntza-guneetan landaketak gehitzeko, nabeak integratzeko formula gisa.

Proiektuaren analisia, 21/2013 Legearen III. eranskineko irizpideak kontuan hartuta.

Aurkeztutako ingurumen-agiria bat dator Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 45. artikuluan zehazten denarekin.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47. artikuluak ezartzen duenez, ingurumen-organoak ebazpen arrazoitu batez erabakiko du proiektuak ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta behar duen ala txosten honetan ezartzen denaren araberako ingurumen-inpaktuaren txostena dagokion.

Kontsulten emaitzak ikusita eta 21/2013 Legearen III. eranskinean horretarako jasotzen diren irizpideak oinarri hartuta, Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuak aditzera eman du, Ingurumen Ebaluazioaren Atalaren bitartez, ez dela aurreikusten ondorio kaltegarri nabarmenik izatea ingurumenean, baldin eta betetzen badira ingurumen-inpaktuaren txosten honetan jaso diren determinazioak, proiektuaren baimen substantiboan integratuko direnak. Dena den, horrek ez du galarazten indarreko legediaren arabera behar diren gainerako baimenak lortzeko betebeharra.

Ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura egoki bete dela iritzita, adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren abuztuaren 17ko 10/2023 Foru Dekretua eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura oinarrizkoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretua.

EBAZTEN DUT:

1. Ribaforadako udalerriko La Dehesa parajean haragitarako 2.495 moxal eta haragitarako 1.415 aratxe hazteko ustiategi bat jartzeko Ganados Barberena SLk sustatutako proiektuak ez du ondorio garrantzitsurik ingurumenaren gainean, ingurumen-inpaktuaren txosten honetan ezarri bezala.

2. Indargabetu egiten da Ingurumeneko zuzendari nagusiak emandako 2023ko abuztuaren 28ko 841E/2023 Ebazpenak ezarritakoa (haren bidez ingurumen-inpaktuaren txostena egin zen Ribaforadako 1. poligonoko 419., 420. eta 421. lurzatien barruan oso-osorik kokatuta egotekoa zen haragitarako 2.495 moxal eta haragitarako 1.415 aratxe hazteko ustiategi bat jartzeko Ganados Barberena SLk sustatutako proiektuari buruz), eta haren inpaktuaren txostenaren ordez txosten hau ematen da.

3. 419., 420. eta 421. lurzatietan haragitarako 2.495 moxal eta 453.etik 458.era eta 475.etik 480.era bitarteko lurzatietan haragitarako 1.415 aratxe hazteko ustiategi bat jartzeko Ganados Barberena SLk sustatutako proiektua baimentzeko, honako baldintza hauek bete beharko dira:

–Azienda gobernatzeko erabiltzen diren patioak eta eremuak aire zabalean badaude, abereen eginkariekin kontaktuan dauden euri-urak bilduko dira eta kudeatzeko eremu egokietara bideratuko dira, jariatzeak inguruneko landaredi naturalari kalterik eragiten ez diola bermatzeko.

–Simaurrak kudeatzeko planari dagokionez, baldintza hauek bete beharko dira:

  • 2024ko urtarrileko ingurumen-dokumentazioan sartutako simaurrak kudeatzeko lurralde-planari jarraikiz eginen da simaurren banaketa. Plan horretan, plana osatzen duten lurzati guztiak adierazita daude, guztiak ere nitratoez ura kutsatua izan dezakeen eremutik kanpo, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak emandako urriaren 4ko 247/2018 Foru Aginduan jasotakoarekin bat etorriz.
  • Simaurrak kudeatzeko lurralde-planaren edozein aldaketak, nitrogenoaren banaketa handitzea badakar nitratoez ura kutsatua izan ahal izateagatik emakidak eta baimenak mugatuta dituen eremuan, Ebroko arro hidrografikoko nitrato-eduki handiaren aurka borrokatzeko ekintza-planaren irizpideak bete beharko ditu.
  • Kontu handiz banatu beharko dira simaurrak Ablitasko 9. poligonoko 841. lurzatian eta 11. poligonoko 866. lurzatian, Peñadil, Montecillo eta Monterrey KBEaren mugaren ondoan daudelako. Lurzati horiei dagokienez, ongarritzeak abeltzaintza-ustiategietako mindak, digestatoa eta/edo simaurrak behar bezala kudeatzeko protokoloa beteko du. Protokolo hori txosten honen II. eranskinean dago jasota.
  • Simaurra banatuko den lurzati batzuen barruan Europako intereseko habitatak daude, baso-lurzoruak dituzte edo erreka-zuloetatik hurbil daude (Mendianiqueko erreka-zuloa edo Malpisako erreka-zuloa); beraz, ongarritzea lurzati horietako laborantza-eremuetan soilik eginen da, abeltzaintzako instalazioen ingurumen baldintza teknikoekin bat (ekainaren 23ko 148/2003 Foru Dekretua), eta habitatak, baso-eremuak eta ibai-ibilguak babestuz betiere.

–Instalazioa osatzen duen esparru osoan, ustiategia hegaztientzako erakarpen-foku ez izateko neurriak bete beharko dira, hegaztiek haize-sorgailuekin talka egiteko arriskurik sor ez dezan. Horrenbestez:

  • Ezinbestekotzat jotzen da gorpuen edukiontziak eraikin itxietan egotea eta simaurtegiak guztiz estalita egotea. Instalazioan ez da jarriko elikagaiak aire zabalean kudeatzeko edo biltegiratzeko eremurik, faunarentzat erakargarriak izan bailitezke.
  • Azkenean, ustiategiaren funtzionamendu-fasean instalazioaren bi parteetako bat hegaztientzako erakargune bihurtzen bada eta horrek talka-arriskua areagotzen badu, neurri berriak ezarriko dira sinergia-inpaktu hori saihesteko edo minimizatzeko, aldez aurretik Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuari jakinarazita eta haren adostasunarekin.

–Ustiategiaren integrazioa hobetzeko, moxalen nabeen aldean, zuhaixka- eta zuhaitz-landaketa trinkoa eginen da eraikuntza-gunearen perimetroan. Espezie autoktonoak edo inguruko laboreei loturikoak erabiliko dira, hala nola tamariza (Tamarix gallica), zurzuria (Populus alba), abaritza (Quercus coccifera), ena arrunta (Rhamnus lycioides), masustondoak, olibondoak edo almendrondoak.

–Aratxeak gizentzeko eremuan, ezpondak landareztatuko dira landare-lurra zabalduz, ereinez eta zuhaitzezko landare-pantaila bat landatuz lurzatiaren ekialdeko mugan (AP-68 autopistarekin muga egiten duena). Landare-pantailan, zurzuriaren (Populus alba) lerro bat erabiliko da, eta, horren aurrean olibondoen edo tamarizen beste bat (landare iraunkorrak baitira), hari estaldura emateko.

–Jarduerak irauten duen bitartean mantendu beharko da landaketa hori. Zurzurien kasuan, zirkunferentziako 6-8/8-10eko aleak landatuko dira, zain hutsik, gehienez 5 m-ko tartea utzita haien artean. Zuhaixkak, berriz, ilara bikoitzean landatuko dira, 3 metroko tartea utzita. Landareak ureztatu eta zaindu eginen dira (zurkaitzak jarriz, mantentze-lanak eginez eta hutsarteak betez), bizirik iraunen dutela bermatzeko.

–Ustiategia ezartzeko beharrezkoak diren indusketetan sobran gelditzen diren lurrak eremuaren urbanizazio-lanetan egokituko dira, edo kudeatzaile baimendu batek erretiratuko ditu espazio degradatuak leheneratzeko, beste obra bat egiteko, edo deuseztatzeko, hondakinei buruz indarrean dagoen legeriaren arabera.

Egokitu beharreko soberakinak landare-lurrak ez badira (lurzoruaren gainazal-horizonte emankorra), okupatu beharreko azaleratik landare-lurra atera ondotik, urbanizatu gabeko azaleraren gainean banatuko dira, lursailaren kota aldatu gabe eta maldetan lurzatiaren jariatze naturalaren fluxua aldatzen ahal duen gorabeherarik sortu gabe. Ondotik, landare-lurrez estaliko dira.

–Ustiategian kanpoko argiteria behar bada, gaueko ingurunea babesteko indarrean dagoen araudian adierazitakora egokitu beharko da. Gainera, Balsa del Casetón izeneko idoia hurbil dagoenez, eta argi arrotza eta fauna-espezieen gaineko eragina minimizatzeko (batez ere, saguzarren eta gaueko intsektuen gainekoa), kanpoko argietan, sodio-lurrunezko lanparak edo LED anbarreko lanparak erabiliko dira (440 nm-tik beherako uhin-luzeren erradiazioa iragaziz).

–Handitzea abian jartzeko erantzukizunpeko adierazpenarekin batera, titularrak erreseina bat aurkeztuko du, memoria eta dokumentazio grafikoarekin batera, baimenean aurreikusitako landaketak eta gorpuen edukiontziak jarriko diren egituren azken soluzioa egikaritu direla egiaztatzeko.

4. Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47.6 artikuluak adierazten duenari jarraikiz, ingurumen-txostenaren aurka ez da errekurtsorik jartzen ahalko, deusetan galarazi gabe proiektua onesteko xedapen orokorraren aurka auzibidean jartzen ahal direnak, edota plan edo programa onesteko egintzaren aurka administrazio-bidean jartzen ahal direnak.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen hau igortzea Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuari eta Ingurumena Zaintzeko Atalari (Tuterako Koordinazio Unitateari) behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2024ko abuztuaren 7an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.

I. ERANSKINA.–PROIEKTUAREN LABURPENA

Moxalak eta aratxeak gizentzeko ustiategi mistoa handitzea proiektatu da. Hasieran, 800 moxal eta 200 aratxe gizentzeko ahalmena izanen du, eta 2.495 moxalerako eta 1.415 aratxerako ahalmena izanen du azkenean.

Instalazioa bi nukleotan bereizita planteatzen da, elkarrengandik 250 metrora, ekoizpenaren orientazioaren arabera. Bata moxalak gizentzeko erabiliko da, eta 419., 420. eta 421. lurzatiak hartuko ditu, Casetón de la Dehesa urmaelaren ondoan. Bestea aratxeak gizentzeko erabiliko da, eta 453.etik 458.era bitarteko lurzatiak eta 475.etik 480.era bitarteko lurzatiak hartuko ditu, AP-68 Ebroko autobidearen ondoan. Instalazioa jarduera-zentro bakartzat hartuko da, baina zerbitzu guztiak bereizita mantenduko ditu (sarbidea, simaurtegiak, gorpuen edukiontzia eta hornidura elektrikoa), ur-hornidura izan ezik, moxalen ustiategiko ur-biltegia eta aratxeen ustiategikoa konektatuta egonen baitira, bide baten barruan trazatutako eroanbide baten bidez.

Bi nukleoetako nabeak gardenak izanen dira, bi isurkiko estalkidunak. Biek antzeko egitura izanen dute, luzeran alde txiki bat izanik. Bi ustiategiek lotetan multzokatuko dituzte aziendak. Horiek estalkipeko patioak izanen dituzte, baita hormigoiztatutako aire zabaleko patio atxikiak ere, zeinek hormigoizko hormatxo bat izanen baitute kanpoko itxitura. Instalazio bakoitzak simaurtegi estalia eta gorpu-edukiontzia izanen dituzte; azken hori, etxola itxi baten barruan egonen da. Instalazioan ez da jarriko aire zabaleko elikatzeko edo elikagaiak biltegiratzeko eremurik. Elikagaiak erregulartasunez eramaten dira instalaziora.

Ribaforadako Finca de La Dehesa ureztatzaileen elkartearen ur-hornidura lortu du ustiategiak. Proiektuak ingurumen-integrazioko neurriak aurreikusi ditu, landare-pantaila gisako zuhaitz- eta zuhaixka-landaketen bidez. Zuhaitz eta zuhaixka horiek ureztatu eginen dira.

Moxalak gizentzeko ustiategian, 12 eta 15 hilabeteko moxalak sartuko dira, eta 500 kg-rekin aterako dira, sartu eta 120 eta 100 egunetara. Kalkulatzen da 2,8 ziklo eginen direla urtean. Aratxeak gizentzeko ustiategian, aratxe edoskitzaileak sartuko dira, 50 kg-koak, eta aterako dira 300 kg-rekin, frisiar arrazakoen kasuan, eta 450 kg-rekin, larrekoak, haragitarako arrazakoen kasuan. Aurreikusten da bi gizentze-ziklo eginen direla urtean.

Ustiategiko jardueraren ondorioz, 12.452 tona pentsu, 1.422 tona bazka eta 49.949 m³ ur kontsumituko direla kalkulatu da, eta atmosferara amonioa eta berotegi-efektuko gasak isuriko direla. Proiektuak badakar simaurrak kudeatzeko plan bat, bi ustiategien artean urtean 24.916 tona simaur ekoiztea kalkulatzen duena. Proiektuak aurreikusi du haietako 5.140 tona nekazaritza-banaketaren bidez balorizatzea, eta gainerako 19.866 tona kudeatzaile baimendu bati ematea.

II. ERANSKINA.–ABELTZAINTZAKO USTIATEGIETAKO MINDAK, DIGESTATOA ETA/EDO SIMAURRAK BEHAR BEZALA KUDEATZEKO PROTOKOLOA

Abeltzaintzako ustiategi bateko minden, digestatoaren edo/eta simaurren kudeaketa-planak ukitzen badu estepako hegazti katalogatuak edo bestelako espezie mehatxatuak daudela egiaztatua dagoen lurzatiren bat (esaterako, ibaien ibilguak, Natura 2000 Sarearen barruko lekuak eta Nafarroako Foru Komunitatean estepako abifauna kontserbatzeko garrantzizko eremuak), bermatu beharko da nekazaritza-jarduerak eta lehorreko laborantzaren txandakatzeak faunaren kontserbazioari mesede egitea, eta ingurumen-baldintza hauek bete beharko dira:

–Oro har, intereseko flora eta faunaren habitat eta espezieak ukitzen dituzten erabilerek eta jarduketek haien kontserbazioa bermatzeko behar diren baldintzak bete beharko dituzte.

–Debeku da urak kutsatzen ahal dituzten edo intereseko habitatak narriatzeko arriskua ekar dezaketen hondakin solidoak, mindak, digestatoa, simaurrak, obra-hondakinak edo substantziak bertan uztea.

–Lehorreko zereal-alorretan ez da mindarik aplikatuko, ezta deribaturik ere, martxoaren 1etik abuztuaren 31ra bitartean, ugaltze-garaian dauden estepako hegaztien babesa bermatzearren.

–Lugorrietan ez da mindarik aplikatuko, ezta deribaturik ere. Gainera, estepako hegaztien bizi-zikloa osatzeko lugorriek duten garrantzia ikusirik, saihestu behar da simaurren planaren ondorioz laborantza areagotzea eta lehendik zegoen lugorri-sistema eraldatzea.

–Minda banatzeari dagokionez, leku horietan banaketa lokalizatua soilik baimentzen da, eta hodi esekiak dituzten tangen bidez egin behar da, lehen aipatutako oharrak kontuan hartuta: dosifikazioak errespetatu beharko du estepako hegaztiak babesteko egutegia eta bermatu beharko du ez dela sortuko intereseko habitatak kaltetzen ahal dituen putzurik edo jariatzerik.

–Alfer-lur iraunkorretan ez da simaur, minda edo haien deribaturik zabaltzen ahalko (ekainaren 23ko 148/2003 Foru Dekretuaren 8.5 artikulua aplikatuz; haren bidez ezartzen dira abeltzaintzako instalazioek Nafarroako Foru Komunitatean ingurumenaren aldetik bete beharreko baldintza teknikoak). Gainera, otalur edo alfer-lur horiei, bereziki intereseko habitatak badira (KBEaren barruan zein hortik kanpo egon), ez zaie zeharkako ukipenik eraginen mindak edo horien deribatuak aplikatzen diren alorren laborantzatik sor daitezkeen isuri edo putzuen ondorioz.

–Ez da baimenduko mindak, digestatoa eta/edo simaur likidoa erabiltzea ur-masa iraunkorretatik 50 metroko distantziatik behera, izan ibilgu nagusiak edo bigarren mailako sarea. Ur masak babesteko ezartzen diren banaketa-baldintzetan kontuan hartuko dira estatuko araudi sektorial espezifikoan ezarritako betebeharrak (Batzordearen 2017ko otsailaren 15eko 2017/302 EB Betearazpen Erabakian adierazitako TEOak-Abeltzaintza Sektorea).

–Ur-ibilguen eta hezeguneen gaineko kutsadura saihestuko da, urte-sasoi bateko ibilguak edo etengabeak izan. Erreka-zuloak eta haien adarrak ur-ibilgutzat hartuko dira, batez ere inguruan habitat naturalak dituztenak (gatzagak, larreak, landare higrofiloak edo mehatxatutako flora taxoiak), habitat horiek KBEaren barnean sartuak egon edo ez. Nolanahi ere, ez da hustubide edo drainatzeetara bideratutako azaleko ur-jariatzerik egiten ahalko.

–Gatz-hezegune eta sakanetako arro hidrografikoan, Nafarroako Foru Komunitatearen Nekazaritzako Jardunbide Egokietarako Kodean lurzoruen erabilerari eta ongarritzeari buruz jasotako gomendioak beteko dira. Kode hori Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadurako kontseilariaren 1997ko otsailaren 17ko Foru Aginduaren bidez onetsi zen.

Iragarkiaren kodea: F2411911