Iragarkia
17. ALDIZKARIA - 2024ko urtarrilaren 23a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
IRATI HIRI HONDAKIN SOLIDOEN MANKOMUNITATEA
Hondakin eta klima gaietan herritarren parte-hartzea arautzeko ordenantzaren behin betiko onespena
Irati Hiri Hondakin Solidoen Mankomunitatearen Batzarrak, 2022ko abenduaren 1ean egin bilkuran, besteak beste, erabaki zuen hasiera batez onestea Hondakin eta klima gaietan herritarren parte-hartzea arautzeko ordenantza.
Aipatutako testua eta erabakia jendaurrean egon ondoren hogeita hamar egun baliodunean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean (2023ko urtarrilaren 10eko 6. Nafarroako Aldizkari Ofiziala) argitaratuta, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1 artikuluarekin bat, inork ez du erreklamazio, kexa edo oharrik aurkeztu; horrenbestez, behin betiko onetsita geratu da, eta testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu da.
Agoitzen, 2023ko apirilaren 28an.–Mankomunitateko burua, María Isabel Cañada Zorrilla.
IRATI HIRI HONDAKIN SOLIDOEN MANKOMUNITATEKO HONDAKIN ETA KLIMA GAIETAN HERRITARREN PARTAIDETZA ARAUTZEKO ORDENANTZA
Atarikoa
Erregelamendu honen xedea da, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legean ezarritakoaren babesean, eta lege hori betez, tokian tokiko bizitzan parte hartzeko eta informatzeko herritarren erakundeen eta bizilagunen eskura jartzen diren moduak, bitartekoak eta prozedurak arautzea, herritarren eskubide indibidual eta kolektiboen babesa eta askatasun publikoen bermeak kontuan hartuta, eta larrialdi klimatikoaren deklarazioaren ondoriozko helburu berriak eta arau-esparru berriak atxikiz.
Ordenantza hau prestatzeko, kontuan hartu beharreko aurrekaria izan da Nafarroako Gobernuak 2019an emandako deklarazio klimatikoa, haren arabera, "Klima aldaketaren aurkako borroka gizateriak aurrez aurre duen ingurumen erronka handia da. NBEk ohartarazi duenez, une erabakigarri batean gaude, klima aldaketaren ondorioak mundu osora hedatzen ari direlako, aurrekaririk gabeko eskala batean. Horregatik, premiazko neurririk hartu ezean, zailagoa eta kostu handiagokoa izanen da haren ondorioetara egokitzea etorkizunean". Foru Gobernuak onartu zuen egoera larria dela eta instituzioetatik aurre egin behar zaiola. "Alde batetik, eredua emateko Nafarroako jendarteari, ingurumena errespetuz eta kontzientziaz begiratzen baitu, energia berriztagarriak eta mugikortasun jasangarria hurbilekoak baititu, eta ingurumen politikak zorrotz zaintzen baititu; baina, era berean, argi dugulako instituzioak direla klima aldaketaren aurkako neurriak bultzatu behar dituztenak, eraginkortasun handiagoz borrokatzeko, arintzearen arloan eta, batez ere, egokitzearen arloan".
Horregatik, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentua 2017-2030-2050 (KLINA) Klima Aldaketaren Ibilbide Orria prestatzen ari da, 2018ko urtarrilean onartua. Han onartzen da tokiko erakundeak ere motor garrantzitsuak direla klima aldaketaren aurkako borrokan. Alde horretatik, Klimaren eta Energiaren aldeko Nafarroako Alkateen Itunak dagoeneko 73 udal bildu ditu konpromisoan, Nafarroako herritarren %69,4 baino gehiago. Klimarekiko eta energiarekiko udalek duten konpromisoa zera da, lehenik eta behin, berotegi efektuko gasen isuriak gutxienez %40 murriztea udalerrian, hemendik 2030era bitartean, batez ere efizientzia energetikoa hobetuz eta energia iturri berriztagarriak gehiago erabiliz. Bigarrenik, helburua da tokiko erakundeen erresilientzia handitzea, klima aldaketaren ondorioetara egokitzeko moduak antolatuz. Era berean, 2018an onetsi zen Nafarroako Energia Plana 2030 Horizontea, behar den energia trantsizioari buruzko helburuak eta ekintza ildoak ezartzen dituena.
2022ko apirilaren 1ean onetsi zen martxoaren 22ko 4/2022 Foru Legea, Nafarroako Klima Aldaketari eta Trantsizio Energetikoari buruzkoa, helburua zela klima neutraltasuna 2050ean erdiestea, eta horretarako, Nafarroako Foru Komunitateak bere gain hartzen ditu Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko ekainaren 30eko 2021/1119 (EB) Erregelamenduan ezarritako helburuak, haien artean helburu lotesletzat ezarriz berotegi efektuko gasen emisio netoak gutxienez %55 murriztea 2030erako, 1990eko mailekin alderatuta. Espainian, 2018an, berotegi efektua eragiten duten gasen emisioen %5 hondakinen sektoreari dagokio, eta pisu hori handitzen da %8ra arte, sektore "difusoak" deitzen direnen multzo osoaren barruan. 2018an haien ekarpena 17,3 Mt CO2e-koa izan zen. Ikuspegi historikotik aztertuz gero, sektorearen emisioak handituz joan dira 1990az geroztik, aldatzen hasi bada ere, murrizketara bidean, prebentzioaren eta birziklapenaren helburuekin bat. Zabortegietako emisioak sektoreko emisioen %80 baino gehiago dira. Datu hori interpretatzeko, garrantzitsua da kontuan hartzea zabortegietan utzitako hondakin organikoak baldintza anaerobikoetan deskonposatuz joaten direla, eta metanoa (CH4) sortzen dutela 20 urtetik gorako epe batean.
Era berean, Klimaren Aldeko Hirien Espainiako Sarearen esparruan, tokiko erakunde eta gobernuei klima aldaketaren aurkako politikak abian jartzen eta garapen jasangarria lortzen lagunduko dieten tresnak aktibatzen laguntzeko, klimari buruz prestatutako ordenantzen arloan bildutako esperientzia kontuan hartuta, zehazki, Klima Aldaketaren Tokiko Estrategiaren eredua prestatzeko lana, eta klima aldaketaren arloko tokiko araudia prestatzekoa, udalek klima aldaketa arindu edo/eta haren arabera egokitzeko dituzten eskumenen arabera, eta hain zuzen ere, ordenantza honen kasu zehatzean, Hondakinei buruzko ... Legearen arabera, Irati Hiri Hondakin Solidoen Mankomunitateak bere gain hartzen dituen eskumenak kontuan hartuta.
Nafarroako Klima Aldaketari eta Energia Trantsizioari buruzko 4/2022 Foru Legearen 53.etik 57.era bitarteko artikuluetan, lehen sektorean eta hondakinen sektorean emisioak arintzea aipatzen da. 58. artikulutik 60.era bitarteko artikuluetan, klima aldaketa arintzeko tresnak arautzen dira: karbono aztarna kalkulatzea, energia eta karbono aztarna murrizteko planak, karbono aztarnaren erregistroa eta karbono aztarna kontratazio publikoan.
71.etik 80.era bitarteko artikuluetan, administrazio publikoen ekintza eredugarrirako jarraibideak eta betebeharrak arautzen dira, konpromisoak eskainiz, eraikuntza, mugikortasun, erosketa publiko, efizientzia energetiko eta energia berriztagarrien arloetan. Tresna berriak eskaintzen dira administrazio publikoaren esparruan, hala nola karbono aztarna eta inbentarioa, auditoria energetikoak edo erregai fosilekiko mendekotasuna murrizteko jarduketa plan energetikoak.
Hondakinei eta haien Fiskalitateari buruzko ekainaren 18ko 14/2018 Foru Legeak, lehenagokoa izanik, helburu horiek kontuan hartzen ez baditu ere, azkenean aintzat hartu behar dira, aipatutako 4/2022 Legearen eta Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko 7/2022 Lege Nazional berriaren arabera, horrek bai jasotzen dituelako klima aldaketa arintzeko helburuak, hondakin eta ekonomia zirkularreko plangintzako adierazle garrantzitsu gisa.
Ekonomia zirkularrari dagokionez, Foru Erkidegoak 2020an Nafarroan ekonomia zirkularra garatzeko agenda bat argitaratu du, 2030 horizontearekin, (ECNA 2030) jasangarritasuna, klima aldaketaren aurkako borroka eta ekonomia zirkularrerako trantsizioa sustatzeko, administrazio publiko guztientzat, zehar-lerro gisako ikuspegi koherente batetik. Gogoan izan behar da ekonomia zirkularraren kontzeptua eredu ekonomiko berri bat dela, baliabideen aprobetxamendurik onena, hondakin ahalik gutxien sortzea, ingurumen inpaktu netoa murriztea eta iturri berriztagarrien energia erabiltzea proposatzen dituena, eta lehengaien erabilera zaintzen eta optimizatzen duen sistema bat sustatzen duena. Agenda horrek bat egiten du Europako Batzordeak 2015etik aurrera indarrean duen Ekonomia Zirkularrerako Ekintza Planarekin. Hartan, 2020. urtera arteko garapenean, 54 neurriko multzo bat jaso zen, lehentasunezko bost eremurekin: plastikoak, elikagaiak alferrik galtzea, lehengai kritikoak, eraikuntza eta eraispena, eta biomasa eta oinarri biologikoko produktuak.
Arau-aurrekari horien helburua da argitzea helburu horiek garrantzi handia dutela klima aldaketaren ondorioak arintzeari eta aurrea hartzeari dagokienez, hondakinen kudeaketan funtsezko eskumenak dituzten erakundeen eskumenen artean.
Beste alde batetik, Ingurumen Departamentuak, Europako LCR4 proiektuaren esparruan, ekonomia zirkularreko eta karbonoko proiektu batean parte hartu du, alegia, ACR+ "Zirkulartasun handiagoa, ikatz gutxiago" ("More circularity, less carbon") kanpainan. Horren esparruan egin da "Hondakinen karbono-aztarna Nafarroan" azterlana, hondakinen kudeaketaren ondorioz sortzen diren berotegi efektuko gasen emisioei buruz, eta han proposatzen da sektore horren emisioak %25 murriztea 2025era arteko epean, eta erreferente baliagarria izan daiteke kontzientzia handieneko herritarrei informazioa emateko eta parte hartzera animatzeko, eta erraztea herritarren parte hartzea kontsulten bidez, tokiko administraziotik eta eskuduntzetatik larrialdi klimatikoko egoera bideratzen laguntzeko, hiru zentzutan: klima aldaketaren ondorioak arintzea, haiei aurrea hartzea eta haietara egokitzea; eta oro har, planetaren sistemako aldaketa globalera.
ATARIKO TITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK
1. artikulua. Erregelamenduaren xedea.
Hondakin eta klima gaietan herritarren parte-hartzea arautzeko Ordenantza honen xedea da foru administrazioak eta toki administrazioak ezarri dituzten helburuetako batzuk bateratzea, klima aldaketaren aurkako borroka eta hondakinen kudeaketaren hobekuntza eta zirkularitatea lantzeko Iratiko HHSen Mankomunitatea osatzen duten udalerrietako herritarren beharrezko inplikazioarekin batera. Helburu eta adierazle teknikoak ezartzea da asmoa, eta herritarrentzako mugarriak eta jarduerak, klima aldaketaren ondorioak arindu, haiei aurrea hartu eta haietara egokitzeko bidean aurrera egiteko, eta bereziki, etxeko eta merkataritzako kontsumoko materialen fluxuen zirkularitatea hobetzeko, Mankomunitatearen eskumena eta herritarren erabaki autonomoaren arlokoak diren heinean.
Horretarako, beharrezkoa da parte hartzeko mekanismo bat ezarri, lagundu eta zaintzea, administrazioaren eta herritarren arteko harremanen pizgarri eta solasgune izan dadin, larrialdi klimatikoaren erronkei aurre egiteko. Halaber, herritarren beraien arteko elkarrizketarako bideak eratu behar dira, auzokoen arteko pentsamendu eta ekintza lerro bat sor dadin, pertsona guztien inplikazioaren eta konpromisoaren beharraz kontzientziatzeko eta aurrera egiteko, hondakinak kudeatzea, ekonomia zirkularra eta klima aldaketako helburu globaletan, erronka globalen tokian tokiko gobernamendu berri batetik.
Parte hartzeko mekanismo horren izena da Zirkularitatearen eta Klimaren Auzoko Batzarra (ZKAB).
2. artikulua.–Helburuak.
Erregelamendu honen bidez, Iratiko HHSen Mankomunitateak oinarrizko helburu hauek lortu nahi ditu:
–Herritarren parte-hartzea erraztea hondakinak kudeatzeko erakundeetan, ekonomia zirkularrerako eta klima aldaketa arintzeko eta hari aurre hartzeko dauden aukerak zabalduz, klima aldaketa globalaren aurrean.
–Legeek araututako ordezkaritza organoei dagozkien erabakitzeko ahalmenak errespetatuz.
–Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen Legearen 18. artikuluan jasotzen diren herritarren eskubideak baliatzea.
–Hondakinen kudeaketari eta horrek kliman duen eraginari buruzko informazio zabala ematea, herritarren sentsibilizaziorako estrategia eta teknika berriak ezartzea partizipaziotik, eta jarduerak diseinatu eta antolatzea. Hori guztia, neurri eraginkorrak hartzeko Mankomunitateak dituen eskumenen barruan, klima aldaketaren eta aldaketa globalaren beste alderdi batzuen aurrean, hala nola, ongarriek eragindako kutsadura, biodibertsitatearen galera murriztea eta oraindik dagoen biodibertsitatea babestea.
–Iratiko HHSen Mankomunitatearen eremuan elkarteen jarduera eta bizitza soziala eta kulturala sustatzea, herritarren parte-hartzea eta elkarteen sarea indartzen lagunduz eta haien arteko koordinazio neurriak sustatuz.
–Mankomunitateko udalerri eta herrien arteko elkartasuna eta oreka bermatzea.
–Parte-hartzea sustatzea eta bermatzea herritar guztiek horretarako aukera dutela berdintasunez, eta bizikidetza, elkarrizketa eta kulturartekotasuna defendatzea eta sustatzea.
–Bizikidetza eta gizalegea sustatzea, Mankomunitatearen kudeaketa ezagutaraziz, eta erantzunkidetasuna bultzatuz gai publikoetan, hondakinen prebentzioa, kudeaketa eta tratamendua egin daitezen modu ekonomikoan, ekologikoan, karbono gutxikoan eta jasangarrian.
–Herritarren autonomia eta erantzukizuna sustatzea klimaren eta herritartasunaren inguruko gaietan.
3. artikulua. Aplikazio esparrua eta bitartekoak.
1.–Horretarako, mekanismo hauek antolatu dira:
–Herrien informaziorako eskubidea, hondakinen prebentzioari, kudeaketari eta tratamenduari, eta klima aldaketa arintzeari eta aurrea hartzeari buruzko datuei dagokienez.
–Herritarrek ekimenak abiarazteko, eskaerak egiteko eta proposatzeko duten eskubidea.
–Herri kontsulta, on line sistemen bidez.
–Parte hartzeko organo bat sortzea: Zirkularitatearen eta Klimaren Auzoko Batzarra.
2.–Herritarren partaidetzari buruzko araudiaren aplikazio eremuan sartzen dira Iratiko HHSen Mankomunitatea osatzen duten udalerrietako erroldan inskribatuta dauden herritar guztiak, bai eta herritarren erakunde eta elkarteak ere, herritarren interes orokorrak edo sektorialak defendatu, sustatu eta hobetzeko eratuak, edo klimarekin eta aldaketa globalarekin zerikusia duten erronken larritasunagatik beren burua ukituta sumatzen duten foru lurraldeko erakundeak.
II. TITULUA.–PARTE HARTZEKO ESKUBIDEA
4. artikulua. Zirkularitatearen eta Klimaren Auzoko Batzarraren izaera.
1. Zirkularitatearen eta Klimaren Auzoko Batzarra izanen da Iratiko HHSen Mankomunitatearen partaidetza organoa, eta ikuspegi hau izanen du:
–Hondakinen kudeaketari eta klima aldaketa arintzeari eta aurrea hartzeari buruzko informazioa, prestakuntza eta eztabaida lantzea.
–Kontsulta baliatzea gogoetarako.
2. Batzarrak honetarako balioko du:
–Datuen eta ezagutzaren kudeaketako esparru desberdinetan informazioa eta prestakuntza eskaintzea, Mankomunitatearen emaitzak eta proposamenak aurkeztea, eta herritarren beraien proposamenak ere bai.
–Taldeko gogoetarako gune bat antolatzea Mankomunitateko ordezkariekin eta profil, adin, nortasun, lurralde eta jatorri desberdinetako eta adskripzio desberdinetako pertsonekin.
–Eztabaiden ondoren, proposamenak aintzat hartzen ahalko dira, eta horien emaitza kontsulta arlokoa izanen da, Batzorde Iraunkorrarentzat eta/edo Mankomunitateko Batzarrarentzat.
3. Iratiko HHSen Mankomunitateak eginen du foro hori elkartzeko deia, hark baitu eskumen esklusiboa parte-hartze organo horren gainean, gutxienez hamabost egun lehenago, eta proposatutako gai-zerrenda eta behar diren txosten teknikoak erantsiko ditu.
Gutxienez 11 pertsona beharko dira lanean hasteko edo funtzionamendua mantentzeko, eta egokiena 22 lagun elkartzea izanen litzateke, bi udalerri bakoitzeko, norbanako erroldatuak, edo elkarteren baten ordezkariak, beraiek eskatuta edo haien parte hartzea eskatu delako. Parte hartzeko gonbidapena Mankomunitateak edo hura osatzen duten udalerriek eginen dute, eta pertsonen arteko akordio bidez edo eskatzaileen arteko zozketa bidez zehaztuko da, taldekide izateko barne araudian ezarritako urteko epeen barruan. Oro har, urteko ekitaldia ixteko batzarra baino hilabete lehenago.
Pertsonen parte-hartzea txandakakoa izanen da, gutxienez urtebetekoa eta gehienez 2 urtekoa, pertsona bakoitzeko. Partaidetza kolektiboak mantentzen ahalko dira, betiere beren ordezkariek txandakatzeko baldintza beteta.
4. Taldea osatzen duten pertsonen erregistroa, eta kasua bada, ordezkaritza duten erakundeena, urtero jasoko da, Iratiko HHSen Mankomunitateko Batzarraren erregistro liburuan (ikus II. ERANSKINA).
5. Herritarren batzarrak bi kide hautatu izanen ditu:
–Izena eman duten pertsonen artean hautatuko da lehendakaria, bi urterako; bilerak zuzendu, erraztu, ireki eta ixteko, eta aktak sinatzekoa ardura izanen du, eta orobat, Iratiko HHSen Mankomunitateko lehendakariarekin eta batzorde iraunkorrarekin zuzenean hitz egiteko ardura ere.
–Izena eman duten pertsonen artean hautatutako da idazkari bat. Urtean behin, batzarrak batzorde iraunkorrari bidaliko dizkion eztabaida, proposamen eta erabaki nagusiak idatziz jasotzeko ardura izanen du.
6. Iratiko HHSen Mankomunitateak, eta haren izenean, mankomunitateko lehendakariak, bereziki zainduko du herritarrek parte hartzeko ordenantza honetan ezarritako bideen funtzionamendu egokia, bai eta ordenantza honetan aurreikusitako parte hartzeko organoen eta udalen arteko harreman egokiak ere. Horretarako, egokitzat jotzen dituen neurriak hartuko ditu, haiekin lankidetzan arituko da eskatzen zaion guztian, eta Mankomunitatearen erabakiek ukitzen ahal dituzten pertsona guztiei emanen die behar den informazio egokia.
5. artikulua. Norbanakoak parte hartzeko eskubidea.
Zirkularitatearen eta Klimaren Auzoko Batzarrean parte hartu nahi duten pertsonek aukera hauek izanen dituzte:
–Parte hartzeko eskaera egin behar da (ikus I. eranskina). Eskaera hori banakakoa izanen da, eta onartu behar da erregistro liburuan (ikus II. eranskina) jasotzen den parte-hartze nominala aldi baterako izanen dela, gehienez ere bi urterako, eta gutxienez urte batekoa.
–Edozein pertsona joan daiteke batzarreko lansaioetara, entzule gisa, eta batzarren amaieran hitza hartzeko eskubidea izanen dute.
–Batzarrak Mankomunitatearen web orrian iragarriko dira, elkartu baino hiru hilabete lehenago.
–Batzarretan parte hartzen ez bada, pertsona automatikoki baja izanen da, eta baja eta horren arrazoia erregistro liburuan jasoko dira.
–Deialdi presentzialen arteko batzarraren komunikazio ez-presentziala posta elektroniko bidez eginen da asambleairati@gmail.com helbidean.
I. ERANSKINA.–ESKAERA EREDUA
Izen-deiturak: ................................................................................................................................... NAN ...............................; Herria (bizilagun erroldatua) .......................................................................... Iratiko HHS Mankomunitatea.
Honako hau adierazten dut:
–Herritarren Partaidetza arautzeko Ordenantzan jasotako Zirkularitatearen eta Klimaren Auzoko Batzarrean parte hartzeko interesa dut.
–Parte hartu nahi dut epe honetan: urte bat edo bi (ezabatu egokia ez dena).
–Batzar horretan parte hartu nahi duten pertsonen ausazko hautapenaren irizpidea aintzakotzat hartzea.
–Nire aukeraren arabera, urteko hiru batzarretan parte hartzeko konpromisoa hartzen dut, eta orobat, batzarrak bere helburuak betetzeko ezartzen dituen prozesu eta kanpaietan ere.
–Nire kabuz eta/edo erakunde/elkarte/plataforma baten ordezkari gisa parte hartzen dut (bidezkoa ez dena ezabatu): .................................................................
II. ERANSKINA.–ERREGISTRO LIBURUA
Ordezkatzen duen pertsonaren/udalerriaren izena eta datuak:
Sartzeko irizpidea (zozketa, akordioa, etab.):
Batzarrean parte hartzearen hasiera data, batzarretik ateratzeko irteera-data, oharrak:
III. ERANSKINA.–ZIRKULARITATEAREN ETA KLIMAREN AUZOKO BATZARRAREN GAI ZERRENDA EREDUA
1.–Aurreko bileraren akta irakurri eta onestea.
2.–Kideak eta ordezkariak (Batzarreko kide berriak eta irteerak, halakorik bada, lehendakaritza eta idazkaria hautatzea).
3.–Txosten teknikoak (pertsona/erakunde gonbidatuek, mankomunitateko teknikariek, partzuergoak edo ekonomia zirkularrean, hondakinen kudeaketan, klima aldaketan edo aldaketa globalean espezializatutako erakundeek eginak).
4.–Eztabaiden edukia, halakorik bada.
5.–Gogoeten eskema, halakorik bada.
6.–Proposamenak, ondorioak, amaiera eta aurrez aurre berriro elkartzeko deialdiaren eguna eta gai-zerrenda.
Iragarkiaren kodea: L2318148
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
