1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
456E/2024 EBAZPENA, abuztuaren 6koa, telekomunikazioetako eta Digitalizazioko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baita "Neurozientziari aplikaturiko adimen artifizialaren arloko ikerketa-proiektuetarako laguntzak (Ramón y Cajal Petilla Aragoi bekak)" dirulaguntzaren deialdia. DDBN identifikazioa: 779768.
Aurrerapen Digitalerako Zerbitzuko zuzendariak aurkeztutako txostenean proposatzen da dirulaguntzen deialdi bat egitea, neurozientziari aplikaturiko adimen artifizialaren arloko ikerketa-proiektuetarako laguntzak emateko 2024an arlo horretako proiektu bat egiten ari direnentzat.
Beka horiek helburu dute Nafarroak abangoardia teknologikoarekin duen konpromisoa indartzea eta eskualdeko sektore publikoan eta pribatuan AA aplikatzen laguntzea.
Horrenbestez, indarra duen legerian ezarritakoarekin bat, eta Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 252/2023 Foru Dekretuaren lehenengo xedapen gehigarriaren bidez eman dizkidaten eskudantziak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
1. "Neurozientziari aplikaturiko adimen artifizialaren arloko ikerketa-proiektuetarako laguntzak (Ramón y Cajal Petilla Aragoi bekak)" dirulaguntzaren deialdia onestea.
2 Dirulaguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean bildu dira.
3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, jarraian adierazten diren aurrekontu-kredituak baimentzen dira; hala ere, aldaketak egiten ahalko dira, jasotzen diren eskaerak kontuan hartuta:
AURREKONTU-PARTIDA | EKITALDIA | ZENBATEKOA |
G30001-G3100-4809-469102: (E) Ramón y Cajal Petilla Aragoi ikerketa bekak | 2024 | 10.000,00 |
4. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta ohartaraztea deialdiak ez duela ondoriorik sortuko harik eta laburpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu arte.
5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik aurrera. Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua, bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita, galarazi gabe Nafarroako Gobernuan aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan xedatutako moduan eta epeetan.
Iruñean, 2024ko abuztuaren 6an.–Telekomunikazioetako eta Digitalizazioko zuzendari nagusia, José Antonio Vizcay Urrutia.
OINARRI ARAUTZAILEAK
1. oinarria.–Xedea edo helburua.
Laguntzaren helburua da 5 beka sustatzea, neurozientziari aplikatutako adimen artifizialaren arloan. Beka bakoitza 2.000 eurokoa izanen da. Laguntza honek helburu estrategikoa du Nafarroak abangoardia teknologikoarekin duen konpromisoa indartzea eta eskualdeko sektore publikoan eta pribatuan AA aplikatzen laguntzea.
2. oinarria.–Onuradunak.
Honako baldintza hauek betetzen dituzten goi mailako tituludunek eskuratzen ahalko dituzte laguntza hauek:
1. 2024an ikerketa-proiektu bat gauzatzen aritzea neurozientziari aplikaturiko adimen artifizialaren eremuan.
2 Nafarroarekin lotura izatea. Deialdiaren ondorioetarako, baldintza hori soilik beteko dute funts denak ikerketa-proiektu batean erabiltzen dutenek, baldin eta proiektua lotuta badago unibertsitate baten mendeko ikerketa-zentro bati, ikerketa-zentro bati, osasun arloko ikerkuntza-institutu bati edo SINAI I+G+Baren Nafarroako Sistemari atxikitako teknologia zentro bati.
3. oinarria.–Proiektuen baldintzak.
Aurkezten diren ikerketa-proiektuek honako baldintzak bete beharko dituzte:
1. Honako eremu hauetako batean garatzea:
a) AA azalgarria (XAI) eta ikasketa sakona (deep learning) neurozientzietan.
b) Neuroirudi-datuak prozesatzea.
c) Garuneko irudien analisia eta diagnostikoa.
d) In vitro diagnostikoa, AA aplikatuta.
e) AAn oinarrituriko metodo diagnostikoak eta garuneko sare funtzionalen analisia.
f) Seinale neurologikoak prozesatzea.
g) Gaixotasun neurologikoak diagnostikatzeko datu-meatzaritza.
h) AA sistemak garun-konputagailu interfazeetarako (BCI).
2 Hautagaiak soilik bekara aurkeztutako proiektu batean izan daitezke ikertzaile nagusi.
4. oinarria.–Gastu finantzagarriak.
Jasoko den finantzaketa honako gastu hauetako bat edo bat baino gehiago asetzeko erabiliko da:
a) Proiektua gauzatzeko behar den materiala.
b) Software-lizentziak eta adimen artifizialarekin lotutako zerbitzuak:
Software espezializatuen lizentziak, adimen artifiziala garatzeko plataformak eta ikerketa-jarduerarako beharrezkoak diren beste tresna batzuk.
Barne hartzen du adimen artifizialarekin lotutako zerbitzuetara harpidetzea.
c) Ikastaro eta trebakuntza ziurtatuak:
Adimen artifizialean espezializatutako ikastaroak eta ikerketa-jarduerarekin lotutako trebakuntzak ordaintzea, beharrezkoa bada izena ematea eta ordaintzea.
d) Aldizkari zientifikoetan argitaratzea eta haietarako sarbidea lortzea:
Artikuluak aldizkari akademikoetan argitaratzeari loturiko kostuak ordaintzea, baita aldizkari eta datu-base zientifikoetara harpidetzea ere, adimen artifizialeko ikerketarako garrantzitsuak badira.
Gastu denek proiektuari lotuta egon behar dute, eta 2023-2024 urteen artean sortutakoak izan beharko dira.
5. oinarria.–Laguntzen bateragarritasuna.
Bekak bateragarriak dira beste finantzaketa iturri batzuekin, betiere horren berri ematen bazaio finantzatzaileari. Proiektuak beste beka batzuekin finantzatu daitezke, betiere laguntza guztien artean ez bada gainditzen onuraduna garatzen ari den proiektuaren zenbateko osoa.
6. oinarria.–Eskaera aurkezteko epea eta modua.
1. Eskaerak aurkezteko epea 30 egun baliodunekoa izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
Eskaerak egiteko epea amaitutakoan, eskaera berriei uko eginen zaie, eta bekaren emakidaren aurkako ebazpena jakinaraziko da.
2 Eskaerak telematikoki aurkeztuko dira nahitaez, horretarako Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoko fitxa erabiliz (hemendik aurrera, laguntzen fitxa).
3. Hauxe da aurkeztu beharreko dokumentazioa, laguntzen fitxan eskura dauden ereduen araberakoa, betiere:
a) Eskabidea.
b) Proiektuaren izenburua eta laburpena (orrialde bat, gehienez).
c) Proiektuaren memoria, honako atal hauek jasotzen dituela:
d) Sarrera: proposatutako ikerketa-proiektuaren aurrekariak (3 orrialde, gehienez).
e) Proiektuaren helburuak (orrialde bat, gehienez).
f) Materiala/metodoak eta plan estatistikoa (3 orrialde, gehienez).
g) Proiektuaren erabilgarritasuna (orrialde erdia, gehienez).
h) Garatzeko denbora (orrialde bat, gehienez).
i) Bibliografia (orrialde bat, gehienez).
j) Memoria ekonomikoa: aurrekontua eta bestelako finantzaketaren baten deklarazioa, halakorik balego (orrialde bat, gehienez).
k) NANaren fotokopia.
l) Ikertzaile nagusiaren curriculuma (beka eskatzen duenarena).
m) Ikerketa-taldearen azken 5 urteetako esperientzia (orrialde bat, gehienez).
n) Proiektua egiteko hautatu den ikerketa-zentroaren deskribapena, eta eskura dauden instalazio teknikoak (orrialde bat, gehienez).
4. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak betetzen dituela adierazten duen erantzukizunpeko adierazpena. Adierazpen hori eskaeraren inprimaki telematikoan dago.
5. Erantzukizunpeko adierazpena, adierazteko ezen ikerketa-proiektua Nafarroako unibertsitate-erakunde baten mendeko ikerketa-zentro bati lotuta dagoela. Adierazpen hori eskaeraren inprimaki telematikoan dago.
6. Diru-sarrera egiteko erabiliko den kontuaren IBAN zenbakia jasotzen duen dokumentua. Orobat, kontuaren titularra edo titularrak agertuko ditu. Nahitaezkoa da erabiliko den kontuaren titularra onuraduna izatea, eta kontu hori irekita edukitzea laguntza jaso arte.
7. Izangaiak egokitzat jotzen duen beste edozein informazio (orri bat, gehienez).
7. oinarria.–Dirulaguntza emateko prozedura.
1. Laguntza hauek emateko prozedura norgehiagokakoa izanen da. Beraz, aurkeztutako eskaerak alderatu eginen dira, haien artean lehentasunak ezartzeko.
2 Aurrerapen Digitalerako Zerbitzua arduratuko da balorazioa egiteaz, eta aditu independenteen laguntza eskatzen ahalko du, aurkeztutako eskabideen ebaluazioari buruzko aholkularitza jasotzeko.
3. Eskaerak aurkezteko epea amaitu eta gehienez ere hilabete naturaleko epean argitaratuko da, laguntzaren fitxaren web-orrian, deialdian onartu eta baztertu diren eskaeren behin-behineko zerrenda.
4. Zerrenda horretan adieraziko dira eskaera bakoitzean atzemandako akatsak, eta bost egun balioduneko epea emanen da horiek zuzentzeko eta behin-behineko zerrendaren aurka alegazioak aurkezteko.
5. Zuzenketak egiteko eta alegazioak aurkezteko epea amaitu eta gehienez hilabete naturaleko epean argitaratuko da, laguntzaren fitxaren web-orrian, emakidaren ebazpena eta gainerako eskaeren ezespena, halakorik balego. Halaber, hori dena interesdunei jakinaraziko zaie Administrazio-prozedura erkideari buruzko legedian ezarritako moduan.
6. Deialdi honi buruz edozein kontsulta egiteko, hura kudeatzen duen organora jo daiteke, posta elektronikoko helbide honen bidez: becaianeurociencia@navarra.es.
8. oinarria.–Balorazio irizpideak.
Eskaera bakoitza hurrengo irizpideen arabera baloratuko da, eta gehienez 100 puntu lortu ahalko dira:
1. Proiektuaren kalitate zientifikoa eta teknikoa (40 puntu), bi alderdi hauetan banatua:
–Garrantzia eta originaltasuna (20 puntu gehienez).
–Metodologia (20 puntu gehienez).
2 Ikerketa-taldearen gaitasun zientifiko-teknikoa (40 puntu), alderdi hauetan banatua:
–Neurozientziarekin ez lotutako beste ikerketa-proiektuetan parte hartu izana, edo adimen artifizialaren aplikaziorik gabekoetan (10 puntu gehienez).
–Neurozientziarekin lotutako beste ikerketa-proiektuetan parte hartu izana, edo adimen artifizialaren aplikazioa izan dutenetan (10 puntu gehienez).
–Azken 5 urteetako ekoizpen zientifikoak (gehienez 20 puntu).
3. Epe motz eta luzerako aurreikusitako eraginaren balorazioa (20 puntu).
Berdinketa gertatzen bada, lehentasuna emanen da eskaerak erregistroan duen sarrera ordenaren arabera.
9. oinarria.–Diru-zuzkidura.
Beka bakoitza 2.000 eurokoa izanen da, eta kopuru hori esleituko da beka ematen den unean. Beka bakoitzaren zuzkidura gisa zehazten diren zenbatekoak gordinak dira, zergen aurrekoak. Bekak ondorio fiskalak ditu onuradunarengan.
Ordainketa eginen da 2023ko eta/edo 2024ko gastuak frogatzen direnean.
10. oinarria.–Gastuak frogatzeko epea eta modua.
Ikertzaileak gastuak frogatzeko agiri bat aurkeztu beharko du (fakturak eta ordainagiriak) aurtengo abenduaren 1a baino lehen. Bertan, 2023ko eta/edo 2024ko gastuak agertuko dira. Faktura guztiek bat etorri beharko dute deialdiaren oinarrien arabera finantza daitekeen gastu batekin. Agiria eta lotutako fakturak telematikoki aurkeztu beharko dira, gaitutako izapidearen bidez.
Batzordearen irizpidearen arabera, aurrez-aurreko azalpena eskatuko da beharrezkotzat jotzen denean.
11. oinarria.–Datuen babesa.
Datu pertsonalen babesari dagokionez, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuaren jarduna beteko da Datuen Babeserako Erregelamendu Orokorrean (2016/679 EB Erregelamendua) eta Datu pertsonalen babesari eta eskubide digitalen bermeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan xedatutakoari lotuta. Unibertsitateko Zuzendaritza Nagusiak bekak emateko prozesuetan parte hartzearen ondorioz jasotako datu pertsonalak "Unibertsitateko ikasketetarako dirulaguntzak, bekak eta laguntzak" izeneko tratamenduko jardueran sartuko dira.
Bildutako datu pertsonalen tratamenduaren xedea izanen da foru agindu honetan aurreikusitako laguntzak kudeatzea eta helburu estatistikoetarako erabiltzea. Datu horiek beharrezkoak dira misio bat betetzeko, interes publikoaren aldekoa, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuari emandako ahal publikoak betez. Datuak lagatzen ahalko zaizkie Nafarroako Gobernuko beste organo batzuei, baita beste administrazio publiko batzuei edo kontroleko agintari, epaitegi eta erakunde publikoei ere, beren egitekoak bete ditzaten.
Datuen titularrek eskuratzeko, zuzentzeko, mugatzeko, ezabatzeko eta transferitzeko eskubideak baliatzen ahal dituzte; horretarako, idatzizko komunikazio bat bidali beharko dute Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuari zuzendua (Cabarceno kalea 6, Sarriguren edo sgt.uitd@navarra.es). Datuen babesari buruzko informazio osagarria eta zehatza laguntzen fitxan kontsultatzen ahalko da.
12. oinarria.–Itzultzea.
Proiektuaren finantzaketa eten daiteke, eta hartutako zenbatekoa itzuli beharko da, osorik edo partez, proiektua gauzatzen ez bada, dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak betetzen ez badira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren zergatikoak gertatzen badira edo deialdi honetan berariaz aipatzen diren betebeharrak betetzen ez badira.
13. oinarria.–Aplikatu beharreko araudia.
Oinarri arautzaile hauetan ezarrita ez dagoen guztian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen xedapenak aplikatuko dira.
14. oinarria.–Oinarri arautzaileen aurka bidezko diren administrazio errekurtsoak.
Oinarri arautzaile hauen eta garatzeko egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik aurrera, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean 121. eta 122. artikuluekin eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126. artikuluarekin.
Iragarkiaren kodea: F2412059