17. ALDIZKARIA - 2024ko urtarrilaren 23a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

92E/2023 FORU AGINDUA, abenduaren 27koa, Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilariak emana, dirulaguntza honen deialdia onesten duena: "SEM Dirulaguntza azpiegitura eszenikoetan eta musikaletan inbertitzeko proiektuetarako, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientziako Planaren kontura". DDBN identifikazioa: 660595.

2021eko uztailaren 23an, Kulturaren Arloko Konferentziaren Osoko Bilkurak banaketa irizpideak, kredituen lurralde banaketa eta 24. osagaietako ("Kultura industriaren balioa handitzea") proiektuei dagozkien dokumentu gidatzaileak onartu zituen, bai eta 2022 eta 2023. ekitaldietarako aurreikuspena ere, Ministroen Kontseiluak 2021eko uztailaren 13an egindako bileran baimendutako moduan, Next Generation Funtsen Suspertze eta Erresilientzia Mekanismotik iritsitako funts europarren kontura.

24. osagaiak, "Kultura industriaren balioa handitzea", barne du C24.I02.P05.1 proiektua. "Arte eszenikoen eta musikalen azpiegituren modernizazioa eta kudeaketa jasangarria"; horren dokumentu gidatzaileak Mugarritzat jarri zuen laguntzen deialdia egitea, eta helburua betetzearen Adierazle bat (CID 355 helburua), hain zuzen, gutxienez 200 azpiegitura modernizatu eta hobetuta izatea, gutxienez 17 eskualdetan, 2023ko abenduaren 31 baino lehen. Horietatik Nafarroako Foru Komunitateari dagokion adierazleak 4 azpiegitura modernizatu eta hobetuta eskatzen ditu.

Kultura eta Kiroleko kontseilariak abenduaren 22an eman 72E/2021 Foru Aginduaren bidez, dirulaguntza honen deialdia onetsi zen: "SEM Dirulaguntza azpiegitura eszenikoetan eta musikaletan inbertitzeko proiektuetarako, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientziako Planaren kontura". (DDBN identifikazioa: 602066).

Lehen deialdi horretan arte eszenikoen eta musikalen 3 azpiegitura modernizatu ziren (674E/2022 ebazpena, abenduaren 28koa; 675E/2022 ebazpena, abenduaren 28koa, eta 689E/2022 ebazpena, abenduaren 30ekoa, Vianako Printzea Erakundea-Kultura zuzendari nagusiak emanak).

Egikaritu gabe geratutako kredituak hurrengo ekitaldira eraman ziren, laguntzen deialdi berri baterako, hala ezartzen baitu Nafarroako Gobernuaren otsailaren 16ko Erabakiak (haren bidez onetsi ziren Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoak finantzatzen dituen proiektuen kudeaketa eta kontrol arauak), 3.2.4 artikuluan. Gerakinak berreskuratzea:

SEM proiektuetarako aurreikusi eta aurrekontu ekitaldiaren amaieran gauzatu gabe geratu diren kredituak hurrengo ekitaldian berreskuratzen ahalko dira, gastuak eta diru-sarrerak lotzeko aurrekontu egitura egokitu ondoren. Berreskuratze hori SEM proiektuaren diruzaintzako gerakin ukituarekin finantzatzen ahalko da.

Kultura eta Kiroleko kontseilariak azaroaren 23an eman 78E/2022 Foru Aginduaren bidez, dirulaguntza honen deialdia onetsi zen: "SEM Dirulaguntza azpiegitura eszenikoetan eta musikaletan inbertitzeko proiektuetarako, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientziako Planaren kontura". (DDBN identifikazioa: 660595). Deialdi horretako aurrekontua partida honi dagokio: A20002-A2500-7816-335103 [PEP: E-21-000407-01]: SEM Dirulaguntzak arte eszenikoetako eta musikako azpiegituretako inbertsioetarako 2023.

Kultura eta Kiroleko kontseilariak apirilaren 4an emandako 49E/2023 Foru Aginduaren bidez handitu zen deialdi honetarako kreditua: "SEM Dirulaguntza azpiegitura eszenikoetan eta musikaletan inbertitzeko proiektuetarako, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientziako Planaren kontura" (Kultura eta Kiroleko kontseilariaren azaroaren 23ko 78E/2022 Foru Aginduaren bidez onetsia).

Vianako Printzea Erakundea-Kultura zuzendari nagusiak apirilaren 25ean emandako 96E/2023 Ebazpenaren bidez, dirulaguntza honen deialdia ebatzi zen: "SEM Dirulaguntza azpiegitura eszenikoetan eta musikaletan inbertitzeko proiektuetarako, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientziako Planaren kontura". Entitate onuradunak 9 izan ziren.

Bigarren deialdi horretan, arte eszenikoen eta musikalen 6 azpiegitura modernizatu dira (ebazpenak: 570E/2023, azaroaren 28koa; 571E/2023, azaroaren 28koa; 573E/2023, azaroaren 30ekoa; 594E/2023, abenduaren 1ekoa; 616E/2023, abenduaren 12koa; eta 635E/2023, abenduaren 12koa, Vianako Printzea Erakundea-Kultura zuzendari nagusiak emanak). Beraz, lehenengo eta bigarren deialdien artean, Nafarroako Foru Komunitateak bikoiztu egin du dokumentu zuzentzailean esleitutako adierazlea (4 azpiegitura modernizatuta).

Hala ere, autonomia erkidegoek eta, horien artean, Nafarroako Foru Komunitateak, Kulturaren Arloko Konferentzian adierazi dute uste gabean izandako hainbat egoerak proiektu batzuk gauzatzea zaildu eta kolokan jartzea ekarri dutela, eta nagusiki, bi arrazoirengatik gertatu direla:

1. Gaur egungo hornigaien krisia, hainbat faktorek bultzatu dutena, hala nola COVID-19 pandemiak, hornidura kate globalaren etenaldiak eta osagaien ekoizpenean eta garraioan izandako zailtasunak; horren ondorioz, eragin nabarmena izaten ari da azpiegitura eszeniko eta musikalen hobekuntzarekin lotutako osagaietan.

Gaur egungo krisiak hainbat zailtasun eragiten ari da azpiegitura eszeniko eta musikalen hobekuntzarekin lotutako osagaien hornikuntza katean.

2. Next Generation funtsen kudeaketari lotutako kontrol sistemak ezartzearen ondoriozko eskakizun zorrotzak, funts horiek sostengatzen dituzten prozesuetako gorabeherekin, atzerapenekin eta moteltasunarekin konbinatuak.

Horren ondorioz, autonomia erkidegoek Kulturaren Arloko Konferentzian agerrarazi dute beharrezkoa dela proiektu hau gauzatzeko epeak luzatzea.

Autonomia erkidegoek egindako eskaera horri erantzunez, 2023ko abenduaren 22an, Kulturaren Arloko Konferentziako idazkariak berretsi zuen, Kultura Ministroaren oniritziarekin, Kulturaren Arloko Konferentziak XXXIII. Osoko Bilkuran C24.I02.P05.1 proiektuaren (Arte eszenikoen eta musikalen azpiegituren modernizazioa eta kudeaketa jasangarria) dokumentu zuzentzailea aldatzeko onetsitako proposamena. Aldaketa honako hau da:

"2023. urteko dokumentu zuzentzaileen bigarren aldaketak, INAEM institutuari dagokion zatian, helburu hau du:

Lehenik eta behin, autonomia erkidegoek, beren deialdiak 2023ko abenduaren 31n baino epe luzeago batean egikaritu ahal izateko, egin dituzten eskaera ugariei erantzutea. Kontuan izanda Europako erakundeek baimena eman dutela, CID 355 helburua (200 azpiegitura modernizatuta gutxienez 17 eskualdetan) 2023ko abenduaren 31rako beteta izanez gero, eta kasu horretan bakarrik, 24. osagaiko 2. inbertsioaren ezarpena 2026ko ekainera arte luzatzeko, autonomia erkidegoen eskaera aintzat har daiteke".

[...]

Adierazlea da gutxienez 200 egitura modernizatu eta hobetuta lortzea 17 eskualdetan gutxienez, 2023ko abenduaren 31rako.

2023ko abenduaren 31n, gutxienez 17 eskualdetan modernizatutako 200 azpiegituren helburu orokorra lortu baldin bada, autonomia erkidegoak behartuta daude haietako bakoitzari esleitutako azken helburu espezifikoa betetzera 2025eko abenduaren 31rako.

Kontuan hartuz Kontseiluaren Betearazpen Erabakiaren edukia (haren bidez aldatzen da 2021eko uztailaren 13ko Betearazpen Erabakia, Espainiaren suspertze eta erresilientzia planaren ebaluazioa onartzeari buruzkoa), honako kasu hauek jasotzen dira:

1. 2023ko abenduaren 31n CID 355 helburua bete bada, (Arte eszenikoen eta musikalen azpiegitura zaharkituen modernizazioa eta kudeaketa jasangarria, gutxienez 200 ekintza eginda, oro har, 17 eskualdetan), egoera hauek aurkitzen ahalko dira:

a. 2023ko abenduaren 31n dagozkien azken helburu espezifikoak lortu dituzten autonomia erkidegoak:

i. Bukatu gabeko deialdietako SEEP funtsak 2025eko abenduaren 31ra arte egikaritzen ahalko dira.

Nafarroako Foru Komunitatea egoera horretan dago, izan ere, bi deialdien artean, 9 izan dira arte eszenikoen azpiegitura modernizatuak, laguntza horren funtsekin, 2023ko abenduaren 31rako (adierazleak 4 eskatzen du), baina azken deialdian laguntza jaso duten proiektu batzuek denbora gehiago behar dute egikaritu ahal izateko.

Kultura eta Kiroleko kontseilariak abenduaren 23an emandako 78E/2022 Foru Aginduaren oinarri arautzaileek (haren bidez onesten da "SEM Dirulaguntza azpiegitura eszenikoetan eta musikaletan inbertitzeko proiektuetarako, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientziako Planaren kontura" dirulaguntzen deialdia), epe hauek ezartzen dituzte:

6.–Egikaritzeko epea.

Deialdi honen xede diren jarduketak egin beharko dira 2021eko apirilaren 27tik (Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana onartu zen eguna) 2023ko urriaren 3ra bitarteko epean, biak barne.

[...]

12.–Justifikatzeko epea eta modua.

12.1. Egiaztapena eta dagokion ordainketa une bakar batean eginen da jarduera amaitzean, jarraian ezartzen diren baldintzetan eta betekizunekin. Egindako gastutzat joko da hurrengo oinarrian adierazitako justifikazio epea bukatu baino lehen benetan ordaindu dena.

12.2. Laguntza ordainduko da diruz lagundutako proiektua gauzatu dela justifikatu ondoren. Justifikazio horretarako, entitateak agiri hauek aurkeztu beharko ditu, 2023ko azaroaren 15era arte, egun hori barne.

Aldaketa horrek ez du esan nahi handitzen denik azaroaren 23ko 78E/2022 Foru Aginduaren bidez araututako deialdian onartutako gastua, ez eta apirilaren 25eko 96E/2023 Ebazpenean onartutakoa ere, eta emakida berriak onartuko direnik ere ez.

Horregatik guztiagatik, eta C24.I02.P05.1 proiektuaren (Arte eszenikoen eta musikalen azpiegituren modernizazioa eta kudeaketa jasangarria) dokumentu zuzentzailea aldatzeko Kulturaren Arloko Konferentziaren XXXIII. Osoko Bilkurak onetsitako proposamenaren berrespena oinarritzat hartuta, eta erakunde onuradun batzuk izaten ari diren zailtasunak ikusita, bidezkoa da oinarri arautzaileen aldaketa bat onestea.

Horrenbestez, Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 256/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. "SEM Eszena eta musika azpiegituretan inbertitzeko proiektuetarako dirulaguntza, Transformazio, Berreskuratze eta Erresilientzia Planaren kontura" izeneko dirulaguntzen deialdiko 6. eta 12. oinarriak, 1. apartatua eta 2. apartatuaren lehenengo paragrafoa, aldatzea. Honela geratuko dira:

"6.–Egikaritzeko epea.

Deialdi honen xede diren jarduketak egin beharko dira 2021eko apirilaren 27tik (Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana onartu zen eguna) 2024ko urriaren 31ra arteko epean, biak barne".

"12.1 Egiaztapena eta dagokion ordainketa une bakar batean eginen da jarduera amaitzean, jarraian ezartzen diren baldintzetan eta betekizunekin. Egindako gastutzat joko da hurrengo oinarrian adierazitako justifikazio epea bukatu baino lehen benetan ordaindu dena.

12.2. Laguntza ordainduko da diruz lagundutako proiektua gauzatu dela justifikatu ondoren. Justifikazio horretarako, entitateak agiri hauek aurkeztu beharko ditu 2024ko azaroaren 15era arte, egun hori barne."

2. Foru Agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta adieraztea foru aginduak ez duela administrazio bidea amaitzen, eta zilegi dela honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2023ko abenduaren 27an.–Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilaria, Rebeca Esnaola Bermejo.

Iragarkiaren kodea: F2318599