2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
CABANILLAS
Ordenantza, trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zerga arautzen duena. Behin betiko onespena
Cabanillasko Udalak, 2024ko apirilaren 29an egindako osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen ordenantza bat, trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zerga arautzen duena.
Hasierako onespenaren iragarkia argitaratu zen 2024ko 99. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, maiatzaren 14an, eta legearen araberako jendaurreko aldia iragan da inork erreklamazio, kexa edo oharrik aurkeztu gabe. Hortaz, behin betiko onetsirik gelditu da ordenantza, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 325. artikuluan ezarriari jarraikiz, eta jarraian ageri den bezala gelditu da idatzirik.
Cabanillasen, 2024ko abuztuaren 6an.–Alkatea, Raquel Paz Aperte.
ORDENANTZA, TRAKZIO MEKANIKOKO IBILGAILUEN GAINEKO ZERGA ARAUTZEN DUENA
1. artikulua. Izaera eta oinarriak.
Trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zerga zuzeneko zerga bat da, nahitaez ordaindu beharreko zerga gisa ezarria dagoena Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean (1995/13311 EDL). Zerga hori ordenantza fiskal honen bidez arautuko da, eta ordenantzaren arauak aipatu foru arauaren 159.etik 166.era bitarteko artikuluetan (biak barne) ezarritakoari atxikitzen zaizkio.
2. artikulua. Hobariak.
1. Zergaren kuotari dagokionez, honako hobari hauek aplikatuko dira, aipatu foru legearen 162.4 artikuluan ezarritakoarekin bat:
a) Ehuneko 40ko hobaria "0 emisioko ibilgailuentzat": bateriako ibilgailu elektrikoak (BEV), autonomia hedatuko ibilgailu elektrikoa (REEV), 40 kilometroko gutxieneko autonomia duten ibilgailu elektriko hibrido entxufagarria (PHEV) nahiz erregai-pilako ibilgailuak, edo Trafikoko Zuzendaritza Nagusiak hala sailkatzen dituenak.
b) %20ko hobaria "eko-ibilgailuentzat": 40 kilometrotik beherako autonomia duten ibilgailu hibrido entxufagarriak, ibilgailu hibrido ez-entxufagarriak (HEV), gas naturalez propultsatutako ibilgailuak, gas natural bidezko ibilgailuak (GNC eta GNL) edo petrolio-gas likidotua (GLP), nahiz Trafikoko Zuzendaritza Nagusiak hala sailkatzen dituen beste batzuk.
2. Artikulu honetan ezarritako hobariak erregutuak izanen dira, eta interesdunek horiek ematea eskatu beharko dute, baldin eta aldez aurretik baldintzak betetzen badituzte eta Udalari frogatzen bazaio horiek emateko eskatutako baldintzak betetzen direla. Horretarako, eskabidearekin batera honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:
–Zirkulazio-baimenaren kopia.
–Ibilgailuaren ikuskapen teknikoaren txartelaren kopia. Txartelean, hala badagokio, ibilgailuaren erreforma eta haren data adieraziko dira.
3. Hobariek ondorioak izanen dituzte, halakorik bada, zein zergalditan eskatu diren, haren hurrengo zergaldian, hain zuzen. Hala ere, hobariek ondorioak izan ahalko dituzte uneko ekitaldian, honako kasu hauetan:
–Matrikulazioaren eta zirkulatzeko baimenaren ondorioz tributuan alta emandako ibilgailuen kasuan, baldin eta eskabidea eta frogagiriak aurkezten badira dagokion autolikidazioa aurkeztu edo ordaintzeko unean, galarazi gabe Udal Administrazioak dagokion egiaztapena egitea.
–Gainerako kasuetan, eskaera eta frogagiriak aurkezten badira zerga borondatez ordaintzeko epearen barnean.
AZKEN XEDAPENAK
Lehena.–Ordenantza honetan berariaz arautzen ez den orotan, aplikatuko dira Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea eta harekin bat datozen gainerako arauak.
Bigarrena.–Ordenantza fiskal hau indarrean jarriko da eta ondorio juridiko osoak sortuko ditu testu osoa argitaratutakoan Nafarroako Aldizkari Ofizialean, eta indarrean jarraituko du harik eta berariaz indargabetzen edo aldatzen den arte.
Iragarkiaren kodea: L2411891