2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
LAKUNTZA
Aldaketa, Udal Planeko eraikingintza-ordenantzan (S1 sektoreko esparrua). Behin betiko onespena
Lakuntzako Udalak, 2024ko apirilaren 21ean egin bilkuran, erabaki zuen hasiera batez onestea aldaketa bat Udal Planeko eraikingintza-ordenantzan (S1 sektoreko esparrua).
Ordenantza jendaurrean paratu zen, iragarkia argitaratuta 2024ko 78. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, apirilaren 18an, eta Lakuntzako Udalaren iragarki-taulan. Jendaurreko epean ez zaio espedienteari inolako erreklamaziorik, kexarik edo oharrik aurkeztu. Beraz, eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1 artikuluan xedatutakoaren arabera, hasierako onespenaren erabakia behin betikoa bilakatu da, eta argitara ematen da ordenantza, behar diren ondorioak izan ditzan.
Behin betiko onespenaren aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke, zuzenean, Nafarroako Auzitegi Nagusiko arlo bereko Salari zuzendua, edo, bestela, Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari, jurisdikzio hori arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 8.1 artikuluan ezarritako kasuetan, bi hilabeteko epean, argitalpen honen biharamunetik hasita, edo, aldez aurretik eta aukeran, gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, erabaki hau argitaratu eta biharamunetik hasita.
Lakuntzan, 2024ko uztailaren 15ean.–Alkatea, Oihane Uribeetxebarria Garmendia.
ALDAKETA, LAKUNTZAKO UDAL PLANEKO ERAIKINGINTZA-ORDENANTZAN (S1 SEKTOREKO ESPARRUA)
VI. KAPITULUA.–BALDINTZA FORMAL ETA ESTETIKOAK
2. ATALA.–HIRIGUNEKO BALDINTZA PARTIKULARRAK (S1 SEKTOREA). BIZITEGIRAKO HIRI-LURZORU FINKATUA
...
73. artikulua. Estalkiak.
Estalkiak inklinatuak izanen dira, usadioko bi, hiru edo lau isurialdekoak. adibidez. Estalkien malda, beti ere %40tik beherakoa, zeramikazko teilaz estaltzeko egokia izanen da, horixe izanen baita material baimendu bakarra. Teila kurboa edo mistoa erabiliko da, gainerako eraikuntza tradizionaletan ohikoak diren tonuetan.
Ez da onartuko estalkiko planoari zati bat kenduz terraza lauak egitea. Oro har, planoetan etenuneak egiten dituzten irtenbide bortxatuak saihestuko dira.
Estalkiko isurkiak teilatu-hegaletan luzatuko dira. Teilatu-hegalak inklinatuak izanen dira bi isurialdeko estalkietan eta horizontalak lau isurialdeko teilatuetan. Atxikitako etxebizitzetan isurialdea fatxadan duten estalkien teilatu-hegalak horizontalak izanen dira.
Teilatu-hegalei eusten dieten elementuak zurezkoak izanen dira tankera tradizionaleko eraikinetan, alde batera utzita nola antolatzen den estalkiko forjatuaren egitura.
Teilatu-hegalen euskarriak egiteko ez da zuraren imitaziozko materialik erabiliko.
Estalkiko planoen gainetik eraikuntza hauek baizik ez dira onartuko: argi-zuloak, tximiniak, antenak, eguzki-energia hartzeko panelak (eraikin katalogatuetan izan ezik) eta igogailuen kaxak.
Estalkiko leihoen moduko argi-zuloak egiten ahalko dira, arotz laneko elementuak teilen maila berean eginez, betiere, hezetasunari, isolamendu termikoari eta abarri aurre egiteko balio duen eraikuntza moduaz baliaturik, eraikineko gainerako leihoetan bezala. Azalera ez da izanen kokatuta dauden isurkiaren azaleraren %5 baino handiagoa. Estalki bakoitzaren gehieneko neurria 60 x 100 cm-koa izanen da, eta batetik besterako tartea 100 cm baino handiagoa izanen da.
Eguzki-energia termikoa hartzeko kolektoreak edo modulu fotovoltaikoak:
a) Plakak estalkiaren isurkietan integratu behar dira, isurkien inklinazio berarekin eta isurkien planoa eta orientazioa mantenduta (planokideak izan behar dute), eta estalkiaren puntu batean ere ezin dira isurkien planotik 30 zentimetro baino gehiago irten. Estalkian bertan txertatuta edo gainean ezar daitezke. Oinplanoan, sortu ahal izanen dute eremu bat, edo zenbait.
b) Horiek guztiak gutxienez metro bat bereiziko dira teilatu-hegalen ertzetatik, eta gutxienez 0,50 metro, mehelinetatik. Distantzia horiek proiekzio horizontalean neurtuko dira.
c) Kalera ematen duten fatxadetan eta/edo estalkiaren gainean ezin izanen da inolako elementu osagarririk instalatu, ezta horietan ikusgai geratu ere, hala nola andelak, metagailuak, kontagailuak, alderantzikagailuak, kaxa elektrikoak, ur hodiak, kanalizazio elektrikoak eta abar. Horiek guztiak bide publikotik ez ikusteko moduan jarri beharko dira, dela eraikinaren barnean dela barnealdeko fatxadan. Behar bezala justifikatzen baldin bada kokapen horien ezintasun teknikoa, salbuespenez baimentzen ahalko dira, baldin eta bista horien inpaktua minimizatzeko neurriak hartzen badira eta Udalak oniritzia ematen badu.
Igogailuen kaxak estalkiaren planotik sortzen diren bolumenak dira, eta haien azalera igogailuaren solairura, sarbidera eta makineria osagarrira baino ezin da iritsi. Bolumen horien estalkia laua izanen da edo gainditzen duen estalki-planoarekiko paraleloa, eta ez du estalkiaren planoarekiko 1,50 metroko altuera gaindituko.
Lehendik dauden eraikinetan kanpoalderako igogailuak jartzea baimentzen da (lurzatiaren eremu pribatua okupatzen badute), betiere frogatzen bada eraikinaren barruan jartzea ez dela bideragarria (bizigarritasun baldintzak galtzea).
Espazio publikoa okupatuz gero, espazio pribatuaren barruan egitea bideragarria ez dela frogatzeaz gain, dagokion Hiri Jarduketarako Plan Berezia idatzi beharko da.
Eraikin errepikakorrei igogailu irtenbide errepikakorrak aplikatuko zaizkie.
Iragarkiaren kodea: L2411300