173. ALDIZKARIA - 2024ko abuztuaren 26a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

318/2024 EBAZPENA, uztailaren 16koa, Hezkuntzako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baitira 2024-2025 ikasturtean Nafarroako Foru Komunitatean diseinuko goi mailako arte irakaskuntzak ematen dituzten ikastetxe publikoen antolaketa eta jarduna arautzeko jarraibideak eta Europako Goi Mailako Hezkuntzaren Esparruari egokitzeko arauak.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren bidez goi mailako arte irakaskuntzak arautu ziren, eta urriaren 26ko 1614/2009 Errege Dekretuak irakaskuntza horien antolamendua ezarri zuen. Bestalde, maiatzaren 14ko 633/2010 Errege Dekretuak diseinuko goi mailako arte irakaskuntzen plan berriaren oinarrizko edukia arautu zuen, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan ezarritakoarekin bat.

Nafarroan, Hezkuntzako kontseilariak martxoaren 5ean emandako 30/2013 Foru Aginduaren bidez (gero Hezkuntzako kontseilariaren maiatzaren 6ko 39/2015 Foru Aginduaren bidez aldatua), diseinuko goi mailako ikasketen plana ezarri zen Nafarroako Foru Komunitatean, Europako Goi Mailako Hezkuntzaren Esparruan.

Arte eta Hizkuntza Ikasketen Atalak 2024-2025 ikasturtean Nafarroako Foru Komunitatean diseinuko goi mailako arte irakaskuntzak ematen dituzten ikastetxe publikoen antolaketa eta jarduna arautzen dituzten jarraibideak eta Europako Goi Mailako Hezkuntzaren Esparruari egokitzeko arauak onestearen aldeko txostena egin du.

Horrenbestez, dagozkidan ahalmenak erabiliz, hala ematen baitizkit azaroaren 15eko 245/2023 Foru Dekretuak, Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duenak,

EBAZTEN DUT:

1. 2024-2025 ikasturtean Nafarroako Foru Komunitatean diseinuko goi mailako arte irakaskuntzak ematen dituzten ikastetxe publikoen antolaketa eta jarduna arautzeko jarraibideak onestea, irakaskuntza horiek Europako Goi Mailako Hezkuntzaren Esparruari egokitzeko. Jarraibideak eranskinean ageri dira.

2. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela agintzea.

3. Ebazpen hau eta eranskina igortzea Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura, Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzura, Ikasketak Antolatzeko Atalera, Arte eta Hizkuntza Ikasketen Atalera eta ukitutako ikastetxeetara, behar diren ondorioak izan ditzaten.

4. Ebazpen honen kontra gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da, Hezkuntza Departamentuko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik aurrera.

Iruñean, 2024ko uztailaren 16an.–Haur Eskolen Zerbitzuko zuzendaria, Iraida Salaverri Nieto.

(Hala ezarrita dago Hezkuntzako kontseilariak abenduaren 1ean eman 128/2023 Foru Aginduan, zeinaren bidez izendatzen baitira Hezkuntza Departamentuko zuzendari nagusien eta idazkari tekniko nagusiaren ordez aldi baterako arituko direnak)

ERANSKINA.–2024-2025 IKASTURTEAN NAFARROAKO FORU KOMUNITATEAN DISEINUKO GOI MAILAKO ARTE IRAKASKUNTZAK EMATEN DITUZTEN IKASTETXE PUBLIKOEN ANTOLAKETA ETA JARDUNA ARAUTZEKO JARRAIBIDEAK

Ikasturte hasierako jarraibideek indarreko araudiaren alderdi batzuk zehaztu eta argitzen dituzte, eta arautu gabeko beste batzuk arautzen, ikastetxeen antolaketa eta funtzionamendua hobetzeko. Horrez gain, ikasturtean lehentasunez landu behar diren ildoak ezartzen dituzte.

Jarraibideak bi kapitulutan daude bereizita:

Lehenbizikoa, urteko programazio orokorrari buruzkoa da. Hor, beste batzuen artean, ikastetxearen hobekuntza planak prestatzeko argibideak ematen dira, bai eta ebaluazioetan duten parte-hartzearen gainekoak ere, hobetu daitezkeen eremuak detektatzeko.

Bigarrenean, antolaketaren alderdi batzuk zehazten dira, ikastetxearen funtzionamendurako beharrezkoak direnak.

I.–Urteko programazio orokorra.

A) Alderdi orokorrak.

1.–Xedapen orokorrak.

Urteko programazio orokorra (UPO) oinarrizko tresna da ikastetxeen plangintzarako, antolaketarako eta funtzionamendurako. Haren bidez, ikasturtean zehar garatuko diren hezkuntza proiektua, antolaketa eta funtzionamendu arauak eta kudeaketa proiektua zehaztea errazten da.

Dokumentu hori prestatzeko orduan, zorroztasuna, erraztasuna eta erabilgarritasuna hartuko dira kontuan.

UPOa prestatzeko eta haren segimendua eta ebaluazioa egiteko, orientazio gida bat egonen da eskuragai eskola kudeaketako EDUCA sisteman (adibideak jasotzen ditu).

2.–Informazioa biltzeko iturriak.

UPOa prestatzeko, iturri hauek aztertzearen ondoriozko jarduketa ildoak hartuko dira kontuan:

a) Aurreko ikasturte bukaerako memorian proposatutako hobekuntza eremuak.

b) Ebaluazioen analisia, baita hobetzeko proposamenak ere.

c) 2023-2026 aldirako hobekuntza plana, autoebaluazio prozesutik eratorria.

d) Zuzendaritza proiektua edo plan estrategikoa.

e) Aurreko ikasturteko gainbegiratze prozesuen ondorioz Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak nabarmendutako alderdiak eta gomendioak.

f) Hezkuntza Departamentuak ematen dituen ikasturte hasierako jarraibideak.

g) Ikastetxean ezarritako bestelako programak. Bereziki jorratuko dira ikastetxeko berrikuntza eta eraldatze orokorreko programak.

h) Ikastetxearen kalitatea kudeatzeko sistemaren autodiagnostikoa, halakorik bada.

i) Ikastetxeko plan digitala.

3.–Edukia: atalak eta garapena.

Urteko programazio orokorrean honako alderdi hauek formalizatu beharko dira, indarreko araudiarekin bat:

a) Sarrera.

b) Ikastetxearen Urteko Plana.

c) Departamentuen eta beste lantalde batzuen planak.

d) Urteko Tutoretza Plana / Orientazio Akademikoaren Urteko Plana.

e) Urteko Bizikidetza Plana.

f) Irakaskuntza-programazioak.

g) Ikastetxearen beste plan batzuk.

h) Proiektu eta programa instituzionalak.

i) Ikastetxearen prestakuntza plana.

j) Ikastetxeko plan digitala.

k) Jarduera osagarrien eta eskolaz kanpokoen programazioa.

l) Urteko programazio orokorraren jarraipena eta ebaluazioa.

m) Eranskinak.

Ikastetxearen urteko plana da UPOaren elementu garrantzitsuenetako bat; izan ere, hortik abiatuta, organo eta taldeen jarduketa ildo nagusiak ezarri behar dira. Ikasturterako lehentasunez lortu nahi diren helburuak jasoko ditu, baita proposatutako helburuak eta jomugak lortzeko abian jarri behar diren ekintza garrantzitsuenak ere. Gauzatu beharreko ekintza edo zeregin horiek konponbide teknikoak eta neurri zehatzak eskainiko dizkiete departamentuei.

Departamentuek helburuen eta ekintzen plan propioa izanen dute, eta, horren bidez, urteko planean zehaztutako lehentasunezko helburuak ez ezik, ikastetxeko beste plan espezifiko batzuetatik ateratako helburuak ere formalizatuko dituzte.

Horrez gainera, ikastetxean ikasturtean ezarri gogo diren beste jarduketa plan espezifiko batzuk jasoko dira, bai eta ezarri behar diren beste proiektu eta programa propio batzuk ere.

Planen egitura operatiboari dagokionez, haien gauzatzea eta segimendua errazteko modukoa izanen da, eta honako hauek zehaztuko ditu: helburuak, adierazleak, noraino iritsi nahi den, ekintzak, arduradunak, denbora-plangintza eta ebaluazioa.

Ikastetxeko plan digitala kanpoan aurkezteko esportatu behar den dokumentua denez, EDUCAn horretarako prestatu den txantiloian sartu beharko da.

4.–Prestaketa.

Zuzendaritza-taldea arduratuko da UPOaren prestaketa koordinatzeaz, eta zeregin hori beste pertsona edo batzorde batzuen esku uzten ahalko du.

Dokumentuaren eskema bat emanen da, parte hartu behar duten taldeak eta pertsonak finkatuko dira, talde bakoitzaren eginkizunak zehaztuko dira, tresna eta baliabideak jarriko dira eta epeak finkatuko dira.

Kasuan kasuko ikasturtean dauden beharrak eta aurreikuspenak azterturik, eta kontuan harturik organo bakoitzaren deliberoak eta erabakiak eta egindako oharrak eta ekarpenak, UPOaren atalak idatziko dira.

UPOa, ahal dela, EDUCA aplikazioarekin eginen da; horretarako, ikastetxearen plan digitalaren eta hobekuntza planaren antzeko txantiloia eta jardunbidea izanen ditu.

5.–Tramitazioa, jarraipena eta ebaluazioa.

Behin onetsirik, UPOa EDUCA aplikazioan argitaratuko da, urriaren 31 baino lehen. Ikastetxeetan ere utziko da, hezkuntza komunitateak eskura izan dezan.

Ikastetxeko zuzendaritza-taldeak eta arduradunek aldizka eginen dute, EDUCA aplikazioaren bidez, UPOa osatzen duten planen, proiektuen eta programen garapen mailaren jarraipena.

Hori baino lehen, bete beharreko prozedura finkatuko da (nola), informazioa biltzeko irizpideak zehaztuko dira (zer), arduradunak izendatuko dira (nork) eta epeak finkatuko dira (noiz).

Aztertu eta baloratuko da zenbateraino garatu diren proposatutako ekintzak, erantzukizunak nola bete diren, denbora-plangintza konplitu den eta proposatutako helburuak lortu diren.

Ikasturtea amaitzean, ikastetxeko eskola kontseiluak, irakasleen klaustroak eta zuzendaritza taldeak UPOaren betetze mailari buruzko amaierako ebaluazioa eginen dute. Horretarako, arduradun bakoitzak dagokion planaren, proiektuaren edo programaren emaitzak aztertuko ditu.

Atal bakoitzaren ebaluazio prozesuan, datu esanguratsuak jasoko dira bateko eta besteko iturrietatik (datuak, iritziak, ohartarazpenak eta abar), eta gero, datu horiek aztertu eta interpretatuko dira ezarritako irizpideei jarraikiz.

Amaierako hausnarketa eta balorazioa ez da kuantitatiboa soilik izanen, emaitza horien arrazoiak baloratuko baitira.

EDUCA aplikazioan bertan, ikasturte bukaerako memorian bilduko dira UPOaren jarraipen eta ebaluazio prozesuan lortutako ondoriorik eta proposamenik garrantzitsuenak.

Dokumentuak bi dimentsio izanen ditu. Lehenik, ebaluazioaren dimentsioa, ikastetxeko urteko plangintzaren garapenari buruzko balantzea erakutsiko duena. Honako alderdi hauek nabarmenduko dira: proposatutako ekintzak zenbateraino bete diren, erantzukizunak nola bete diren, denbora-plangintza egokia izan den, aldizkako jarraipena egin den eta helburuak zenbateraino bete diren (adierazleen eta jomugen arabera). Bigarrenik, dimentsio proiektiboa izanen du, etorkizunean esku hartzeko ildoak eskainiko baititu, zentzuzko hobekuntza proposamenak zehaztuta.

Azkenik, memoriaren eranskin gisa, txosten bat gehituko da, ikasleek ebaluazioetan lortutako ikaskuntza-emaitzen analisi zehatza (emaitza akademikoak) biltzen duena, eta, horrekin batera, hausnarketa bat eginen da emaitza horiek eragin dituzten zergatiei buruz eta, hala badagokio, curriculum-elementuen, materialen, antolaketa-elementuen eta baliabide pertsonalen funtzionamenduan atzeman diren gabezia eta disfuntzioei buruz.

Behin onetsita, amaierako memoria ikastetxeko erreferentziako ikuskatzailearen eskura jarriko da, EDUCA plataformaren bidez, uztailaren 10a baino lehen.

6.–Gainbegiratzea.

Ikastetxeko erreferentziazko ikuskatzaileak urteko programazio orokorra eta ikasturte bukaerako memoria gainbegiratuko ditu, egiaztatzeko bat datorrela indarreko araudiarekin eta ikastetxearen behar eta emaitzekin, eta, hala badagokio, behar diren zuzenketak eta doikuntzak egitea eskatuko du.

7.–UPOaren eranskinak.

UPOarekin batera, irakaskuntza programazioen adostasun agiriak aurkeztuko dira, ziurtatzearren programazioak egoki jaso dituela eskatzen diren atal guztiak. Hortaz, programazio horiek gordetzeko ardura ikastetxeei dagokie. Dena dela, beharrezkoa den kasuetan, Hezkuntza Departamentuko dagokion zerbitzuak programazioa berariaz eskatzen ahalko du, irakaskuntza ikuskatzeko prozesuetan sartzen direlako, kalifikazioen erreklamazio kasuetan, analisi estatistikoak egiteko edo beste arrazoi batzuengatik.

Irakaskuntza programazioen adostasun ereduak eskuragarri egonen dira, UPOaren eranskin gisa, EDUCAn.

B) Urteko programazio orokorraren gaineko azalpenak.

1.–Autoebaluazioa eta ikastetxearen hobekuntza plana.

2022-2023 ikasturtean zehar, autoebaluazioaren esparruan, baterako hausnarketako prozesu bat egin da, eta horren ondorioz, haien jarduna hobetzeko zenbait arlo detektatu dira. Ondoren, eta hautemandako beharrei erantzunez, hobekuntza planak egin ziren. Plan horiek EDUCA plataforman erregistratu ziren (Ikastetxea > Dokumentazio instituzionala > Hobekuntza plana).

Plan horiek –bai ikastetxearen hobekuntza orokorreko plana, bai departamentuetako hobekuntza planak– prestatu ondoren, horiek abian jarri dira, eta horien jarraipena eta ebaluazioa eginen da 2023-2026 aldian.

Horretarako, 2023-2024 ikasturtean, ikastetxeek lehenengo erantzun bat eman zieten, UPOaren planen bidez, hobekuntza planetan jasotako beharrei. Planak abian jartzeko bigarren ikasturte honetan, ikastetxeko zuzendaritzak, 2024-2025 ikasturteko urteko programazio orokorrean ikastetxearen urteko planaren urteko helburuak ezartzeko garaian, Hobekuntza Orokorreko Planean ezarritako helburuak hartuko ditu kontuan, besteak beste. Bestalde, urteko programazio orokorrean sartutako departamentuen urteko planetan, taldeek jaso beharko dituzte, helburuak zehaztean, autoebaluazio-prozesutik eratorritako zikloen hobekuntza planen helburuak.

Halaber, aipatzekoa da hobekuntza orokorreko planen eta departamentuen hobekuntza planen ebaluazioa egin beharra dagoela 2023-2026 aldiko ikasturte bakoitzaren amaieran, 2024., 2025. eta 2026. urteetan. Hau da, baloratu beharko da noraino lortu diren helburuak nahiz noraino gauzatu diren planteatutako ekintzak, eta hobetzeko proposamenak eginen dira. Ebaluazio hori EDUCAn erregistratuko da, horretarako diseinatutako txantiloi digitaleko ataletan (ebaluazioa, balorazioa eta hobekuntzak).

Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak 2024-2025 ikasturtean gainbegiratuko du ikastetxearen urteko planak eta departamentuen planek jasotzen dituztela hobekuntza planean ikasturterako adostutako helburuak.

Hezkuntza Departamentuak lagunduko du ikastetxeen hobekuntza planaren helburuak garatzen eta lortzen, departamentuko zerbitzuen bidez, orientabideak, proposamenak, jardunbide egokien adibideak eta, hala badagokio, prestakuntza emanez irakasle-taldeari.

Ikastetxearen prestakuntza plana funtsezko elementua da prestakuntza instituzionalerako. Zuzendaritza-taldeak ezarriko du haren edukia eta, betiere, hobekuntza planaren ondoriozko premiei erantzun beharko die.

2.–Diseinuko goi mailako irakaskuntzen ordutegia prestatzeko irizpideak.

Ordutegia zuzendaritza taldeak prestatuko du, eta bide eman beharko du urteko programazio orokorrean aurreikusitako jarduerak aurrera eramateko. Honako hauek bilduko ditu, gutxienez:

a) Ikasleen eskola-ordutegia.

b) Eskola izaerakoak izan gabe, ikasleentzat prestatzen diren beste jarduera batzuen ordu banaketa.

c) Urtarrileko, maiatzeko eta ekaineko jardueren behin betiko egutegiaren aurreikuspena; horretan azken probak eta ebaluazioak noiz eginen diren adieraziko da, baita kontsultak egiteko epea zein izanen den ere. Apirilaren 30a baino lehen, Arte eta Goi Mailako Diseinu Eskolak aipatu jarduera horien behin betiko egutegia igorriko du Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura.

d) Irakasleen ordutegi orokorra.

e) Irakasleen banakako ordutegia.

II.–Antolaketari dagozkion alderdiak:

A) Diseinuko goi mailako arte irakaskuntzen jarduna.

Diseinuko goi mailako arte irakaskuntzek Corellako Arte eta Goi Mailako Diseinu Eskolan eta Iruñeko Arte eta Goi Mailako Diseinu Eskolan jadanik dauden gobernu-organoak eta kide anitzeko organoak partekatuko dituzte. Era berean, departamentuen egitura eta KPBa ere partekatuko dira (irakaslana koordinatzeko organoak).

1.–Goi mailako arte irakaskuntzen koordinazioa.

Ikasketa horietan behar bezala jarduten dela bermatzeko asmoz, goi mailako arte irakaskuntzen koordinatzailearen figura sortuko da, honako eginkizun hauek izanen dituena:

a) Ikasketa plana osatzen duten irakasgaien programazio didaktikoak prestatzeko lana koordinatu eta gainbegiratzea.

b) Ikasketa plana osatzen duten irakasgaien programazioen alderdi orokorrekin lotuta dauden irizpideak bateratzea, horien arteko koherentzia bermatzeko eta ebaluazioaren oinarrizko ildoak ezartzeko.

c) Zuzendaritza taldeari eta klaustroari ikastetxearen hezkuntza proiektuari eta urteko programazio orokorrari buruzko proposamenak aurkeztea.

d) Jarduera osagarriak eta eskolaz kanpokoak antolatzea eta koordinatzea, bidezko organoek finkatzen dituzten gidalerroen arabera.

e) Ikasketa planeko irakasgaien programazio didaktikoaren garapena ebaluatzea, eta ebaluazio horrek aholkatzen dituen neurri zuzentzaileak aplikatzea.

f) Ikasturtearen bukaeran memoria bat egitea eta horretan programazio didaktikoaren garapena eta lortu diren emaitzak ebaluatzea.

g) Ebaluazio eta kalifikaziorako irizpide komunak prestatzea.

Goi mailako arte irakaskuntzen koordinatzaileak bere zuzeneko irakaskuntza eta eskola-ordutegitik astero 2 ordu erabiliko ditu lan horietarako, eta astean zenbatu beharreko multzotik beste 2 ordu.

2.–Mugikortasun programen arduraduna.

Mugikortasun programen arduraduna Erasmus + programa (eta ezar daitezkeen beste programa batzuk) garatu eta egoki funtzionatzeko behar diren ekintzak ikastetxean ezarri, abiarazi eta burutzeko aplikatzen diren prozesuen koordinatzaile gisa arituko da, ikasketaburuak gainbegiraturik. Eginkizun hauek izanen ditu:

a) Europar Batasunak edo beste erakunde batzuek antolatutako hezkuntza programetan ikastetxeko ikasleek eta irakasleek izaten duten parte-hartzea kudeatzea.

b) Arte eta Hizkuntza Ikasketen Atalari eta Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari jakinaraztea ikastetxeetako ikasleek eta irakasleek aurreikusiak dituzten joan-etorriei buruzko informazioa, joan-etorri horiek egin baino lehen.

Eskolako mugikortasun programen arduradunak bere eskola-ordutegitik astero 2 ordu emanen ditu bere karguari dagozkion eginkizunetan, eta, ikastetxeko beharrek horretarako aukera emanez gero, ordu osagarri bat, gehienez. Horrek ez du ekarriko ikastetxean egon beharreko asteko ordutegia murriztea.

3.–Tutoreak.

3.1. Tutorea izendatzea.

Europako Goi Mailako Hezkuntzaren Esparruaren beharrekin bat, tutoretzak ikasketei buruzko orientabideak emateko dira.

Indarreko ikasketa planerako aplikatzekoa den araudian xedatutakoak arautuko du Nafarroako diseinuko goi mailako irakaskuntzetarako tutoreen izendapena.

3.2. Tutorearen eginkizunak.

Tutorearen eginkizunak hauek dira:

a) Ikasketaburuak koordinatuta tutoretzako ekintzen plangintzan eta orientazio akademiko eta profesionaleko jardueretan parte hartzea, eta aldian-aldian beharrezkoak diren bilerak egitea.

b) Ikasketaburuak deiturik, bere ikasleei dagozkien ebaluazio bileretan buru izatea.

c) Ikasleek ikastetxean izan behar duten integrazioa erraztea eta bertako jardueretan parte har dezaten sustatzea.

d) Ikasleen eskariak eta kezkak jakinaraztea gainerako irakasleei eta zuzendaritza taldeari.

e) Ikasleei eta irakasleei informazioa ematea irakaskuntza-jarduerei eta eskola-errendimenduari lotuta dauden gai garrantzitsu guztiei buruz.

f) Ikasleei orientazioa eta aholkuak ematea beren aukerabideei, hezkuntza edo lanbide arloan dituzten hautabideei eta horretarako egokiena den ikasketa bideari buruz.

g) Bere ikasleen ebaluazioen etengabeko jarraipena egitea.

II.–Antolaketari dagozkion alderdiak.

B) Beste alderdi batzuk.

1.–Irakaskuntzen ordu banaketa.

Ikasleak irakaskuntza hauetan sartzeko modua, irakasle-ikasle ratioa eta irakaskuntzen iraupena egokituko zaizkio indarra duen araudian ezarri denari.

2.–Programazio didaktikoak.

Indarreko ikasketa planaren arabera ematen diren irakasgaien programazio didaktikoak irakaskuntza horietarako indarra duen araudira egokituko dira. Bertan honako hauek jasoko dira:

a) Inplikatutako gaitasun orokorrak, zeharkakoak eta berariazkoak.

b) Edukiak eta haien denbora banaketa.

c) Aplikatuko den metodologia didaktikoa.

d) Horretarako zehazten diren parametroen arabera modu objektiboan har daitezkeen eta neurtzeko modukoak diren ebaluazio irizpideak eta prozedurak.

e) Kalifikazio irizpideak.

f) Erabiliko diren materialak eta baliabide didaktikoak.

g) Departamentuak egin nahi dituen jarduera osagarriak.

Irakasgai bakoitzaren programazioaren edukia jendaurrean jarri beharko da ikasturtea hastean, hezkuntza-komunitateko kide guztiek horren berri izanen dutela bermatzeko.

Departamentuburuek programazioaren jarraipena eginen dute. Departamentuko bilkuren aktetan jarraipen horren berri jasoko da.

Ikastetxeko zuzendaritzak egiaztatu eginen du programazio horiek jarraibide hauetan ezarri dena betetzen duten. Hala ez bada, zuzendaritzak kasuan kasuko departamentuari itzuliko dio programazioa, berregin dezan. Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak gainbegiratuko du programazio didaktikoen prestaketa.

Orientatzeko gida bat eta programazio-eredu irekiak izanen dira eskura eskola kudeaketako EDUCA sisteman (Ikastetxea > Dokumentazio instituzionala > Ikuskapen-dokumentuak > Programazioak).

Programazio didaktikoak EDUCAren aplikazioan bertan egiten ahalko dira, horretarako prestatutako txantiloi bat erabiliz.

3.–Lanaldia.

3.1. Alderdi orokorrak.

225/1998 Foru Dekretuaren 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, irakasleek, oro har, Nafarroako Gobernuaren mendeko funtzionarioentzat finkatzen den lanaldi bera izanen dute, beren eginkizunetara egokitua.

Irakasleen jaiegunak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren zerbitzuko langileen lan egutegian jaieguntzat hartzen diren egun berberak izanen dira.

Ikasturtea irailaren 1ean hasiko da, eta ekainaren 30ean bukatuko.

Nafarroako irakaskuntza publikoaren kalitatea hobetzeko itunaren ondorioz, zeina argitaratu baitzen irailaren 14ko 86/2018 Foru Aginduaren bidez, zuzeneko irakaskuntza-orduak murriztu dira, eta murriztutako ordu horiek honela erabiliko dira: ordu bat ikastetxeko koordinazio lanetarako eta plangintza instituzionaleko agiriak prestatzeko, eta beste ordua ikastetxeak parte hartzen duen proiektuak, programak eta planak egiteko, bai eta aipatu foru aginduan adierazten diren zereginetarako ere.

Horretarako, zuzendaritza-taldea arduratuko da lan plana ezartzeaz eta betetzen dela bermatzeaz. Lan plan hori nahitaezkoa izanen da, eta irakasleen gainerako aukera guztien aurretik lehenetsiko da. Planak "edukiak" eta "egikaritzeko egutegia" izeneko atalak izanen ditu, eta azken horren barrenean, bileren maiztasuna zehaztuko da.

Horretarako, ikastetxeko zuzendaritza-taldeari dagokio lan plan horretarako orduak zehaztea.

Ikasturtean, irakasleek jarraibide hauetan finkatutako lanaldia eta ordutegia beteko dituzte, horri buruz indarra duen legerian ezarritakoa bete beharra galarazi gabe.

Irakasleek hogeita hamar ordu emanen dituzte astean ikastetxeko jardueretan. Denbora hori eskola-orduetan eta ordu osagarrietan banatuko da. Gainerako orduak, ikastetxean egon beharrik gabekoak, irakaskuntza-jarduerak prestatzeko eta irakasleen hobekuntza profesionalerako erabiliko dira.

3.2. Orduen banaketa.

Ikastetxearentzat zuzenean eman beharreko orduak honela banatuko dira:

3.2.1. Zuzeneko irakaskuntza orduak eta eskola-orduak.

Hezkuntza Departamentuak ezartzen eta indarra duen araudian finkatzen diren zuzeneko irakaskuntza orduak eta eskola-orduak beteko dira.

Eskola-orduak zenbatzeari begira, honako jarduera eta inguruabar hauek hartuko dira kontuan:

a) Bost irakasgai edo gehiago ematen dituzten irakasleak.

Diseinuko goi mailako arte irakaskuntzetan bost irakasgai baino gehiago ematen dituzten irakasleei ordu bat kenduko zaie beren eskola-ordutegitik. Horrek ez du ekarriko ikastetxean egon beharreko asteko ordutegia murriztea.

b) Murrizketa adinaren arabera.

Hezkuntza Departamentuaren indarreko legerian ordu murrizketaren gainean horretarako ezarrita dauden baldintzak aplikatuko dira.

3.2.2. Astean zenbatu beharreko ordu osagarriak.

Irakasle bakoitzaren ordutegian jasotako zuzeneko irakaskuntzako orduak eta eskola-orduak eta astean zenbatu beharreko ordu osagarriak batuta, guztira, hogeita bost ordu izanen dira astean.

Astean zenbatu beharreko ordu osagarrietan, irakasle bakoitzari esleitutako jardueren arabera, honako hauek sartuko dira:

a) Astean ordu bat departamentuaren bileretarako.

b) Astean ordu bat irakasle taldeko kide bakoitzaren eta goi mailako arte irakaskuntzen koordinatzailearen arteko koordinazio lanetarako.

c) Astean bi ordu ikasketen gaineko tutoretza lanak egiteko.

d) Astean ordu bat irakasleek eskola-kontseiluan dituzten ordezkarientzat.

e) Zuzendaritza taldeko kideen koordinazio lanetarako orduak.

a), b), c), d) eta e) apartatuetan aipatutako eginkizunen bidez asteko ordutegia betetzen ez duten irakasleei zuzendaritza taldeak honako hauek esleituko dizkie:

a) Lankidetza orduak Diseinuko Urteko Jardunaldiak prestatzen laguntzeko, webgunearen mantentze-lanetarako, Facebook, Twitter, etab.

b) Irakasle taldeek ikastetxeak parte hartzen duen erakunde-proiektuetan eta proiektu solidarioetan lan egiteko orduak.

c) Zaintza orduak.

d) Beste batzuk.

3.2.3. Hilabetean zenbatu beharreko ordu osagarriak.

Irakasle bakoitzak ikastetxean nahitaez eman behar dituen asteko 30 orduak betetzeko falta diren bost orduak hilero zenbatuko dira, eta honako jarduera hauetan erabiliko dira:

a) Klaustroaren bileretara joatea.

b) Ebaluazio saioetara eta irakasle taldearen bileretara joatea.

c) Planifikazio instituzionalerako tresnak prestatu, berrikusi eta eguneratzeko lanetan emandako orduak.

d) Beste jarduera osagarri eta eskolaz kanpoko batzuetarako.

e) Prestakuntza instituzionala.

4.–Irakasleen ordutegia prestatzea eta onestea.

Uztailaren 6ko 225/1998 Foru Dekretuak, zeina aldatu baitzuen uztailaren 16ko 60/2014 Foru Dekretuaren bosgarren xedapen gehigarriak, ezartzen du ezen irakasleen ordutegiak ikasketaburuak prestatu behar dituela, ikastetxeetako zuzendariak onetsi behar dituela eta EDUCA kudeaketa programaren bitartez jakinarazi behar direla irailaren 30erako. Horren gaineko erreklamazio guztiak Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak ebatziko ditu, eta, horretarako, hamabost eguneko epea izanen du.

Ordutegiak prestatzeko, eskola kudeaketako EDUCA sisteman eskuragarri daude laguntza dokumentuak, kontratuen ordutegi-taula eta irakasleen ordutegiaren kontzeptuak (Ikastetxea > Dokumentazio instituzionala > Ikuskapen-dokumentuak > Irakasleen ordutegia).

Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak irakasleen asteko ordutegiaren banaketa zuzena den ikuskatuko du (zuzeneko irakaskuntzan emandako orduak, eskola jarduerak eta jarduera osagarriak).

Ikastetxeko matrikulak egin ondoren, ikasketaburuak irakasgai bakoitzeko ikasleen kopuruaren berri emanen die departamentuei, eta irakas-karga banatuko du.

Plantilla prestatzeko prozesuan sortzen diren beharrei erantzuteko, Hezkuntza Departamentuak baimena ematen ahal du, egokia iruditzen bazaio, irakasgai edo espezialitate batzuk horien titular ez diren irakasleek emateko, kontuan hartuz baimendutako espezialitateko irakasgaien edukiak eta haien titular ez den irakaslearenak antzekoak diren.

Zuzendaritzak onetsiko du ikastetxeko ordutegia. Horren gaineko erreklamazio guztiak Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak ebatziko ditu, eta, horretarako, 15 eguneko epea izanen du gehienez. Epe hori bukaturik berariazko ebazpenik eman ez bada, erreklamazioa ezetsitzat joko da.

Irakasle bakoitzaren ordutegiak eta lantokia (bai eskola-orduei dagokienez bai tutoretza-orduei, zaintzei, departamentuko bilerei eta abarri dagokienez) jasotzen dituen informazioa iragarki-taulako eta ikasketaburuaren bulegoko toki ikusgarri batean eta sarbide guztietan erakutsi beharko da denbora guztian.

5.–Irakasleak lanera ez agertzea.

Zuzendaritza taldeak diseinuko goi mailako irakaskuntzetako irakasleak ikastetxean egoten diren kontrolatu behar du, baita ekaineko eta iraileko eskola gabeko egunetan ere. Halaber kontuan hartuko du, eta horren berri emanen dio Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari, zein egunetan hasten diren lanean ikastetxean lan araubideko kontratudunak.

Aldi baterako ezintasun batengatik irakaslea lanera agertzen ez denean ikastetxeko zuzendaritzak egin behar duen kontrolak Hezkuntza Departamentuko web-orrian ezarritakoari jarraituko dio:

https://www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/incapacidad-temporal

Aldi baterako ezintasun egoeran dauden MUFACEko langileek bajaren frogagiria aurkeztu behar dute gehienez ere 3 eguneko epean, lanera huts egindako lehen egunetik zenbatzen hasita. Hurrengo berrespen agiriak hamabostean behin edo hilean behin aurkeztuko dira, medikuak zer erabakitzen duen. Alta-agirien kasuan, agiria egin eta gehienez 24 orduko epean jakinaraziko da.

MUFACEko langileen jatorrizko parteak Hezkuntza Departamentura helarazteko, Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez bidal daitezke, aurrez aurre aurkeztu Nafarroako Gobernuaren Erregistro Ofizialeko edozein bulegotan, edo posta arruntaren bidez bidali.

Era berean, nahitaezkoa da ikastetxeko zuzendaritza-taldeari kopia bat bidaltzea edo aurkeztea ahalik eta lasterren, kontserbatorioak jakin dezan zehatz-mehatz bajak zenbat iraunen duen, bajaren bilakaera edo bukaeraren berri izan dezan eta, orobat, ordezkapen bat eskatu ahal izan dezan.

Alta agiriari dagokionez, horren berri emateko epea betetzen ez bada irakaslea ikastetxera itzultzen den egunetik hasita 2 egun naturaleko epean, zuzendaritzak horren berri emanen dio Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari, indarreko araudian ezarri bezala jokatzeko. Ukitutako irakasleari ere jakinaraziko zaio idatziz.

Ordezkapenetarako, kotizazioetarako eta nominan eragina duten bestelako elementuetarako dauden epeak ongi betetzearren, proposatzen da komunikazioak Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez egitea.

Agiriak bidaltzean izandako edozein gorabeheraren berri emateko, helbide elektroniko hau erabil daiteke modu osagarrian: planificacionrheducacion@navarra.es.

Gaixotasuna edo istripua dela-eta aldi baterako ezintasuna duten Gizarte Segurantzako langileek jakinarazi behar dute zer iraupen duen baja-agiriak lanera joaten ez diren lehen egunetik. Baja berresteko parteak medikuak erabaki bezain maiz jakinarazi beharko dira. Era berean, baja amaitutzat emateko eta langilea bere lanpostura itzultzeko, ezinbestekoa da alta medikoaren partea jakinaraztea lantokiari egun berean.

Horrez gain, ezinbestekoa izanen da ikastetxeko zuzendaritza-taldeari ahalik eta azkarren horien guztien berri ematea, zehatz-mehatz jakin dezan bajak zenbat iraunen duen, egoera hobera doan eta/edo baja noiz amaituko den. Hala, ordezkapena beharren arabera kudeatu ahal izanen dute.

Ikastetxeetan ezarriko da zer bidetatik eginen dituzten jakinarazpenak MUFACEko nahiz Gizarte Segurantzako langileek, zuzendaritza-talde bakoitzak zehazten duen funtzionamenduaren arabera.

Garrantzitsua da adieraztea ezen, gaixotasun bajengatiko egoerak jakinarazteaz gainera, erditzeagatiko lizentzia edo ama ez den gurasoarentzako lizentzia tramitatzeko komunikazioa bost eguneko epean egin behar dela gehienez, ezarritako prozedurari jarraikiz.

Ordezkapen-egoeretan, ordezkoa ez bada bere lanpostura itzultzen, eta Kontrataziorako Atalari ez badio erregistro orokorraren bidez jakinarazi lanpostuari uko egin diola, ikastetxeko zuzendaritzak mezu elektroniko bat igorriko du contratoseducacion@navarra.es helbidera, lanpostua berriz eskain dadin.

Ikastetxeetan EDUCA aplikazioko kudeaketa sisteman erregistratu beharko dira ikastetxeak berak emandako baimenak. Norberaren aferetarako baimen bat emateko, EDUCA kudeaketa sisteman ikus daitezke irakasle bakoitzak hartutako orduak (Langileak menua > Irakasleak > Berria / Hutsegiteak ikusi). Irakasle ibiltariei eta ikasturte bakoitzean ikastetxe batean baino gehiagotan kontratua duten irakasleei dagokienez, pantaila horretan ikusiko dira ikastetxe bakoitzean eta kontratu bakoitzeko hartutako orduak. AZLen kasuan, urte natural bakoitzean osotara hartutakoak zenbatuko dira.

6.–Zaintza.

Kontuan harturik diseinuko goi mailako irakaskuntzetako ikasleen ezaugarri bereziak, zaintza kontzeptuak esan nahi du ikastetxeak erantzukizuna duela eskola-ordu guztietan irakasleen arretapeko guneak izanen direla bermatzeko, horrela ikasleak, nahi badute, gune horietan beren ikaskuntza prozesuari dagozkion zereginetan aritu ahal izateko. Irakaskuntzarako diren eremuen funtzionamendu egokia ere bermatuko da.

Hortaz, eskola-ordutegiaren barrenean, zuzendaritza da ikasleen arduraduna; beraz, uneoro, zaintzako irakasleren bat egon beharko da ikastetxean.

EDUCA aplikazioak modulu berri bat du irakasleen guardia-orduak kudeatzeko, eta hura erabiltzea gomendatzen dugu. Ikasgelako koadernoaren agendarekin lotuta dago, egin beharreko jarduerak jakinaraztea errazten du, zaintzako irakasleak izendatzeko aukera ematen dio zuzendaritza-taldeari eta prozesuaren estatistika bat eskaintzen du.

7.–Ikasleen eskubideak eta eginbeharrak

7.1. Alderdi orokorrak.

Ikasleen eskubide eta betebeharrei dagokienez, indarreko araudian ezarritakoari jarraituko zaio, abuztuaren 23ko 47/2010 Foru Dekretua betez (foru dekretu horrek hizpide ditu unibertsitateaz kanpoko ikastetxeetako ikasleen eskubide eta betebeharrak eta ikastetxe horietako elkarbizitza).

7.2. Ikasleak eskoletara joatea.

Ikastetxeko zuzendaritzak hutsegiteak justifikatzeko prozedura finkatuko du, eta beharrezkotzat jotzen dituen neurriak ezarriko ditu hutsegiteak justifikatzeko informazioa biltzeko.

Ikastetxeko bizikidetza erregelamenduan zehaztuko da zer den eskoletara behin eta berriz huts egitea eta horrek zer ondorio duen.

7.3. Erreklamazioak egiteko prozedura.

Ikasleei beren errendimendu akademikoaren balorazio objektiboa bermatzeko, beharrezkoa da ikasleek aurretik ezagutzea konpetentziak, edukiak eta ebaluazio irizpideak, bai eta balorazio positiboa izateko eskatzen diren gutxienekoak, ikasturtean erabiliko diren kalifikazio irizpideak eta ebaluazio prozedurak ere.

Irakasle titularrak ikasleek programazio didaktikoei buruz eskatzen dituzten argibideak emanen dizkie.

Argibideak eskatzeko edo bidezko erreklamazioak egiteko prozedura Hezkuntzako kontseilariaren maiatzaren 21eko 49/2013 Foru Aginduan araututakoa izanen da. Foru agindu horren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxeetan ematen diren unibertsitateaz kanpoko irakaskuntzetako ikasleak ebaluatzeko prozesuan erreklamazioak egiteko sistema ezarri zen.

Halaber, ikasleek eskubidea izanen dute beren ebaluazioaren prozesua egiteko erabili diren agirien kopiak eskuratzeko, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 53.1a) artikuluaren arabera.

Ikastetxeak zerbitzu hori emateko behar den berariazko prozedura (komunikazio bideak, eskaera epeak, entrega epeak...) arautu beharko du bere plangintza instituzionaleko agirietan.

8.–Onartzeko araubidea eta matrikulazioa.

Ikasleen onarpenari eta matrikulazioari dagokienez, irakaskuntza hauen gaineko araudian ezarritakoari lotuko zaio.

9.–Hezkuntza digitalizatzea.

Hezkuntza digitalizatzeari dagokionez, hala dagokionean, arte eta goi mailako diseinu eskolek aplikatuko dute Hezkuntzako zuzendari nagusiaren ekainaren 6ko 221/2024 Ebazpenaren II. eranskineko II.9 puntuan jasotakoa. Ebazpen horren bidez, jarraibideak onetsi ziren 2024-2025 ikasturtean arautzearren Nafarroako Foru Komunitatean Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza, Batxilergoa eta Hezkuntza Berezia ematen dituzten ikastetxeen antolaketa eta funtzionamendua.

10.–Nahitaezko prestakuntza.

Etengabeko prestakuntza irakasleen eskubide eta betebehar bat da, baita Hezkuntza Departamentuaren eta ikastetxeen ardura bat ere; izan ere, azken helburua da Nafarroako hezkuntza sistemaren kalitatea hobetzea irakasleen lanbidea garatuz.

Hala, prestakuntza instituzionaleko plan bat prestatuko du arte eta goi mailako diseinu eskoletako zuzendaritza-taldeak ikastetxerako. Horretarako, Hezkuntza Departamentuak berak proposatutako proiektu estrategiko, plan eta lehentasunezko ildoen ondorioz sortutako prestakuntzarako beharrak aintzat hartuko ditu, baita ikastetxeko klaustroetan eta irakasle-taldeetan eginiko lanaren ondorioz sortutako prestakuntzarako beharrak eta Irakasleentzako Laguntza Zentroek eginiko hautemate prozesuetan jasotako prestakuntzarako beharrak ere.

Prestakuntza ekintzak klaustro osoari edo irakasle-talde jakin bati zuzentzen ahalko zaizkio. Lehentasunezkoak izanen dira Hezkuntza Departamentuaren edo arte eta goi mailako diseinu eskolen proiektu estrategikoak, planak eta lehentasunezko ildoak gauzatzeko prestakuntza ekintzen proposamenak, eta irakasleek nahitaez egin beharko dituzte.

Nahitaezko prestakuntza instituzionala ikasturte bakoitzean 35 ordukoa izanen da, baina ordu gehiagokoa izaten ahalko da ikastetxeak edo Hezkuntza Departamentuak ezarritako beharrak asetzeko beharrezkoa bada. Kasu horretan, irakasleen parte-hartzea boluntarioa izanen da.

Irakasleek egindako jarduera artistikoak ez dira prestakuntza jardueratzat hartuko.

Ikastetxe bakoitzak Irakasleentzako Laguntza Zentro (ILZ) bat du esleituta eta erreferentziazko aholkulari bat du, ikastetxeko prestakuntza instituzionaleko plana egiten laguntzeko. Ikastetxeek prestakuntzaren arduradun bat izendatuko dute, Irakasleentzako Laguntza Zentroko (ILZ) aholkulariarekin harremanetan egon dadin. Ez bada inor izendatzen, ikasketaburuak bere gain hartuko du zeregin hori.

Ikasturte beraren barnean, ikastetxez aldatzen diren irakasleek ikastetxe berriko zuzendariari aurkeztu beharko diote eginiko prestakuntza instituzionalari dagokion ziurtagiria. Prestakuntza instituzionaleko ekintzaren bat hasi eta amaitu gabe izanez gero, ez da dagokion ziurtagiria jasoko. Hala, irakasleak, egin dituen prestakuntza orduen kopurua egiaztatu ondoren (jatorrizko ikastetxeko zuzendariak emandako ziurtagiri baten bidez), prestakuntza orduak osatzen ahalko ditu jatorrizko ikastetxean hasitako prestakuntzarekin jarraituz edo, bestela, destinoko ikastetxeko prestakuntza ekintzak eginez.

Kontratu partziala duten irakasleek egin beharreko nahitaezko prestakuntza instituzionaleko orduak ezartzeko, nahitaezko prestakuntza instituzionaleko 35 orduei kontratuaren ehunekoa aplikatuko zaie.

Ez dute nahitaezko prestakuntza egin beharko lanaldiaren hereneko edo gutxiagoko kontratua duten irakasleek. Halere, prestakuntza hori borondatez egiteko aukera izanen dute. Interesdunak ez badu prestakuntza egiten, indarrean dagoen araudian jasotako zereginak egiteko erabiliko ditu bere kontratuari dagozkion ordu osagarriak.

Nahitaezko prestakuntza instituzionaleko orduen zenbaketa malgutzeko, ikasturte bakoitzean gutxienez 25 ordu egin beharko dira, eta, beraz, elkarren segidako bi ikasturteko aldian egiten ahalko dira gainerako orduak. Edonola ere, bi urte horietan nahitaezko prestakuntza instituzionalari dagozkion 70 orduak bete beharko dira. Edozein kasutan bete beharko da Hezkuntza Departamentuaren edo arte eta goi mailako diseinu eskolen proiektu estrategikoei, planei eta lehentasunezko ildoei buruzko prestakuntza.

Irakasleek ikastetxeko zuzendaritzaren aurrean akreditatu beharko dituzte eginiko prestakuntza ekintzak, eta Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak gainbegiratu beharko ditu.

35 orduko prestakuntza instituzionalaz gain, irakasleek prestakuntzarako eskubideaz baliatzen segitzen ahalko dute, nahi izanez gero.

11.–Informazio akademikoaren kudeaketa: EDUCA. Kontabilitate sistema: ECOEDUCA.

11.1. Informazio akademikoaren kudeaketa: EDUCA.

Informazio akademikoa EDUCA aplikazioarekin kudeatuko da.

Hezkuntza Departamentuaren webgunean, EDUCAri eta posta elektronikoari buruzko atalaren barnean, bai eta IKT zerbitzuen katalogoan ere, zenbait jarraibide eta bideotutorial argitaratzen dira, aplikazioaren moduluetara ohitzen laguntzen dutenak. Halaber, EDUCA taldearekin harremanetan jartzeko prozedura azaltzen da, funtzionalitate berriak eskatu, gorabeherak jakinarazi edo laguntza eskatzeari begira. EDUCA aplikaziotik bertatik egin daitezke eskaerak, goiburuko gorabeheren (@) ikonoan klik eginez. Atari horretatik bilaketak egiten ahalko dira ohiko prozedurei, zalantzei eta tutorialei dagokienez.

Hezkuntza Departamentuak prestakuntza eta informazio saioak antolatuko ditu koordinatzaileei, zuzendaritza taldeei eta administrazioko langileei EDUCA plataformaren berri emateko.

Zuzendaritza-taldeak edo hark eskuordetutako pertsonak aholkuak emanen dizkie ikastetxeko erabiltzaileei EDUCA kudeaketa sistemari buruz. Horrez gain, sistema horren aldaketen eta funtzionalitate berrien informazioa jasoko du, eta haiek ikastetxean erabil daitezen sustatu eta koordinatuko du.

Zuzendaritza-taldeak bermatu beharko du, horretarako bideak jarriz, ikasturtea hasi ondoren ikastetxean kudeaketa eta irakaskuntza lanetan hasten diren pertsonek EDUCA ezagutzen dutela eta badakitela hura erabiltzen.

Ikastetxean EDUCAren koordinatzaile-lanetan ariko direnen erregistro bat izateko, zuzendariak EDUCAren ikastetxeko koordinatzailea izendatuko du, eta, aplikazioan, "EDUCA koordinatzailea" lanpostu osagarria esleituko dio.

Zuzendariak berrikusiko ditu EDUCAtik ikastetxeen direktorioan (Ikastetxearen menua > Ikastetxearen datuak > Ikastetxearen informazioa) argitaratzen diren datuak (hala nola posta helbidea, telefono zenbakia, helbide elektronikoa eta webgunea), eta aurkitzen dituen akatsen berri emanen dio EDUCAren laguntza zerbitzuari. Gogorarazi nahi da beste datu interesgarri batzuk gehi ditzakeela, adibidez, ikastetxearen helburuak, balioak, sariak eta abar.

Arte eta goi mailako diseinu eskolen ardura da eguneratuta edukitzea irakaskuntzan eta kudeaketan aritzen diren ikastetxeetako langileen eta ikasleen datu pertsonalak. Aplikazioak Cl@ve sistemaren bidez sartzeko aukera ematen badu ere (ziurtagiri elektronikoa, NAN elektronikoa, Cl@ve Iraunkorra), gogoan izan oso garrantzitsua dela, EDUCA egiaztagiria lortzeko, helbide elektroniko pertsonal bat erregistratzea fitxan.

Era berean, ikastetxe bakoitzaren ardura izanen da bere informazio akademikoa eskuratzeko asmoz programara jotzen dutenen sarbidea kudeatzea. Horrela, bada, lehenik, ikasleek informazio hori eskuratzeko dituzten arazoei erantzunen die; eta arazo horiek ezin baditu modu autonomoan konpondu, EDUCA euskarriarekin harremanetan jarriko da.

Komeni da dantza eskolako langileek jakin dezaten nola erabili EDUCAk gaiturik dituen funtzio guztiak; horien artean, honako hauek nabarmentzen dira: ikasgelako koadernoa, ikasleen jarraipena, ebaluazio saioaren kudeaketa (informazio fluxua, akta), emaitzak (Kudeaketa akademikoa > Kalifikazioak > Ebaluazio txosten berriak), zaintzen kudeaketa, informazio garrantzitsua, ikasturte bukaerako txostenak eta abar.

EDUCA aplikazioaren barruan, mezularitza sistema bat dago hezkuntza komunitateko kideen artean informazioa trukatzeko. Dena dela, posta elektronikoko kontuak erabili beharra dagoenean, oroitarazten da sare publikoko irakasleek eta ikasleek @educacion.navarra.es kontuak erabili behar dituztela jarduera akademikoan, tutoretza lanetan eta harreman profesionaletan.

Ikastetxe publikoek funtzio espezifikoetarako dituzten posta elektronikoko kontuak EDUCAren bitartez kudeatzen dira (Ikastetxea > ikasNOVA posta eta zerbitzuak > Kontuen kudeaketa). Kontu berriak ireki beharra dagoenean, zuzendariak eskatu beharko du Erabiltzaileen Laguntza Zentroaren bidez. Kontu korporatibo horiek karguei lotutako zereginetarako dira, eta ez dira eskoletan baliatuko ikasleekin. Posta kontuen alternatiba gisa, gomendatzen da Googleko taldeak eta unitate partekatuak erabiltzea.

EDUCA Ataria aplikazio bat da, zeina prestatu baita herritarrek beren datu akademikoak eskuratu eta kudeaketa telematikoak egin ditzaten: behin-behineko izen-ematea, esaterako, ikasleak onartzeko prozesuan. Gomendatzen da ikastetxeek aplikazioaren erabilera sustatzea ikasleen artean.

11.2. Kontabilitate sistema: ECOEDUCA.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren ikastetxe publiko guztiek, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan jasotako irakaskuntzak ematen dituztenek, ECOEDUCA kontabilitate aplikazioa erabiliko dute aurrekontua egiteko, onesteko, aldatzeko eta betearazteko. Aurrekontuan jasoko dira ikastetxearen ohiko funtzionamendua, mantentzea eta kontserbazioa bermatzeko diru-sarrerak eta gastuak.

Ikastetxearen kudeaketa ekonomikoari eragiten dioten kontabilitate-eragiketa guztiak irailaren 6ko 153/2023 Foru Dekretuaren arabera eginen dira (foru dekretu horrek arautzen du Nafarroako Foru Komunitateko unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publikoen kudeaketa ekonomikoa).

12.–Kalitatea kudeatzeko sistema.

Kalitatea kudeatzeko sistemak (KKS) ezarri eta mantentzeko programa, Antolamendu, Prestakuntza eta Kalitate Zerbitzuak gidatzen duena, Nafarroako unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publikoei dago zuzendua.

Arte eta goi mailako diseinu eskolek aplikatzen ahalko dute Hezkuntzako zuzendari nagusiaren ekainaren 6ko 221/2024 Ebazpenaren II. eranskineko II.16 puntuan jasotakoa. Ebazpen horren bidez, jarraibideak onetsi ziren 2024-2025 ikasturtean arautzearren Nafarroako Foru Komunitatean Haur Hezkuntzako bigarren zikloa, Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza, Batxilergoa eta Hezkuntza Berezia ematen dituzten ikastetxeen antolaketa eta funtzionamendua.

13.–Laneko arriskuen prebentzioa.

Arriskuen ebaluazioren bat egin bada, ikasturte bukaerako memorian azaldu beharko dira Laneko Arriskuen Prebentziorako Atalak proposaturik hartu diren prebentzio neurriak, eta, horrekin batera, bete ez diren eta aurreikusitako gauzatze-epea iraungita duten neurriak arrazoituko dira.

Ikastetxeetako zuzendaritzek ofizioz jakinarazi eta aktibatuko dute kanpoko erasoen aurkako protokoloa, ikastetxeko irakasleei edo irakasle ez diren langileei eraso egiten zaienean.

https://www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/riesgos-laborales/protocolos-de-actuacion

Ikastetxeetako zuzendaritzek klaustroan jakinaraziko dute, nahitaez, badagoela kanpoko erasoen aurkako jarduketa protokoloa. Halaber, horren berri emanen zaie irakaskuntzaz kanpoko langileei ikasturtean hasierako berariazko bilera batean.

Kanpoko erasoen aurrean jarduteko protokolo hori ikastetxearen web-orrian jarriko da, erraz ikusteko modukoa den lehentasunezko toki batean. Era berean, ikastetxeko barne-agirietan agertuko da: Internet, Drive eta abar.

Horrez gain, ikastetxearen web-orrian jarriko dira Hezkuntza Departamentuko prebentzio arloko ordezkarien eginkizunak eta haiekin harremanetan jartzeko datuak, erraz ikusteko modukoa den lehentasunezko toki batean.

14.–Beste jarraibide batzuk.

14.1. Irakasleen erantzukizuna.

Hezkuntza Departamentuak, indarrean dauden legeek ezartzen dutenari jarraikiz, bere gain hartuko du irakasle funtzionarioen kontrako prozedura judizialetatik sortzen ahal diren erantzukizun zibil ordaingarrien estaldura; hori ez da eragozpen izanen bidezkoa den kasuetan atzera egiteko ekintza gauzatzeko. Irakasleek beren eginkizunak betetzearen ondorioz letratuen laguntza behar izanez gero, defentsa egokia izan dezaten ere arduratuko da.

14.2. Diseinuko goi mailako irakaskuntzetako langileen jarduerak.

Urteko programazio orokorrean sartuta ez dagoen edozein jarduera egiteko, ikastetxeko zuzendariaren berariazko baimena beharko dute, bai irakasleek, bai hezkuntza komunitateko beste edozein kidek.

14.3. Arte eta goi mailako diseinu eskolez kanpoko pertsonak sartzea.

Diseinuko goi mailako irakaskuntzetako ikasleen artean edozein mezu aditzera eman, transmititu edo banatu nahi duten pertsona guztiek zuzendaritza taldearen baimena beharko dute. Betiere, baimen hori eman izana idatziz jasoko da ikastetxeko artxiboan.

Hori guztia ez da eragozpen izanen legez aitorturiko eskubide sindikalak erabiltzeko.

14.4. Jarraibide hauen berri ematea.

Zuzendaritza-taldeak begiratuko du hezkuntza komunitateko sektore guztiek jarraibide hauen edukiaren berri izan dezaten.

Iragarkiaren kodea: F2410982