Iragarkia
176. ALDIZKARIA - 2024ko abuztuaren 29a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
653E/2024 EBAZPENA, abuztuaren 7koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez egiten baita "Nafarroako iparraldean biohondakinak konpostatzeko instalazioa" izeneko proiektuaren ingurumen inpaktuari buruzko txostena. Proiektuaren sustatzailea Nafarroako Hiri Hondakinak Tratatzeko Partzuergoa da.
Ingurumen inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedurari hasiera emateko, egiaztatu da dokumentazioak betetzen dituela legeria sektorialean ezarritako baldintzak, bai eta ingurumen ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 45.1 artikuluan ezarritakoa ere. Horrela, Kutsaduraren aurkako Prebentzio Atalak, organo eskuduna den aldetik, 2023ko abenduaren 27an "Nafarroako iparraldean (Doneztebe) biohondakinak konpostatzeko instalazioa" izeneko proiektua aurkeztu zion Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuari. Proiektuaren sustatzailea Nafarroako Hiri Hondakinak Tratatzeko Partzuergoa da.
Nafarroako 2017-2027 aldirako Hondakinen Planak mankomunitateen eta Nafarroako Hondakinen Partzuergoaren esku uzten du etxeetan edo merkataritza-gune txikietan sortzen diren hondakin organikoen kudeaketa, eta helburu gisa proposatzen du frakzio organikoaren bilketa handitzea, udal hondakinen gainerako gaikako bilketen kalitatea hobetzeko. Helburu hori lortze aldera, Nafarroako Hiri Hondakinen Tratamendurako Partzuergoak biohondakinak biltzeko eta konpostatzeko instalazio bat sustatu nahi du, Baztan, Bortziriak eta Malerrekan gaika bildutako hondakinentzat. I. eranskinean biltzen dira proiektuaren ezaugarri nabarmenenak, bai eta aurkeztutako ingurumen agiriaren alderdi esanguratsuenak ere.
Proiektuaren ezaugarriak direla eta, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen II. eranskineko 9. multzoko b) puntuan sartzen da proiektua. Beraz, xedapenean ezarritakoarekin bat, ingurumen eraginaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura bete behar du. I. eranskinean biltzen dira proiektuaren ezaugarri nabarmenenak, bai eta aurkeztutako ingurumen agiriaren alderdi esanguratsuenak ere.
Ingurumen ebaluazio sinplifikatuaren izapidetzea:
Aurkeztutako ingurumen agiria bat dator Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 45. artikuluan zehazten den edukiarekin. 2013ko abenduaren 9ko 21/2013 legearen 46. artikuluarekin bat etorriz, kontsulta egin zaie ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei, hain zuzen ere, honako hauei: Kantauriko Konfederazio Hidrografikoa, eta Nafarroako Gobernuko Hondakinen Atala eta Basoak Kudeatzeko Atala. Honako erakunde eta elkarte hauei ere egin zaie kontsulta: CEDERNA Garalur, Bidasoako bulegoa, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioa, Greenpeace eta Ekologistan Martxan.
Erantzunak jasotzeko ezarritako epean, Hondakinen Atalaren eta Kantauriko Konfederazio Hidrografikoaren txostenak jaso dira. Epe hori igarota, kontsulta horiei erantzuteko txostena jaso da Basoak Kudeatzeko Ataletik.
Hondakinen Atalak adierazten du proiektatutako jarduera Nafarroako 2017-2027 aldirako Hondakinen Planean jasota dagoela, eta hobekuntzatzat hartzen dela instalazioak prozesatzeko gaitasun handiagoa izatea, planean hasieran baloratzen zenarekin alderatuta, planean aipatzen baita hurbileko tratamendu publikoa izateko gaitasuna lortu behar dela.
Kantauriko Konfederazio Hidrografikoak proiektutik hurbil dagoen ur-masa deskribatzen du plangintza hidrologikoari dagokionez, eta, alde batetik, adierazten du proiektua ez dagoela jabari publiko hidraulikoaren gainean edo haren babes eremuetan, ez eta Baztan ibaiaren uholde eremuaren barnean ere. Azkenik, eta aurkeztutako dokumentazioa aztertua, adierazi du proiektua gauzatzearen ondoriozko aldaketarik ez dela espero uraren gaineko ukipen eta inpaktuei dagokionez. Hortaz, ez zaio oharrik egin espedienteari, betiere proposatutako prebentzio neurriak, neurri zuzentzaileak eta ingurumena zaintzeko plana aplikatzen badira.
2024ko ekainaren 5ean, Basoak Kudeatzeko Atalaren txostena jaso zen, erantzunarekin. Bertan, proiektuaren ingurumen balorazioa egiten zen, eta jakinarazten zen, bere eskumenen arabera, ez dagoela eragozpenik ingurumen baimena emateko, baldin eta obraren ingurumen kudeaketa zuzenari eta zuhaitzen babesari buruzko baldintza jakin batzuk betetzen badira. Halaber, aipatzen zuen Basozainak-Ingurumena Zaintzeko Taldeak obrak gainbegiratu behar dituela.
2024ko otsailaren 26an, Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuak jakinarazi zuen proiektuak ez zuela alegaziorik izan jendaurreko informazioaren aldian, zeina egin baitzen bete beharrez Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen 16. artikuluan xedatutakoa.
Aurkeztutako dokumentazioaren artean, Doneztebeko Udalaren txostena dago. Horren arabera, jarduera bateragarria da indarrean dagoen plangintzarekin, baina dokumentazioa ingurumena lehengoratzeko neurriekin osatu behar da, eta paisaiaren simulazioak eska daitezke.
2024ko maiatzaren 20an, sustatzaileak ingurumen dokumentazio berri bat aurkeztu zuen, aurkeztutako ingurumen dokumentua zabaldu eta zehazten zuena, bai eta separata bat ere, jarduera urbanizatzeko behar diren lur-erauzketek eta betelanek erakusten dituzten profilekin. Besteak beste, dokumentazio berriak proposatzen du hidroereintza ezartzea betelanen ondorioz sortuko den ezpondan.
Proiektuaren ingurumen azterketa, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen III. eranskineko irizpideak kontuan hartuta.
Proiektuak ingurumenean hobekuntza dakar sustatzen ari den Nafarroako hondakinen kudeaketari dagokionez, Nafarroako 2017-2027 aldirako Hondakinen Plana betetze aldera. Ingurumen kalitatearekin lotutako eraginak minimizatu, ezabatu edo kontrolatu eginen dira, jardueraren ingurumen baimen integratuak ezartzen dituen baldintzak betetzearekin.
Instalazio berria titulartasun bereko Nafarroako iparraldeko hondakinen transferentziagunearen ekialdean kokatuko da. Bi instalazioak Oteizoianako gaineko mendi-hegalaren erdiko eta beheko aldean daude, Doneztebeko iparraldean.
Inpaktuak prebenitzeko dagozkion neurriak, eta, bereziki, ustekabeko isurien kontrolari dagozkionak aplikatuta, proiektuak ez du eraginik izanen Natura 2000 Sareko eremuetan. Izan ere, "Bidasoa ibaia" Kontserbazio Bereziko Eremua (KBE) instalaziorako aurreikusitako lekutik 200-300 metro hegoaldera dago; "Belate" KBEa 500 metro hegoaldera dago, eta "Bertizko jaurerria" KBEa 2.700 metro ekialdera.
Instalaziorako hautatutako kokapen zehatza 2013 baino lehen egindako lur-berdinketek, lur-erauzketek eta betelanek eragindako eremu bati dagokio, N-121-A errepidea hobetzeko obren ondorioz. Bertan, landare-estalki espontaneoa birsortu da. Proiektuaren eremuaren iparraldean eta ipar-ekialdean haritz gorriekin eta intsinis pinuekin basoberritutako eremuak daude, bai eta estalki naturala duten lursailak ere (hostozabalak eta iratzediak zuhaitz sakabanatuekin nahastuta). Hegoaldean, baso-bide bat eta N-121-A errepidearen eskuineko ertza daude, eta ekialdean, lur degradatuak eta beste instalazio batzuk. Beraz, proiektuaren eremua, oro har, egokia da ingurumen inpaktuaren txosten honen xede den jarduera hartzeko. Gainera, proposamenak dakarren landare-estalkia galtzea onargarritzat jo daiteke ingurumenaren aldetik, garrantzi gutxikoa baita. Izan ere, ez du heldutasunik, ez eta baso balio edo ingurumen balioa berezirik ere.
Landare-estalkia kentzeko kontrolari dagokionez proposatutako neurriak egokitzat jotzen dira, baina beharrezkoa da balio naturala edo interesa duten eremuen okupazioa minimizatzeko neurriak indartzea, baita zabalgunean egon daitekeen basafaunaren gaineko eraginak minimizatzea ere. Landareztatzeko proposamenari dagokionez, betelanen ondorioz sortuko den ezpondaren hidroereintza baino ez da sartzen, baina horretarako proposatzen den hazien nahasketa aldatu behar da proiektuaren eremura egokitzeko.
N-121-A eta NA-1210 errepideek "Bidasoa ibaia" KBEa eta Oteizoiana gaineko baso-hegala bereizten dituzte, eta proiektuaren eremuan, N-121-A errepidearen azpian pasabide bat dago, bai eta dreinatzeko zeharkako bide batzuk ere. Bide horiek guztiek proiektuko instalaziora jotzen dute zuzenean. Proiektuak 17/2020 Foru Legearen arabera behar duen ingurumen baimen bateratua jasotzen duten neurriak gorabehera (kutsaduraren kontrola, isurketak, atmosferarako isurketak, etab.), proposamenak ez du murriztu behar balio naturaleko bi espazioen artean egon daitekeen konektagarritasuna, gaur egun urria dena eta N-121-A errepidearen bidez egiten dena.
Halaber, beharrezkoa da gaueko zeruaren eta basafaunaren gaineko inpaktuak minimizatzea, inpaktu horiek sor dezaketen transferentziagunearen eta instalazioaren argien ondorioz.
Ezohiko euriterik gertatuz gero, proiektuak behar bezala dimentsionatu beharko ditu instalazioaren kanpoko jariatzeak husteko sistemak eta teilatuetako euri-uren andeletatik sobratzen diren urak hustekoak, inguruko habitatak ukitzeko arriskua minimizatzeko.
Instalazioa Legasa eta Doneztebe herrietako hiri-inguruko eremu batean dago, eta bide-azpiegiturak eta instalazioak ditu aldamenean. Proiektuaren ingurumen integraziorako, instalazioaren ingurunea naturalizatuko da landareztatzeko proposatutako neurriei eta proiektuaren eremuaren berezko instalazioaren perimetroan hazten den berezko landarediari esker (oteak edo elarrak, isatsak, sasiak, sahatsak, lizarrak eta haritzak).
Ondorioa.
Ingurumen ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47. artikuluak ezartzen duenez, aurkeztutako dokumentazioa ikusita, eta proiektua egin, hango jarduera garatu eta abandonatzearen ondorioz etor daitekeen ingurumen inpaktua aztertuta, Ingurumen Ebaluaziorako Atalak uste du ingurumen ebaluazioaren prozedura egokia izan dela. Halaber, kontsulten erantzunak ikusita, eta horren inguruan abenduaren 9ko 21/2023 Legearen III. eranskinean biltzen diren irizpideen arabera, proiektuak ez du ingurumen ondorio kaltegarri eta nabarmenik izanen, baldin eta betetzen badira jardueraren ingurumen baimen bateratuan biltzen diren baldintzak eta ingurumen inpaktuaren txosten honetan biltzen direnak. Dena den, horrek ez du kentzen indarreko legeriaren arabera behar diren baimenak lortu beharra.
Adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren abuztuaren 17ko 10/2023 Foru Dekretua, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretua,
EBAZTEN DUT:
1. Nafarroako Hiri Hondakinen Tratamendurako Partzuergoak sustatutako "Nafarroako iparraldean biohondakinak konpostatzeko instalazioa" proiektuak ez du eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen inpaktuari buruzko txosten honetan ezarritakoaren arabera.
2. Aurrekoa gorabehera, baimenak berekin dakar baldintza hauek betetzea:
–Instalazioaren iparraldean dagoen baso-hegaleko jariatzetik datozen urak biltzeko sarearen proiektua eginen da instalazioaren aldamenean dauden baso-lurren eta lur naturalen okupazioa nabarmen handitu gabe. Diseinatzean, drainatze jasangarriko irizpideak hartuko dira kontuan, eta atal eta akabera naturalizatuak bilatuko dira.
–Sarearen ebakuazio-puntuen eta estalkietako euri-uren biltegien hustubidearen antolamenduak eta diseinuak ez dute ukipenik izan behar instalazioaren azpiko lursailetan (putzuak eratzea, higadura, etab.), eremu horretako habitatak alda baititzakete.
–Ez da inola ere instalatuko inguruko basafaunarentzat, bereziki ornodunentzat, tranpa izan daitekeen kutxatilarik edo sifoirik.
–Kanpoko argiztapenak bete beharko du kanpoko argiztapen-instalazioetako eraginkortasun energiari buruzko erregelamendua onesten duen azaroaren 14ko 1890/2008 Errege Dekretua, argi arrotza eta faunaren gaineko eragina saihestearren.
–Hainbat indikazio jarraituko dira, koherenteak izanen direnak ingurumena zaintzeko neurriekin eta proposatutako neurri zuzentzaileekin. Indikazio horien bidez, landaredi naturala, flora, fauna eta habitatak babestu nahi dira eta, ahal den neurrian, eremuaren ingurumen balioa berreskuratu edo mantendu. Hona hemen:
–Instalazioaren eta aldi baterako okupazio eremuen okupazio iraunkorraren zuinketa egin ondoren, belar-sastrakak kendu eta lur-berdinketak egin baino astebete lehenago, 1. barrutiko "Bidasoa Oieregi" basozaintzari jakinaraziko zaio (gmabidasoa@navarra.es; tel: 948 450 096, 608 245 812). Hala, helburua da, sastrakak garbitu beharreko eremua berrikusi ondoren, balizatu beharreko guneak zehazteko aholkuak jasotzea, jaitsi beharreko zuhaitzak markatzea eta, hala badagokio, Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuarekin harremanetan jarri behar den zehaztea, sastrakak garbitu behar diren eremuan aurki daitezkeen intereseko basafaunaren inguruan hartu beharreko neurriak hartzeko.
–Gutxienez 48 orduko epea utziko da, zuhaixkak garbitzen direnetik makineria sartzen den arte.
–Dokumentazioan proposatzen den bezala, betelanen ondoriozko ezpondaren hidroereintza eginen da, baina hori ere aplikatuko da obrek eragindako bazterreko eremu guztietan eta, hala badagokio, instalazioaren iparraldean eta ekialdean proiektatutako hormaren kanpoaldean egiten diren lur-erauzketetan.
–Hala ere, hidroereintzarako hazien nahasketa aldatuko da, egun belar-hazien eta zurezkoen nahasketa baita, egokia izan dadin Nafarroako eremu atlantikorako. Horretarako, Agropyrum elongatum, Lolium rigidum eta Genista scorpius, eta Erica australis kenduko dira nahasketatik. Izan ere, mediterraneokoak dira, eta bestelako espezien proportzioa alda dezakete eta beste espezie batzuk eremuan sartu, hala nola: Poa pratensis, Poa annua, Lotus corniculatus, Erica vagans, E. cinerea edo Calluna vulgaris.
–Instalazioak ingurumenean integratu daitezen, eta instalazioko argiak pantaila bidez estali daitezen ingurumen balioa duten eremuekiko, aurkeztutako udal txostena kontuan hartuta, landareztatze jarduerak indartuko dira tokiko zuhaitzak landatzearen bidez, eta hori eginen da, gutxienez, betelanen ondoriozko ezpondaren beheko aldean eta instalazioaren ekialdean. Adibidez: lizarrak (Fraxinus excelsior), haritzak (Quercus robur eta Q. pirenaica) eta sahatsak (Salix atrocinerea).
–Nolanahi ere, espazio horiek bideragarriak diren zatiak bilakaera naturalaren mende utziko dira. Horrela, landarearen ertzetan eta ezpondetan dagoen landarediari eustea da helburua, eta horietan tokiko zuhaixka eta zuhaitzen espezie autoktonoz osatutako estalkia jartzea. Hala badagokio, agertzen diren espezie aloktonoak kenduko dira, bereziki inbaditzaileak badira.
–Proiektua gauzatzeko, azkenik, baso-bidea hobetu behar bada, instalazioaren hegoaldean, edo areka berriro konfiguratu behar bada. Halaber, eraldatutako lursail naturalak eta areka horren ertzak naturalizatuko dira, eta dokumentu honetan aurreikusitako ereiteak eta landaketak eginen dira bertan.
–Kasu horretan, egiten diren ekintzek sustatu beharko dute N-121-A errepidearen azpiko baso-bidearen gaitasuna handitzea faunarentzako pasabide gisa. Horretarako, haren naturaltasuna hobetuko da eta instalazioetako argiak eta errepide nazional horretatik instalaziora sartzeko lotuneko argiak pantaila bidez estaliko dira.
–Belar-sastrakak kentzetik lortutako landareen hondarrak balorizatzeko erabiliko dira (adibidez: konpostajea).
–Indusketatik sobera geratutako lurrek lehentasuna izanen dute, lur horiek kudeatzaile baimenduari entregatu ondoren, proiektuaren ingurunean degradatutako espazioak edo erauzketa-jarduerak lehengoratzea.
3. Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47.5 artikuluan ezarritakoarekin bat, ingurumen txostenaren aurka ezin izanen da inolako errekurtsorik jarri, proiektua onetsi zuen xedapen orokorraren aurka bide judizialean jar daitezkeenak galarazi gabe.
4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
5. Ebazpen hau igortzea Kutsaduraren aurkako Prebentzio Atalari, Doneztebeko Udalari, basozaintzari (1. barrutia, "Bidasoa Oieregi") eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2024ko abuztuaren 7an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.
I. ERANSKINA.–PROIEKTUAREN ETA AURKEZTUTAKO INGURUMEN AGIRIAREN LABURPENA
Nafarroako iparraldeko biohondakinen instalazioak urtean 3.000 t hondakin biodegradagarri inguru konposatuko ditu (LER 20 01 08 eta 20 02 01 kodeak), gaika bilduta Baztanen, Bortzirietan eta Malerrekan. Ekoitzitako konposta lurzoruak hobetzeko erabiliko da. Batez ere Doneztebeko 1. poligonoko 199. eta 810. lursailetan kokatuko da, N-121-A errepidearen iparraldean eta egungo hondakinen transferentziagunearen ekialdean. Lantegiak 7.500 m² inguru hartuko ditu, 2009tik 2013ra egindako lur-erauzketek eta betelanek ukitutako lursailetatik. Lursail horien mendebaldean hondakinen transferentziagunea dago.
Instalazioa egiteko, okupatu beharreko lursailean belar-sastrakak kenduko dira eta itsasoaren gaineko 167 metroko kotan berdinduko da, lursaila batez beste 4 metro eta gehienez 9 metrora beheratuz, kokalekuaren iparraldean eta hegoaldea lubetaren bidez, batez besteko 4 metroko potentziako betegarriekin eta 9 metrorainoko potentziako eremuekin. Zabalgunearen hegoaldeko mugan, betelanen ondoriozko ezponda paralelo bat sortuko da, N-121-A errepidearen ondoko baso-bide baten iparraldeko ertzaren gainetik. Ezpondak 1H: 1V-ko malda izanen du, eta 3 eta 9 metro arteko altuera aldakorra. Lur-berdinketaren iparraldean eta ekialdean, 6 metrora arteko horma bat proiektatu da, lurrean dagoen lur-erauzketako ezponda babesteko. Baliteke harresiaren kanpoko aldearen aldameneko baso-hegaleko lurretan lur-erauzketak egin behar izatea.
Lurra gordeko da, obrek eragindako ingurua leheneratzeko eta landareztatzeko. Lur-berdinketan, 3.900 m³ hondeaketa-lur soberakin sortuko dira, eta horiek kudeatzeko proposamena eginen da, indarrean dagoen legeriaren arabera, eta kudeatzaile baimenduari emanen zaizkio, hondakindegira edo zaharberritzera bideratzeko. Urbanizazioan sortutako eraikuntza eta eraispen hondakinak (EEH) ere kudeatzaile baimenduari emanen zaizkio.
Zabalgunea hormigoi armatuzko lauza batez estaliko da; lauza horrek oinplanoa mugatuko du eta oinplanoaren barruan ibiltzeko balioko du. Lauza horrek iragazgaiztu egiten du eraikitako azalera, eta bertan egon daitezkeen lixibiatuak hartzeko aukera emanen du, plataforman dauden beste isurketa batzuekin eta ibilgailuen trafikoaren hondarrekin batera. Horrela, plataformaren hego-mendebaldeko muturretik, eta lurpeko kanalizazioaren bidez, bazterreko areketara bideratuko dira, transferentziaguneko dekantazio-putzura eramateko, behar bezala tratatzeko.
Instalazioak bi nabe izanen ditu (hartzidura egiteko eta umotzeko), bi isurkiko teilatuarekin, paraleloan eta elkarren artean independenteak. Hartzidurako nabeak, iparraldean kokatua, 972 m²-ko garaiera izanen du, 9 eta 18 metro artekoa, eta 7 silo izanen ditu, 90 m²-koak (15 × 6 metro). Hondakina hartzeko eta aurretik tratatzeko eremua nabe horretan sartu aurretik egonen da. Silo bakoitzean, hartzidura pila estatikoen bidez eginen da, lixibiatuak biltzeko aireztapen behartuarekin. Umotzeko nabea, hegoaldean kokatua, 2.074 m²-koa izanen da, eta 29 metroko gehieneko argia izanen du, erabat gardena. 10 silo izanen ditu nabearen erdialdean eta ekialdean, eta 400 m²-ko teilatupeko korridore bat, ahalik eta gehien gutxitzeko lixibiatuek, materia organikoak edo ibilgailuen trafikoak berak kutsatutako uraren kantitatea. Siloen mendebaldean, umotze ondoko eremua eta biohondakinen baheketa-eremua daude, zeinak, aldi berean, hiru atal dituen: baheketa, birzirkulatze-trojea (eta material egituratzailea) eta konpostaren trojea.
Pabiloien ekialdean, 63 m³ dituen depositu bat egonen da, hormigoizko lauzaren azpian. Han, hartziduren lixibiatuak bilduko dira, behar izanez gero, hartziduraren amaieran materialak ureztatzeko erabiltzeko. Zabalgunearen hego-mendebaldean, kota baxuagoan, 10 × 8 metroko plataforma bat eginen da. Bertan, kanpoko bi depositu (40 m³) kokatuko dira, nabeetako estalkietako euri-urak biltzeko (kutsadurarik gabe), zeina materialak garbitzeko edo ureztatzeko erabiliko baita.
Instalaziorako sarbidea egungo transferentziagunera sartzeko bidetik eginen da. Bide hori Irunera doan N-121-A errepidean dagoen lotune batean hasten da, 45+720 kilometro-puntuaren inguruan. Sarbide horretara baso-bide batetik ere iristen da. Bide hori NA-1210 errepideko 23+560 kilometro-puntutik Oteizoiana gaineko hegaletara igotzen da, N-121-A errepidea azpiko pasabidetik zeharkatuta, etorkizuneko instalazioaren lurzatien hegoaldean. Indarrean dagoen araudia betez (SANDACH), berariazko eremu bat egonen da instalazioaren sarreraren ondoan, konpostatzeko prozesurako makineria mugikorra garbitu dadin. Ez da jasotzen elektrizitate eta hornidura zuzkidura berririk behar denik.
Prozesua
Hondakinak hartzeko eta aurretik tratatzeko eremuan, hondakinak garbitu egiten dira haienak ez diren edo organikoak ez diren hondarrak kentzeko (urtean 24 t), eta hondar horiek edukiontzietan uzten dira, frakzio bakoitzerako bereiziak. Hondakinak, garbitu ondoren, lixibiatua xurgatzen duen material egituratzailearekin jartzen dira eremu horretan, eta aurretik eta ondoren nahasten dira, homogeneizatzeko, dagokien silora eraman eta hartzitu daitezen. Horren ondoren, materiala umotzeko siloetara eramaten da pala kargatzaileen bidez. Umotzeak 10 aste inguru irauten ditu, klimatologiaren, instalazioaren kudeaketaren eta ekoitzitako konpostaren merkaturatze-eskakizunen arabera. Umotze ondoko fasearen helburua da gutxieneko heldutasuna lortzea eta biohondakinen baheketa-fasearen aurretik materialaren gehiegizko hezetasuna murriztea. Baheketa-eremuan, produktua ikuspegi fisikotik finduko da, konposta egituratzailetik bereiziz, kontuan hartuta propietate kimikoak aurretik finkatu direla.
Urtean 26 m³ lixibiatu inguru sortuko dira hartziduran eta umotzean. Horiek kanalizazioen bidez jasoko dira eta, dekantagailu batetik igaro ondoren, lehen aipatutako andelean biltegiratuko dira.
Ingurumen agiria
Aurkeztutako ingurumen agiriak proposamena eta ingurune hartzailea deskribatzen ditu, eta espero daitezkeen inpaktuen balorazio bat jasotzen du. Halaber, inpaktuen ingurumen kontrola egiteko zenbait neurri biltzen ditu, bai obra-fasean bai ustiapen-fasean. Proposamenaren ingurumen baimen bateratuak adierazten dituen neurriak eta teknikak betetzeaz gain, obra-fasean beste neurri batzuk ezarriko dira landaredi naturaleko eremuei ez eragiteko, hala nola basozaintzari jakinaraztea, aldi baterako okupatu beharreko eremuak behar bezala mugatzea eta kalitate handieneko landaredia edo obrekin mugakide den tamaina balizatzea. Instalazioen hegoaldean eta mendebaldean betelanen ondorioz sortuko den ezpondan hidroereintza jartzea ere planteatzen da, belar eta zuhaixken espezieen nahasketa erabiliz.
Iragarkiaren kodea: F2412039
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
