1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
636/2023 EBAZPENA, abenduaren 27koa, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez behin betiko onesten baitira Donamariako ur-hartunea Mendaurko soluzioan sartzeko proiektua eta horrek ukitutako ondasunen eta eskubideen zerrenda.
Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusiaren urriaren 6ko 344/2023 Ebazpenaren bidez Malerrekako Zerbitzu Orokorren Mankomunitateak eskatutako lankidetza-araubidea onartu zen eta jendaurrean jarri zen Donamariako ur-hartunea Mendaurko soluzioan sartzeko proiektua eta horrek ukitutako ondasunen eta eskubideen zerrenda.
Aldi horretan alegazio hau jaso da, eta honela erantzuten zaio:
1.–Miguel Oteiza Laurnaga jaunak bi finka dauzka Donezteben: SA-9,10 (2. poligonoa, 468. lursaila) eta SA-11,12 (2. poligonoa, 504. lursaila). Honako hau alegatzen du:
Honako alegazio tekniko hauek aurkeztu ditu dokumentu batean:
Adierazten duenez, 504. lursailean paratu nahi den D kutxeta 468. lursailera doan bide bakarraren erdian egonen da eta zorutik ateraz gero trafikoa eragotziko du. Beste leku batean jartzeko eskatzen du.
468. lursaileko V kutxeta dela eta, adierazten du laborantza-lanak eragotziko dituela, eta zoru-mailatik gora ez ateratzeko eskatzen du.
Beste alde batetik, adierazten du hodia 5 metrora dagoela 469. lursaileko nekazaritzako eraikuntza batetik, udal arautegiaren arabera halako eraikuntzak etxebizitza bihurtzen ahal direla eta horregatik uste duela 7 metrora urrundu behar litzatekeela.
Halaber, alegatzen du 504. lursaileko trazaduraren azken tartea 504. eta 468. lursailetara joateko bidean dagoela. Malda nahiko handiko pendizean dagoenez, eskatzen du ez dadila gerta lur-erortzerik ez luizirik, eta lanak amaitutakoan lursaila behar bezala atonduta eta egonkortuta uzteko. Gainera, esan duenez, uraren hodia 504-B eta 468. lursailetara joateko bidean egiten bada, ez ditu egiten ahalko bide hori konpontzeko lanak, akordioaren I.b) estipulazioan ezartzen den bezala; horren arabera debekatuta baitago zortasun-zerrendan obrak egitea. Horregatik, eskatzen du trazadura edo baldintza hori aldatzeko.
Halaber, alegazioa egin du 468. eta 504. lursailen erabilera-sailkapenaz ere. Esan du katastroaren arabera 468-B azpilursailean denetariko zuhaitzak daudela, baina egiatan belardi artifiziala dela, A azpilursaila bezala. Gainera, esan du 504-B lursaila larre modura sailkatuta dagoela.
Alegazio teknikoen erantzunez, esan behar da D motako erregistroak hustubideak direla eta ubidearen behealdeetan egon behar direla. Nolanahi ere, badago malgutasunerako aukera eta, beraz, obretan zehazten ahalko da zehatz-mehatz non egiten diren, hirugarrenei kalterik ez egiteko. Galtzadan eginez gero, erregistroa sestraren maila berean egonen da eta bidea erabiltzen ahalko da; aldiz, laborantza-lurretan egiten bada, erregistroa 50 cm atera behar litzateke zorutik, ikusi ahal izateko eta nekazaritzako makinekin kalterik ez egiteko.
Beste alde batetik, V motako erregistroak bentosak dira eta hodiaren goialdeetan paratu behar dira. Nolanahi ere, badago malgutasunerako aukera eta, beraz, obretan zehazten ahalko da zehatz-mehatz non egiten diren, hirugarrenei kalterik ez egiteko. Erregistroak laborantza-lurretan eginez gero, zorutik atera behar lirateke, makinekin kalterik ez egiteko kanalizazioari.
Hodiaren eta nekazaritzako eraikuntzaren arteko distantzia dela eta, zuinketaren fasean planteatzen ahal da kanalizazioa ahalik urrunen egotea nekazaritzako nabetik, bidearen egonkortasuna sendotzeko egin den zabalgunearen barruan.
504. eta 468. lursailetara joateko bideari dagokionez, proiektuan partida bat ezarri da obrek dauden bideetan egiten dituzten kalteak konpontzeko eta obra-doikuntzak egiteko eta behar bezala atonduta edo sendotuta gera dadin, egonkortasuna eta egungo egoera narriatu gabe. Trazadura hautatzeko, egungo topografia hartu da aintzat, aukeratik hoberena dela pentsaturik.
Azkenik, 468-B azpilursailaren sailkapena dela eta, ez dago eragozpenik belarditzat hartzeko. 504-B azpilursaila dela eta, katastroko sailkapena honako hau da: lur-mota: basoa-larreak eta laborantza: bazkalekua.
Beste dokumentu batean zenbait alegazio aurkeztu ditu elkarrekin adostutako balorazioez. Gainera, adierazten du 504-B lursailean zail izanen dela makinekin lan egitea obrak egiten ari diren artean, malda handia dagoelako, eta horregatik uste du aurreikusitako okupazio-eremutik kanpo lan eginen dela, eta, balorazioan hori kontuan hartu ez denez, nahi du jakin nola konponduko den.
Alegazio ekonomikoei erantzunez, kontuan eduki behar da ukitutako ondasunen eta eskubideen balorazioa indarreko indarreko legeriarekin bat egin beharko da. Gainera, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko 1954ko abenduaren 16ko Legearen 52.7 artikuluarekin bat, behin finka okupatu ondotik desjabetze-espedientea tramitatuko da, balio justuaren eta ordainketaren faseetan.
468. lursaila aldi batez okupatzea dela eta, finkaren errentariari horren kalte-ordaina emanen zaio.
Gehiegizko okupazioren bat edo hasieran aurreikusi gabeko kalteren bat gertatzen bada, obretan baloratuko da eta kalte-ordaina emanen da.
Horrenbestez, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 20. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, eta Lurralde Kohesiorako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 249/2023 Foru Dekretuak esleitu dizkidan eskudantziak erabiliz, honako hau,
EBAZTEN DUT:
1. Behin betiko onestea Donamariako ur-hartunea Mendaurko soluzioan sartzeko proiektua eta horrek ukitutako ondasunen eta eskubideen zerrenda, eta aurkeztutako alegazioa ebaztea ebazpen honen azalpen zatian adierazitako moduan. Ulertzen da onespenak berekin dakarrela onura publikoaren eta okupatu beharraren deklarazioa.
2. Ebazpen hau argitara ematea Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Donamariako eta Doneztebeko udaletxeetako iragarki tauletan eta Malerrekako Zerbitzu Orokorren Mankomunitatekoan. Era berean, iragarkia Foru Komunitateko bi egunkaritan argitaratuko da.
3. Ebazpen hau alegatzaileari jakinaraztea eta adieraztea administrazio publikoek ez beste interesdun guztiek gora jotzeko errekurtsoa jar dezaketela, Lurralde Kohesiorako kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean. Administrazio publikoek, berriz, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, deusetan galarazi gabe horren aurretik Nafarroako Gobernuaren aurrean errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epeetan.
Iruñean, 2023ko abenduaren 27an.–Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusia, Jesús M.ª Rodríguez Gómez.
Iragarkiaren kodea: F2318472