17. ALDIZKARIA - 2024ko urtarrilaren 23a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

938E/2023 EBAZPENA, abenduaren 14koa, Enpresen Sustapenerako zuzendari nagusiak emana, "NAEX Talentua Bekak" dirulaguntzaren 2024ko deialdia onesten duena. DDBN identifikazioa: 733146.

Nafarroako Nazioarteko Planak (NNP) zenbait helburu estrategiko ditu, hala nola, nafar gizartea trebatzea eta sentsibilizatzea herritar guztiak pertsonalki eta profesionalki garatzeko aukera aprobetxatzeko gai izan daitezen, ingurune global batean. Plan honetan jasotako ekimenetako bat da nazioarteko jardueren profesionalei prestakuntza ematea, nazioartean aritzeko azken hamarkadan mamitu eta pandemiaren ondorioz finkatzen ari diren modu berrietara egokitu daitezen.

NAEX Talentua Bekak deialdiaren helburua da, lehenik eta behin, beka lortzen duten gazteei nazioartekotze arloko profesionalen profil berrietarako beharrezkoa den prestakuntza teoriko espezializatua eskaintzea, arestian adierazitakoaren bidetik: nazioartekotze prozesuen digitalizazioa eta destinoan lan egiteko edo destinoa bera lantzeko behar diren ezagutzak eta gaitasunak. Horretarako, NUPekin batera (1. fasea) prestatutako International Business unibertsitate masterra doan eginen dute beka hauen onuradunek.

Bigarren helburua da destinoan nazioartekotzeari laguntza emateko eginkizunen ezagutza praktikoa eskaintzea beka lortzen duten gazteei. Arestiko hori lortzeko, gazte bekadunek egonaldiak eginen dituzte Bulego Ekonomiko eta Komertzial Espainiarren sareko atzerriko bulegoetan eta Nafarroako Gobernuari nazioarteko sustapenaren inguruko gaietan laguntzen dioten aholkularitza enpresetan, Nafarroako Nazioarte Planean helburu diren herrialdeetan (2. fasea).

Eta, azkenik, lortutako ezagutza teorikoak eta praktikoak praktikan jartzeko aukera eskaini nahi zaie beka lortu duten gazteei, enpresa, erakunde, enpresaburu elkarte edo klusterretan praktikak eginez (3. fasea).

Nafarroako enpresek etorkizunean beren nazioartekotze prozesuei modu egokian heltzeko gai diren pertsona prestatuak izan ditzaten, laguntzen deialdi hau onesten da.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz, honako hau,

EBAZTEN DUT:

1. NAEX Talentua Bekak dirulaguntzen 2024ko deialdia onestea.

2. Bekak emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean ageri dira.

3. 525.000 euroko gastua baimentzea, 2023ko gastu aurrekontu indarduneko "Nazioarteko praktikak" izeneko 810003-81400-4809-146100 partidaren baliokidea izateko asmoz ekitaldi horien aurrekontuetan gaitzen diren partiden kargura, betiere kreditu egokia eta aski badago ekitaldi horietan. Era honetan banatuko da:

EKITALDIA

AURREKONTUA

2025

175.000 euro

2026

262.000 euro

2027

88.000 euro

4. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta zilegi da bere aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Departamentuko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta hurrengo egunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2023ko abenduaren 14an.–Enpresen Sustapenerako zuzendari nagusia, Iñigo Arruti Torre.

ERANSKINA.–NAEX TALENTUA BEKAK 2024 OINARRI ARAUTZAILEAK

1. oinarria.– Xedea.

1. NAEX Talentua Bekak programa honen xedea da unibertsitateko titulua duten gazteei nazioartekotze jardueren inguruko prestakuntza teorikoa eta praktikoa ematea, Nafarroako enpresek eskura izan ditzaten etorkizunean beren nazioartekotze prozesuei modu egokian heltzeko gai izanen diren pertsona prestatuak.

2. Helburu hori lortzeko, lankide izanen ditugu Nafarroako Unibertsitate Publikoa (aurrerantzean, NUP), Industria, Merkataritza eta Turismo Ministerioa, Nafarroako Gobernuari nazioarteko sustapenerako laguntza ematen dioten aholkularitza enpresak eta NAEX Talentua Harrera programan parte hartzen duten enpresak.

2. oinarria.–Onuradunak.

1. Baldintza hauek betetzen dituzten pertsonak izan daitezke onuradunak:

a) Nafarroarekiko lotura izatea, hemen jaiotzeagatik, foru izaera zibila izateagatik edo Nafarroan erroldatuta izateagatik, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu baino gutxienez urtebete lehenagotik, edo erroldatuta egon izanagatik 5 urtez segidan, deialdiaren aurreko azken 10 urteetan; hori egiaztatzeko erroldaren ziurtagiria aurkeztu beharko dute.

b) 1995eko urtarrilaren 1etik aurrera jaioak izatea.

c) Unibertsitatearen graduko titulu ofiziala izatea.

Hori egiaztatzeko titulua aurkeztu beharko da, edo tituluaren eskaeraren ziurtagiria, horretarako ordaindu beharreko eskubideak ordaindu izanaren justifikazio agiriarekin, edo erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu, esanez arestiko dokumentu horietakoren bat 2024ko irailean masterra hasi aurretik aurkezteko moduan dagoela. Azken kasu horretan, ahal bezain laster aurkeztuko da dokumentazioa.

Atzerrian edo estatuko zentro pribatuetan lortutako tituluekin batera, dagokion homologazioa, agintaritza eskudunak emandakoa, aurkeztu beharko da.

Unibertsitate titulazioa baliokide bada Ekonomia eta/edo Enpresa Zuzendaritza ez diren graduekin, edo antzekoekin, onuradun izateko, beka eskatzen dutenek egiaztatu beharko dute gai horien inguruko prestakuntza osagarria dutela, edo bestela, gai horien inguruan NUPek zehaztuko dituen ikasgaiak ikasteko konpromisoa hartu behar dute.

d) Ingelesa jori erabili behar dute, gutxienez B2 mailarekin, Hizkuntzen Europako Erreferentzia Esparru Bateratuan (HEEEB). Ingeleseko maila frogatzeko, agintari eskudunek deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu aurreko bost urteen barruko epean emandako ziurtagiria aurkeztu beharko da, edo horretarako prestatuko diren ahozko eta idatzizko probak gainditu beharko dira. Kasu horretan, eskatzaileak aukera hori adierazi beharko du eskaera orrian.

e) NUPeko International Business unibertsitate masterrean izena emateko eskaera egin izana, dagokion frogagiriaren bidez frogatuta.

f) Bekari dagozkion eginkizunetan aritzeko gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.

g) Antzeko prestakuntza helburua duten bestelako laguntzarik edo bekarik ez hartu izana, horien esparruan aukera izan badute atzerrian praktikak egiteko, 6 hilabetez edo hortik gora, nazioarteko enpresa edo erakundeetan. Bereziki, ez dute beka hau hartzeko aukerarik izanen NAEX Talentua Beken onuradun izan direnek aurreko deialdiren batean, edo Europatik kanpoko herrialdeetan Nafarroako Gobernuaren, ICEX erakundearen edo bestelako autonomia administrazioen beken onuradun izan direnek, eta orobat, Merkataritza Ganberen edo EBko Merkataritza Sustapeneko Erakundeen edo haien antzeko erakundeen bekak hartu dituztenek ere.

h) Nafarroako Gobernuaren NAEX Talentua Beken aurreko deialdietan emandako beka bati uko egin ez izana, ezinbesteko arrazoiengatik izan ez bada.

i) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluan onuradun izateko ezarritako ezein debekurik ez urratzea.

Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar baimena ematea beka esleitzen duen organoak zuzenean eskuratu ditzan eskatzaileak tributu betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela frogatzen duten ziurtagiri telematikoak, eta orobat, haren nortasun datuak kontsultatu ditzan. Interesdunak horri berariaz uko egiten badio eskaeran, berak aurkeztu beharko ditu aipatutako betebeharretan egunean dagoela adierazten duten ziurtagiriak.

2. Oinarri honetako f), g), h) eta i) letretako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko, eskaera egiteko inprimakian datorren erantzukizunpeko adierazpena erabiliko da.

3. oinarria.–Deialdian eskainitako bekak.

1. NAEX Talentu Bekak deialdi honetan hamabi beka emanen dira. Hamabi onuradunek NUPek eskaintzen duen International Business unibertsitate masterra (NAEX Talentu Bekak programaren 1. fasea) doan eginen dute. Horietatik hamar programaren 2. eta 3. faseetan sartzen ahalko dira, masterreko kreditu guztiak gainditzen badituzte. 10. oinarrian azaldutako prozeduraren arabera, gehienez ere bost pertsonak eginen dute programa A modalitatean (programaren 1., 2. eta 3. faseak hartzen dituena) eta gainerakoek B modalitatean (1. eta 3. faseak hartzen dituena). Ordezko hamar lagun ere hautatuko dira, inork bekari uko egiten badio ere, edo bestelako edozein gorabehera estaltzeko.

2. Beka emateak eta baliatzeak ez dute inongo lan loturarik eratzen bekaren onuradunaren eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren artean, ez eta 2. eta 3. faseetan parte hartzen duten entitateekiko ere; beka emateko ebazpena Enpresen Sustapenerako zuzendari nagusiak emanen du, eta hark ezarriko ditu bekaren onuradun izatearen hasierako eta amaierako uneak.

3. 1493/2011 Errege Dekretuan ezarritakoarekin bat, NAEX Talentua Bekak deialdiaren onuradunek gizarte segurantzaren araubidearen babesa izanen dute, eta kontingentzia komunei eta kontingentzia profesionalei dagokiena kotizatuko dute, eta ez langabeziakoa.

4. oinarria.–NAEX Talentua programaren faseak.

NAEX Talentua Bekak programak honako fase hauek ditu:

1. 1. fasea: NUPek ematen duen International Business unibertsitate masterra.

2024ko irailean hasi eta 2025eko ekainean amaituko da.

Masterraren kreditu guztiak gainditzea ezinbesteko baldintza izanen da programaren hurrengo faseetara igarotzeko, hala nola master titulua lortzeko ere.

2. 2. fasea: praktikak nazioartekotzea bultzatzeko erakundeetan.

Fase honetan parte hartuko dute programa A modalitatean eginen duten bekadunek, aurreko 1. fasea amaitu ondoren.

2. fasearen helburua izanen da bekadunei ezagutzera ematea, batetik, enpresei laguntzeko tresna publikoak, eta bestetik, nazioartekotzearen sustapenean ari diren entitate publiko nahiz pribatuetan eskuragarri dauden programak eta zerbitzuak. Prestakuntza hori eskainiko da Bulego Ekonomiko eta Komertzial Espainiarren sareko atzerriko bulegoetan edo Nafarroako Gobernuari nazioarteko sustapenaren inguruko gaietan aholkularitza ematen dioten enpresetan. Bekadunek entitate horietan ematen diren zerbitzuetan laguntzen ariko dira, han ematen zaizkien eginkizunetan, betiere tutore baten ikuskaritzarekin.

Fase hau 2025eko uztailean hasiko da, eta 12 hilabeteko iraupena izanen du. Hasierako eta amaierako benetako egunak entitate lankidearen egutegiaren arabera ezarriko dira, eta ahal bada, bat etorriko dira entitate horretan ari diren gainerako bekadunen datekin. Praktikaldiak irauten duen bitartean, bekadunaren ordutegia eta egutegia entitate lankidearenak berak izanen dira.

2. fasean, eta gutxienez hura bukatu baino hilabete lehenago, A modalitateko bekadunek akordioak lortu beharko dituzte 5.1.c) oinarrian adierazitako entitateetako batekin, 3. faseko praktikak egiteko. Akordioetara epearen barruan iristen ez diren bekadunek izaera hori galduko dute, eta ez dute 3. fasea egiterik izanen.

Gainera, 2. fasea amaitzean, entitate lankideko arduradunak balorazio txostena emanen du, eta han zehaztuko ditu bekadunaren prestakuntza gauzatu den arloak, emandako eginkizunak betetzeko bekadunak erakutsi dituen jarrera eta prestasuna, eta jardunean iritsitako maila.

Hartutako informazioa aztertuta, erakunde kudeatzaileak, alegia, Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuak, epaituko du programaren helburuak egoki bete ote dituzten bekadunek, eta horren arabera jarraitzen ahalko dute bekadunek programaren hurrengo fasean.

3. 3. fasea: praktikak nazioarteko enpresa edo erakundeetan.

Programaren 3. fasean, bekadunek 5.1.c) oinarrian adierazitako entitateren batean eginen dituzte praktikak.

3. faseak hamabi hilabeteko iraupena izanen du, 2025eko uztailean hasita, programa B modalitatean eginen duten bekadunen kasuan, eta 2026ko uztailean hasita, A modalitatean eginen dutenen kasuan. Praktikak hasteko eta amaitzeko benetako data destinoko entitatearen egutegiaren araberakoa izanen da, eta ahal bada, entitate horretan ari diren bekadun guztien hasiera eta amaiera datekin bateratuko da. Praktikak irauten duen bitartean, bekadunaren ordutegia eta egutegia entitate lankidearenak berak izanen dira.

B modalitateko bekadunen kasuan, 3. fasera sartzeko, ezinbestekoa izanen da 5.1.c) oinarrian aipatzen diren entitateetako batekin lankidetza hitzarmena sinatu izana, masterra amaitu baino hilabete lehenago, gutxienez.

A modalitateko bekadunen kasuan, ezinbestekoa izanen da 2. fasean ebaluazio positiboa lortzea eta 5.1.c) oinarrian adierazitako entitateren batekin lankidetza hitzarmena sinatzea, fase hori bukatu baino hilabete lehenago, gutxienez.

Praktika eginen duen enpresa edo erakundearen destinoko herrialdea, ahal bada, 2. fasean izandako bera izanen da.

2. eta 3. faseen iraupena aldatzen ahalko litzateke, zenbait bekadunentzat, betiere Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuak beharrezkotzat jotzen badu, eta bi faseen guztirako iraupena 24 hilabetetik gorakoa ez bada.

3. fasea amaitzean, entitate lankideko arduradunak balorazio txostena emanen du, eta han zehaztuko ditu bekadunaren prestakuntza gauzatu den arloak, emandako eginkizunak betetzeko bekadunak erakutsi dituen jarrera eta prestasuna, eta jardunean iritsitako maila.

5. oinarria.–Entitate laguntzaileak.

1. NAEX Talentua Bekak programa behar bezala garatzeko, ezinbestekoa da ondoko erakunde hauekin lankidetzan aritzea.

a) 1. fasea garatzeko, NUPekin lan eginen da, Enpresen Sustapenerako Zuzendaritza Nagusiak eta aipatu entitateak dagokion hitzarmena sinatuta.

b) 2. faserako, dagokion hitzarmena sinatuko da Industria, Merkataritza eta Turismo Ministerioarekin, Espainiako Ekonomia eta Merkataritza Bulegoen sarean praktikak egin ahal izateko atzerrian. Halaber, Nafarroako Gobernuari laguntzen dioten aholkularitza entitateekiko kontratuetan, Nafarroako Nazioarteko Planaren (PIN) helburu diren herrialdeetan, fase honetako praktiketarako lankidetza arautuko da.

c) Azkenik, 3. faseko praktikak egiteko, NAEX Talentua Harrera programan parte hartzea eskatzen duten enpresen, erakundeen, enpresaburu elkarteen edo klusterren zerrenda bat hautatuko da. (https://www.planinternacionaldenavarra.es/es/acoge-naex-talento/).

2. Entitate lankide guztiek Dirulaguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen 12. eta 13. artikuluetan ezarritako baldintzak eta betebeharrak bete beharko dituzte.

3. 2. eta 3. faseetako erakunde laguntzaileek 4. oinarrian aipatutako txostenak bidali beharko dituzte Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzura, dagozkien faseak amaitzean.

6. oinarria.–Beken zenbatekoa.

1. International Business unibertsitate masterra egitea (NAEX Talentua Bekak programaren 1. fasea) doakoa izanen da bekadunentzat. Masterraren kostuaren %100 Enpresen Sustapenerako Zuzendaritza Nagusiak finantzatuko du, 5.1.a) oinarrian aipatzen den hitzarmenaren bidez. Bekadunek ez dute inongo zenbatekorik ordaindu behar, eta zuzkidurarik ere ez dute jasoko, fase honetan.

2. Programaren 2. eta 3. faseetarako esleitutako zenbatekoa, guztira 525.000 euro, era honetan banatuko da:

a) 2025eko ekitaldia: 175.000 euro.

b) 2026ko ekitaldia: 262.000 euro.

c) 2027ko ekitaldia. 88.000 euro.

3. Beken zuzkiduraren helburua da gastu hauek estaltzea: egonaldia, bidaia, bisak eta nahitaezko asegurua, istripuetarako, bidaiarako, osasun laguntzarako eta erantzukizun zibilerako.

Beken urteko zenbatekoak, 2. eta 3. faseetan, bekaren destinoko herrialdearen araberakoak izanen dira.

4. Programan aritzeari lotutako gastu guztiak bekadunaren kontura izanen dira, eta bekaren zuzkidurarekin aurre eginen die, hegazkin txartelak eta 3. faserako lortu beharreko bisak izan ezik, horiek 3. faseko entitate laguntzailearen kontura izanen baitira.

7. oinarria.–Eskaerak aurkezteko epea eta modua.

1. Eskaerak aurkezteko epea deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da, eta 2024ko apirilaren 15ean bukatuko da.

2. Eskaerak Industria eta Trantsizio Ekologiko eta Digitalaren Departamentuko Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzura zuzenduko dira, eta nahitaezkoa da telematika bidez aurkeztea, Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atariko Tramiteen Katalogoko dagokion fitxaren bidez: https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/becas-naex-talento-2024 (aurrerantzean, laguntzen fitxa).

3. Laguntzak eskatzeko prozesuan, eskatzaileek bete beharko dituzte eskatzailearen datuak eta erantzukizunpeko adierazpena, onuradun izateko 2. oinarriko f), g), h) eta i) letretan ezarritako baldintzak betetzen direla adieraziz.

4. Eskabide telematikoa honako agiri hauekin batera aurkeztuko da (dokumentuak eskaneatuta, bereizita eta behar bezala identifikatuta egonen dira, zein bere izenarekin):

a) NAN neurriko argazki bat, berriki aterea.

b) Jaiotze data egiaztatzeko agiria (NAN, jaiotza ziurtagiria, edo datu hori modu fidagarrian erakusten duen besteren bat), betiere eskatzaileak baimentzen ez badu bere nortasun datuak kontsultatzea Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzutik.

c) Nafarroan jaio ez direnen kasuan, erroldaren ziurtagiria.

d) Curriculum vitae-a.

e) Unibertsitateko graduko titulu ofiziala.

f) Ingelesaren ziurtagiria.

g) NUPeko International Business unibertsitate masterreko inskripzioaren ziurtagiria.

h) Eskatzailea zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneratuta dituela erakusten duen ziurtagiria, betiere eskatzaileak baimentzen ez badu datu horiek kontsultatzea Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzutik.

i) Unibertsitateko master titulua, kasua bada.

j) Atzerriko bigarren hizkuntzaren ziurtagiria, kasua bada.

5. Ingelesa, frantsesa edo alemana ez diren gainerako hizkuntzen agiriak Nafarroako Foru Komunitatean ofizialak diren hizkuntzetako batera itzulita aurkeztu behar dira.

6. Aurkeztutako dokumentazioak ez baditu Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 66. artikuluko baldintzak betetzen, Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuak interesdunari eskatuko dio 10 egun balioduneko epean zuzentzeko, bestela, eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela ohartaraziz.

8. oinarria.–Bekak emateko irizpideak.

1. Beka hauek norgehiagokako prozeduraren bidez emanen dira. Hartara, aurkeztutako eskaerak konparatuko dira, haien artean lehentasun hurrenkera bat ezartzeko, oinarri honetan ezarritako balorazio irizpideekin bat.

Balorazio altuena lortu duten hamabi eskatzaileei emanen zaizkie bekak.

2. Hauek izanen dira eskaerak baloratzeko irizpideak:

a) Ekonomia, Enpresa, Finantzak, Ekintzailetza, Marketing, Zuzenbidea, Nazioarteko Harremanak edo Ingeniaritzako unibertsitate gradua: 15 puntu.

b) Unibertsitateko master ofiziala (gutxienez 60 kreditu): gehienez 10 puntu.

I.–Merkataritzakoa edo enpresa kudeaketakoa edo nazioarteko harremanetakoa: 10 puntu.

II.–Gainerako masterrak: 5 puntu.

c) Ingelesa: 20 puntu gehienez.

I.–C2 maila: 20 puntu.

II.–C1 maila: 15 puntu.

d) Atzerriko bigarren hizkuntza (alemana, arabiera, mandarin txinera, frantsesa, italiera, portugesa, errusiera edo japoniera): 15 puntu gehienez.

I.–C2 maila: 15 puntu.

II.–C1 maila: 10 puntu.

III.–B2 maila: 5 puntu.

e) Konpetentzia proba: 15 puntu, gehienez.

f) Elkarrizketa pertsonala, hautagaiaren motibazioa, NAEX Talentua Bekak programarekiko konpromisoa, heldutasuna, jarrera eta komunikazio gaitasuna baloratzeko: 25 puntu gehienez.

3. Eskatzaileek lortutako puntuazioan berdinketa gertatuz gero, hartuko da kontuan c) irizpidean lortutako puntuazioa, eta, berdinketak jarraitzen badu, e) irizpidean lortutakoa, eta, azken buruan, eskaera aurkezten den eguna.

Nolanahi ere, beka emateko baldintza izanen da NUPek eskatzailea behin betiko onartu izatea, International Business unibertsitate masterra egiteko.

4. Balorazioaren a) eta b) irizpideak egiaztatzeko, titulua aurkeztu beharko da, edo tituluaren eskaeraren ziurtagiria, horretarako ordaindu beharreko eskubideak ordaindu izanaren justifikazio agiriarekin, edo erantzukizunpeko adierazpena, esanez arestiko dokumentu horietakoren bat 2024ko irailean masterra hasi aurretik aurkezteko moduan dagoela. Azken kasu horretan, ahal bezain laster aurkeztuko da dokumentazioa.

Atzerrian edo estatuko zentro pribatuetan lortutako tituluekin batera, dagokion homologazioa, agintaritza eskudunak emandakoa, aurkeztu beharko da.

5. c) eta d) irizpideak frogatzeko, agintari eskudunek deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu aurreko bost urteko epean emandako ziurtagiria aurkeztu beharko da. Ingelesa, frantsesa edo alemanaren maila egiaztatzen ahalko da, orobat, horretarako eginen diren idatzizko eta ahozko probak eginda. Kasu horretan, eskatzaileak aukera hori adierazi beharko du eskaera orrian.

6. Elkarrizketa pertsonalerako deituko diren hautagaien kopurua ez da izanen deialdian eskainitako beken kopurua halako bi baino gehiago, gainerako irizpideetan lortutako puntuazioaren arabera. Puntu berdinketa izanez gero, oinarri honen 3. apartatuan adierazitakoaren arabera ebatziko da.

9. oinarria.–Bekak ematea.

1. Laguntzak kudeatzen dituen organoak, hots, Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuak, aurreko oinarrian ezarritako irizpideei jarraituz ebaluatuko ditu eskaerak, eta ebazpen proposamena bidaliko du organo eskudunera, onuradunek dirulaguntza lortzeko betebehar guztiak betetzen dituztela adieraziz.

2. Enpresen Sustapenerako zuzendari nagusia da laguntzak emateari buruz ebazteko organo eskuduna.

Ebazpena arrazoitua izanen da, eta gutxienez adieraziko du beka eskuratzen duten eskatzaileen zerrenda eta gainerako eskaeren ezespena, halakorik bada.

Horrez gain, ebazpenak ordezko hamar pertsonen zerrenda ere emanen du, 3. oinarrian adierazi bezala.

3. Eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik gehienez 3 hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da ebazpena, eskatzaileen helbide elektroniko gaituan.

Ezarritako gehieneko epea bukatzen bada berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi gabe, eskaerak administrazio isiltasunez ezetsitzat jotzen ahalko dira.

4. Onuradunak bekari uko egiten badio, hautatutako ordezko pertsonei esleitzen ahalko zaie, ezarritako hurrenkera errespetatuz. Uko egitea masterra hasi ondoren egiten bada, masterra hasi duten ordezkoak bakarrik hartuko dira kontuan. Kasu horretan, programaren 2. eta 3. faseei dagokien zuzkidura bakarrik sartuko bekan.

10. oinarria.–Bekaren modalitatea eta destinoa esleitzea.

1. Bekaren modalitatea eta praktikak egiteko destinoa esleitzeko, 2025eko uztaila eta 2026ko uztaila bitarteko eperako, 1. fasean barna, erakunde kudeatzaileak bekadunen zerrenda bat eginen du, hurrenkera ezartzeko irizpide hartuta masterraren lehenengo sei hilekoan lortutako batez besteko kalifikazioa.

Puntuazio berdinketak 8.3. oinarrian ezarritakoaren arabera ebatziko dira. Nolanahi ere, 2. eta 3. faseetara igarotzeko ezinbesteko baldintza izanen da masterraren kreditu guztiak gainditzea.

2. Erakunde kudeatzaileak aipatutako zerrenda argitaratuko du laguntzen fitxan, nafarroa.eus gunean, eta 5 eguneko epea zabalduko da, alegazioak aurkezteko. Alegazioak ebatzita, behin betiko zerrenda argitaratuko da. Gainera, praktikak egiteko aukera ematen duten entitate lankideen zerrenda eta haiek eskatzen dituzten baldintzak argitaratuko dira.

3. Behin betiko zerrenda argitaratuta, batez besteko kalifikazio altuena duten hamar bekadunek 10 egun izanen dituzte 2. faseko bekaren modalitatea eta praktikak egiteko destinoa aukeratzeko inprimakia aurkezteko (A modalitatea aukeratzen bada), laguntzen fitxan eskuragarri dagoen eredua erabiliz. Batez besteko kalifikazioa lehenengo hamarren artean ez duten bekadunak ordezkoen zerrendan sartuko dira gainerako ordezkoen aurretik.

4. Erakunde kudeatzaileak laguntzen fitxan argitaratuko du A modalitateko bekadunentzat 2. faseko bekaren modalitatea eta destinoa esleitzeko proposamena, batez besteko kalifikazioak eta bekadunek adierazitako lehentasunak aintzat hartuta, oinarri honen 5. apartatuan seinalatutako ebazpena ukatu gabe, B modalitateko bekadunek 3. faseko praktika adostu ahal izan dezaten, enpresa edo erakundeekin, eskatzen den epean.

Entitate lankideak eskatuta, postu hutsak betetzeko, bekadunek nahitaez hizkuntza zehatz bat jakin edo titulazio zehatz bat behar badute, postu huts horiek esleitzen ahalko zaizkie baldintza horiek betetzen dituzten bekadunei, hasiera batean beraiek destino hori aukeratu ez bazuten ere. Esleipen hori nahitaez onartu beharko du bekadunak.

5. Enpresen Sustapenerako zuzendari nagusiak emanen du bekaren modalitatea eta 2025eko uztailetik 2026ko uztailera bitarteko praktikak egiteko destinoa esleitzeko ebazpena, bekadun bakoitzaren bekaren zenbatekoa adieraziz, B modalitateko bekadunek 3. faseko praktikak enpresa edo erakundeekin adostu ondoren.

Aldi horretarako beken zenbatekoa kalkulatzeko, oinarri honetako lehenengo paragrafoaren arabera batez besteko kalifikazio altuena lortu duten hamar onuradunei 6. oinarrian adierazitako zenbatekoak esleituko zaizkie, destinoko herrialdearen arabera, deialdi honetan aurreikusitako aurrekontu ekitaldi bakoitzerako baliagarri dagoen aurrekontu kredituaren mugarekin.

6. Gainera, A modalitateko bekadunek 2. fasea bukatu ondoren, eta 3. faseko praktikak adostu ondoren, Enpresen Sustapenerako zuzendari nagusiak 2026ko uztailetik 2027ko uztailera bitarteko aldirako praktiken destinoa esleitzeko ebazpena emanen du.

Beken zenbatekoa, aipatu aldi horretarako, A modalitateko bekadunei destinoaren arabera 6. oinarrian azaldutako kantitateak esleitu ondorengoa izanen da, deialdi honetan aurreikusitako aurrekontu ekitaldi bakoitzerako baliagarri dagoen aurrekontu kredituaren mugarekin.

7. Bekaren modalitatea eta praktiken destinoa esleitzeko ebazpenak Enpresen Sustapenerako zuzendari nagusiaren ebazpenaren bidez aldatzen ahalko dira, arrazoi hauek daudenean:

a) Destino baterako behar diren bisa edo baimenak lortzea ezinezkoa dela egiaztatzen denean; kasu horretan, beste destino bat esleituko zaio bekadunari, eta beharrezkoa bada, emandako hasierako zenbatekoa zuzenduko da, aurrekontu baliagarria izanez gero.

b) Bekaren eginkizunetan aritzeko baldintzak mehatxu egoeran badaude, entitate lankideari egozten ahal zaizkion edo entitatean eragina duten arrazoiengatik, edo destinoko lekuan nahasmen handia edo segurtasuna mehatxatua badago; kasu horretan destino berria esleituko da, aldi baterako edo behin betiko, eta esleitutako zenbatekoa zuzenduko da, aurrekontu baliagarria izanez gero.

11. oinarria.–Beken justifikazioa eta ordainketa.

1. Beken ordainketa era honetan eginen da:

a) 2. fasea:

I.–2. faserako esleitutako zenbatekoaren %30 ordainduko da 2025eko ekainean, bidaiaren eta destinoan ostatu hartzeko hasierako gastuak ordaindu ahal izateko.

II.–Bigarren ordainketa, 2. faserako esleitutako zenbatekoaren %20koa, fase horretako 3. hilabetearen hasieran eginen da.

Hirugarren ordainketa, 2. faserako esleitutako zenbatekoaren %20koa, fase horretako 7. hilabetearen hasieran eginen da.

III.–Laugarren ordainketa, 2. faserako esleitutako zenbatekoaren %20koa, fase horretako 9. hilabetearen hasieran eginen da.

IV.–Azken ordainketa %10ekoa izanen da, eta 2. fasea amaituta eginen da, 2. fasean egindako lanei buruzko memoria aurkeztu ondoren. Memoria hori gehienez ere hamar egun balioduneko epean aurkeztu beharko da, 2. fasea amaitzen denetik, modu telematikoan, laguntzen fitxaren bidez.

b) 3. fasea:

I.–3. faserako esleitutako zenbatekoaren %30 ondorengo data hauetan ordainduko da:

–2025eko ekainean, B modalitateko bekadunen kasuan.

–2026ko ekainean, A modalitateko bekadunen kasuan.

II.–Bigarren ordainketa, 3. faserako esleitutako zenbatekoaren %20koa, fase horretako 3. hilabetearen hasieran eginen da.

III.–Hirugarren ordainketa, 3. faserako esleitutako zenbatekoaren %20koa, fase horretako 7. hilabetearen hasieran eginen da.

IV.–Laugarren ordainketa, 3. faserako esleitutako zenbatekoaren %20koa, fase horretako 9. hilabetearen hasieran eginen da.

V.–Azken ordainketan, %10a ordainduko da, 3. fasea amaitu eta dokumentazio hau aurkeztu ondoren:

–Harrerako erakundean egindako lanei buruzko memoria.

–Eraginkortasun adierazleen 1. galdetegia, laguntzen fitxan eskuratu daitekeena.

Aipatutako dokumentazioa gehienez 10 egun balioduneko epean aurkeztu beharko da, praktika amaitzen denetik hasita, modu telematikoan, laguntzen fitxaren bidez.

2. PFEZ eta Gizarte Segurantzari buruzko arauetan ezarritakoaren arabera, bekatik eta hari dagozkion ordainketetatik egin beharreko atxikipenak kenduko dira.

3. Kasu guztietan, organo kudeatzaileak organo eskudunari bidaliko dio ordainketa egiteko ebazpenaren proposamena. Horrekin batera, txosten bat aurkeztuko da, dirulaguntza emateko helburuak eta dirulaguntza kobratzeko eskubidea ematen duten baldintzak bete direla egiaztatuz.

12. oinarria.–Onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.

1. NAEX Talentua Bekaren onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Emandako laguntza onartzea. Hortaz, dirulaguntza eman zaiela jakinarazteko idazkia jasotzen den egunetik hasita, hogei eguneko epean, pertsona onuradunek ez badiote espresuki uko egiten, ulertuko da laguntza onartzen dutela.

b) International Business unibertsitate masterreko klaseen eta jardueren %90era gutxienez joatea.

c) 2. faserako, lanean hasteko unean ordenagailu eramangarria izatea.

d) 2. eta 3. faserako, destinoko herrialdeak eskatzen dituen bisak, txertoak eta baimenak izatea, eta ezbeharrak, bidaiak, osasun laguntza eta erantzukizun zibila estaltzen dituen aseguru bat lotzea, herrialde hartara joan aurretik.

e) 5.1.c) oinarriko entitateekin akordio bat sinatzea 3. faserako.

f) Bekari dagozkion eginkizunetan modu esklusiboan aritzea 2. eta 3. faseetan, eta destinoko entitate lankideen funtzionamendu arauak onartzea.

g) Destinoko entitateen jarraibideak aintzat hartzea eta betetzea, lanean hasteari, amaitzeari, ordutegiari nahiz egutegiari dagokienez, edo bekaren helburuak betetzeko asmoz emandako bestelako edozein.

h) Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuari jakinaraztea beka era egokian burutzea eragozten ahal duen edozein gorabehera.

i) Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuari ematea praktiken bilakaera ona egiaztatzeko hark eskatutako edozein informazio, eta egindako jardunari buruz eskatzen zaizkion txostenak, haietan azpimarratuz adierazgarriak diren alderdi ekonomiko eta komertzialak, hala nola beste edozein, Nafarroako ekoizpen sektoreen jarduera esportatzailearen finkapenean eta garapenean eragina izaten ahal dutela ikusiz gero.

j) NAEX Talentua Bekak programa ezarritako epean egitea.

k) 11. oinarrian bekaren azken zenbatekoa ordaintzeko adierazten diren frogagiriak aurkeztea.

l) Laguntzen fitxan eskura dauden eraginkortasun adierazleen bi galdetegiak aurkeztea: 1. galdetegia, praktikak bukatu ondoren (frogagiriekin batera), eta 2. galdetegia, berriz, praktikak bukatu eta sei hilabete igaro ondoren.

m) Erakunde kudeatzaileari jakinaraztea helburu bereko bestelako bekarik hartu den, 13. oinarrian aurreikusitako ondorioetarako. Inguruabar hori jakin bezain laster egin behar da jakinarazpena.

n) Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak.

2. Oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharren bat bete ezean, onartutako dirulaguntza jasotzeko eskubidea galtzen ahalko da, edo, kasua bada, dirua itzuli beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Halaber, aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, ordaindu beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa doitzen ahalko da, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da.

3. b) letra betetzen ez bada, ezinbesteko kasua izan denean izan ezik, onuradunak International Business unibertsitate masterreko matrikularen kostua ordaindu beharko dio NUPi.

4. Bekari uko eginez gero, Nazioarteko Proiekzio Zerbitzuaren iritziz justifikaziorik ez duten arrazoiengatik, programaren 1. fasean edo praktikak hasi aurretik, onuradunak International Business unibertsitate masterreko matrikularen kostua ordaindu beharko dio NUPi. Bekari uko egitea programaren 2. edo 3. faseetan egiten bada, onuradunak itzuli egin beharko ditu fase horietan uko egin arte jaso dituen zenbatekoak. Onuradunak ez du ezer ordaindu edo itzuli beharko Nazioarteko Proiekzio Zerbitzuak uko egitea justifikatutzat jotzen duenean.

5. Entitate lankideak praktikak bukatutzat ematen baditu behar baino lehen, bekadunari egozten ahal zaizkion arrazoiengatik, eta Nazioarteko Proiekzio Zerbitzuaren iritziz erabaki hori justifikatuta badago, onuradunak ordura arte jaso dituen zenbatekoak itzuli beharko ditu. Bekadunari ezin egotzi zaion arrazoiren batengatik amaitzen bada, beste entitate batean egiten jarraitzen ahalko da, hori posible denean, eta praktika berria hilabeteko epean erabaki beharko da 3. fasearen kasuan.

13. oinarria.–Beken bateraezintasuna.

NAEX Talentua Bekak bateraezinak dira helburu bera duten bestelako bekak jasotzearekin, 2.g) oinarrian ezarritakoaren arabera.

14. oinarria.–Kontrola eta jarraipena.

1. Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuari dagokio bekadunek aurrera eraman beharreko jardueren kontrola eta jarraipena.

2. Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuak beken bilakabideari buruz egoki iruditzen zaizkion egiaztapenak egiten ahalko ditu, eta onuradunek eman beharko dute horretarako eskatzen zaien informazio osagarri guztia.

15. oinarria.–Araubide juridikoa.

Deialdi hau oinarri arautzaile hauetan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoaren arabera arautuko da.

16. oinarria.–Bitarteko elektronikoen bidezko harremanak.

1. Laguntzen eskaera eta eman beharreko dokumentazio guztia telematika bidez aurkeztuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (http://www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoan dagoen laguntzen fitxaren bidez.

2. Administrazio egintzen jakinarazpena eta laguntza hauek emateko prozeduraren barruan egiten diren jarduketa guztien komunikazioak eskatzaileen helbide elektroniko gaituaren bidez eginen dira. Jakinarazpen edo komunikazioaren bidalketaren berri emanen da eskatzaileak jarritako helbide elektronikoaren bitartez.

17. oinarria.–Emandako beken publizitatea.

Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako bekak Ogasun Ministerioaren Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren bitartez (http://www.pap.hacienda.gob.es/bdnstrans/GE/eu/index), honako hauek adierazita: deialdia, laguntza zein aurrekontu kredituri egotzi zaion, onuradunak eta emandako diru kopurua.

Deialdi honen emaitzak Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko tramiteen katalogoaren laguntzen fitxan ere argitaratuko dira (www.nafarroa.eus).

18. oinarria.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute oinarri arautzaile hauen aurka, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik.

NAEX TALENTUA BEKEN ZENBATEKOAK DESTINOAREN ARABERA

DESTINOA

BEKAREN ZUZKIDURA GORDINA 2.
ETA 3. FASEAK (12 HILABETE)

ALEMANIA

24.570 euro

ANGOLA

37.890 euro

SAUDI ARABIA

36.990 euro

ALJERIA

24.210 euro

ARGENTINA

29.970 euro

AUSTRALIA

37.800 euro

AUSTRIA

24.660 euro

BELGIKA

25.650 euro

BOLIVIA

22.860 euro

BRASIL

24.930 euro

BULGARIA

20.000 euro

KANADA

27.720 euro

KOLONBIA

21.690 euro

TXILE

25.830 euro

TXINA

31.140 euro

TXINA (Hong Kong)

39.510 euro

HEGO KOREA

29.430 euro

BOLI KOSTA

29.250 euro

KROAZIA

20.430 euro

KUBA

29.430 euro

DANIMARKA

30.060 euro

EKUADOR

24.660 euro

ESTATU BATUAK (zentroa)

38.610 euro

ESTATU BATUAK (ekialdeko kosta)

37.755 euro

ESTATU BATUAK (New York)

43.650 euro

ESTATU BATUAK (mendebaldeko kosta)

41.220 euro

EGIPTO

25.650 euro

EL SALVADOR

30.150 euro

ARABIAR EMIRERRI BATUAK

36.630 euro

ESLOVAKIA

20.610 euro

FILIPINAK

22.590 euro

FINLANDIA

28.350 euro

FRANTZIA

32.850 euro

GHANA

33.120 euro

GREZIA

20.340 euro

GUATEMALA

27.810 euro

HUNGARIA

20.000 euro

INDIA

24.975 euro

INDONESIA

22.950 euro

IRLANDA

28.170 euro

ITALIA

24.840 euro

JAPONIA

38.520 euro

JORDANIA

27.630 euro

KAZAKHSTAN

25.110 euro

KENYA

26.730 euro

KUWAIT

36.270 euro

LIBANO

29.160 euro

LITUANIA

20.160 euro

MALAYSIA

22.590 euro

MAROKO

22.950 euro

MEXIKO

27.360 euro

NIGERIA

27.000 euro

NORVEGIA

34.470 euro

ZEELANDA BERRIA

31.410 euro

OMAN

35.370 euro

HERBEHEREAK

25.650 euro

PANAMA

28.170 euro

PARAGUAI

24.300 euro

PERU

22.770 euro

POLONIA

20.790 euro

PORTUGAL

20.970 euro

PUERTO RICO

32.850 euro

QATAR

40.680 euro

ERRESUMA BATUA

35.640 euro

TXEKIA

21.690 euro

DOMINIKAR ERREPUBLIKA

26.730 euro

ERRUMANIA

20.000 euro

SENEGAL

23.220 euro

SERBIA

20.000 euro

SINGAPUR

35.550 euro

HEGOAFRIKA

24.210 euro

SUEDIA

30.240 euro

SUITZA

40.500 euro

THAILANDIA

23.130 euro

TUNISIA

22.140 euro

TURKIA

21.825 euro

URUGUAI

26.550 euro

VIETNAM

24.570 euro

Zerrendan agertzen ez diren herrialdeen kasuan, banakako kalkulua eginen da.

Iragarkiaren kodea: F2317815