Iragarkia
176. ALDIZKARIA - 2024ko abuztuaren 29a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
649E/2024 EBAZPENA, abuztuaren 6koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ematen baita Orbaizetako edateko uraren hornidura hobetzeko eta handitzeko proiektuari buruzko ingurumen-inpaktuaren txostena. Iturriotz soluzioa, Orbaizetako Udalak Orbaizetako udalerrian sustatua.
2024ko maiatzaren 15ean, Lurralde Kohesiorako Departamentuko Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak, organo eskuduna den aldetik, goian aipaturiko espedienteari dagokion ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua hasteko eskaera igorri zion Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuari. Espedienteak, bere ezaugarriak kontuan hartuta, betetzen du Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7.2.b) artikuluan jasotakoa ("Natura 2000 Sareko gune babestuei zuzenean edo zeharka nabarmen uki diezaieketen proiektuak, I. eta II. eranskinetan sartuta ez daudenak").
21/2013 Legearen 46. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, ingurumen-inpaktuaren txostena eman aurretik, Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuak kontsulta egin die ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei, beren eskumeneko gaiei dagokienez oharrak edo iradokizunak egin ditzaten. Kontsultak egin zaizkie Orbaizetako Udalari, Ebroko Konfederazio Hidrografikoari, zenbait talde ekologistari, Basoak Kudeatzeko Atalari eta Naturaguneen eta Espezie Babestuen Atalari.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47. artikuluak ezartzen duenez, ingurumen-organoak ebazpen arrazoitu batez erabakiko du proiektuak ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta behar duen ala txosten honetan ezartzen denaren araberako ingurumen-inpaktuaren txostena dagokion.
Proiektuaren deskribapena.
Proiektua honetan datza: Fuente Fría iturburuan ur-bilketa eta hura Iturriotz iturburuarekin lotzeko 1973 metroko lurpeko konexio-hodi bat egikaritzea, Orbaizeta, Orbara, Hiriberri eta Aria herrietarako edateko uraren hornidura hobetzeko eta handitzeko.
Orbaizetako 5. poligonoko 1. lurzatian eginen da proiektua, Orbaizetako olatik ipar-ekialdera, eta Mendilazko mendebaldeko hegalaren oinarria zeharkatuko du luzetara.
I. eranskinean, laburturik ageri dira proiektuaren funtsezko datuak, eta II. eranskinean, berriz, ingurumen-dokumentuaren alderik aipagarrienak.
Ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren tramitazioa.
Aurkeztutako ingurumen-agiria bat dator Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 45. artikuluan zehazten denarekin.
21/2013 Legearen 46. artikuluari jarraikiz, ukituriko administrazio publikoei eta interesdunei kontsultak egiteari ekin zaio 2024ko ekainaren 17an. Kontsultak egin zaizkie Orbaizetako Udalari, Ebroko Konfederazio Hidrografikoari, zenbait talde ekologistari, Basoak Kudeatzeko Atalari eta Naturaguneen eta Espezie Babestuen Atalari.
Erantzunak jasotzeko epea amaituta, honako txosten hauen jaso dira: Orbaizetako Udalak ingurumen-ukipenen azterlana aurkeztu du, eta Lurrak (Asociación Navarra en Defensa de la Tierra) nabarmendu du diru gutxikoa dela proiektatutako ingurumen-leheneratzea, eta jakin nahi du nork kontrolatuko dituen proiektua betetzeko obrak hasieratik amaitu arte, bai eta noiz hasiko diren eta noiz amaituko diren ere. Bestalde, Basoak Kudeatzeko Atalak proiektuaren aldeko txostena eman du, ingurumen-inpaktuaren txosten honetan jasotako baldintzak ezarrita.
Espedientearen azterketa teknikoan hartu dira kontuan txosten horien ingurumen-alderdiak.
Ingurumen-ebaluazioa. Proiektuaren analisia, 21/2013 Legearen III. eranskineko irizpideak kontuan hartuta.
"Orbaizetako edateko uraren hornidura hobetzeko eta handitzeko proiektua - Iturriotz soluzioa" proiektuaren eremua "Orreaga - Iratiko Oihana" Kontserbazio Bereziko Eremuan (KBE) eta Hegaztientzako Babes Bereziko Eremuan (HBBE) dago oso-osorik, eta, orobat, bat dator Onura Publikoko 1 zenbakiko Aezkoa Mendiarekin. Ingurumen-kalteberatasun handiko eremua da, batik bat azken tartean, izei-basoberritzearen eta Iturriozko iturburuaren artean. Han daude zuhaitz handienak, pagoak (Fagus sylvatica), eta, oihanpean, iparraldeko elorri zuriaren (Crataegus monogyna) eta gorostiaren (Ilex aquifolium) ale ugari daude, garapen eta estaldura onekoak; ale horiek kontserbatu egin beharko dira.
Hodiaren gainerako trazaduran, esku-hartutako pagadi bat dago, ale gazteek osatutako zuhaitz-geruza duena; ez dago babesteko moduko alerik, edo, baten bat badago, isolatuta daude, eta aise saihesten ahal dira zuinketan. Hiru haritz handik osatutako unada da interes handieneko puntua, eta, horrenbestez, neurri bereziak hartu beharko dira hura babesteko. Ibilbide osoan bi erreka gurutzatzen dira: bat intereseko landaredirik gabekoa da, eta bestea egun dagoen bide batetik gurutzatzen da.
Proiektuak GRT 8 "Txutxurieta-Azpegi" mugaz haraindiko mendiko ibilbide handia ukitzen du, harekin bat baitator ia hodiaren ibilbide osoan. Bide hori erabiltzen duten mendi-ibiltariei ukipenik ez eragiteko, seinale egokiak jarri beharko dira obrek irauten duten bitartean.
Oro har, eta inpaktu nagusiak minimizatzeko, obrak hasi aurreko zuinketa zuzen egitea da hartu beharreko neurri nagusia, bereziki izei-basoberritzearen eta Iturriozko iturburuaren arteko tartean. Basozainak-Ingurumena Zaintzeko Taldea eta obrak egikaritzen arituko diren pertsona guztiak egonen dira zuinketan. Helburua da ukipenik ez egitea "Orreaga - Iratiko Oihana" KBEko landaredi baliotsuari eta funtsezko beste elementu batzuei. Horretaz gain, ingurumen-inpaktuaren txosten honetan jasotako gainerako baldintzak bete beharko dira.
Kontsulten emaitzari dagokionez, eta 21/2013 Legearen III. eranskinean horretarako jasotzen diren irizpideetan oinarrituta, Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuak, Ingurumen Ebaluazioaren Atalaren bitartez, aurkeztutako proiektuaren aldeko txostena eman du, baldintzak ezarrita. Horrek guztiak ez du ukatzen indarreko legeriari jarraikiz beharrezko diren beste baimen batzuk eskuratu beharra, eta, bereziki, Ebroko Konfederazio Hidrografikoaren baimena.
Ingurumen-ebaluazio sinplifikatuaren prozedura egoki bete dela iritzita, eta adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentu-egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren abuztuaren 17ko 10/2023 Foru Dekretua eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura oinarrizkoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretua.
EBAZTEN DUT:
1.a Orbaizetako Udalak sustatzen duen "Orbaizetako edateko uraren hornidura hobetzeko eta handitzeko proiektua - Iturriotz soluzioa" proiektuak ez du ondorio garrantzitsurik ingurumenean, ingurumen-inpaktuaren txostenean ezarritakoari jarraikiz gero.
Aurrekoa gorabehera, proiektua baimentzeak berekin dakar baldintza hauek bete beharra:
–Ingurumen-aditu batek lagunduko die obrei, obra-tokian bertan eta zuinketatik hasita, sustatzailearen kargura. Aditu horrek, gainera, obrek ukitutako lursailen leheneratzearen bilakaeraren ingurumen-jarraipena eginen du, obrak amaitu eta gutxienez urtebetez.
–Mendien Erregelamendua onesten duen otsailaren 17ko 59/1992 Foru Dekretuaren 50. artikuluaren eta hurrengoen arabera, obra onura publikoko Aezkoa Menditik igarotzen denez (katalogoko 1. zenbakikoa, Aezkoako Batzarre Nagusiaren jabetzakoa), bide-zortasuna baimendu behar da. Horretarako, mendiaren titularraren titulua aurkeztu behar da, okupazioa egiteko eta, jabeak egokitzat jotzen badu, zortasun-kanon bat ezartzeko. Lanak hasi aurretik onetsi beharko da zortasun hori.
–Basozainak-Ingurumena Zaintzeko Taldeak seinaleztatuko du obrak ukitutako zuhaiztia. Zur hori Aezkoako Batzarre Nagusiaren esku geldituko da, eta hark egur-lote gisa adjudikatzen edo besterentzen ahalko du zuzeneko adjudikazioaren bidez.
–Kontuan hartuta jarduketa-eremua ingurumen-kalteberatasun handikoa dela, batez ere izei-basoberritzearen eta Iturriotz iturburuaren arteko zatian, obrak hasi aurretik, ingurumen-jarraipenaren arduradunari eta Basozainak-Ingurumena Zaintzeko Taldeari informazioa emanen zaie obrako sarbide osagarriei buruz, bereziki Fuente Fría iturburura doan sarbide osagarriari buruz, bai eta hodia jartzeko ireki behar den kaxaren lan-eremuari buruz ere, batik bat egun azpiegiturarik ez dagoen tarteei dagokienez.
–Hodia jarriko den zanga hondeatzeko lanak lan-eremu bakar batean egikaritu beharko dira nahitaez, eta teknikoki ahal den zabalera txikiena ukituko da (gehienez 5 m). Lur-bilketako dunperra hondeamakinaren atzean jarriko da, eta linean lan eginen dute beti, ez paraleloan.
–Baso-lanak egin behar diren zuhaiztia denez, hodia metro bateko edo handiagoko sakoneran egonen da ehortzirik, makinak pasatzean edo zura herrestan eramatean matxurarik gerta ez dadin.
–Hondeatzeko makinak sartu aurretik, lan-eremuko eta ertzetako sastrakak kenduko dira; ahal dela, adarrak inausi eginen dira, zuhaitzak bota beharrean. Adarrak modu garbian ebakiko dira, urratu gabe. Saihestuko da ukipena eragitea elorri zuriaren (Crataegus monogyna), pagoen (Fagus sylvatica) eta haritz kandudunen (Quercus robur) ale handienei eta gorostiak (Ilex aquifolium) dituzten eremuei. Horretarako, aldaketa txiki batzuk proposatuko dira hodiaren trazaduran, behar izanez gero. Ahal den heinean, ez da zuhaitzik moztuko trazadurak zeharkatzen duen izei gorrien baso-landaketan.
–X: 644529 Y:4764767 UTM ETRS89 koordenatu-puntuan haritz kandudunaren (Quercus robur) hiru ale bikain dituen unada isolatu bat dago, eta babestu beharko da nahitaez. Behar izanez gero, eroanbidea atzeraemanen da, haritzen zain-sistemari ukipenik ez eragiteko.
Zuhaitzak moztean, gainerako zuhaitzen osotasunari ez eragiteko moduan eginen da lana. Erauzi beharreko zuhaitzak herrestan eramatean, okupazio-zabalerari dagokion bandatik eginen da, banda horretatik kanpoko lurra honda ez dadin. Ez zaie ukipenik eginen egun dauden bideen ertzetan dauden zuhaitzei, bide horiek egonkorrak izan daitezen.
–Mozten diren zuhaitzen parte batek basoan gelditu beharko du, basoko zur hila gehitzeko eta zenbait fauna-espezieren habitata sortzen laguntzeko, batez ere ornogabeena eta hegaztiena.
–Fuente Fría eta Iturriotz iturburuen inguruan egin beharreko jarduketetan, lur-mugimenduak minimizatuko dira, ura ez uhertzeko eta ahalik eta azalera txikiena ukitzeko.
–Fuente Fría iturburura sartzeko bidea Mustako Larreko Bidean hasiko da, 0+800 kilometro-puntuan (gutxi goiti-beheiti), Fuente Fría iturburuko ur-bilketaren hodiaren trazadura aprobetxatuz. Fuente Fría iturbururako oinezkoentzako sarbide bat egiten ahalko da, Mustako Larreko Bidean iturburuaren gainean jarritako hesiaren pasabidearen parean, eta sarrera-bidearekin lotuko da, iturburura iritsi aurretik.
–Fuente Fríatiko hornidura-eroanbidea Mustako Larreko Bidearekin gurutzatu baino lehenago konektatuko da, 0+800 kilometro-puntuan erreka bat zeharkatzen duen tokiaren ondoan (X: 644623, Y: 4764668 UTM ETRS 89 koordenatu-puntua, goiti-beheiti). Puntu horretatik aurrera, bide horretatik eramanen da hodia, 1+350 kilometro-puntuan (gutxi goiti-beheiti), bidea uzten duen punturaino.
–Materialak metatzeko eta makinak aparkatzeko eremuak Mustako Larreko Bidean ezarritako eremuetan kokatuko dira, betiere ur-ibilguetatik urrun.
–Hormigoiarekin lan egiten den puntuetan (kutxatilak, errekak zeharkatzeko puntuak eta abar), behar diren neurriak ezarriko dira ur korronteak ez kutsatzeko.
–Agorraldian eginen dira obrak, lurzorua idor dagoelarik, erreketan jariatzeak izan dezakeen eragina minimizatzeko. Horretaz gain, ugaltze-aldietan faunari eragozpenik ez eragiteko, bereziki okil gibelnabarrari (Dendrocopos leucotos) eta okil beltzari (Dryocopus martius), obrak erabat baztertuta geldituko dira otsailetik ekainera bitartean.
–Baliteke Narcissus pallidiflorus landare-espeziea egotea jarduketak zeharkatuko duen pagadi azidofiloan; hori dela eta, prospekzio bat eginen da obra hasi aurretik, proiektuaren eremuan dagoen ikusteko.
–Egin beharreko obrak bukatu ondotik, ukitutako eremuak leheneratu eginen dira. Horretarako, obrak hasten direnean, landare-lurrak dauden tokietan, geruza bat kenduko da (30 cm gutxienez) eta aparte pilatuko da, hondeaketa-lanen gainerako materialetatik bereiz, irekitzen diren zangen gainazala estaltzeko eta obrek ukitutako eremuak leheneratzeko lanetan erabili ahal izateko, obrak bukatzen direnean. Landare-lur hori zoruan zabaldu eta profilatuko da inguruko lurrarekin doitze fisiografiko egokia lortu arte. Leheneratze-lanen barnean sartzen da makinak igarotzean zanpatutako lurrak harrotzea.
–Sortutako ezpondak leheneratzean, ahalegina eginen da lurraren hasierako topografia errespetatzeko, eta lan-eremuaren azken zabalera 2 metrokoa izanen da gehienez.
–Ukitutako landaredia leheneratzeko neurri zuzentzaile gisa, zuhaixka-espezieen 130 ale landatuko dira proiektuan: 55 ale Crataegus monogyna eta 75 ale Ilex aquifolium. Ibilbide osoan zehar paratuko dira, bidearen gaineko zatian izan ezik.
–Zuhaitz-masa kentzeagatiko konpentsazio-neurri gisa, proposatzen da zenbait putzu txiki egokitzea anfibioentzat, Mustako Errekako pistaren inguruan. Basozainak-Ingurumena Zaintzeko Taldearekin zehaztu behar da.
–Obrak amaitzean, egun dagoen bidearen zorua berrezarri beharko da, eta obren hasieran zegoen egoera berean utzi.
–Obran bertan berrerabiltzen ez diren hondeaketako soberako harriak eta lurrak bertatik kenduko dira, eta baimendutako hondakin-kudeatzaile batek kudeatu beharko ditu. Sortzen diren gainerako hondakin guztiak era egokian kudeatu behar dira, haien ezaugarrien arabera, bat etorriz hondakinei buruz indarrean den araudiarekin.
–Ingurumen ebaluazioari buruzko 21/2013 Legearen 52.2 artikulua betez, sustatzaileak jarraipen-txosten bat igorriko dio organo substantiboari (Lurralde eta Paisaia Zerbitzua), ingurumen-inpaktuaren txosten honetan ezarritako baldintzak, prebentzio-neurriak, neurri zuzentzaileak eta konpentsazio-neurriak betetzen direla egiaztatzeko.
–Obrak egiten ari direla abisatzeko kartelak jarriko dira lan-eremuak GRT 8 "Txutxurieta-Azpegi" mugaz haraindiko mendiko ibilbide handiarekin bat egiten duen tartearen sarreran eta irteeran. Kartelean adieraziko da zer ordezko bide hartzen ahal diren eta obrek zenbatsu iraunen duten.
–Obrak hasi baino 48 ordu lehenago, gutxienez, Ingurumena Zaintzeko Ataleko Aezkoa-Kintoko Koordinazio Unitateari jakinarazi beharko zaio (telefonoa: 686 50 29 27, helbide elektronikoa: gmaaezkoa@navarra.es), lanen zuinketan egon dadin, eta, horrela, lanek eremuan dauden elementu naturalei ahalik eta ukipen txikiena eragin diezaieten.
–Ingurumen-txosten hau egiten da deusetan ukatu gabe sustatzaileak, obrak egin aurretik, kasuan kasuko gaiaren arabera eskumena duten organoek eman beharreko baimen guztiak lortu behar izatea, eta, bereziki, Ebroko Konfederazio Hidrografikoari dagozkionak.
2.a Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47.6 artikuluak adierazten duenari jarraikiz, ingurumen-txostenaren aurka ez da errekurtsorik jartzen ahalko, deusetan galarazi gabe proiektua onesteko xedapen orokorraren aurka auzibidean jartzen ahal direnak, edota plan edo programa onesteko egintzaren aurka administrazio-bidean jartzen ahal direnak.
3.a Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
4.a Ebazpen hau igortzea Paisaiaren eta Landa Lurzoruaren Atalari, Ingurumena Zaintzeko Atalari (Aezkoa-Kintoko Koordinazio Unitateari) eta Orbaizetako Udalari, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2024ko abuztuaren 6an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.
I. ERANSKINA.–PROIEKTUAREN LABURPENA
Proiektua honetan datza: Fuente Fría iturburuan ur-bilketa bat (X: 644568,Y:4765362 UTM ETRS89 koordenatu-puntuan, goiti-beheiti) eta hura Iturriotz iturburuan dagoen goi-sarearekin (2 km inguru hegoalderago, X:644852, Y:4763659 koordenatu-puntuan) lotzeko konexioa egikarituko dira, Orbaizeta, Orbara, Hiriberri eta Aria herrietarako edateko uraren hornidura hobetzeko eta handitzeko.
Proiektuaren eremua Orbaizetako 5. poligonoko 1. lurzatian dago, Orbaizetako olatik 470 metrora, ipar-ekialdera, eta Orbaizetako hirigunetik 4 km-ra, iparraldera.
Fuente Fría iturburuan, ur-bilketako etxola bat instalatuko da, behar diren elementu guztiekin (hargune-obra, harea-putzua, upela eta ganbera idor bat, balbulak instalatzeko), eta ur-bilketaren perimetroa hesituko da, txarrantxarekin eta zurezko piketeekin (2 m-tik behin).
Iturriozko iturburuan, bertara sartzeko bidea eta egun dagoen hargune-etxolaren ondoko zabalgunea egokituko dira. Horretarako, areka bat eginen da lurrean, eta zeharkako hormigoizko sakangune bat bidean, uholde-urek kalte gehiago eragin ez diezaioten etxolari.
Bi alternatiba aztertu dira bi iturburuen arteko eroanbiderako, eta baztertu egin da ponpaketa egitea aztertzen duena, arrazoi teknikoengatik. Hautatutako alternatiba honela egikarituko da: 1973 m-ko dentsitate handiko polietilenozko hodia, 125 mm-ko diametrokoa, malda txikian 100 m-ko desnibela jaisteko (Fuente Fríatik –989 m–, Iturriozera –890 m–), lurraren sestra-kurbei jarraikiz (goiti-beheiti); 570 m-an egun dagoen "Mustako Larreko Bidea"-rekin bat eginen du.
Hodia jartzeko zangak 60 cm-ko zabalera izanen du oinarrian, eta 80 cm eta 4 m bitarteko sakonera (gutxienekoa eta gehienekoa). Egikaritzeko, lurrezko 1H:3V-ko ezponda bat aurreikusten da, eta, harkaitzean hondeatu behar izanez gero, ezponda bertikala. Trazaduran zehar sei hustubide proiektatu dira, 63 mm-ko diametroko dentsitate handiko polietilenozko hodien eta zazpi bentosaren bidez instalatuak. Eroanbidearen ibilbidean, egun dauden bi erreka zeharkatuko dira; horretarako, eroanbideko hodia beste hodi baten barruan sartuko da, eta, azken hori, HM-20 hormigoian sartuta egonen da. Eroanbide osoan zehar, 15 metroko aldi baterako okupazio-zabalera aurreikusten da. Sarbidea, hodiaren zanga bera eta betelaneko lurra nahiz landare-lurren eta hodien metaketa uzteko espazioa egonen lirateke horren barruan. Okupazio-zabalera hori 5 metrora murrizten da aurkeztutako ingurumen-ukipenen azterlanean. Hodia egikarituko den mazelaren erliebe nagusia malda handiko - oso handikoa da: %25 eta %60 arteko batez besteko maldak ditu, goiti-beheiti, eta zanga eraikitzeak ezpondak eraginen ditu mazelan.
Indusketa-lanetan, 115 m³ lur erauztea proiektatu da, eta lur hori guztia zanga estaltzeko eta ukitutako eremuak leheneratzeko erabiliko da.
II. ERANSKINA.–INGURUMEN-DOKUMENTUAREN LABURPENA
Aurkeztutako ingurumen-ukipenen azterlanak adierazten duenez, hodiaren ibilbide osoko 1973 metroetatik, 1339 metrok pagadi azidofiloa ukitzen dute, eta 61 metrok, berriz, Picea abies espeziearen baso-landaketa. Gainerako 573 metroak egun dagoen bide baten gainean joanen dira.
92/43/EEE Zuzentarauko habitatei dagokienez, azterlanak Pagadi azidofiloak (Saxifraga hirsuta-Fagetum sylvaticae, HIC 9120 kodea) Batasunaren intereseko habitata izendatzen du, eta hodiaren ibilbidearen zati handi batean jasanen ditu ukipenak. Habitat hori zuhaitz-geruza batek eta zuhaixka-geruza oso mehe batek osatzen dute. Pagoak nagusi dira zuhaitz-geruzan, baina haritz batzuk (Quercus robur) egoten ahal dira, baita gaztainondo (Castanea sativa) batzuk ere. Zuhaixka-geruzan zenbait espezie urri daude, hala nola iparraldeko elorri zuria (Crataegus monogyna), laharra (Rubus ulmifolius), arrosak (Rosa sp.) eta gorostia (Ilex aquifolium), eta, haien artean, txilarra (Erica vagans), ahabia (Vaccinium myrtillus) eta otea (Ulex gallii). Pistaren eta bidezidorraren ertzetan isats arrunten (Cytisus scoparius) bat dago.
Babes-figurei dagokienez, adierazten du proiektuaren eremu osoa "Orreaga - Iratiko Oihana" Kontserbazio Bereziko Eremuaren (KBE) eta "Orreaga - Iratiko Oihana" Hegaztientzako Babes Bereziko Eremuaren (HBBE) barruan dagoela.
Proiektuak Natura 2000 Sarean izaten ahal duen ingurumen-ukipenari dagokionez, ingurumen-ukipenen azterketaren 6. kapituluak adierazten du proiektuak funtsezko elementu hauek ukitzen ahal dituela: pagadiak, mehatxatutako flora, ur-ibilguei lotutako fauna, baso-inguruneari lotutako hegaztiak, saguzarrak eta ornogabe katalogatuak. Hona hemen, funtsezko elementu horien gaineko ukipenak zehaztuta:–Pagadiak: 6695 m² HIC 9120 (Pagadi azidofiloak).–Flora mehatxatua: Narcissus pallidiflorus.–Ur-ibilguei lotutako fauna: Mustako Larreko Bidea eta Fuente Fría eta Iturriotz iturburuetako goi-ibarrak zeharkatzen dituen erreka txikian, uhandre piriniotarra (Euproctus asper), baso-igel piriniotarra (Rana pyrenaica) eta muturluze piriniotarra (Galemys pyrenaicus) egoten ahal dira.–Baso-inguruneari lotutako hegaztiak: okil gibelnabarra (Dendrocopos leucotos) eta okil beltza (Dryocopus martius). –Saguzarrak: inpaktu potentziala oso txikia da, eta, beraz, ez da garrantzitsua.–Ornogabe katalogatuak: Lucanus cervus, Rosalia alpina, Eriogaster catax, Parnassius apollo, Maculinea arion, Erebia gorgona, E. sthennyo eta Euphydryas aurinia egotea aurreikusten da; probabilitate txikiagoz agertuko dira Graellsia isabelae, Proserpinus proserpina eta Cerambyx cerdo espezieak.
Eroanbidearen ia ibilbide osoak bat egiten du GRT 8 "Txutxurieta-Azpegi" mendiko ibilbide handiarekin, hura Iturriozko iturburuaren ondoan iragaten da, eta iparralderantz doa jarduketa eginen den bidearen gainetik (Mustako Larreko Bidea). Hori dela eta, behar diren segurtasun-neurriak hartu beharko dira bide horretatik doazen pertsonak babesteko.
Ingurumen-ukipenen azterlanak ezartzen duen prebentzio-neurri nagusia okupazio-zabalera murriztea da, proiektatutako 15 m-tik 5 m-ra, eta zabalera murriztu horretan 6695 m²-ko ukipena izan du pagadi azidofiloetan, eta 305 m²-koa, baso-landaketan. Kontuan hartuta 1-3 metroko zabalerako bidezidor-zati batzuk daudela pagadi azidofiloetan, txikiagoa izanen litzateke benetako eragina. Azterlanak, neurri zuzentzaile gisa, ezartzen du zuhaixka-espezieen 130 ale landatzea: 55 ale Crataegus monogyna eta 75 ale Ilex aquifolium. Ibilbide osoan zehar paratuko dira, bidearen gaineko zatian izan ezik.
Iragarkiaren kodea: F2411906
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
