143. ALDIZKARIA - 2026ko uztailaren 23a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

1532/2026 EBAZPENA, 2026ko uztailaren 1ekoa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikerketako errektoreordeak emana. Haren bidez, hautaketa-prozesurako deia egiten da, ikertzaileak lan araubidean kontratatzeko honako ikerketa-proiektu hau garatzeko: "Frankismo garaiko Lan Behartuen Inbentarioari buruzko Hitzarmena".

2026ko ekainaren 30ean, Ikerketa Zerbitzuak ikertzaileak kontratatzeko hautaketa-prozesurako deia egiteko eskatu zuen, jarduera zientifiko-teknikoen kontratu bidez "Frankismo garaiko Lan Behartuen Inbentarioari buruzko Hitzarmena" ikerketa-proiektua garatzeko proiektuko lankide gisa. Ikerketa-proiektuaren ikertzaile arduraduna Juan Carlos García Funes da, irakasle laguntzaile doktorea, Giza eta Hezkuntza Zientzien Sailari atxikia.

Aintzat harturik Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariaren txosten proposamena.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak errektoretza-taldearen egitura orokorra onetsi eta haren funtzioak zehazteko 2023ko ekainaren 20an eman zuen 1306/2023 Ebazpenaren bidez eskuordetu dizkidan eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehenbizikoa.–Onestea ikertzaileak lan araubidean kontratatzeko hautaketa-prozesurako deialdia, baita deialdiaren oinarriak ere, ikerketa-proiektu hau garatzeko: "Frankismo garaiko Lan Behartuen Inbentarioari buruzko Hitzarmena".

Bigarrena.–Ebazpen hau Hautaketa Batzordeko kideei eta Ikerketa Zerbitzuari aditzera ematea.

Hirugarrena.–Agindua ematea ebazpen hau Unibertsitatearen iragarki ohol elektroniko ofizialean eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu dadin.

Iruñean, 2026ko uztailaren 1ean.–Martín Larraza Quintana, Ikerketako errektoreordea.

I. ERANSKINA.–DEIALDI HONEN OINARRIAK: HAUTAKETA-PROZESURAKO DEIALDIA, IKERTZAILEAK LAN ARAUBIDEAN KONTRATATZEKO "Frankismo garaiko Lan Behartuen Inbentarioari buruzko Hitzarmena" IKERKETA-PROIEKTUA GARATZEKO

Hauek dira deialdia arautuko duten:

OINARRIAK

1.–Datu orokorrak.

–Deialdiaren xedea: deialdi honen xedea ikertzaileak hautatzea da, ondoren lan araubidean kontratatzeko, "Frankismo garaiko Lan Behartuen Inbentarioari buruzko Hitzarmena" ikerketa-proiektua garatzeko.

–Maila profesionala: proiektuko lankidea, batez ere ikerketa-lanetan aritzeko.

–Eginkizunak: laneko jarduera Guadalajaran eginen da batez ere, eta noizean behin Alcalá de Henaresen eta Madrilen. Hilean 200 euro ordainduko dira gehienez ohiko joan-etorriengatik. Aparteko joan-etorriak egin behar badira beste herri batzuetara joateko, NUPen barne araudian joan-etorrien dietei buruz adierazitakoaren arabera ordainduko dira.

–Frankismoan gatibualdian egindako lanari buruzko artxiboko eta bigarren mailako iturrietako informazioa ateratzea eta oinarrizko azterketa egitea.

–Gatibualdian egindako lanei buruz presoen senideek emandako datuak biltzea eta hustea/antolatzea.

–Kontratu mota: kontratazioa jarduera zientifiko-teknikoen kontratuaren modalitatearen bidez eginen da, bat etorriz Zientziari, Teknologiari eta Berrikuntzari buruzko 2011ko ekainaren 1eko 14/2011 Legearen 23 bis artikuluan ezarritakoarekin.

–Iraupena: mugagabea, "Frankismo garaiko Lan Behartuen Inbentarioari buruzko Hitzarmena" ikerketa-proiektuari lotua.

–Lanaldi mota: osoa.

–Ordainsariak: Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikertzaileak Kontratatzeko Arautegiak –2017ko maiatzaren 3an Gobernu Kontseiluaren erabaki batez onetsitakoak– bere eranskinean ezarritakoak, 2026. urtera egokituak.

Diru gehigarriak ordaintzeko aukera egonen da proiektuan ezarritako helburuak betez gero. Diru gehigarri horiek ordaintzeko, proiektuaren arduradunak ordainketa justifikatzen duen azken txosten bat egin beharko du, eta aurrekontuan diru kopuru nahikoa izan beharko da.

–Finantzaketa: "Frankismo garaiko Lan Behartuen Inbentarioari buruzko Hitzarmena"-1191/2025 Errege Dekretua, 2025eko abenduaren 26koa, Nafarroako Unibertsitate Publikoari zuzeneko dirulaguntza bat ematea arautzen duena, frankismo garaian espetxe eta kontzentrazio esparruetan lan behartuak egin zituzten pertsonek egindako eraikinen eta obren inbentarioa egiteko, bai eta esplotazio horren entitate eta enpresa onuradunak eta biktimak identifikatzeko ere.

–Argitaratzeko tokiak: deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeaz gainera, deialdiarekin lotutako egintza eta ebazpen guztiak Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki ohol elektroniko ofizialean argitaratuko dira, deialdiari dagokion atalean.

2.–Parte hartzeko baldintzak.

2.1.–Hautaketa-prozesuan onartuak izateko, izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Espainiako herritartasuna izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa, edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiar Estatuak berretsitako nazioarteko itunen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzekoa zaion estaturen batekoa.

Halaber, Espainiako, Europar Batasuneko estatuetako eta aipatu nazioarteko itunak aplikatzen diren eremuko estatuetako herritartasuna dutenen ezkontideek parte hartzeko aukera izanen dute, betiere zuzenbidearen arabera bananduak ez badaude; herritartasuna duenaren ondorengoek eta haren ezkontidearen ondorengoek ere parte hartzeko aukera izanen dute, betiere gurasoak zuzenbidearen arabera bananduak ez badituzte, 21 urtetik beherakoak badira edo, adin horretatik gorakoak izanda ere, gurasoen kontura bizi badira.

Aurreko ataletan sartzen ez diren eta Europar Batasunekoak ez diren izangaiek ere zilegi izanen dute lehiaketan parte hartzea, baldin eta Espainian legezko egoeran badaude eta Espainian bizitzeko eta lan merkatuan mugarik gabe lan egiteko baimena ematen dien dokumenturik badute.

b) 16 urte baino gehiago izatea, eta administrazio publikoko langileentzat ezarritako nahitaezko erretirorako adina betea ez izatea.

c) Hauetako titulazio akademiko ofizialen bat edukitzea: gradua (gutxienez ere 300 ECTSkoa), masterra, lizentzia, arkitektura, ingeniaritza edo, hezkuntza-alorrean eskuduna den ministerioak ezarri duenaren arabera, Goi Mailako Hezkuntzako Kualifikazioen Espainiako Esparruko (MECES) 3. mailari (masterrari) dagokion titulazioren bat.

Titulazio espezifikoa: Historiako, Geografia eta Historiako edo Historia eta Ondareko gradua edo lizentzia.

Atzerrian lortutako tituluen kasuan, baliokidetasun ziurtagiria edo, bestela, homologazioaren egiaztagiria eduki beharko da.

d) Deialdiko xede diren lanpostuen eginkizunak betetzea galarazten duen gaixotasunik edo muga fisikorik edo psikikorik ez izatea.

e) Diziplinako espediente baten ondorioz edozein administrazio publikotako zerbitzutik baztertua ez izatea, eta ez egotea epai irmo baten bidez ezgaitua eginkizun publikoak betetzeko.

2.2.–Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean bete behar dira deialdi honetan parte hartzeko ezarritako baldintzak, bai eta kontratuak indarrean dirauen bitartean ere.

3.–Eskaerak.

Parte hartzeko eskaerak aurkezteko epea hamar egun baliodunekoa izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

Hautaketa-prozesu honetarako inskripzioa telematikoki egin beharko da, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren egoitza elektronikoaren bidez, helbide honetan:

https://sedeelectronica.unavarra.es/oficina/tramites/acceso.do?id=8734&block=PDI-RR-HH–1096&blockType=AREAS–SEDE&entity=1096

Lehenik, "Hasi tramitea" botoia sakatu behar da.

"Erantsitako dokumentazioa" eremuan, dokumentu hauek erantsi beharko dira lanpostu kategoria bakoitzerako:

–Nortasun Agiri Nazionalaren, AIZaren edo pasaportearen fotokopia.

–Deialdian eskatzen den tituluaren fotokopia.

–Espediente akademikoaren fotokopia, batez besteko nota zehaztuta.

–Curriculum vitaea, norberak egoki jotzen dituen merezimenduen egiaztagiriekin batera.

4.–Onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda.

4.1.–Bigarren oinarrian aipatzen diren eskaerak eta dokumentazioa aurkezteko epea amaituta, Unibertsitatearen iragarki ohol elektroniko ofizialean argitaratuko da izangai onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda, eta, baztertuak izan direnen kasuan, baztertuak izatearen arrazoia ere adieraziko da. Izangai bazterturik ez bada, zuzenean onetsiko da behin betiko zerrenda.

4.2.–Ebazpen honen 2.1 oinarriak aipatzen dituen dokumentuak ez aurkezteagatik behin-behinean baztertzea galarazi gabe, baztertzeko arrazoiak izanen dira eskaera epez kanpo aurkeztea edo lehiaketaren bidez lortu nahi den lanpostua betetzeko bete behar diren baldintzak ez betetzea, eta, gainera, ezin izanen dira zuzendu.

4.3.–Behin-behinean baztertutako izangaiek 5 egun balioduneko epea dute, behin-behineko zerrenda argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita, lehiaketatik baztertua izatea eragin duten akatsak zuzentzeko, halakorik bada, eta erreklamazioak egiteko. Zuzenketak egiteko, eskabide orokor bat aurkeztu beharko da erregistro telematikoaren bidez.

Epe horretan ez badute zuzentzen lehiaketatik behin-behinean baztertua izatea eragin duen akatsa, hautaketa-prozesutik behin betiko baztertuak geldituko dira.

5.–Onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda.

5.1.–Laugarren oinarrian adierazitako epea igarota, Unibertsitatearen iragarki ohol elektroniko ofizialean emanen da argitara onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda.

5.2.–Izangaiak hautaketa-prozesuan onartuen zerrendan egoteak edota hautaketa-prozesua gainditu dutenen zerrendan egoteak ez du ekarriko inoiz ere Unibertsitateak aitortzea betetzen dituztela deialdiko oinarrietan eskatu diren baldintza orokorrak edo bereziak. Kontratatzeko deitzen dituzten izangaiek ziurtatu eta egiaztatu beharko dituzte horiek, jatorrizko dokumentuak aurkeztu beharko baitituzte kontratua sinatzen dutenean.

5.3.–Parte hartzeko eskaerarekin batera aurkeztutako dokumentazioarekin alderaturik jatorrizko dokumentazioa zehaztugabea, okerra edo faltsua bada, kontratua sinatzeko ezintasuna eta kontratazio zerrendatik baztertzea ekarriko du horrek, interesdunak berak sinatuko duen erantzukizunpeko adierazpenarekin bat etorriz.

5.4.–Onartutako eta baztertutako izangaien zerrendak argitaratuta, interesdunei jakinarazpena egin zaiela ulertuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 2015eko urriaren 1eko 397/2015 Legearen 45. artikuluak xedatzen duenarekin bat etorriz.

6.–Balorazio prozesua.

Izangaien merezimenduak baloratuko dira, aurkeztutako dokumentazioarekin bat etorriz eta II. eranskineko baremoaren arabera.

Eskaerak aurkezteko epea amaitzen den unean izangaiak dituen merezimenduak baizik ez dira baloratuko, eta ez dira baloratuko epe hori igaro eta gero lortu edo egin direnak. Bestetik, elkarrizketa pertsonalari dagokionez, deialdi honetako elkarrizketan lortutako puntuazioa izanen da baloratzekoa.

Adierazten diren merezimendu guztiak zuzenbidean baliozkoa den edozein baliabideren bidez frogatu behar dira.

Hautaketa Batzordeak inola ere ez du onartuko izangaiek alegatu ez duten edo agirien bidez frogatu ez duten merezimendurik, eta ezin izanen du atal bakoitzean adierazitako gehieneko puntuazioa baino handiagorik eman.

Hautaketa Batzordeko kide bakoitzak baloratuko ditu izangaien merezimenduak. Azken puntuazioa izangai bakoitzari emandako puntuazioen batezbestekoa izanen da.

7.–Emaitzak argitaratzea eta alegazioak.

7.1.–Balorazio prozesua bukatuta, argitara emanen da izangai guztiek baremoaren atal bakoitzean lortutako puntuazioa, baita azken puntuazioa ere. Zehazki, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki ohol elektroniko ofizialean argitaratuko da, deialdiari dagokion atalean. Argitalpen hori izanen da interesdunentzako jakinarazpena ondorio guztietarako.

7.2.–Interesdunek aukera izanen dute puntuazioen aurkako alegazioa jartzeko, Baremazio Batzordeari zuzendua; horretarako, 5 egun balioduneko epea izanen dute, puntuazioak argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

Alegazio idazkian, haien oinarri diren arrazoiak eman behar dira aditzera. Ez da onartuko merezimenduak berriz ere baloratzeko besterik eskatzen ez duen alegazio generikorik.

Alegazioak ebatzita, edo epea alegaziorik aurkeztu gabe igarota, Batzordeak behin betiko emaitzak emanen ditu argitara.

8.–Hautaketa-prozesuaren ebazpena.

8.1.–Behin betiko puntuazioak argitaratu eta gero, Hautaketa Batzordeak Ikerketako errektoreordeari bidaliko dio hautaketa-prozesua gainditu duten izangaien zerrenda, lortutako puntuazioekin.

8.2.–Ikerketako errektoreordeak ebazpena emanen du hautaketa-prozesua gainditu duten izangaien zerrenda onesteko, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki ohol elektroniko ofizialean argitaratuko da.

8.3.–Deialdi honetan sortzen den kontratazio zerrendak 3 urteko indarraldia izanen du, argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

Indarrean dagoen bitartean, kategoria bera eta ia eginkizun berak dituzten langileak kontratatzeko premia sortzen denean ere erabiltzen ahalko da kontratazio zerrenda hori, proiektu, kontratu, hitzarmen edo katedra baterako edo institutuko edo ikerketa-taldeko funtsetarako izan, betiere zerrendaren ordena errespetatuz.

8.4.–Deialdi honen ondoriozko kontratazio zerrendan egonik kontratu bat onartzen duten izangaiei ez zaie beste inongo lanpostutarako kontraturik eskainiko, salbu eta kontratua bukatzeko 15 egun edo gutxiago gelditzen badira.

9.–Hautaketa batzordea.

Batzordeburua: Fernando Mendiola Gonzalo doktorea, unibertsitateko irakasle titularra, Giza eta Hezkuntza Zientzien Sailari atxikia, Ikerketako errektoreordeak delegatuta.

Idazkaria: Juan Carlos García Funes doktorea, irakasle laguntzaile doktorea, Giza eta Hezkuntza Zientzien Sailari atxikia.

Batzordekidea: Nerea Pérez Ibarrola doktorea, irakasle kontratatu iraunkorra, Giza eta Hezkuntza Zientzien Sailari atxikia.

–Ordezko hautaketa batzordea:

Batzordeburua: Gemma Piérola Narvarte doktorea, irakasle kontratatu iraunkorra, Giza eta Hezkuntza Zientzien Sailari atxikia.

Idazkaria: Roldán Jimeno Aranguren doktorea, unibertsitateko katedraduna, Zuzenbide Sailari atxikia.

Bazordekidea: Daniel Oviedo Silva doktorea, irakasle laguntzaile doktorea, Giza eta Hezkuntza Zientzien Sailari atxikia.

Hautaketa Batzordearen jarduerak, une oro, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 2015eko urriaren 1eko 39/2015 Legeak eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren 2015eko urriaren 1eko 40/2015 Legeak ezartzen dutenaren arabera gauzatuko dira. Jakinarazpenak egiteko eta bestelako gorabeheretarako, Hautaketa Batzordearen egoitza Nafarroako Unibertsitate Publikoko Administrazioko eta Kudeaketako eraikina izanen da.

10.–Datu pertsonalen babesa.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak langileen kudeaketaren arloan antolatutako prozesuetan parte hartzeak interesdunen datuak tratatzea ekarriko du berekin. Datu horien tratamenduaren arduraduna Nafarroako Unibertsitate Publikoa da.

Datuen tratamendua aplikatzekoa zaion araudiari jarraikiz eginen da, hots, Datuak Babesteko 2016/679 EB Erregelamendu Orokorrari eta Datu Pertsonalak Babesteko 2018ko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoari jarraikiz. Tratamenduaren deskribapena Tratamendu Jardueren Erregistroan dago kontsultatzeko, hemen: https://www.unavarra.es/eu/sites/portal-transparencia/home.html.

Datuen tratamenduaren eraginpeko interesdunak batez ere hautaketa-prozesuetako izangaiak eta NUPeko langileak izanen dira. Datu pertsonal hauek tratatuko dira: izena, deiturak, NANa, datu akademikoak eta profesionalak eta, beharrezkoa denean, bankuko datuak eta Gizarte Segurantzakoak, edo ondoren deskribatzen den xedea betetzeko beharrezkoak direnak.

Datuen tratamendua justifikatzen duen xedea honako hauek tramitatzea da: hautaketa-prozedurak, mugikortasunekoak, egoera administratiboak, ziurtagiriak edo Giza Baliabideen arloan NUPen eskumenekoak diren beste batzuk.

Xede horrek interes publikoa edo botere publikoa legitimatzen du, Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorraren 6.1.e) artikuluak ezartzen duen bezala. Hauek dira oinarri juridikoak, langileei buruzko beste arau batzuen artean: Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Legearen Testu Bategina onesten duen 5/2015 Legegintzako Errege Dekretua, 2015eko urriaren 30ekoa, eta Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzura dauden Langileen Estatutuaren Testu Bategina onesten duen 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, 1993ko abuztuaren 30ekoa.

Datuak tratatzeko jarduerei dagokienez, interesdunek eskubidea dute datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezabatzeko, mugatzeko, haiei kontra egiteko eta transferitzeko. Horretarako, mezu bat bidali behar dute delegado.protecciondatos@unavarra.es helbidera, Datu Pertsonalak Babesteko Lege Organikoaren 11. artikulutik 18. artikulura bitartekoei jarraikiz. Desadostasunen bat izanez gero, Datuak Babesteko Espainiar Agentziara jo dezakete, https://www.aepd.es/ domeinuaren bidez.

11.–Errekurtsoak.

Ebazpen honek administrazio bidea agortzen du, Unibertsitate Sistemari buruzko Lege Organikoaren 38.4 artikuluak xedatzen duenaren arabera, eta haren kontra zilegi da aukerako berraztertzeko errekurtsoa jartzea, errektoreari zuzendua, edo, bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Iruñeko Auzialdiko Auzitegiko maila bereko atalari zuzendua, hilabeteko epean lehenbiziko kasuan, eta bi hilabeteko epean bigarrenean, biak ere ebazpena jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

II. ERANSKINA.–Ikertzaileak hautatzeko baremoa

ERABILIKO DEN BAREMOA ETA/EDO EGINEN DIREN PROBAK

1. ATALA: Espediente akademikoa

Puntuak

20

Izangaiaren espediente akademikoa haren batez besteko puntuazioari dagokion proportzioan baloratuko da, 20 punturekin gehienez ere.

Graduaren espediente akademikoa 16 punturekin baloratuko da gehienez ere.

Unibertsitate masterraren espediente akademikoa 4 punturekin baloratuko da gehienez ere. Historiako eta Memoriako Unibertsitate Masterraren ponderazio faktorea 1 izanen da; Historia Garaikideko unibertsitate masterrena, 0,75; eta bestelako masterrena, 0,5.

2. ATALA: Esperientzia

Puntuak

35

–Nafarroako Memoria Historikoaren Dokumentu Funtsean egindako ikerketa-lanetan kolaboratzeagatik 3 puntu emanen dira gehienez ere (1 puntu lankidetza-bekan aritutako hilabete bakoitzeko, eta 1 puntu Funtsaren enkargu espezifiko baten ondorioz egindako txostenengatik).

–Unibertsitate, elkarte edo erakundeetan Gerra Zibileko eta frankismoko errepresioarekin lotutako proiektuetan, proiektuen kudeaketan, dibulgazioan, memorietan edo antzekoetan izandako lan esperientzia edo lankidetza gehienez ere 18 punturekin baloratuko da: 5 puntu emanen dira unibertsitateekin eta erakundeekin egindako urteko lanengatik (denbora-tarte laburragoetan puntuazio proportzionala emanen da), eta 3 puntu elkarteekin egindako lanengatik; bestetik, gehienez 1 puntu emanen dira proiektu eta jarduera puntualengatik, kontratu honen xede diren jarduerekin duten loturaren arabera.

–Gerra Zibilarekin eta frankismoarekin lotutako historia garaikideko argitalpenak (14 puntu, gehienez): 2 puntu, gehienez, kongresu, jardunaldi edo lan dokumentuetako komunikazioagatik; 5 puntu, gehienez, indexatutako aldizkarietako artikulu bakoitzeko; eta 7 puntu, gehienez, liburu bakoitzeko, kontratu honen xede diren jarduerekiko harremanaren eta argitaletxearen eraginaren arabera.

3. ATALA: Beste merezimendu batzuk

Puntuak

10

–Hizkuntzak jakitea:

Ingelesa jakitea: Espainiako Unibertsitateetako Errektoreen Konferentziak jasotako mailen arabera, honela baloratuko da: 3 puntu C2 edo C1 maila izateagatik, 2 puntu B2 maila izateagatik eta 1 puntu B1 maila izateagatik.

Euskara, katalana, valentziera, asturiera edo galegoa jakitea: Espainiako Unibertsitateetako Errektoreen Konferentziak jasotako mailen arabera, honela baloratuko da: 5 puntu C2 edo C1 maila izateagatik, 4 puntu B2 maila izateagatik eta 3 puntu B1 maila izateagatik.

Frantsesa edo alemana jakitea: Espainiako Unibertsitateetako Errektoreen Konferentziak jasotako mailen arabera, honela baloratuko da: 1 puntu C2 edo C1 maila izateagatik eta 0,5 puntu B1 edo B2 maila izateagatik.

–Informatikako eta kudeaketako ezagutzak, betiere prestakuntza-ikastaroen, masterren eta informazioa eta proiektuak kudeatzen egindako lan jardueraren bidez egiaztatzen ahal badira: 5 puntu gehienez, edukiaren eta iraupenaren arabera.

4. ATALA: Motibazio gutuna

Puntuak

30

–Motibazio gutun bat idaztea (10.000 karaktere gehienez), honako hauek azaltzeko: izangaiak zer interes duen egin beharreko lanarekiko, zer ezagutza duen frankismoan gatibualdian lan egitearen arloko bibliografiaren eta auzi historiografikoaren egoerari buruz, eta lanpostuaren profilarekin lotutako beste merezimendu batzuk.

5. ATALA: Elkarrizketa pertsonala

Puntuak

25

–Aurreko apartatuen baturan puntuazio handiena lortu duten 5 izangaiei elkarrizketa pertsonal bat eginen zaie, betiere 15 puntu lortu badituzte 4. apartatuan. Elkarrizketan kontratuaren xedea diren eginkizunak betetzeko gaitasuna eta eskatutako profilarekiko egokitasuna baloratuko dira, bai eta motibazio gutunean adierazitako informazioa ere.

Hautaketa-prozesua gainditzeko eskatzen den gutxieneko puntuazioa 40 puntu da.

Hautaketa-prozesuaren azken emaitzan gerta daitezkeen berdinketak 5. atalean puntuazio handiena atera dutenen alde ebatziko dira. Berdinketa badago, 4. atalean puntuazio handiena lortzen dutenen alde ebatziko da. Berdinketak jarraitzen badu, hautaketa-prozesua zozketaz erabakiko da.

Iragarkiaren kodea: F2609898